5. VENEZIAKO GELTOKIAN

 

        Geltokia huts samar zegoen. Jantokiko hiru mahaietan jendea zegoen eta bidaiarik egin behar ez zuen jendea zirudien, ez zuten ekipajerik eta. Andrerik ez. Diru-kutxaren atzean bat besterik ez, eta hura zaharra.

        Bestalde, Aghios jauna Bacisen kontuak entzuteko irrikaz zegoen eta iharduera negatibo bat hartzen saiatzen zen: alegia, kontu horiek esateko pizgarri gisa hartuak izan zitezkeen keinurik egitea edo hitzik esatea bere buruari eragozten. Ez zegoen ingurura begira denbora galtzen ibiltzerik. Aghios jauna ez zen bidaian balego bezala sentitzen, etxean balego bezala baizik. Mutikoak besterik egitea pentsatu izan balu ere, hark ez zuen bestela jokatzera bultzatuko. Bacis eta haren trajediari hainbat gauza sakrifikatu ondorengo beste sakrifizio bat zen hura. Baina ezin zuen hanka sartzerik egin, zeren eta bidaietan egindako hanka sartzeak konponezinak baitira. Gure laguntza jaso duten pertsona horiek ez ditugu berriro ikusten eta ez dago atzera konpontzerik.

        Kamareroarekin unetxo bat galdu zuten. Aghios jaunak haragi hotza eta ardoa eskatu zituen. Denbora zuten aurretik zeren, gondola gauerdia arte hitz hartuta bazuten ere, Bortolok bere zamatik hamaiketarako libratzeko moduak egin baitzituen. Aghios jaunak eskaini zizkion ogi eta haragi zatia onartu zituen Bacisek, baina mokadu batzuk besterik ez zituen jan eta hori Aghios jaunaren setaren indarrez. Aitzitik, basokada ardo ugari hustu zituen ia oharkabean, berbaldian zehar puntuazio-zeinuak bailiran. Imitazioz, eta oharkabean halaber, asko edan zuen Aghios jaunak ere.

        Ez zegoen Aghiosek hitzik galtzeko arriskurik. Hitz-andana bat etorri zitzaion gainera. Hasieratik, hitzek gainezka egin zuten, eztarrian denbora luzeegiz gordeta egon balira bezala.

        — Gondolan kontatu nahi nizun jada. Baina gondolaria zegoen han. Jainkoarren! Huraxe bai gizon jasangaitza! Enbarazu baizik ez zuen egiten, atsegina zelakoan eta horrela eskupekoa handiagoa izan zedin. Hura ohartu gabe altxa, inguratu eta uretara botatzeko gogoa eman dit.

        Aghios jauna, arreta biziz, begira zuen eta estreinakoz horren argi ikusten zuen aurpegia aztertzen ari zen. Nerabe baten aurpegia zen hura, eta hark erakusten zuen haserre bizia lekuz kanpo gertatzen zen: begiak distirarazten zizkion, begi urdin, handi, eta ondo marraztuak, eta osasuntsuak, odol eta behazun arrastorik gabeko kornea orbangabeak erakusten zuenez. Ilea, horia eta orraztu gabea, gorriztatu egiten zitzaion argi haren pean eta bekokian noizean behin eskuaz kendu behar zuen xerlo bat erortzen zitzaion. Ezpain gainean bilo leuna zuen eta harrigarri gertatzen zen beltzez jantzita, ondo lisatutako janzkia eta alkandora zuria zeraman pertsona batek egunetan egin gabeko bizarra eramatea, kontatzen ari zitzaion trajediaren zantzua agian.

        Aghios jaunak Bortoloren alde egin nahi izan zuen:

        — Gizajoa! Ahal duena egin du.

        Bacis, hura onartu baino lehen, une batez pentsakor gelditu zen. Gero, Aghios jaunak arrazoi zuela onartu eta xuxurlatu zuen:

        — Egia da; mundu honetan bakoitzak egin behar duena egiten du. Horrela egin izan banu, orain ez nintzen honen zorigaiztoko izango.

        «Ezta ni ere» pentsatu zuen Aghios jaunak eta, azpimarratzeko, baso bat ardo eztarriratu zuen. Ondoren, ez zitzaion hain erraz gertatu Aghios jaunari Bacisen kontaketa hitzez hitz harrapatzea. Bacisek ingurukoek entzun ez zezaten ahotsa jaitsi behar zuen. Gero, denbora pasa eta gela erabat hustu zen. Arrotza, barra atzean zegoen andre zaharra besterik ez zen gelditzen, eta hura urrun. Orduan, Bacisek pixkanaka-pixkanaka ahotsa gehiegi goratu zuen, eta okerrago izan zen. Aghios jaunarena bezalako tinpano zahar batek, jakina, ez ditu soinu arinak aditzen. Baina, aldi berean, ez dago garrasia aztertu eta bereizteko prestatuta. Gorreriak, ordea, ez zuen eragotzi azalpenaren eragina. Garrasiak zein negarrak beren eragina galdu dezakete laguntzen dien hitza egokia ez bada.

        Baina, oro har, kontaketa ulertu zuen. Ez zen istorio korapilatsuegia. Bacis, Friulin jaiotako milandar bat zen. Hamazazpi urte zituenean amaren lehengusu batek deitu zion Karniako Torlanora joan zedin eta baserria aurrera ateratzen lagun ziezaion. Lehengusu horrek alaba bakarra zuen, Berta, eta hasiera-hasieratik berak ere ulertu zuen, inork adierazi gabe, harekin ezkondu eta gobernatzen zuen jabetza oinordetzan hartuko zuela. Mutilak ez zuen neska maite. Areago, ezinikusi izugarria zion neskaren izaera larderiatsu eta harroari, baina bihotz gazte askotan hain indartsua den interesak bultzatuta, baserria eta neska maitasun berarekin maite zituen.

        — Ziurrenik haren fisikoa ez zenuen gustuko —esan zuen bizitzaz horrenbeste zekien Aghios jaunak—. Emazte bat gustuko ez dugunean, ziur izaera desatsegina duela.

        — Litekeena da —esan zuen Bacisek, bere pentsamenduaren haria eteten zuen ideia horrekin amaitzeko premiaz.

        Baina, hala ere, ez zuen aurrera egiten asmatzen oinak trabatu eta ibiltzea galarazten zion oztopo hura gainditu gabe.

        — Anarekin maitemindu baino lehen, beste neska batekin maitemindu nintzen...

        — Nor da Ana? —eten zion Aghios jaunak.

        — Bertaren aitaren iloba da. Hark ireki zizkidan begiak eta ohartarazi ninduen Bertarekin ezin nintzela ezkondu, ez nuela maite konturatu baino lehen. Baina, hain zuzen, bere izaeragatik ez nuen Berta maite. Ana baino lehen beste bat maite izan nuen, ez dakit noiz, neure lehen haurtzaroaren garaian agian, baina badakit beste hori ere ahula zela, ahula, ezti-eztia, babes-beharra eta negarrari borrokari baino emanagoa.

        — Fin-fina, hitz batean —esan zuen Aghios jaunak, gustu berberak izan zituelarik ederki ulertzen baitzion.

        Ahaztu egiten zitzaion Aghios jaunari bere lehen asmoari setati eustea eta, ondorioz, Bacisen kontaketa eteteko arriskua zuen.

        — Fin-fina. Bai, fina ere bai —esan zuen Bacisek amore emanez. Aghios jaunak, asmatu izanagatik pozik, hasperen egin zuen.

        Mutilak sarritan ikusten zuen Ana emaztegaiaren alboan, baina ez zen berehalakoan maitemindu. Neskatxa bat zen, hamalau urteko neskatxa bat. Bazuen, hala ere, heldutasunaren zantzurik: ahaide aberatsekiko erabateko otzantasuna, zentzuzko pertsona baten kalkulua bailitzan. Baina hamabost urterekin otzantasun hura are helduago bihurtu zen. Alegia, tristuraz bete eta mingarri bihurtu zen, berehala itoarazten zituen asaldatzeen eraginez. Hala ere, ez zituen ahaideak ez konturatzeko bezain azkar itoarazi eta horregatik gorrotatzen zuten. Gero eta apalgo janzten zen, baina soinekorik zarpailenak ere beste gauza bat zirudien haren gorputzean jarrita.

        Aghios jauna nahikoa edanda zegoen jadanik eta ia egun osoan zehar gozatu zuen askatasunari eusteko gauza sentitu zen, baita horren solaskide sutsuaren aurrean ere.

        Asko maitatu eta desiratu duenaren esperientziarekin eta, aldi berean, agurearen hitz bareekin, bizitzari lapurtu dizkion elementuekin laborategian itxi den gizon objektiboa bailitzan, zera esan zuen:

        — Maite den emazteak gainean daramatzan soineko zarpailak haren luzapena gertatzen dira. Metal-pusketatxo bat surtara botatzea bezala da. Gori jartzen denean, sugarra bera baino argi distiratsuagoa igortzen du. Baina badago desberdintasunik. Denek ikusten dute argia, baina ez zarpail horien edertasuna. Desberdintasun bat eta ez nolanahikoa!

        Bacisek baso bat ardo eztarriratu zuen bere kontaketaren hariari eutsi ahal izateko. Baina Aghiosekin baso bat ez zen aski, bidaian zegoenean argi ikusi nahi zuen gizona baitzen.

        — Horregatik pentsatzen dut zarpail horiek soilik artistek edo adituek nabaritzen dituzten zenbait koloreen antza handiagoa daukatela. Jakina! Argi dago. Soilik maiteminduta dagoena da aditu bat.

        Eta Aghios jaunak ere edan egin zuen hain zorrotza izateagatik saritzeko.

        — Baina denek esaten zuten Ana arroparik soilenekin ere zoragarri janzten zela.

        Eta Bacisek are habaila handiagoan jarraitu zuen Aghios jaunari parte hartzeko astirik ez ematearren.

        Orain, ordea, argi hitz egin zuen eta ahapeka, bere buruaz lotsatuko balitz bezala, eta horrela Aghios jaunak ez zuen hitzik galdu.

        — Nor zen Ana? Neskame bat. Nor nintzen ni? Ez nuen uste mirabe dohakabe bat nintzenik. Nagusi jaunaren semetzat hartzen ninduten. Ezin zitekeen eska ematen zitzaidan mailari uko egin niezaion. Horregatik nik Anarekin ongi pasa eta Bertarekin ezkontzea erabaki nuen. Pixkanaka erabaki nuen. Goizero jaikitzean honakoa zen nire arazoa: zer egingo dut gaur Ana erakartzeko? Inor konturatu gabe, oparitxoz eta arretaz inguratu nintzaion. Erraz baino errazagoa izan zen hura lortzea. Hura bakarrik aurkitu eta leiho batetik irtetea beste zailtasunik ez nuen izan. Oraindik ez dut ulertzen. Torlanon denek haren apaltasuna, eratasuna, santukeria miresten zuten. Agian, erraztasun hura izan zen hari hainbeste atxiki ninduena. Nire galbidea izan zen eta, Jainkoaren laguntzaz, haren salbamena izango da. Zergatik fidatu zen hain azkar nitaz? Nire haragiaren zintzotasunak etsiaraziko zion? Zuk, filosofo zaren horrek, ba al dakizu hori argitzen?

        Bacisen hitz haiek Aghios jaunaren buru lelotua ernatu zuten: haragiaren zintzotasuna. Ideia-zurrunbilo bat sortu zitzaion hitz haietatik. Haragiaren zintzotasuna piztien zintzotasuna zen, baina haientzat ere zintzotasun horrek une bat baizik ez zuen irauten eta ez zuen zertan erantzukizunik eskatzen. Bacisek, aitzitik, zintzotasun hura lohitu egin zuen, une horretan bertan itxurak egitea erabaki baitzuen. Alegia, bere zintzotasun hark traizioa hobeto gauzatzeko baizik ez zion balio izan.

        — Eta filosofo deitzen didazu, zuk, ideia izugarri hori asmatu duzunean! Haragiaren zintzotasuna gorputzaren beste zati baten faltsukeriari kontrajarria, alajaina, bera ere haragi, baina garatutako haragia denean!

        — Nik ez dut gauza horietan pentsatzeko astirik —esan zuen Bacisek sorbalda jasoz—. Ez dut inoiz pentsatzen; nik gogoratu egiten dut eta gero sufritu. Esan bezala gertatu zen. Anak uste zuen nik zintzo jokatzen nuela eta nik beti jakin nuen hura nola traizionatu. Ez dut uste itxurak egiten asmatu nuenik. Zoria eskuratzeko nire borondate tinkoak ez zidan beste ezertarako betarik uzten. Nire emaztearen eta bion neskame apala izaten jarraitu beharko zuela esateko hitzak ere prest nituen. Egunez emaztea zerbitzatzen jarraitu ahal izango zuela eta gauren batean bere ohean onartu beharko ninduela esatea pentsatzen nuen. Denbora batez bakarrik, nahikoa ase izan arte. Ez nuen hori guztia esan, esan beharrik ez zegoela iruditu zitzaidalako. Ez zegoen presarik. Eta behar bezala funtzionatzen ez duen nire buru txepel honegatik ez balitz, nik bizitza erraza eta erosoa lortu izango nuen betiko. Anak ez ninduen zorigaiztoko bihurtu, nire bihotz txolin honek baizik.

        Eta jarraitu zuen esaten garai hartan anaiari buruzko berri bat iritsi zitzaiola. Banku bateko kutxazaina izanik, gaiztakeria bat egin zuela eta, horren ondorioz, ama hiltzeko zorian egon zela. Amak berarengana jo zuen familiaren ohorea berreskuratzeko behar ziren hamar mila lirak lortzeko arren eskatuz. Berak, besterik gabe, berea bailitzan, Bertaren aitari kontatu zion arazoa. Hark berehala eman zizkion hamar mila lira haiek, baina nahi izan zuen Bertak haren berri izan zezan eta jakin zezan diru hura ezkontsariaren kontura zela. Horrela, ofizialki, Bertaren senargai gertatu zen.

        — Ez zen hitz gehiegirik behar izan, ez Anaren maitale bihurtzeko, ez eta Bertaren senargai bihurtzeko. Bertak ezkontsariaren aurrerakina ematea eta Anak bere gorputzaz gozatzen uztea gauza bera ziren. Egunak Bertarekin igarotzen nituen eta gauak Anarekin. Bizileku genuen apaindurarik gabeko etxetzar handiak ere nire bizitza bikoitza antolatzeko propio egina zirudien. Alde batean, bulegoa eta Bertaren sendiaren bizilekua zeuden. Bulegoaren ondoan, beheko solairuan zegoen gela batean, nik egiten nuen lo. Beste aldean, Anaren gela zegoen, beste gela batzuk inguraturik, han non eguneko lanaz nekatutako zerbitzariek eta beren sendiek lo egiten baitzuten. Hiru atari-txakur genituen eta pozik baina mutu jarraitzen zidaten etxearen alde batetik besterako ibilaldietan. Eta egunez, ez nintzen Anaz oroitu ere egiten. Bere zereginetan adi eta apal ikusten nuenean, zera pentsatzen nuen: «Tira! Gaur gauean apaltasun horretaz gozatuko naiz. Orain ez dago horretan pentsatzeko betarik». Eta Bertarekin, maitasunaz ezer gutxi mintzo ginen. Baina gure ondasunak handitzearen pentsamendu berak elkartzen gintuen. Begira, zuek kaletarrok diru-gosea bezala, guk lur-gosea izaten dugu. Eta gure etorkizuneko asmoei buruz hitz egiten genuenean (lautadan zeuden gure lurrak muinoan gora zabaldu nahi genituen), Bertak esaten zuen: «Hugok (nire anaia) hamabost mila lira horiek itzultzen dizkigunean...». Ez zituen nolanahi ahaztuko hamabost mila lira haiek.

        Aghios jaunari iruditu zitzaion hasieran hamar mila lira besterik ez zituela aipatu. Zuzendu nahi izan zion, baina gero garrantzirik gabea iruditu zitzaion.

        Lurrarekin eta uztarekin zerikusia zuten kontu guztietan baserritar zahar batek laguntzen zien, Giovannik, eta bere zorroztasun eta leialtasuna zirela medio aholkulari izatera igoarazi zuten. Soroak bere izerdiz ureztatzen zitueneko soldata bera jasotzen zuen (ez gehiago), baina etxeko arima zen. Aghios jaunak belarriak erne jarri zituen, zeren Bacisek hainbeste hitz erabiltzen bazituen gizon apal hari buruz hitz egiteko, horrek esan nahi zuen kontatzen ari zitzaion istorioan parte garrantzitsu bat zuela. Nagusia bezain grinatsua zen, baina soilik haien alde. Ohiko zakur leiala. Nagusia nagusia zen eta Bacis ere nagusitzat izaten ohitu zen, eta inor baino nagusiago, zeren eta gaztea izanik bere nagusi izaten jarraituko baitzuen hil artean. Hortaz, haren interesak bere egin zituen, nahiz eta interes horiek topo egin bere benetako nagusia zen Bertaren aitarekin eta Bertarekin berarekin ere, zeina andre izanik ezin baitzuen lehena izan agintean.

        Berehala, Ana haurdun gelditu zen. Bacisi esan zion eta ezer eskatu gabe, pozik, biak elkartzen zituen katearen beste maila bat zelakoan ziur. Ez zuen kontrakoa itxaroteko inolako hitzik jaso eta, xalo, gauzak modurik naturalenean gertatuko zirela uste zuen. Bacis ere ez zen gehiegi arduratu. Aitzitik, burura etorri zitzaion lehendabiziko gauza zera izan zen, Bertarekin ezkontzeko prestaketak azkartu behar zirela. Gero, nagusia zenez, erraz moldatuko zen sasikume hura etxe haren gerizpean has zedin, semetzat aitortu gabe eta hartaz batere arduratu gabe. Maite ez den umea merke baino merkeago hazten da baserri batean. Eta hazitakoan etekina dator. Arazo bakarra zegoen: ama gaztea hotzago bihurtu zela. Maitasun handiaren, benetakoaren izenean amore ematen zuen. Baina, ahal bazuen, ihes egiten zuen, eta berarengatik balitz, bakean utzia izatea nahiago zuen.

        — Jakina —eten zion Aghios jaunak—. Ama-naturak plazerra ugalketa ziurtatzeko sortu zuen. Hori ziurtatuz gero, oraindik ere plazerrak badirau, ahaztu zaiolako gertatzen da, zomorroek beren koloreak gordetzen dituzten bezala, nahiz eta maitasunaren garaia amaitua izan. Horren baserri handian ezin da denetara iritsi.

        — Agian —esan zuen Bacisek lehor—. Baina horretan ere ahazte bat izan zen. Zergatik ahaztu zitzaion ama-naturari nire sua ere itzaltzea?

        — Adiskidea! —esan zuen Aghiosek eta ardoak eragindako hitzak izan ziren—. Ama-naturari ez zitzaiolako batere desatsegin izango Bertari ere umea egin bazenio. Beti dauka zereginik. Asko gara eta. Soilik ezertarako balio ez dutenak baztertzen ditu.

        — Ez, ez, inoiz ez —oihukatu zuen mutilak gartsuki—. Berta, etsaia, Anaren iraintzailea.

        Aghios jauna harrituta geratu zen. Orain bazekien nola amaituko zen istorioa. Aurrean zuen Bacis, piztuta, maiteminduta, etsita, nobelaren benetako azken kapitulua. Dagoeneko ez zeukan ezer gehiago entzun beharrik.

        Bacisek bere ipuina bukatzeko presaz jarraitu zuen. Anak, nolabait ere, maitale gisa arbuiatu ondoren, maitasuna ere ukatu egin zion; berak egotzi zion partea hartzeko erakutsi zuen etsipenak eta haren erabateko diskrezioak agerian jarri zuten maitasun handi hura. Azkenik, Giovanniri konfidentziak egin zizkion eta horrela bera traizionatu zuen. Giovannik, zakur leial gisa, Bacisekin hitz egin eta neskatxa ezkonaraztea proposatu zion. Baserrian bazegoen mutiko gazte baina baldar bat, horren aproposa ezen, horretarako jaioa baitzirudien.

        — Hori —esan zuen Bacisek— orain bederatzi egun gertatu zen —hatzekin kontatu zuen—. Horixe. Astelehenean zortzi egun egin zituen. Ezinezkoa dirudi. Beste gizon bat nintzen orduan; Giovanniri eskerrak eman eta haren asmoei baiezkoa eman nien. Nire aldaketa gau hartan bertan hasi zen, neskaren atea jo eta ireki ez zidanean. Deitu eta hura ateraino etorri zitzaidan ahapetik esateko: «Ez, ez!». Atzera egin behar izan nuen eta zakurrek marmar egin zuten, zeren, hain goiz espero ez nindutelarik, beste norbait izango nintzela uste baitzuten. Oheratu, baina ez nintzen lo egiteko gauza izan eta goizean zera galdetzen nion neure buruari: «Zergatik ez duzu berriz engainatu? Zergatik ez diozu ezkon hitza eman atea zabal zezan?». Horrela, konturatu gabe, erabaki berri baterako prestatu nintzen.

        Hurrengo goizean Giovannik kontatu zidan Anarekin hitz egin zuela eta adostasunera iritsiak zirela. Orain bizkor ibili beharra zegoen; Ana etxeko lanetatik baztertu eta ibai ertzeko soroetan, Luigiren ondoan, lan egiten jarri. Baserritarren artean hori berehala egiten da. Belarra biguna da eta jaioko denari aita bat emateko garaiz irits daiteke. Egun argitan ez nituen jada gaueko larritasunak gogoratzen eta ados egon nintzen. Bertaren aldetik horrelako baimenik lortzea ez zen zaila izango, zeren, gainera, mahats-bilketaren garaian soroetan andreen lanaren beharra izaten baitzen. Halabeharra izango zen baina, Bertak, ez dakit zein aitzakia zela bide, lehengusina oraindik beste bi egunez etxean gelditzeko eskatu zuen. Nik, berriz, gau bat baizik ez nuen behar izan zer egin behar nuen jakiteko: «Alferrik egongo zara nire zain gaur gauean eta, bestearena zarenean, jai izango duzu; nik neure bizitza oparoa eta independientea egingo dut orduan».

        Aitzitik, gau izugarria izan zen hura. Iluntasunean, Ana ikusten zuen, egunez ikusi zuen bezalaxe, inoiz baino apalago, haren soinean hain eder iruditzen zitzaizkion zarpail haiek ere erantzita. Eta iluntasunean, arima koitadu hura ulertu zuen, lehen inoiz ulertu ez zuen bezala. Harekin bat eginez, eta agian modu sakonago batean, Aghiosek ere ulertu zuen, begiak malkoz blai izateko beldur entzuten ziola. Hura ama zen, ama besterik ez, bere semearen ama eta buruan ez zeukan beste gauzarik. Luigiri bere gorputza eskaintzeko prest zegoen, mundu honetan ume hark leku bat, edozein, izan zezan. Ez zen neska beso haien artera zihoana, mutila zen hartara bultzatzen zuena. Erditu ondoren, ederra eta gartsua izango zen berriro. Eta Bacisek supituki ulertu zuen, nagusia izanik, erraz gertatuko zitzaiola neska berriro bereganatzea. Baina, ez zitzaion axola; ez zen hori axola zitzaiona. Bere onetik ateratzen zuen Luigi babo horrek kendu ahal izango liokeela pentsatzeak. Eta ez jelosiaz (Aghiosi benetan esaten zion), baizik eta ezin zuelako onartu babo batek Anaren bizitzaren gainean eskubidea izaterik. Zer bihur zitekeen Ana samurra halako morroi baten eskuetan? Berak, orain, besoetan hartu eta bizitzan zehar eraman nahi izango zuen. Jada ez zen desira sentitzen zuena; maitasuna zen.

        — Desira pilatzen denean, bere itxura galdu eta maitasun bihurtzen da. Mundu honetako gauza askok aldatzen dute beren itxura pilatzen direnean —esan zuen Aghios jaunak seguru antzean. Ez zuen berehalakoan adibiderik topatu eta ez zen pozik geratu topatu zuenean—. Begira, ardoak sortzen duen alaitasuna mozkorraldi bilakatzen da —gero, gogoetatsu—. Baina egia da desirak bere pilaketatik sortzen den maitasunak baino sutsuagoa dirudiela.

        — Nik zer dakit —esan zuen Bacisek sorbaldak goratuz—. Momentuz, eta Anarekin hitz egitea lortu nuen arte, maiteminez sutsuago sentitzen nintzen, desiraz inoiz izan nintzena baino. Orain ez dakit nola sentitzen naizen. Ohetik salto egin nuen, ezin nintzelako une bat gehiago doilorkeria-egoera hartan bizi. Anarekiko garbitu beharra nuen. Jantzi eta leihotik salto egin nuen. Zakurrek marmar egin zuten, ez zeudelako ohituta ni hain berandu ikusten. Baina ez zitzaidan axola ikusten ninduten ala ez eta neure ohiko ibilera lasaiez abiatu nintzen. Anaren ate aurrera iritsi eta jo nuen. Hark, bestaldetik, xuxurlatu zidan: «Zergatik etorri zara? Ondo dakizu ezin dudala». Neure bisitaren arrazoia adierazten saiatu nintzen. Mintzatu besterik ez nuen nahi. Baina ez zidan sinetsi eta esan zidan egunez ere bazegoela mintzatzerik. Ireki zidan azkenean, baina soilik, irekitzen ez bazidan, atea ostiko batez irekiko nuela ozenki esan nuenean. Ireki zidan, bai, baina luzaro, gure elkarrizketa latza gertatu zen; besarkada bat baino borroka bat zirudien. Ariman pilatuta neuzkan hitzik eztienak esan nizkion, baina ez zidan sinesten, izan ere bazirudien —oharkabean— desiraren garaietan antzekoak erabili nituela, ahalik eta azkarren neureganatzeko baliabide guztiak erabiltzen nituenean. Gero, niri sinestea galarazten zion beste arrazoi bat ezagutu nuen. Giovannik berarekin hitz egin zuen eta sinestarazi zion ez zegoela pentsatzerik ere ni bezalako nagusi batek bere aberastasunari uko egingo zionik bera bezalako neskametxo batengatik. Sinetsi egin zidan baina soilik ezer eskatu gabe alde egiteko prest nengoela ikusi zuenean. Beraz, bakarrik neure maitasunaren berri ematera etorria nintzen. Nire maitasuna sinetsi zuen, nigan desirarik ez zegoela ikusi zuenean. Bitxia, ezta?

        Bacisek berriro edan eta isilik geratu zen. Aghiosek, ardoak temati bihurtzen baitzuen, bereari eutsi nahi zion. Argi utzi nahi zuen Ana haren maitasunaz ohartu zela soilik sentitu zuenean haren desira hainbeste pilatu zela ezen, besarkadekin asetzea ezin espero baitzezakeen. Baina ez zituen hitzak aurkitu. Bacisek ere asko edan zuen. Masailak gorrituak zituen eta bere ile ederra, horia eta leuna bekokian erortzen zitzaion buruari eragitearen poderioz, haren mugimenduak hitzei laguntzen baitzien haien erritmo berera egokitu nahi izan balu bezala. Errukia sortzen zion eta ez zuen ahorik ireki, Bacisek, lasai izaten ahalegintzen zen ahots batez, zera esan zion arte:

        — Hemendik irten eta trenera igotzeko ordua dela iruditzen zait.

        — Ez dago presarik —esan zion Aghiosek erlojuari begiratu ostean. Unetxo batez itxaron zuen, baina gero irrikaz galdetu—. Eta gero zer? Nola amaitu zen?

        — Oraindik ez da bukatu —esan zuen—. Gau hartan Berta edo bere aita topatu izan banitu, Anari aitortutakoarekin lortua nuen lasaitasuna areagotzeko, harekin eta ez beste inorekin ezkontzeko neure asmoa adieraziko nien. Ordura arteko lasaitasun eder hura ez zitzaidan aski. Baina ez nituen orduan topatu. Eguzkiaren argitan ikusi nituen eta zuhurtziaz jokatu nuen. Agian, halako jarrera-desberdintasuna uler daiteke denbora gehiegi neramalako gaua maitasunari eta eguna neure interesei emana. Udinera, neure ama ikustera, joan nahi nuela besterik ez nien esan eta berehala Milanera joan nintzen.

        — Zergatik Milan? —galdetu zuen Aghiosek erdi lo.

        — Ezkontsariaren kontura Bertaren aitak utzi zizkidan hamabost mila lira haiek berreskuratzeko —esan zion Bacisek, besteak gogoratzen ez zuelako harrituta. Nola egin nezakeen orain Bertarekin ez ezkontzeko, zor hura aurretik ordainduz ez bazen?

        Ardoaren eraginez bere aldarteak traizionatzeko prest, Aghios barrez hasi zen. Gogoratu egin zen arratsalde hartan bertan bagoi berean hiru gizon zeudela eta hirurek sakela bete diru zeramatela: ikuskatzaileak ehun eta berrogeitamar mila (gutxixeago agian, harro samarra baitzirudien), berak, ez berrogeitamar, baina bai hogeitamar mila eta Bacisek hamabost mila (hamar mila bakarrik ez baziren bederen).

        — Biletetan? —galdetu zion barrea pasa zitzaionean.

        — Ez nuen dirua lortu —esan zuen Bacisek goibel—, eta batek daki noiz lortuko dudan. Neure anaia Hugok ezin dit zorra itzuli, ezkontzeko asmoa duelako. Tarte honetan berak ere nirea bezalako afera bat izan du.

        — Bi andrerekin? —galdetu zuen Aghiosek, dagoeneko arreta garrantzirik gabeko xehetasunetan baino ezin zuen jarri eta. Eta berehala pentsatu: «Familia-gaitza dirudi».

        Bere oroimenak, bere pertzepzioak bezala, argi zirauen eta ez zitzaion ahaztu Bacisek erantzun ziola anaiarena andre bakarra zela, baina nahikoa anaiari bere zorra ordaintzea eragozteko. «Jakina» pentsatu zuen Aghiosek, bere esperientziak oso gogoan baitzituen. «Andre bakar bat nahikoa da gauza asko eragozteko».

        Aghiosek, azkenik, kontua ordaindu zuen. Eskupekoa barne, berrogeitamar lira haragi hotz pixka bat eta bi ogi zatiren truke! Tren luze-luze baten azken bagoian igo ziren, bidaztientzat egokitutako bagoi bakarrean. Aghiosek hain sendo sentitzen zituenez zangoak, bagoitik jaitsi zen kuxin baten bila. Ordaindu eta itzultzeko prest zegoenean, bere bidelagunarentzat ere beste bat hartzeko ideia bururatu zitzaion.

        Garaile baten gisa igo zen berriro; bi konpartimentuetatik gustukoena aukeratu eta bere azken oparia eskaini zion Bacisi. Hark ez zituen sekula gondola, afaria eta kuxin hura ahaztuko, guztiak lehendabizikoz ikusten zuen pertsona batek egindako opariak. Baina berak ere ez zituen ahaztuko ez Bacis, ez Berta lodia, ez Ana fina. Ezta Giovanni ere, morroi baliagarriaren senaz beteta nonahi hazten zen giza landare hura. Areago, Aghios jauna Giovannirengan eta bere bizitzan zehar ezagutu zituen Giovanni guztiengan pentsatzen etzan zen. Mundu honetan izan zitezkeen beste fortuna guztiei uko egiten zioten eta beste norbaitekin elkartzen ziren modurik apalenean beste harena partitzeko. Haientzat ez zegoen nagusi bihurtu ahal izango liekeen garapen zoroen itxaropenik, ez eta norberaren indar ausarten ondorioz lortutako aberastasunik. Haiek nagusiari itsatsita bizi ziren, huntza arbolari bezala. Bere gogo iluna lozorro erortzear zegoenean, Aghios jaunak pentsatu zuen Darwinek ez zuela dena ulertu. Gizonak eta andreak ez zituen animalia batek sortu, animalia bakoitzak pertsona mota jakin bat baizik. Mundu honetako Giovanni guztiak Niloren ertzetan krokodiloei hortzaginak garbitzen zizkieten txori haien eboluzio geldoaren ondorio ziren. Agian, krokodilo haiek karieak jota zeuden eta txori haien jana, krokodiloarenarekin alderatuz, nagusiek Giovannitarrei uzten zietena baino ugariagoa zen.

        Lo gelditzeko puntuan zegoenean, ontasun-pentsamendu sutsu batek begiak berriro irekiarazi zizkion. Bidelagunari begiratu zion. Bagoiko argi mendrearen pean, bere eserlekuaren parekoan etzanda ikusi zuen, bera bezala, ile hori argia kuxinaren gainean jarrita. Hark, ordea, begiak eskuaz estaltzen zituen. Agian, esku haren azpitik negarrez ari zen. Eta Aghios jaunak pentsatu zuen: «Hona hemen bi gizon. Nik sakelan gizon honi larritasunetik erauzteko behar dena baino bi (edo hiru) aldiz gehiago daukat. Baina ezin diot eman, zeren bestela, beste hiru hilabetez oso interes handia ordaintzen jarraitu beharko bainuke. Beraz, nik ez dut interesik ordaindu nahi eta, ostera, nahiago dut Bertarekin ezkonduz sufri dezan, eta Bertari sufriaraz diezaion, eta batez ere, Ana gajo hari, zeina Luigi pizti malapartatu haren eskuetan erortzear baitago naturako mamu bat den Giovanni, morroi idealaren laguntzaz».

        — Entzun, Bacis! —deitu zion eta besteak eskua begietatik kendu eta begiratu egin zion—. Nik ez dut zure arazoekin zerikusirik, noski, batez ere ezin dizudalako haiek konpontzen lagundu. Baina, oraingoz, premiazko gauza bakar bat dago: Anak presazko erabaki bat hartzea galaraztea. Ez dago presarik. Umetxoa oraindik urrun da. Zergatik ez diozu dena osabari kontatzen? Ordaindu ezin denean, ezin da eta ez da ordaintzen. Zentzugabea da hamar edo hamabost mila lira maileguan hartu izanagatik salduta sentitzea. Zordun geratzen da eta lehen bezain adiskide. Besteak interesak hartuko ditu eta egin dezake. Bizitzan, lehenago edo geroago, zortea iristen da. Ordaindu egiten da eta norberaren borondatez libre zenean baino libreago bizi da. Zortea zuri edo niri irits dakiguke. Eta zuretzat gauza handia izango litzateke niri iristea. Hala balitz, zin egiten dizut Torlanora korrika joango nintzatekeela zu zeure arazotik libratzeko. Triesten hogeitamar mila lira izango ditut, jakina (eta bularraldeko sakela ukitu zuen), baina ezin dizut diruaren zati bat ere eman dena bihar bertan behar izango dudalako. Zu aurkitu ez bazintut hain aspergarria gertatuko zitzaidan bidaia hau, hain zuzen, dirua notario baten aurrean emateko egiten ari naiz .

        Besteak eskerrak eman zizkion ahopean eta berriro ere begiak eskuaz estali zituen argitik babestu nahi balitu bezala. Aghios jauna atsekabetuta geratu zen. Egia zen ezin ziola besteak behar zuen hori eman; baina tamalgarria zen aldi berean, bidaia hura, zeina bere ontasuna Lombardia, Veneto eta Friulin zehar barreiatzeko hasi baitzuen, irakaspenezko edozein alegietan bezala, norberekeriazko ekintza batekin amaitzea (gaua lotarako zen eta ez zuen kontatzen). Bera gizon aberatsa zen, bestea pobrea; bera astakirtena, bestea (pobrea izanik) argia, mundua bere horretan ikusten duena, hor non babes beharrean diru zikina ez diren beste ondasun batzuk baitaude.

        Eta bazegoen atsekabetzen zuen beste gauza bat ere. Emaztea berarekin ekarri izan balu, agian dena konpondu ahal izango zen. Bera zen eskupeko txikiak ematen zituen zikoitza, baina emazteak behar zen beste ematen zuen... nahi izanez gero. Istorio guztia nola zegoen kontatuz gero, agian, hunkitu egingo zen. Gizajoari hamar mila lira eskaini ahal izango zizkioten (hamabost mila ez, inondik inora).

        Lehertu zen azkenik. Altxa, sakelatik bere txartela atera eta Bacisi luzatu zion:

        — Hobeagorik aurkitzen ez baduzu, zatoz nigana Triestera edo idatz iezadazu. Ez ezazu itxaropenik gal eta, bitartean, galarazi ezazu Ana gajoak astakeriaren bat egitea.

        Bestea ere, altxa egin zen. Baina kortesia-keinu bat izan zen, sinetsiko ez balu bezala. Eta xuxurlatuz:

        — Eskerrik asko. Triestera joango naiz.

        Berriro etzan zen eta, Aghios jaunak etzateko keinua egin bezain laster, begiak eskuaz estali zituen.

 

 

 

© Italo Svevo

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia