6. VENEZIA-MARTE PLANETA

 

        Aghios jauna lasaiago geratu zen. Bihotzerrea sentitzen zuen hainbeste ardoren ondorioz. Dagoeneko kontzientzia lasaia zuen, dirua eman izan balu bezala. Funtsean, berak emana zuen, zeren emaztearen aurrean Bacisen alde egingo baitzuen. Orain emazteari zegokion bera ere ongi jokatzea.

        Baina ez zen berehalakoan lokartu. Pertsona zuhur batentzat ia ezinezkoa da abiatzear dagoen tren batean lo geratzea. Segurago sentitzeko, Aghios jaunak bere eserlekuari eutsi zion baina horrela indar egin behar zuen eta ez da erraza indar egiten ari zaren bitartean lokartzea. Azkenik, trena mugitu zen. Hasieran, mantso eta astun. Zaratarik handiena konboi luzearen burualdetik buztaneraino mugimendua barreiatzean gertatzen zen, bagoiek modu kezkagarrian elkarren kontra talka egiten zutelako. Aghios jauna altxa egin zen entzuteko. Lasai zedin, Bacisek, eta eskua aurpegitik kendu gabe, zera xuxurlatu zion:

        — Hori gertatzen da tren honek Westinghouse balaztarik ez duelako.

        Ez zegoen hitz lasaigarriren beharrik, dagoeneko trena abiatua baitzen eta abiadura normala. Oso normala. Aghios lasaitu eta bere eserlekuan etzan ahal izan zen. Ezbairik gabe, ondo lo egin zitekeen horrelako abiada zeraman tren batean. Mugimendu hark sortzen zuen musika oso erritmikoa zen eta ez, tren azkarretakoa bezala, zakarra: sehaska-kanta, zinez. Eta luzaro, Aghios jaunak soinu hari jarraitu zion edo, hobeto esanda, soinu hark jarraitu zion berari loaren aurreko bakean. Maila guztietako ametsak daude eta mailarik baxuena zentzumenak oraindik errealitatetik askatu ez direnean gertatzen da. Aghios jaunak, betiletan zehar, bagoiaren argi mendrea somatzen zuen eta berak ere begiak eskuaz estaltzen zituen Bacisen gorputza, bere gorputzetik metro bat baino gutxiagora baitzegoen. Eta bere ametsa kanpoko musika hark esangura hartzeaz bat hasi zen. Esaten zuen: «Dena ondo dago, dena ondo dago». Eta Aghios jaunak ez zion errepikapen hari amaiera eman nahi. Hain ederra zen horren mezu eder eta benetako baten soinuaz lokartzea. Dena ondo zegoen, bai horixe. Bacisek maite zuen, trenaren lehen abiatzeak sortutako zarata zakar haiek zirela eta lasaitu nahi izan baitzuen. Dena ondo zegoen eta kito.

        Baina, berriz ere, loa galarazia izan zitzaion. Mestrera iristeak munduaren akaberaren antza izan zuen. Makina indartsu batek txatar pilo bat mugitu nahi izan balu bezala. Aghios, ikaratuta, zutitu egin zen. Bacis lasai eta geldi ikusi zuen, eskua aurpegian, kuxinaren gainean burua egokitzen zuela, eta xuxurlatuz:

        — Westinghouse balazta falta zaio.

        Noiz hasi zen Aghios jauna ametsetan? Ziur ez zela izan Mestre utzi eta berehala. Goriziatik gertu, goizeko laurak aldera esnatu zenean, distantzia luzea da eta ordurako ametsa ahaztua beharko luke, loaldi sakonena ere biziarazten duen beste edozein amets bezala. Bestetik, pentsatzekoa da ametsa Gorizia baino geltoki batzuk lehenxeago gertatu izango zela, loa sakonegia ez zenean eta zelula beilariren batek ametsa zaindu eta gorde ahal izan zuenean.

        Nork daki ametsa gero Aghios jaunak gogoratu zuen bera izan zen ala ez. Amets batetik esnatzean, berehala esku hartzen du buru analitikoak hura koherente bihurtu eta osatzeko. Telegrama batetik gutun bat atera nahi izatea bezala da. Ametsa bat-bateko argien segida bat bezala da eta istorio bat egon dadin bat-bateko argia iraunkor bihurtu eta osatua behar du izan, baita argirik ez zegoelako ezer ikusi ez zenekoa ere. Hitz batean, ametsaren oroitzapena ez da sekula ametsa bera. Disolbatzen den hautsa bezala da.

        Nonbait, Aghios jauna Marte planetarantz abiatu zen gurditxo baten gainean etzanda eta gurdia, espazioan zehar, trenbidearen gainetik bezala mugitzen zen. Ahuspez etzanda zihoan eta gurditxoak, zoladura laua izan beharrean, bere gorputz oinazetuari eusten zioten ohol batzuk zituen. Oholetako bat bularrean sartzen zitzaion eta deserosoagoa bihurtzen zuen han zeukan sakela. Bere azpian, eta baita gainean ere, espazio mugagabea zegoen. Ordurako ez zen lurra ikusten eta artean Marte ere ez, ezta ikusiko ere.

        Aghios jauna erabat libre sentitzen zen, San Markos piazzan baino askoz ere libreago, kasik gehiegi. Ingurura begiratu eta espazio argitsua baizik ez zuen ikusten. Nola usatu bere askatasun hura, esklabotasunik ez bazegoen inon? Eta nori mintzatu bere askatasunaz? Hura sentitzeko, hartaz harrotzeko aukera izan behar zen. Ametsean ere Aghios jaunak bere gogoetekin jarraitzen zuen. Pentsatu zuen: «Ez nago bakarrik, askatasun hau neurekin baitaukat. Daukadan arazo bakarra bularrean sartzen zaidan sakela hori da».

        Baina espazioan zenbat eta aurrerago egin, eta are bakartiago sentitzen zen Aghios jauna. Marterantz zihoanez pentsatu zuen, ameslariak izaten duen guztiahaltasun sentimendu hartaz baliatuz, planeta hura berak nahi zuen erara asma zezakeela. Aurretiaz irudikatu zuen. Bere hizkuntza ulertuko zuen jendez beteko zuen, eta berak, aitzitik, ez zuen haiena ulertuko. Horrela, berak bere askatasuna eta independentziari buruz hitz egingo zien, eta haiek ezingo zioten beren istorioekin kateatu, zeinak haiek ere izango baitzituzten.

        Irteera-geltokitik, dagoeneko urrun, zetorren ahots batek galdetu zuen: «Zurekin eramango nauzu?». Emaztea izango zen. Baina Aghios jaunak askatasuna nahi zuen; ez entzunarena egin eta are gehiago estutu zen gurditxoaren lurrean ezkutatzearren. Horrela jarraitu zuen abiadura handian, gauzen eta airearen faltak hori gehiegi nabaritzen uzten ez bazuen ere eta, korrika zihoala, pentsatu zuen: «Nahiago dut semea bakarrik ez gelditzea».

        Gero Bacisen ahots pattal eta urrunak galdetu zion: «Zurekin eramango nauzu?».

        Aghiosek pentsatu zuen Bacis berarekin eramateak askatasuna kenduko ziola erabat. Sutsua izanik, harekin haren gauzez besterik ezin zitekeen hitz egin. Gondolako ibilaldia ordaindu zion eta zentzugabea zen orain horrelako bidaia bat ere bere kontu egin nahi izatea. Marteraino joan Torlanori buruz hitz egiteko? Ez zuen merezi. Aghios are gehiago estutu zen gurdian ezkutatzen jarraitzeko.

        Ahots goxo, musikal eta oso hurbileko batek orduan: «Prest nago irteteko, zurekin eraman nahi banauzu».

        Ametsean hitz batek eta bere oihartzunak goitik behera marrazten du hura esan duen pertsona. Ana zen, neska ilehoria eta garaia, eztia, lan gogorretara ohitutako eskuak salbu. Haragiaren zintzotasunak engainatu zuen Ana hura.

        Aghiosen aitatasun-sena bere barrunberik intimoetaraino hunkitu zen. Berarekin eraman nahi zuen, umilarazten zuten Berta eta Giovannirengandik eta baita Bacisengandik ere urruntzeko, haragiaren zintzotasunarekin engainatu zuen traidore hura ere ez baitzen oso fidagarria.

        Eta bat-batean berarekin zegoen, gurditxoan, bere azpian, apaindura gisa zarpail haiek jantzita, zeinak haurdunaldi hasiberriak oraindik itxuragabetu ez zuen gorputz lirain eta gaztearen edertasuna nabarmentzen baitzuten. Ile horia haien azpian zegoen airean hegaldatzen zen. Dagoeneko ez zukeen bularraldeko sakelean minik izan behar. Baina oraindik pisua sentitzen zuen. Litekeena zen Ana, segurago sentitzearren, eutsi izatea.

        Eta horrela jarraitu zuten, hitzik esan gabe, Aghios jaunak zera pentsatzen zuen bitartean: «Nire alabatxoa da. Inoren zintzotasunez ez fidatzen erakutsiko diot».

        Halako batean, gurdiaren motorea zarata malapartatu bat egiten hasi zen. Espazio guztia betetzen zuen. Eta Aghiosek galdetu zion bere buruari: «Baina zergatik egon behar du nire alabak nire azpian etzanda? Sexuagatik? Nik ez dut desiratzen». Eta oihukatu zuen: «Haren aita naiz, aita on bertutetsu bat».

        Supituki, Ana beregandik urrun zegoen eserita, gurdiaren beste aldean, espazio izugarrian erortzeko arrisku bizian eta Aghiosek oihukatu zion: «Itzuli, itzuli, dirudienez tramankulu honetan ezin da beste inola egon». Eta Ana, otzan, beregana itzuli zen lehen bezala, lehen baino hobeto. Eta espazioa mugagabea zen eta, horregatik, betiko gera zitezkeen horrela.

        Talka hotsa! Planetara iritsiak ziren ala?

        Izan ere, bazirudien trenak, gelditzean, txiki-txiki eginda bukatu nahi zuela. Aghios zutik jarri zen kolpetik. Itotzeko zorian zegoen baina konturatzen zen nor zen. Gurdi haren eta tren horren artean argitu ezina zen nahasketa bat zegoen. Eta nahasketa bera zegoen arestian sentitutako poza eta oraingo lotsaren artean. Baina Aghiosen ontasuna mugagabea zen, baita bere buruarekiko ere. Pentsatu zuen: «Ez da nire errua». Eta irribarre egin zuen.

        Leiho bat ireki eta airea arnasgarri bihurtu zen. Soro-zelai hutsak ikusi zituen: baserriren batean argi geldi baten distira ikusten zen. Logura handiak eta bidaia bikoitzaren nekeak jota zegoen baina, hala ere, Aghios jaunak Bacisen leku hutsa eta gero haren maleta txikia egon zen lekua ikusteko denbora izan zuen. Bacisek isilik alde egin zuen, bera esnatu gabe. Gorizia iraganda behar zuten.

        Burua kuxinean jarrita, Aghiosek gehiegi sinetsi gabe zera pentsatu zuen: «Tamalez! Hemen egon balitz berehala emango nizkion hamar mila lira horiek (ez hamabost)». Irribarre egin zuen. Ederra zen ordaindu beharrik ez izatea. Ez zitzaion damu. Bere afera, bizitzan izan zuen handiena, ez zen bere pentsamendu bakartiaren eremutik aterako eta, beraz, ez zuen garrantzirik. Hala ere, Bacis Triestera etortzen bazitzaion, emaztearekin adostuta, zintzo laguntzen saiatuko zen.

        Eta Bacisen kuxina bereari erantsi ondoren, lozorro gelditu zen. Erabat ongi sentitzen zen. Ardoa espazio sideralean zehar egindako ibilaldian lurrindua zen eta ez zion jada enbarazurik egiten.

 

 

 

© Italo Svevo

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia