1. MILANGO GELTOKIA

 

        Samurki baina indarrez Aghios jauna emaztearengandik urrundu eta ibilera azkarrez geltokiko sarreran pilatzen zen jendartean galtzen saiatu zen.

        Agur hura laburtu beharra zegoen, senar-emazte zahar biren artean barregarri gertatzen baitzen. Egia esan, toki horietan mundu guztia presaka eta korrika eta, barre egiteko ere, auzokoari begiratzeko astirik gabe ibiltzen zen baina, hala ere, Aghios jaunak auzotar isekaria barruan nola gorpuzten zitzaion sentitu zuen. Areago, oso-osorik auzotar horixe bera bihurtzen zen. Zein arraroa! Sentitzen ez zuen tristura baten itxura egin behar zuen eta, ostera, alaitasunez eta itxaropenez gainezka egiten zuen. Ez zuen sentimendu horretaz lasai gozatzeko unea ikusten. Horregatik zebilen lasterka, ahalik eta azkarren itxurei ihes egiteko. Zer dela eta hainbeste berriketa? Egia zen urteetan ez zela emaztearengandik urrundu, baina etxera, Triestera, bi aste geroago elkartuko ziren lekura bidaia bat egiteak ez zuen hartaz hitz egiterik merezi.

        Eta, aitzitik, hitz egin zuten, luze eta etengabe. Erabakia hartzea zaila izan zen, hain zuzen, biek nahi zutelako eta biek uste zutelako lortu ahal izateko beharrezkoa zela nahi hori ezkutuan gordeta izatea.

        Bizitza osorako edo gutxienez ia osorako urruntze bat izan balitz, tira, negar egin ahal izango zuen. Baina, horrela ez izanik, bere buruari aitor ziezaiokeen pozik urruntzen zela. Areago, jakin baitzekien emaztea ere pozik gelditzen zela.

        Azken urteetan Aghios andrea semearekiko maitasun sutsu eta esklusibo batez lotuta zegoen. Hura urrun zenean andrea bakarrik sentitzen zen, baita senarraren ondoan ere eta, are bakartiago oraindik, Aghios jaunak barre egingo zuelakoan ez zuelako oinaze hari buruz hitz egiten. Baina Aghios jaunak bazuen oinaze haren berri, samindu egiten zen hura ezin leuntzeagatik eta, ez gogaitzeko, ezikusia egiten zuen. «Errepresio bikoitza» pentsatu zuen Aghios jaunak, filosofiazko zenbait lan irakurriak baitzituen. «Bikoitza, harena eta nirea baita».

        Oraingoan, Aghios andreak Milanen geratu nahi izan zuen, semeak azterketa garrantzitsu bat egin behar zuela eta bakarrik ez uztearren. Aghios jaunak ez zien garrantzi gehiegirik ematen berriro egin daitezkeen azterketei eta jakin bazekien semeak ere gustura egingo lukeela berriz ere hura, Milanen gelditzea horren gogoko izango ez balu behintzat. Baina orain, bakarrik alde egin nahi bazuen bederen, Aghiosek berak ere ahalegindu beharko zuen ataka txar haren erdian ama semearen peskizan geldi zedin. Ondorioz, andrea, senarraren gustua egitearren, Milanen gelditzen zen, baina Aghios jauna, emaztearen izpirituak zorrozki zelatatua, irainduta balego bezala abiatzen zen, nahiz eta ez adierazi, zeren bestela kolokan jarriko baitzuen bakarrik bidaiatzeko askatasuna.

        Benetan laburtu beharreko agurra zen hura, zeren gauzak nola zeuden igarri izan balu Aghios andrea kapaz zen azken unean antolaketa guztiak aldatzeko. Dagozkion eginkizunak behar bezala ez egitea onartzen ez duten andre horietako bat zen. Eta Aghios jaunak pentsatu zuen emaztearengana sentitzen zuen erresumin txiki hura, erabat desatsegina bestalde, desagertu egingo zela bakarrik egon bezain laster. Korrika hasi zenean zuzenagoa izan zen. Agur haiek luzatuz senarra bakarrik joaten uzteak sortzen zion damua erakusten zuen eta Aghios jaunak pentsatu zuen: «Zein zintzoa den! Ez nau inolaz ere maite baina aldarean eman zuen hitzari eutsi nahi dio azkeneraino. Samindu egiten da egin beharko lukeena egiteko gauza ez delako. Nahigabe handia harentzat eta benetan gogaikarria niretzat!».

        Baina zergatik sentitzen zen Aghios jauna hain pozik eta esperantzaz beteta azkenik bere legezko emaztea uzteko unean? Parranda egin eta bere ile urdinxeak desohoratuz andreen atzetik korrika ibiltzeko asmoa zuen akaso?

        Ezin zen halakorik esan. Agure batek ez daki korrika egiten eta, gainera, Aghios jauna ez zen andreen atzetik korrika ibili gaztetan ere. Egia da bere poz eta esperantzetatik ez zegoela andrea erabat baztertzerik. Hain ziren beteak poz eta esperantza horiek ezen, andrea —andre ideala, agian zango eta ahorik gabekoa— ezin baitzen kanpo egon. Itzalean zegoen, beste mamu askorekin nahasita; mamu horien parte garrantzitsu bat zen. Baina desiretako andrea ez da beti berdina. Egia da ezer baino lehen maitasunerako balio duela, baina, bestalde, babestea eta salbatzea nahi izaten da maiz. Animalia eder bat da, baina ahula ere bai, eta ahal bada, laztandu egiten da eta, ezin bada, laztandu egiten da halaber.

        Aghios jaunak bizi nahi zuen eta horregatik bidaiatzen zuen bakarrik. Zahar sentitzen zen eta are zaharrago emazte zahar eta seme gazte haien ondoan. Emaztearen besotik helduta joaten zenean, ibilera astiroagotu behar izaten zuen eta semearen ondoan ibiltzen zenean, berriz, horrek astiroagotu behar izaten zuela sentitzen zuen. Errespetu handiz tratatzen zuten. Gaixo egon zenetik, emazteak erizainarena egiteko ohiturari eutsi zion eta horrek gizonezkoak izan zezakeen zaldun-sena amatatzen zuen. Bestalde, semeak errespetu handia zion aitari, baina eztabaidatu eta zuzendu egiten zion berak, bere fantasia sukartsuaren eraginez, inongo zientziatan oinarritzen ez zen etimologiaren bat asmatu edo hainbat gertakizun historiko nahastu edo itxuragabetzen zituenean. Mutilak, aldiz, nahiz eta batxilergo-ikasketak kostata bukatu, latina eta grekoa gogoratzen zituen, Aghios jaunak sekula ikasi ez zituen hizkuntza haiek eta, berak emazteak bezala, ondotxo zekien zer zekien. Eta ez da inondik ere erosoa oker dabilen aita izatea.

        Baina ez zen hori bakarrik, ez, nahiz eta Aghios jaunarentzat nahikoa garrantzitsua izan bere zahartzaroko urteetan erabat bakean utz zezaten; erabat bakean, hots, bere ezjakintasuna ere barne, zeren hain antzinakoa zenez, bere bizitzaren oinarria izatera iritsi baitzen.

        Aghios jaunak zahartzaroari egozten zion izan zezakeen edozein ondoez baina, aldi berean, haren parte baten errua familiarena zela pentsatzen zuen. Egia zen ez zuela bere burua sekula orain bezain zahar ikusi, baina sekula ez zen sentitu, zahar izateaz gainera, herdoilduta. Eta herdoila, zalantzarik gabe, familiatik zetorren, giro hertsitik, hor sortzen baitira lizuna eta herdoila. Nola ez herdoildu hainbeste ohikeriaren erdian? Egunero ikusten zituen aurpegi berak, hitz berak entzuten zituen, ardura berak izatera behartuta zegoen eta, orobat, itxura berak egin behar zituen; izan ere, berak egunero laztantzen zuen emaztea, egiazki ez baitzuen gutxiagorik merezi. Familian izaten den ziurtasunak ere loarazi, sorgortu eta paralisira bultzatzen du.

        Indartsuago sentituko ote zen kanpoan, familiaren babesetik urrun? Bidaia labur hura esperimentua izango zen, zeren negozioek beste bidaia batzuetarako aitzakiak eskainiko baitzizkioten. Jakina, ez zuen espero hogei urte lehenago, Londresen, orduan ama gaztea zen emaztea gabe, hilabete batzuk igaro zitueneko azken bidaian bezain bizirik sentitzerik.

        Orduan, bakardadea zela eta, izugarri sufritu zuen. Inguruan sentitzen zituen mesfidantza eta axolagabetasunak ezinegon haserrekorra sortu zioten. Inbidiaz eta desiraz begiratzen zion bera baztertu eta inguratzen zuen bizitza hari. Behin batean, hoteleko salan, bakardadean irakurtzeari ekin zion hamar bat urteko mutiko potxolo bat inguratu eta hitz egiten hasi zitzaionean, baina jakina, ez zion ezer ulertzen zeren haurren ingelesa oso zaila baita. Azkenean lagun bat aurkitu izanak Aghios jauna hunkitu egin zuen. Hari hitz egin eta bazirudien ulertu egiten ziola, zeren askoz ere hitz gehiagorekin erantzun baitzion. Tamalez, denak ingelesez! Eta harengana inguratzearren, hitzak ezertarako ez zutela balio ikusita, Aghios jaunak ile horia ferekatu zion. Baina orduan salako atean semea arrotz batekin tratutan ikusteaz haserre zirudien gizon bat agertu zen: «Philip! Come along!» esan, eta mutikoa berehala urrundu zen, fidagarria iruditu zitzaion eta, harengandik nolako premiaz urruntzen zuten ikusita, arriskugarria gerta zitekeen pertsonari begirada ikarati bat bota ondoren.

        Eta bakardadeak sortutako atsekabeak negozioei ere kalte egin zien, zeren Aghios jaunak etsaitzat hartzen baitzituen bere bezero guztiak. Baina zerbait okerragoa gertatu zen, zeren Aghios jaun gartxu eta bertutetsuak, adorea hartzeko, absentaz baliatu baitzen, adiskidetasuna eta solasaldiak ondo baino hobeto ordezkatzen dituen edari bat. Ez zuen gehiegi edaten, baina bai zenbait nerbio-arazo sortzeko beste; herriratzean, beste edozein estimulu azaleko bihurtu zuen famili girora zoriontsu itzuli zenean, amaitu egin ziren arazoak.

        Baina oroitzen den atsekabea gero ez da beti atsekabe. Orain bizitasun hura sentitzen zuen. Ezinegon eta atsekabe hura guztia berpiztu ahal izango balu! A zein eraberritzailea izango litzatekeen! Bizitza ahalegina, erresumina eta poz-itxaropena baizik ezin da izan. Lagun gehiegik inguratzen zuten eta, noizik behin nahigaberen bat sortzen bazioten ere, ez zioten benetako bihurrialdirako aukerarik uzten. Ezezagunen, edota agian etsaien, artean bizitzeko beharra zuen. Harrituta oroitzen zen Britainia Handian izan zuen bihurrialdi hartaz. Inperio handiari eraso ahal izateko arazo politiko eta ekonomikoak aztertzen aritu zen, haren antolaketa nahikoa perfektua zelako, baina ez erabat perfektua, eta ez zelako perfekziora iristeko egin behar zen ahalegin txikia egiteko gauza. Eta itxaropen garaienek suspertu zuten Italiarako itzulera-bidaia. Ekipajearen barruan, beste gauzen artean, Londresko eremu harritsu batetik hurbil jasotako lur-eskukada batzuk zekartzan fardeltxo batean bildurik. Inork ez zuen Aghios jaunak bustita gordetzen zuen fardeltxo haren berri, Chiassoko aduanako funtzionarioak salbu, hori bidaiaria geldiarazi eta lur hura aztertzera eramateko zorian egon baitzen. Gobernuak ordaindutako urlia hura Italiaren patua oztopatzeko zorian egon zen! Aghios jaunak samurtasunez beteriko irribarrea egin zuen bere tolesgabetasuna gogoratzean. Tolesgabetasuna ere bizitza da; areago, bizitzaren benetako oinarri fresko eta usaintsua da. Adierazi beharra dago norbaitek esan ziola Aghios jaunari, Darwinen arabera, Britainia Handiko harkaitza zizare mikroskopiko baten eraginez bihurtu zela lur emankor. Aski izan zuen hori bere herrian ere zizareak lan geldoa egin zezakeela espero izateko. Lur-eskukada hura Italiako lur-sail karstiko batean barreiatu eta alai eta harro sentitu zen. Ez zitzaion axola bere izenik ez gogoratzea handik mende batzuetara Italiako lur-zorutik harkaitzak desagertzen zirenean. Horren sentimendu garaietara iristen zen inor bakardadean! Orain, irribarre egiten zion bere buruari. Denbora gehiegi zeraman familiartean bizitzen iraganeko bere handitasuna ulertu ahal izateko. Familia errezela zen eta haren atzean ezkutatzen zen babesean eta inguruko guztiaz ahaztuta bizitzeko. Orain, berriz, ahitu egiten zen esperantzaz gainezka. Ziurrenik desilusioan amaituko zen froga bat zen oraingoa. Eta tira, pozik horrela balitz! Ez zen ezer galduko. Errezela haren atzean erditzalean bizitzera itzuliko zen, babestuta, seguru, baina hil zorian dagoenaren gisa etsita. Horrelaxe! Hil zorian daudenen antzera. Iristear dagoen jomugak itsutzen ditu eta ihes egiten dien bizitzari eusteko ahalegina besterik ez dakite egiten; ez dira beste ezer ikusi, sentitu edo ospatzeko gauza, kontzentratuak baitaude hain zail bihurtu diren arnas hartze eta liseritze lanetan.

        Irteteko ordu laurden eskas falta zen eta Aghios jaunak ibilera astiroagotu zuen. Agian, emaztearengandik urruntzeko presa handiegia erakutsi zuen eta min ematen zion hura nahigabetu izanak, zeren hark dena merezi baitzuen, errespetua ere barne.

        Fox-terrier txiki bat inguratu zitzaion balantzaka oinak usnatzera. «Hemen al zara, adiskidea?» pentsatu zuen agureak. Jakina ez zela Milanen ikusten zuen lehen zakurra, baina bai bakarrik zegoenetik inguratzen zitzaion lehena. Eta samurtasunez begiratu zion, txakurrak atzera egin —jabearen bila ziurrenik— eta, ikara sortu zion hari azken begirada luzatuz, ihes egiten zuen bitartean, belarri gazte bigunak buruan itsatsita zituela. Agureak, liluratuta, urruntzen ikusi zuen. Lauoinka ibiltzea beti da bi oinka ibiltzea baino xaloagoa. Oraindik gaizki moldatutako lau zangoen mugimendu haiekin jauzika zein miaketan zebilen txakurtxo gazte haren ibilera xalotasuna bera zen. Eta Aghios jaunak, bihotza estuturik, aberetxo zuria zer arrisku larrian zegoen pentsatu zuen. «Kontuz ibili zakurtzainekin».

        Zakurrak, zein lagun handiak diren bidaztiarentzat! Ingalaterrakoek ere gureen antza dute eta gure herriaren zati bat ekartzen digute. Ez dira gureak baino heziagoak, gureak bezalaxe kaleko txerrikeria guztietan kuxkuxean ibiltzen dira, muturluzeak, zaratatsuak, obeditzaileak makila ezagutuz gero, eta maitekorrak dira, eta beti ere harrituta gelditzen dira maite dituenak ez dielako uzten aurpegia miazten. Hizkuntza berberaz mintzo dira. Eta Aghios jaunak, bere bakardadean, maitatu eta behatu egin zituen, eta haien ezaugarriak eta arrazoiak deskubritu zituen. Guregandik erabat desberdinak dira, guk begiratu egiten baitugu eta haiek, aldiz, usnatu; arraroa da gu eta haien artean hain harreman intimoa sortzea, eta zorionez guretzat, zeren zakurrarentzat gaizki-ulertu batean oinarritzen baita. Agian, katua gehiagotan inguratzen zaigu gure antz handiagoa duelako eta hobeto ezagutzen gaituelako. Eta zakurrak, aldiz, bere zintzotasuna nagusi duen zentzumenari zor dio, usaimenari. Bere atzemateko moduak sinestarazten dio berehala suma daitekeela mundu honetako edozein traizio, ez duelako azal iruzurtirik ikusten, gauzen arima aztertzen duelako, usaina. Litekeena da usaimenak okertaraztea edo kiratsa darien errugabeei kosk egitea, baina hark ez daki hori eta eragozpenak jartzen bazaizkio onartu egiten du, baina beti ere marmarka. Sarritan, goi-lege batek zigortu eta kateaz lotzen du eta, bere gogoz kontra, jasan egiten du; ohituta dago. Baina ezin du ulertu nahita egindako traizioa, zeren uste baitu zentzumenarekin hura deskubritzeko gauza izango litzatekeela, eta areago haren jabea, ez bailitzateke jabe izango berarenak baino zentzumen zorrotzagoak edukiko ez balitu.

        Egiatia, beraz, usainen mundu hori. Baina badirudi errealitatetik gehiago urruntzen dela marra eta kolorezko bestea baino. Zakur koitadua beti dabil erratuta gaizki informatuta bizi delako. Dena den, bada pairatu behar ez duen oinaze bat. Inon ez da arrotza. Haren zentzumena soziablea da batez ere. Ustekabeko edozein topaketa berehala gertatzen da intimo eta sudurrari parterik ezkutuenak ere eskaintzen zaizkio hark onar ditzan. Haiek arbuiatzea sekulako erreakzio bortitza eragin dezakeen okerkeria bat da. Hori da hori bizitza naturala eta ez gurea! Londresko anabasa zalapartatsuan pertsona bat gainditu beharreko oztopo bat besterik ez da. Eta zer egingo zaio bada? Aghios jauna talde-bizimoduaren diktadore izendatu izan balute ere, ez zuen ezezagunen arteko irribarrea inposatzen asmatuko. Izan ere, horrelako zerbait, inposatuz gero, keinu itsusi bihurtuko litzateke, besterik ez, eta sekula ez litzateke anaien arteko benetako agurra izango. Maitasuna ere nekea da eta inor ez da haren menpe jartzen arauek aginduta; benetako atsedena axolagabetasuna da. Usainek gobernatutako zakurrak sekula ez dira axolagabeak bizitzaren aurrean. Sekula ez dira garrantzirik ez duten arrotz soilak, beti dira adiskide edo etsai.

        Tren bat ez da inondik ere gauza txiki bat, baina Aghios jaunak ez zuen berea aurkitzen. Geltokian, han nonbait, egongo zen hura aurkitzen lagunduko zion seinalea baina Aghios jaunak ez zuen ikusten. Eskuarki, emazteak gidatzen zuen. Aghios jaunak ezker-eskuinera begiratu zuen, baina alferrik. Berarengana hurbilduz zetorren morroi bat ikusi zuen. Eskerrak. Batere nekerik gabe berak eraman zezakeen maleta txikia eman eta trenari buruz galdetu zion. Aitzakia bat emateko beharra sentitu zuen: «Ez du askorik pisatzen, baina... zaharra naiz».

        Lagun izateagatik hitz egin zion morroiari. Jada, behin-behineko lagunen beharra sentitzen zuen, norberaren askatasuna kinkan jartzen ez duten horietako lagunen beharra. Morroiak, gizon oihes eta trebea, irribarre egin eta dialektoz Aghios jaunak ulertu ez zuen zerbait murduskatu zuen. Eskerrak irribarre egin zuen! Aghios jaunak, borondate onez eta ibilera azkarrez, bere aurretik eta maleta eskuan zuela, korrika batean zihoan lagunari jarraitu zion. Hari jarraitu eta jada maite zuen. Zein asmakizun ederra ziren eskupekoak! Batez ere, txikiak, min ematen ez duten horiek. Horrexegatik zen zuhur samarra, zeren batera asko ematen bazen, plazerra laburra gertatzen zen eta, gero, luze geratzen zen bat moztuta. Emaztea eskuzabalagoa zen eta, diru-kopuru handi batez baizik ordaindu ez zitekeen zerbait gertatzen zenean, eman egiten zuen. Baina besteen gauzez baliatzeko modu bat zen hura, eta gero azalpenak eman beharra zegoen: «Zeuei zegokizuenaz baliatu naiz». Aghios jauna, aldiz, benetan eskuzabala, oso noizean behin izaten zen, emaztearen gustua egiteagatik, arrazoi berberagatik beste gauza asko egiten zituen bezala.

        Bidaiatzerakoan lagunak egin beharra dago, zeren bestela, herri hau, benetan gure ama-lurra den hau, arrotz-bekoskoarekin igarotzen dugu. Aghios jaunak benetako zuhurraren eskupeko txikiei etekina ateratzen zien; horiekin adiskidetasuna erosi nahi zuen, ez asko baina bai ziurra. Horregatik ohi zena baino gutxiago ematen hasten zen. Gehienetan, besteak ez zuen protestarik egiten, baina esku-ahur irekian zuen diru eskasari begira gelditzen zen, moztuta. Orduan, Aghios jaunak esku hartan aldiko txanpon bat jartzen zuen, esku hura itxi eta morroiaren aurpegian irribarre bat agertu arte. Horrela, berandu sortu zen irribarre hura Aghios jaunaren oroimenean geratzen zen eta arindu egiten zizkion bidaiaren zenbait milia. Batzuetan, eskupeko osoa ematen bukatu baino lehen, morroia nazkatu eta alde egiten zuen lotsagabekeriaren bat ahotan zuela. Aghios jauna, orduan, eskupekoa sakelan zuela joaten zen baina oraindik halako atsegin bat geratzen zitzaion zeren, izatekotan, etsai batengandik urruntzen baitzen, eta inoiz ez arrotz batengandik.

        Eskailera batzuk jaitsi behar izan zituen eta, lur azpiko pasagune batetik igaro ondoren, nasara iritsi zen; han itxaron behar zion Turinetik oraindik iritsi ez zen trenari.

        Morroiak ea berarekin gelditu behar zuen galdetu zion. Dialektoz hitz egin beharrarengatik izan ez balitz, Aghios jaunak azken ordura arte atxiki izango zuen laguna bere ondoan. Baina, horrela izanik, agurtu eta esker oneko bestearen azken irribarreak argiztatutako bakardadean geratu zen. Unetxo batez, begietara elkarri begira geratu ziren, elkarrekiko estimua azaltzeko puntuan. Eta Aghios jaunak, estimu hori areagotzearren, eskupekoari zigarro bat erantsi zion.

        Jende asko zegoen nasan zain. Zutabe baten ondoan ekipaje pobre pilo bat zegoen, maleta itxi bakar bat eta sokaz lotutako bi otar; horietako bat zapi gorri batez estalita eta bestea, zapi berde hits batez. Maletaren gainean andre bat zegoen eserita, bularreko haur bat altzoan, eta otarretako baten gainean lo eta burua amaren saihetsean etzanik, hamar bat urteko neskatxo bat zegoen, hotzari aurre egiteko soinekotxo urratu bat jantzita.

        «Atzerrira ote doaz?» pentsatu zuen Aghios jaunak. Gero, baserritar bat inguratzen zela ikusi zuen; erosi berriak zituen txartelei begira korrika zetorren. Andre gazteak lasaitu-hasperen bat egin zuen hura ikustean. Bazirudien ez zuela ondoegi pasa hain luzaro bakarrik geldituta. Hainbeste familiarekin, hura ez zen bidaia bat. Hura emigrazioa zen, ihesa.

        Gero, Aghios jaunak inguruko jendeari begiratzeari utzi zion eta, zenbait denboraz geltokitik kanpo zegoen tren-makina baten tximiniatik trinko irteten zen keari begira gelditu zitzaion liluratuta. Haizeak bultza egiten zion. Tximiniatik lainotxotan ateratzen zen eta haizeak berehala txikiagotu eta sakabanatu egiten zituen. Ke-lainotxo bakoitzak, halako sarraskia jasateko unean, biluztu eta bere barruan buru bat, mutur bat, izaki bizi bat zuela erakusten zuen. Eta buru horrek, desegin baino lehen, begi neurrigabe batzuk irekitzen zituen hobeto ikusteko asmoz, eta hobeto ikusteko ahalegin horrexegatik erabat deseginik amaitzen zuen. Buru ikaratu eta mehatxarien ilara bat. «Bizitza-lerro gutxi batzuk aski dira bizitzaren mamia bera adierazteko, beldurra edo mehatxua» filosofatu zuen Aghios jaunak.

        Trena bafaka sartu zen geltokian. Une hartan, Aghios jaunak emaztearen ahotsa entzun zuen deika: «Giacomo!».

        Harengana jiratu eta, beharbada, ez zuen ezinegon-keinua ezkutatzen asmatu. Merezi bezala maite zuen, baina urruntzea ez zen hura berrikustea desirarazteko bezain luzea izan. Haren ahotsa entzutea aski izan zen gauza eta pertsonenganantz sentitzen zuen baretasun lasai hartatik erauzteko. Eta gainera, bidaia ezin zuela jada bakarrik egin esatera bazetorren? Berak, nolanahi ere, alde egingo zuen.

        Andreak bere aldartea antzeman bide zuen, apur bat moztuta zera galdetu baitzion:

        — Gogaiturik itzuli naizelako?

        Eta atzera itzultzeko keinua egin zuen. Une garratza izan zen hura.

        Hori bai ezetz, Aghios jaunak ezin zuen horrelakorik onartu. Pentsatu, nahi zen guztia pentsa zitekeen mundu honetan, baina ez zegoen azaldu beharrik norberaren ariman gordeta zegoen bitartean hain eder eta zuzena zen eta, aldiz, eguzkiaren argitan hain iraingarria gerta zitekeen pentsamendu hura.

        — Ez zaitut ezagutu eta! —esan zuen berehala.

        Eta eskutik hartuz bereganantz ekarri zuen. Emazteak besarkadari ihes egin zion, zeren hain manera onekoa zenez, ezin baitzuen jendaurrean horrelakorik onartu. Baina benetan ari zela sinetsi zuen, eskuarki senarrari sinetsi egiten baitzion. Garai batean fede horrek zorioneko egiten zuen Aghios jauna. Azken garaian, aldiz, gogaitu egiten zuen. Bizitza gehiegi sinplifikatzeko modu bat besterik ez zen hori. Eta gainera, fede hori ere izoztuta zegoen jada, haien arteko harremana bezalatsu.

        Irribarrez emazteak esan zion ez zitzaiola atzetik joan bera berriro ikusteko, baizik eta ahaztu egin zitzaiola esatea Luisi andreak eskatzen ziola Veneziako bitxi-saltzaileari esateko eskainitako perlazko lepokoa beretzat hartuko zuela eta egun gutxi barru arduratuko zela Luisi jauna hura ordaintzeaz.

        Gero, beti ere irribarrez, galdetu zion:

        — Gogoratzen duzu bularraldeko sakelan zer daukazun?

        Aghiosek eskua sakelara eraman zuen azkar eta, puztuta topatzean, gogoratu egin zen:

        — Ez kezkatu. Gogoan dut.

        Baina oraingoan emazteak ez zion sinetsi, antzeman baitzion sakela ukitu behar izan zuela diru-kopuru handi bat zeramala gogoratzeko. Eta kezkatu egin zen, ez senarrarengatik, diruarengatik baizik.

        — Gaizki egin dut zu bakarrik joaten uztean —eta zalantzaz beterik ingurura begiratu zuen. Hasperen egin zuen gero—. Tira! Ez dago astirik.

        Biak zeuden pozik astirik ez zegoelako, baina Aghios jauna, gainera, haserre zegoen, ume bat bailitzan tratatzen zutelako.

        — Dirua galduko dudala uste duzu ala? —galdetu zuen erretxinduta—. Ez nengoen adi, jakina, baina pentsatzen ari nintzelako ea Triesten gure kreditua berritzeko dirua merkeago lortzeko aukera dudan.

        Eta hori esaten zuen bitartean, ke trinkoa botatzen jarraitzen zuen urrutiko tren-makinaren tximiniari begiratu zion berriz. Dagoeneko itxurarik gabeko kea besterik ez zen; ez bururik, ez mehatxurik, ez ikararik.

        — Arduragabekeria hutsa da aldean hainbeste diru duzula bidaiatzea —esan zuen berriz ere andreak, barkamena eskatzen zuen ahots gozo batez.

        Bai, jakina, arduragabekeria zen. Bezperan txeke bat egitea pentsatu zuten, sakela hura arinagoa bihurtzearren besterik ez bazen ere. Baina alferkeriaz ez zen joan diruarekin banketxera eta biharamunerako utzi zuen. Eta gainera, semearen hiru ikaskide etorri ziren hura ikustera. Ikasketak amaitu zituztela eta etorkizunerako zituzten asmoak entzuten den-denaz ahaztu zen agurea. Ez zen ahoa irekitzera ausartu jakintsu haiek zuzenduko ote zioten beldur, baina oroitzen zen bera, eskola amaitu zuenean, askoz ere herabeti, zalantzati eta beldurtiago zela. Haietako batek bazuen lana dagoeneko, baina ziur zegoen haren ekarpena aurrerapen bat izango zela sartuko zen lantegian. Bigarrena, bere gurasoek egindako ezer ez zuelarik, patxada osoan, emigratzeko prest zegoen. Italiak eskaini ezin zizkion gauza asko zituen zain. Hirugarrenak, aldiz, mesprezu handia zion politikari baina, hala ere, horretan iharduteko asmoa zuen. Oraindik ez zuen erabaki zein alderditan baina bazuen horretan pentsatzeko astirik. Bitartean, Gobernuko bulegoren batean sartuko zen. Eta agurea, mundua jada ez zela bera jaiotako hura pentsatzearekin aski ez eta arrazoia bi mundu haietako zeinek ote zuen erabakitzen liluratuta gelditu zen. Ez zegoen besterik! Bietako bat oker zebilen. Bazitekeen berak gehiegi ez jakitea, baina gazte zenean erakutsi zioten lurraren gainean ez zegoela denak asetzeko lain eta berak sinetsi, eta eskola amaituta, munduaren atean jo eta lotsatuta galdetu zuen: «Ba al da niretzako lekurik? Irabazi ahal izango dut?». Horrelakoa zen garai hartako mundua, munduan jende gutxixeago zegoenekoa. Litekeena da mundua gero luzatu eta zabaldu izana? Eta agurea bere eserlekuan geldi geratu zen eta, hain mundu zailean jaio izanaren erresuminaren erresuminaz, txekea jasotzea ahaztu zitzaion.

        — Tira! Orain ez dago astirik. Baina lasai, ez zaitez diruaz arduratu. Agur —eta azken musua eman zion. Emazteak masailan musu ematen utzi zion eta, aldi berean, berari masailan eman zion musu. Ingurura begiratu zuen hari emateko beste maitasun-keinuren baten bila. Horixe! Eskuineko eskua hartu eta ezpainetara eraman zuen. Oso pozik zegoen aurkitu izanaz. Halako agurrak edertu egingo zuen aurrerantzeko bakardadea.

        Bagoira igotzeko keinua egin zuen, morroiak lurrean utzitako maleta hartzea ahaztuta. Emazteak jaso eta eman egin zion barre-algaraka. Aitzakia gisa, Aghios jaunak esan zuen:

        — Morroiak utzi du hor. Ez nuen trena topatzen eta...

        Aghios andreak oraindik barrez:

        — Eta nola moldatuko zara Triesteraino morroirik gabe?

        Ala demontre! Azkenean haserre amaitu behar zuten. Aghios jaunak gogo txarrez:

        — Zailena trena topatzea zen. Ez dut neuk gidatu behar.

        Eta emazteak, beti ere barrez:

        — Zorionez! —esan zuen.

        Ez zegoen erantzun bat pentsatzeko astirik. Berehala esan ziezaiokeen hark ez zukeela trena gidatzen asmatuko, edo ez zela hain zaila trenbidea zegoelako edo, tira, maletak ez zeukala ezer garrantzizkorik barruan, baina ez zion ezer esan. Hobe zen azken irribarre bat egin eta bakean alde egitea. Baina erresumina zuen barrenean eta gaizki zegoen. Balantzaka sartu zen bagoian. Zaila zen korridorean mugitzea baina, gazte-adorez eta maleta eskuan, lekua egin eta hurrengo leihatilaraino iritsi zen eta hura ireki. Trena une hartan ibiltzen hasi zen. Aghios jaunak emazteari deitu zion, bera desagertu zen atera oraindik begira baitzegoen, eta hark biziki erantzun. Nasa jadanik hutsik zegoen. Une batez begiak emaztearengandik urrundu zituen baserritarren ekipajea egon zen lekura begiratzeko. Ekipajerik ez zegoen eta batek daki zenbat neke kosta ote zitzaien hura trenera igotzea. Begirada emaztearengana itzuli zuen gero; hark zapia poltsikotik atera eta agur egiten zion. Musu batez erantzun zion. Hurbiletik adinak apur bat higatua agertzen zen emaztearen figura dotore eta fina, orain, trenak mugitzerakoan haien artean jartzen zuen distantziaren eraginez, benetan liraina agertzen zitzaion, brisararekin mugitzen zen oihal gorrixka hura buruan zuela. Eta bakardadera abiatzen zelarik, irudi lirain hari begira zegoela gogoeta zorrotz eta benetako bat eduki nahi izan zuen eta pentsatu: «Zenbat eta urrunago, orduan eta gehiago maite dut». Gero kontzientzia lasai sentitu zuen. Oraingoz giza legearekin eta jainko-legearekin bakean zegoen, zeren berak emaztea benetan maite baitzuen.

        Luzeago ikustearren leihorantz makurtu zen. Zer ikusten zuen? Emaztea eskua bihotzera eramaten ari zen keinu arranditsu bat eginez. Ez zen posible hark, hain pertsona orekatuak, arrotzen aurrean neurriz gaineko pena erakustea bakarrik uzten zuelako. Eta, gainera, bazirudien keinu arranditsu harekin batera oihu ere egiten ari zela.

        Gero, jada ikusten ez zuenean, ohartu zen. Keinu harekin bularraldeko sakelan zeraman diruarekiko arretari buruzko azken aholkua egin nahi izan zion. Eskerrak! Irribarre egin zuen, eta esana betetzeko eta ikusten ez zuenean inoiz baino gehiago emaztea maite izanaren damua leuntzeko, bularraldeko sakela ukitu zuen indarrez. Kartera, milako hogeitamar biletez puztutako kartera, han zegoen oraindik.

 

 

 

© Italo Svevo

© itzulpenarena: Maite Lopetegi

 

 

"Italo Svevo / Bidaia sentimental laburra" orrialde nagusia