VI
NEBA-ARREBAK
Neurri haiek kaltegarriak ziren eta are galgarriak ere interes pribatuentzat, baina behar-beharrezkoak egoera larri hartan.
«Errusiako herritarrak ezin izango dira inola ere probintziatik atera». Ivan Ogareff probintzian egonez gero, Feofar Khanekin bat egitea galaraziko zion neurri horrek, edo zailduko eta gogortuko behinik behin, eta hartara buruzagi tatariarrak gudalburu ikaragarria galduko zuen.
«Jatorri asiarreko atzerritar guztiek probintziatik atera behar dute hogeita lau ordu igaro baino lehen». Neurri horrek urrutira bidaliko zituen behingoan Asiaren erdialdetik etorritako merkatariak, bai eta azoka zela-eta han bildurik zeuden buhame, ijito eta tsigane kastako guztiak ere, zeintzuetatik, honek gutxixeago hark gehixeago, den-denek kidetasuna baitzuten herri tatariar edo mongoliarrekin. Zenbat lagun..., beste hainbeste zelatari; eta, gauzak zeuden bezala, haiek guztiak kanporatu beharra zegoen.
Baina ez da zaila ulertzea nolako eragina izan zuten bi tximista-kolpe horiek, eta Nijni Novgoroden batez ere, hiri hori besteak baino askozaz gehiago jo eta astindu baitzuen dekretuak.
Hortaz, bada, errusiarrek ezin zuten, oraingoz behintzat, probintzia utzi, nahiz eta tratuak egin behar izan Siberiako mugetatik hara. Lehenengo artikuluaren edukia zehatza zen oso. Salbuespenik ez zegoen. Interes pribatuak ezabatu behar ziren interes orokorraren aurrean.
Eta bigarren artikuluko kanporatze aginduak ere ez zuen kontrakorik onartzen. Gainerako atzerritarrei ez zihoakien; jatorri asiarrekoei baizik ez; baina horiek beren salgaiak berriz bildu eta etorri bidean joan behar zuten atzera ere. Eta, bestalde, saltinbanki saldo handi hura mila verstako bideari lotu beharrean zegoen, hurbileneko mugara iritsi nahi bazuen. Miseria gorria zen haientzat epe motzean!
Hargatik, kexazko marmar bat sortu zen lehenbizi, aparteko neurri horien kontra, eta amorru bizizko garrasi bihurtu zen gero. Baina kosakoek eta poliziek laster isilarazi zuten.
Eta berehalaxe ekin zien bidai prestaketei jende, animalia eta gauzen pilaketa izugarri hark. Haien exodoa deitu genezakeena abian zen. Saltokien aurreko oihalak tolestu ziren; komedianteen antzeztokiak desagertu ziren puskaz puska; dantzak eta kantuak gelditu; antzezpenak isildu; suak itzali; orekarien soka tenkatuak laxatu; ukuiluetatik gurdien endaitzetara itzuli ziren bizileku ibiltarietatik tiratzen zuten zaldi zahar hanka-motelak. Poliziek eta soldaduek, zartailua edo makila eskuan, atzean gelditzen zirenak mugiarazten zituzten eta ez zuten batere kezkarik dendak lurrera erortzen baziren, baita buhame koitaduak oraindik barnean bazeuden ere. Bistan zenez, neurri horien eraginpean, Nijni Novgorodeko plaza zeharo hustuko zen ilundu baino lehen, eta basamortuaren isiltasunak beteko zuen merkatu handiaren iskanbilaren lekua.
Eta berriz ere aipatu beharra dago, neurrien gogortasuna areagotzen baitzen dekretuak kanpora botatzen zituen nomada guztien kasuan: debekatuta zeukaten baita Siberiako estepetara joatea ere. Kaspiar itsasoaren hegoaldera jo beharko zuten, Persiara, Turkiara, edo Turkestango ordokietara. Mugazain errusiarrek ez zieten pasatzen utziko ez Ural ibaiaz beste aldera, ez ibai horren jarraipena diren mendietan zehar. Mila verstako bidea ibili behar, hortaz, lur librea zanpatu aurretik.
Polizi buruak dekretuaren irakurketa bukatu zuenean, Mikel Strogoffi burutapen bat sortu zitzaion.
«Bai bitxia nola datozen bat Asiako jendea botatzeko dekretua eta bart arraza tsiganeko bi buhameek hitz egindakoa. "Eta Aitak berak bidaltzen gaitu joan nahi dugun lekura!" esan zian ijito zahar hark. Aita, ordea, enperadorea duk! Herriak ez ziok beste era batean deitzen! Buhame horiek nolatan asmatu ote zuten haien kontra horrelako neurria hartzekotan zeudela? Nola zekiten aldez aurretik? Eta nora joan nahi dute? Horra hor jende susmagarria; baina, nire iritziz, gobernadorearen dekretuak mesede gehiago egiten ziek kalte baino.»
Zuzen ari zen zalantzarik gabe, baina bat-batean beste burutapen bat etorri eta ziplo eten zion aurreko gogoeta, bestelako pentsamendu guztiak ere burutik alboratzen zizkiola. Ijitoez eta haien berba susmagarriez ahaztu zen erabat, jadanik ez zitzaion ardura dekretuaren edukia aurretik jakitea zer bitxia zen... Gazte livoniarraren oroitza agertu zitzaion supituan.
«Ume gaixoa! —oihu egin zuen itsumustuan bezala—. Ezingo dik muga pasatu!»
Izan ere, neskatxa Rigakoa zen, Livoniakoa, eta, beraz, errusiarra. Ezin zuen, bada, inola ere Errusiako lurraldea utzi! Azken neurriak hartu aurretik eskuratu zioten baimena, eta, jakina, orain ez zuen baliorik. Siberiako bideak oro itxita zeuden harentzat erruki gabe, eta, Irkutskera joateko zergatia zeinahi izanik ere, bidaian segitzea debekatua zuen handik aurrera.
Kezka bizia sortu zion Mikel Strogoffi pentsamendu horrek. Bere buruari esana zion, apal-apal baino ez hasiera batean, beharbada izango zuela gaztetxo ausart horri honelako edo halako laguntza ematea, bere egiteko garrantzitsuan ezertan ere zabartu gabe, noski; eta irribarrea ezpainetaratu zitzaion, hori pentsatzearekin batera. Ongi zekien zein arriskuei eman beharko zien aurpegi, baina bera gizon kementsu eta sasoikoa zen, eta ezagun-ezagunak zituen inguru haietako bide guztiak; arrisku horiek askozaz ere ikaragarriagoak gertatuko ziren neska gazte batentzat. Irkutskera zihoanez gero, bide bera ibili behar zuten biek, eta bata zein bestea behartuta zeuden inbaditzaile osteen artetik pasatzen ahalegintzera. Eta, gainera, neskatxak bitarteko arruntak besterik ez zituen edukiko eskura segur aski, aparteko gorabeherarik gabeko bidaietan ohi legez. Nola iritsiko zen, bada, helmugara egoera horretan, arriskua hemen arriskua han, eta, gainera, aldean nahiko diru eraman gabe?
«Ederki, bada! —ziharduen bere artean—. Permeko bidea hartu behar duenez gero, ia ezinezkoa duk harekin topo ez egitea. Orduan izango diat aukera oharkabean zaintzeko, eta, batere ez naik atzeratuko, gainera, Irkutskera lehenbailehen iristeko ni bezain presati dagoela ezagun zaiok eta.»
Baina pentsamendu batetik beste batzuk sortzen ohi dira. Mesede egitea, laguntza ematea baino ez zuen izan gogoan Mikel Strogoffek ordu arte. Beste ideia bat piztu berri zitzaion burmuinetan, ordea; eta kontua beste ikuspegi batetik ageri zitzaion erabat.
«Egia! —esan zuen berekiko—, haren beharra izan zezakeat nik, hark nirea baino gehiago. Haren presentzia ez zaidak agian alferrekoa izango, eta susmoak deuseztatzeko balio zezakek, norbaitek errezelo txarra hartzen badit. Gizon bat estepan barrena bakarrik; tsarraren mandataria dela aise kontura daitekek norbait. Baina, aitzitik, neska gazte horrek laguntzen banau, nekez pentsatuko dik inork ni ez naizela Nikolas Korpanoff, nire podaroshnan azaldu bezala. Harekin egin behar diat bidaia! Aurkitu behar diat kosta ahala kosta! Ez duk posible atzo arratsetik hona zalgurdi bat lortu eta Nijni Novgorodetik ateratzea. Goazen bila, eta Jainkoak gida nazala!»
Mikel Strogoffek Nijni Novgorodeko plaza handia utzi zuen, non dekretuaren neurriak betearazten ari ziren eta istilua unerik beroenean zegoen. Polizien eta kosakoen kolpeak eta oihuak, kanpora bidalitako atzerritarren kexak eta aieneak, sekulako iskanbila zen hangoa. Neska gaztea ez zen hor izango.
Goizeko bederatziak ziren. Eguerdira arte ez zen steam-boata abiatuko. Bi ordu luze zituen Mikel Strogoffek bidelagun eraman nahi zuena aurkitzeko.
Volga ibaia zeharkatu zuen berriz ere eta beste ibai ertzeko auzoetan ibili zen, hango jende apurren artean bazterrak miatzen. Goiko eta beheko hiriak arakatu zituen, zoko guzti-guztiak begiratuz. Elizetan sartu zen, horietan babesten baitira negarrez ari direnak, sufritzen ari direnak. Gazte livoniarraren arrastorik ez inon ere.
«Hemen zagok baina —esaten zion behin eta berriz bere buruari—; ezin izan duk oraindik atera Nijni Novgorodetik. Bila segi dezagun!»
Alde batetik bestera eman zituen Mikel Strogoffek bi ordu. Ez zen inon gelditzen, ez zuen nekerik nabaritzen, halako sentimendu premiazko bati jarraitzen zion, pentsatzeko betarik ezin harturik. Dena alferrik, ordea.
Burura etorri zitzaion orduan beharbada neskatxak ez zuela izan dekretuaren berri; baina ezin zitekeen; horrelako tximista-kolpeak ezin lehertu mundu guztiak entzun gabe. Interesatuta egongo zen, nola ez?, Siberiatik zetozen albisterik ñimiñoenak ere ezagutzeko; nolatan ez jakin, bada, gobernadoreak hartutako neurriak zertan ziren eta zer modu zuzenean eragiten zioten?
Nolanahi ere, jakinaren gainean ez bazegoen, ontziratze kaira hurbilduko zen eguerdia baino lehen, eta, han, polizia errukigaberen batek ontzira igotzea galaraziko zion indarrez! Hori gertatu aurretik ikusi behar zuen Mikel Strogoffek neska gaixoa nahitaez, eta nahigabe samin hori saihestu.
Baina alfer-alferrik aritu zen haren bila, eta aurkitzeko itxaropena galdu zuen azkenean.
Hamaikak ziren ordurako. Mikel Strogoffek, beste egoera batean ahalegin hutsa izan arren, podaroshna polizi buruaren bulegoetan aurkeztea pentsatu zuen. Dekretua ez zegokion hari, debekuari aurre hartu baitzioten podaroshna horren bitartez, baina ziurtatu nahi zuen deusek ere ez ziola hiritik irtetea eragotziko.
Volgaren beste aldera itzuli zen berriro ere, eta polizi etxea zegoen auzora jo zuen.
Han, makina bat jende zegoen metaturik, zeren atzerritarrek, probintziatik irteteko agindua jaso bazuten ere, hainbat izapide bete behar zituzten abiatu baino lehen. Arduraz jokatzen zuten agintariek horrela eginda; bestela, tatariarren alde hala edo hola zeuden errusiarrek egokiera izango zuten mozorro jantzia jarri eta muga igarotzeko; eta horixe zen hain zuzen dekretuaren bidez galarazi nahi zutena. Kanpora botatzen zintuzten, baina joan aurretik joateko baimena eskuratu behar zenuen.
Beraz, polizi etxeko patio eta bulegoetan gainezka zeuden bai merkatari asiarrak, Persia, Turkia, India, Turkestan eta Txinatik etorriak, bai txerpolariak, buhameak, ijitoak eta tsiganeak.
Denak ziren estu eta presa. Izapideak ahalik lasterrena egin eta ibilgailu bila hasi nahi zuen kanporatu mordo hark. Beranduegi aurkitzera, nekez utziko zuten hiria epearen barruan, eta gobernadorearen soldaduen basakeriaren mende geratuko ziren.
Mikel Strogoffek, haren ukondo indartsuei esker, patioa gurutzatu zuen. Baina bulegoetan sartu eta langileen leihatilaraino iristea zeregin gaitzagoa zen askozaz ere. Alabaina, inspektore baten belarrian hitz erditxo bat esan eta haren sakelan zenbait errublo isurtzea aski izan zen bidea zabaldu ziezaioten.
Inspektoreak itxarongelaraino lagundu zuen, eta maila goragoko enplegatu bati hots egitera joan zen.
Mikel Strogoff berehala izango zen, bada, poliziarekin kito eta nahi zuen lekura joateko aske.
Esperoan zegoela, ingurura begiratu, eta zer ikusi du?
Han, banku batean botea, eseria baino gehiago, eta etsipen beltzak hartua, neska gazte bat. Ozta-ozta ageri zitzaion begitartea, baina haren soslaia horman marrazturik zegoen.
Mikel Strogoff ez zen tronpatu. Gazte livoniarra zen harako neska hura.
Gobernadorearen dekretuaren berririk ez, eta baimena bisatzera joan zen polizi etxera!... Baina bisa ukatu egin zioten! Irkutskera joateko baimena zeukan, inondik ere, baina dekretua zehatza zen, aurrez emandako baimen guztiak baliogabetzen zituen, eta Siberiako bideak itxita zeuden harentzat.
Mikel Strogoff, bihotza alaiturik azkenik aurkitu zuelako, gaztearengana inguratu zen.
Neskatxak so egin zion lipar batean eta aurpegiera argitu zitzaion distira iheskor batez, treneko bidelaguna ikusitakoan. Altxatu egin zen, barrenak aginduta, eta, ontzia hondoraturik itsasoan galduta dabilena bezalaxe, laguntza eske zihoakion...
Memento hartan, inspektoreak Mikel Strogoffen sorbalda ukitu zuen.
—Polizi burua zain daukazu —esan zion.
—Ongi da! —erantzun Mikel Strogoffek.
Eta poliziaren atzean joan zen talde trinkoen artetik, bezperaz geroztik ahalegin bizian bilatzen aritu zenari tutik ere esan gabe, lasaitzeko keinurik ere egin gabe, bai hura bai bere burua estutasunetan jartzea saihestu nahian.
Gazte livoniarra, laguntzaren bat eman ziezaiokeen bakarra bazihoala ikusi, eta bere burua bankuan bota zuen berriz.
Ez ziren hiru minutu igaro, Mikel Strogoff berriz ere aretora sartu zenean, polizia baten ondoan. Bere podaroshna zeukan eskuan, Siberiako bideak zabaltzen zizkion dokumentu zorionekoa.
Neska livoniarrarengana hurbildu, eta eskua eskainiz deitu egin zuen:
—Arreba...
Hark ulertu segituan! Altxatu egin zen, barne etorriren batek duda-mudan ibiltzea bat-batean eragotzi izan balio bezala.
—Arreba —errepikatu zuen Mikel Strogoffek—, baimena dinagu geure bidaian aurrera jarraitzeko. Bahator?
—Banoak, neba nirea —erantzun zion gaztetxoak, Mikel Strogoffi eskutik oratzen ziola.
Eta polizi etxetik atera ziren biak eskuz esku.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala