JONATHAN SWIFT

 

        Guraso ingelesak zituen arren, idazle irlandar hau Dublinen jaio zen 1667an, eta aita hil eta gero jaio ere. Pobrezia handiko haurtzaroa izan zuen, osaba batzuen errukiari esker ikasi ahal izan zuelarik.

        Teologi ikasketak egin zituen Dublineko Trinity College-n.

        22 urterekin Sir William Temple diplomatiko eta saiolari ospetsuaren idazkari bihurtu zen, honen etxeko liburutegian, Ingalaterran, areagotu zuelarik bere jakintza. Sir Williamen ez-legezko alaba zen Esther Johnson-en tutore ere izan zen, gero eragin sakona izango zuelarik idazlearen bizitzan.

        27 urterekin eliza anglikanoan ordenatu zuten, parrokia bat ere izan zuelarik bere ardurapean.

        1704ean, bi idazlan satiriko argitaratu zituen: The Tale of a tub («Upel baten ipuina»: erlijio eta jakintza mailako ustelkeriaz) eta The battle of the books («Liburuetako borroka»: antzinako pentsalari eta modernoen arteko eztabaidan, klasikoen alde agertuz).

        Whig alderdiaren alde jardun ondoren, 1710ean, agintean zegoen Tory alderdira jo zuen. 1711n argitaratu zuen The conduct of the allies (Aliatuen jokabidea) ospetsua, eta 1713an Dublineko San Patrizioko «dean» izendatu zuten. Baina laster ohartu zen ezin zuela eliz hierarkian aurrera egin Ana erreginaren aurkakotasunagatik.

        1713an hasi zen Journal to Stella (Stellarentzako egunkaria) idazten, gero 1766-68an argitaratuko zena. Sir Templeren alaba zen Esther Johnsonenganako amodio platonikoa agertzen da hemen. Ez dago garbi zer-nolako harremanak izan zituzten, baina ez ziren sekula elkarrekin bizi izan. Beste emakume batekin ere izan zuen harreman handia, eskutitzez behintzat, Esther Vanhomrigh-ekin alegia, Swiftek Cadenus and Vanessa poema eskaini ziolarik honi.

        Irlandako arazoez gero eta kezkatuago —orduan Ingalaterraren benetako kolonia zen Irlanda—, 1724ean panfletorik gogorrenetakoa idatzi zuen: The drapier's Letters (Oihalgilearen Gutunak: Irlandarako txanpon berri batzuk egiteko patentearen aurka). Bestalde, urte hauetan idatzi zuen Gulliver's Travels (Gulliveren bidaiak), 1726an argitaratua, satira ikaragarria gizarte ingelesaren eta mundu zibilizatu osoaren aurka. Misantropia garratza islatzen duen obra honek egundoko arrakasta izan zuen berehala, baina ordurako, etsipenak oso jota zegoen autorea. 1728an «Stella»ren heriotza ere kolpe gogorra izan zen harentzat.

        Oso miretsia zen Dublinen Irlandaren aldeko jarrerarengatik, baina geroz eta misantropoago ari zen bihurtzen, eta poliki-poliki osasuna —batez ere, mentala— ahulduz joan zitzaion, 1742rako zeharo burutik eginda zegoelarik. 1745ean hil zen.

 

        GULLIVER-EN BIDAIAK

        Literatura satiriko-fantastikoaren gailurretariko bat da. Obra honetan anekdota hutsa, satira historikoa eta satira unibertsala aurki daitezke.

        — Anekdota: Gulliverek bisitatzen dituen herrialde ezberdinetan berari gertatzen zaizkion abenturak.

        — Satira historikoa: Testuan zehar sartu ditugun oharrak irakurriz ulertuko da hau, hainbat pertsonaia historikoren identifikazioa eta gertakari askoren azalpenak ematen baitira. Swiftek sarri egiten du bere etsaien lepotik barre.

        — Satira unibertsala: Batez ere liburuaren 4. zatian. Garaiko teoria positibisten aurka, Swiftentzat gizakia gaiztoa da izatez, baina hobetu daitekeena; ez zen, beraz, fatalista haren ezkortasuna, nahiz eta, ematen duen itxaropen handirik gabe joan zela mundu honetatik.

 

 

 

© Iņaki Mendiguren

 

 

"Jonathan Swift / Gulliver-en bidaiak" orrialde nagusia