III

MIKEL STROGOFF

 

        Enperadorearen kabinetearen atea zabaldu zuten bizkor, eta atezainak Kissoff jenerala zetorrela iragarri zuen.

        —Mandatari hori? —galdetu zuen tsarrak bizi.

        —Hemen da, jauna —erantzun zion Kissoff jeneralak.

        —Behar dugun gizona aurkitu duzu?

        —Bai, jauna, hitz ematen diot berorri.

        —Jauregian ari zen lanean?

        —Bai, jauna.

        —Ezagutzen duzu?

        —Bai, eta agindu zailak askotan bete ditu egoki.

        —Atzerrian?

        —Siberian bertan.

        —Nongoa da?

        —Omskekoa. Siberiarra da.

        —Odol hotzekoa da? Adimentsua? Kementsua?

        —Bai, jauna, behar den guztia badu beste batzuek beharbada porrot egingo luketen lekuan garaile ateratzeko.

        —Zenbat urte ditu?

        —Hogeita hamar.

        —Gizon indartsua da?

        —Jauna; hotza, gosea, egarria, nekea azken-azken mugaraino eramateko gauza da.

        —Gorputza burdinazkoa du?

        —Bai, jauna.

        —Eta bihotza...?

        —Bihotza urrezkoa.

        —Zer izen du?

        —Mikel Strogoff.

        —Abiatzeko prest dago?

        —Zaindarien gelan dago, berorren maiestateak zer aginduko duen zain.

        —Datorrela —esan zuen tsarrak.

        Handik pixka batera, Mikel Strogoff mandataria sartu zen enperadorearen kabinetean.

        Mikel Strogoff garaia zen, indartsua, sorbalda eta bularralde zabalekoa. Haren buru sendoak arraza kaukasiarraren ezaugarri ederrak ageri zituen. Besoak eta zangoak, irmo tinkaturik, lau palanka ziren, indarrezko lanei ekiteko mekanikoki prestatuak. Mutil eder gotorra, lerdena eta sasoikoa, nekez mugiaraziko zuten zegoen lekutik gogoz kontra, erroak boteak zituela baitzirudien, oinak lurrean finkatzen zituenean. Kopeta zabala zuen, buruaren goi alde karratua, eta adatsa ugaria eta kizkurra, kiribilka ihesi zihoakiona, kapela moskutarra jantzita zeukalarik. Begitarte zuria zuen maizenik, eta oso gutxitan gorritzen zitzaion kolorea, ez baitzitzaion odola sarri berotzen, ezta bihotza abian taupadaka hasten ere. Haren begiak urdin ilunak ziren, begikera zuzen argi tolesgabekoak, dirdizka beti betileen arkuaren azpian. Arku hori osatzen zuten gihar uzkurtuxeek adore aparta erakusten zuten, «heroien adore haserrerik gabekoa», fisionomisten esanari jarraituz. Sudur bikaina zeukan, zulo-handia, eta gailen haren aho simetrikoaren gainean, zeinaren ezpainak lodixkoak ziren, gizon zintzo eta onaren seinale.

        Mikel Strogoff gizon bipila eta kartsua zen. Bazekien erabakiak zirt edo zart hartzen; ez zuen azazkalik jaten zalantzan, ez zuen belarri atzean hatz egiten ezbaian, eta ez zen inoiz trabatzen duda-mudan. Urria keinuz eta hitzez, bazekien geldi-geldirik irauten, soldadua nagusiaren aurrean bezala; baina, ibiltzen zenean, aise eta seguru mugitzen zen, pausoak zehatz eginez, bere buruan konfiantza zuela erakutsiz, bere asmoak burutzeraino gelditzen ez zela nabarmenduz. Txoririk eskura etorriz gero, ez zuen berehalakoan askatuko. Arrasto eta aztarna guztiei adi zebilen beti, egokierarik ñimiñoena ere alferrik galdu gabe.

        Mikel Strogoffek uniforme militar dotore bat zuen jantzirik, zaldizko ehiztarien ofizialek gudan erabiltzen zutenen antzekoa: botak, ezproiak, galtza estu samarra eta jaka kolore arrekoa, larrua ertzetan jiratua eta txirikorda horiez apaindua. Haren bular zabalaren gainean gurutze batek eta hiruzpalau dominak egiten zuten dirdai.

        Mikel Strogoff tsarraren mandatarien gorputz bereziko kidea zen, eta ofizial maila zeukan gizon hautatu horien artean. Haren jokabidean, haren itxuran, haren izaera osoan, zerbait antzeman zitekeen batez ere, eta aurki ohartu zen horretaz tsarra, hots, «aginduak betetzeko» sortua zela. Eta guztiz gomendagarria da Errusian ezaugarri horren jabe izatea, Turgeniev eleberri egile ospetsuak zioenez, Moskuko inperioaren posturik gorenetaraino iristeko behar-beharrezkoa baita.

        Egia esateko, inor gauza baldin bazen Moskutik Irkutskera lurralde inbaditu batean zehar joateko, bideko oztopoak eta trabak gainditzeko eta mota guztietako arriskuei aurpegi emateko, hori, denen artetik, Mikel Strogoff zen.

        Zerbait bazuen, gainera, bere asmoek huts emango ez zutela sinesteko: zein ederki ezagutzen zuen zeharkatu behar zuen alderdia eta zein ongi ulertzen zituen hango hizkuntzak, eta ez soilki han barrena ibilia zelako behin baino gehiagotan, jatorriz bertakoa zelako baizik.

        Aita, Petri Strogoff, hamar urte lehenago hila, Omsk hirian bizi izan zen, izen bereko probintzian, eta ama, Marfa Strogoff, hantxe bizi zen artean. Bazter haietan, Omsk eta Tobolskeko estepa basatien erdian, hazi zuen ehiztari siberiar ikaragarriak bere semea, eta «estu hartuta» hazi ere, herri esapideari jarraituz. Egiazko lanbidea ehiza zuen Petri Strogoffek. Udako bero kiskalgarrian zein neguko hotz gogorrean, zenbaitetan zero azpitik berrogeita hamar gradu baino gutxiago egiten zuela, hara-hona ibiltzen zen ordoki latzean, alertzez eta urkiz beteriko sastraketan, pinudietan, lakioak eta segadak ipiniz, ehiza xeheari eskopetaz segika, ehiza larria noiz agertuko zelatan. Eta ehiza larria ez zen ez hutsaren hurrengoa, hartza siberiarra, alajaina, piztia izugarria, izotz itsasoetan bizi direnak bezain handia eta sardez edo ganibetaz baizik hil ezin dena. Petri Strogoffek hogeita hemeretzi hartz baino gehiago bota zituen, hau da, berrogeigarrena ere botea zuten haren kolpeek, eta badakigu, Errusiako ehiza ipuinak sinestera, zenbat ehiztari, hogeita hemeretzigarren hartza bitarte zorioneko izan ondoren, erori diren berrogeigarrenaren atzaparretan!

        Petri Strogoffek, beraz, zorigaiztoko zenbakia gainditu zuen ukiturik ere izan gabe. Handik aurrera, Mikel semea, hamaika urtekoa, beti eraman zuen ehiza lagun, ragatina eskuan, sardea alegia, aitari laguntzeko prest, zeinak ganibeta zeukan arma bakarra. Hamalau urte zituela hil zuen Mikel Strogoffek lehenbiziko hartza, berak bakarrik, —handia, gero—; baina, gainera, piztia larrutu eta gurasoen etxeraino eraman zuen herrestan larru itzela, versta dezente eginez. Mutikoaren kemena ez zen ez nolanahikoa.

        Bizimodu hori baliagarri gertatu zitzaion, eta, gizon helduaren adinera iritsirik, gai zen zernahi ere pairatzeko. Ez zuen batere beldurtzen hotza, beroa, gosea, egarria edo nekea jasan beharrak; burdinazko gizona zen, iparraldean bizi diren jakutak legez. Gauza zen hogeita lau ordu jan gabe edo hamar gau lo egin gabe emateko. Estepa gorrian beste edozein gizaki izoztuko zen gauez goian zerua eta behean lurra; hark, ordea, aterbea egin eta hantxe egiten zuen lo. Beste edozein gizaki nora gabe ibiliko zen lainopean edo latitude haien gau polar luzean; hark, ordea, ez zuen bere bidea galtzen, ez lanbroak zeru ertza ezkutatzen zuenean, ezta eguzkiak egunetan eta egunetan iluna uxatzen ez zuenean ere. Lautada zurian barrena erne baino erneago zebilen beti, delaware tribukoen sena gidari. Aitaren sekretu guztien jabe zen. Ikasia zuen aztarna kasik ikusezinei erreparatzen: zuhaitz baten abartxoak nola zeuden jarriak, zein proiekzio egiten zuten izotz orratzek, zein usain zetorren zeru ertzaren azken mugetatik, nolako oin arrastoa zegoen basoko belarretan, zein hots zehaztugabe zekarren haizeak, zein eztanda soinu zabaltzen zen airean, nondik nora zihoazen egurats gandutsua hegan zeharkatzen zuten txoriak, milaka gauza xehe, zantzu argi bihurtzen direnak aintzat hartzen dituenarentzat. Gainera, elurren artean gogor-malgutua, Damaskoko ezpatak Siriako uretan bezala, burdinazkoa zuen osasuna, Kissoff jeneralak esan zuenez, eta, urrezkoa bihotza, gainera daiteke gezurrik esan gabe.

        Amarenganako grina zuen Mikel Strogoffek, eta horixe zuen grina bakarra. Marfa zaharrak ez zuen utzi nahi izan Strogofftarren etxea, eta Omsken bizi zen, Irtish ibaiaren ur bazterrean, ehiztari zaharra eta bera hainbeste denboraz elkarrekin bizi izan ziren lekuan. Semeak bihotza penaturik eraman zuen, etxetik joan zitzaionean, baina ahal zuen guztian itzuliko zela agindu zion, eta zintzoki bete zuen hitza beti.

        Erabakia hartu zen Mikel Strogoff Errusiako enperadorearen zerbitzuan jarriko zela hogei urte betetzean, tsarraren mandatarigoan. Gazte siberiarra, ausarta, argia, saiatua, jokabide zuzenekoa, laster nabarmendu zen; lehenbizi Kaukasora egin zuen bidaia batean, lurralde nekez hartan Shamil buruzagiaren ondorengo liskarti batzuk altxatu zirenean; gero garrantzizko eginkizun bat betetzeko Petropavlovskiraino joan behar izan zuenean, Kamtxatka penintsularaino, Asia aldeko Errusia oso-osorik gurutzatuz. Ibilaldi luze horietan odol hotz, zuhurtzia eta adore berdingabeak erakutsi zituen, eta, dohain miragarri horiek zirela bide, bere buruzagiek onartu zuten eta babesa eskaini, eta agudo egin zuen aurrera bere bidean.

        Ongi merezitako lizentziak izaten zituen urrutiko zeregin horietatik itzultzean, eta haietako bakar bat ere ez zuen uzten bere ama zaharrarengana bisita egin gabe, nahiz milaka verstako joanaldia egin behar izan, nahiz neguak bidea gaiztatu eta eragotzi erabat. Hala ere, eta lehenengo aldiz, Mikel Strogoffek, zeregin latz bat bete ondoren Inperioaren hegoaldetik itzuli berria, hiru urte emanak zituen Marfa zaharra ikusi gabe, hiru urte! hiru mende ziruditen! Eta zegokion lizentzia egun batzuen buruan hartzekotan zegoela eta Omskera joateko prestaketak ordurako eginda zeuzkala, arestian esandakoak gertatu eta Mikel Strogoff tsarrarengana eraman zuten, tutik ere ez zekiela enperadoreak eskatu behar zionaz.

        Tsarrak hitzik esan ez eta so egin zion tarte batean begirada sarkorraz, Mikel Strogoff geldi-geldirik zegoen bitartean.

        Gero, pozik inondik ere arakatzearen emaitzarekin, idazmahaira itzuli eta, keinu batez polizi buru nagusiari eser zedin agindurik, lerro gutxiko eskutitz bat diktatu zion ahopean.

        Eskutitza idatzi eta gero, tsarrak adi-adi irakurri eta izena bota zion, aurretik «Byt po sémou» idatzita, «Hala bedi» alegia, horixe baita Errusiako enperadoreek erabiltzen duten formula bedeinkatua.

        Eskutitza gutunazal batean sartu eta armarri inperialen zigiluaz lakratu zuten.

        Tsarra zutitu eta hurbiltzeko esan zion Mikel Strogoffi.

        Mikel Strogoffek bizpahiru pauso egin zituen aurrera eta geldi-geldirik geratu zen berriro, erantzuteko gertu.

        Tsarrak bekoz beko, begiz begi so egin zion ostera ere, eta galdetzen hasi zitzaion hitz laburrez.

        —Izena?

        —Mikel Strogoff, jauna.

        —Maila?

        —Berorren mandatarigoaren kapitaina.

        —Siberia ezagutzen duk?

        —Siberiarra naiz.

        —Non jaioa?

        —Omsken.

        —Ahaiderik baduk Omsken?

        —Bai, jauna.

        —Zer ahaide?

        —Ama.

        Tsarrak itaunketa eten zuen une batez. Gero, eskuan zeukan eskutitza erakutsiaz segitu zuen hizketan:

        —Hona eskutitz hau, Mikel Strogoff. Hiri ematen diat honen ardura. Duke handiarengana joan eta harexeri eman behar diok eskutik eskura; harexeri, ez beste inori.

        —Emango diot, jauna.

        —Duke handia Irkutsken zagok.

        —Irkutskera joango naiz.

        —Baina zeharkatu behar duan lurraldea erreboltariek hartua zagok, tatariarrek inbaditua, eta eskutitz hau atzeman nahiko ditek.

        —Zeharkatu egingo dut.

        —Habil kontuz batez ere traidore batekin, Ivan Ogareffekin, hire bidean topatuko baituk beharbada.

        —Kontuz ibiliko naiz.

        —Omsken barrena igaroko haiz?

        —Nire bidean dago, jauna.

        —Ama ikusten baduk, arriskua zagok etsairen bat nor haizen konturatzeko. Ama ezin izango duk ikusi!

        Mikel Strogoffek duda-mudan eman zuen segundo bat.

        —Ez dut ikusiko —adierazi zuen.

        —Zin egin iezadak deusek ere ez diala aitorraraziko ez nor haizen, ez nora hoan!

        —Zin egiten dut.

        —Mikel Strogoff —esan zion tsarrak orduan, mandatari gaztearen eskuetan plegua utziz—, har ezak, bada, eskutitz hau; bertan zoak Siberia osoaren salbamena, bai eta agian nire anaia duke handiaren bizitza ere.

        —Eskutitz hau duke handiak jasoko du.

        —Harenganaino iritsiko haiz, arriskuak arrisku?

        —Iritsi egingo naiz, edo hil egingo naute.

        —Bizirik behar haut!

        —Bizi egingo naiz eta iritsiko naiz —erantzun zuen Mikel Strogoffek.

        Tsarrak kontent iduri zuen Mikel Strogoffek erantzuterakoan azaldu zuen segurantza xalo lasaiaz.

        —Hoa, bada, Mikel Strogoff, hoa Jainkoari, Errusiari, nire anaiari eta niri mesede egitera.

        Mikel Strogoffek agur militarra egin, berehala tsarraren kabinetetik atera, eta, handik pixka batera, Jauregi Berria utzi zuen.

        —Esku ona izan duzu gizona aukeratzean, jenerala —esan zuen tsarrak.

        —Horretan nago, jauna —erantzun zion Kissoff jeneralak—, ziur egon daiteke berori Mikel Strogoffek gizon batek egin dezakeen guztia egingo duela.

        —Gizona da bai, gizonik bada.

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia