XX

 

        Abelen semea Medikuntza ikasten ari zen eta bere aitak honen ikasketen berri ematen zion Joaquini. Honek zenbaitetan mutikoarekin hitz egiten zuen eta nolabaiteko maitasuna hartu zion; gutxi iruditzen zitzaion egiten zuena.

        — Eta nolatan bultzatu duk medikuntzara eta ez pintore izatera?

        — galdetu zion behin Abeli.

        — Nik ez diat bultzatu bere nahia izan duk. Ez dik inolako zaletasunik artearekiko...

        — Noski, eta medikuntza ikasteko ez dik behar...

        — Ez diat hori esan. Hi beti hain aierakor. Ez dik inolako zaletasunik eta ezta jakinminik ere. Ez dik nik pintatzen dudana begiratu ere egiten; ez dik galderarik ere egiten.

        — Agian, hobe duk horrela...

        — Zergatik?

        — Izan ere, pintorea izan bazunan hik baino hobeto edo okerrago egingo likek. Bai, okerrago, Abel Sánchezen semea izatea, semea,

        Abel Sánchez Txarra izatea edo Sánchez Txarra edo Abel Txarra, hori ez zegok ondo, berak ere ez likek jasango.

        — Eta neu baino hobea izango balitz?

        — Orduan ez hukeen hik jasango.

        — Lapurrak besteak hala direla uste!

        — Ez etorri neri itxura eginez. Artista batek ezin dik jasan bestearen ospea, are gutxiago bere semea edo anaiarena baduk. Errazago ezezagun batena. Odol bereko bat ospetsuagoa, hori ez! Nola azaldu hori? Ondo egiten duk medikuntzara bultzatzen.

        — Horrela diru gehiago irabaziko dik.

        — Baina pinturarekin ez duala asko irabazten esango al didak orain?

        — Tira, zerbait bai.

        — Eta ospea ere bai.

        — Ospea? Ez duk luzarorako...

        — Dirua gutxiago oraindik.

        — Baina sendoagoa duk.

        — Ez hadi gezurtia izan, Abel, ez ezak ospea gustatzen ez zaianaren itxura egin.

        — Nere semeari ondasuna uztea duk orain benetan kezkatzen nauena.

        — Izena eman diok.

        — Izenak ez dik dirurik ematen ordea.

        — Hireak bai!

        — Nere sinadunak bai, baina... Sánchez duk! Espero diat ez duala sinatuko Abel S. Puig! Egin dezatela Sánchez Etxeko Markes. Gainera Abel izenak gaiztotasuna kentzen ziok Sánchez abizenari.

        Abel Sánchez izen ona duk.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Miren Arratibel / Aintzane Atela

 

 

"Miguel Unamuno - Abel Sanchez" orrialde nagusia