VII

VOLGA IBAIAN BEHERA

 

        Eguerdia baino lehentxoago, steam-boataren kanpaiak jendetza handia ekarri zuen Volgako ontziralekura, hantxe elkartu baitziren bai ontzian joateko zirenak, bai ontzian gustura joango ziratekeenak. Kaukasoren galdarek nahiko presioa zuten. Tximiniatik gora ke arin bat baizik ez zen ateratzen, eta lurrun zuri bat zerien ihes hodiaren muturrari eta balbulen estalkiari.

        Poliziak, noski, ez zion inori Kaukasora igotzen uzten ongi aztertu gabe, eta bihozgabe agertzen zen hiria uzteko betebeharrak konplitzen ez zituzten bidaztiekin.

        Kosako ugari zebiltzan kaian alde batetik bestera, poliziei beren esku latza luzatzeko prest, baina ez zen premiarik izan, inortxo ere ez baitzen ausartu haiei gogor erantzutera.

        Arauzko tenorean, azken kanpai dilina jo, amarrak askatu, steam-boataren gurpil indartsuek bere pala artikulatuez ura astintzen hasi, eta Kaukaso lurrun ontzia bizkor-bizkor lerratu zen Nijni Novgorod osatzen duten bi hirien artetik.

        Mikel Strogoffek eta gazte livoniarrak txartela erosi, eta batere zailtasunik gabe ontziratuak ziren Kaukason. Podaroshnak, gorago esan bezala, baimena ematen zion Nikolas Korpanoff merkatariari Siberiako bidaian bidelagunak eramateko. Neba-arrebak ziren, hortaz, polizia inperialaren bermearekin bidaiatzen.

        Txopan eseririk zeuden biak, gobernadorearen dekretuak errotik nahasitako hiri hark nola ihes egiten zuen begira.

        Mikel Strogoffek deus ez zion esan neska gazteari, deus ez zion galdetu. Mintzatzeko gogoa etorri arte itxarongo zuen. Neskak hiria bistatik galdu nahi zuen lehenbailehen, handik atera ezinik egongo baitzen preso, zorioneko zaintzaile hark esku hartu izan ez balu ustekabean. Isilik zihoan, baina haren begiradak eskerrak ematen zizkion hitzen ordez.

        Volga ibaia, garai bateko Rha izenekoa, Europa osoko ibairik handiena duzu, iturburutik itsasora lau mila verstatik gora egiten dituena (4.300 kilometro). Goiko aldean haren ura arre samarra da eta osasunerako ez guztiz ona, baina Nijni Novgorodetik aitzina aldatu egiten da, Errusia erdi aldeko probintzietatik datorren Oka ibaiaren ur lasterrarekin nahasten denean.

        Errusiako erreten eta ibaien multzoa zuhaitz eskerga batekin alderatu izan da, eta ez arrazoi gabe. Zuhaitz eskerga bat, adarrak inperioaren bazter guztietara hedaturik dauzkana. Haren enborra Volgak osatzen du, eta haren erroak Kaspiar itsasoaren ertzean zabaltzen diren hirurogeita hamar bokaleak dira. Tver probintziatik aurrera nabigatzeko modukoa da, Rjef herritik behera, zehatzago esanda; hots, haren ibilbide gehien-gehiena ibil daiteke ontziz.

        Perm eta Nijni Novgorod hirien arteko garraio konpainiaren ontziek agudo samar egiten dituzte azken hiri horretatik Kazaneraino dauden hirurehun eta berrogeita hamar versta (373 kilometro). Egia da steam-boat horiek uretan behera baino ez dutela egin behar Volgan daudenean, eta, hortaz, lurrun ontzien lastertasunari uraren indarra gehitu behar zaiola, hau da, bi milia gutxi gorabehera. Baina, Kazan pasa eta berehala, Kama ibaiaren elkargunera iristen direlarik, ibai nagusia utzi eta ibaiadarra hartu behar dute, Permeraino iritsiko badira; eta, horretarako, uretan gora joan behar oraingo honetan. Kontuak aterata, eta makinak potentzia handikoak izanik ere, hamasei versta orduko baino gehiago ez zuen egingo Kaukaso ontziak. Kazanen ordubete geldirik, demagun; eta guztira hirurogei-hirurogeita bi ordu inguru beharko zituen Nijni Novgorodetik Permera joateko.

        Steam-boat hau, bestalde, egoki baino egokiago prestatua zen, eta bidaztiak hiru klasetan banandurik zihoazen, beren mailaren edo beren eskuartearen arabera. Mikel Strogoffek lehenengo klaseko bi gela erreserbatu zituen, haren lagun gazteak gela osoa izan zezan, han sartu eta bakarrik egon ahal izateko, gogoak agintzen zionean.

        Maila guztietako bidaztiek betetzen zuten Kaukaso ontzia leporaino. Asiako zenbait tratularik egoki iritzi zioten Nijni Novgorod ahalik arinena uzteari, eta steam-boataren lehenengo klasean egiten zuten bidaia. Haien artean, armeniarrak zeuden, jantzi luzeak soinean eta mitra antzekoak buru estalgarri; juduak, beren txano konikoengatik ezagunak; txinatar aberatsak, beren usadioaren legera jantziak, soineko luze-luze bat lehenbizi, urdina, bioleta edo beltza, aurretik nahiz atzetik irekia, eta, haren gainean, mahuka luzeko beste soineko bat, popeen janzkera oroitarazten zuena. Turkiarrak ere ageri ziren, durbante nazionala kaskoan; eta indiarrak, burua txano karratuez estalirik eta soka soil bat gerrian; haietako batzuk, shikarpuri izenez deitutakoek bereziki, erdialdeko Asiaren merkataritza osoa zeukaten beren eskuetan. Eta, azkenik, tatariarrak, oinak txirikorda alaiez apainduriko botekin babestuak eta bularraldeak brodatuez josiak. Salerosle horiek denek ontziaren sotoan eta zubian metatuak zituzten beren ekipaje ugari-ugariak. Garesti ordaindua izango zuten karga handi haien garraioa, pertsonako hogei libra baino gehiago ezin baitzen eraman arauei jarraituz gero.

        Branka aldean bidazti talde handiagoak zeuden, eta ez atzerritarrek osaturik bakarrik, errusiarrak ere baziren, dekretuaren debekuak ez baitzuen galarazten probintzi barruko beste hirietara itzultzea.

        Baziren han mujikak, txanoa edo kapela buruan eta alkandora koadro-txikia txamarra larriaren azpian. Volgako nekazariak ere baziren, galtza urdina botetan sartua, soinean kotoi arrosazko atorra, soka batez gerrian estuturik, eta buruan kapela zapala edo feltrozko boneta. Emakume batzuek, kotoizko soineko loredunez jantzirik, kolore biziko mantala zeramaten eta marrazki gorriz betetako buru-zapia. Hirugarren klaseko bidaztiak ziren batez ere, kezkarik batere ez zutenak, zorionez, itzulerako bidaia luzea izango zela-eta. Gainezka zegoen ontzi zubiaren alde hau, eta txopako bidaztiak ez ziren nahasten itxura eta kolore anitzeko talde horien artean. Gurpilen danborretan zegoen batzuen eta besteen arteko muga.

        Bien bitartean, lurrun ontzia ziztu bizian lerratzen zen Volgaren ibai hegien artetik, palek jo eta jo ura astintzen zutela. Kontrako noranzkoan, hamaika ontzi igarotzen ziren uretan gora atoiontzien laguntzaz, mota guztietako salgaiak Nijni Novgorodera eramanez. Almadiak ere pasatzen ziren, Atlantikoko sargazo ilara bukaezinak bezain luzeak; bai eta txanelak ere, gainez kargaturik, hondoratzeko zorian, uretan kareleraino sartuak. Alferrik zihoazen, ordea, hasi orduko desegin baitzen zakarki merkatu entzutetsua.

        Ontziaren lorratzak zipriztinez betetzen zituen Volgaren ibai bazterrak, eta ahate saldoak altxatzen ziren handik iheska, karranka gorgarriak eginez. Urrunxeago, haltzez, sahatsez eta lertxunez hesituriko lautada idorretan, behi gorri-ilun batzuk barreiatzen ziren hara-hona, artile nabarreko arkume sailak zebiltzan bazkan batetik bestera, eta txerri eta txerrikume zuri-beltzak ageri ziren talde jorietan bildurik. Soro zenbait, arto beltzez eta zekalez ereinda, erdizka landutako muinoen atzeko planoraino luzatzen ziren, ezer nabarmentzekorik eskaini gabe, azken batean. Paisaia beti-berdin horietan, marrazkilari baten arkatzak, ikuspegi berezi baten bila, ez zuen aurkituko zer marraztu.

        Bi ordu joanak ziren ontzia abiatu zenetik, eta neska livoniarra, isilik ordu arte, hizketan hasi zitzaion Mikel Strogoffi.

        —Irkutskera hoa, neba nirea?

        —Bai, arreba —erantzun zion gizon gazteak—. Biok bide bera egiten ari gaitun. Eta, beraz, ni pasatzen naizen lekutik pasatuko haiz hi ere.

        —Bihar jakingo duk zergatik utzi ditudan Baltikoko itsasertzak Ural mendietatik hara joateko.

        —Ez dinat ezer galdetzen, arreba.

        —Den-dena jakingo duk —erantzun zion neskatxak, irribarre triste bat ezpainetan—. Arreba batek ez ziok ezer ere ezkutatu behar bere nebari. Baina, gaur, ezin nezakek!... Nekeak eta etsipenak lur jota utzi naitek!

        —Gelara joan nahi dun atseden hartzera? —galdetu zion Mikel Strogoffek.

        —Bai... bai... eta bihar...

        —Hator, bada...

        Zalantza egin zuen esaera bukatzean, bere bidelagunaren izenarekin azkendu nahi izan balu bezala, oraindik ez zekien eta.

        —Nadia —esan zion neskak, eskua eskaintzen ziola.

        —Hator, Nadia; eta balia hadi lotsik gabe hire neba Nikolas Korpanoffez.

        Eta txopako aretoaren gainaldera lagundu zuen, han zegoen-eta neska gaztearentzat erreserbatu zuen gela.

        Mikel Strogoff zubira itzuli zen eta hango bidazti taldeen artean nahasi, haien solasa entzun nahian. Jakin beharra zeukan ea zerbait gertatua zen haren ibilbidea aldarazteko modukoa. Belarria erne zebilen, baina elkarrizketetan parte hartu gaberik. Halabeharrez norbaitek galdera egin eta erantzun beharrean gertatuz gero, Nikolas Korpanoff zela esango zion, muga aldera bueltan zihoan merkatari bat. Ez zuen nahi inor konturatzerik Siberiara joateko baimen berezia zuela.

        Jakina, steam-boatean zihoazen atzerritarrek egun hartako gertaerak zituzten hizpide bakarra; dekretuaz eta haren ondorioez baizik ez ziren mintzo. Jende errukarri horiek, Asiaren erdialdeko bidaia neketsuaren ondotik ozta-ozta indarberriturik, behartuta zeuden atzera bidaiari ekin eta sorterrira itzultzeko; eta ez bazituzten amorrua eta etsipena ozen adierazten, ausardi ezagatik baizik ez zen. Beldurrak, errespetuarekin bat, isilarazten zizkien ahoak. Bazitekeen polizi inspektoreak Kaukason isilgordeka ontziratu izana bidaztiak zelatatzeko, eta hobe zen mingainari eustea, aukeran nahiago zutelako kanporatuak izan gotorleku batean preso egon baino. Horrela bada, talde haiek isilik zirauten, edo, bestela, hain errezelo handiz egiten zuten berba, ezen argibide baliagarririk nekez atera baitzitekeen haien esanetatik.

        Baina, nahiz eta Mikel Strogoffek deus ikasi ez alde horretatik, nahiz eta aho guztiak itxi ezezagun hura hurbiltzen ikusi ahala, ahots baten burrunba atseginak jo zion belarria berehala. Garrasi batean ari zen norbait hizketan, axola gutxi ziola nork entzun ziezaiokeen.

        Ahots alaiko gizonak errusieraz ziharduen, baina kanpoko azentuarekin, eta haren solaskideak —ez horren nabarmena— errusieraz erantzuten zion, kasu honetan ere ama hizkuntza beste bat izan arren.

        —Nolatan —zioen lehenengoak—, nolatan zu ontzi honetan, nire lankide maitea? Moskuko jai inperialean osoki ikusi zintudan, Nijni Novgoroden erdizka baino ez, eta orain hemen?

        —Hementxe bertan —erantzun zuen bigarrenak zakar.

        —Bada, argi eta garbi esateko, ez nuen espero honen agudo eta honen hurbil ibiliko zinela nire atzetik!

        —Ez noa zure atzetik, jauna; zure aurretik baizik!

        —Aurretik! aurretik! Ongi da! Eman dezagun biak elkarrekin goazela, pausoa batera emanez, soldaduak desfilean bezala, eta, oraingoz behintzat, bat etor gaitezen, nahi baduzu, eta batak ez dezala bestea aurreratu.

        —Aurreratuko zaitut, ordea.

        —Hori ikusiko dugu, gerraren jokalekuan topo egiten dugunean; baina ordu arte, zer arraio! izan gaitezen bidelagun. Izango dugu aurrerago kontrarioak izateko aukera eta beta!

        —Kontrarioak ez, etsaiak.

        —Etsaiak, bada! Gustukoa dut oso, lankide maitea, hitzak hautatzeko erabiltzen duzun zehaztasun hori. Zurekin, behintzat, batek badaki dantzan zein hankarekin hasi!

        —Zer arazo dago?

        —Ez dago batere. Horregatik, nire aldetik, baimena eskatuko nizuke bakoitzaren egoera zein den zehazteko.

        —Zehaztu ezazu, bada?

        —Permera zoaz... ni bezala?

        —Zu bezala.

        —Eta, segur aski, Permetik Jekaterinburgera joko duzu, horixe da-eta biderik onena eta seguruena Ural mendiak zeharkatzeko?

        —Segur aski.

        —Muga igaro eta Siberian izango gara, inbasioaren erdi-erdian.

        —Hantxe izango gara!

        —Bada, orduan, eta orduan besterik ez, esango diogu elkarri: «Bakoitza norberarentzat, eta Jainkoa...».

        —Jainkoa niretzat!

        —Jainkoa zuretzat, oso-osorik zuretzat! Oso ongi! Baina, orain neutraltasuneko zortzi egun ditugu aurrean, eta, albisteak zeru goietatik jausiko ez zaizkigunez, lagunak izan gaitezen, berriz ere kontrarioak izateko tenorea iritsi arte.

        —Kontrarioak ez, etsaiak.

        —Bai, egia! Etsaiak! Baina, ordu arte, joka dezagun elkar hartuta eta ez gaitezela saia bata bestea hondatzen! Agintzen dizut, bestalde, niretzat gordeko dudala ikusten dudan guztia...

        —Eta nik niretzat, entzuten dudan guztia.

        —Ados gaude?

        —Ados.

        —Bostekoa?

        —Hona.

        Eta lehenengo solaskidearen eskuak, zabal-zabal eginik, indarrez astindu zituen bigarren solaskideak zeken eta hotz luzatu zizkion bi hatz soilak.

        —Aizu, eta beste kontu bat —esan zuen lehenengoak—. Gaur goizeko hamarrak eta hamazazpian telegrafiatu ahal izan diot nire lehengusinari dekretuaren testu osoa.

        —Eta nik hamarrak eta hamahiruan bidali dut Daily Telegraphera.

        —Bejondeizula, Blount jauna.

        —Bikain, Jolivet jauna.

        —Etorriko da nire txanda!

        —Zaila izango da!

        —Ahalegina egingo dugu, haatik!

        Hori esan eta berriemaile frantsesak lagun zahar bat bezala agurtu zuen berriemaile ingelesa, eta honek, berriz, burua makurtuz itzuli zion agurra zurruntasun erabat britainiarrez.

        Bi albiste-ehiztari horiei ez zegokien gobernadorearen dekretua, ez errusiarrak ez Asia aldeko atzerritarrak ez zirenez gero. Besterik gabe abiatu ziren Nijni Novgorodetik, beraz; eta batera biak, sen berak bultzatzen zituen-eta aurrera. Ez zen, bada, harritzekoa biek ibai ontzia aukeratzea eta bide berberari jarraitzea Siberiako estepetaraino joateko. Bidelagunak, adiskide edo etsai; zortzi egun zituzten aurrean «ehiza libre da» esan aurretik. Eta orduan, abilena gailen! Alcide Jolivetek jo zuen erronka lehenbizi, eta, jela bezain hotza izanik ere, Harry Blountek onartu egin zuen.

        Dena dela, arrats hartan, afaritan, frantsesak, beti aterea eta apur bat berritsua, eta ingelesak, beti serio, beti lepatente, mahai berean egiten zuten topa, bene-benetako Cliquot bat edaten zutela, zortzi errubloan botila, inguruetako urkien izerdi freskotik oparo aterea.

        Alcide Joliveten eta Harry Blounten hizketaldia entzun eta hauxe esan zuen Mikel Strogoffek bere artean:

        «Hona hemen bi kuxkuxero eta ahobero galantak. Topo egingo diat haiekin berriz ere neure bidean segur aski. Hobe diat urrun samar edukitzea».

        Gazte livoniarra ez zen joan afaritara. Lo zegoen bere gelan, eta Mikel Strogoffek ez zuen esnatu nahi izan. Eguna ilundu zuen, eta neskatxa ez zen atzera ere agertu Kaukasoren zubian.

        Ilunabar luzeak eguratsa freskatu egin zuen, eta irrikaz bilatu zuten bidaztiek hozkirri hori, eguneko bero itogarriaren ondotik. Orduak aurrera zihoazen, baina gehien-gehienek pentsatu ere ez aretoetara edo geletara itzultzea. Bankuetan etzanda, steam-boaten lastertasunak altxaturiko haize gozoa arnasten zuten atseginaren atseginez. Arratsetik goizaldera zerua doi-doia iluntzen zuen urte sasoi hartan eta latitude haietan, eta lemazainak aise gidatzen zuen ontzia Volgan gora edo behera zebiltzan txalupa, gabarra eta txanel ugarien artetik.

        Hala eta guztiz, gau hartan ilberri zen eta ia zeharo ilundu zuen hamaiketatik ordu biak arte. Lotan zeuden ordurako kasik zubiko bidazti guztiak, eta isiltasuna palen soinuak baino ez zuen urratzen, ura jo eta jo, tarte erregularrez.

        Halako egonezin batek esna iraunarazten zuen Mikel Strogoff. Harantz eta honantz zebilen, baina steam-boataren txopa utzi gabe. Behin, hala ere, makina gelatik harago joan zen. Eta bigarren eta hirugarren klaseko bidaztien aldean aurkitu zen orduan.

        Han, bankuetan ez ezik, fardelen eta bilgoen gainean ere zeuden lotan, eta batzuk baita zubiaren zoruko oholetan ere. Guardiako marinelak bakarrik zeuden zutik brankako gazteluan. Bi argi, berdea bata eta gorria bestea, istriborreko eta ababorreko faroletatik sortu eta izpi zeiharrak jaurtitzen zituzten ontziaren alboetara.

        Arreta pixka bat ipini behar zen lokartuak ez zanpatzeko, nahierara etzanda zeuden-eta han-hemenka. Gehienak mujikak ziren, lur gogorrean lo egiten ohituak, eta zubiko oholekin aski zutenak, antza. Nolanahi ere, arrunt ongi ez zuten hartuko aza-kirten batek ostikoka iratzartzea, inondik ere.

        Mikel Strogoff kontuz zebilen, bada, inorekin tupust ez egiteko. Ontziaren beste muturreraino joatea pentsatu zuen ea ibilaldi luzexeagoa eginda loari eusten zion.

        Zubiaren aurrealdera iritsi eta brankako gazteluaren eskaileran gora zihoala, norbait hizketan sumatu zuen handik hurbil. Gelditu egin zen. Ahots haiek xal eta burusiez bilduriko bidazti talde batetik zetozela irudi zuen, nahiz ezin argi ikusi itzaletan. Baina aldian behin sugar gorrixkek ontziaren tximini gaina betetzen zuten kearen kiribilen artetik, eta orduan txinpartak talde hartan zehar igarotzen zirela ematen zuen, argi errainu batek milaka xafla txiki dirdaitsu piztu izan balitu bezala.

        Mikel Strogoff aurrera joan zen jaramonik egin gabe, baina bat-batean hitz batzuk entzun zituen besteak baino argiago. Aurreko gauean merkatuan belarria jo zion hizkuntza bitxi hartaz ari ziren solasean.

        Senaren aginduz, entzuteari lotzea etorri zitzaion gogora. Brankako gazteluaren itzalpean gorderik, ezin inor konturatu han zegoela. Baina berak ere ez zuen ikusten nor ari zen hizketan. Belarria zorroztu zuen, beraz, besterik ezin-eta.

        Esan zituzten lehenengo hitzek ez zuten batere garrantzirik, harentzat behinik behin, baina balio izan zioten Nijni Novgoroden entzunak zituen bi ahotsak ezagutzeko. Ustekabean aditu zien gizon eta emakume haiei elkarrizketa puska bat bezpera gauean, eta orain aukera zeukan berriz ere zertaz ari ziren jakiteko. Are eta erneago jarri zen, handik aurrera. Ez zen ezinezkoa, bestalde, buhame haiek Kaukason izatea, haien kastako guztiak kanporatuak izan zirenez gero.

        Eta ez zen damutu belarria jarri izanaz, tatariarren hizkuntzan eginiko galdera eta erantzun hauetxek entzun baitzituen nahiko argi:

        —Moskutik mandatari bat irten omen duk Irkutskera joateko!

        —Hala omen, Sangarre, baina mandatari hori beranduegi iritsiko dun, edo ez dun inoiz iritsiko!

        Mikel Strogoffek dardara egin zuen nahi gabe, zuzen-zuzenean jotzen zuen erantzun hori aditzean. Saiatu zen antzematen ea berak uste zituenak ote ziren horrela mintzatu ziren gizon-emakumeak, baina itzala lodiegia zen une hartan, eta ezin izan zuen lortu.

        Handik pixka batera, Mikel Strogoff steam-boataren txopan zegoen ostera ere, haren joan-etorriari inork erreparatu gabe, eta, burua eskuetan, eseri egin zen besteetatik bereiz. Lotan zegoela pentsa zitekeen.

        Baina ez zegoen lotan eta lokartzeko asmorik ere ez zuen. Gogoetan ari zen, halako errezelo batek kezkaturik.

        «Nork zakik, bada, irtena naizela, eta nork dik, bada, jakiteko grina?»

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia