4. VENEZIA

 

        Geltokitik irten ziren, beren bi ekipajeak gordailuan txartel bakar baten truke utzi ondoren.

        Aghios jaunak plan jakin bat zuen: baporetxoarekin Riva del Carbon-era joan eta handik, oinez eta nagiak ateratzeko, San Markosera. Bestalde, bakarrik ibiltzeko moduan ezagutzen zuen Veneziako karrika bakarra zen eta lagunak, Veneziara zetorren bigarren aldia izanik, ez zuen gehiegi ezagutzen.

        Beraz, baporetxora abiatu ziren. Aghios jauna txartelak erosteko zorian zegoen, oraindik bere gonbitea erabat onartu ez zuen laguna atzetik zuela, eta norbaitek deitzen zuela entzun zuen:

        — Aghios jauna!

        Jiratu egin zen. Bortolo zen, Muranoko gondolaria. Aghios jaunak estimazio handiz agurtu zuen:

        — Zer moduz? Zer egiten duzu hemen oinezko gisa? Gondola saldu duzu ala?

        Gondolaria, berrogeita hamar bat urteko gizona, luzea eta argala zen, gihar hutsa goitik behera, eta begi urdin eta bizi bik argitutako aurpegi zimurra zuen. Maitagarri eta adeitsu agertu zen eta, ezer baino lehen, Aghios jaunaren osasunari buruz galdetu zuen, gero Eleonora andrearenaz eta azkenik semearenari buruz. Orduan, eta ez lehenago, esan zien gondola hantxe zuela, haien esanetara:

        — Egingo zenidake ohore? Goazen San Markosera.

        Aghios jaunak barre egin eta tratua egin nahi izan zuen. Galdetu zion ea zenbat ordaindu beharko zuen gauerdia arte, bere trenaren ordua arte, gondola eskura izateagatik.

        Bortolok ez zuen traturik egin nahi izan. Beti zen horrela. Gero, zerbitzua amaituta, ez zen erraza izaten hura pozik uztea. Gondola hark Aghios jaunak entzutez ezagutzen zuen dibertsiozko lokal baten antza zuen: sarrera librea zen, ordaindu, irteeran ordaindu behar zelako.

        Baina, beti bezala, Aghios jauna bat etorri zen. Hitz egin baino lehen bazekien besteak zer erantzungo zion baina, hala ere, aurretik hitz egin nahi izan zuen ordaintzeko ordua iristen zenean neurriak hartuta izateko.

        Lagun gaztea berarekin joatera gonbidatu zuen eta, Bortolok gidatuta, moilara jaitsi ziren. Bortolok baltsa batera egin zuen salto, gero gondola batera eta, azkenik, berea zen hartara. Zutitu egin zen, jeneral bat gudu-zelaian bezala, eta mugitzeko eta ibai-bazterrera iristeko bide egiteko modua bilatu zuen. Ondoan zegoen bati mugitzeko eskatu zion, baina besteak hitz zatarrez ezetz erantzun zion. Azkenean Bortolok zerbait erabaki behar izan zuen eta esan:

        — Aghios jaunak ederki ezagutzen du aintzira eta nik ikusia daukat Canonica ibai osoa txalupaz txalupa saltari zeharkatzen. Eta zu (eta Aghios jaunaren lagun ezezagunarengana jiratuz) ez dakit zure izena, baina bistakoa da gaztea zarela eta erraz egingo duzu salto. Lagunduko dizuet.

        Ibai-bazterrean lotutako lehen txalupara itzuli zen, txopan belaunikatu eta bere beso sendoa eskaini zion Aghios jaunari, zeinak baltsara erraz saltatu baitzuen. Lagunak balantzaka jarraitu zion. Zailagoa izan zen zeharkatu behar zuten beste gabarra arina igarotzea. Mutila uretara erortzeko, eta berarekin Bortolo bera eramateko, zorian egon zen. Une txar bat izan zen hura; Bortolo onik atera zen, baina mutikoak min hartu zuen belaunean gabarraren ertza jo baitzuen.

        Bortolok ez zekien nola adierazi gertatutakoak sortzen zion nahigabea. Esaten zuen ez zekiela txalupak ezagutzen ez zituen pertsona zenik:

        — Sentitzen dut, benetan. Badakit zeinen minbera den belaunezurra haustea.

        Aghios jaunaren lagun berria bere lekuan egokitu zen eta belauna igurtzitzen zuen.

        — Ez da ezer izan —esan zuen marmarka—. Nire errua izan da. Arreta gehiago jarri behar nuen.

        Eta zer moduz zegoen galdetzen zion Aghios jaunari ere, ez zuela hartaz mintzatzea merezi esan zion.

        Gondola abiatu egin zen ur gardenetan. Jada desagertua zen eguzkiaren azken printza ahaztuek argitzen zituzten eta opari bat, fereka bat ziren udazkeneko soro-zelaietan zehar bidaia bat egin duenarentzat. Aghios jaunak plazara bide motxenetik eramateko agindu zion Bortolori. Itzultzean Ubide Nagusitik igaroko ziren.

        — Giacomo Aghios deitzen naiz —esan zuen Aghios jaunak albokoarengana jiratuz. Ziurrenik, gondolariak mutilaren izena ez jakiteaz lehenxeago esan zuenak bultzatu zuen aurkezpen hura egitera.

        Mutilak Aghiosek luzatzen zion eskua estutu eta une batez zalantzan geratu zen. Baina berehala azaldu zuen bere zalantzaren arrazoia:

        — Hori kasualitatea! Ni ere Giacomo naiz. Giacomo Bacis. Izenak argi erakusten du Friulikoa naizela. Zu ere bai, ezta?

        — Ez, ez! —esan zuen Aghios jaunak eta barre egin zuen gogotik—. Ni zelta baino askoz antzinagokoa den arraza batetik nator.

        — Grekoa? —galdetu zuen Bacisek liluraz.

        Aghios jaunak baietz esan zion.

        — Erosoa da —esan zuen— beste arraza batekoa izatea. Beti bidaiak egiten ariko bazina bezala. Pentsamendua libreagoa da. Eta gehienetan ez nator bat italiarren ikuspuntuekin, eta ezta grekoen ikuspuntuekin ere. Nire adostasuna lortu zuen azken grekoa Sokrates izan zen.

        — Ni —esan zuen Bacisek— bi hizkuntza eta dialekto bat dakizkien friuliar horietako bat naiz. Beraz, ni ere bidaiatzen ari naiz.

        Milango geltokiaz geroztik estreinakoz barre egin zuen, barre ugaria, haurrarena bezalakoa, eta berehala hurbildu zuen Aghios jaunaren bihotzera, eta agureak pentsatu zuen: «Zein argia den nire lagun berri hau. Berehala eta oso-osorik ulertu du bidaztia aparteko pertsona bihurtzen duen teoria, eta nik horren gauza sinplea egiteko kasik hirurogei urte behar izan ditut».

        Trenbidearen zubia igarota, begiratu bat egin ahal izan zioten Ubide Nagusiari. Arratseko erdilunaren apaltasunak hobeto nabarmentzen zituen ur haren eta marmol haien gaineko kolore eta lerroak.

        Halako batean ibaian sartu ziren, eta han ubidearen forma izugarriak murriztu eta itxura kapritxosoen arabera aldatzen ziren, zeinak haien zentzumenak oraindik askatu ez dituen melodia ozen baten jarraipena, edo areago integrazioa, baitziren. Venezian zinez pentsa daiteke eraikuntza bikain guztiek zatiren bat utzi eta zati horiek izaki txikiak osatzeko balio izan dutela. Izaki txiki horien arteko antza xehetasunetan egongo litzateke baina erabat desberdinak izango lirateke espresioan.

        Eta ontasunaren gondola (han zeudelako Aghios jauna, eta berak tristura handi batetik erauzi zuen laguna, eta haientzat pozik arraun egiten zuen gondolaria) ibai ilun, misteriotsuan aurrera zihoan. Batzuetan marmolezko atrakaleku handi batean zabaltzen zen, besteetan berdeak gainezka egiten zuen pareten artean estutzen, iluntasunean nabariak baitziren harri eta ur gazizko giro hartan bizirik zeuden arbolak.

        — Zoragarria —xuxurlatu zuen Bacisek.

        Pozaren pozez, Aghios jauna ez zuen azalak hartzen. Gure hizkuntzan esan daitekeen modurik sutsuenean eskerrik beroenak eman balizkiote bezala izan zen hura. Eta berak, aldi berean, arbaso piratei diosal adeitsu bat egin zien, beren txalupa txikietan atera baitziren munduan barrena bitxiak bilatu, etxera eraman eta han guztiontzat bikain izateko moduan jartzeko. Batek daki nondik etorria zen ibai ilunean ate baten aurrean uraren garaiera erakusten zuen harri zuri hura. Litekeena zen borroka baten erdian pirata bat hari begira geratu izana eta, ibai lasaiko bere gela lotiaz gogoratuz, gauza pisu hura kargatzea, jada bukatuta zegoen etxe batean lerro berri bat marrazteko?

        Aghios jaunak Veneziaren historia eta Venezia bera oso arinki ezagutzen zituen. Horregatik bihurtzen zituen bere ezagupenak hain erraz sentimendu. Beste greko batzuek ere ezjakintasuna sari bihurtu zuten. Berak jauregi bat edo besteren izena ezagutzen zuen, baina batez ere bazekien zein zen ubide txikietako eta Ubide Nagusiko jauregien arteko desberdintasuna; azken horiek fatxada apainduak, zoragarriak zituzten, nahiz eta batzuk apur bat harroskoak izan inguruko handitasunarekin lehian baleude bezala, eta ostera, alboetako ubideetako jauregiak karratuak eta osoak eta inguruari egokituta zeuden, hori zen behintzat garrantzitsuena. Ez zuen Venezia ezagutzen, baina teoria bat zuen Veneziari buruz.

        Gero ikusi zen Aghios jauna cicerone txarra zela. Noal ibaia ikusteko gogo bizia sortu zitzaion, urte asko baitziren ez zuela hura ikusten, eta ubideetatik pasatzen ziren bitartean, eta baita Saluteren eta San Markosen aurrera iristen ziren bitartean ere, ez zion ibai zabal, lasai eta apal hartaz hitz egiteari utzi, zeina bizitza lasaiak eta edertasun-beharrak baino ez baitzuen ondu.

        — Goazen ba —proposatu zuen Bacisek ahapeka.

        — Ezin da —esan zuen Aghiosek hasperen batez—. Zortziak dira. Plazan ordu erdi bat galduko dugu ziurrenik. Gero, zorioneko Bortolo honekin, gutxienez ordu bete beharko dugu plazatik geltokira iristeko eta, amaitzeko, jan ere egin beharko dugu, zeren gauez gure trenean ez baitugu ezer aurkituko Triestera iritsi arte.

        Bestalde, eta barne-barnean, Aghios jaunak onartu behar zuen: ez zitzaion arratsalde hartan Noal ibaia ikustea komeni. Urrutian hain desiratua, plazatxoaren gainean jarrita eta San Giorgorantz begiratuz, zerbait izugarria bihurtzen zen. Desirak eta hura lortzeko ezintasunak edertzen zuten.

        Eta dogoen jauregiaren aurrean ere, Aghios jaunak Venezian zegoen zurezko zubi bakarraz hitz egiten jarraitu zuen, hura ere bere ibaian... Gero, bera ere ohartu zen ezin ziola Noal ibaiaz hitz egiten jarraitu hura sekula ikusi ez eta San Markoseko elizari txundituta eta kontzentratuta begira ari zitzaion inori.

        Orduan, Aghios jaunak hitz egin zion Veneziak bizi izan zuen ordu laurden ikaragarriaz, ez gerra garaian, askoz lehenago baizik, Campanilea erori zenean. Eta kontatu zion nolako ikara sortu zuten Jauregiaren egoerak, Bibliotekaren lerradurak eta Canonica ibaira ematen duten pareten eskoramenduak, bendaje haiek izugarrizko arriskua baitziren eta baita haginekoarena bezalako oinaze bat.

        Aghios jaunak proposatu zion Bacisi, elizaren aurrean gera zedin berak salto batean Mercerie kalean bere egitekoa betetzen zuen bitartean. Eta, abiatuz, Aghios jaunak benetan pentsatu zuen: «Hobeto ikusiko du Venezia bakarrik uzten badut. Nik, poeta honek, ez dakit neure inpresioak adierazteko balio duen ezer esaten. Historiaz ezer ez dakit, estiloak ez ditut ezagutzen, beraz...». Eta konturatu egin zen nahikoa zela pertsona bakar baten konpainia luzea bidaiaren askatasun handia zapuzteko. Ba al zegoen ezagutzen ez ziren gauzei buruz hitz egin beharra baino askatasun kaskarragorik? Eta gero pentsatu zuen: «Ez al litzateke hobe izango lagun berriagandik banatzea?». Mingarria gertatuko zitzaion, berak bat-bateko estimua sentitzen zuen gizona baitzen. Eta zalantza uxatu zuen pentsatuz beretzat hobe zela ezagutzen zuen norbaitekin igarotzea gaua. Bularraldeko sakela ukitu zuen.

        Meuli jauna, berrogeita hamar bat urteko gizona zen; oraindik ilehoria, baina burusoil, lodi eta konkortua. Dendan zegoen saltzaile batekin eguneko balantzearen antzeko zerbait egiten. Paper txiki batean idatzitako oharrak aztertzen zituen, saltzaileak belusezko kutxa batean briliante solteak kontatzen zituen bitartean.

        Aghios jauna sartzen ikustean, ez zion lanari utzi eta, papertxoari eta saltzaileari begirik kendu gabe, galdetu zion:

        — Nolatan zu hemendik?

        Aghios jaunak emazteak agindutako mandatuaren berri eman zion. Ehun mila baino gehiagoko negozio bat zekarkion, baina ez zirudien horrek Meuli hunkitzen zuenik. Areago, babesle-jite bat hartuz esan zuen:

        — Pozik nago perlazko lepoko hori beste inori agindu ez izanagatik. Horretan geratzen gara beraz. Zure emaztearen adiskidearentzat perlazko lepokoa gordeko dut eta kito; dena esanda dago —eta gero—. Venezian geldituko al zara?

        Aghiosek gauerdian irten behar zuela erantzun zion.

        — Merkantzi trenean? —esan zuen Meulik harrituta.

        — Ezin zen besterik egin. Veneziara arratsaldeko zortzietan iritsi naiz eta Triesterako tren azkarra seietan irten da. Triesten goizean goiz egon beharra daukat.

        Meulik barrez begiratu zion. Aghios horren pertsona motela iruditzen zitzaion ezen, bitxia iruditzen baitzitzaion azkar ibili behar zuela entzutea.

        Aghios jauna Meuli ohi baino konkortuago eta zurbilago topatu izanaren irudipenarekin atera zen dendatik. «Gaixorik ote zegoen? Dirua egiten hain okupatuta zegoenez, konturatu gabe hil zitekeen».

        Heriotza bizitzaren ezinbesteko premisa da eta Meuli bezalako jendearena ez zegoen zertan gehiegi dolutu beharrik. Kontua ez zen Aghiosek heriotza opa zionik, batez ere Meulik utzitako lekua beste Meuli batek beteko zuelako; baina, egia esan, ez zegoen Meuli hori gehiegi deitoratuko zuen inor. Arreba pobre bat edo beste uzten zituen eta haren heriotzarekin azkenean aberastu egingo ziren.

        Meuli eskola-lagun izan zuen Triesten. Gero, munduan zeharreko bizitza abenturazale bati ekin zion. Ez zuen hari buruz gehiegi hitz egitea maite, baina esaten zen Jamaikan esklabo-tratulari ere izan zela. Dena den, Triestera sosik gabe eta zarpailtsu itzuli zen. Baina beste zerbait zekarren berarekin: zazpi hizkuntzatan mintzatzen zen, bat bera ere idazten ez zekien arren. Aghios jaunak bazekien ingelesez hitz egiten eta harrituta gelditu zen bezero batekin hizkuntza hartan hitz egiten entzun zion batean. Hitzak aho anglosaxoniar batetik aterako balira bezala ahoskatzen zuen. Litekeena zen agurtzeko eta inor korapilatzeko behar zituen hitz apurrak besterik ez ezagutzea, baina hala ere zoragarria gertatzen zitzaion Aghios jaunari, hainbeste urtetan ingelesa ikasten eman ondoren ahoa irekitzen zuen bakoitzean inork ez baitzion ulertzen.

        Pirata berriak, bere etxea apaintzeko harri bat ekarri beharrean, hura eraikitzeko zazpi hizkuntza ekarri zituen. Baina horretarako beharrezkoa zen zazpi hizkuntza haiei etekina ateratzeko modua aurkitzea, idazten ere jakitea eskatuko ez zioten leku batean. Eta txori harrapariaren begiz, Meulik munduko punturik internazionalena aurkitu zuen: San Markos plaza. Han lehorreratu behar zuen. Baina ez zen erraza, itxura harekin eta sakelan sosik ere ez zuela. Eta horretan esku hartu zuen Aghios jaunak, bizitza beroagoa egiten zioten ekintza horietako batekin: Meuliri jantzi batzuk, zapatak eta barruko arropa oparitu eta sakelan dirua jarri zion.

        Urteak igaro ziren eta Meulik gora egin zuen, arrotzekin hizkuntza bakoitzeko ehun bat hitz erabiliz eta haiei hasieran farfailak eta gero brilianteak salduz. Behin batean, Aghios jaunak bihotza emaztearekiko eskerronez beteta sentitu zuen. Noizean behin gertatzen zitzaion. Iruditzen zitzaion hartaz gutxi arduratu izan zela, emaztea, aldiz, beragatik etengabe arduratzen zenean. Baina, halako hartan, menturak sakelan ohikoa baino diru gehiago eduki zezan nahi izan zuen eta perlazko lepoko bat oparitzea erabaki zuen. Aghios jaunak gauza haietaz ez zekien deus ere baina ideia bikain bat izan zuen: Meuli adiskide zaharra zuen eta hainbeste zor zion ezen, hartaz fio ahal izango baitzen. Erosketaz arduratzeko eskatu zion eta bitxia iritsi zenean zalantza izpirik gabe emazteari eman zion. Eleonora andreak oparia eskertu zuen baina, aldi berean, prezioa jakin nahi izan zuen eta berehala Meulik iruzur egin ziola oihu egin zuen. Perlazko lepoko hura neurri guztietako maspilez josia zegoen.

        Aghios jauna haserretu eta Veneziara joan zen korrika. Dirua erraz berreskuratu zuen baina hura ez zitzaion aski eta Meuliren azalpenak nahi zituen. Hark azkenean, eta halako tristura batez, esan zion bitxiak ez zirela gutunez erosten. Perlen kasuan bereziki pisu eta neurriak ematea ez zela nahikoa. Halako agindu bat jasoz gero, bitxi-saltzaile zahar baten bihotzak onartu egin behar zuela Probidentziak eskaintzen zion opari berezi hori.

        Kontu hura erabat konponduta egon arte, ez zen hitz egin Aghios jaunak egin zion antzinako mesede hartaz. Baina, behin batean, Meuli harrotu egin zen kontu hura bertan behera uztean izan zuen jokabide zintzoaz. Aghios jaunak ezin izan zuen halakorik isilik jasan eta oroitarazi egin zion Meuliri Venezian haren harrapakina jasotzeko lurreratzea posible egin zion mesedea. Meulik begiak bildu zituen, behinolako garaien iluntasunean ikusteko ahalegin handia egitera behartu nahi balie bezala. Gogoratu eta irribarrez esan zion:

        — Orduan, mesede horri zor diot eskaintzen zenidan begirunea? Mundu honetan ez dago babestua izatea baino gauza hobeagorik.

        Aghios jaunari izugarri gustatu zitzaion azalpen zorrotz hura eta esker txarreko lagunaren adiskidetasuna gorde zuen. Bistakoa zen, bederen hizkuntza batean, bazekiela gauza egokiak esaten. Baina harekin traturen bat egin behar izan zuen hurrengoan, begiak zabalik izan zituen. Horrela bien artean dena argi geratu zen eta haien adiskidetasuna ez zen gertaera tamalgarri harengatik lausotu.

        Bacis oraindik plazaren erdian zegoen liluratuta begira, Aghios harengana iritsi zenean.

        — Orain —proposatu zuen—, geure gondolan sartu eta txango eder bat egingo dugu geltokiraino.

        Abiatu ziren. Bazegoen Veneziako historian Aghiosek zehazki ezagutzen zuen gauza bat: dogoen jauregiaren sutea eta haren data. Baina, berehala berregin al zuten? Plazatxora bidean Aghiosek pentsatu zuen: «Nahikoa informatuta nagoen ala ez ikusi beharko dut». Eraikuntza zoragarri haren aurrean, festa haren aurrean, inork ez baitzuen pentsatzen ziegen eta estolden tristura ere gordetzen zuela, Aghios jaunak leihoen arteko eta baita erdiko balkoiaren arteko forma desberdintasunaz ohartarazi zuen Bacis. Alderik bikainena suteak ukitu ez zuen hura zen. Berriro eraiki zutenean dirua aurreztu nahi izan zuten ala zerbait berria asmatu nahi izan zuten? Egiatan ez ziren forma desberdintasun hura ezkutatzen saiatu, eraikuntza berriaren antolaketan nabarmena baitzen. Zein maite zuen Aghios jaunak Venezia bikaina eta Venezia apala ezkontzen zituen jauregi hura! Horra hor indar natural baten eraginak, suak, osatu zuen lana. Eta Italiako ministro batek jauregia sutearen aurreko itxura berarekin berregitea proposatu zuen, baina jauregiaren ondoan haziak zirenek uko egin zioten. Egun, Venezian edo beste nonbaiten suterik egongo balitz, antzinako diseinura jotzea beste erremediorik ez litzateke egongo, kanpandorrearekin egin zen bezala. Baina lehen? Garai batean suteak antzinako plantari aldaketak egiteko aukera bat baizik ezin zuen izan, zeina berriro asmatua izateko bezain bizirik baitzegoen.

        Makiladun gizonak lagunduta igo ziren gondolara. Hura Veneziako ibilbide guztietan egoten zen laguntzeko prest. Aghios jaun baldarrak asko eskertu zuen laguntza eta eskupeko bat eman zion irribarrez hain adeitsu izan zen gizonari. Behin Bacisen ondoan eserita, esan zion:

        — Makiladun gizona benetan beharrezkoa da Venezian eta, Veneziako beste gauza asko bezala, hutsala iruditzen zaio ezagutzen ez duenari.

        Igarotzen ziren heinean, Aghios jaunak ezagutzen zituen jauregien izenak esaten zituen. Sarritan zuzendu zion Bortolok, goitik solasaldiari adi baitzihoan, gondolan haiekin eserita balego bezala. Arraun bakarreko gondola da mundu honetako garraiabiderik motelena, zeren gondolariaren indarraren zati bat geldiaraztean galtzen baita eta, ondorioz, oso mantso ibiltzen da, ez museo batean baino azkarrago.

        Aghios jaunari ez zitzaion axola izan —gondolariaren zuzenketak zirela eta— ez horren jakintsu azaltzea. Arima barruan beste altxor batzuk zituen eta ez zuen haietaz mintzatzeko beharra sentitzen. Ubide Nagusiaren isiltasunean, gau ilun hura ariman ezabagaitz irarria geratuko zitzaion, zeinak oraindik distiratzen zuten hainbat gauza ikusteko argi nahikoa baitzuen. Eta, guztien erdian, ontasunaren txalupa hark ere distiratzen zuen: Bortolo gazte eta sendo hura, txopan tente, eta alboan mutiko hura, zeinari ordu erdiz nahigabe handi hura arindu ahal izan baitzion. Ez hori baino askoz gehiago, izan ere lehenxeago Bacisek negar-zotina zirudien hasperen bat igorri baitzuen. Aghios dardarka jarri zen oinaze-zantzu haren aurrean. Une batez zalantzan geratu zen kontsolamendu-hitzen bat esan ala ez, baina gero isiltzea nahiago izan zuen. Ez zegoen muturra sartu beharrik.

        Orain Bacis gondolan etzanda zegoen, lehenxeago bagoiko txokoan egon zen bezala. Luzaro isilik geratu zen. Eta luzaro pentsatua behar zuen hitzaldi batekin harritu eta hunkitu zuen Aghios jauna:

        — Ni ez naiz zuk, jauna, merezi duzun laguna. Gaurkoa nire bizitzako egunik zoritxarrekoena da eta ez dut sekula ere ahaztuko zu, zeure zintzotasunarekin, jasangarriagoa egiten saiatu zarela. Zuk esku hartu izan ez bazenu, ni orain geltoki goibel hartan gora eta behera ibiliko nintzen.

        — Eh! Geltokia ez da hain tristea! —esan zuen Bortolok umore onez—. Nora joan jakin behar! Badago taberna bat sekulako ardoa...

        Eta, arrauna utziz, eskuineko eskua ezpainetara eraman eta muin egin zion.

        Mutikoak ez zuen erantzun. Aghios jauna ere isildu egin zen, nahiz eta nahigabetu egiten zion hitz batekin ere ezin saritzea Bortolok haiek alaitzearren egin zuen ahalegina.

        — Ikusiko duzu —bururatu zitzaion—, egunik goibelenari beste alaiago batzuk jarraitzen diote.

        — Ez da posible —esan zuen Bacisek biziki.

        — Gazteek beti uste dute azkenera iritsiak direla —bota zuen Bortolok—. Mundua mundu denetik, adin horrekin egunean behin erortzen da.

        Hitz horiek aurrekoak baino hobeak izan ziren. Irribarre batekin Aghios jauna gondolariarengana jiratu zen:

        — Bada, gondolarien artean suizidioak urriak dira oso, baita gazteak zaretenean ere.

        Gondolariak apur bat pentsatu zuen erantzun baino lehen, eta aurrerantz makurtu zen arraunari kolpe indartsu bat emateko. Gero, berriro zutituz, esan zuen:

        — Egia da, bai.

        Berriro aurrerantz makurtu zen, mantso eta pentsakor. Eta, arraun eginez:

        — Gu, pobreok, hain ohituta gaudenez geure bizitza aurrera ateratzen, ez dugu nolanahi galdu nahi izaten.

        Indarrez, baina ahapetik, gondolariak ez entzuteko edo, Bacisek, Aghios jaunaren belarrira inguratuz, esan zuen:

        — Ni ere pobrea naiz baina nire oinazea handiegia da eta orain ez dakit zer egin aurrera ateratzea horrenbeste kostatu zaidan bizitza horrekin.

        Oinaze sumindua antzematen zen hitz haietan. Aghiosek ez zuen baina oinaze hartan pentsatu, ikaratuta bere buruan baizik. Ongi egin zuen halako lagun bat bere gain hartzen zeinak edozein unetan hantxe bertan bere buruaz beste egin baitzezakeen. Askoz atseginagoa gertatu izango zitzaion emaztea lagun izan balu.

        Berak ere ahapeka eta larritasunez esan zion Bacisi:

        — Espero dut nirekin zauden bitartean ez duzula zeure bizitzaren kontrako ezer egingo.

        — Ez, lasai egon —ziurtatu zuen Bacisek—. Bihar Udinen egongo naizela agindu dut eta bihar Udinen izango naiz, bai horixe. Gainera... nik ez dut hiltzeko gogorik. Hasteko, itxaropena daukadalako oraindik. Oso atsegina izan zara nirekin eta dena kontatuko dizut bakarrik gelditzen garenean. Begira, maiteminduta nago eta maitasun hori traizionatu dut. Orain desagertzea lotsagabekeria izango litzateke. Dena kontatuko dizut. Neure sekretua zuri kontatuz, ez dut inor leku txarrean uzten. Biharko zuk nire izena eta gora-behera guztiak ahaztuta izango dituzu.

        Aghios jaunak ez zuen ezer esan. Bazekien bidaiez gauza gutxi oroitzen zela. Aurpegiak igarotzen dira eta memoriaren txoko batean nahasita pilatzen dira; kolektibo, nazio, sexu bihurtzen dira baina sekula ez gizabanako. Amets batean bezala gertatzen zen: gau ilunean magnesio-txinpart batek gauzak eta pertsonak murgilaraziko balitu bezala da eta horregatik oso zail egiten da hartaz oroitzea. Bagoi batean hitz egiten da eta esaten den guztiak teoria lauso baten gustua dauka beste edozein bagoiaren antzekoa den bagoi haren barruan eta bagoi harekin zerikusirik ez duen paisaia batetik igaroz. Halaxe zen: hogei urte lehenago bera zihoan baporetik neskatxa batek bere burua bota zuen gauez; bera lo zegoen eta neskatxa hura ez zuen sekula ikusi. Baina, hain zuzen, bapore hartan zihoalako, berak ez zuen sekula neskatxa haren izena ahaztu. Irudikatzen zuen nola, uretara erori ondoren eta agian artean hondoratu gabe, ikusiko zuen argitutako baporea urruntzen, gaua eta heriotza gainera abailtzen zitzaizkion bitartean. Goizean ikerketa bat egin zen baporean, eta berak totelka erantzun zuen, errudun sentitzen zelako: bera lo zegoela, agian neskatxak bere oharkabetasunaz damuturik eta bizitzari uko egin baino lehen, laguntza eskatu zuen eta berak lagun ziezaiokeen. Baina hori zen heriotza, mentura berezi eta garrantzitsua. Beste guztia ahaztua zuen. Jakina, bere gogoetak salbu: andre eder, zakur, katu eta baita pertsonei buruzkoak ere. Baina ez aurpegikerak. Zaila zitzaion (gutxienez berari) aurpegiaren ezaugarri bat gogoratzea eta oso erraza, berriz, espresio bat gogoratzea.

        Bacisek, berriz ere, begiak itxiak zituen eta kuxinen gainean zetzan. Oinazearen oroitzapen biziegiak Veneziatik urruntzen zuen.

        Aghios jaunak lasai utzi eta bere gogoetetara itzuli zen. Maiteminduta egon zen eta traizio egin zuen harako hark. Hitz haietan gizonen eta andreen menturaren sintesia zegoen zinez eta Aghios jaunari iruditu zitzaion berriro zegoela abiada handian zihoan tren batetik gizonen eta andreen patuari begiratu eta pertsonek elkarren berdina duten aldea besterik ez ikusteko egoeran.

        Aintziraren isiltasun handian, gondola hartan bilduta zegoen bizitza besterik ez zuen ikusten. Eta nolabait ez zen bizitza bera, baizik eta hari begira zegoen begia. Hala ere, Aghios jaunak planeta osoan bizitza-eza irudikatu ahal izan zuen, nahiz eta granitozko jauregien aurretik igaro, non ez baitzen ziurra bizitzarik egotea. Egun batzuk lehenago, egunkari batean irakurri zuen lurra jada bizitzeko egokia zenean, txiripa batez beste planeta bateko bizitzaz kutsatu omen zela. Horrela dena uler zitekeen: hona behera iritsitako zomorro txikiek maitatzeari eta traizionatzeari ekin zioten eta dena hartu zuten, itsasoa eta lurra, maila guztietan hedatu eta maitatzen eta traizionatzen jarraitzeko.

        — Adi nengoen arraunarekin zaratarik ez egiteko eta inor ez esnatzeko —esan zuen Bortolok, gogorra baitzitzaion horren luzaro isilik egotea.

        Jakina! Ez zegoen aintzira isilik igaro eta, aldi berean, hura ahazteko eskubiderik. Pesaro jauregiaren aurretik igarotzen ari ziren, arteari eskainitako harri karratuzko tenplu ospela, eta Aghios jaunak Umberto Veruda, Triesteko pintore handia, aipatu zuen ozen, haren maisu-lana han baitzegoen.

        Bacisek une batez begiak ireki zituen baina berehala itxi zituen berriro. Aghios jauna, ordea, oroitzapen hark berpiztu egin zuen. Aintzira veneziako biztanle guztiena zen eta baita berea ere. Zulo hartatik igaroz mundu handira iristen ziren.

        Horren goian sentitzen zelarik, zergatik erori zen bat-batean Meuli, zazpi hizkuntzetako gizona, berriro gogoratzeko bezain baxu? Agian, inguruan zituzten gauza ederren erdian ordurako hunki ezina zirudien alboko laguna apur bat arintzeko gogoa izan zen. Eta izenik eman gabe, Meulirekin izandako gora-behera kontatu zion, alegia, egin zion mesedearen kontu hura eta hark nola ordaindu zion.

        — Baietz asmatu —esan zuen Bortolok— nor den lotsagabe hori...

        Eta beste bitxi-saltzaile baten izena esan zuen. Aghios kexatu egin zen baina Bortolok jarraitu zuen:

        — Ederki ezagutzen dut! Horrelakoak egiteko pertsona aproposa da hori.

        — Baina ezinezkoa da bera izatea, Triestekoa ez bada —esan zuen Aghiosek gogaituta. Inondik ez zuen nahi izango halako iraina uztea Ubide Nagusian barna egindako bidaiaren arrasto gisa.

        — Corfukoa da baina. Oraindik okerrago —bota zuen Bortolok.

        Aghiosek barre egin zuen horrenbesteko inozotasunaren aurrean, horixe baitzen eskupekoa handitzearren lan egin eta, aldi berean, hitz egiten zuen pertsonak erakusten zuena.

        — Eta halako batekin oraindik hitz egiten duzu? —galdetu zuen Bortolok biziki.

        — Jakina! Eta pozik! Oso bitxi-saltzaile ona da; oso gauza ederrak ditu eta nik neure adiskide guztiei gomendatzen diet, beti ere erne ibiltzeko ohartaraziz.

        — Irendutako adiskide asko izango dituzu —esan zuen Bortolok, eta arrauna ubidearen hondoraino sartu zuen, gondolari bultzada eder bat emanez.

        Aghiosek barre egin zuen gogoz. Gero Bacisi azaldu zion nola liluratu zuen Meuliren filosofia eder eta lasaiak.

        — Aurkikuntza ederra da mesede bati etekina ateratzearen hori —eta barre egin zuen—. Ematen dut, eta gero, berriro ematen dut, pausu bati beste batek jarraitzen baitio.

        — Gizon bikaina zara zu —esan zuen Bacisek ahots sakon batez.

        Ez zituen begiak berriro itxi, baina gogoeta sakonetan murgilduta zirudien. Aghios jaunak ikusarazi zion Labia jauregia apaltasun gehiegiz Ubide Nagusian alde batera gelditzen zela eta azaldu zion, kondaira batek zioela, hura inguratzen zuen ibaiaren sakonean, oturuntza bakoitzaren ondoren botatzen zuten urrezko ontziteria asko zegoela, baina Bacisek distraituta begiratu bat baino ez zion eman.

        Lehorreratzean, Aghiosek Bortolori zorra zenbatekoa zen galdetu zion. Bortolok hori jaunaren eskuzabaltasunaren gain uzten zuela esan zion. Aghios jaunak eskuzabala izateko ahal zuen guztia egin zuenean, Bortolok esan zuen:

        — Ondo da baina, ez duzu pentsatu ordu hauetan bakar-bakarrik itzuli behar dudala Muranora. Horregatik, zer edo zer gehiago mereziko dut, ezta?

        Eta ikusita Aghios jaunari kontuak ez ziola bihotza gehiegi biguntzen, Bortolok esan zuen:

        — Noal ibaitik pasa eta telegrama jarriko dizut. Ez nekien hain polita zenik. Horrela lehendabizikoz ikusiko dut.

        Hori gustatu egin zitzaion Aghios jaunari eta eskuzabalago izatera bultzatu zuen.

 

 

 

© Italo Svevo

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia