3. VERONA-PADUA

 

        Verona utzi baino lehen, ordea, konpartimentuak Aghios jaunak ezagutu uste zituen beste hiru bidaiari jaso zituen. Milango geltokian ustez ikusi zituen baserritarra, emaztea eta alabatxoa. Batez ere, neskatxoaren lasaiera handiko gona. Oraingoa geltokian lo ikusi zuena baino gazteagoa iruditu zitzaion, honek ez baitzituen hamar urte ere. Baina ezin esan, zeren begiak irekita dituen haur batek ez du begiak itxita dituen beste baten inolako antzik. Ama ondo jantzita zihoan, kapelu ordez setazko zapi bat buruan zuela. Zapi haren azpiko aurpegia, ziurrenik kanpoan ibiltzearen ondorioz zimur samarra eta, aldi berean, begi urdin, serios baina biziek leunduta ageri zen. Baserritarrak, leporik gabeko alkandora bazeukan ere, hiriko arropa janzten zuen. Andreak buruan zeukan zapia, zuri eta garbia, xarmangarria zen. Andre hura arbasoen legeetara makurtzen zen haiek bost axola zitzaizkion senarraren agindupean jarriz.

        Bazterrean zegoen mutilak zangoak tolestu behar izan zituen. Hitzik esan gabe egin zuen eta, zakarkeria bat iruditu zitzaion hori bidaia adeikortasunez betea nahi zuen Aghios jaunari. Bestalde, ezagunak berraurkitzen zituela iruditzen zitzaion eta pozik zabalduko zizkien besoak. Baina ez zen fidatu behar, zeren izan ere Aghios jaunak bi ezaugarri hauek falta baitzituen: orientatzeko sena eta aurpegiak ezagutzeko gaitasuna. Milanen, hainbestetan egon ondoren, ez zekien geltokitik Duomoko plazara bakarrik joaten eta gauza zen ezagunak ez agurtu eta edozein ezezagun agurtzeko. Ziurtasun osoz berak ezagut zitzan urte askotan tratatu beharra zegoen. Nagusitzerakoan hizkuntza bat ikastea zaila den bezala, horrelaxe berak ere ez zekien jende berriaren aurpegia buruan gordetzen. Agian orientatzea eragozten zion ezgaitasun bera zen. Izan ere, jendearen sudur eta begien inguruan badira kale, pasagune eta plazak eta, beren nimiñotasuna dela eta, ez da erraza horiek ezagutzea. Ezagutzen zituen ala ez nekazari horiek? Tren-txartelak, orain, andreak bere hatz mardul eta latzetan zeuzkan zabarki estututa; Milanen, ordea, gizonak zeuzkan. Horra hor desberdintasun bat eta Aghios jauna are zalantzatiago geratu zen.

        Borlinik ere begiratu zien txartel haiei. Aghios jaunarengana makurtu zen garrantzizko zerbait esan beharko balio bezala eta belarrira xuxurlatu:

        — Hirugarreneko txartela daramate.

        Hamar minutu baziren trena martxan jarria zela eta neskatxoak ingurura begiratzen zuen zerbaiten bila balebil bezala. Amaren altzora bildu eta esan zuen:

        — Ama, ikusi nahi dut.

        Berak ere kokotsean lotutako zapi batez estaltzen zuen burua. Aurpegi gorriska eta freskoa zuen, eta begiak, amak baino urdinagoak, handiak, eta kornea zuri eta argitsua haiek ere. Venezieraz mintzo ziren eta ziurrenik ez zetozen Milandik. Ama makurtu eta esan zion:

        — Begira ezazu ba. Baina ez dago ikusteko ezer.

        Ahapetik mintzo zen. Bazirudien isilik zeuden gizon haiek ikaratu egiten zutela. Aghios jaunak, aukera hobeagorik espero ez zuelarik, alde batera baztertu eta lekua utzi zien leihoaren ondoan.

        — Ikusi nahi du! Noski! Neuk ere bidaietan ikusi nahi izaten dut. Jar ezazu hemen.

        Neskatxoak amari begiez erregutu zion eta amak senarrari aholku eskatu. Hark irribarretsu:

        — Gizon hau hain zintzoa bada, ez dakit zergatik txikiak ez duen aprobetxatu behar. Gainera, ez gara asko egongo, laster ailegatuko gara...

        Eta arropa pilo hura besotan hartuz, Aghios jaunak utzitako lekuan jarri zuen.

        Neskatxoa ihes zihoazen soro-zelaiei begira jarri eta apur batez isilik gelditu zen. Gero, aurpegi osoa kristaletan itsatsi zuen eta Aghios jaunak irribarre egin zuen uste izan baitzuen hobeto ikustearren egiten zuela. Baina aitarengana mainak eginez jiratu zen:

        — Baina nik ikusi egin nahi nuen.

        — Eta ez al duzu ikusten? —galdetu zuen aitak harriturik.

        — Ez, ez dut ikusten! —oihu egin zuen neskatxoak eta amarengana itzuli zituen ateratzen hasiak ziren malkoek argiago bihurtzen zituzten begi haiek.

        Ama harengana inguratu eta aita eta neskatxoaren artean eseri zen eta, hortaz, Aghios jaunak berriz ere lekua uzteko mugitu behar izan zuen. Ardura, hala ere, baserritarrak esandako «barka beza berorrek» atsegin batez saritua izan zitzaion, Borlinik betaurrekoetan zehar gaitzespen adierazgarri bat luzatzen zuen bitartean. Amak galdetu zion:

        — Baina zer ikusi nahi duzu ba? Ez duzu dena ikusten?

        Neskatxoak negarrari eman zion:

        — Ez dut trena ikusten.

        Borlinik barre-algara bat egin zuen eta gurasoek ere barre egin zuten, nahiz eta haiek alabatxoaren ezjakintasunak apur bat lotsatuta. Aghios jauna izan zen hunkitu zen bakarra. Berak bakarrik sentitu eta jakin zezakeen norberak nola bidaiatzen zuen ezin ikustearen nahigabea.

        Bidaiak beste gustu bat izango zuen trentzar hura eta bere makina soro-zelaietan barrena suge azkar eta isil baten antzera aurrera egiten ikusi ahal izango balitz. Soroak, trena eta norbera aldi berean ikustea. Hura bai benetako bidaia! Eta irribarrez galdetu zuen:

        — Neskatxo polit honek egiten duen lehen bidaia da?

        — Bai —esan zuen andreak agudo—. Eta duela hamabost egun bidaia honetaz beste ezertaz ez du hitz egiten.

        Aghios hunkitu egin zen. Hamabost egun bidaia hura buruan, azkenean kaiola itxi hartan topatzeko! Umetxoaren irudimenean bidaia batek hamaika aldiz biderkatutako nekerik gabeko paseera batek adina poz sortu beharko zuela irudituko zitzaion. Hura desilusioa!

        Eta gero okerrena iritsi zen. Treneko begiratzailea agertu zen atean txartelak eskatzeko. Etorritako azken hiru haiek hirugarren klasekoak zirela eta alde egin behar izan zuten. Egia da hurrengo geltokian jaitsi behar zutela, baina bitartean bagoiaz aldatu behar zuten. Nahiz eta begiratzailea nahiko manera onekoa izan, ahotsak, hala ere, halako tonu larderiatsua izan zuen. Neskak negar egiteari utzi eta aitaren eta amaren artean izkutatu zen izuturik. Aghios jaunak begiratzaileari galdetu zion:

        — Geltoki batengatik, ezin al duzu ezikusiarena egin?

        Baserritarrak konpartimentutik atereak ziren jada. Begiratzaileak adeitasunez erantzun:

        — Neure betebeharra besterik ez dut egiten.

        Eta Aghios jaunari damutu egin zitzaion neskatxoaren bekokian, trena ikusi nahi izango zuten begi argi haien gainean, musu bat emateko ausardia ez izana. Bigarren klasekoa hirugarrenekoekin bat egiten. Borlinik bere oniritzia azaldu zuen:

        — Ordena beharrezkoa da.

        Aghiosek ez zion erantzun, txano zurian pentsatzen ari zelako, ea nola moldatuko ote zen korridoreko jendearen artean.

        — Ona, trenaren kontu hori —esan zuen Borlinik—. Ume askori kosta egiten zaio zenbait gauza ulertzea. Trena ikusi nahi du eta bera barruan da.

        Gero etxean bi ume zituela esaten hasi zen, bata sei urtekoa eta bestea lau urte t'erdikoa. Berandu ezkondua zen.

        — Jakina, behar bezalako egoera ekonomikoa lortutakoan.

        Bigarrenak garrantzirik ez zuten gauzak ikusten bide zituen: urruti igarotzen ziren automobilak eta ez bera zapaltzeko puntuan zegoena, goi-goiko jauregia eta ez igotzen ari zen harkaitza.

        — Trena ikusten ez zuen neskatxoaren neba balitz bezala —esan zuen Aghios jaunak.

        Borliniri, antza, ez zitzaion esandakoa gustatu.

        — Astakirten samarra izango da, baina nirea finagoa da.

        Eta jarraitu zuen kontatzen nola, egun batzuk lehenago Puccirekin paseatzen zebilela, kapa itzelez jantzitako bi karabinero ikusi zituzten kapelu napoleoniko eta guzti. Eta mutikoak, erabat izuturik, galdetu zion ea bi karabinero haiek bazekiten eurak ez zirela lapurrak.

        — Ba al da txepelago izaterik? —bota zuen Borlinik.

        Une hartan, bidelagunaren berriketa hutsal hark nolabaiteko interesa sortu zion Aghiosi. Zein gertu sentitzen zuen Pucci txikia, lapurtzat hartua izateko edo agian lapur izateko beldurrez bihotza taupaka zuelarik. Lapurra in fraganti harrapa zezaketen, baina lapurra ez zenarentzat ez zegoen horren froga ziurrik. Wassermann frogarekin bezala gertatzen zen. Ezezkoa ez zen sekula ziurra. Lapurretaren mikrobioa odolean egon zitekeen, argitara irteteko aukera eder baten zain.

        Gero, jada pospolo-kaxa oso bat agortu zion Toskanarrari emandako zupada eta zupadaren erdian, Borlinik kontatzen jarraitu zuen Pucci gauetan beldur izaten zela eta lasaiago geratzen zela ohean jostailu bat sartzen uzten bazioten, gomazko pilota esaterako.

        — Nork ulertu? —galdetu zuen Borlinik—. Baina kasta onekoa da, eta laster izango du halako txorakeriarik ez duen bere anaiaren antza.

        Harrigarria adierazpena. Manera onek agintzen dutenaren kontra joatea izan ez balitz, Aghios jaunak hirurogei urtetan bildutako esperientziak erakutsitakoa esan ahal izango lioke: beti dugula lehengo lepotik burua. Baina zein zoritxarrekoa Paolucci gizajo hura. Hain gutxi ulertzen zion familia batean jaio behar ere! Aghios jaunak ulertzen zion, berak ere beldur handiak pasa baitzituen bizitzak zein mehatxagarria zen oraindik erakutsi ez zionean. Zomorro txiki, azkar, iheskor eta nazkagarriekin, karraskari eta intsektuekin egiten zuen amets, berandu baino lehen harrapatuko zutela oraindik sumatzen ez zuenean; eta iluntasun izugarriarekin, iluntasuna gure jomuga dela jakin baino lehen. Eta ohera zurezko zalditxo bat eramaten zuen eta bularraren kontra estutzen zuen lo zegoen bitartean. Orain artean, berak uste izan zuen onginahiagatik egiten zuela, zurezko zalditxoak berotasuna behar zuelakoan, haren forma traketsak halako biziren bat bazuela irudikatzen baitzuen. Baina pilota? Paolucci, bere zinezko anaia, pilota batekin oheratzen zen. Pilotak ez zuen inolako berotasun beharrik, erabat biribila eta bizirik gabeko forma hark ez bederen. Eta, hala ere, hurbil zuenean lasaitu eta ez zen horren beldur. Baina hura sinbolo bat zen; bere dibertsioari atxikitzen zitzaion bizitza ahantzi ahal izateko (dibertsio = dispertsio, pentsatu zuen Aghios jaunak, semeak ezin entzun ziezaiokeen honetan). Zein gora iristeko gauza izan zen Paolucci txikia! Eta aurrerantzean, bere bizitza osoan, zeina Aghios jaunak luze izatea opa baitzion, ezingo zuen jada ezer berririk, ez gorenekoagorik, ez garratzagorik ikasi. Zertarako bizi aurrerantzean? Anaia bihotzekoa! Nolako etorkizuna zurea! Berak ere, itxurak egiten asmatu ez zuen uneetan, iseka-irribarre, zuzenketa larderiatsu eta mesprezuen artean igaro zuen bizitza. Bere zoritxarrerako semeak ez zuen inondik ere bere antzik: beldurrik gabea, azkarra eta trebea, dibertsioa zuen patu. Ez zeukan ideia arrastorik ere bizitza zer ote zen eta bost axola zitzaion, bizitzak berarekin zerikusirik izango ez balu bezala. Bizitza ahantziz, hartaz gozatzen zen. Gutxi ikasten zuen, baina bazekien nola moldatu. Gutxi zekien, baina beti zeuzkan prest garaipen erraza ematen zioten datu zehatz mordo bat. Eta liburu asko zituen eskura eta haietan eztabaidarako behar zuen guztia aurkitzeko gauza zen.

        Eta luzaro, Paolucci txikia izan zuen bidelagun. Borlinik, oraindik ere, zerbait esan zuen hari buruz: anaia zaharrena aitaren eskuari atxikita ziur ibiltzen zen bitartean, Paolucciri tira egin behar zitzaiola beti. Lot-en emaztea bezala beti atzera begira. Gauzak luzaroago ikustearren, jakina.

        Paolucci Borlini gizon handia bihur zitekeen, edo gaizkile zitala edo, Aghios jauna bera bezain gizon arrunta. Nolanahi ere, ez hain zoriontsua. Zeren norberaren koalitate handiak onar daitezen maltzurtasuna ere behar baita. Eta maltzurtasun hori gabe, edukiko bagenu bezala bizi gaitezke, gauzei eutsi nahian gaindituta, horiek benetako garaipen batez beste inola ezin baitira lortu. Edo, azkenik, bizitzarik arruntena bizitzeko egokitu gaitezke, koalitate handien mugimendu librea bidaian gauden une bakanetarako erreserbatuz.

        Agur anaia txiki maitea.

        Baina hari agur esan ondoren, berriro ere topatu zuen. Umearen baldarkeria norainokoa zen erakusteko, Borlinik kontatu zuen nola goiz batean Paolucci estu eta larri esnatu zen. Asto eta zaldi batzuk ostikadak emateko, segika zituela amets egin omen zuen. Borlinik, bere buruaz harro, moztu eta galdetu omen zion: «Ostikadak aurreko hankekin edo atzekoekin ematen zizkizuten?»; eta umeak erantzun «Aurrekoekin». «Ederki» esan zion Borlinik orduan «ezinezko ametsa da, zeren animalia horiek ezin baitute aurreko hankekin ostikorik eman».

        Aghios jaunak barre egin zuen, baina aldi berean pentsatu: «Paolucci gizajoa! Ankerkeria galanta! Haur baten ametsa zientziaren bidez zapuztea ere».

        Eta Paoluccik behingoz utzi zuenean, bakarrik geratu zen Borlinirekin. Bakar-bakarrik. Une batzuetan, Porta Vescovon eta Geltoki Nagusian bera utzi zuten veronarrak banan bana ikusi zituen berriro eta bi baserritarrez oroitu zen (begi ezti eta azal beltzeko andre ahanztezin hura) eta pentsatu bidaia hura askoz ere atseginagoa zatekeela haietako edozein Borliniren ordez geratu izan balitz. Tamalez, mutilak, zeina hainbeste oinazeren poderioz interesgarri bihurtu baitzen, lo jarraitzen zuen bere txokoan.

        Eta Borlinirekin hitz egin behar izan zuen. Han zeuden eserita, jada guztiz sartua zen gauari leihotik begira, eta manera onek norberaren ahotsa entzunaraztea agintzen zuten. Gezur bat esan zuen eta bidaia bat egin beharraren nekeaz kexatu. Berez faltsua den topikoari eutsi zion eta gezurra biribildu zuen: berarentzat bidaia tortura besterik ez zen.

        Eta, amen batean, Aghios jaunak gezur hura sinesgarri bihurtzen lagun zezaketen irudiak ekarri zituen burura. Hasteko, lehenxeagoko neskatxa, zeinak bidaia hobeto ikusi eta senti daitekeen zerbaiten gisa irudikatu baitzuen. Bera ere neska bezala zen. Benetako bidaia dilijentziaz egiten ziren haietako bat izango litzateke, bide naturaletan zehar (naturalak burdinarik ez zutenei deitzen zien) eta pertsonak bizi ziren lekuetatik igaroz. Italian iristen garen lekuaren irudirik inoiz ematen ez duten geltokietara iritsi beharrean, lekuaren parte den bertako ostatu batean geldituko ginateke zaldiak atseden hartu edo aldatzeko. Automobilean ere ez ziren bideak, lekuak eta jendeak hain harreman estuan jartzen bidaztiarekin. Eta Borlinirekin bidaia bat egitea, hura ez zen ez bidaia eta ez ezer.

        Horrek, bestalde, Aghios jaunak esandakoari galdera batekin erantzun zion:

        — Eta zuk zenbat bidaia egiten duzu hilean?

        Eta Aghios jaunak beste gezur bat esan zuen:

        — Nik, hilean bizpahiru.

        Hilabete hartan Triestetik Milanera joan zen bigarren aldia zela esan zuen. Azken hori egia zen. Lehena, gora eta behera emaztearekin; bigarrena bera bakarrik itzuliz amaitzen zuen. Baina hori baino lehen, urteak ziren ez zela Triestetik mugitu.

        Borlini hatzez lagunduta bizkor ari zen kontatzen eta marmarka:

        — Vicenza (hatz lodia luzatuz), Siracusa (erakuslea), Lodi (luzea), Ancona, Siena, Perugia...

        Hamar hiri, eta Aghiosek horiek ordezkatzen zituzten hatz baldar haiei begira bakoitzaren itxura irudikatzen saiatu zen labur: Lodi (ez zen sekula han izan, baina gogoratu zen gaixoa ez zela gauza izan Parmari esleitzen zaion asmakizun ezin bikainagoari bere izenik emateko), Vicenza (Palladioren lanak, zeinak bere seme sasijakintsu hark arbuiatzen baitzituen; jaiegun eguzkitsu batean kale mortuetan Aghiosek distiraz beteak ikusten zituen marmolezko jauregi haiek), Siena (nahi baino txikiagoa eta horrenbeste edertasun biltzeko txikiegia gertatu zen duomo hura! Siena? Egun bakar batean hildako hamar mila florentziar!), Perugia (matxinadak; Asis hurbil eta artaldeek zuritutako zelai berdeak; herri oso bat beste santu baten zain). Baina Borlinik ez zion beste batzuetan pentsatzen jarraitzen utzi.

        — Hamar aldiz! —bota zuen—. Hilabete honetan zehar, eta dagoeneko hogeitabost da, hamar aldiz utzi dut Milan. Eta ez nago aspertuta, zeren betebeharra ondo egin nahi bada plazerra izan behar baitu.

        Ederra kontua! Betebeharra plazerra balitz, orduan ez luke meriturik izango. Aghios jauna harro zegoen bizitza osoan zehar bere pentsamendu maiteenak, fantasia maiteenak, benetako plazerra alde batera utzita eginbeharra ondo bete izan zuelako. Bakean utzi izan balute, munduan zehar ibili izango zen, ez ikusteko, baizik eta hartaz banatzean biziago sentitu, edertu eta iluntzeko. Semeak ere esaten zuen mundu honetan pertsona bakoitzak egin behar zuena egiten zuela eta horregatik bera dibertitu egiten zela, beste batzuek (Aghios jauna) sufritzen zuten bitartean. Zalantzarik gabe, desberdintasunen bat egongo zen! Baina, zertan?

        Ez zuen eser esan. Elkarrizketa hura guztia ez zitzaion benetako elkarrizketa iruditzen. Zergatik nekatu liskarretan? Ahoa erabiltzen zen besterik gabe, trenak aurrera egiten zuen bitartean denbora egiteagatik.

        — Beraz, saltzailea zara? —galdetu zuen zerbait esateagatik.

        — Arren! —esan zuen Borlinik hobeto juzkatzen ez zuen harekiko erdeinuz—. Aseguru-etxe bateko ikuskatzailea naiz.

        Aghios jauna makurtu egin zen, horren kargu gorenaz poza erakusteko edo. Ikuskatzailea! Saltzaile izateaz oso bestelakoa, alajaina!

        Urruti, mendiaren azpian, muino baten maldan zegoen herriska baten argiak ikusten ziren. Argi bare, geldia. Jakina, urrutiko argia beti da bare, beti geldia. Haizeak gogor jotzen badu ere, eta itzaltzen ez badu, izarrena bezalakoa da; kolorearen baretasunez distiratzen du (horren kolore distiratsurik balego). Eta herriska hartan norbaitek izango zituen iskanbilak. Baina urruntasuna bakea da.

        Baina aldian behin ahoa erabili beharra zegoen eta Aghios jaunak gezurrak esaten jarraitu zuen, asmo txarrik gabe, irten egiten zitzaizkiolako:

        — Ez dut batere gogoko emazte zaharra bakarrik uztea.

        — Badakit horrelako gizonak badirela —esan zuen ikuskatzaileak, animalia arraroren bat aztertzen ariko balitz bezala Aghios jaunari arreta osoz begiratuz.

        Eta Aghiosek gezurrarekin jarraitu zuen:

        — Begira, niri hiria bost axola zait, eta ondo nago Milanen zein Triesten. Kontua da ez dakidala bakarrik bizitzen.

        Eta pentsatu: «Begira, begira ezazu nahi adina, betaurrekoak erabiliagatik ez duzu ezer ulertuko eta». Bai, horixe! Ez zegoen asmatzerik esaten ari zenak garrantzia zuen ala ez. Eta familia-bizitza maite zuela erantsi zuen. Gezurra atontzeko zerbait adimentsuagoren bila hasi eta berehala aurkitu zuen: familia-bizitza maite zuen, batarengan zein bestearengan eta inoiz ez norberarengan eta ez norbere zoritxarretan pentsatu beharra zegoelako. Zoritxarrei buruz mintzo zen eta une hartan ez zituen inondik inora sentitzen: eskupekoak emateko sakelan nahikoa diru eta topatzen zituen pertsona ahul guztiekiko maitasunez gainezka, Paolucci ahantzezina bezala inoiz ikusi ez zuen jendea ere biltzeko gauza zen maitasun handi hartaz.

        Borlinik purrust egin zuen:

        — Nire familia-bizitza oso desberdina da. Ni nagoenean denek nitaz arduratu behar dute eta neuk ere berdin egiten dut, alegia, haietaz arduratzen naiz. Bidaian nagoenean, noski, askatasunean uzten ditut, baina espero dut nitaz oroitzea. Ni neure gauzekin nago arduratuta eta ez daukat beste ezertaz arduratzerik. Baina, zertarako dira gauza horiek? Ez dira familiarentzat ala? Neure gauzekin arduratuta nagoenean ere, familiaz arduratzen ari naiz.

        Aghios liluratuta geratu zen. Horixe zen benetako gizon arrunta! Ez zuen gustuko. Gizon arruntak inguruko guztiak beraz ardura daitezen nahi du (eta bere benetako pentsaera erakutsi zuen, lehendabizi berak ere berdin egiten zuela aitortuz eta, gero, aurretik esandakoa azalpen baten bidez ezeztatzeko). Agian hartaz oroitzen ziren baina haren heriotza desiratzeko. Bera askoz hobea zen, ez baitzien ezer eskatzen. Ez zitzaion iruditzen familia gutxiago maite izan zuenik beraz nahikoa arduratu izan ez zirelako. Ez. Gutxiago maite izan zituen familia handiago baten beharra sentitu zuelako, mundua.

        Bere solaskidearenganako benetako gorroto batek harekin eztabaidatzera eraman zuen. Ez zegoen zertan bere buruaz ziur sentitzen den sermoilari baten tonuan horren gauza zentzugabeak esaten utzi beharrik. Lehor, argi eta garbi, esan zion:

        — Ni, aldiz, familiarekin nagoenean guztiez arduratzen naiz eta espero dut ez nagoenean nitaz oroitzea.

        Azalpenaren bigarren zatia gezurra zen, baina barru-barrutik atera zitzaion apaltasun batek eragin zuen. Apur bat lehenxeago emaztea beraz ez oroitzea desiratu zuela aitortzen bazuen, beldur zen ez ote zen onegi bezala agertuko. Onegia? Bere barruko pentsamendua azalduko balu, ziurrenik ez zen onegi agertuko.

        Borlini barre egiten hasi zen, barre-algara ozenez, kolpeka, martxan jartzen ari den motor baten zarata bailitzan:

        — Baina hori poesia da, benetako eta alferrikako poesia! Ez zara ba mozorrotutako poeta izango?

        Hasieran Aghios jaunak hura lotsagabekeria bailitzan hartu zuen. Mozorrotuta? Baina gero, bere burua jakinminez aztertu zuen. Berak uste zuen zilegiak ez ziren gauza asko desiratzen zituen gizona zela eta, zilegiak ez zirela ikusirik, bere buruari debekatu egiten zizkiola, haiekiko desira bere horretan bizitzen uzten zion bitartean. Baina, gainera, ez zen hartaz mintzo eta egiten zituen baieztapen haiek —ukatzean— desirak hobeto ezkutatzeko helburua zuten. Horrek bihurtzen al zuen poeta mozorrotu? Zilegiak ez ziren desira haiek ahots goraz kantatu izan balitu, mozorrorik gabeko poeta izango litzateke. Eta ukatuz? Haiek ukatzeko ahotsa goratzen jakin izan balu, haiek ukatuz ere poeta izango litzateke. Zer astakirtena zen Borlini hura! Nola mozorrotu liteke poeta bat? Isilduz? Izan ere, isiltasuna ez baita mozorro bat, isiltasuna baizik ez da pentsatu zuen Aghiosek. Bizitzan nahi bezain astakirten izan zitekeen bat, baina ez poeta norbere astakirtenkeria kantatzeko gauza ez bada.

        Soilik esan zuen:

        — Hendekasilabo batek zenbat silaba dituen ere ez dakit eta.

        — Hamaika —esan zuen Borlinik—. Zuk, grekoa izanik, jakin behar zenuke. Mozorroekin zabiltza oraindik, ezta?

        — Baina zer poeta eta zer poetaondo! —esan zuen Aghiosek barrez, apur bat pozik eta apur bat irainduta—. Begira, ni orain Triestera noa, emaztea eta semea Milanen utzita, premiazko kontu bat daukadalako han.

        Ezin zuen ahoa ireki soberako zerbait esan gabe. Eta esateko egia bat aurkitu bezain pronto bota egin zuen, egiazko hitz batek gezurrezko hitz baten lotsa estali ahal izango balu bezala.

        — Horrela, diruz kargatuta, bidaia bat egitea plazer bat dela uste baduzu...!

        Eta eskuarekin bularraldeko sakela ukitu zuen.

        Borlini berriz hasi zen barrez, isilxeago orain, bere txokoan oraindik lo zetzan lagunari mesfidati begiratuz.

        — Nik ere dirua daramat sakelan eta asko gainera. Baina, zuregan arduragabekeria da, eta niregan beharra.

        Borlini zinez agresibo jartzen ari zen eta Aghios jauna isildu egin zen harriturik. Isilune aukeran luzeegi baten ondoren, gizon lodikotea berriro hasi zen mintzatzen baina ziurrago oraingoan. Bere tonu agresiboegiaz damututa agian.

        — Pentsa ezazu zer egiten dudan nik falmiliarengatik, eta gero esango didazu trukean ez al dudan partaide guztiei nitaz ardura daitezen eskatzeko eskubiderik. Mundu honetan izango dira nik adina lan egiten duten gizonak, baina nik baino gehiago egiten duenik ez. Bidaia hauek ez dira atsedenaldi bat. Ezta?

        Aghios jaunari iruditzen zitzaion solaskide hura aurkitu bitartean bidaia benetan atseden-bidaia gertatu zela. Orain, berriz, maite ez zuen pertsona bati behin eta berriz azalpenak eman behar zizkionean, familiari, areago, maite ez zuen familia bati atxikita sentitzen zen. Beraz, gezurrik esan gabe arrazoia eman ahal izan zion:

        — Ez, inondik ere ez.

        Ez zen atsegina! Atsedenaz gozatzeko Paduaraino itxaron beharra zegoen, zenbait ordu oraindik.

        — Ikus ezazu zenbatekoa den neure gain hartu beharreko erantzukizuna! Sarritan nik neuk bakarrik konpondu behar izan dut kalteren bat. Bakar-bakarrik eta goitik behera! Kalteak baloratu eta erabakiak hartu. Jakina, zertan nabilen badakit eta sekula ez didate errietarik egin behar izan. Gaur, adibidez, Paduara antzeko zerbaitegatik noa. Bezero garrantzitsu batek sute bat izan zuen eta ehun eta hirurogeita hamabost mila lira eskatzen zituen. Milanen peritua bidaltzea proposatzen zuten, matematikek tenteldutako injineru horietakoren bat. Zuzendariari esan nion uzteko niri likidazioaz arduratzen eta hitz ematen niola guztia ehun eta berrogeita hamar milarekin kitatuko nuela, eta bezeroaren konfiantza galdu gabe. Zuzendariak, ezagutzen nauelarik, berehala esan zuen: «Ederki! Saiatu gaitezen gu geu, negozio-gizonok, tekniko gogaikarri horien eskuhartzerik gabe. Zure esku!». Eta alde egin nuen karteran mila lirako ehun eta berrogeita hamar bilete sartu ondoren. Begira.

        Eta bularraldeko sakelatik puztutako kartera bat atera eta ireki zuen.

        — Paduara beranduegi iristen gara txekerik kobratzeko eta horregatik daramatzat horrenbeste bilete soinean. Bezeroa, eskudirua ikusita, lasaitu egingo da —eta lodikoteak barre egin zuen haragijalearenak ziruditen hortzak erakutsiz— eta gero, nork daki bilete hauetakoren bat ez ote den aseguru-etxera itzuliko. Txekea, berriz, zaila da zatitzen eta ezingo litzateke zatika eskaini.

        Kontu horretan Aghios jauna ikuskatzailearekin lehiatzeko moduan zegoen.

        — Nik ere gustura hartzen ditut familiaren aldeko hainbat erantzukizun. Bularraldeko sakelan... —une batez zalantzan geratu zen, egia esateko prest, alegia, hogeita hamar mila lira zeramatzala; baina hobeto pentsatu eta esan zuen— ...berrogeita hamar mila lira daramatzat.

        — Eta ez daukazu horrenbeste diru eramateko beldurrik?

        Aghios jauna haserretu egin zen:

        — Zuk uste baduzu ehun eta berrogeita hamar mila lira zaintzeko gauza zarela, ez dakit zergatik ez naizen ni berrogeita hamar mila gordetzeko gauza izango.

        Ikuskatzaileak aurrekoan baino askoz modu atseginagoan egin zuen barre eta mirespenezko begirada bat erantsi zuen.

        — Poeta-esaldia zinez —esan zuen.

        Aghios jaunak bere buru-estimua losentxatua sentitzen zuen, baina oraindik zalantzan zegoen iraindua ez sentitzeko arrazoirik ba ote zuen. Poetak idazten daki, eta berak ez zekien, eta poesiak egiten ez zekielarik, bere patua egia faltsutzea zen, pareta dagoen lekuan airea ikustea eta burua haren kontra jotzea. Hobeto Paduaraino ez iraintzea; zertarako ibili sekula gehiago ikusiko ez zuen gizon hura konbentzitzen?

        Eta gainera, bien arteko harremana atseginagoa bihurtzen ari zen. Ziurrenik, ikuskatzaileak uste zuelako bere burua aski ondo eman zuela ezagutzera eta jada bazuela modu xumeago batean hitz egiterik. Hasteko, Aghios jaunaren diruagatik arduratu zen:

        — Ez ezazu daukazun diru horretaz gehiago hitz egin. Konturatzen naiz ni izan naizela gaia atera duena. Baina zurekin arriskurik ez zegoela ohartu naiz berehala. Eta hango hura, lo seko dago.

        Biak txokoan lo jarraitzen zuen mutiko ilehori zurbilari begiratzeko jiratu ziren. Argizarizko panpina baten gisa, kuxinaren gainean lo zetzan lasai eta, tarteka, trenak baino ez zuen asaldatzen. Bazirudien bere sudur zuloa besterik ez zela zabaltzen, harik eta aire kantitate handiena pasatzen uzteko ahalegina egingo balu bezala. Ilehori garden horien sudurrek hegaltxoak ziruditen. Baina gero Aghios jauna asmak jotako bere zalditxo batez gogoratu zen, zeinak gaixo daudenek bezala behar baino ahalegin handiagoz sudurra irekitzen baitzuen eta xuxurlatuz esan zuen:

        — Ziurrenik, enfisemak jota dago.

        Une horretan, Aghios jauna bere zalditxo asmatikoaren oroitzapenak nahigabetuta sentitu zen. Gaixotasunean animaliek pertsonen antz handiagoa hartzen zuten. Hitza besterik ez zitzaien falta, gaixotasunaren oinazea arintzen duen biraoa. Animalia gaixoak. Zalditxoak sufritu egiten zuen eta ez zekien, baina bere arnasotsa gizatiarra zen erabat.

        Ikuskatzaileak beste puru toskanar bat piztu zuen eta arau hertsi bat betetzeaz lehengo harrokeria ahaztarazteko, losentxa egin zion Aghios jaunari:

        — Konpainia ederrean gehiago erretzen da.

        Eta Aghios jaunak ere, losentxari erantzuteagatik, erre egin zuen.

        Ikuskatzailea erretolikekin hasi zen gero, eta gogaikarria gertatzen zen inondik, baina eskerrak konponbidea eskura zegoen. Trenak ikaragarrizko zarata egiten zuen eta aski zen entzuteko ahaleginari uztea ezer ez entzuteko. Hala ere, Aghios jaunak bazekien zertaz ari zen ikuskatzailea. Politikaz ari zen eta esaten zuen nahikoa zela guztion borondate ona Italia arazo guztietatik ateratzeko. Berrogei milioi inguru borondate on. Erabateko adostasuna! Gehiegi zen, kontutan izanik, Aghios jaunak (greko sentitzen baitzen) maiz ikusi zuela, mahai berean bi italiar aurkitzen zirenean, berehala izaten zutela alde egiteko gogoa, elkarri ez entzuteagatik. Eta bera, italiarra ama eta amonaren aldetik, ez al zegoen trenetik saltatzeko irrikaz ikuskatzailea ez ikustearren?

        Eta ikuskatzaile jaunak hitz egiten zuen bitartean, Aghios jaunak bere amonaren oroitzapena aztertzeari ekin zion. Zein zurbila zen! Esaldi bakarra eta, horixe ere, agian beste norbaitek esana: «Ohea gauza ona da, lo egiten ez bada, atseden hartzen baita». Eta erretratu hits bat, andre lodi, zaharkitu bat, gerria estutzen zioten gona luzeko jai-soineko sinestezinez jantzita. Esaldia ere hitsa zen eta Aghios jaunak ezin zuen erretratua esalditik bereizi, ezta esaldia erretratutik ere. Erretratuak hitz egin izan balu bezala. Horregatik zen erretratu hura beste edozein baino adierazkorragoa. Gerta zitekeen andre hura berriz pentsatzen jartzea ere.

        Ordurako, ikuskatzaile jauna hauteskundeez hitz egitera iritsia zen. Aghios jaunak, hezibideagatik, aurrerantz makurtu zen hizlariarengana hurbiltzearren eta argi eta garbi honako esaldia entzun zuen: «Derrigorrezko botoa». Berehala, bere lekura itzuli zen.

        Dena zen derrigorrezkoa bizitza honetan, baita ikuskatzaile jauna entzun beharra ere. Bizitza bitan banatuko balitz, batetik derrigorrezko iharduera eta hitzetan, eta bestetik iniziatiba libreko mugimenduetan, bizitza izena merezi zuen bakar hori zein zekena gertatuko litzatekeen bestearen aldean. Aghios jauna irrikaz abiatu zen askatasunerantz, baina bazekien egun gutxi barru ase izango zela eta ohiko bizitza arruntera itzultzeko gogo bizia izango zuela. Halaxe zen. Esklabotza ez zen patu bat soilik, ohitura ere bazen. Askatasuna ederra zen askatzeko unean, berak ikuskatzaile jaunari jaramonik egin gabe hitz egiten utzi zionean bezala.

        Baina ikuskatzaileak begiratu egin zion eta, berriro ere, atsegina izateagatik, inguratu egin zitzaion esaten ari zena entzuteko:

        — Italian nagusi gehiegi dago.

        Aghios jaunak, berriro ere bere eserlekuan ondo jarrita, berehala lortu zuen Italian nagusi gehiegi zegoela ahaztea. Leihotik begiratu zuen, zoriona opa izatea debekatuta zegoen leku hartara, eta ideia izugarri bat etorri zitzaion burura: «Munduaren etorkizuna dena hiri bakar bat bihurtzea da. Agur mendi, agur baso, agur soro eta zelaiak. Eta nola jango du jende horrek guztiak? Kimikaren bidez? Zoritxarrekoak!». Ideia itzel hura bururatu zitzaion hiru baserri ikusi zituenean, eta harantzago beste hiru eta aurrerago bi eta beste lau amaitzeko. Zelai guztiak hartzen zituzten. Ikus zezakeen nola etxe horien guztien artean beste askoz gehiago jarriko zituzten, denak errenkan. Argi zegoen mundu osoa hiri bihurtzen zenerako, bera, emaztea eta semeak leku gutxi beharko zutela. Bidezkoa al zen halako berekoikeriaz kontsolatzea? Ez al zen hobe ondorengoengatik arduratzea? Aghios jaunak irribarre egin zuen. Mundua hain ondo antolatuta zegoenez, zenbait nahigabe ezinezkoak ziren.

        Ikuskatzaileak Aghios jaunaren arreta eskatu zuen berriro ere eta honako hau entzun zion:

        — Laburtuz, neuk nahi nukeena da hiritarrak gobernu bat aukeratu eta berriro ez ezertan sartzea. Hori da benetako askatasuna.

        Bai. Horixe zen askatasuna! Hogeita bost urte lehenago Aghios jaunak emaztea aukeratu zuen. Hori zoriona, oztopoak gainditu ondoren, berea deitzera iritsi zenean! Eta ondorioz, normala iruditu zitzaion trukean bera emaztearena izatea. Erabat zoriontsu sentitu zen. Zein zoriontsu! Bidaiaren askatasun handian, ordea, pentsatu zuen hogeitabost urte lehenago ezkontzeko beharra sentitu ordez gaizkilearen sena izan eta hilketaren bat egin izan balu, ziur dagoeneko eta amnistien poderioz erabat libre izango zela, bidaiak egiteko libre esaterako.

        Bakardadean egindako pentsamendu hura ez zen inondik ere arriskutsua eta Aghios jaunak irribarretsu jarraitu zuen bere burua gaizkile libre baten itxuraz ikusten. Ziur, ohiturazalea izanik, kartzelara itzultzeko gogo izugarria edukiko zuela, gutxi barru emaztearen babespean gordetzeko eta, batez ere, bere seme burugabe hura babestera joateko gogoa izango zuen modu berean; hitz batean, bere kartzelara itzuli nahi izango zuela. Eta gainera, zer aurpegira ziezaiokeen bere emazte maite-maite hari? Langile nekaezina, etxeko gobernatzaile fina, polita, literalki beretzat bizi izan zen. Egia zen apur bat gogaitzen zuela (eta Aghios jaunak irribarre egin zuen berriro) berak andre bat ederresten zuenean, emazteak berehala haren sudurra edo gorpuzkera kritikatzen hasteak. Eta, gainera, bera zen bezala onartzen eta maite zuen, baina sarriegi horren distraitua ez izateko eta arreta gehiago jartzeko zirikatzen zuen. Laburbilduz, etengabeko presioa eragiten zitzaion eta bera, orain, bidaian, libre, bere burua osotasunean ikusten saiatzen zen. Onartu behar zuen, hala ere, presio hura ez zela ikuskatzaile saltzaile hark berarengan ezarri nahi zuena bezain latza...

        Eta horretaz ari zela! Ikuskatzailea, amets lauso batean beste ideia politiko batzuen bila balebil bezala, luzaro leihotik begira geratua zen eta, orain eserlekuan etzanda, arinki zurrunga eginez, lo zegoen.

        Hain atsegina gertatu zitzaion ezen, barrez hasi baitzen eta ikuskatzailea ez zen barrearen hotsaz ere mugitu. Hura negozio-gizon galanta! Hain azkarra uste izan eta, ehun eta berrogeita hamar mila lira zeramatzala publikoki aitortu ondoren, zurrungaz hasi! Aghios jauna lasaitu egin zen, emaztea distrazio batean harrapatzen zuenean bezala. Sermoilari hura bai zela barregarria! Aghios jaunaren mendekua erabatekoa izango zen zilegia izan balitzaio diru hura guztia lapurtzea. Oso atsegina gertatuko zitzaiokeen ehun eta berrogeita hamar mila lira haiekin alde egitea. Lastima lapurra ez izatea. Eta Aghios jauna, hura burutzeko inongo asmorik gabe, plan bat aztertzen hasi zen: karterara nola iritsi eta handik dirua nola hartuko zuen, eta baita dokumentuak ere, haiek deusezteko, gizon handi hari erabateko lezioa eman behar zitzaion eta. Hain zen erraza! Botoi bakar batek ixten zuen jaka askatu, eta karterara iritsita, ezarian-ezarian trenaren mugimenduaz lagunduta, hura atera.

        Amesgaizto bat izan balu bezala, txokoan zegoen ilehoria asaldatu egin zen.

        Baina zer axola zitzaion, zeren Aghios jaunak ez baitzuen sekula plan hura gauzatuko. Pentsamendua, hain zuzen, horregatik zuen hain librea: urrun zuelako ezein ekintza egitearen ideia. Pentsamendua benetan librea, mamuen artean mugitzen zenean baizik ez zen libre. Jaka eta botoi haiek uste baino gogorragoak gerta zitezkeen.

        Aghios jaunak ilehoria zelatatu zuen, ez baitzuen delitua amestu ere egin nahi bestea lo zegoen ala ez ziur egon gabe.

        Bat-batean, beste pentsamendu batek asaldatu zuen. Paduatik oso hurbil egon behar zuten dagoeneko. Eta ikuskatzailea lo gelditzen bazen? Lo jarraitzen bazuen, gaitzerdi, baina esnatu eta Veneziaraino jasan behar bazuen? Beste erretolika bat, ez Jainkoarren!

        Une hartan, zorionez, begiratzailea iritsi zen txartelak eskatzera.

        Ilehoriak berea eman zion eta ikuskatzailea ere esnatu eta berehala galdetu zuen:

        — Noiz iritsiko gara Paduara?

        — Hamar minutu barru —erantzun zuen begiratzaileak.

        Eskerrak. Erretolikako hamar minutu jasangarriak ziren.

        Baina ikuskatzailea umore txarrez esnatu zen. Bost minutuz ez zuen hitzik esan. Gero, adoretsu, altxa egin zen. Ekipajearen saretik maleta hartu eta bere ondoan jarri zuen. Leihotik begiratu zuen gero, eta Aghios jaunak ere norabide bererantz begiratu zuen, hori baitzen ikuskatzaileak egiten uzten zion adiskidetasun-keinu bakarra. Zerua lainoz estalita zegoen eta arratseko eguzkiak, ikusezina, haien azpialdea argitzen zuen, eta bazirudien zilar, urre eta berezko argiz distiratzen duen beste metal garden eta ezezagunezko geruza arinez osatuta zeudela.

        — Euria egingo du —xuxurlatu zuen ikuskatzaileak umore txarrez.

        — Ez du beti euririk egiten zeruak itxura hori hartzen duenean, goibel eta beltz, eta azpildura argitsuz josia —esan zuen Aghios jaunak, ikuskatzaileak bere umorea berreskura zezan edo, agian, joan zedin, euriak trenean geldiarazi ahal izango balu bezala.

        Izan ere, ikuskatzaileak alaiago zirudien.

        — Eguraldiari igartzen badakizu? —eta estreinakoz Aghios jaunari adeitasunez begiratu zion.

        — Ez asko —erantzun zion Aghios jaunak apal—. Baina maiz ikusi dut eguzkiak, alde egin behar duenean, laino lodien azpian biltzen dela haietan ezkutatu nahiko balu bezala eta gero, jada behar ez dituenean, desagertu egiten direla.

        Ikuskatzaileak hiru gauza egin zituen batera: aharrausi, irribarre eta zera esan:

        — Poeta.

        Baina poetaren «e» hura haren ahoa bezain «a» zabala bihurtu zen.

        Eta ikuskatzailea diosal labur baten ondoren irten zenean, Aghios jaunak pentsatu zuen bidaia haren ondoriorik behinena poeta izatearen aurkikuntza izan zela.

        Paduatik Mestrera, hura bai askatasuna! Txokoan zegoen ilehoriak lo jarraitzen zuen eta, horrela, Aghios jaunak, ikuskatzaileaz banatzean, emazteaz banatzean izan zuen askatasun-sentzazio bera izan zuen. Eta askatasun hura zenbait gogoetatan gauzatu zen. Soro batean elkarrekin lanean ari ziren gizon bat eta andre bat ikusi zituen. Andre gazte batena zen aurpegi irribarretsua baizik ezin izan zuen ikusi, trenaren abiadak gizonarena ere ikusteko aukera eragotzi ziolako. Itsusiak edo ederrak izan zitezkeen, ez zuen axola. Ez zegoen esaterik ezkonduta zeuden ala ez. Baina kontua da elkarrekin egiten zutela lan eta elkar maite zutela; edo, hobeto esanda, jatorriz sexuala zen elkarte bat osatzen zutelarik, interes partekatuko elkarte batean amaituko zutela, zeinak honakoak biltzen baitzituen: lantzen ari ziren soroa eta etxe urruna, han non lo egingo baitzuten. Hori iruzurra! Konturatu gabe, eztiki harrapatuak izango ziren, haien berezko berotasunak bilduak eta kateek estaliak. Aghios jauna bidaian egon ez balitz, soroan kantari zeuden bi haietatik andrearen itxurari baino ez zion erreparatuko, gero senarraren errukiz edo inbidiatan gelditzeko. Bera ere, kateez estalita, ez zen harantzago ikusteko gauza izaten, baina orain, bidaian, altxa egiten zen pertsonaren patuan etxeko abere guztien huraxe bera ikusteraino. Txitoek ez zituzten tratu txarrak hartzen. Oso bestela, gehien komeni zitzaien bazka ematen zitzaien. Kontua zen, une jakin batean, zintzurra mozten zitzaiela.

        Eta, beldurgarria izanik ere, bigarren irudipen batek eman zion Aghios jaunari bere pentsamenduen bikaintasunaren froga. Mestrera iritsi baino apur bat lehenago, andre zahar, oso lodi bat zegoen orratz-zain. Bazirudien bularraren lodierak zutik egotea eragozten ziola. Eta Aghios jauna sutu egin zen mundu honetan egon daitekeen bidegabekeriarik handiena iruditzen zitzaionagatik. Andrearen bigarren mailako sexu-organoek, munduko landare goxoenek, maizegi amaitzen zuten tortura bihurtzen ezertarako balio ez zioten harentzat. Eta Aghios jauna gogoratu zen, irten baino pixka bat lehenago, antzeko zerbait ikusi zuela eta, urrunduz, xuxurlatu zuela: «Norbaitek hilko balu...!». Horra zeinen bikainak bihurtzen ziren haren pentsamenduak bakardadean.

        Mestretik irteteko unean, txokoan zegoen ilehoria mugitzen hasi zen. Lozorro batetik irtengo balitz bezala, nagiak atera zituen eta argi eta garbi esan zuen murmurio batean:

        — Zein ederrak diren ametsak! Lastima haiek utzi beharra!

        Izugarrizko gertakizuna izan zen Aghios jaunaren bidaian halakorik entzutea ezezagun batek esana. Tupustean, benetako hurko ezezagun baten intimitatean onartzen zuten. Harekin ez zegoen erretzen ibili beharrik hurbildu ahal izateko. Zetorren bestean erantzun nahi izan zion bere intimitatetik ere zerbait eskainiz:

        — Ni, lo egon gabe ere, amets egiteko gauza naiz —esan zuen irribarretsu.

        — Bai, egia da —esan zuen ilehoriak tristuraz—, egin liteke. Errealitatea latzegia ez denean eta ahaztu daitekenean.

        Irribarrez begiratu zion Aghios jaunari. Halako hitzei jarraitzen zien irribarre hura bidaiaren ezerezean ohikoa baino estuagoa bihurtua zen harremanaren lekuko zen. Dagoeneko estu ezagutzen zuten elkar. Aghios jauna, begiak ixten zituenean, errealitatea desagertzen zitzaion gizon zoriontsua zen. Mutila, ordea, ahanzteko lo egon behar zuen gizon atsekabetua. Bi patu, edo agian, bi jite.

        Aghios jaunak, beste ezer egin behar ez duen bidaztiaren sentimentaltasunak bultzatuta, lagundu nahi izan zion:

        — Zuek, gazteok —esan zuen—, sarritan garrantzi gehiegi ematen diezue garrantzirik ez duten gauzei. Begira, lo gehiegi egin nahi ez baduzu, errealitateari garrantzia kentzeko aski da honako hau pentsatzea: non izango ote gara gu ehun urte barru? Bakea besterik ez dugu izango, eta beraz, erraz aurrera genezake. Gure inguruan mugitzen diren gauza guztietatik, bagoi hau baino ez da mugituko, Trenbide-sare Nazionalak denbora asko behar baitu gauzak bakean uzteko.

        Ilehoriak barre egin zuen eta ahots goraz onetsi zuen:

        — Bai, horixe, Trenbide-sare Nazionala oso aurreztailea da.

        Bere baitara bildu zen gero, beste erantzun baten bila edo. Baina bere maskorrean ezkutatu zela zirudien, arrotz batekin mintzatzeaz damutu balitzaio bezala, eta begirada esanguratsu, herabe eta erregutzaile batez, esan zion Aghios jaunari:

        — Ulertzeko, dena jakin beharko zenuke eta hori ez da posible —eta leihatilatik aintzirako lehen ubideei begiratzeari ekin zion.

        Aghios jaunak, maiz egiten zuen bezala, bere buruari errieta egin zion:

        — Etzazu auzoko lapikoan atzamarrik sar.

        Baina, bestalde, erakutsi nahi zion mutilari ez ziola inolako arrangurarik berarekin asaskatu nahi ez zuelako, eta berak ere leihotik begiratuz esan zuen:

        — Inork esango luke hemen aintzirak lehorrari hartzen diola gaina, eta alderantziz da, lehorra da aintzirari erasotzen diona. Begira pitzatutako lautada lohitsu horiek. Ez dira hamar urte urak estaltzen zituela.

        Eta luzaro mintzatu zen aintzira eta lehorraren arteko mendeetako lehiaz eta kontatu zuen zenbat gastu eta neke zekarren berarekin aintzirari iraunarazteak. Horregatik ezin zuen Veneziak lehorrarekin lotuko zuen beste zubirik jasan, zeren eta aintziraren hondoan jarritako hesola orok bestela kanporatuko litzatekeen lokatza biltzen baitzuen bere inguruan, eta hori beste eraso bat zen aintzirarentzat.

        Aghios jaunaren bidaiari interes berri bat eransten zion honek. Aspaldi ezagutzen zuen Aghios jaunak hiltzorian zegoen aintziraren istorioa, zeina Ravenakoa bezala iraungitzeko hurren baitzegoen. Baina emazteak ere bazekien, berarekin Venezian bizi izan zelako eta berari askotan entzun ziolako. Aurrean zuen solaskideak, aldiz, nahiz eta ziurrenik veneziarra izan, aintzirari buruz ez zekien ezer eta begirik kendu gabe entzuten zion, aitzaki gisa zera murmurikatzen zuen bitartean:

        — Nik gauza horietaz ez dakit deus ere, egunero lanera joan behar izaten dut eta.

        Eta Aghios jauna, kontatu, erakutsi eta asmatu ahal izateko pozak hordituta (ez zen inondik ere egia aintzira babesteko hainbeste errekasto desbideratu behar izan zenik), oroitu zen oso gutxi ezagutzen zuen pertsona batek poeta deitu zuela lehenxeago. Zer gauza eta zenbat pertsona ezagutzen ziren bidaietan!

        Ilehoriak hasperen egin zuen:

        — Jainkoak daki zer egingo dudan Venezian gauerdia arte, nire trenaren ordua iritsi bitartean.

        — Zeu ere gauerdian irtengo zara? —galdetu zuen Aghios jaunak.

        — Bai —esan zuen ilehoriak—. Neure kontu batengatik noa Goriziara eta bihar Udinera itzuliko naiz.

        — Orduan, nahi al duzu trenari elkarrekin itxarotea? Nik San Markosera joan behar dut, ordu erdiko kontua. Nirekin etorri nahi baduzu, gonbidatuta zaude.

        Azkeneko adierazpen honek ez zuen zalantza izpirik uzten. Ilehoriak bistakoa zen esangura azpimarratu nahiko balu bezala esan zuen:

        — Eskertzen dizut zure zintzotasuna, baina ez nizuke enbarazurik egin nahi.

        Bazirudien Aghios jauna ondo ezagutzen zuela. Erantzun horrekin kontratu bat sinatu zuen eta Aghios jaunak kontratuen erlijioa zuen. Hitza ematen zuenean lotuta eta estekatuta sentitzen zen. Gonbidapen hitza eman zuen eta besteak ulertu izanaren keinua egin zuen. Ez zegoen atzera egiterik.

        Horregatik Aghios jaunak errepikatu egin zion eskaintza. Besteak, hala ere, ez zuen onartzen.

        Dagoeneko aintziraren erdi-erdian ziren. Urrun, Aghios jaunak ongi baino hobeto ezagutzen zituen Muranoko argiak ikusten ziren. Saiatzeari utzi eta lagun berriari Muranoz eta hango kristalez hitz egin zion.

 

 

 

© Italo Svevo

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia