V

BI ARTIKULUKO DEKRETU BAT

 

        Nijni Novgorod, Novgorod Beherea, Volga eta Oka ibaiek bat egiten duten lekuan kokaturik dago eta izen bereko probintziaren hiriburua da. Hantxe utzi behar zuen Mikel Strogoffek trena, burdinbidea ez baitzen luzatzen artean hiri horretaz harantzago. Horrela bada, aurrera joan ahala, bidaiatzeko moduak gero eta motelagoak ziren, eta gero eta eskasagoa, gainera, haien segurtasuna.

        Nijni Novgoroden hogeita hamar edo hogeita hamabost mila lagun bizi ohi ziren eskuarki, baina une hartan hirurehun milatik gora biltzen zituzten haren karrikek eta plazek; hamar aldiz gehiago, alegia. Biztanleria modu horretan ugaritzearen arrazoia bertan hiru astez egiten den merkatu sonatua zen. Behinola, Makariew hiriak bereganatzen zituen salerosleen bileraren onurak, baina, 1817 ezkeroztik Nijni Novgorodi dagokio abantaila hori.

        Hiriak, goibela eta hitsa gainerakoan, sekulako giro bizia azaltzen zuen sasoi hartan. Merkatari europarrak eta asiarrak, hamar arraza desberdinetakoak, harremanetan aritzen ziren etengabe saldu-erosi onena nork egingo.

        Arratsaldea aurrera sartua zen Mikel Strogoffek geltokia utzi zuenean, baina, hala ere, jende pila zebilen bi hirietako karriketan. Bi hirik osatzen baitute Nijni Novgorod, Volga ibaiaren alde banatan jarriak. Goikoa haitz malkartsu batean dago eraikia, eta gotorleku bat du defentsarako, Errusian kreml deitzen duten horietakoa.

        Mikel Strogoffek nekez aurkituko zuen hotel edo ostatu txukun bat Nijni Novgoroden, egun batzuk eman beharra suertatuz gero, den-denak gainez eginak zeuden eta. Baina ezin ezta berehala abiatu ere, Volgako steam-boat ontzia hartu behar baitzuen; eta edozein aterperekin etsi beharko zuen, beraz. Hala ere, bila hasi aurretik, ibai ontzi konpainiaren bulegoetara jo zuen, Nijni Novgorodetik Permera joateko ontzia zer ordutan aterako zen zehatz jakin nahian.

        Han, bekozkoa ilundu zitzaion, Permerako ontzia, Kaukaso izenekoa, biharamuneko eguerdira arte ez zela abiatuko jakin zuenean. Hamazazpi ordu esperoan! Amorratzeko modukoa zen ahalik lasterrena bidaiatu nahi zuen batentzat, baina amore eman behar derrigorrean. Eta horrela egin zuen, ez baitzen inoiz ere alferrik haserretzen.

        Beste alde batetik, gauzak zeuden bezala egonda, ibai ontzia baino arinagorik ezer ere ez zegoen Permera edo Kazanera iristeko, ez telega, tarantas, berlina, kalesa edo bestelako postako zalgurdirik, eta ez zaldirik ere. Hobe zen, beraz, steam-boata irten arte zain egotea, aldi galdua laster atzemango baitzuen, beste zeinahi ibilgailu baino bizkorrago zebilenez gero.

        Horra hor, bada, Mikel Strogoff, hiriaren alde batetik bestera, gaua igarotzeko aterpe baten bila, lasai antzean. Egia esateko, lo kontuak ez zion batere kezkarik sortzen, eta, tripa zorriek estutuko ez balute, eguna argitu artean ibiliko zen segur aski Nijni Novgorodeko karriketan barrena alderrai. Afari bila zebilen, ohe bila baino gehiago. Eta bata zein bestea Konstantinopla hiria zeritzan ostatuan aurkitu zituen.

        Han, ostalariak gela txukun samarra eskaini zion. Altzari gutxi zeuzkan, baina ez ziren falta Ama Birjinaren irudia eta hainbat santuren koadroak, ertzetan oihal urreztatuak zituztenak. Ahate bat haragi xehatu eta garraztuez betea, krema lodi baten gainean, garagarrezko ogia, esne gatzatua, azukre hautsa kanelarekin nahasia, eta pitxer bat kwass —Errusian oso arrunta den garagardo moduko bat—, zerbitzatu zizkioten berehalaxe, haren gosea asetzeko afari urriagoa nahikoa izanik ere. Bapo jan eta edan zuen, bada, baita bere mahaikideak baino gehiago ere, zeinak, raskolniken sektaren «sinestun zaharra» izanik eta mehe egiteko zina eginik, patatak kentzen baitzituen plateretik eta teari azukrea ez zion inolaz ere botatzen.

        Afaria bukatu eta, gelara igo beharrean, hirian barrena paseatzera atera zen berriz ere, oharkabe. Baina, ilunabar luze hura oraindik gautu gabea izanda ere, jendetza aienatzen ari zen ordurako, karrikak inor gabe gelditzen astiro-astiro, eta nor bere etxera edo ostatura itzultzen.

        Zergatik ez zen Mikel Strogoff ohean sartu lasai-lasai, egun osoa trenean igaro ondoren? Gogoetan ari ote bidelagun izan zuen gazte livoniarraz? Beste zeregin hoberik ez, eta, bai, hartaz ari zen pentsatzen. Beldurrez ote inork neska gazte hura irainduko zuen, hiriaren zalapartaren erdian bakar-bakarrik? Bai, horren beldurrez zegoen, eta arrazoi zuen beldurrez egoteko. Itxaropena ote, beraz, neskatxa aurkitzeko eta, behar izanez gero, babesa emateko? Ez. Aurkitzea zaila zen oso. Eta babestea dela-eta... nor zen bera, bada, eskubide hori bereganatzeko.

        «Bakarrik! —zioen bere artean—. Bakar-bakarrik nomada hauen erdian!

        »Eta oraingo arriskuak deus ere ez dituk etorkizunekoen aldean! Siberia! Irkutsk! Nik Errusiarengatik eta tsarrarengatik egin behar dudan ahalegina, hark norengatik egin behar du? Zergatik? Muga zeharkatzeko baimena dik! Eta beste aldeko herriak matxinatuta zaudek! Eta tatariarren andanak zabiltzak estepetan zehar batetik bestera!...»

        Mikel Strogoff tarteka-marteka gelditu eta murgildu egiten zen pentsakizunetan.

        «Zalantzarik gabe —ziharduen bere baitan—, bidaia egiteko ideia inbasioaren aurretik bururatu zitzaioan! Beharbada jakinaren gainean ere ez duk egongo!... Ez, ordea. Treneko merkatariak Siberiako istiluez mintzatu zituan haren aurrean... eta ez zuan batere harritu, nonbait. Argibiderik ere ez zian eskatu... Baina, orduan, hango istiluen berri bazekian, eta, jakinik ere, hara zoak!... Neska gaixoa!... Ezten zorrotzak akuilatzen dik, akuilatzen duenez. Baina, ikaragarri ausarta izan arren, —eta halakoa duk egiatan—, indarrak ahituko zaizkiok bidean, eta, hainbeste arrisku, hainbeste oztopo, ezin eramango ditik horrelako bidaia baten nekeak!... Ez duk sekula iritsiko Irkutskera!»

        Bitartean, Mikel Strogoff nora ezean zebilen hara eta hona, baina aise eta estutasunik gabe itzuliko zen bere bidera nahi zuenean, hiria ongi baino hobekiago ezagutzen zuen eta.

        Ordubete inguruko ibilaldia egin eta gero, etxola handiz betetako plaza batera iritsi eta haietako bati itsatsita zegoen banku batean eseri zen.

        Bost minutu emanak zituen han eta, bat-batean, norbaitek eskua jarri zion sorbaldan sendo.

        —Zertan ari haiz hemen? —galdetu zion ahots zakarrez hurbiltzen ikusi ez zuen gizon garai batek.

        —Atseden hartzen —erantzun zion Mikel Strogoffek.

        —Gaua banku honetan igarotzeko asmoa duk?

        —Bai, nahi badut —bota zion Mikel Strogoffek, doinu apur bat nabarmenegiz, merkatari soil baten esana izateko.

        —Hator hona, ikusi nahi haut eta! —agindu zion gizonak.

        Ororen gainetik zuhurtziaz jokatu behar zuela oroitu, eta senak atzera eragin zion Mikel Strogoffi.

        —Ni ikusteko premiarik ez zagok —erantzun zion.

        Eta, odol hotzean, hamar bat pausoko tartea jarri zuen solaskidearen eta bere artean.

        Orduan, gizon hari ongi erreparatu, eta buhame kastako batekin ari zela iruditu zitzaion. Errusiako bazter guztietan dabiltza horrelakoak, batez ere kopek bat edo beste irabaz badezakete; eta azoka guztietara biltzen ziren, hortaz. Ez da batere atsegina haiekin inolako harremanik izatea, ez fisikoa, ezta morala ere. Mikel Strogoffek adi-adi begiratu zuen dena estaltzen hasiak ziren itzalen artetik, eta, etxolatik hurbil, gurdi eskerga bat ikusi zuen, motxaile edo tsigane jende horren ohiko bizileku ibiltaria.

        Buhameak bizpahiru pauso egin zituen aurrera, eta, Mikel Strogoffi zuzenago itauntzeko prest zegoenean, etxolaren atea zabaldu zen. Emakume bat, ikusezina kasik gerizpean, aurreratu zen bizi, eta Mikel Strogoffek mongolieraren eta siberieraren arteko nahasketatzat jo zuen hizkuntza zakar batez egin zion berba gizonari:

        —Beste espioi bat! Utz ezak bakean eta hator afaltzera. Papluka prest zagok.

        Mikel Strogoffek ezin irribarreari eutsi, nola deitu zioten entzuterakoan; nori eta berari, espioiez beste, ezerk ere beldurtzen ez zuen hari.

        Eta hizkuntza berean, nahiz haren azentua oso bestelakoa izan emakumeak erabilitakoaren aldean, buhameak hitz hauekin erantzun zion:

        —Arrazoi dun, Sangarre! Eta, gainera, bihar ez gaitun hemen izango!

        —Bihar? —galdetu zion emakumeak zertxobait harriturik.

        —Bai, Sangarre, bihar; eta Aitak berak bidaltzen gaitin joan nahi dugun lekura!

        Hori esanik, gizon-emakumeak etxolan sartu eta atea itxi zuten soinurik atera gabe.

        «Tira, bada —esan zuen bere baitan—, ulertuak izatea nahi ez badute, nire aurrean beste hizkuntza bat erabiltzeko aholkatuko niekek buhame horiei!»

        Siberiarra sortzez eta haurtzaroa estepan igaroa, Mikel Strogoffek Tatariatik Izotz Ozeanora mintzatzen ziren ia hizkuntza guztiak ulertzen zituen, gorago esan bezala. Entzundako hitz horiek zirela-eta, ez zen gehiago arduratu. Zer axola hari buhame baten eta haren lagunaren arteko kontuak?

        Gau beltza zen jadanik, eta ostatura itzuli behar zuela pentsatu zuen, atseden pixka bat hartzera. Volgaren bideari jarraitu zion itzuleran, ura nekez ikusi arren, hainbeste ibai ontzien forma itzaltsuek estalita. Ibaiaren nondik norakoak konturarazi zion zein zen utzi berria zuen lekua. Gurdi eta etxola pilaketa hura urtero-urtero Nijni Novgorodeko merkatu nagusia egiten zen plaza zabalean zegoen jarria, eta horrek azaltzen zuen buhame eta txerpolari saldoa hantxe egotea, munduko bazter guztietatik etorriak.

        Ordubete geroago, Mikel Strogoff lotan zegoen atzerritarrei hain gogorrak iruditzen zaizkien ohe errusiar horietako batean, eta biharamunean, ekainaren 17an, eguna aspaldi argitu zuela esnatu zen, gaua lo urduritxoan pasa eta gero.

        Bost ordu oraindik Nijni Novgoroden eman beharra; mende bat bezain luzeak begitantzen zitzaizkion. Zer egingo goiza igarotzeko, hiriko karriketan barrena ibiltzea baizik, bezperan legez? Bazkari legea egin, bide zorroa itxi, podaroshna polizi etxean bisatu, eta prest egongo zen abiatzeko. Baina, eguzkiaren ondotik jaikitzea atsegin ez, eta ohea utzi zuen, jantzi, eta armarri inperialez zigilaturiko eskutitza brusaren barnealdean egindako sakela batean gorde zuen arduraz; gero, bide zorroa itxi eta bizkarrean paratu zuen. Hori egin ondoren, Konstantinoplako hiriara itzultzeko gogorik gabe, eta bazkaria Volgako ibai ertzetan egiteko asmotan, kontua ordaindu eta ostatutik irten zen.

        Ezustekoak saihestu nahirik, steam-boaten bulegoetara joan zen lehenik, eta, bertan Kaukaso ontzia esandako orduan aterako zela ziurtatu zioten. Orduan etorri zitzaion burura lehenengo aldiz gazte livoniarrak ere Kaukason ontziratzeko asmoa izango zuela segur aski, Perm aldera joan behar baitzuen; eta, kasu horretan, Mikel Strogoff harekin joango zen ibai ontzian ezinbestean.

        Goiko hiria eta haren kremlina bertan behera utziak zeuden garai hartan. Kremlina biribila zen, bi verstako luzerakoa, eta Moskukoaren antzekoa. Baina gobernadorea ez zen bertan bizi. Goiko hiria hilik zegoen guztiz, eta behekoa, aldiz, bizi-bizirik!

        Mikel Strogoffek Volga ibaia gurutzatu zuen zalditeriako kosakoek zaindutako txalupa zubi batean zehar, eta bezperan buhameen kanpamentuarekin topo egin zuen toki berera iritsi zen. Hiriaren bazter urruntxo hartan zegoen Nijni Novgorodeko merkatu sonatua, zeinarekin ez zuen alderik ezta Leipzigeko azokak berak ere. Gobernadore nagusiaren behin-behineko jauregia ageri zen Volgaren beste aldeko zabaldi handi batean. Enperadorearen aginduz, han bizi zen goi funtzionario hori, merkatuak zirauen bitartean, etengabe aritu behar baitzen zainketan, hara biltzen zen mota guztietako jendearen kariaz.

        Zabaldi hori zurezko etxez josia zegoen orduan, den-denak simetrikoki kokatuak eta haien artean ibilbide zabalak utziaz, hango jende piloa eroso pasatzeko moduan. Saltokiak ziren etxe horiek, eta, han-hemen pilaturik, neurri eta itxura guztietako auzoak osatzen zituzten, bakoitzean salgai mota bat eskaintzen zela. Auzo batean burdinazko tresnak saltzen zituzten, beste batean zurezkoak; batean larruak, eta beste batean artileak; batean oihalak, eta beste batean arrain sikuak. Zenbait saltoki irudimen handiz eraikiak ziren, tearekin adreiluak eginez, esate baterako, edo okela gazitua harri gisa erabiliz; hau da, saltzaileak bezeroari zer eskaintzen zion erakutsiz. Jendea erakartzeko era bitxia alafede, bai eta amerikano samarra ere!

        Jendea erruz zebilen ibilbide eta karrika luze haietan ordurako. Goiz zen oraindik, baina eguzkia oso goian ageri zen zeruan, laurak baino lehen urratu baitzuen iluna. Baziren han errusiarrak, siberiarrak, alemaniarrak, kosakoak, turkomanak, persiarrak, georgiarrak, grekoak, otomanoak, indiarrak, txinatarrak, Europa eta Asiako zoko guztietatik etorritako gizon-emakumeak, berriketan, eztabaidan, aldarrika, tratuan. Han metaturik aurkitzen ez zen salgairik inon ere ez zela izango irudi zuen. Zamaketariak, zaldiak, gameluak, astoak, ibai eta itsas ontziak, gurdiak, merkantziak garraiatzeko balio duen guztia merkatu hartan pilaturik zegoen. Larruak, harribitxiak, zetazko oihalak, Indiako kaxmirrak, Turkiako alfonbrak, Kaukasoko armak, Smirna eta Ispahango ehunak, Tifliseko armadurak, karabanako teak, Europako brontzeak, Suitzako erlojuak, Lyongo belusak eta zetak, Ingalaterrako kotoiak, zalgurdi eta orga atalak, fruituak, lekaleak, Uraleko meak, malakitak, lapis lazuliak, landare usaintsuak, lurrinak, sendabelarrak, zurak, galipotak, sokak, adarrak, kuiak, angurriak, eta abar, eta abar; Lurraren bazter hartara bilduak ziren India, Txina eta Persiako salgaiak oro, itsaso beltz eta kaspiarreko produktu guztiak, Amerika eta Europako merkantzia denak.

        Hura zen iskanbila eta ardaila, hura zarata eta nahaspila. Hitzik ez dago azaltzeko. Zalapartariak ziren erabat bertako jende behe-mailakoak, baina atzerritarrak ere ez ziren atzean gelditzen. Ikusleak etengabe berritzen ziren saltokien aurrean. Bidaian urtebete emanda zeudenak ere baziren han, Asiaren erdialdeko merkatariak, kasu, ordoki luzeak zeharkatu zituztenak bere salgaiak merkaturatzeko, eta beren herrietako dendak eta salmahaiak beste urtebete igaro arte ikusiko ez zituztenak. Labur esateko, Nijni Novgorodeko merkatu horren garrantzia hain da handia, ezen salerosketen diru kopurua ez baita behin ere izaten ehun milioi errublotik beherakoa.

        Gainera, ezerezetik sortutako hiri horren plaza eta auzoetan molde guztietako txerpolariak pilatzen ziren: saltinbankiak eta akrobatak, hurbiltzen zirenen belarriak sorgortzen beren orkestren orro eta uluekin eta beren antzezpenaren deiadarrekin; mendietatik etorritako buhameak, ikuslerik inozoenei zoria iragartzen; motxaileak edo tsiganeak —horrela deitzen diete errusiarrek ijitoei, koptoen antzinako ondorengoei—, beren doinurik alaienak kantatzen eta beren dantzarik bitxienak dantzatzen; komediante ibiltariak, Shakespeareren dramak jokatzen, ikusle ugarien gusturako egokitu ondoren. Halaber, ibilbide luzeetan, hartz hezitzaileak zebiltzan, aldean beren lau hankadun dantzariak eramanez; piztien garrasi latzek durundi egiten zuten kaioletan, zaindarien zartailu gogorrez edo ziri goriez xaxaturik; eta, erdiko plaza handian, zale sutsuen lau lerroko birunda inguruan, «Volgako marinelen» abestalde bat lurrean eseri eta txalupan baleude bezala egiten zuten arraunean, orkestra zuzendaria buru zutela, zeinak alegiazko ontzi haren lemazain egin-egina irudi zuen!

        Ohitura bitxia eta xarmanta! Jende horren guztiaren gainetik txori saldo bat ihesi zihoan kaioletatik. Nijni Novgorodeko azokan oso arrunta zen usadio bati jarraituz, bihotz onekoek karitatez emandako kopek batzuen truke, presozainek atea zabaltzen zieten presoei, eta txoriak ehunka eta milaka abiatzen ziren hegan, txio-txioka pozaren pozez.

        Itxura paregabe hori ageri zuen zabaldiak, eta horrela segituko zuen Nijni Novgorodeko merkatu ospetsuak iraun ohi duen sei astean. Gero, tarte burrunbatsu horren ondotik, iskanbila ikaragarri hura ez bat eta ez bi itzali egingo zen, goiko hiriak izaera ofiziala berreskuratuko zuen, beheko hiria eguneroko monotonian murgilduko zen, eta, Europako eta Asiaren erdialdeko bazter guztietatik hara bildutako jende sail horretatik ez zen geldituko merkatari bakar bat ere oraindik zerbait saltzeko asmotan, ezta erosle bakar bat ere oraindik zerbait erosteko asmotan.

        Komeni da hemen gehitzea Frantziak eta Ingalaterrak, aldi hartan behintzat, ordezkari bana zutela Nijni Novgorodeko azokan, biak ala biak zibilizazio modernoaren produktu goren-gorenen artekoak: Harry Blount eta Alcide Jolivet jaunak.

        Izan ere, bi kazetariak kontu interesgarri bila hurbildu ziren merkatura, haien irakurleen probetxuko, eta ahal bezain ongi ematen zituzten abiatu aurreko ordu libre eskasak, haiek ere txartela hartua baitzuten Kaukaso ibai ontzirako.

        Azokaren plazan hain zuzen ere egin zuten topo batak bestearekin, eta ozta-ozta harritu ziren horregatik, sen berak bultzatzen zituen-eta arrasto beraren atzetik; baina, oraingoan, ez ziren hizketan hasi eta elkarri agur hotz eta motz bat egitera mugatu ziren.

        Alcide Joliveti, baikorra izatez, den-dena ezin hobeki zegoela iruditzen zitzaion eta, patuak era oneko mahaia eta teilatua eskaini zizkionez gero, Nijni Novgorodeko hiria goraipatuz hainbat ohar bota zituen bere koadernoan.

        Aitzitik, Harry Blountek alferrik bilatu zuen afaltzeko leku bat eta izarren pean egin behar izan zuen lo. Guztiz bestelako ikuspuntu batetik ikusten zituen gauzak, beraz, eta hiriaren kontrako artikulu izugarri bat idaztea zerabilen buruan, han ostalariek atea ixten baitzieten bidaztiei, eta bidaztiek «alderdi moralean zein fisikoan» larrutu ditzaten besterik ez zuten eskatzen.

        Mikel Strogoffek, esku bat sakelan eta gereziondozko pipa luze bat beste eskuan, gizonik arduragabeena zela zirudien, inork ez zuela hark baino patxada handiagorik. Baina, halako uzkurtu bat zuen bekainen gaineko giharretan, eta behatzaile zorrotz batek hari erreparatu eta berehala igarriko zion barrengo harra ito nahian zebilela.

        Bi ordu zeramatzan aurrera eta atzera hiriko karriketan barrena, eta merkatu plazara itzultzen zen beti ere. Taldeen artetik zebilen pausatu gabe, eta Asiako eskualde hurbiletatik etorritako salerosle guztiak zinez larriturik zeudela konturatu zen. Eta nabarmena zen gero eta tratu gutxiago egiten zirela. Ez zen harritzekoa txerpolariek, saltinbankiek eta orekariek zarata itzela ateratzea beren txosnen aurrean saltoka eta dantzan, deus ez baitzuten arriskatzen koitadu horiek salerosietan, baina merkatariek zalantza egiten zuten Asiaren erdialdeko tratulariekin jardutean, nahasia zegoen-eta haien herrialdea tatariarren inbasioarengatik.

        Beste zantzu bat bazegoen azpimarratzeko modukoa. Errusian uniforme militarra nonahi eta noiznahi ageri da. Soldaduak gustura nahasten dira jendearekin, eta, Nijni Novgoroden hain zuzen, azokak dirauen bitartean, poliziez gain kosako franko ibiltzen dira zelatan, lantza sorbaldan, hirurehun mila atzerritarren samalda hartan ordena zaintzen.

        Hala ere, egun hartan, militarren arrastorik ez zegoen merkatu handian, ez kosakorik ez bestelakorik. Kuarteletan zeuden, inondik ere, bat-batean abian jartzeko prest.

        Soldadurik ez inon, beraz; baina ez zen berdin gertatzen ofizialekin. Bezperatik, kanpo laguntzaileak gobernadore nagusiaren jauregitik irten eta alde guztietara barreiatzen ziren lehiaz. Mugimendu hura ez zen ohikoa; gertaeren larritasuna baizik ezin izan hark iturburu. Mezulariak ugaritzen ari ziren probintziaren errepideetan, nahiz Vladimirrera, nahiz Ural mendietara bidean. Etengabe ari ziren mezuak trukatzen telegrafoz Mosku eta San Petersburgekin. Nijni Novgorod ez zegoen urrun Siberiako mugatik, eta kokaleku horrek, jakina, zorakeriatan ez ibiltzeko eskatzen zuen. Ez zen ahaztekoa XIV. mendean tatariarrek bi aldiz hartu zutela hiria, eta arbaso haien ondorengoak zirela orain Feofar Khanen askonahiak kirgizen estepetan barrena bultzatzen zituen gerlariak.

        Bazegoen beste goi pertsonaia bat gobernadore nagusia bezain lanpetua: polizi burua. Bere gizonek eta berak ordena zaintzeko ardura zuten, eta, horretaz gain, kexak entzun eta arautegiak betetzen ote ziren begiratu behar. Ezin inola ere atseden hartu. Administrazioaren bulegoak gau eta egun zeuden zabalik, eta, hala ere, leporaino betetzen zituzten hiriko biztanleek zein Europa eta Asiako atzerritarrek.

        Mikel Strogoff erdiko plazan zegoen, hiri osoan zehar zabaltzen ari zen zurrumurrua iritsi zitzaionean. Mezulari bat polizi buruarengana joan eta gobernadore nagusiaren jauregira agertzeko agindu omen ziola berriki. Moskutik bidalitako garrantzi handiko mezu bat omen agindu horren arrazoia.

        Polizi buruak, bada, gobernadorearen jauregira jo zuen, eta, segituan, askori eta askori susmoa sortu, eta neurri zorrotzen bat, zeharo ohiz kanpokoa, hartuko zutela hedatu zen hitzetik hortzera.

        Mikel Strogoffek batzuek eta besteek ziotena entzuten zuen, hartaz etekina ateratzeko asmoz, beharrezkoa izanez gero.

        —Merkatua ixtera doaz! —zioen batek garrasika.

        —Nijni Novgorodeko errejimentuak abiatzeko agindua jaso berri du! —erantzuten zion beste batek.

        —Tatariarrak Tomskeko ateetan omen daude!

        —Horra hor polizi burua! —oihu egin zuten ahots guztiek.

        Zalaparta bizia atera zen tupustean, eta gero pixkaka-pixkaka apaltzen hasi zen, erabateko isiltasuna nagusitu arte. Gobernuak jakinarazpen latza egingo zuela espero zuten denek.

        Polizi buruak gobernadore nagusiaren jauregia utzi berria zuen, bere agenteen atzetik. Kosako talde batek babestu eta kolpe bortitzez zabaltzen zioten bidea jendetza jasankorraren artetik.

        Polizi burua plazaren erdira iritsi zen, eta den-denek ikusi zuten eskuan mezu bat zeramala.

        Orduan, honako adierazpen hau irakurri zuen ahots goraz:

        «NIJNI NOVGORODEKO GOBERNADOREAREN DEKRETUA:

        1. Errusiako herritarrak ezin izango dira inola ere probintziatik atera.

        2. Jatorri asiarreko atzerritar guztiek probintziatik atera behar dute hogeita lau ordu igaro baino lehen».

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia