IV
MOSKUTIK NIJNI NOVGORODERA
Mikel Strogoffek Moskutik Irkutskera ibili behar zuen bidea bost mila eta berrehun verstakoa zen (5.523 kilometro). Ural mendietatik Siberiaren ekialdeko mugaraino telegrafo haririk ez zen garaian, mezuak mandatariek zeramatzaten, eta bizkorrenek hemezortzi egun behar zituzten Moskutik Irkutskera sartzeko. Baina gutxi ziren hori lortzen zutenak, eta tsarraren mezulariek lauzpabost aste eman beharra zuten gehienetan Asia aldeko Errusia zeharkatzen, garraio bide guztiak eskura bazeuzkaten ere.
Ez hotzaren, ez elurraren beldur, Mikel Strogoffek nahiago zuen bidaia negu beltzean egin, urtaro horretan lera zerbitzua antola baitzitekeen ibilbide osorako. Orduan, hala joan zein honela joan, oztopo gutxiago aurkitzen dira elurrak berdinduriko estepa neurrigabe horietan. Ibairik ez, bide eragozgarri. Elurra eta izotza nonahi, eta lera aise eta agudo doa aurrera irristan. Arriskuak ere badira sasoi horretan; hala nola sekula ere barreiatzen ez den laino lodi itxia, hotz gehiegizkoa, elur bisuts zakar amaiezinak, zeinen zurrunbiloetan zenbait aldiz karabanak harrapaturik geratu eta suntsitu egiten diren. Edo milaka otsoren agerketa, goseak ordokira bultzaturik. Baina aukeran nahiago horrelakoei aurpegi eman, zeren, negu gorrian, tatariar inbaditzaileak hirietan kantonatuko ziren, ez zen talderik ibiliko estepan barrena zer harrapatuko, ezinezkoa izango zen tropa mugimendurik egitea, eta Mikel Strogoff errazago pasatuko zen. Baina ezin aukeratu ez garaia, ez ordua. Hau edo hura berdin zen, onartu egin behar eta abian jarri.
Horixe zen bada egoera, eta Mikel Strogoff, nolako atakan aurkitzen zen garbi ikusita, handik onik ateratzeko prestatu zen.
Ez zegoen inola ere tsarraren mandatari arrunt baten kinkan; are gutxiago, inork ere ez zuen halakoa zela susmatu behar haren bidaia luzean. Inbaditutako lurraldean inurriak bezala ohi dabiltza zelatariak. Inork ezagutuz gero, haren eginkizuna kolokan egongo zen. Horregatik Kissoff jeneralak ez zion agindu idatzirik eman, nahiz horietan agertzen den «enperadorearen zerbitzua» aipamenak ate guztiak zabaldu, eta haren ordez, bidaia nolabait errazteko nahikoa eta gehiago izango zitzaion diru mordoxkarekin batera, podaroshna bat baizik ez zion eskuratu.
Podaroshna horretan Nikolas Korpanoff izena ageri zen, merkataria, Irkutskeko biztanlea. Baimena ematen zion Nikolas Korpanoffi, premian gertatuz gero, pertsona bat edo gehiago bidelagun hartzeko, eta, bestalde, balio berezia zuen, haren jabea Errusiatik irten zitekeelako, baita Moskuko gobernuak gainerako herritarrei debekatzen zienean ere.
Podaroshna bat ez da postako zaldiak hartzeko baimena besterik; baina Mikel Strogoffek ezin zuen noiznahi erabili, zelatariren batek ikusi eta benetan nor zen susma baitzezakeen, eta, inbaditutako lurretan horretarako arriskua handia izanik, Europa aldean baino ezin zen hartaz baliatu. Kontua zen, beraz, Siberian, hau da, matxinatutako probintziak zeharkatzean, ezin zuela ez nagusi bezala agindu postetako morroiei, ez lehentasuna izan zaldiak berari lehenago emateko, ez ibilgailurik konfiskatu berak erabiltzeko. Mikel Strogoffek gogoan hartu behar zuen ez zela mandataria. Moskutik Irkutskera zihoan merkatari soil bat zen, Nikolas Korpanoff izenekoa, eta, hala izanik, bidaia arrunt batean izaten diren gertakizun guztien mendean zegoen.
Agudo zein astiro, aurrera beti, baina inor konturatu gabe. Asmo horixe egin behar zuen bere.
Orain dela hogeita hamar urte, goi mailako bidazti bat ez zen Siberian barrena abiatuko segizio eder batek lagundu ezean. Berrehun kosako eta hogeita bost bashkir zaldi gainean, berrehun soldadu oinez, hirurehun gamelu, hogeita bost gurdi, bi ontzi eramangarri eta bi kanoi, hori baino gutxiago ez zuen eramango.
Mikel Strogoffek, ordea, ez zuen izango ez kanoirik, ez zaldizkorik, ez oinezkorik, ez zama abererik. Zalgurdiz edo zaldiz joango zen, aukera izanez gero; oinez, ezinbestean.
Lehenengo mila eta laurehun verstetan (1.493 kilometroetan), hots, Moskutik mugara doan bidean, ez zuen batere trabarik aurkituko. Trena, posta kotxeak, lurrun ontziak, zaldiak, denen eskura zeuden, eta, hortaz, baita tsarraren mandatariaren eskura ere.
Horrenbestez, uztailaren 16ko goiz hartan bertan, janzki errusiar arrunta soinean eta zorroa bizkarrean, Mikel Strogoffek geltokira jo zuen lehenengo trena hartzeko asmotan. Uniformearen ordez, brusa soil bat zeraman jantzirik, mujiken gerriko tradizionala, galtza zabalak, eta bota altuak, belaunpean estutuak. Armarik ez aldean, begi-bistan behintzat; baina gerrikoaren azpian errebolber bat zeukan ezkutaturik eta sakelan ganibeta luze bat, bai labanarekin bai jataganarekin antza duten horietakoa, ehiztari siberiarrek garbitasunez eta larru baliotsua hondatu gabe hartzari tripak ateratzeko erabiltzen dutena bezalakoa.
Lagun ugari zebilen Moskuko geltokian. Errusiako tren geltokietara jende franko biltzen ohi da: asko, bidaian joateko; eta ez gutxiago, doazen horiek ikustera. Irudi du albisteak trukatzeko bulegoa dagoela bertan.
Mikel Strogoff trenera igo eta eseri egin zen. Nijni Novgoroderaino eraman behar zuen tren horrek, han gelditzen baitzen garai hartan Mosku eta San Petersburg lotzen zituen burdinbidea, noizbait Errusiako mugaraino luzatuko zena. Laurehun bat verstako tartea zen (426 kilometro), eta trenak egun erdia beharko zuen haraino. Nijni Novgorodera iritsi eta, gauzak nola zeuden, lehorreko bideari ekingo zion edo Volgako lurrun ontziren bat hartuko zuen, Ural mendietara lehenbailehen iristeko.
Mikel Strogoff eroso jarri zen bere bazterrean. Burges duin bat ematen zuen, kezka handirik gabe bidaiaren denbora lotan bota nahi zuena.
Hala ere, konpartimentuan bakarrik ez zegoenez, begi bat irekita utzi zuen eta bi belarriak zabalik.
Izan ere, zurrumurrua zebilen ahoz aho herri kirgizak altxatu ote ziren eta tatariarrek inbasioari ekin ote zioten. Halabeharrak hara bildu zituen bidaztiak horretaz ari ziren solasean, baina ez fidantzia handiz.
Bidazti horiek, trenean zihoazen gehien-gehienen antzera, merkatariak ziren, Nijni Novgorodeko merkatura bidean. Jende nahaste itzela zen hangoa, besterik ezin. Baziren juduak, turkiarrak, kosakoak, errusiarrak, georgiarrak, kalmukak eta beste, baina ia denek hizkuntza nazionalaz egiten zuten berba.
Eztabaidan ziharduten ea kalterako ala mesederako izango ziren Uralez beste aldera jazotzen ari ziren gertaera latzak. Beldurrez zeuden, antza. Gobernu errusiarra behartuta egon zitekeen neurri murriztaileak hartzera, bereziki mugatik hurbil dauden probintzietan, eta neurri horiek noski abantaila gutxi ekarriko zizkieten salerosketan aritzeko.
Esan beharra dago; berekoi haientzat gerra ez zen altxamendua zapaltzeko eta inbasioaren aurka egiteko borroka; haiek beren interes mehatxatuen ikuspuntutik baino ez zioten begiratzen. Uniformez jantzitako soldadu bat ikuste hutsak kolpetik isilduko zituen merkatari haien mingainak —jakina da uniformeek Errusian duten garrantzi ikaragarria—. Baina Mikel Strogoffen konpartimentuan ezerk ere ez zuen susmarazten militar bat bazegoela haien artean, eta tsarraren mandatariak, itxurak egitera derrigorturik, ez zion traiziorik egingo bere buruari.
Entzun egiten zuen, bada.
—Karabanako tearen prezioa gora omen doa —esan zuen persiar batek, hangoa zela agerikoa baitzen haren janzkerari erreparaturik: buruan astrakanez forratutako txanoa, eta soinean jantzi luze iluna, izur zabalez apaindua, eta erabiliaren erabiliaz aski higatua.
—Bai horixe! Tearen prezioa ez da merketuko, ez izan beldurrik —erantzun zuen betondo iluneko judu zahar batek—. Nijni Novgorodeko merkatuan dauden te guztiak mendebaldean zehar salduko dira, baina ez da gauza bera gertatuko zoritxarrez Bukharako alfonbrekin!
—Zer! Bukharatik bidali behar dizkizute alfonbrak? —galdetu zion persiarrak.
—Ez, are arriskutsuagoa, Samarkandetik bidali behar dizkidate! Atera kontuak! Khivatik Txinako mugaraino matxinatuta dagoen eskualdea gurutzatu behar du espedizioak!
—Tira, tira! —erantzun zion persiarrak—, alfonbrak iristen ez badira, fakturak ere ez dira iritsiko, pentsatzen dut!
—Eta etekina, Abrahamen jainkoa! —garrasi egin zuen judu txikiak—. Etekina ez duzu ezertan ere kontatzen?
—Arrazoi duzu —esan zuen beste bidazti batek—. Salgai asko ez omen da iritsiko merkatura Asiaren erdialde horretatik, ez Samarkandeko alfonbrarik, ez ekialdeko artilerik, gantzik edo xalik.
—Kontuz, gero, nire aita txiki hori! —esan zuen bidazti errusiar batek adarra jotze aldera—. Koipez zikindu eta hondatu beharrean jarriko dituzu zeure xal guztiak, zeure gantzekin nahasten badituzu!
—Barre egiten duzu! —esan zion merkatariak zakar, horrelako txantxak ez baitzituen batere maite.
—Oi! Ileak erauziko dituzu, errautsez estaliko zara —erantzun zion bidaztiak—, eta horregatik munduko gorabeherak aldatuko dituzulakoan zaude? Ez! Eta ezta salgaien prezioen gorabeherak ere!
—Ezagun-ezagun da ez zarela merkataria! —ohartarazi zuen judu txikiak.
—Ez, jainkoarren, Israelgo seme jator hori! Ez dut saltzen ez lupulurik, ez lumatxarik, ez eztirik, ez argizaririk, ez kalamurik, ez kalamu hazirik, ez okela gaziturik, ez zurik, ez artilerik, ez xingolarik, ez lihorik, ez ahuntz larrurik, ez bestelako larrurik...
—Baina, erosi egiten dituzu? —galdetu zion persiarrak, bidaztiaren jarduna etenda.
—Ahalik gutxiena, eta nire beharretarako baino ez —erantzun zuen, begi bat kliskatzen zuela.
—Txantxetan ari da berriz ere —esan zion juduak persiarrari.
—Edo espioi lanean! —erantzun zion persiarrak isilago—. Ez gaitezela fida, eta ez dezagula hitz egin beharrezkoa baino gehiago! Polizia ez dabil oso gozo oraingo aldi honetan, eta ez dago jakiterik norekin ari garen bidaiatzen!
Konpartimentuaren beste bazter batean, gutxixeago mintzatzen zen salerosketez eta gehixeago tatariarren inbasioaz eta haren ondorio negargarriez.
—Siberiako zaldiak konfiskatu behar omen dituzte —zioen bidazti batek—, eta Asiaren erdialdean nekez ibiliko da probintzia batetik bestera!
—Egia da —galdetu zion ondokoak— kirgizen erdiko leinuak bat egin duela tatariarrekin?
—Hala diote —erantzun zion isilago hitz eginez—, baina herri honetan nork esango du harro zer edo zer argiro badakiela?
—Tropak muga aldean elkartzen ari direla entzun dut. Don aldeko kosakoak Volgan zehar bildurik omen daude eta erreboltaturiko kirgizen aurka egitera omen doaz.
—Kirgizak Irtish ibaian behera jaitsi badira, Irkutskeko bidea ez da izango arriskurik gabea! —esan zion ondokoak—. Gainera, atzo telegrama bat bidali nahi izan nuen Krasnoiarskera, eta ezin izan zen pasa. Aurki tatariarren andanek mendebaldeko Siberia isolatuko dute, nik uste.
—Labur esanda, aita txiki hori —esan zuen lehenengo solaskideak—, merkatari hauek nahikoa arrazoi dute beren salerosketengatik kezketan egoteko. Zaldiak konfiskatu ondoren, ibai ontziak konfiskatuko dituzte, eta gero zalgurdiak, eta gero gainerako garraio bideak, harik eta debekatu arte inperioaren luze-zabalean barrena pausorik egitea.
—Egingo nuke Nijni Novgorodeko merkatuaren amaiera ez dela izango hasiera bezain bikaina —erantzun zion bigarren solaskideak, burua astintzen zuela—. Baina errusiar lurraldearen segurtasuna eta batasuna lehen-lehehik. Tratuak tratu baino ez dira eta!
Konpartimentu hartan bidaztien arteko hizpidea ez zen aldatzen apenas, eta antzera gertatzen zen trenaren beste bagoietan ere; behatzaile fin batek, ordea, mesfidantza handia sumatuko zukeen berbetan ari zirenek trukatzen zituzten esaldietan. Ez ziren askotan ausartzen gertaerei buruz mintzatzera, baina, ausartzen zirenean, ez ziren iristen Moskuko gobernuaren asmoak igartzen saiatzera, hain gutxi epaitzera.
Horretaz, hain zuzen ere, konturatu zen ederki trenaren lehenengo bagoietako batean zegoen bidazti bat. Begien bistakoa zen atzerritarra zela. Begiak zabal-zabalik so egiten zuen, eta galdezka eta galdezka ari zen, zeharka baino erantzuten ez bazioten ere. Ate aldera makurturik zihoan, kanpora begira, eskuin aldeko ikuspegiaren xehetasun bat ere galdu gabe, eta ateko leihatila irekita utzirik, nahiz horrek haren bidelagunak muzindu erabat. Herririk txikienen izena ere itauntzen zuen, haien kokapena, zer saltzen zuten, nolako industriak zituzten, zenbat biztanle ziren, zein zen heriotza-tasaren batez bestekoa sexu bietan, eta abar, eta abar, eta hori guztia ordurako oharrez gainezka zegoen koaderno batean idazten zuen.
Pertsonaia hori Alcide Jolivet kazetaria zen, eta, hainbeste eta hainbeste kontu hutsal galdetzen zuen, hainbeste eta hainbeste erantzunen artetik «bere lehengusinarentzat» zerbait interesgarria atzematea espero zuelako. Baina, jakina, espioia zelakoan, ez zuten haren aurrean tutik ere esaten eguneko gertaerei buruz.
Hargatik, tatariarren inbasioa zela-eta deusen berririk ez zuela lortzen ikusi eta hauxe idatzi zuen koadernoan:
«Bidaztiak zuhur-zuhurrak. Politika gaietan ezin mingaina dantzarazi».
Eta, Alcide Jolivetek bidaiari buruzko iritziak zehatz-mehatz idazten zituen bitartean, haren lankide ingelesak, tren berera igoa eta helmuga bereraino iritsi nahian, behaketa lan berberean ziharduen beste konpartimentu batean. Ez zuten topo egin elkarrekin egun hartan Moskuko geltokian, eta ez batak ez besteak ez zekiten biak abiatu zirela gerraren jokalekua bisitatzeko asmoz.
Harry Blount, aldiz, gutxi esan eta asko entzun, ez zuen mesfidantzarik piztu bere bidelagunengan Alcide Jolivetek bezala. Ez zuten, bada, espioitzat hartu, eta haren ingurukoak lasai mintzatzen ziren batere errezelorik gabe, eskuarki ohi zutena baino urrunago ere joanez. Daily Telegrapheko berriemaileak, beraz, parada izan zuen konturatzeko nolako kezkak eragiten zizkieten gertaerek Nijni Novgorodera zihoazen salerosleei, bai eta zer punturaino zeuden mehatxaturik Asiaren erdialdera merkataritzan joateko bideak ere.
Hortaz, bada, zalantzarik ez zuen izan bere koadernoan ohar ezin zuzenago hau idazteko:
«Bidaztiak urduri guztiz. Gerra dute hizketa gai bakarra, eta honelako askatasunez hitz egitea harrigarria da nonbait Volgatik Vistulara!».
Daily Telegrapheko irakurleak ezin egon inola ere Alcide Joliveten lehengusina baino okerrago informatuta.
Eta, horretaz gain, Harry Blountek, trenaren ezker aldean eserita, ezkerreko aieka horri baizik begiratu ez eta lurralde gora-beheratsua ikusi zuen, zelai zabalez osatutako eskuineko aiekari begiratzeko lana hartu gabe, eta beste ohartxo hau gehitu zuen koadernoan ziurtasun britainiarrez:
«Mendiak ugari Moskutik Vladimirrera».
Nabaria zen, bestalde, Errusiako gobernuak, zer jazotzen ari zen ikusirik, zenbait neurri estu hartuko zituela, baita inperioaren barne aldean ere. Altxamenduak ez zuen Siberiako muga gurutzatu, baina Volgako probintzietan, kirgizen herritik hain hurbil egonda, jendeak zer ikusi hura ikasi egingo ote zuen arriskua zegokeen.
Izan ere, poliziak ez zuen Ivan Ogareffen arrastoa aurkitu artean. Traidore hori, atzerrira joaz bere gorrotoak mendekatzeko, elkartua ote zen Feofar Khanekin, edo matxinada sustatu nahi ote zuen Nijni Novgorod probintzian, urte sasoi honetan mota guztietako jendea hara biltzen zela probetxatuz? Sator lanean inor ez ote zebilen merkatu handira zihoazen persiarren, armeniarren edo kalmuken artetik, inperioaren barne aldean mugimendua bultzatzeko? Hipotesi horiek guztiak baliozkoak ziren, batez ere Errusia bezalako herrialde batean.
Zeren, inperio zabal honek, hamabi milioi kilometro koadro izanik, ezin du mendebaldeko Europako estatuen homogeneotasuna eduki. Osatzen duten herrien artean axaleko ñabardurak baino gehiago daude nahitaez. Errusiako lurraldea Europan, Asian, Amerikan hedatua duzu, ekialdeko longitudeko 15. gradutik mendebaldeko longitudeko 133.eraino eta hegoaldeko 38. paralelotik iparraldeko 91.eraino, hau da, ia 200 gradu ezker-eskuin eta 43 gradu goitik behera. Hirurogeita hamar milioi biztanle baino gehiago bizi dira han. Hogeita hamar hizkuntza mintzatzen. Arraza eslabiarra da nagusi inondik ere, baina, errusiarrekin batera, poloniarrak daude, eta lituaniarrak, eta kurlandiarrak. Eta finlandiarrak, estoniarrak, laponiarrak, txeremiarrak, txuvashiarrak eta permiakak gehitzen baditugu, eta alemaniarrak, grekoak, tatariarrak, Kaukasoko leinuak, mongoliarrak, kalmukak, samoiedoak, kamtxatkarrak eta aleutiarrak gaineratzen, ongi ulertuko dugu horren estatu zabalean batasunari eustea zaila baino zailagoa dela eta horrelako inperioa denboraren lana baizik ezin dela izan, gobernuen jakinduriak lagundurik.
Dena dela, Ivan Ogareffek bilaketa orori ihes egiten asmatu izan zuen ordu arte, eta, segur aski, tatariarren armadarekin bat eginik ibiliko zen. Baina, trena gelditzen zen guztian, poliziak igotzen ziren bidaztiak ikertzera eta den-denak zorrotz ikuskatzen zituzten, Ivan Ogareffen bila baitzebiltzan, polizi buru nagusiaren aginduz. Izan ere, gobernuak jakin uste zuen traidore horrek ezin izan zuela alde egin oraindik Europa aldeko Errusiatik. Bidazti bat susmagarria irudituz gero, polizi postura zeramaten azalpenak ematera; eta bitarte horretan, trena aurrera zihoan berriz, batere kezkarik gabe atzean geratu zen laguna zela eta.
Errusiako poliziari jira-bira ibiltzea ez zaio atsegin, eta alferlana da haiekin arrazoiak ematen hastea. Gradu militarrez horniturik daude hartan enplegatutakoak, eta militarren erara jokatzen dute. Horixe da modua, beste aldetik, subiranoaren esanak txintik atera gabe bete ditzaten, nahiz eta haren aginduak ez obeditzera inor gutxi ausartu, botere izugarria baitu, bere ukasen idazpuruetan erabiltzen duen formulak adierazten duen legez: «Gu, Jainkoari esker, Errusia guztietako eta Mosku, Kiev, Vladimir eta Novgorodeko enperadore eta autokrata, Kazan eta Astrakhaneko tsarra, Poloniako tsarra, Siberiako tsarra, Khersones Taurikoaren tsarra, Pskoveko jauna, Smolenskeko printze handia eta Lituania, Volhynia, Podolia eta Finlandiakoa, Estoniako printzea eta Livonia, Kurlandia, Semigalia, Bialystok, Karelia, Jugria, Perm, Viatka, Bulgaria eta beste herrialde anitzekoa, Nijni Novgorodeko lurraldearen jauna eta printze handia eta Txernigov, Riazan, Polotsk, Rostov, Jaroslaw, Bielozersk, Udoria, Obdoria, Kondinia, Vitebsk eta Mstislawekoa, eskualde hiperborealen menderatzailea, Iveria herriko jauna eta Kartalinia, Gruzinia, Kabardinia eta Armeniakoa, printze txerkesen jaun oinordeko subiranoa, mendietakoena, eta besterena, Norvegiako oinordekoa, Scheleswig-Holsteineko dukea eta Stormarn, Dittmarsen eta Oldenburgekoa». Subirano ahaltsua, ahaltsurik bada. Haren armarria bi buruko arranoa, esku batean errege makila eta bestean lurra dauzkana. Novgorod, Vladimir, Kiev, Kazan, Astrakhan eta Siberiako ezkutuak arranoaren inguruan, San Andresen ordenako lepokoa biran, eta errege koroa buruan.
Polizia gogorra zen zeharo, bai, baina Mikel Strogoffek zuzen zeuzkan paperak, eta, ondorioz, babestuta zegoen har zitzaketen neurri guztietatik.
Vladimirreko geltokian geratu zen trena minutu batzuetan, eta hori nahikoa izan zuen, antza, Daily Telegrapheko kazetariak Errusiako hiriburu zahar honen ikuspegi erabatekoa hartzeko, ikuspuntu fisikotik zein ikuspuntu moraletik.
Bidazti gehiago igo ziren trenera Vladimirreko geltokian. Besteak beste, neska gazte bat agertu zen Mikel Strogoffen konpartimentuaren atean.
Larru gorrizko bide poltsa bat zeraman aldean, eta besterik ez, nonbait. Tsarraren mandatariaren aurrean leku bat zegoen hutsik, eta hantxe eseri zen. Gero, begiak jaitsi, eta, halabeharrak emandako bidelagunei begiradarik bota ere gabe, hainbat orduz bidaiatzeko prestatu zen.
Mikel Strogoff ezin egon etorri berria arretaz aztertu gabe. Atzeka zegoen jarrita, trenaren noranzkoari bizkar emanez, eta mandatariak bere eserlekua eskaini zion, nahiago izango zuelakoan, baina neska mugitu ez, eta, burua pitin bat makurtuaz, eskerrak ematera mugatu zen.
Neskatxak hamasei edo hamazazpi urtekoa izan behar zuen. Haren burua xarmanta zen zinez, molde eslabiarrekoa bete-betean. Molde apur bat gogorra da eslabiarra, eta neska gazte hori eder-ederra bilakatuko zuen, polita baino gehiago, urte batzuk pasa eta haren aurpegiera behin betiko finkaturik geratzean. Zapi moduko batek estaltzen zion burua, eta handik ihesi ile ugaria zihoakion kopetan behera, urrea bezain horia. Arreak zituen begiak, eta belusatua begikera, eztia baino eztiagoa. Zuri eta argalxeak masailak, eta zuzena sudurra, zeinaren hegalak mugitu egiten ziren pixka bat. Ahoa xaloki marraztua zeukan, baina irribarre egiten aspaldi ahaztu zitzaiola irudi zuen.
Bidazti gaztea garaia zen eta liraina; haren soinak horrelakoa ematen zuen, behinik behin, jantzita zeraman txamarra soil eta zabalaren azpian. Nahiz eta artean «neskatila» izan —hitzaren esanahirik garbienean—, haren kopeta garaiaren eiteak, haren aho eta kokotsaren forma garbiak, indar moral handiaz dohaturik zegoela pentsarazten zuten, eta xehetasun hori ez zitzaion oharkabean pasa Mikel Strogoffi. Argi zegoen neska gazte hori hamaika nahigabe jasana zela iraganean, eta geroa ere ez zitzaiola azaltzen kolore alaiz margoturik, baina egia zen halaber bizitzaren eragozpenen kontra borrokan egiten jakin zuela ordu arte eta era berean segitzeko prest zegoela. Haren borondatea bizia zen eta tematia, eta haren lasaitasuna asaldakaitza, baita gizon bat etsia hartzeko zorian edo odolak irakin beharrean jarriko zuten egoeretan ere.
Horixe zen neskari begiratu batean hartzen zitzaion tankera. Mikel Strogoffi, bera ere kementsua izaki, zirrara egin zion itxura horren izaerak, eta, kontu handiz, bere so egite jarraituak bidazti berriari enbarazu egin ez ziezaion, azterketan segitu zuen adi.
Neskatxaren janzkera soil-soila zen eta izugarri garbia. Aise antzematen zen ez zela aberatsa, baina alferrik bilatuko zenuen zabarkeri arrastorik haren arropetan. Giltzaz itxitako boltsa larruzko bat zeukan ekipaje bakarra. Belaunetan zeraman, non jarri ez zegoen eta.
Txamarra luzea zuen jantzita, mahukarik gabea, eta kolore ilunekoa, lepoko xingola izan ezik, zeina urdina zen eta polito egokitzen zitzaion zintzurrean. Txamarra horren azpian, gona motz batek —iluna hori ere— soineko bat estaltzen zuen, orkatiletaraino erortzen zitzaiona eta beheko azpilduran brodatu hits batzuk zituena apaingarri gisa. Larru landuzko bota baxuak zeramatzan oin txikietan, zola lodi samarrekoak, bidean denbora luzea emateko aukeratu izan balitu bezala.
Mikel Strogoffi arropa haiek Livoniako jantzien moldea zutela iruditu zitzaion zenbait xehetasunengatik, eta neska gaztea probintzia baltikoetakoa izan behar zuela pentsatu zuen.
Baina, nora ote zihoan neskatxa hura, bakar-bakarrik, aitaren edo amaren laguntasunik gabe, neba baten babesik gabe, haren adinean behar-beharrezkotzat jotzen badira ere? Mendebaldeko Errusiako probintzietatik ote zetorren, beraz, bide luzea eginik dagoeneko? Nijni Novgorodera baino ez ote zihoan, edo inperioaren ekialdeko mugetatik hara ote zuen jomuga haren bidaiak? Ahaideren bat, adiskideren bat izango zuen haren trena noiz iritsiko zain? Edo, aitzitik, bagoitik jaitsi eta hirian inor gabe aurkituko zen, konpartimentu honetan bezain isolatua, non harengana inork ere —hala pentsatu beharko— ez zuen ardurarik agertzen, antza? Bazitekeen.
Izan ere, bakartasunean hartzen diren ohiturak azaltzen zituen nabarmen bidazti gazteak bere jokabidean. Nola sartu zen bagoian eta nola prestatu zen bidaia egiteko, zer aztoramen txikia sortu zuen bere inguruan, eta zer arta handia hartu zuen inor ez gogaitzeko eta bazterrak ez nahasteko, horrek denak bakarrik egoteko ohitura zuela adierazten zuen, bai eta inoren laguntzarik ez zuela espero ere.
Mikel Strogoffek jakin-minez behatzen zion, baina, bera ere izaera isilekoa izanik, ez zen ibili egokiera bila neskarekin solasean hasteko, nahiz hainbat ordu igaro behar oraindik, trena Nijni Novgorodera iritsi arte.
Behin baino ez zion so egin neskatxak mandatariari. Neskaren aldameneko merkataria —xalak eta gantzak arduragabe nahasten zituen hura— loak hartu zuen, eta bere buru handia bilintza-balantza zebilkion sorbalda batetik bestera, neskari kaskezurrean kolpea joko ez joko. Mikel Strogoffek zakar samar iratzarri, eta xuxen eta jendetasun gehiagoz joan behar zuela ulertarazi zion.
Merkatariak, gizon latza izatez, hitz batzuk esan zituen marmarka «besteen kontuetan muturra sartzen zutenak» erdeinatuz; baina Mikel Strogoffek hain makur begiratu zion, ezen merkatari logaletuak beste aldearen kontra jarri eta bidazti gaztea aske utzi zuen bere hurbiltasun gogaikarritik.
Orduan so egin zion neskak lipar batez, eta esker on mutu eta xumea agertu zen begirada hartan.
Baina zerbait gertatu zen, ostera, Mikel Strogoffi neska gazte haren izaeraren neurri zehatza eman ziona.
Nijni Novgorodeko geltokira heldu baino hamabi versta lehenago, burdinbidearen bihurgune itxi batean zihoala, danbateko bortitz batek astindu zuen trena guztiz. Gero, lubeta batean behera lerratu zen minutu batez, eta geldirik geratu azkenean.
Hango bidaztien itzulipurdiak eta erorikoak! Hango oihuak! Iskanbila eta nahas-mahasa besterik ez zen bagoietan lehen mementoan. Istripua larria izan zitekeen. Hargatik, trena gelditu baino lehenago ere, ateak zabaldu eta bidaztiek, beldurrak airean, pentsamendu bakarra izan zuten: trena laga eta burdinbidean babestu.
Mikel Strogoffi neskatxa etorri zitzaion gogora lehendabizi; baina, konpartimentuko gainerako bidaztiek garrasika eta bultzaka kanpora jotzen zuten bitartean, neska gaztea lasai geratu zen bere tokian, musuan aztoramenik ageri ez zuela, zurbiltasun ñimiño bat izan ezik.
Neska zain zegoen. Mikel Strogoff ere zain egon zen.
Neskak zirkinik ez zuen egin bagoitik jaisteko. Mutila ere ez zen mugitu.
Geldi-geldirik iraun zuten biek ala biek.
«Hori kemena, hori!» pentsatu zuen Mikel Strogoffek.
Bien bitartean, arrisku zantzu guztiak aldendu ziren azkar. Ekipaje bagoiaren lokailua hautsi zen, eta horrek sortu zuen danbatekoa eta irtenarazi trena errailetatik; gutxik egin zuen lubetan behera erori eta zokogune batean amildu ez zenean. Ordubeteko atzerapena. Azkenik, burdinbidetik trabak kendu eta abian jarri zen trena berriz ere. Gaueko zortzi eta erdietan Nijni Novgorodeko geltokira sartu zen.
Bagoietatik jaisteko aukera izan baino lehen, poliziak azaldu ziren ateetan eta bidaztiak ikuskatzen hasi.
Mikel Strogoffek bere podaroshna erakutsi zien, Nikolas Korpanoffen izenean emana. Hortaz, arazorik ez.
Eta konpartimentuko gainerako gizonen kasuan ere, Nijni Novgorodetik hara joateko asmorik ez baitzuten, poliziei ez zitzaizkien susmagarriak begitandu, haien zorionerako.
Neska gaztearen txanda zen, eta hark, pasaporte bat aurkeztu beharrean —jadanik ez baita pasaporterik eskatzen Errusian—, zigilu bereziko baimen bat eskuratu zien, aparteko izaerakoa zirudiena.
Polizi inspektoreak adi-adi irakurri zuen. Gero, dokumentuan deskribatuta zegoena arretaz aztertu ondoren, galdekatzen hasi zitzaion.
—Rigakoa zara? —itaundu zion lehenbizi.
—Bai —erantzun zuen.
—Irkutskera zoaz?
—Bai.
—Non barrena?
—Permen barrena.
—Ongi da —esan zion inspektoreak—. Eta ez ahaztu, gero, Nijni Novgorodeko polizi etxera joatea zure baimena bisatzera.
Gazteak burua makurtu zuen baietza adierazteko.
Galdera-erantzun horiek entzun eta Mikel Strogoff ezusteak eta errukiak hartu zuten batera. Zer? Neskatxa hori bakarrik Siberia urrunean barrena! Eta orain, hain zuzen, sasoi guztietako arriskuez gain, inbasioak eta matxinadak mehatxu egiten dutenean! Nola iritsiko da? Zer ez zaio gertatuko?...
Miaketa bukatu eta bagoietako ateak ireki ziren, baina, Mikel Strogoffek harengana mugimendurik egiteko abagunerik izan aurretik, gazte livoniarra, trenetik inor baino lehen jaitsirik, galdua zen geltokiko nasak mukuru betetzen zituen jendetzaren artean.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala