HITZAURREA

 

        «Gizona ozta-ozta ausartzen da Siberiako estepetan edo Asiaren erdialdeko lautadetan barneratzen; adoretsuenak ere atzera egiten du Afrikako basamortuetan, Amerikako zelaietan; bipilenak ere amore ematen du Australiako lurralde zabaletan, poloetako izotzezko eremuetan. Ezin da pasa. Garraio bideak ez dira nahikoak. Beroa, gaixotasunak, indigenen basakeria oztopo gaindiezinak dira, eta ez bakarrak.»

        Eta munduko azken bazter isolatu eta ezezagun haietara abiatu ziren esploratzaileak XIX. mendeko bigarren erdian. Eta halaxe egin zuen Jules Vernek ere bere pertsonaiekin: munduko alderdi arriskutsu haietara bidali, eta haien abenturak eskaini zizkien horrelako istorio bizien egarriz zeuden mendebaleko irakurleei.

        Hatteras kapitaina ipar polora joan zen, Paganel geografoak Amerika zeharkatu zuen Grant kapitainaren bila, bai eta Australia eta Zeelanda Berria ere. Fergusson Afrikan barrena ibili zen globoan bost astez, eta Mikel Strogoffek eta César Cascabelek Siberia gurutzatu zuten, nor bere bidetik. Baina harago ere badoaz Verneren pertsonaiak.

        Lidenbrock doktorea lurraren bihotzeraino jaitsi zen. Barbicane, Nicholl eta Ardan ilargira igo ziren. Aronax, Conseil eta Ned Land itsaspean ibili ziren hogei mila legoaz, Nemo kapitainaren Nautilus ontzian.

        Foiletoi gisa agertu ziren Verneren istorioak aldizkari eta egunkarietan, eta jendeak irrikaz itxaroten zuen hurrengo kapitulua, hurrengo eleberria. Nora eramango ote gaitu hurrengo bidaian? Lilura agudo hedatu zen. Telegrama ugari iritsi ziren Journal des Debats aldizkarira, guk ere ilargira joan nahi dugula esanez. Alderdi guztietako egunkarietan laburpenak argitaratu ziren Phileas Foggek eta Passepartoutek mundu osoan barrena egiten ari ziren bidaia kontatzeko, irakurleak ezin baitziren egon itzulpenen zain; eta diru pila galantak eskaini zizkioten Verneri nabigazio konpainiek bi pertsonaia horiek beren ontzietan itsasoratzearen truke.

        Erabateko arrakasta bildu zuen Jules Vernek bere eleberrietan geografia eta zientzia jorratuz; baina bide luzea ibili behar izan zuen horra iritsi aurretik.

 

* * *

 

        Izan ere, Jules Verne 1828ko otsailaren 8an Nantesen jaio zenean, ume hura bera bezala abokatua izango zela erabaki zuen haren aitak, Pierre Vernek. Kervegan kaleko balkoitik, ordea, bela ontziak ikusten zituen Jules txikiak, ibaian gora zihoazenak marearekin batera, eta portuan beste herrialde batzuen eta beste jende batzuen istorioak entzuten zituen elkarrizketetan.

        Erromantisizmo exotikoa pil-pilean zegoen garai hartan Frantzian, eta Chateaubrianden Atala, edo bi basatien maitasuna basamortuan, Bernardinen Paul et Virginieren amodio eztia, Fenimore Cooperren azken mohikanoaren istorioa irakurri zituen Vernek haurtzaroan.

        Hamaika urterekin, posta ontzi batean itsasoratu zen Indiara joateko. Ontziak Paimbœufen egiten zuen geldialdiari esker harrapatu zuen aitak, eta Vernek bidaiak ametsetan baino ez zituela egingo agindu behar izan zuen. Koralezko lepokoa ekarri nahi zion Caroline lehengusinari, aitortu zuenez, hartaz maitemindua baitzegoen, kasu gutxi egiten bazion ere.

        Vernek latina ikasi zuen eskolan, eta Robinson Crusoe irakurri. Zuzenbidea ikasi zuen Nantesen eta Parisen, eta lehenengo vaudeville lanak idatzi. Ikasketak bukatu zituen, baina hauxe idatzi zion aitari: «Letretako karrera da komeni zaidan bakarra. Zure abokatu bulegoa gaizki joango litzateke nire eskuetan balego, porrot egingo luke».

        Idazle izan nahi zuen, baina zer bide hartuko? Antzerkia? Eleberria? Zalantzan zegoela, Edgar Allan Poeren istorioak berriz irakurri eta erabaki bat hartu zuen: zientzia eta geografiaren eleberria egingo zuen. Jendea egunero harritzen zen asmakuntza berriekin: lurrun ontzia, trena, telegrafoa, argindarra, harako edo honako lurraldearen aurkikuntza... baina prentsa ilustratuan baizik ez zen haien berri zabaltzen.

        1857an ezkondu eta burtsako artekari lanetan hasi zen, bizimodua ateratzeko. 1861ean haren seme bakarra jaio zen, Michel. Erabakia hartua zegoen, ordea. Bostetan jaiki eta hamarrak arte irakurtzen, idazten, oharrak hartzen aritu zen egunero, hainbat urtetan, ia ezer idatzi gabe. Lehenengo saioekin, dokumentatu beharra zuela konturatu zen, eta ezaguera entziklopedikoak bereganatzeari ekin zion.

        Eta 1862an Bost aste globoan idatzi zuen. Argitaletxez argitaletxe ibili eta Pierre-Jules Hetzelekin egin zuen topo, etsitzekotan zegoela. Hetzelek eskuizkribua irakurri, eta harreman ezin oparoagoa abiatu zen idazlearen eta argitaratzailearen artean. Liburua egundoko arrakastaz argitaratu zen, eta Hetzelek kontratua eskaini zion Verneri: urtean bi liburu hogei urtean, edo berrogei liburu epe laburragoan, eta trukean hamar mila libera (mila eta bostehun euro, gutxi gorabehera) liburuko.

        Eleberri genero berri bat sortu da. Vernek eta Hetzelek urrezko zaina aurkitu dute letretako meategian. Abenturazko eleberriak dira. Globoak, kanibalak, mapak, haitzuloak, kriptogramak, ekaitzak, uharteak, hotza, sumendiak, piratak, itsasontziak. Bidaia harrigarriak. Harrigarriak baina oinarri zientifikoarekin. Afrika globoz zeharkatzeko, hango haizeek nondik jotzen duten jakin behar. Ezin dira alde batera utzi fisikaren eta mekanikaren legeak, eta horixe kritikatu zion hain zuzen Vernek Poeri.

        Verneren eleberrien irazkia bidaia harrigarria da ia beti, pertsonaia karikaturizatu batzuek egiten dutena. Vaudeville klasikoaren ildotik ez da aldentzen, alde horretatik. Istorio sinpleak, pertsonaia lauak, psikologia tolesgabeak. Kontaketa arinak, didaktikoak, baikorrak. Eta bilbea, berriz, deskribapen geografikoak, azalpen zientifikoak. Zenbat biztanle bizi diren halako hirian. Nolakoa den hango paisajea. Nola janzten diren harako herri hartakoak. Zenbateko indarra behar den bala erraldoi barne-huts bat Lurraren grabitatetik ateratzeko. Nondik eta noiz bota behar den. Vernek arazo teknikoei aurre egin eta erantzuna ematen die, garai hartako ezaguerez baliaturik.

        Laurogei bat literatur lan idatzi zituen Jules Vernek, eta hirurogei bat dira tankera horretako eleberriak, ospe handi-handikoak haietako asko: Lurretik ilargira, Hiru errusiar eta hiru ingelesen abenturak, Munduari itzulia laurogei egunetan, Uharte misteriotsua, Indieta beltzak, Hamabost urteko kapitaina, Bi urte oporretan, Urrezko sumendia, Munduaren azken muturreko faroa. Besteak antzerki lanak eta obra geografikoak dira gehienak: Frantziaren eta haren kolonien geografia ilustratua, Bidaia handien eta bidazti handien historia, Kristobal Kolon...

        Literaturak bete zuen Verneren bizitza, eta, are gehiago, lehenengo arrakasta horretatik aurrera. Burtsa utzi zuen. 1872an Amiensera joan zen bizitzera. Lan eta lan beti. Jaramon gutxi egiten omen zion Honorineri, bere emazteari. Aberastu egin zen, baina ez, ordea, eleberriengatik, antzerkirako bi egokitzapenengatik baizik: Munduari itzulia laurogei egunetan eta Mikel Strogoff. Arrakasta sekulakoa, Mikel Strogoffek batez ere. Parisen txano errusiarrak, kabiarra, eta Michel eta Nadia izenak moda-modan jarri ziren. Semearekin arazo latzak. Baina idazteari inoiz ez zion utzi. Ia urte berean Hetzel eta ama hil zitzaizkion, eta iloba batek tiro eman eta herren utzi zuen betiko. Halere, bi edo hiru liburu urtero-urtero. Gaztetako umore bizia ozpindu zitzaion pixkaka, isil eta malenkoniatsu bihurtu arte. «Lanean ari ez naizenean, ez naiz bizirik sentitzen» esaten zuen. Arte eta kulturako zinegotzia izan zen, Amienseko udalean. Paul anaia maitea hil zitzaion. Ikusmena galdu, baina idazten segitu zuen testuak ahoz esanda, 1905eko martxoaren 24an hil zen arte. Mundu guztia jarri zuen dolutan haren heriotzak. Bost mila lagun baino gehiago agertu ziren haren hiletetara, estatu askotako enbaxadoreak, haien artean. Ez zegoen munduan idazle herrikoiagorik une hartan.

 

* * *

 

        Bidaia harrigarriak Vernek eta Hetzelek bat egin zutenean sortu ziren. Hetzelek Verneren obra argitaratu baino askozaz gehiago egin zuen. Gidatu egin zuen, zuzendu, akuilatu, baita zentsuratu ere zenbaitetan. Mikel Strogoffen kasuan, esaterako, tsarraren izena (Alexandro II.a) ez aipatzeko eskatu zion, Verneren liburu asko errusierara itzuliak zeuden-eta ordurako, eta beharbada ez zuten ongi hartuko.

        Argitaratzailea hil ondorengo liburuetan bestelako ideiak agertzen dira: duda-mudan jartzen dira zientziaren eta teknikaren abantailak, ekologia goraipatzen da, kapitalismoa maiseatzen. Ideiak ez dira berriak, 1989. urtera arte argitaratu gabeko liburu batek adierazten duen bezala. Paris XX. mendean liburua 1863rako idatzia zuen Vernek. Nola irudikatu zuen Paris mende bat aurretik? Beiraz eta altzairuzko eraikin zeru-harraskariak, abiadura handiko trenak, errekuntzako motoredun ibilgailuak, ordenagailuak, fotokopiagailuak, mundu osoko komunikazio sarea. Eta gizona zorionaren bila eta materialismo ankerraren kontrako borrokan. Verneren mezuak asko eta asko ustekabean harrapatu zituen. Ez zituen bada sakontasunik gabeko istorioak idazten gazteentzat?

        1879an Begum andre alargunaren bostehun milioiak idatzi zuen. Sarrasin frantsesak eta Schultze alemaniarrak herentzia ikaragarria jaso eta hiri bana eraikitzeko erabiltzen dute. Frantsesak Franceville hiri lasai utopikoa egin du, baina alemaniarrak, berriz, armak fabrikatzeko lantegi erraldoi bat, Stahlstadt izenekoa (altzairuzko hiria). Eta bertan Franceville kolpe bakar batez erabat suntsitzeko arma fabrikatu dute. Nazismoa gogorarazten du Schultzek: arrazismoa, gizon-emakume ahulak akabatu nahia, agintari klase berria boterera. Hitlerrek debekatu egin zuen liburua, eta ez da harritzekoa.

        1896an Banderaren aurrean argitaratu zuen. Jakintsu ero batek bi elementu elkartuz mundua suntsitzeko adinako energia sor daitekeela aurkitu du.

        Horrelako istorioak ere idatzi zituen, baina ez dira horiek ospea eta itzala eman zizkiotenak.

 

* * *

 

        Izan ere, korapilo asko ageri zaizkigu Verneren pentsamolde eta nortasunaren inguruan.

        Anarkista ote zen galdetu izan du batek baino gehiagok Nemo kapitainaren bandera beltzari begira.

        «Itsas mailatik metro batzuk beherago ez dago giza araurik. Itsaspean baino ez dago independentzia! Han ez dago nagusirik! Han naiz ni libre!» diosku kapitainak, eta «independentzia» da haren azken hitza hil aurretik, Verneren eskuizkribuan, «Jainkoa eta aberria» agertu arren azkenik, Hetzelek argitaratutako liburuan. Eta hori ez zuten izan desadostasun bakarra idazleak eta argitaratzaileak Nemo kapitaina zela eta.

        Nemo, hasiera batean, poloniarra zen eta Errusiako tsarraren kontra egiten zuen borrokan, Poloniaren askatasunaren alde. Hetzelek, aldiz, esklabu salerosketaren kontra egin zezan nahi zuen, bestela Errusian liburua debekatuko baitzuten, eta beste liburuen salmentak jaitsiko. Azkenean, ezkutuan gelditu ziren Nemo kapitainaren motibazioak 20.000 legoa itsaspean liburuan, eta aurrerago baino ez zen sekretua agerian jarri, Uharte misteriotsua argitaratu zenean: Indiako printze bat da Ingalaterraren kontra borrokan diharduena eta laguntza eskaintzen diena askatasuna bilatzen duten herri guztiei.

        Baina Nemo kapitaina alde batera utzita, Jules Verne ez zuen inoiz politikan parte handirik hartu, Amienseko zinegotzia izan bazen ere. Eta aukera izan zuen horretarako, bai 1848ko iraultzan, bai Parisko komunan, 1871n, Parisen egon baitzen bietan, baina borroka lekuetatik urrun. Azken mugimendu hori zela-eta, gainera, hauxe idatzi zuen: «Errepublika da anarkistekin zorrotz jokatzeko eskubidea daukan gobernu bakarra, horixe baita herritar gehienek nahi duten gobernua».

        Ekologisten aitzindaritzat ere jo izan da. Eta egia da arrantzaleak kritikatu zituela beren basakeria arduragabeaz ozeanoko azken balea desagertaraziko baitzuten egunen batean. Eta kapitalismoa kritikatu zuen, axolarik ez ziolako munduaren parte bat arriskuan jartzea, irabaziak lortuz gero. Eta gobernuak kritikatu zituen, kapitalismoaren eromen suntsitzaile hori geldiarazteko gai ez zirelako. Petrolioaren industriaren kutsadura ere kritikatu zuen. Eta elefanteak hiltzea, marfila eskuratzeko... Baina Larruen lurraldean eleberrian, esaterako, mota guztietako animaliak hiltzen dituzte, beren larruak saltzeko.

        Zientzia fikzioaren aita dela esan izan dute hainbatek. Eta ezin ukatu asmakizun askori aurre hartu ziola. Baina zientzia fikzio zale askori irudimen estukoa iruditzen zaie. Hona zer dioen Vernek berak kazetari ingeles batek egindako elkarrizketa batean, Henry G. Wells dela eta:

        Badago idazle bat oso atsegin izan dudana irudimenaren ikuspuntutik. Interes handiz segitu izan ditut haren liburuak. H. G. Wells jaunaz ari naiz. Nire lagunetako batzuek iradoki dute haren lana nirearen ildo berean doala, baina horretan, nire iritziz, huts egiten dute. Irudimen hutseko idazle bezala, laudorio bizia merezi du, nire ustean, baina haren metodoa guztiz desberdina da nirearen aldean. Nire balizko asmakizunak egiazko egitateetan oinarritzen dira beti, eta neure eleberriak egitean erabili ditudan metodo edo materialak sekula ez dira erabat urrundu gure garaiko ahalbide eta ezagueretatik. (...)

        Wells jaunaren asmakizunak, aldiz, oso urruti daude gaur egun ditugun ezaguera zientifikoen mailatik, beste aro bati dagozkio, edo gertakizunaren mugatik harago daude. (...) Munduen arteko gerra liburuan, biziki miresten dudan obra horretan, ez dakigu ezer ere Marteko biztanle horiek zer izaki mota izan daitezkeen, edo nola egin daitekeen etsaien aurka borrokatzeko erabiltzen duten berozko izpi miragarri hori.

        Batzuek diotenez, deskribatu zituen herri guztiak bisitatu zituen, eta, beste batzuek, berriz, sekula ez zela atera bulegotik. Ez batzuek ez besteek ez dute arrazoirik. 1859an Eskoziara joan zen. 1861ean Norvegiara, baina, Danimarkan zegoela, bidaia utzi behar izan zuen, haren semea jaiotzekotan zegoelako. 1867an Amerikara joan zen anaiarekin «Greant Eastern» itsasontzian. Egun batzuk han eman, eta atzera Europara. 1880an itsas bidaia egin zuen Mediterraneon zehar, Saint Michel III bere ontziaz (lehenago beste bi izan zituen: Saint Michel eta Saint Michel II). 1881ean Ipar itsasoan eta Baltikoan barrena ibili zen, eta 1884an Mediterraneon berriz ere. Horra Verneren bidaia guztiak. Bizitzako azken hogei urtean behin baino ez zen Amiensetik atera, eta Pariseraino baino ez zen joan epaiketa batera. Eiffel dorrea ikusi ez zuen frantses bakarra zela esan ohi zuen txantxetan.

        Trebetasun aparta izan zuen paisajeak, hiriak, lurraldeak deskribatzeko, bertan egon gabe. Baina dokumentatzeko egiten zuen lana ere paregabea zen.

        Ivan Turguenev idazle errusiarrak, esaterako, deskribapenen zehaztasuna goraipatu omen zuen, Mikel Strogoff liburuaren eskuizkribua utzi ziotenean oharrak eta zuzenketak egiteko.

        Misoginoa omen zen. Eta egia da emakumeekin harreman handirik ez zuela izan, antza; eta haren liburuetan batzuen batzuk agertzea Hetzelen eraginari zor zaiola gehien bat. Les onze sans femme taldekoa izan zen, baina bi alaba zituen alargun batekin maitemindu eta ezkondu egin zen. Segituan aspertu omen zen, ordea, eta Honorine eta seme-alabak alde batera utzirik, buru-belarri lanari lotzen zitzaion. Hala ere, Mme. Duchesne izeneko emakume batekin harreman luze sakona bezain ezkutukoa izan zuen, zenbaiten ustez. Beste batzuek, aldiz, gaztetan Caroline lehengusinarekin izan zuen desengainuari egozten diote emakumeekiko geroko mesfidantza. Eta homosexuala eta beharbada pedofiloa ere bazela esaten digu Herbert. R. Lottmanek bere biografian.

        Egia esateko, ia ehun urte igaro dira Jules Verne hil zenez geroztik, baina oraindik ere haren liburuak argitaratu eta irakurri egiten dira hizkuntza askotan. Filmeak egiten dira. Ia astero agertzen da hemen edo han Verneri buruzko artikuluren bat, iruzkinen bat edo biografiaren bat. Eta maiz jartzen da abian bidaztiren bat haren pausoei jarraituz.

        Mikel Strogoffi dagokionez, esaterako, sei bat film egin dira orain arte, eta telebistako egokitzapenak, antzerki obrak, eta bidaia ugari. Bi, orain dela gutxi: Claude-Marie Vadrotena, 1993an argitaratutako Sur les pas de Michel Strogoff liburuan kontatua, eta Sur les traces de Michel Strogoff espedizioa, talde frantses-errusiar batek 2000ko udan 4x4 ibilgailuez egin zuena eleberriko datuak oraingo errealitatearekin alderatzeko asmoz.

Karlos Zabala

 

 

 

© Karlos Zabala

 

 

"Jules Verne / Mikel Strogoff" orrialde nagusia