II

ERRUSIARRAK ETA TATARIARRAK

 

        Latzak izan behar inondik ere Uraleko mugatik harantz jazotzen ari ziren gertaerek, tsarrak ez baitzituen bestela hain agudo utziko Jauregi Berriko aretoak Moskuko jaun-andre gorenei eta agintari zibil eta militarrei ematen zien jaia eder-ederrenean zegoelarik. Ezin jada ezbaian ipini, inbasio ikaragarri bat abian zen eta arrisku handia zegoen Siberiako probintziak Errusiako autonomiatik bereizteko.

        Errusia asiarrak edo Siberiak bostehun eta hirurogei mila legoa ditu eta bi milioi biztanle inguru. Ural mendiek banantzen dute Errusia europarretik, eta mendi horietatik Ozeano Barearen itsasertzeraino hedatzen da. Hegoaldean, Turkestan eta Txinako inperioa dauzka mugakide, muga horren lerroa nahiko lausoa izan arren; iparraldean, Izotz Ozeanoa, Karako itsasotik Beringeko itsasarteraino. Bost gobernutan edo probintziatan zatiturik dago: Tobolsk, Jeniseisk, Irkutsk, Omsk eta Jakutsk; bi barruti ditu: Okhotsk eta Kamtxatka; eta bi herri: kirgizak eta txuktxiak, biak Errusiaren menpe gaur egun.

        Estepa hedadura neurrigabe hura, mendebaldetik ekialdera ehun eta hamalau gradu baino gehiago hartzen dituena, erbesteratze eta atzerriratze lurra da gaizkileentzat eta baita ere ukase batek kanpora joatera behartu dituenentzat.

        Bi gobernadore nagusik ordezkatzen dute tsarraren agintaritza gorena lurralde zabal hartan. Bata Irkutsken bizi da, ekialdeko Siberiako hiriburuan; bestea, berriz, Tobolsken, mendebaldeko Siberiakoan. Txuna ibaiak banantzen ditu bi Siberiak, urak Jeniseira isuri aurretik.

        Burdinbiderik ez dago oraindik lautada mugagabe eta eskualde batzuetan zinez oparo-oparoak diren haiek zeharkatzeko. Trenbiderik ez dago harribitxizko meatzeetara iristeko, nahiz meatze horiengatik Siberiako alderdi handien lur azpia aberatsagoa izan lur gaina baino. Tarantas edo telega izeneko gurdiez bidaiatzen da han udan; leraz, neguan.

        Komunikazio elektrikoak baizik ez ditu lotzen Siberiako bi mugak, mendebaldekoa eta ekialdekoa, 8.000 versta luze baino gehiago den hari baten bidez (8.536 kilometro). Ural mendietatik hara herri hauetan barrena igarotzen da: Jekaterinburg, Kasimov, Tiumen, Ixin, Omsk, Elamsk, Kolivan, Tomsk, Krasnoiarsk, Nijneudinsk, Irkutsk, Verkne-Nertxinsk, Strelink, Albazine, Blagovestxensk, Radde, Orlovskaia, Alexandrovskoe, Nikolaievsk; eta sei errublo eta hemeretzi kopek kobratzen ditu beste muturreraino jaurtitzen den hitz bakoitzeko. Irkutsketik hariaren adar bat Kiatkara doa Mongoliako mugarekin elkartzera, eta handik Pekinera hamalau egunetan eramaten ditu mezuak posta zerbitzuak, hogeita hamar kopek hitzeko.

        Jekaterinburgetik Nikolaievskera doan haria da hain zuzen mozturik geratu zena, lehenbizi Tomsk pasata eta, ordu batzuk geroago, Kolivan eta Tomsk hirien artean.

        Arrazoi horregatik, tsarrak, Kissoff jeneralak eman berri zion bigarren gaztigua jaso ondoren, hitz hauez baino ez zuen erantzun: «Mandatari bat oraintxe bertan!».

        Artean tsarra bere kabinetearen leihoan zegoen geldirik. Atezainek berriz ere zabaldu zuten atea, eta polizi buru nagusia agertu zen alartzean.

        —Aurrera, jenerala —esan zion tsarrak hotz eta motz—. Esaidazu Ivan Ogareffez dakizun guztia.

        —Gizon ikaragarri arriskutsua da, jauna —erantzun zuen polizi buru nagusiak.

        —Koronel maila zuen?

        —Bai, jauna.

        —Ofizial buru argia zen?

        —Buru argia oso, baina menderatu ezinezkoa, eta haren handinahia itsua zen, atzera behin ere egiten ez zuena. Laster hasi zen azpi-lanean, eta orduan degradatu zuen duke handiak, zure anaiak, eta Siberiara bidali.

        —Noiz izan zen hori?

        —Orain dela bi urte. Sei hilabete atzerrialdian eman ondoren indultua jaso zuen berorren maiestateak emana eta Errusiara itzuli zen.

        —Eta orduz geroztik ez da Siberiara bueltatu?

        —Bai, jauna, bueltatu da, baina bere gogoz aldi honetan —erantzun zuen polizi buru nagusiak.

        Eta zera gehitu zuen, isilxeago hitz eginez:

        —Garai batean, jauna, Siberiara joaten zena ez zen handik itzultzen!

        —Bada, ni bizi naizen bitartean, Siberiatik itzuli egingo da!

        Tsarrak eskubidea zeukan hitz horiek harro-harro esateko, maiz erakutsi baitzuen bere bihozberatasunez Errusiako justiziak barkatzen bazekiela.

        Polizi buru nagusiak ez zuen ezer erantzun, baina ezagun zen ez zela gauzak erdizka egin zale. Haren iritziz, Ural mendiak ezin ziren bi aldiz zeharkatu; beste aldera jendarmeen artean igarotzen zenak ez zuen sekula itzuli behar alde honetara. Ez zen ordea horrela gertatzen erregealdi berrian, eta deitoragarri zitzaion bene-benetan polizi buruari! Nolatan! Biziarteko zigorrik ez, zuzenbide komuneko krimenengatik izan ezik! Nolatan! Atzerriratu politikoak itzuli egiten ziren Tobolsketik, Jakutsketik, Irkutsketik! Egia esateko, polizi burua jarria zegoen lehengo ukase haien erabaki autokratiko eta gupidagabeetara eta ezin zuen onartu gobernatzeko modu hau! Baina isildu egin zen, tsarrak berriro galdetu arte.

        Eta luzaro gabe etorri ziren itaunak.

        —Ivan Ogareff ez zen bigarrenez itzuli Errusiara, Siberiako probintzietan barrena helburu ezkutuez egindako bidaia egin ondoren?

        —Bai, itzuli zen.

        —Eta itzuleraren ondotik poliziak haren arrastoa galdu du?

        —Ez, jauna, zigortutako bat ez baita egiatan arriskutsu bihurtzen indultua ematen dioten arte!

        Tsarraren kopeta zimurtu zen une batez. Beharbada urrutiegi joan zela pentsatu zuen polizi buru nagusiak, nahiz bere usteetan agertzen zuen egosgogorkeria bezain handia izan, edo handiagoa, haren nagusiaren alde adierazten zuen atxikimendu mugagabea. Tsarrak, ostera, entzungor egin zien haren barne politikaren kontra zeharka azaldutako kexuei, eta galdezka jarraitu zuen laburki:

        —Non zegoen Ivan Ogareff azken aldian?

        —Perm probintzian.

        —Zein hiritan?

        —Permen bertan.

        —Zertan ari zen?

        —Zereginik gabe zirudien, eta haren jokabidean ez zegoen ezer susmagarririk.

        —Goi poliziak ez zuen haren ibilia zelatatzen?

        —Ez, jauna.

        —Noiz utzi zuen Perm?

        —Martxo aldean.

        —Nora joateko?

        —Ez dakigu.

        —Eta orduz geroztik ez da haren berririk inon?

        —Ezta bat ere.

        —Nik badakit, ordea —esan zuen tsarrak—. Zenbait ohar anonimo bidali dizkidate, poliziaren bulegoetatik igaro ez direnak, eta, mugaz bestaldera gertatzen ari direnak ikusita, arrazoirik aski badut egia ziotela pentsatzeko!

        —Esan nahi du berorrek —oihu egin zuen polizi buruak— Ivan Ogareff esku hartzen ari dela tatariarren inbasioan?

        —Bai, jenerala, eta ez dakizun zerbait jakinaraziko dizut. Ivan Ogareffek, Perm probintzia utzi ondoren, Ural mendiak zeharkatu ditu. Siberiarantz oldartu da, kirgizen estepetarantz, eta han saiatu da, eta ez arrakastarik gabe, herri nomadak altxatzen. Gero hegoalderago jaitsi da, Turkestan askeraino. Han, Bukhara, Kokand eta Kunduzeko khanerrietan buruzagiak aurkitu ditu beren tatariarren tropak Siberiako probintzietara jaurtitzeko prest eta Errusiak Asian duen inperioa osorik inbaditzeko gertu. Mugimendua isilgordeka antolatu da, baina tximista-kolpearen pare lehertu berri da, eta orain etenda daude mendebaldeko eta ekialdeko Siberien arteko bidea eta telegrafo haria! Eta gainera, Ivan Ogareff traidoreak, mendekua ase nahiz, nire anaiaren biziari eraso nahi dio!

        Tsarra berotua zen hizketan eta batetik bestera zebilen urduri. Polizi buru nagusiak ez zuen ezer erantzun, baina gogoetan ari zen bere artean: Errusiako enperadoreek atzerriratuei indulturik inoiz ematen ez zieten garaian, Ivan Ogareffek ez zituen bere asmoak beteko.

        Tsarra besaulki batean eseri zen ziplo. Polizi burua isilik egon zen pixka batean, baina gero tsarrarengana hurreratu eta zera galdetu zion:

        —Zalantzarik gabe berorrek aginduak eman ditu inbasio horren aurka lehenbailehen egiteko?

        —Bai —tsarraren arrapostua—. Nijneudinskeraino iritsi den azken telegramak martxan jarriko zituen Jeniseisk, Irkutsk eta Jakutskeko gobernuetako soldaduak, bai eta Amur probintziakoak eta Baikal aintzirakoak ere. Aldi berean, Perm eta Nijni Novgorodeko errejimentuak eta mugaldeko kosakoak Ural mendietara doaz atsedenik hartu gabe; baina, zoritxarrez, asteak beharko dituzte tatariarren tropei aurre egin ahal izateko.

        —Eta duke handiak, berorren maiestatearen anaiak, Irkutsk probintzian isolaturik, ez du jada harreman zuzenik Moskurekin?

        —Ez.

        —Baina azken mezuengatik jakingo du zein diren berorren maiestateak hartu dituen neurriak eta nolako laguntza iritsiko zaion Irkutsketik hurbilen dauden probintzietatik?

        —Hori badaki —erantzun zion tsarrak—, baina ez daki Ivan Ogareffek, erreboltari rola ez ezik, traidorearena ere jokatu behar duela, ez eta etsai amorratu hori bereziki bere kontra grinaturik dagoela ere. Duke handiaren zigorra izan zen haren lehenengo zorigaitza, eta, are larriagoa, nire anaiak ez du gizon hori ezagutzen. Ivan Ogareffen asmoa, beraz, Irkutskera joan eta han gezurrezko izenez duke handiari bere zerbitzuak eskaintzea da. Gero, haren uste onaz jabetu ondoren, tatariarrek Irkutsk inguratu eta haien esku utziko du hiria, eta duke handia harekin batera. Arrisku handian dago nire anaiaren bizia! Horixe duzu nire bitartekoei esker dakidana, horixe duzu duke handiak ez dakiena, eta horixe duzu jakin beharra duena!

        —Bada, jauna, mandatari argi bat, kementsua...

        —Baten zain nago.

        —Eta bizkor dabilela —gehitu zuen polizi buru nagusiak—, zeren, berorren baimenarekin jauna, Siberiako lurralde hori aukerako tokia da matxinadarako!

        —Esan nahi duzu, jenerala, atzerriratuak inbaditzaileekin elkartuko direla? —oihu egin zuen tsarrak, polizi buruaren aieru horrek senetik aterea.

        —Barka nazala berorren maiestateak!... —erantzun zuen polizi buruak zezelka, pentsamendu horixe iradoki baitzion hain zuzen ere bere buru mesfidati kezkatuak.

        —Atzerriratuek gure herria maiteago dutela nago! —jarraitu zuen tsarrak.

        —Badira bestelako kondenatuak Siberian, atzerriratu politikoez gain —esan zuen polizi buru nagusiak.

        —Gaizkileak! O, jenerala, horiek zuretzat uzten ditut! Gizateriaren zaborra dira. Ez dira inongoak. Baina altxamendua, edo inbasioa, hobeki esanda, ez dute enperadorearen kontra egiten, Errusiaren kontra baizik, eta atzerriratuek ez dute itxaropena erabat galdu herri hau inoiz ikusiko dutela atzera ere... eta ikusi egingo dute! Ez, errusiar batek ez du sekula elkar hartuko tatariar batekin Errusiaren indarra, ezta ordu batez ere, ahultzeko!

        Arrazoi zuen. Atzerriratuek Errusia maite zuten, tsarraren politikak aldi baterako erbestean bazeuzkan ere. Tsarra bihozbera zen justizia egiterakoan, ondorioak hark berak bideratzen zituenean, behintzat; eta leuntasun apartaz ematen zituen ukaseak, garai bateko ukase beldurgarriak ahaztaraziz. Bihozberatasun eta leuntasun horiek zuzen zegoela ziurtatzen zioten. Baina, inbasioak laguntza indartsu hori ez bazuen ere, kinka larrian zegoen inperioa, beldur izatekoa baitzen kirgizen artetik askok eta askok bat egingo ez ote zuten tatariarrekin.

        Kirgizak hiru leinutan bereizten dira: handia, txikia eta erdikoa. Laurehun mila «denda» dituzte gutxi gorabehera, edo, bestela esanda, bi milioi lagun inguru dira. Tribu horietatik batzuk askeak dira, eta beste batzuek subiranotasuna aitortzen diote edo Errusiari, edo Khiva, Kokand eta Bukharako khanerriei, hau da, Turkestango buruzagirik izugarrienei. Erdiko leinua, aberatsena ez ezik, ugariena ere bada aldi berean, eta haren kanpamentuek lurralde zabala hartzen dute: Sara-Su, Irtish eta goi-Ishim ibaien eta Hadisang eta Aksakal aintziren arteko eremu guztia. Leinu handia erdikoaren ekialdeko eskualdean bizi da, eta Omsk eta Tobolsk probintzietaraino hedaturik dago. Herri kirgiz horiek altxatuko balira, Asia aldeko Errusiaren inbasioa litzateke, eta, lehenik eta behin, Siberia zatitzea ekarriko luke, Jenisei ibaiaren ekialdean.

        Egia da kirgizak ez direla batere iaioak gerra kontuetan, gehiago direla gaueko lapurrak edo karabana erasotzaileak araupeko soldaduak baino. Levchine jaunak esan zuenez, «fronte itxi batek edo infanteria sail on batek aurre egiten dio kirgiz talde bati hamar aldiz gutxiago izanik ere, eta kanoi bakar batek sekulako triskantza eragin diezaieke».

        Ados, baina infanteria sail on horrek altxatutako herrialderaino iritsi behar horretarako, eta su-aho horiek probintzia errusiarretako kasernak utzi eta bi edo hiru mila verstako bidea egin. Eta gainera, Jekaterinburg eta Irkutsk zuzenean batzen dituen bidetik kanpo, estepak, zingira huts leku askotan, ez dira ibiltzeko modukoak, eta aste batzuk igaro beharko tropa errusiarrek tatariarrei aurka egiteko parada izan baino lehen.

        Omsk da mendebaldeko Siberiaren gune militar nagusia, eta kirgizen herriak neurri barruan edukitzea dute xede hango soldaduek. Bertako mugak behin baino gehiagotan bortxatzen dituzte jende ibiltari eta erabat menderaturik ez dauden horiek, eta gerra ministerioan arrazoi franko zuten Omsk ordurako arras mehatxatuta egongo zela uste izateko. Kolonia militarren lerroa, Omsketik Semipalatinskeraino tartetik tartera ezarrita zeuden kosakoen postuek osatzen zutena alegia, toki askotan etena egongo zen. Beraz, beldur ziren kirgizen barrutien gobernatzaileak, «sultan handiak» deritzenak, ez ote ziren etorri borondatez edo beharturik tatariarren agindupera, musulmanak baitziren haiek bezala, eta Errusiaren azpian egoteak sortzen zien gorrotoari ez ote zitzaion lotu erlijio grekoaren eta musulmanaren arteko etsaitasuna.

        Izan ere, aspalditik saiatzen ari ziren Turkestango tatariarrak eta batik bat Bukhara, Kokand eta Kunduzeko khanerrietakoak bai indarrez bai limurtasunez kirgizen herriak Errusiaren mendetik ateratzen.

        Hitz banaka batzuk tatariar horiei buruz.

        Tatariar guztiak ez dira arraza berekoak, batzuk arraza kaukasiarrekoak dira eta besteak arraza mongoliarrekoak.

        Arraza kaukasiarra, Abel de Rémusatek dioenez, «Europan gure espeziearen edertasun eredutzat hartzen da, munduaren alderdi honetako herri guztiak handik datoz eta», eta izen horren azpian turkiarrak eta jatorri persiarreko jendeak batzen dira.

        Arraza mongoliar garbia, aldiz, mongoliarrek, mantxuek eta tibetarrek osatzen dute.

        Arraza kaukasiarrekoak ziren Errusiako inperioa une hartan mehatxatzen zutenak, eta Turkestan aldetik zetozen batez ere. Lurralde zabal hori hainbat estatutan banatzen da, hainbat khanerrietan, zehatzago esanda, khan izena hartzen baitute han agintariek. Khanerri nagusiak Bukharakoa, Khivakoa, Kokandekoa eta Kunduzeko dira, besteak beste.

        Garai hartan, khanerririk garrantzizkoena eta izugarriena Bukharakoa zen. Errusiako armadak sarritan egin zuen borrokan haien buruzagiekin, zeintzuk, beren onean eta beste uztarri bati lotzeko asmoz, kirgizen askatasuna defendatzen baitzuten Moskuko mendekotasunaren kontra. Orduko emirra —titulu hori hartzen baitzuten Bukharako khanek— Feofar Khan zen, eta aurreko emirren arrastoari zerraion hura ere.

        Bukharako khanerria hogeita hamazazpigarren eta berrogeita batgarren paraleloen artean hedatzen da iparretik hegora, eta hirurogeita batgarren eta hirurogeita seigarren meridianoen artean ekialdetik mendebaldera; hau da, hamar mila legoa koadroko eremua hartzen du guztira.

        Estatu horretan bi milioi eta bostehun mila lagun bizi dira, eta hango armadan hirurogei mila oinezko daude bakealdian, halako hiru gerratean, eta hogeita hamar mila zaldizko. Lur joriko herrialdea da, abereetan, landareetan, mineraletan oparoa, eta handiagotu egin dena Balkh, Aukoi eta Meimaneheko eskualdeak beretuz. Hemeretzi hiri ditu nabarmentzeko modukoak. Bukhara, zortzi milia ingeles baino luzeago den harresi batez inguratua, babes dorreak ugari, hiri loriosa, Avizenak eta X. mendeko beste jakintsu batzuek ilustratua, zientzia musulmanaren erdigunetzat hartzen da eta Asiaren erdialdean ospetsuenen artean jartzen; Samarkand, Tamerlanen hilobiaren zaintzailea, gotorleku ikaragarri sendo batek defendatua, bertan da harri urdinezko eserlekua gordetzeagatik hain entzutetsua den jauregia, non eseri behar duten khan berriek buruzagitza hartzen dutenean; Karxi, oasi batean, dortoka eta muskerrez jositako zingiren erdian, hiru murruz babestua, ezin menderatuzkoa dela esan liteke; Txardjou hogei bat mila arimak defendatzen dute; eta Kata-Kurgan, Nurata, Djizah, Paikand, Karakul, Khuzar, eta beste; denen artean kasik garaitu ezina egiten dute lurraldea. Bukharako khanerria, mendiek babesturik eta estepek isolaturik, estatu ikaragarria da, eta Errusiak indar handiak beharko lituzke hari kontra egiteko.

        Horrela bada, Feofar askonahi basatia zen sasoi hartan Tatariako bazter hartako agintari nagusia, eta hark hartu zuen inbasioaren burutza. Beste khanerriek laguntza eskaini zioten horretarako, Kokand eta Kunduzekoek batez ere, eta gerlari krudel harrapari haiek elkartu zitzaiozkion, tatariar senari jarraituz beti borrokari ekiteko prest, eta Asiaren erdialdeko tribu guztiek ere bat egin zuten erasoarekin. Burua Feofar izan arren, arima Ivan Ogareff zen. Traidore horrek, handinahi zoroa eta gorroto bizia zainetan, Siberiako bide nagusia mozteko antolatu zuen mugimendua. Eroa behar zuen zeharo, Errusiako inperioa zatituko zuela uste bazuen! Haren argialdiaz fidatu eta soldadu osteak bidali zituen emirrak Errusiako mugaz harago. Semipalatinsk probintzia inbaditu eta bertan urri ziren kosakoek atzera egin behar izan zuten oldar biziaren aurrean. Balkash aintziratik hara jo zuen, bidean zeuden kirgizen herrietako bizilagunak berekin eramanez. Harrapatzen zuen guztia arpilatzen zuen, errausten zuen, men egiten zutenak armadan sartzen zituen, men egin nahi ez zutenak preso hartzen, horrela zebilen hiri batetik bestera, atzetik sortaldeko subirano baten hatuak eta zamak garraiatuz, bere etxe zibila, bere emazteak eta bere esklaboak zerraizkiola. Gengis Khan moderno bat irudi zuen, ausarta eta lotsagabea.

        Non zegoen une hartan? Noraino iritsiak ziren haren gerlariak, inbasioaren albistea Moskun hartu zutenean? Siberiako zein alderdiraino egin behar izan zuten atzera tropa errusiarrek? Ezin jakin. Komunikazioak etenda zeuden. Kolivanen eta Tomsken arteko telegrafo haria tatariarren armadaren esploratzaileek moztu zuten edo emirra bera iritsia zen Jeniseisk aldeko probintzietaraino? Mendebaldeko behe Siberia osoa sutan zegoen? Ekialdeko eskualdeetaraino zabaldua zen altxamendua? Ezin esan. Eta ez hotzak ez beroak izutzen ez duten agente bakarra, ez negu gorriak ez uda minak geldiarazten ez dutena, tximista bezala hegan doana, argindarra, alegia, ezin jada hedatu estepan aurrera, eta ezin, beraz, duke handiari ohartarazi nolako arriskuan zegoen Ivan Ogareffen traizioa zela bide.

        Mandatari batek baizik ezin zuen ordeztu etendako korrontea. Eta denbora puska bat beharko zuen gizon horrek Moskutik Irkutskera dauden bost mila eta berrehun verstak (5.523 kilometro) ibiltzeko. Berebiziko adorea eta adimena baliatu beharko zituen erreboltari eta inbaditzaileen lerroak zeharkatzeko. Baina buruarekin eta bihotzarekin urrun joan liteke.

        —Aurkituko ote ditut horrelako burua eta horrelako bihotza? —galdetzen zion tsarrak bere buruari.

 

 

 

© Jules Verne

© itzulpenarena: Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia