7. GORIZIA

 

        Egunsentiarekin esnatu zen, trenaren beste gelditze haietako batek astinduta. Kolpetik zutitu zen. Geltoki nahikoa handi bat zen hura. Gorizia!

        Baina, orduan non jaitsi zen Bacis? Eta Aghiosek erraz osatu zuen abandono hari buruzko bere teoria. Ziurrenik Bacisek uko egin zion Goriziako senide harengandik dirua lortzeko itxaropenari eta Udinen jaitsi zen. Nork daki zer egingo zuen. Agian, Bertarekin ezkontzea erabaki zuen azkenik, horrela, nagusi izanik, Ana hobeto babestuko zuelakoan. Hain urruna ikusten zuen istorio hura orain ezen, edozein konponketa posible gertatzen baitzitzaion. Funtsean, Ana maitasunaren gaia zen eta horrela izaten jarraitu behar zuen. Maitea! Maitea! Ez zituen hain ederki janzten zuten zarpail haiek alde batera utzi behar.

        Zazpiak aldera, trena, etxeratzen den gautxoriaren ibilera motelaz, Carson gora egiten hasi zenean, Aghios jaunak, aspertuta, sakelatik kartera atera eta bileteak ukitu zituen. Irribarre egin zuen, inozentziaz paketea txikitu zela iruditu zitzaiolako. Zer gauza den gehiegi arduratzea! Ziurtatzeko, konpartimentua itxi, errezela bota eta kontu handiz bileteak kontatzeari ekin zion. Hamabost besterik ez zeuden! Bacisek hamabost ostu zizkion. Gizatxarra halakoa!

        Aghiosen lehen mugimendua alarma-txirrina jotzekoa izan zen. Eskua ere jarri zuen, baina gero, herabetia izanik, jazarpen penalaren mehatxuak zalantzan jarri zuen. Eta horrela ongi pentsatzeko astia izan zuen. Zertarako gelditu berez mantso zihoan tren hura, zeina dagoeneko Barcola, Triesteko auzoa, baino harantzago triki-traka baitzihoan? Zer eta lapur bat harrapatzeko? Gorizia baino lehenago zegoen geltoki zehaztezinen batean jaitsi eta handik bere harrapakina hartuta Torlanorantz abiatua zen dagoeneko. Eta han ez zegoen trenbiderik. Ez zuen inongo zentzurik, zeren eta tren-gidariak ez zuen ibilbidea aldatu nahi izango, bera eta bagoi korrokoildu haiek guztiak Karniarantz eramateko.

        Aghios jaunak hatzak marraskatu zituen. Haserreak eta lotsak jota zegoen. Lotsa, horrelako iruzur batean erori izanagatik. Agur bidaiaren askatasun-sentimenduari, agur ontasuna. Laino beltz eta mehatxarietan hain garbi marrazten den irudi horietako bat zirudien, baina dagoeneko ez zituen ez lainoak, ez zakurrak ez eta andre ederrak ere, bidelagun atsegin haiek guztiak buruan.

 

 

 

© Italo Svevo

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia