I
JAUREGI BERRIKO JAIALDIA
—Jauna, beste mezu bat.
—Nondik dator?
—Tomsk hiritik.
—Handik aurrera telegrafo haria moztuta dago?
—Bai jauna, atzodanik.
—Agindu ezazu orduoro-orduoro Tomskera telegrama bat bidaltzeko, eta zer gertatzen ari den jakinaraz diezadatela.
—Bai, jauna —erantzun zuen Kissoff jeneralak.
Elkarrizketa hori goizeko ordu bietan gertatu zen, Jauregi Berrian ospatzen ari zen jaialdia pil-pilean zegoelarik.
Gaueko dantzaldi osoan, Preobrajensyko eta Pavlowskyko errejimentuen musika bandak etengabe aritu ziren beren errepertoriotik hautatutako polka, mazurka, scottish eta baltsik ederrenak jo eta jo. Ezin konta ahala dantzari bikotek betetzen zituzten jauregiko areto ikusgarriak; eta handik hurbil zegoen «harrizko etxe zaharretik» behinola gertatutako drama izugarriak gau hartan berpiztu, eta haien oihartzunek durundi egin zuten dantzen soinu ederretan.
Jaialdia atontzeko lan delikatua gorteko mariskal handiak egiten zuen, eta ez zuen laguntza faltarik eginkizun horretan. Duke handiek eta haien kanpo laguntzaileek, zerbitzuko xanbelanek eta jauregiko beste ofizialek zuzendu eta antolatzen zituzten dantzak, ardura hori beste inoren eskuetan utzi gabe. Dukesa handiek, diamantez estalirik, eta ganbarako damek, gala jantziz ederturik, beldurrik gabe erakusten zieten nola jokatu «harri zurizko hiri» zaharreko goi funtzionario zibil eta militarren emazteei. Halako batean, «polonesa» dantzatzeko deia jo zuten, eta maila guztietako gonbidatuak abiatu ziren horrelako ospakizunetan dantza nazionalaren garrantzia hartzen ohi duen ibilaldi kadentziatsuan parte hartzera. Mailaka-mailaka parpailez jositako soineko luzeak eta dominaz hornitutako uniformeak nahasi ziren batzuk besteekin, eta berebiziko ikuskizuna eman zuten, ispiluetan dirdizka mila islatan ugaltzen zen ehun lanpararen argipean.
Liluragarria izan zen, guztiz.
Gainera, goi pertsonaiez eta dotore apaindutako andreez osatutako segizio horri haien handitasunaren neurriko ingurunea eskaintzen zion areto nagusiak, Jauregi Berrian dagoenik eta ederrenak. Gangak dekorazio aberatsa zuen eta, denboraren joanaz jadanik leunduta ageri ziren haren apaindura urreztatuekin, argi puntuz izartuta zegoela irudi zuen. Errezelen eta ate-oihalen brokatuak, izur bikain-bikainekoak, gorrindolez koloreztaturik zeuden, eta haien tonu beroak bortizki hausten ziren oihal astunen angeluetan.
Leihoak zabalak ziren eta erdi-puntuko arkuz biribilduak. Haien beiretan zehar aretoetako argitasuna kanporatzen zen, lurrun mehe batez baheturik, eta, sute baten isla bailitzan, gauaren kontra talka egiten zuen bortxa handiz. Ordu batzuk baziren gauak jauregi dirdaitsua bere baitan bildua zuela, eta barruko argiaren eta kanpoko ilunaren arteko kontrasteak arreta erakarri zien dantzan ari ez ziren gonbidatuei. Leiho zuloetan gelditzen zirelarik, hainbat kanpandorre suma zitzaketen, itzaletan lauso, han-hemenka beren silueta itzelak agertzen. Balkoi zizelatuen gainetik, zaindari ugari ikusten zituzten, isilean hara eta hona, fusila zut sorbaldaren kontra. Haien kasko puntadunen gandorrek sugarrezkoak ziruditen, jauregiari zerizkion argi izpien dirdaipean. Soldadu patruilen urratsak entzuten zituzten orobat, harlauzetan pausoa markatzen, beharbada dantzarien oinak aretoen solairuan baino zehatzago. Noizetik noizera, guardiako zaindarien deiadarra errepikatzen zen postuz postu, eta, batzuetan, tronpeta joaldi batek bere nota argiak jaregiten zituen nagusi zen harmoniaren erdian, orkestraren akordeekin nahasita.
Are beherago, fatxadaren aurrean, irudi itzaltsuak nabari ziren Jauregi Berriko leihoetatik jaurtitako argizko kono eskergetan. Ontziak ziren, ibai batean behera; eta ibaiko urak, argiontzi batzuen ñirñir urduriaz pikardaturik, terrazen beheko zimentarriak bustitzeraino iristen ziren.
Dantzaldiko pertsonaia nagusia, jaia eskaintzen zuena eta Kissoff jeneralak subiranoei dagokien begiruneaz tratatu zuena, xume jantzita zegoen, guardiako ehiztarien ofizialen uniforme arruntaz. Ez zen itxurakeriarengatik janzten horren apal, finezia nabarmenen batere zalea ez zelako baizik. Haren janzkera, bada, bereizi egiten zen inguruan zeuzkan arropa zoragarrien artetik, eta horrelaxe agertzen zen ia beti bere eskoltaren erdian ere, nahiz eta haren soldadu georgiar, kosako eta lesghiarrek beti bikain jantzita ibili, Kaukasoko uniforme paregabeak soinean.
Pertsonaia hau gorpuzkeraz garaia zen, itxuraz xaloa, lasaia begitartez, baina kopeta kezkatsua zeukan, eta, talde batetik bestera bazebilen ere, hitz gutxi egiten zuen, eta bazirudien gainetik baino ez ziela jaramon egiten gonbidatu gazteen mintzo alaiei, goi funtzionarioen solas serioagoei, eta haren aurrean Europako Estatu nagusiak ordezkatzen zituzten diplomatikoen hizketa taxuzkoei. Politikari begi-zoli horietako bik edo hiruk, fisionomista onak izaki, larritasun zantzuren bat ikusi uste zuten beren gonbidatzailearen aurpegieran, haren zergatiaz tutik ere sumatu ez arren. Inor ez zen ausartu, ordea, gai hartaz itaunik egitera. Nolanahi ere, guardiako ehiztarien ofizialak ez zuen inola ere nahi bere ezkutuko kezkek jaialdia iluntzerik, eta, kasik herri oso batek are pentsamenduz obeditzen duen subirano bakan horietakoa zenez gero, dantzaren gozamena ez zen moteldu lipar batean ere.
Bien bitartean, Kissoff jenerala handik alde egiteko aginduaren zain zegoen; baina Tomsketik bidalitako mezua hartu zuen ofiziala isilik zegoen artean. Telegrama irakurrita kopeta goibelago jarri zuen. Oharkabean, eskua ezpata-sagarraren babesera eraman zuen, eta handik begietarantz altxatu, begirada une batez ezkutatzen zuela. Agi danean, argien distirak mina eman eta iluntasun bila zebilen, bere baitan hobeki ikusteko.
—Beraz, atzodanik ez dugu harremanetan jartzerik nire anaia duke handiarekin? —galdetu zion Kissoff jeneralari, leiho zulo bateraino eraman ondoren.
—Ez, jauna, ezin harremanetan jarri; eta beldur gara ezin izango ote dugun mezu gehiagorik bidali Siberiako mugaz bestaldera.
—Baina Amur eta Jakutsk probintzietako tropek eta Transbaikaliakoek agindua jasoko zuten Irkutsk hiria defendatzera berehala joateko, ezta?
—Bai, jauna. Baikal aintziratik harantz bidali dugun azken telegramaren bidez eman zaie agindu hori.
—Eta inbasioa hasi zenez geroztik, Jeniseisk, Omsk, Semipalatinsk eta Tobolsk probintziekin harremanetan gaude zuzenean eta etengabe, ezta?
—Bai, jauna, gure mezuak iristen zaizkie, eta ziur gaude oraindaino tatariarrek ez dutela Irtish eta Obi ibaietatik aurrera egin.
—Eta Ivan Ogareff traidoreaz bada berririk?
—Ezta bat ere —erantzun zuen Kissoff jeneralak—. Polizi buru nagusiak ezin du ziurtatu muga pasa duen ala ez.
—Berandu gabe bidal dezatela haren deskripzioa Nijni Novgorodera, Permera, Jekaterinburgera, Kasimovera, Tiumenera, Ixinera, Omskera, Elamskera, Kolivanera, Tomskera, eta haria moztuta ez daukaten postu telegrafiko guzti-guztietara!
—Berorren maiestatearen aginduak berehalaxe beteko dira —erantzun zion Kissoff jeneralak.
—Hitzik ez inorekin auzi honi buruz!
Gero, jenerala, zeinu batekin begirunezko atxikimendua erakutsi, bizkarra makurtu, eta jendearen artean galdu zen. Segidan utzi zituen aretoak, inor ere ohartu gabe.
Ofiziala, aldiz, pentsakor geratu zen istant batez; baina haren begitarteak arestian galdua zuen lasaitasuna berreskuratu zuen berriz ere, aretoetan hara-hona zebiltzan militarrez eta politikariz osatutako taldeekin elkartu bezain laster.
Hala eta guztiz, agudo trukatutako hitz horien arrazoia, Siberiako gertaera latza, alegia, ez zen guardiako ehiztarien ofizialak eta Kissoff jeneralak uste zuten bezain ezkutukoa. Ez zen hartaz mintzatzen modu ofizialean, egia da hori, ezta modu ez ofizialean ere, mingainak «aginduz» baitzeuden zigilaturik, baina hainbat goi pertsonaiak bazekiten gutxi gorabehera zer gertatzen ari zen mugaz beste aldera. Dena den, diplomatikoek ere beharbada erdizka baino ez zekiten horretaz, behin ere elkarrizketa-gai izaten ez zuten horretaz, ahopean mintzatzen ari ziren bi gonbidatu, Jauregi Berriko gau jaialdi hartan ez uniformeengatik, ez dominengatik gailentzen ez zirenak, eta irudi zuen albiste aski zehatzen jabe zirela.
Nolatan, zein bidez baliaturik, zein jendetasun molderi esker zekiten bi gizaki arrunt horiek garrantzi handiagoko hainbeste pertsonaiak nekez baizik susmatzen ez zutena? Ezin esan. Gauzak igarri eta asmatzeko dohainaz horniturik ote zeuden? Beste zentzumenen bat ote zuten giza begirada oro estutzen duen zeru ertz mugatu honetaz harantzago ikusten uzten ziena? Usna berezia ote zuten berririk sekretuenen arrastoei jarraitzeko? Aldatu ote zien berezko izaera informazioarengatik eta informaziorako bizitzeko ohiturak, bigarren izaera baten modura berenganatua zutenak? Baietz erantzun behar, antza denez.
Bi gizon horietatik bata ingelesa zen, bestea frantsesa, biak ala biak tantai eta argalak, hau beltzarana, Probentzako hegoaldekoak bezala, hura, berriz, ilegorria, Lancashireko gentleman baten pare. Anglonormandiarra arautua zen, hotza, patxadatsua, mugimenduetan zein hitzetan urria, eta bazirudien berba eta imintziorik ez zuela egiten, tarte erregularrez ziharduen malguki baten eraginez baizik. Galoerromatarra, aldiz, bizia zen, eta handiustea; batera mintzatzen zen ezpainez, begiez eta eskuez, eta hamaika modu zituen pentsatzen zuena adierazteko, haren solaskidearen modu estereotipatu aldaezin bakarraren aldean.
Horrelako desberdintasun fisikoek harritu egingo zuten baita xehetasunetan batere erreparatzeko gauza ez den pertsona ere; baina, fisionomista batek bi atzerritar horiek hurbilagotik aztertu izan balitu, haien arteko kontraste fisiologikoa eta haien bereizgarri nagusiak argi eta garbi zehaztuko zituen hauxe adieraziz: frantsesa «oro begi» zela eta ingelesa «oro belarri».
Izan ere, frantsesaren ikusmen aparatuak zolitasun aparta lortua zuen erabileraren poderioz. Haren erretinak sentikortasun handikoa behar zuen, eskujokariena bezain bizkorra, kartak mugimendu azkar batez nola pikatzen dituzten edo nola dauden paratuta istant batez baino ikusi ez eta karta jakin bat asmatzen baitute, ingurukoak ezertaz ere ohartu gabe. Frantses honek, bada, «begiaren oroimena» delakoa zuen gain-gainetik.
Ingelesa, aldiz, entzuteko eta aditzeko bereziki prestatuta zegoela zirudien. Haren entzumen aparatuak ahots baten soinua atzematen bazuen, ez zitzaion inoiz ahaztuko, eta hamar urteren buruan, hogei urteren buruan, mila ahotsen artetik ere bereiziko zuen. Ezin zituen, jakina, belarriak mugitu, entzuteko halako hegal itzelak dauzkaten animalien antzera; baina jakintsuek giza belarriak «kasik» mugiezinak direla egiaztatu dutenez gero, arrazoiz esan zitekeen ingeles horrenak, tente jartzen baitziren eta alde batera eta bestera biratzen, naturalistek apur bat nabarmentzat joko zuten modu batean saiatzen zirela hotsak hautematen.
Aipagarria da, bestalde, bi gizon horien ikusmen eta entzumenaren bikaintasun hori ezin hobeki zetorkiela haien lanbiderako, ingelesa Daily Telegraph egunkariko berriemailea baitzen, eta frantsesa zerakoa... Ez zuen inoiz esaten, ordea, egunkari horretarako ala hartarako aritzen zen, eta galdetzen ziotenean, berriak «bere lehengusina Madeleineri» igortzen zizkiola erantzuten zuen txantxetan. Funtsean, frantses hori, bere kaskarin itxura gorabehera, oso zorrotza zen eta oso fina. Beti txoro-txoroan hitz eginik ere —gauzen berri jakiteko gogoa ezkutatzeko, beharbada—, ez zuen sekula ere bere burua agerian uzten. Hitz jarioak berak asmoa ezkutatzeko balio zion, eta apika sotilagoa, zuhurragoa zen Daily Telegrapheko laguna baino.
Eta biak Jauregi Berrian uztailaren 15etik 16rako gauean ospatzen ari zen jai hartan baldin bazeuden, lan kontuarengatik zen, eta haien irakurleei jakinbide ederra eman nahian.
Pentsatzekoa denez, bi gizon horiek mundu honetan zuten eginkizunera zeharo grinatuta zeuden, eta hudoen irudira atsegin zuten albisterik ustekabekoenen zantzuaren atzetik oldarrez abiatzea. Orobat, odol hotz izukaitza eta zinezko kemena erakusten zituzten beti lanean, eskarmentu handiko kazetari guztiek ohi bezala. Benetako jockeyak ziren informazio ehizaren steeple-chase honetan; hesien gainetik jauzi egiten zuten, ibaiak zeharkatzen, oztopoak gainditzen, zaldi odol-garbiaren adore paregabeaz, zeina «aurren-aurrena iritsi edo hil» lehiatzen baita lasterketan.
Bestalde, beren egunkariek behar adina diru ematen zieten —eta horixe da gaurdaino ezagutzen den informazio iturririk ziurrena, azkarrena, onena—. Gainera, esan beharra dago, haien alde esan ere, ez batak ez besteak ez zutela behin ere ez begiratzen ez entzuten bizitza pribatuaren hormez beste aldera, eta jokoan interes politiko edo sozialak zeudenean baizik ez zihardutela. Hitz batean esateko, urte batzuetatik hona «erreportaje politiko militar gorenak» deitzen diren horietan aritzen ziren.
Hala ere, hurbiletik jarraitzen bazaie, ikusiko da gehien-gehienetan ekintzak eta batez ere ondorioak era bitxian epaitzen zituztela eta nor bere molde bereziaz baliatzen zela gauzak ikusi eta neurtzeko. Baina, azken batean, joko garbia egiten zuten, diru garbiaz ordaindu, eta beti ere eginahal betean aritzen ziren; bidegabea litzateke, beraz, haiek maiseatzen jardutea.
Kazetari frantsesak Alcide Jolivet zuen izena. Eta Harry Blount, kazetari ingelesak. Lehenengo aldiz egin zuten topo elkarrekin Jauregi Berriko jaialdi hartan, biek jaso baitzuten mandatua jaiaren kronika beren egunkarietarako egiteko. Haien izaera kontrajarriak eta nolabaiteko lanbide jelosia dezenteko arrazoi ziren elkarren gogoko inondik inora izango ez zirela uste izateko. Alabaina, ez zuten elkarrengandik alde egin eta, are gehiago, bata bestea galdekatzen saiatu ziren, eguneko berriei buruz besteak zer zekien jakiteko asmoz. Azken finean, bi ehiztari ziren, lurralde berean, erreserba berean, ehizan zebiltzanak. Batek huts egindakoa besteak bota zezakeen abantailaz, eta bi-bien interesak eskatzen zien beti elkar ikusi eta elkarri entzuteko paradan egoteko.
Gau hartan, bada, zelatan zeuden biak. Izan ere, zerbait bazebilen airean.
«Gezurrezko ahateak izan arren —esan zuen Alcide Jolivetek bere artean—, merezi du tiro egitea!»
Bi berriemaileak elkarrekin solastatzera behartuak sentitu ziren dantzaldian, Kissoff jenerala joan eta pixka batera; eta besteak zekienaz sotilki jabetu nahian ekin zioten solasari.
—Zin-zinez, jaialdi koskor hau xarmangarria da! —esan zuen Alcide Jolivetek atsegin antzean, elkarrizketari esaldi guztiz frantses horrekin ekin behar ziolakoan.
—Dagoeneko nik zera telegrafiatu dut: bikaina! —erantzun zion Harry Blountek hotz, Erresuma Batuko herritarrek mirespena adierazteko bereziki bedeinkatua duten moldeaz baliaturik.
—Hala ere —erantsi zuen Alcide Jolivetek—, pentsatu dut beste zerbait ere jakinarazi behar niola neure lehengusinari...
—Zeure lehengusinari? —galdetu zuen Harry Blountek harriturik, solaskidearen hitz jarduna ebakiz.
—Bai —jarraitu zuen Alcide Jolivetek—, nire lehengusina Madeleine... Hari igortzen dizkiot berriak! Azkar eta ongi jaso nahi ditu albisteak nire lehengusina horrek!... Horregatik pentsatu dut jakinarazi behar niola jai honetan subiranoaren kopeta halako hodei batek ilundu duela.
—Niri, berriz, argi duela iruditu zait —erantzun zuen Harry Blountek, beharbada gai horretaz uste zuena ezkutuan gorde nahian.
—Eta, jakina, «argitara» emanaraziko zenuen Daily Telegrapheko zutabeetan.
—Bai, halaxe egin dut.
—Oroitzen zara, Blount jauna, zer gertatu zen Zakreten 1812an?
—Hantxe izan banintz bezala oroitzen naiz —erantzun zuen kazetari ingelesak.
—Orduan —jarraitu zuen Alcide Jolivetek—, badakizu nola bere omenezko festa baten erdian esan zioten Alexandro enperadoreari Napoleonek Neman ibaia igaro berri zuela Frantziako armadaren abangoardiarekin. Eta, hala ere, enperadoreak ez zuen jaia bertan behera utzi, eta, berria larri-larria eta inperioa galbidean ipintzeko modukoa bazen ere, ez zuen kezkarik agertu...
—Ez, behintzat, gure anfitrioiak arestian erakutsi duena baino handiagorik, Kissoff jeneralak esan dionean mugaren eta Irkutsk probintziaren artean telegrafo hariak moztu berri dituztela.
—A! Jakinaren gainean zaude zu ere?
—Bai, hala nago.
—Nire kasuan, ez da zaila izan, bidali dudan azken telegrama Udinskeraino iritsi baita —ohartarazi zuen Alcide Jolivetek halako harrotasun doinu batez.
—Eta nirea Krasnoiarskeraino baino ez —erantzun zion Harry Blountek ez harrotasun txikiagoz.
—Orduan, Nikolaievskeko tropei aginduak igorri dizkietela ere jakingo duzu, ezta?
—Bai jauna, bai eta Tobolsk probintziaren kosakoei telegrafiatu dietela ere, lehenbailehen bil daitezen.
—Egia biribila, alajaina, Blount jauna, nik ere banuen neurri horien berri, eta, sinets iezadazu, nire lehengusina maiteak zer edo zer jakingo du bihar kontu horietaz.
—Daily Telegrapheko irakurleek jakingo duten era berean, Jolivet jauna.
—Horra! Ikusteko guztia ikusten bada!...
—Eta entzuteko guztia entzuten bada!...
—Kanpaina interesgarria, jarraitzeko modukoa, Blount jauna.
—Jarraitzeko asmoa dut, Jolivet jauna.
—Orduan, baliteke berriz elkar topatzea, beharbada, areto honen solairua bezain seguruak izango ez diren lurretan!
—Honen segurua, ez, baina...
—Baina horren irristakorra ere ez! —bukatu zuen Alcide Jolivetek, bere lagunari eusten ziola, brau atzera egin eta ia-ia lurrera erori baitzen.
Horrela, bi berriemaileak banandu ziren elkarrengandik, nahiko pozik, azken batean ongi baitzekiten batak ez ziola besteari alderik kendu. Izan ere, berdinduta zeuden jokoan.
Memento hartan, areto nagusiaren ondoko geletako ateak zabaldu zituzten. Hantxe zenbait mahai handi prestatuta zeuden, era ikusgarriaz horniturik eta portzelana baliosez eta urrezko baxeraz oparo-oparo beterik. Erdikoa printze, printzesa eta diplomaziako kideentzat zegoen atondua, eta haren gainean Londreseko oletatik ekarritako mahai erdiko apaingarri balio neurtezineko batek ñir-ñir egiten zuen. Bitxigintzako maisu lan horren inguruan Sèvreseko lantegietatik inoiz irten den mahai tresneriarik miresgarrieneko mila piezek distiratzen zuten lanparen argitan.
Afaltokietarantz abiatu ziren Jauregi Berriko gonbidatuak.
Une hartan Kissoff jenerala barrura sartu eta agudo hurbildu zen guardiako ehiztarien ofizialarengana.
—Zer? —galdetu zion bortizki, lehenengo aldiz egin zuen legez.
—Telegramak ez dira Tomskeraino iristen, jauna.
—Mandatari bat oraintxe bertan!
Ofiziala areto handitik atera zen eta alboko gela zabal batean sartu. Langela zen, haritz zaharrezko altzariez xalotasunez apaindua. Jauregi Berriko izkina batean kokaturik, gela hartan hainbat margolan zeuden hormetan zintzilik; Horace Vernetek sinatutako zenbait mihise, besteak beste.
Ofizialak leihoa zabaldu zuen bizi-bizi, biriketan oxigenoa falta balu bezala, eta balkoi luze batera atera zen, uztaileko gau eder hartako aire garbia arnastera.
Ilargiaren izpiek argiztaturik, haren begien aurrean barruti harresitu biribil bat ageri zen, bi katedral, hiru jauregi eta armategi bat barnean hartzen zituena. Harresiaren inguruan hiru hiri sumatzen ziren. Kitai-Gorod, Beloi-Gorod, Zemlianoi-Gorod izeneko auzune azkengabeak ziren, europarren, tatariarren edo txinatarren bizileku. Haietatik gailen, dorreak, kanpandorreak, minareteak, hirurehun elizaren kupulak nabari ziren, domo berdez estalirik eta erpinean zilarrezko gurutze bana zutela. Ibilera bihurriko ibai txiki batek ilargiaren izpiak islatzen zituen han-hemenka. Multzo horrek guztiak kolore anitzeko etxe-mosaiko ikusgarri bat osatzen zuen, hamar legoako esparru zabal batean txertatua.
Ibai hori Moskova zen, hiri hori Mosku, barruti harresitu hori Kremlina, eta guardiako ehiztarien ofiziala Errusiako tsarra bera, zeina, besoak gurutzaturik eta kopeta gogoetatsu, Jauregi Berritik Moskuko hiri zaharrera barreiatzen zen marmar hots urruna entzuten ari baitzen.
© Jules Verne
© itzulpenarena: Karlos Zabala