2. MILAN-VERONA

 

        Orain esertzeko leku bat lortu beharra zegoen. Ez zitzaion erraza agureari korridorean barrena mugitzea trena abiada bizian eta jauzika zihoan bitartean, eta zenbait bihurgune halako moduz hartzen zituen ezen, gorputzari alde batera zein bestera zabuka ibiltzeko tentazioa sortzen baitzion. Ausarki, Aghios jauna hurrengo konpartimentura abiatu zen ezker-eskuinera barkamena eskatuz. Eta hortxe zuen bere lehen amodio-afera. Neskatxa lirain bat ahal bezain beste alboratu zen lekua uzteko, eta Aghios jaunak aitarena izan nahi zuen irribarre batez begiratu zion baina, aldi berean, pentsatu zuen ez zitzaiola batere axola izango hango nahaste-borrasteak bere gainera botako balu. Baina trenaren mugimenduak, nahita bezala, bestaldeko paretaren kontra iltzatu zuen. Irribarre egiten jarraitu zuen, segurtasunik gabeko gizon handi hura gainera etorriko zitzaion beldur balitz bezala andereñoak begi urdin handi batzuekin estuasunez begiratzen zion bitartean. Moralaren zerbitzuan jarri ziren indar fisiko itsuei irribarre eginez aurrera egin eta urrundu behar izan zuen. Beste askotan ere, eta honakoan bezain modu itsuan, gizon eta andreen plazerrari lagundu zioten, ipuin zahar hartan bezala. Elur-jausi batek bi maitale utzi zituen janariz betetako haitzulo batean itxita. Udaberrian izan zen ezustea, haitzuloan hiru izaki eta ez bi aurkitu zituztenean. Ezinezkoa! Gauza horiek gertatzeko bederatzi hilabete behar dira.

        Aukeratu zuen konpartimentura iritsi zen, baina lepo zegoen. Areago, alde batean, bost ere eserita baitzeuden. Bost horien artean andre bat zegoen, airosa baina ez ederra, kopeta eta hein batean begiak estaltzen dituen kapela horietako bat jantzita. Apur bat luzatuak zituen zangoak zetazko galtzerdiz jantziak zeuden eta ointxo txikiek txarol beltzezko zapatak zeramatzaten. Aghios jauna, korridoreko jendetzatik ihesi, konpartimentuaren erdian jarri zen ekipajearentzako sareari eusten zion burdinazko barrari heltzea lortuz eta ezin izan zion andreari ondoegi erreparatu zutik irauten nahikoa lan baitzuen. Baina eragozpenak ez zion pentsatzea galarazi, andreen burua, kopeta eta begiak estaltzen zituzten kapela haiek gogaikarriak zirela pentsatzea, alegia. Moda gehiengoak egiten du eta, ondorioz, pentsatu beharko da andre gehienek zangoak ondo eginak dituztela eta burua gaizki. Geroxeago, trenaren mugimenduak andrearen aldera jirarazi zuen eta ohartu zen bere esan gabeko desirari amore eman eta kapela kendu eta orain altzoan zeramala. Aurpegia ez zen ederra, baina ziurrenik noizbait izan zen. Zizel gogor batek egindako lerro zorrotzek luze bihurtzen zuten bizitzak aldatu eta akitutako aurpegi hura. Artistikoki kizkurtutako adats beltzak belarriak estaltzen zizkion. Baina ointxoa polita zen, txarolezko zapata txikia baino txikiagoa.

        Mutiko bat (eserleku hartako bosgarrena) altxa eta agureari lekua eskaini zion.

        — Eskerrik asko! Baina ez, inolaz ere ez —esan zuen Aghios jaunak—. Hementxe ondo nago.

        — Ni korridorera noa —esan zuen mutikoak.

        Ez zion irribarrerik ere egin hain adeitsu mintzatzen zen agureari. Eta irteterakoan garaiz erretiratzerik izan ez zuen andrearen oina zapaldu zuen.

        Aghios jauna leihatilaren ondoan libre geratu zen leku urrian eseri zen. Tamalgarria zen mutilak (garaia, beltzarana, baldarra) bere eskaintzari hitz gozorik ez erantsi izatea. Bidaiaren hasiera ederra zatekeen! Hala ere ez zuen kexatzerik, zeren bere gorputzadar zaharrentzat bidaia hura zutik egitea ez baitzen egokia izango.

        Aghios jauna eserlekuan erori bezala geratu zen tarte batean, aurpegia leihatilarantz jiratuta, izan ere, ez baitzion trabarik egin nahi oraindik begiratu ere egin ez zuen alboko lagunari.

        Hasieran bagoi hartako bizitza eta mutil ongile baldarra izan zituen buruan. Baina zenbait egoeratan nekeza da borondate ona izatea. Askoz hobeto bazegoen ere, orain leihatilan itsatsita egotera behartzen zion alboko lagunarengana halako ezinikusia sentitzen zuen. Jendea bere tripa, bizkar zabal eta belaun gogorrekin hurkoarentzat pizti gorrotagarri bihurtzen den une horietako bat zen. Ankerra da espazioaren aldeko borroka. Aghiosek ez zuen bere alaitasuna galdu nahi izan eta bere borondate ona lokartzen jarri zuen erabat birrinduta gerta ez zedin. Gizon eta andre talde garatuago bat garraiatuko lukeen etorkizuneko trena behar bezain beste luzatu ahal izango litzateke, hori egiteko gelditu behar izan gabe. Bagoi bakoitzak aukera anitz izango lituzke. Botoi bat sakatu eta eserlekuak ugalduko lirateke. Eta horrela Trenbide-Sare Nazionalak zaldunak sortuko lituzke eta ez, orain bezala, pertsona zitalak eta ez litzateke irribarrez onartu beharko zakarki eskainitako eserleku bat.

        Sudurra kristaletan zuela, Aghios jaunak, azkenean, atzean geratzen ziren soro-zelaiak ikusi zituen. Uzta amaitua zen. Tente ikusten ziren meta itzelak, hain dieta xumea behar duten animalientzako urte guztirako janari. Soroak egonean zeuden lan berriaren zain. Eta Aghios jaunak pentsatu zuen uzta eder bat opa izateko garaiz iristen zela. Orain erabakitzen zen hurrengo urteko zortea. Eurite eder bat behar zen lehenbailehen, lurra bigun eta lanerako prest utzi ondoren atertuko zuena. Puntu-puntuan jarri behar zen lurra: ez gogorregi, ez samurregi. Eta Aghios jaunaren desirak oparo isurtzen ziren, lur haien ondotik hirurogei kilometro orduko abiaduraz igarotzen zen bitartean eta, halako batean ahalegin handia eginez jiratu egin zen, ez oraindik han egongo zen andrearen ointxoa ikustearren, ez, baizik eta trenbidearen bestaldeko soroei ere bere desirak opatu ahal izateko: «Eman, eman oparo, lantzen zaituztenak bere saria izan dezan». Zalantzan geratu zen gero. Oroitu egin zen aurreko urtean baserritar batek goibel esan zionaz: «Aurten ardoa triste daukagu, sobera dago eta». Eta zer? Desira ederrak izatea beharrezkoa da mundu honetan. Inork ezin dio pertsonari birikak eta bihotza zabaltzen dizkion eskubide hori ukatu. Egia da desira ederrek jokoa uzterakoan mahaian geratzen direnei zorte ona opatzen dienaren ironia oroitarazten dutela azkenean, baina mundu honetan gauzak ez dira hain argiak eta beti uste izaten da lur oparoak onura baizik ezin dezakela eman.

        Eserlekuan zutitu eta airean zebilen ointxoa ikusi zuen. Bere aldean eseritako hirugarren pertsona zen eta ezin zion aurpegi osoa ikusi, baina ohartu zen aurreko argazkia estaltzen zuen kristalean modu berezi batean isladatuta ikus zezakeela. Zein polita zen! Arratsaren isladak edo, agian, kristalak estalitako argazkiaren lerroren batek haren nekea handitzen edo txikitzen zuelarik, aurpegi hura gogoeta eta edertasuna zen erabat. Erretratu famaturen bat gogorarazten zion, baina Aghios jaunak hainbeste ikusi zituen ezen, ezin baitzuen esan prezeski zein. Azken batean, erretratu bat besterik ez zen eta, gainera, ez zen hain antzekoa, baina Aghios jauna zoriontsu zen bidaia erretratua aurrean zuela egiteagatik.

        Emaztea utzi eta igaro zen epe laburrean, horixe zen bere bigarren desira, beraz, bigarren traizioa eta baita bigarren bekatua ere. Andrea miresten den bakoitzean desira dago. Adimena edo atsekabea egozten zaizkio musukatu nahi liratekeen ezpain horiek mamitsuagoak gerta daitezen. Bekatua ez zitzaion astunegia. Inor hirurogei urtetara iristear dagoenean —hura zen behinik behin Aghios jaunaren esperientzia eta bere bakardadean orokortzea maite zuen— jakina da gorputza ez daukala neke askotarako. Bekatua zilegi bihurtuko balute ere, bizitzaren garai horretan aurrekoetan baino askoz gutxiagotan egingo genuke bekatu: horrek frogatzen du dena gaitasunaren eta betebeharraren menpe dagoela. Eta Aghios jauna oso gogoeta filosofikora iritsi zen: gure Jainko Jaunak Berak nahi duen bezalaxe jokatzen ikusteko sortu izan bagintu, kreazioak ez luke inongo zentzurik. Hark egin gintuen eta gero, jakinminez, eta inolaz ere ez haserrez, begiratzera gelditu zen. Horregatik Aghios jaunak besteen emazteak desiratzen zituen inolako damurik gabe.

        Aitzitik, harrotu egiten zen, desira hori izanagatik ere, ez zuelako sekula emaztea traizionatu. Zein jator jokatu zuen, horrelakoa izan eta benetan hura traizionatu gabe. Familia haserre samar utzi zuen une honetan, apur bat ergela izan zela onartzen zuen. Baina andrea —Aghios jaunak bazekien hori— ez da sekula tratu ona. Dirua, bihotza, bizitza nahi ditu. Aldiz, hari begiratu eta desiratzea ez da ezer kostatzen, eta hori egiazki tratu onegia da. Zeren andreak, ederra bada, berehala asko ematen baitie eta, ezer baino lehen, pertsona izatearen sentimendua etxekoei nola kanpotarrei. Zein desberdina hori eta ezezagunen arteko tximino-agurra! Beharrezkoa da hainbat hilabetez hizkuntza ulergaitz bat mintzatzen den herri batean isolatuta egotea, ingurukoek baztertuta inork ezagutzen ez zaituelako eta, hain zuzen horregatik, lapurretak eta hilketak egiteko gauza zaren susmoa dutelako. Aski da orduan begi bizi eta ointxo urduri batzuk, adats baten orrazkera eta kolorea ikustea pertsona horiekin guztiekin daukazun harreman estuaz ohartzeko, herri hartako kide eta biztanle izateko daukazun eskubideaz ohartzeko. Gazteagoa orduan, bere lehen begirada harreman sozial baten benetako hasiera izaten zen. Hasiera gartsua: adiskide min baten etxean sartzea bezala, zeinak gure ohoretan apaindu eta atean «ongi etorri» txartel bat baitu. Begirada haren bidez Aghios jaunak zera esaten zuen: «Ezagutzen zaitut ederra zarelako». Eta ingeles neskatxoak erabat ulergarria zen hizkuntza batean, alegia, begirada batekin erantzuten: «Zein atsegina zaren, hain gustuko nauzun hori. Dena eman eta horrekin zer egin ez dakien hura baino atseginagoa». Horrelako elkarrizketa baten ondoren Aghios jaunak ez zuen jada absentaren beharrik, denak elkar ulertzen eta maite duten lurralde idealean zegoela iruditzen baitzitzaion.

        Aldi berean, neskatxa ingelesak beste hizkuntzarik ez ezagutzea erosoa gertatzen zen. Orduko Aghios jaunaren arabera —gazteagoa eta, ondorioz, bertutetsuagoa zeneko Aghios jauna— hori abantaila handia zen. Zeren begiradei hitzak jarraitu izan balie, kolpe batez lurralde idealetik basorik arriskutsuenera igarotzeko arriskua baitzegoen.

        Eta, horrela, sinetsi egiten zuen emaztearen begirada garbia jasan zezakeen monogamo bertutetsua izaten jarraitzen zuela. Emazteak ez zuen zerikusirik haren mundu idealarekin. Erreala, aldiz, emaztearena zen erabat. Bereizketa ederki egina zegoen, hura ez baitzen sekula ametsetan sartu eta, are gutxiago orain, bidaian, hegan ari zenean trena hegazkin bihurtu balitz bezala. Behin bakarrik gogoratu zen hartaz: «Gajoa! Espero dut dagoeneko hura ere ez gogoratzea nitaz».

        Andre hartaz gainera beste zazpi gizon zeuden konpartimentuan eta Aghios jaunak ez zituen oraindik ikusi ere egin. Albokoaz bai, konturatu behar izan zuen. Mutil gazte zurbil bat zen eta edonork pentsa zezakeen gaixotasun batetik atera berria zela, zeren sufrimendua igartzen baitzitzaion baina, aldi berean, haren gorputzak gizon sendo, arin eta osasuntsu batena zirudien. Ez zuen aski zegoen lekuarekin. Zango bat zein bestea luzatzen zuen aurrez aurre zuen gizon lodikote baten eserlekuaren azpitik eta horrek betaurrekoetan barna begiratzen zion lasai, enbarazu egiten ez zioten bitartean zango haiek ez geldiaraztea erabaki izan balu bezala. Ostikoka bukatu nahi balute bezala aurreratu egiten ziren eta, gero, bi zango lodien artean pasatzen ziren haiek ukitu ere egin gabe. Eta gizon lodikoteak (oraintxe ikusten zuen Aghios jaunak lehendabizikoz) lodiera ikaragarria zuten betaurreko batzuk zeramatzan. Argia hautsi egiten zen haietan eta betazaletan orban urdin argi bat sortzen zioten haren aurpegiari operetako Mefistofeles baten itxura emanez. Eta kexatu ahal izateko ostikoaren zain zegoen gizon lasai haren eta urduri eta oinazeak jotako bestearen artean, Aghios jaunaren sinpatiek gaixoa aukeratu zuten. Mugimendua gorputz saminduaren lasaigarria da; jarreraz aldatzen da oinazeari ihes egin nahiko balitzaio bezala. Orain mutikoa beste alde baterantz mugitzen saiatu zen, agian, alde hartatik betaurreko lodi haien eta beren distiraren mehatxua sentitu zuelako. Atzean zuen kuxin bigunari begiratu zion burua han jarri nahi izango baitzuen, baina ezin zuen Aghios jaunaren bizkar handiek eragozten ziotelako. Eta Aghios jaunak gogo hura hitzez adierazia izan balitzaio bezala ulertu zuen eta estutu eta jiratu egin zen buru akitu hura kuxinera irits zedin. Eta gero, supituki, esan zuen:

        — Itxaron, itxaron, honela jarriko naiz!

        Aurpegia leihatilan jarri zuen eta bularra harekiko paraleloan. Besteak, berehala «eskerrik asko» gartsu bat xuxurlatu ondoren, burua kuxinaren gainean jausten utzi zuen. Handik gutxira esku artean jarri zuen, besoak belaunetan jarrita. Baina Aghios jaunak, sudurra leihatilan zuela, ez zuen jada ikusten, zeren bere ekintza adeitsu bakoitzak biziagoa bihurtzen baitzuen bidaia alai baten ideia, trena goxoago eta, aldi berean, indartsuago ibiltzen hasi bailitzan.

        Baina gogoeta hura ere ez zen oraindik nahikoa askea, zeren hurkoaren emaztea maitatzeko inork duen askatasuna eztabaidatzen jarraitzen baitzuen. Norekin ari zen? Ez emaztearekin behintzat, hark ez baitzuen ahorik irekitzen bere ametsetan, ez, baizik eta izaki zehaztezin harekin: hor nonbait, agian nonahi omen dagoen eterrean, egon behar duen eta, hala ere, ezein lege moralen aurrekoa den izaki harekin.

        Egun zientziak egiaztaturik zuen agureek gizon gazteek baino beharrezkoago dituztela andre gazte eta ederrak. Jakina, lege moral zaharra gainditurik, behar hori konplitua izan zedin beste oztopo bat zegoen: andre gazte eta ederrei ere beren buruaz nahi dutena egiteko askatasuna eman zaiela. Bidegabekeria izan zitekeen, zeren gaztetasuna eta edertasuna direla medio ez baitaude askatasunerako trebatuta. Objektu preziatuegiak izanik, urrea bera baino modu bidegabeagoan banatzen zituzten. Pomadaz ongi igurtzitako bibote batekin ere bereganatu zitezkeen. Agureei oso gutxitan baino ez zitzaien ematen: gerontomania. Baina Woronoff eta Stirnach-ek adierazten zuten hori egiaztatzen bazen? Alegia, gorputz zaharren oroimena, bizkortasuna eta bizitza sustatzeko beharrezkoa izango litzatekeela neskatxa eder bat, edo hobeto esanda, neskatxa eder bat astero. Judu zaharrek ere horrela pentsatzen zuten eta, Dabid erregea bizirik mantentzeko, neskatxa eder bat eskaini zioten. Baina hark ez zuen ukitu nahi izan eta ezinbestez hil egin zen.

        Zuzen jokatu nahi zuen eta, zuzentasunean pentsatu ahala, emaztearengan pentsatu zuen berriro. Hura ere, aurpegi oraindik fresko eta arratsaldeko brisaran mugitzen zen oihal gorri hura jantzita, Milango nasan zuen itxura xarmangarri harekin, bizitza apur bat eman eta jaso zezakeen beste norbaitekin (ez berarekin). Eta, aitzitik, Aghios jauna baino okerrago zahartzen ari zen, falta baitzitzaion berak aldiz zuen pentsamendu-askatasuna. Gajoa! Ez zen baina bere zeregina pentsamendu-askatasun hura ematea. Alderantziz, esan zitekeen berak ahalegin handienak egin zituela hura eragozteko. Ezkonberritako bere morala zinez gogorra eta larderiatsua zen. Nola damutzen zitzaion orain! Ez zaio inori errietarik egin behar, damua baitator gero. Bestea isildu egiten da eta hori gaizki dago. Amore ematen du edo moldatu egiten da gure gogo larderiatsuaren arabera eta are okerragoa da. Baina emaztearen pentsamendua berea bezain librea balitz? Gerta zitekeen hark berea somatzen ez zuen bezala, berak ere harena ez somatzea. Litekeena zen emazteak erabat inozotzat hartu eta, ondorioz, bizigabe eta hotz ikustea? Semeari zer edo zer erakutsi ahal izan balio, hobeto esanda, semeak berak zer edo zer erakuts ziezaion onartu izan balu, emaztea hartu bezain laster gomendatuko zion: «Ez iezaiozu gauza gehiegirik erakuts zure emazteari eta ez ezazu zeure antzeko egin. Gerta liteke gauzak zuk nahi bezala izatea».

        Semeak, begirunea ere adieraz zezakeen begirada hotz harekin begiratu, eta pentsatuko zuen: «Zein handiusteak diren zahar hauek! Denok haiek bezalakoak garela uste dute eta denoi eurentzat erabiltzen dituzten purga berak gomendatzen dizkigute». Inoiz antzeko zerbait esan zion eta okerrena zen orduan arrazoi izan zuela. Behin izan zen eta kito, baina agureak arrazoiak zituen sarritan berdin pentsatuko zuela uste izateko.

        Hara berriz ere erresumina! Tren hartan ez zeukan lekurik eta emazte eta semearen mamuak uxatu zituen. Bere bizitza egin nahi zuen, hots, bere bidaia.

        Trena garrantzi gutxiko geltoki batean geratu zen baina, antza zenez, eraikina bestaldean zegoen. Bere aldean, belardian, txito mordo bat zegoen, eta lurra aztakatzen ari ziren trena beren etxe ondoan geratu berria zela ia konturatu gabe. «Zein jakintsuak diren! —pentsatu zuen Aghios jaunak—. Ordu finkoak dituen tren hau haien bizitzaren parte bat da. Beti bera dela pentsatuko dute». Gero ohartu zen pertsonen artean ere ez zegoela elkar aditzerik gauzak behar bezala azaldu ezean, emazteari eta biei gertatzen zitzaien bezala pentsamendu libre eta bikain baina ezkutu hari zegokionean, zeina senarrarena bezala emaztearena ere izan baitzitekeen. Eta, plazer handiz, aztertzen hasi zen zer pentsatuko ote zuten txitoek pertsonekin zuten harremanari buruz. Iruditu zitzaion belardiko txito haietako batek oihukatzen ziola: «Ai ene, zer gertatuko ote litzateke gurekin pertsonak existituko ez balira!». Eta txitoa jabearen zintzotasunaz ziur egongo zen, jaki goxoz elikatzen baitzituen eta, zintzurra mozten zionean, lagun handitzat zuen pertsona hura erotu egin zela sinetsita alde egingo zuen mundu honetatik.

        Bat-batean, askoz erosoago zegoela konturatu zen. Geltoki txiki hartan konpartimentua ia erabat hustu zen eta lau besterik ez ziren gelditzen. Mutiko zurbilak han jarraitzen zuen, eta egokiera hura aprobetxatu zuen Aghios jaunarengandik urrutien zegoen txokoan bildu eta zangoak luzatuz apur bat etzateko. Mutilaren aurrez aurre gizon bat zegoen: egunkari bat eskuratua zuen eta halako moduan zuen sudurra hartan sartuta ezen, Aghios jaunak ezin baitzion aurpegia ikusi. Aghios jaunaren pare-parean jarraitzen zuen hainbeste dioptriako betaurrekoak zeramatzan gizon lodikoteak ere.

        Zegoen andre bakarra falta zen. Hura ere geltoki txikian zegoen jendartera bildua zen. Bilera hartan tente egon zen ointxo hura falta zelarik, gelditu ziren lau gizonek haien arteko ezein harreman galdu zuten. Benetako arrotzak bihurtu ziren, txepel eta mutu.

        Aghios jaunak vis a vis zuen gizonari begiratu zion. Ohartu zen gero, haren atzean ere argazki bat estaltzen zuen kristal bat zegoela, eta han bere burua ispilu batean bezain argi ikusten zuen. Arretaz aztertu zuen bere burua. Zaharra ezinbestean, kopeta altuegia eta bibote zabartua, aukeran arranditsuegia. Bibotea zuloetan habia egiten duten animalien ezaugarria da (hori esan zuen bere seme lotsagabeak); zuloa estutzen dela ohartarazteko balio du eta, horrela, itotzeko arriskutik libratzen dira. «Pizti itxura daukat ala?» galdetu zion bere buruari, bere aurpegiaren nondik norakoak aztertzen zituen bitartean. Eta bere irudiak eta biek mesfidantzaz begiratu zioten elkarri. Horiek bai harreman errazak! Aurpegi bati begira zer adierazten duen ziur dakigun une bakarra zen. Hala ere, aurpegi hark hain polita ez delako lur jota dagoen pizti bibotetsu baten itxura zuen, eta ostera Aghios jaunari bularra harrotasunez puzten zitzaion: une hartan ohartu zen zein zen natura zabal guztian zegoen harreman estu bakarra. Zalantzak zituen baina. Eta hark ere huts egiten bazion? Eta muturra zimurtu zuen: bere aurpegiari egiten zion mesprezu-keinu bat, eta hark itzuli egin zion berehala.

        Gizon lodikotea begira zeukan, bera ere fidagaitz, kristalek handitutako begiekin.

        — Uste dut —esan zuen musuzapia sakelatik atereaz bat— aurpegia idazmakinaren tintaz zikindu dudala.

        Eta gorritu egin zen. Antza denez, lotsati bat zen.

        — Ez, ez —esan zuen agureak, solaskideari betaurrekoetatik belarrietaraino zihoakion orban urdin distiratsuari begira—. Neure buruari begiratzen ari nintzaion kristal horretan. Itxura bitxia izaten dut nik bidaietan.

        Gizon lodikoteak bizarra ondo moztuta zeraman baina haren sarriak ilundu egiten zizkion masailak. Gezurretan erantsi zuen:

        — Ez daukazu orban-arrastorik aurpegian.

        Gezurretan ari zen. Aski zen pertsonen artean hitz bakar bat esatea eta gezur bat esan behar izateko arriskua zegoen. Soilik ezezagunen artean bizi zitekeen egia. Argiaren errefrakzioaren arabera noraezean zebilelako musuzapiak atxiki ezin zuen orban urdinska hura aurpegi hartan zegoen baina, jakina, ezin esango zion hori. Beraz, bidaietan ere galtzen zen norberaren askatasuna. Gauza guztietan bezala, bidaietan ere, hasiera da zatirik ederrena. Irtetean bizitza betetzen duten arazo eta arazotxoen trabetatik libre ikusten du batek bere burua. Une batez libre arnasten da. Inoren euskarri ez da izan behar eta inor ez da baten euskarri. Baina merezigabeko lehen hitz atseginarekin (aurpegiko orbana han zegoen!) mugimenduak galarazten dituen euskarria agertzen da berriro. Laguntza eman eta eskatu egiten da. «Ez du inork esango morroi lodikote horren gustua egiteagatik hitz egin dudanik horrela. Horrela hitz egin dut hobeto sentitzen naizelako gauza atseginak esaten ditudanean».

        Morroi lodikoteak ere gauza atsegin bat esan zuen:

        — Ez dakit zergatik diozun itxura bitxia duzula. Ez dut nik ikusten, zinez. Benetan ez dut ikusten.

        Silabak pedanteriaz ahoskatzen zituen. Aghios jaunaren bizkarrari jartzen zitzaion beste euskarri bat zen. Asko sufritu zuen heziketa onak beste batentzat gezur batean oinarritutako euskarri bat asmatzera behartu zuenean. Orain, berriz, jasotzen zuen adeitasunak lasaitu egiten zuen. Lasaitu-hasperen batekin sartzen zen berriro jendearen partzuergoan, eta ez zen konturatzen euskarri hura ere gezur batean oinarritzen zela, baina hura ez zitzaion gogaikarria gertatu ez zuelako berak asmatu behar izan. Hala ere, gogoratu beharko luke unetxo bat lehenago aurpegia bibotetzar harekin erabat bitxia, piztiarena bailitzan ikusi zuela.

        Eskerrak eman eta gogotik ekingo zion solasari konplimendu hura eskaini zionarekin. Baina ez zuen gairik aurkitu. Elkarri esan zizkioten lehen hitzak euren gorputzen zati bati buruzkoak izan ziren. Horrela jarraituz gero, zakurren antza izateko arriskua zegoen.

        Aghios jaunak irrikaz begiratu zuen korridorerantz, erretzen, berriketan eta barrez ari zen jendez gainezka baitzegoen oraindik. Apustu egingo zuen bere neskatxa begi urdina han zegoela; bestela ez zen horrenbeste iskanbila egongo eta gizonak erdi hutsik zegoen konpartimentura esertzera etorriko ziren. Alferkeriagatik, irteteko gogoa izan arren, ez zen mugitu. Begiak atetik aldentzen ari zenean, konpartimentuaren beste aldeko muturrean elkarrizketa bizi bat sortua zela ohartu zen. Mutiletako bat, gaixo zegoena, nekez zegoen atezuan bere solaskideari entzun ahal izateko eta haren aurpegi zargalak ahalegin desatsegin bat egitera behartuta dagoenaren itxura zeukan.

        Besteak, berriz, oso pozik zirudien bere erretolika botatzeko aukera zuela eta. Gutxi gora-behera Aghiosen semearen adinekoa zen. Ilehoria zen hura bezala eta bazuen Aghios jauna harritu zuen beste antzekotasun bat ere. Aghios jaunak semeari berriki entzun zion gauza berari buruz ari zen. Bidaia batean ere topa zitezkeen etxean enbarazu egiten ziguten lelo berak, zeren modak berdin hondatzen baititu etxeak zein trenak. Ikaslea nerbio-gaixotasunen jatorriari eta psikoanalisiaren bidezko osaketari buruz mintzo zen. Aghios jaunak hitz hauek besterik ez zituen entzun:

        — Gaixotasunak lehen haurtzaroan jasandako zauri moral batean du bere lehen jatorria eta ez sufritzearren, haren oroimena ezabatu egin dugu. Garrantzia izan dezan, zauria lehen haurtzaroan egina behar du izan.

        Aghios jaunak hori guztia bazekien. Eta semeak, berak asmatua bailitzan, doktore baten plantarekin bota zionean, Aghios jaunak baietz esan zion otzan. Berak ere ikusten zuen hazten ari den gorputz bati egindako zauria haztearekin batera hedatu egiten zela. Gainera, haurraren ezjakintasuna zela eta, irainak garrantzi handia hartzen zuen. Baina, orain, bidaiaren askatasunean, Aghios jauna bihurritu egiten zen. Nola esan zitekeen halakorik? Zauri orok ematen zuen min eta zauri oro, behar beste denbora emanez gero, pasmatu eta hedatu egiten zen. Bera ere, ia hirurogei urte zituela, ez al zen hurkoaren edozein irainekin eta berak zituen zalantza guztiekin nahigabetzen? Haragia, horrenbestean likidoz osatua, ez zen oso indartsua eta azken arnasaraino gurekin daramagun ezjakintasuna hain handia denez, bizitza pasatzen dugu inongo garrantzirik ez duten txikikeriei sekulako garrantzia ematen eta astunak, larriak, ondoezaren eta gaixotasunaren jatorritzat sentitzen. Jakina, denbora behar da eta denborarik luzeena haurtzarotik heriotzara doan hori da. Horregatik dirudite haurtzaroko gorabeherak luzeenak eta horregatik gorabehera gaiztoak arriskutsuenak. Umetan txikiak dira eta handitu egiten dira helduak atsekabetzeko.

        Mutikoak zera esaten jarraitu zuen:

        — Bigarren gertaeraren bat erantsi dakioke geroago lehenengo hari eta areagotu, baina sekula ez du berezko garrantzirik izango.

        Hartara iritsita eta nahiz eta sermoilariarengandik hain urruti egon, hori eta trenak egiten zuen zarata burrunbatsuak parte hartzea eragotzi ahal izango lioketen arrazoiak biak, Aghios jaunak bere protesta egiteari ekin zion. Semearen aurrean isildu egin zen, baina orain ez zegoen isilik egoteko arrazoirik. Bidaiaren askatasun handian zegoen.

        Baina une hartan, oinazez zegoen mutilak, entzuteko ahaleginak egin ondoren, bere burua atzeko kuxinean erortzen utzi zuen, eta mintzatzen ari zen mutilarengandik urrunduz zera esan zuen:

        — Herriko medikuarekin hitz egingo dut honetaz.

        Nekatuta zegoen eta begiak estali zituen. Jarrera bortxatzeak zorabioa eragin zion.

        Sermoilaria, une batez, harrituta eta irainduta gelditu zen. Eta Aghios jaunak barregurari eutsi behar izan zion. Halako gauzez herriko medikuarekin hitz egin? Sermoilaria ez zen medikua, jakina, eta beraz, uste zuen herriko mediku batek baino eskubide gehiago zuela zientziari buruz hitz egiteko.

        Geroxeago mutila altxa, maleta hartu eta korridorera irten zen, hurrengo geltokian trenetik jaisteko prest. Trena gelditu zenean, Aghios jaunak jarraitu egin zion bi gauza ikustearren. Lehengo eta behin ikusi nahi zuen ea mutila benetan jaisten zen edo, besterik gabe, herriko mediku batek zokoratzea lortu zuen lekutik alde egin nahi zuen. Baina bai, benetan geltokitxo txiki batean jaitsi zen eta Aghios jaunak ikusi zuen poliki eta ziur nola mugitzen zen eta nola desagertzen zen horrela psikoanalisiaren zientzia handia etxetxoaren ate batetik. Gero Aghios jaunak korridorean barrena begiratu zuen ea beso artean kasik izan zuen neskatxa begi urdin hura ikusten zuen. Ez zegoen han. Zer egiten zuten orduan gizon haiek guztiek zutik? Korridorean zegoenez, Aghios jaunak plantak egin nahi izan zituen eta zigarro bat piztu zuen helmugara iristeko zain zeuden gizon haien guztien erdian. Ez zuen haiekin hitz egiterik espero, korridorean kalean balego bezala sentitzen baitzen. Ez zegoen bere giroan, alegia, bere konpartimentuan. Leihatilatik begiratu eta atzean uzten zituzten telegrafo-zutoinak zenbatzen hasi zen. Gero, luzaro, zenbatzeari utzi zion eta konturatu zen pentsamendua erabat bakean uzteko gauza izan zela, ikusi gabe begira. Zutoinek eta soroek, edo bizitzaren zati batek, ikusiak edo sentituak izan gabe ihes egiten dute. Bere onera itzuli zenean, ez zen oroitzen tarte hartan pentsamenduaren edo oroimenaren mugimendu txikiena ere egon zenik, halako ezer gerta zitekeen zalantza egiten bazuen ere. Eta, agian, sentitu zuen bakeari ihes egitearren, Aghios jaunak honako epai trinkoarekin eutsi zion bere munduari: «Maite ez duen eta maite ez duten agure bat izango nintzateke maite dudan eta maite nauen ni neu existituko ez banintz». Mundu hura, zeinera itzultzen baitzen, argitu behar zuen. Irribarre egin zuen, ez zuelako samintasunik sentitu. Gauzak horrela ziren eta, ondorioz, bere adinarentzat egokia zen egoera eroso bat gertatzen zen. Gero bere adierazpena zehaztu zuen: ezin esan zitekeen inor maite zuenik bereziki, baina bai bizitza osoa indar handiz maite zuela, jende, animalia eta landareak, gauza anonimoak oro eta horregatik maitagarriak. Areago, pertsonen artean andre ederrak ere egon ez balira, santu baten soseguarekin heriotzari itxaroteko gauza izango zen. Eta, zigarroa amaituta, eserlekura itzuli zen hasiberria zen bidaia labur hartan txertatutako bidaia luze bat amaitu duenaren irudipenarekin. Bidaiaz akiturik, lasaitasun-hasperen bat jaurti eta eseri egin zen.

        Argi zegoen aurrez aurre zuen bidaiari hark elkarrizketan hasi nahi zuela. Eskuan purutxo toskanar bat zuen eta betaurrekoek distirarazten zituzten begi handi haiekin erreguzko begiratu bat zuzendu zion:

        — Zu korridorera irten zara erretzera eta, beste jaun horrek uzten didanez, izango al duzu nolabaiteko eragozpenik neure lekuan gelditzen banaiz purutxo hau erretzen?

        Zein gauza handia den tabakoa! Batez ere ez erretzaileen konpartimentu batean. Hari esker, ezezagunen artean ere bizitza soziala has zitekeen, zakurren artean bezala, nahiz eta horren grinatsua ez izan.

        Adeitasun beretsuz Aghios jaunak baimena eman eta, atseginago izatearren, hitzari ekintza erantsi nahi izan zion. Orduantxe erre zuela eta, gogo gehiegirik ez bazuen ere, sakelatik zigarro bat atera eta irribarrez esan zuen:

        — Ni ere neure baimenaz baliatuko naiz.

        Baina, gero, ez zituen pospoloak aurkitu. Berokiaren hiru sakeletan miatu behar izan zuen, jakaren hiruretan (ez lauretan, zeren bularraldekoa hain puztuta aurkitu zuenez, berehala oroitu baitzen han dirua zeramala), txalekoaren bietan eta galtzetako bietan. Bitartean gizon lodikotea berriro ere atsegina izan zen eta pospolo piztu bat luzatu zion.

        Benetan hunkituta, Aghios jaunak eskerrak eman zizkion. Besteak irribarre egin zion, baina ez zion ezer erantzun, apur bat hezea bide zegoen bere zigarrotxoarekin arduratuta.

        Baina, gero, elkarrizketa berpiztu egin zen zeren, Aghios jauna oroitu zenean emazteak beti esaten zuela andreek sakela gutxiegi eta gizonek gehiegi zituztela, barrez hasi eta haren azalpen bat eman behar izan baitzuen.

        Bidelagun lodikoteak ere barre egin zuen baina, gogo gabe, atsegina izateagatik. Hala ere protesta egin zuen. Ez zegoen erabat ados esandakoarekin:

        — Nik beti dakit zer daukadan sakeletako bakoitzean. Nire txartela ikusi nahi? Hona hemen. Ispilutxoa? Irakurtzeko betaurrekoak?

        Haiek ere oso lodiak ziren. Ordena handia zuen, beharrezkoa agian begi akastun haiekin. Gauza mordo bat zeraman gizon hark, armairu ibiltari bat bailitzan, eta bakoitza bere lekuan. Ez zen ideia txarra sakelak hain ordenatuta izatea eta Aghios jaunak berak ere hala egitea erabaki zuen. Areago, sakeletako batean sakelen plano bat eta horietako bakoitzean gordetzen ziren gauzen zerrenda bat jar zezakeen. Eta umore onez eta arrangurarik gabe pentsatu zuen bere lagun berriak ez ziola kartera erakutsi. Berak ere ez zuen sakela hura ukitu. Sentimendu ederra zen maltzur sentitzearen hura.

        Gero, ez ziola hari barre egin ziurtatzearren, Aghios jauna esateko zerbait atseginaren bila hasi zen. Gogoratu zen purutxo toskanarrak erretzen zituzten guztiak harro zeudela hainbeste pozoi jasateko gauza zirelako. Egiazki, bera ez zuten liluratzen, bai baitzekien purutxo haien kea ez zela birika eta bronkioetara joaten, ahoan gustua utzi bezain pronto botatzen zela baizik. Baina merezi zuen gezur bat esatea inguruko giro atsegin hura bermatzearren. Esan zuen:

        — Nolatan jasan dezakezu horrenbeste pozoi?

        Harrigarria! Besteak ez zituen hitz haiek konplimendutzat hartu.

        — Ez dut uste zuk zeure Macedoniekin baino gehiago pozoituko naizenik ni. Zuk oraintxe bota duzu bat eta dagoeneko beste bat piztu. Honakoa gaur erretzen dudan hirugarren purutxoa da eta bazkal ostera arte ez dut besterik erreko. Badakit zer gertatzen den Macedoniekin. Apustu egingo nuke egunean berrogei bat erretzen dituzula!

        Ez zen egia. Ahoan zuen hura Aghios jaunak helburu sozial batengatik piztu zuen, bestela luzaro egon zitekeen bera batere erre gabe. Baina atsegina izatearren...! Baietz esanez bigarren gezurra esan zuen, baina une berean ohartu zen hartaz.

        Arraroa! Ezezagunei gezurra mordoiloan esaten zitzaien, helburu jakinik gabe. Ezagutzen ez denarekin ez zegoen sekula benetako akordiorik. Gertutik ezagutzen denarekin ere maiz gertatzen zen desadostasuna, baina ez horrela. Hura iskanbila zakar bat besterik ez zen, orkestretan musikari bakoitzak bere tresna probatu, entzun eta afinatzeko jotzen duenean bezala. Ezagunen arteko gezurrak kontutan hartzen ditu bera sinesgarriagoa egingo dituen baldintzak. Aurrera doan trenean, aldiz, apetak agindua da; buru-lan fina den ahalegin arretatsua falta zaio. Aghios jaunak eskua ahora eraman zuen hari eutsi eta askatasuna kendu nahiko balio bezala. Berak munduan zehar serio eta larri igaro nahi zuen eta ez hitzen bidez mundua faltsifikatuz; ez zerbait egiteagatik, hurkoaren begian amaituko duten ala ez arduratu gabe, mutikoak botatzen dituen harriak bezalako hitzen bidez mundua faltsifikatuz. Beraz, askoz zailagoa zen ezezagunen artean duintasunez mugitzen jakitea eta berari, askatasunean ibiltzeko ohiturarik ez zuenez, hanka sartzea zegokion, askatu bezain pronto lorategia izorratzen duten kate-zakur horiek bezala.

        Baina ez zen gustura sentitzen eta Aghios jaunak, mugitu eta libratzeko, leihatila ireki eta laranja bat erosi zuen. Lira bat! Ez zuen goserik, Milan utzi baino lehenxeago jan baitzuen. Baina ez zetorren gaizki laranja bat sakelan eramatea egarria handia denerako. Lira bat, lira bat oso-osorik!

        Puru-erretzaileak harekin borrokan jarraitzen zuen eta betaurrekoen azpitik begiak okertzen zituen zigarroa hobeto ikustearren. Hala ere, bazirudien Aghios jaunaren erosketari adi egon zela, zeren esan baitzuen:

        — Laranja bat, lira bat. Prezio hauekin ez da behintzat denborarik galtzen. Lira ematen da eta ez dago bueltarik.

        — Ez da trena gelditu behar ere —esan zuen Aghios jaunak eta berehala pentsatu zuen ezezagunekin adiskideekin baino alferrikako hitz gehiago esaten zela. Ez al zen hobe isilik geratu izan balitz?

        Besteak, berriz, ez zuen horretarako eragozpenik eta bere haurtzaroan ezagutu zituen prezio baxuez hasi zen berriketan. Prezio baxu haiek hildako ahaide maiteak bailiran laztantzen zituen. Eta, eskrupuloak bazituen ere, bera ere aspaldiko oroitzapenez hasi zen hitz egiten. Aurreneko hitzetatik, garai erabat desberdin batera eramana sentitu zen, eta kasik ahaztu egin zitzaion prezioei buruz hasia zela hitz egiten.

        Abuztuko goiz argitsu bat Tricesimotik Karniara doan bide ederrean. Bera eta adiskide bat, margolaria, zaldi batek tiratzen duen gurdi batean: zaldiak momentutik momentura ibilgailuan esaten dena entzuteko pausoa astiroagotzeko bizioa dauka. Ez dute zigortzen, haserrea lekuz kanpo egongo bailitzateke Friuliko soro-zelai berde zabal horietan, zuhaitzez josita ikusten diren muino horien artean, goiz eguzkitsuaren baretasunean. Mutil gazte biak, alaitasunaren alaitasunez, onak sentitzen dira eta zalditxoa maite dute, gurdiarekin batera egun oso batez bi lira baino balio ez dituen zalditxoa.

        — Ez da asko, baina ezta gutxi ere —esan zuen besteak doktore antzera—. Oraindik orain, Brianzan, baina neguan, jakina...

        Aghios jaunak etenaldia lasai eraman zuen. Pentsamendua oso-osorik Karniako hegaleko toki txiki batean zuen, Torlanon: Friuliko beste leku batean lehendabizikoz topatzen zen hartan, ez friuliarra ez italiarra iruditu ez zitzaion leku bat. Teilatu haiek ia bertikalak izateko bezain pikoak ziren eta Europako iparraldeko etxeak estaltzeko eginak ziruditen. Aghios jaunak ez zituen xehetasunak gogoratzen, baina osotasuna garden eta irribarretsu gogoratzen zuen, gotiko antzeko lerroen kolore italiarrez blaituta. Bere ondoan margolariak begiak erdi itxita begiratzen zuen. Sentitzen zuten lilurak elkartzen zituen, pertsonen artean egon daitekeen elkatasunik estuenak, alegia. Errekasto bat ere bazegoen, eta han eta hemen uraren sakonera adierazten zuten geruza urdin zenbaitek eta uraren habailak harrigarria bihurtzen zuten. Eta hau guzti hau Aghios jaunak isildu egin zuen, zeren ez baitziren betaurreko lodiak zeuzkan gizonarekin zerikusirik zeukaten gauzak.

        Baina kontatu zion Friuliko herri bikain hartan adiskidea eta biak mokadu bat jatera joan zirela beren poza areagotzeko. Askaria epeka egin zuten. Hasteko esne aparta kafe apur batez nahastuta, baserriko ogia oraindik beroa eta benetako gurina, arrunta eta latz samarra. Ondoren, gurinaz frijitutako arrautza pare bat etorri ziren. Gero saltxitxoi samurra, egin berria izanik, artean bere egoera berrian mamitzeko astirik izan ez zuena. Berria zen hari jarraitu zion gazta ere, eta Aghios jaunak bazekien gazta zaharra ona zela baina berriak ere ez zeukan inongo aitzakiarik. Otordua Torlanoko botila bat ardorekin amaitu zen. A zer ardoa Torlanokoa! Horia eta berezko argiz koloreztatua eta menditik jaitsi berria den Torlanoko ura bezain bizia. Eta agurea liluratu egin zen gauza gazte haiek eta ardo zahar hura (hiru urte zituen, mendietako urte luze haietakoak) eta bere gaztetasun lotsagabea oroituz. Gaztetasun hura jeniala bihurtu zuen Triesteko pintore handiak, zeina goizegi desagertu zen eta Torlanoko zubiari begira bazekien Monetek nola margotu izango zuen. Baina Torlanon, non mendia guztiaren gainean baitzegoen, zubiak ezingo zuen bakarrik gelditu eta nabarmendu. Dena desagertua zen. Ezinezkoa zen Torlano existitzea, bera laztandu zuen pintorea jadanik hila zenean. Eta Aghios jauna han zegoen izan zenaren oso antzeko, baina ez argazkia gauza biziaren baino antzekoago. Eta atzera begiratzen zuen une honetan argazki bat bezain geldirik zegoen. Oroitzea benetako ekintza bat ez balitz bezala. Oroitzapena geldirik jasaten da. Gogoratzen duena eta gogoratzen dena gelditu egiten dira.

        Lagunak trenaren mugimendura erakarri zuen.

        — Eta kontua txikia izan zen?

        Agureak, bere onera itzuliz, aurrera makurrarazi zuen trenaren astinaldia sentitu zuen. Irribarre egin zuen.

        — Oraindik ez da amaitu. Zaldiak ere izan zuen bere askaria: artoa, olorik ez zegoelako. Eskorta zabal batean (Torlanon ez da leku faltarik) gurdia ederki asko garbitu zuten, izan ere pintoreak gidatua izanik sarritan bidetik atera eta zikina baitzegoen.

        — Ederki! —esan zuen gizon lodikoteak—. Baietz asmatu kontua zenbat izan zen. Bi lira edo, asko jota, bi lira t'erdi.

        — Lira oso batengatik egin duzu huts —esan zion Aghios jaunak.

        Besteak ez sinestearen keinua egin zuen. Bazirudien eztabaidatzeko prest zegoela. Gero kontuak egin zituen marmarka:

        — Bi baso-esne, nahi adina ogi..., lau arrautza frijitu..., bi gazta. Lira t'erdi gutxitxo iruditzen zait.

        Aghios jaunari, egiazalea izanik, bestearen eragozpena adei gabea eta desegokia iruditu zitzaion. Zer zekien hark mila zortziehun eta laurogeita hamahiruan Torlanon zeuden prezioez? Eta laburki erantsi zuen:

        — Kontu harekin hain harrituta gelditu nintzenez, pintoreari proposatu nion lira oso bateko eskupekoa ematea, horrela askariak hain justu zuk esandakoa balio izango zuen. Baina hark hogei zentimo besterik ez uzteko esan zidan, haren iritziz bestela mundua alferrik galtzen zen. Hark esan bezala egin nuen. Beraz, Torlanori iruzur egin nion eta, hala ere, bistan denez, mundua alferrik galdu da.

        Eskerrak solaskideak Aghios jaunaren azalpen hauei biziki baietz egin eta barre ere egin zien, zeren eta egiaztapen zorrotz batek beti eragiten baitu barrea. Baina hark ere berea erantsi nahi izan zuen eta esan:

        — Nork daki ez ote den Torlano ere alferrik galdu?

        — Ezetz espero dut —erantzun zuen Aghios jaunak sutsuki.

        Eta ez zen prezioetan pentsatzen ari, baizik eta ondo bideratutako ur hartan, haren kantu goxoan, zubian eta etxe handi haietan, non gauza onez elikatutako jende soila bizi baitzen.

        Dagoeneko nahikoa lagun ziren eta elkar aurkeztu zuten.

        — Ernesto Borlini, kontularia.

        Borliniri Aghiosen izenak harritu egin zuen.

        — Grekoa?

        — Jatorriz, bai, baina oso antzinakoa.

        Aspaldian ez zuen Aghios jaunak bere izen grekoan pentsatzen, zeren ezagutzen zuten guztiek izen hura italiarra bailitzan onartzen baitzuten. Egia da sarri bere bizitzan zehar, deitura hura zela eta, bere barruan miatu izan zuela herrietan bikainena izan zenaren zerbait aurkitzeko jakinminez. Zenbait bider aztertu zuen berak esandako hitzen bat ea herri urrunen batetik iritsia ote zen ikusteko eta zenbaitetan erabili zuen buruan bere ideia bat eta harritu, beste kristauen garunaz desberdin osatutako garun batek sortua balitz bezala. Oraingoan pentsatu zuen: «Jatorriak zer edo zertarako balioko balu, nik, orduan, urte guztian harat-honat ibili beharko nuke». Baina hein handi batean harrotasuna desagertu zitzaion berak baino gehiago zekien semetxoa alboan zuenetik.

        Agurearen pentsamenduak bere baitara bihurtu ziren. Berehala barre egin behar izan zuen. Dante edo Homeroren antza zuen akaso? Oro har ez zeukan zer galdua herri bat edo beste aukeratuz. Bere barreak lotsatuta, estatistikei buruz hausnartzeari ekin zion. Pasio-delituak eta fakzioak han eta hemen. Zer irabazirik ez batean edo bestean egonda. Eta gainera zenbat italiar zen grekoa jakin gabe? Ez! Ez! Berak ere, bidaiatu ahal izateko, tren-txartela ordaindu behar zuen.

        — Pozten nau grekoa ez zarela jakiteak —esan zuen Borlinik—. Ezin ditut grekoak jasan.

        Aghiosek enbarazu-keinu bat egin zuen. Zer esan ziezaiokeen eskua eman berritan bere izaeraren erdia gorrotagarria zitzaiola esaten zion gizon lodikote horri? Aghios jaunak etsi egin zuen: «Zuk grekoak gorrotatzen badituzu, niri bost axola. Zutaz izena besterik ez dut ezagutzen, Borlini, eta gorrotagarria zait zeuk daramazulako». Baina isildu egin zen. Zentzugabekeria zen familia utzi eta eztabaidan hastea.

        Elkar ezagutzen hasiak ziren eta halako intimitate bat zegoen. Bat-batean Aghios jaunari aurpegitik nahigabea ezabatu zion soinu arraro eta berri batek trenaren martxak sortzen zituen hiru edo lau hots jakinak eten zituen. Mutikoak, txokoan, esku bat begietan zuela eta mugitu gabe, benetako auhen bat jaurti zuen. Auhena intimitate-soinu bat da zinez. Bide orok aldatzen du bere itxura halako soinu bat entzuteko moduan sortzen bada. Ibiltari axolagabea geratu eta pentsatzen du: «Gizajoa! Begira zer gertatzen zaion eta, bide honetatik egunero igarotzen naizenez, bihar neuri gerta dakidake».

        Aghiosek eta Borlinik, harrituta, oinazetuari begiratu zioten. Luzaro egon ziren isilik eta, horrela, mutila ohartu egin zen hari begira zeudela. Eskua begietatik kendu eta bere bidelagunei begiratu zien. Begira ari zitzaizkion, Borlini erabat aurrera makurtuta hari hobeto hurbiltzeko.

        — Gaizki al zaude? —galdetu zion Aghiosek, bat-batean anaikor.

        — Zer bada? —galdetu zuen mutilak harriturik. Begi beltz eta ederrak zeuzkan adats horailskaren azpian.

        — Barka ezazu! —esan zuen Aghiosek—. Agian amets egin duzu, baina auhen bat jaurti duzu.

        — Litekeena da —erantzun zuen mutilak—. Batzuetan gertatzen zait. Barka iezadazue. Ez nago gaixorik. Neure zoritxar batean pentsatzen ari nintzen eta horregatik irten zait auhena. Berriz ere barkamena eskatzen dizuet.

        Begiak itxi eta bere txokoan egokitu zen. Geroxeago errezela hartu eta burua estali zuen. Antza zenez gizajoak iluntasun handia behar zuen, zeren konpartimentuan argia oso urria baitzen dagoeneko. Ilunabarra zen eta gainera zerua lainotuta zegoen.

        Aghios jaunak begira jarraitu zuen. Zenbat gustatu izango zitzaion bidaia hartan aurkitzen zuen lehendabiziko oinazea eztitu ahal izatea. Zeren auhena pertsona batek beste bati igorri diezaiokeen soinurik familiarrena baita. Berehala ulertzen da. Hitzak baino hobeto ulertzen da; sortu duen organismoari ihes egin dio eta hark ez du gainerantzeko funtzioak bezala onartzen. Birikak arnasa eta bihotzak taupadak bezala. Eta soinu hori besteen bihotzetara doa zuzen-zuzen haiek ere sortzen dakitelako eta horrexegatik ulertzeko gauza direlako.

        Borliniren betaurrekoen azpiko begi biribil haiek, aldiz, mesfidantzaz beterik begiratzen zioten lotiari. Veronara iristean, ohiko zalaparta sortu eta, geltoki iluneko nasara airea hartzeko batzuk edo hirietan argienean geratzeko besteak, konpartimentu guztiko jendea mugitu zenean, mutikoa esnatu, altxa eta korridorera atera zen bekokia leihatilaren kontra jarrita ilunpea zelatatzera.

        Borlini Aghiosengana makurtu zen:

        — Jendaurrean auhendatzen den edonork dirua maileguz eskatzeko asmoa du.

        Aholku atsegin bat izan nahi zuen eta Aghios jaunak irribarre egin zuen eskertzeko, baina ez zuen inolako eskerronik sentitu. Auhendatzen ari den pertsona bati mesfidantzaz begiratu behar bazaio, orduan jai dago; hobeto etxeko lau pareten artean gelditu eta sekula ez mugitzea. Auhen bat entzun eta ez fidatu? Besterik gabe mesfidatu? Laguntza eskatzen entzun eta, oihua bera arrisku abisu bat delako, korrika ihes egitea bezala da.

        Mutikoa lekura itzuli eta bere txokoan aurreko jarrera berean etzan zen. Dagoeneko Aghios jaunak ulertu zuen ezin ziola hitz batekin ere lagundu. Heziketa onaren arauak ziren.

        Auhen bat entzuten denean ezentzunarena egin behar da. Bera heziketa oneko gizona zen. Denak jarraitu behar zuen auhena jaurti izan ez balute bezala. «Ez ezazu muturrik sar» egin zion errieta Aghios jaunak bere buruari.

 

 

 

© Italo Svevo

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia