10

 

        Pat Humberten gurasoak adin erdikoak ziren bera jaio zenean; hogei urte bete zituenerako, zahar, elkor eta arranguratsu bihurtuta zeuden. Patek zahar giroan igaroa zuen bizitza guztia, zahartzaroko min eta aje, kexa eta auto-sufizientziaz inguratua. Koskortzen ari zen bitartean, bere gurasoek mesprezioz hartzen zituzten bere iritziak gaztea zelako. «Gu hainbat bizi izandakoan, beste modu batera ikusiko dituk gauzak», esaten zioten. Geroago, semearen gaztetasuna gorrotagarria egin zitzaien, minik gabea zelako. Adinak —pentsatzen zuten nahiz aitortu ez—, goragoko maila batean kokatzen zituen, jainkotasunera hurbiltzen zen maila batean duintasun eta infalibilitateari zegokienez. Erreuma bera ere desiragarria zen, zahartzaroko jakinduria handiaren ordain zen neurrian. Gauza gazteak bertuterik gabeak zirela sinestera bultza zuten Pat. Gaztaroa zahartzaro bikainerako prestakuntza baldar eta dudatia zen. Gaztediak gauza bakarrean pentsatu behar zuen, zaharrekiko zituen betebeharretan, zaharrari zor zitzaizkion errespetu eta benerazioan. Zaharrak, ordea, inolako errespeturik ez zion zor gazteari.

        Patek hamasei urte bete zituenean, granjako lan guztia bere bizkarrera erori zen. Bere aita egongelako estufa ondoko kulunkaulkira erretiratu zen, eta handixek bidaltzen zituen bere agindu, ediktu eta kritikak.

        Humbert-tarrak bost gelaz osatzen zen etxe zahar, irregular batean bizi ziren: giltzaz itxitako saloia, kondena bat bezain hotz eta latza; egongela bero, itogarria, kirats biziko ukendu eta markako botiken usainaz kutsatua; bi logela eta sukalde handi bat. Bi zaharrak kuxinez hornitutako kulunkaulkietan egoten ziren eserita, eta saminki kexatzen ziren Pat egunean hainbat aldiz granjako lanak utzi eta etxera etortzen ez bazen sua berritzera. Beren bizitzaren azken aldera, benetako gorrotoa zioten Pati gaztea zelako.

        Luze bizi izan ziren. Patek hogeita hamar urte zituen biak hilabeteko tartearekin hil zirenean. Beren bizitzekin atsekabetuta, saminduta eta zapuztuta zeuden, eta hala ere nola batak hala besteak temaz atxiki zion azken bizitza-txinparta ahulari, eta luzaro lehiatu ondoren hil ziren.

        Bi hilabeteko horrorea bizi izan zuen Patek. Hiru astez zaindu zuen bere ama, ohean zurrun-zurrun zegoena arnasa hots handiz hartu eta botaz. Begi gogor, akusatzaileekin begiratzen zion Pati, honek ama eroso jartzeko ahaleginak egiten zituen bitartean. Hil zenean ere, bere begiek semea akusatzen jarraitu zuten.

        Patek saloi beldurgarria ireki zuen; auzokoak, hiletak iraun bitartean, ilaretan eseri ziren hilkutxaren aurrean, auditorio moduko bat osatuz. Logelatik Mr. Humbert zaharraren lantura erretxinen hotsa heltzen zen.

        Bigarren zainketa aldia lehen hiletaren segidan hasi eta beste hiru astez luzatu zen. Gero auzokoak beste hilkutxa baten aurrean eseri ziren ilaretan. Hileta haiek baino lehen, saloia giltzez itxita eduki zuten beti, hileroko garbiketarako izan ezik. Pertsianak beheratuta egoten ziren tapizeria berdeak eguzkitatik babesteko. Gelaren erdian mahai bat zegoen hanka doratu eta marmolezko gainarekin. Bertan, Milletten Angelus-aren tapete baten gainean, Biblia erraldoi bat ikusten zen, larru landuko azalak zituena. Bibliaren bi aldeetan txarro sendo bana zegoen betibizi erramilete trinkoekin. Bizkar zuzeneko lau sila zeuden saloian, bakoitza horma baten aurka: bi hilkutxarentzat, eta beste biak hildakoa beilatzen zutenentzat. Hormetan eskegita, marko doratuekiko hiru koadro handi ageri ziren: Humbert zaharren argazki bana koloretan eta handituta, biak itxura gogor eta hilarekin, baina halako moldez hartuak non haien begiek segitu egiten zioten bisitariari gelaren edozein puntutaraino. Hirugarren koadroak Elaineren gorpua erakusten zuen bere txalupan, ibai estu eta tristean. Hil-atorra kareletik zintzilik zeukan uretan sartzeraino. Gela bazterreko mahai batean kristalezko kanpai handi bat zegoen, gereziondo baten adarrean pausatutako hiru urretxori disekaturekin. Saloia hain zen hotz eta hilobi kutsukoa, non gorpuak eta beilatzaileak izan ezik inor ez baitzen behin ere hara sartu. Hil-gela txiki pribatu bat zen, azken batean. Patek hiru izeba eta osaba baten gorpuak ikusiak zituen saloi hartatik kanposanturantz abiatzen.

        Pat isil-isilik zegoen hilobiaren ondoan bere auzokoek denda baten formako lur meta altxatzen zuten bitartean. Bere amaren hilobia apur bat hondoratuta zegoen jadanik, muntoaren jira guztian zirrikitu koskadun bat egin zitzaiolarik. Gizonezkoak munto berriari tapatakoka ari zitzaizkion orain, gailurra zuzentzen eta alboetako aldapa leuntzen. Gizon haiek bazekiten lurra lantzen; zela ildo bat ireki beharra zela hilobi munto bat altxa beharra, beren lana ondo egitea gustatzen zitzaien. Muntoa primeran geratu eta gero ere, harexen inguruan bueltaka segitu zuten, tapatako arinak emanez han eta hemen. Emakumeak buggyetara itzuli eta senarrak noiz etorriko zain zeuden. Gizon bakoitzak Patengana hurbildu eta bostekoa eman zion, hitz solemne eta adiskidetsuak xuxurlatuz. Karrikotxe, buggy eta surrey guztiak bazihoazen orain, banaka-banaka urrutian ezkutatuz. Eta Patek kanposantuan jarraitzen zuen hala ere, begiak bi hilobietan jarrita. Ez zekien zer egin, inor ez baitzeukan orain ezer exijituko zionik.

        Udazkena giroan antzematen zen, bere usain biziarekin eta harrotu orduko ahitzen ziren haizetxo boladatsuekin. Basusoak erreskadan jarrita zeuden kanposantuko hesian, denak alde batera begira eta denak geldi-geldirik. Egunkari zahar baten puska ilundua haizeak arrastaka ekarri eta Paten orkatilari erantsita gelditu zen. Makurtu eta jaso egin zuen, eta une batez begiratu ondoren bota egin zuen. Buggy baten gurpil kirrinkatsuen hotsa etorri zen errepidetik. T. B. Allenek bere zaldia hesiari lotu eta Paten aldera abiatu zen.

        — Gaur gauean nonbaitera joan behar zenukeela pentsatu dugu —esan zion aztoratuta—. Nahi bazenu, guk gustura hartuko zaitugu gure etxean bai afaltzeko eta bai gaua pasatzeko.

        Pat bere koma moduko egoeratik ateratzen hasi zen.

        — Joan egin behar nuke hemendik —esan zuen.

        Beste pentsamendu bat bilatu zuen itsumustuan.

        — Ez naiz hemen ezer onik egiten ari.

        — Hobe duzu hemendik aldentzea —esan zion Allenek.

        — Nekeza da hau uztea, Mr. Allen. Batzuetan gogoratu nahiko duzun gauza da, eta bestetan ahaztu nahiko duzuna, hala iruditzen zait. Baina nekeza da hau uztea, horrek dena akabo dela esan nahi baitu, akabo betirako.

        — Beno, eta zergatik ez zara etortzen gure etxean afaltzera?

        Patek erabat beheratuta zeukan guardia; aitortu zuen:

        — Sekula nire bizitzan ez dut etxetik kanpo afaldu. Beraiei —hilobiak seinalatu zituen buruaz— beraiei ez zitzaien gustatzen ilundu ondoren ateratzea. Gau giroa ez zitzaien komeni.

        — Hortaz beharbada gure etxean afaltzea komeniko zaizu zuri. Ez zenuke etxe hutsera itzuli behar, gaur gauean ez behinik behin. Gizonak bere burua zaindu beharra dauka pixka bat.

        Pati besotik heldu eta buelta emanarazi zion ate aldera.

        — Etorri nire atzetik zure kotxean.

        Eta kanposantutik ateratzen ari zirela, elegia txiki batek alde egin zion:

        — Gauza egokia da udazkenean hiltzea —esan zuen—. Ez litzateke ona izango udaberrian hiltzea, euririk izan den edo uztak zer itxura hartu duen jakin gabe. Baina udazkenean dena akabo da.

        — Haiek ez lirateke horregatik kezkatuko, Mr. Allen. Behin ere ez zuten uztaren galderarik egiten, eta gorrotoa zioten euriari beren erreumagatik. Bizi egin nahi zuten, besterik gabe. Ez dakit zergatik.

        Afaltzeko, haragi puska hotzak, patata frijituak tipula pixka batekin eta ogi eta pasez egindako pastela izan zuten. Mrs. Allen Paten nahigabea arintzen saiatu zen hildakoei buruz sarritan hitz eginez: zer onak eta gisakoak izan ziren, zer zintzotasuna aitarena eta zer sukalderako dohaina amarena. Patek bazekien gezurretan ari zela berari laguntzearren, eta ez zuen horren beharrik. Ez zuen atsekabeak oinazetzen. Lehengo lozorro trinkoaren mende zegoen, eta ahalegin handia egin behar zuen mugitu edo hitz egiteko.

        Hiletan gertatutako zerbait zeukan gogoan. Garraiolariak hilkutxa bi silen gainetik altxatzen ari zirela, gizon haietako batek estropezu egin zuen marmolezko mahaiarekin. Kolpeak irauli egin zuen betibizi txarro bat, eta okertu tapete gainean zegoen Biblia. Patek bazekien berriro ere lehengo ordena ezartzea zegokiola gizalegez. Silak zein bere hormaren kontra jarri behar ziren, eta Biblia berriz zuzendu. Azkenik, giltzaz itxi behar zuen saloia. Bere amaren memoria zen gauza horiek eskatzen zizkiona.

        Allen-darrek gaua bertan pasatzeko erregutu zioten, baina une baten ondoren gabon esan, nekatu antzera, eta kanpora arrastatu zen bere zaldia tresnatzera. Zerua beltz eta hotz zegoen izar argien arteko tarteetan, eta muinoek zurrumurru apala ateratzen zuten beheraka zihoan tenperaturarekin. Lozorroturik, Patek zaldiaren kaskoen hotsa aditzen zuen errepidean, gau-txorien oihuak eta haizearen mugimendu bizkorrak hosto ihartuen artetik. Baina benetakoagoa zen berarentzat gurasoen mintzoa, bere buruan ziharduena. «Izotza izango diagu», esaten zion aitak. «Arratoiei baino gorroto handiagoa zioat izotzari.» Eta ama ere tartean sartzen zen: «Arratoiak aipatu dituzuela... Irudipena daukat arratoiak daudela sotoan. Saguterak jarri ote zituen Patek lehengo urtean. Nik bai esan, baina ahaztu egiten zaio nik esandako guztia.»

        Patek erantzuna ematen zien mintzoei:

        — Benenoa jarri nuen sotoan. Saguterak ez dira benenoa bezain onak.

        — Katua bezalakorik ez da horretarako —esaten zuen amaren ahots lanturosoak—. Ez dakit zergatik ez dugun katu bat edo beste ekartzen. Patek ez du behin ere katurik eduki.

        — Eduki izan ditut, ama, baina gopherrak jan eta ihes egiten dute gero, amorratuta. Ezin dut katurik eduki.

        Etxea beltz eta ikaragarri goibel zegoen bera ailegatu zenean. Patek lanpara erreflektorea piztu eta sua egin zuen estufan sukaldea berotzeko. Garra egur artetik orroka ari zela, bere burua sila batera erortzen utzi eta oso eroso sentitu zen. Atsegina izango zela pentsatu zuen ohea sukaldera ekartzea eta estufa ondoan lo egitea. Etxearen txukunketa biharamunean ere egin zezakeen, edo baita beste edozein egunetan ere.

        Egongelara ematen zuen atea parez pare zabaldu zuenean, aire olatu hotz, mortu batek errezibitu zuen. Bere sudur-zuloek hileta lore, zahartasun eta hotika usainaren erasoa nozitu zuten. Arin-arin bere logelara joan eta sukalde epel eta argitura ekarri zuen bere ohetxoa.

        Une baten ondoren, Patek argiari haizeman eta oheratu egin zen. Suak zirti-zarta txikiak ateratzen zituen estufan. Gaua isilik egon zen une batez, eta gero, pixkanaka, etxea asmo gaiztoko bizitzaz borborka hasi zen. Gorputza tenk eta hotz zeukala antzeman zuen Patek. Egongelatik zetozen soinuak, kulunkaulkien kirrinka edo zaharren arnasotsa, adituko ote zituen zegoen. Etxeak karraskots bat atera zuen, eta erre egon arren, zeharo asaldatu zen Pat. Izerdiak burua eta bernak hezetu zizkion. Isilka eta miserableki ohetik arrastaka atera eta giltzaz itxi zuen egongelako atea. Gero bere ohetxora itzuli eta tapakien azpian luzatu zen dardarizoka. Gaua isilik zegoen orain, eta bera oso bakarrik sentitzen zen.

        Hurrengo goizean egitekoren bat bete behar duenaren sentsazio garbiarekin esnatu zen Pat. Zer ote zen gogoratzeko ahaleginak egin zituen. Mahaiaren erditik mugitutako Biblia zen, jakina. Bere tokian jarri beharra zegoen. Betibizien txarroa ere zutik jarri behar zen, eta ondoren etxe guztia garbitu. Patek bazekien gauza guzti horiek egin behar zituela nahiz egongelako atea irekitzeak halako higuina eman. Bere gogoak atzera egiten zuen atea irekitakoan ikusiko zituen gauzak imajinatzean: bi kulunkaulki, bat estufaren alde bakoitzean: siletako kuxinetan, nabaria izango zen artean bere gurasoen gorputzen aztarna. Ezagutzen zituen atearen bestaldean bere zain zeuden zahartasun eta ukendu eta lore zimeldu usainak. Baina egin beharreko zerbait zen. Eta bete egin behar zuen.

        Sua egin eta gosaria prestatu zuen. Eta kafe beroa hartzen ari zela, bere ordura arteko bizimoduarekin zerikusirik ez zuen arrazoibide bat zabaldu zitzaion. Bere baitan pilatu ziren pentsamendu ezohikoek harritu egin zuten beren ausardia eta sinpletasunagatik.

        — Zergatik sartu behar dut horra? —galdetu zuen—. Inori ez zaio axola, eta jakin ere inork ez du jakingo. Sartu beharrik ez daukat nahi ez badut.

        Mutiko bat bezala sentitu zen, eskolara joan gabe gelditzen denean bere gogoa beteko duen baso sakon batetik paseatzeko. Baina, bere askatasuna ukatzeko edo, amaren ahots kexatia heldu zitzaion belarrira:

        — Patek etxea garbitu behar luke. Pat behin ere ez da ezertaz arduratzen.

        Erreboltaren poza erne zen bere baitan.

        — Hilda zaude! —esan zion ahotsari—. Nire buruan gertatzen ari den zerbait besterik ez zara. Aurrerantzean inork ezin lezake espero nik hau edo bestea egitea. Egin beharko nituzkeen gauzak egiten ez baditut inork ez du jakingo. Ez noa hor barrara, eta sekula ez naiz joango.

        Eta bere kemenak sendo zirauen bitartean, jo ateraino, kendu giltza eta etxe atzeko belar-gaizto luzeetara bota zuen. Leiho guztietako pertsianak itxi, sukaldekoak izan ezik, eta punta luzeko iltzez josi zituen.

        Bere askatasun berriaren pozak ez zuen luze iraun. Egunez granjako gorabeherak nahiko lan ematen zion, baina eguna bukatu baino lehen, mira sentitzen zuen garai batean orduak jan eta denbora laburtzen zioten zereginengatik. Etxera sartzeak beldurra ematen ziola bazekien; beldurra zien kuxinen aztarna haiei, eta bere tokitik mugitutako Bibliari. Bi fantasma zahar eta ahul giltzaz itxita zeuzkan, baina ez zuen ezabatu bera larritzeko zuten boterea.

        Gau hartan, bere afaria prestatu ondoren, estufa ondoan eseri zen. Behe-laino mortu baten antzeko bakardade izugarria jabetu zen bere buruaz. Etxe zaharraren hots ezkutukoak, zurrumurru eta kolpetxoak entzungo ote zituen jarri zen. Halako tentsioaz entzuten zuen non, tarte baten ondoren, besaulkiak kulunkatzen sentitu baitzituen beste gelan, eta ukendu poto baten tapoiak irekitzerakoan ateratako hots intziritia ere aditu zuen. Pati eramanezina egin zitzaion hura. Ukuilura joan, bere zaldia tresnatu eta Zeruko Belardietako Denetariko Dendara abiatu zen.

        Hiru gizon zeuden estufa tripotxadunaren ondoan eserita, haren ondulazioei begiratuz zein bere baitan murgilduta. Tokia egin zuten Patek aulki bat ingura zezan. Inork ez zion begiratu, zeren doluminez dagoen gizonari elbarriari bezalakoxe immunitatea zor baitzaio jendartean. Pat bere eserlekuan kokatu eta estufari josita jarri zituen begiak.

        — Gogorarazi joan baino lehen irina erosi behar dudala.

        Gizon guztiek ulertu zuten esan nahi zuena. Bazekiten ez zuela irinik behar, baina denek, egoera berdinean egotera, antzeko aitzakiaren bat sumatuko zuten. T. B. Allenek estufaren atea ireki, barrura begiratu eta txistua bota zuen ikatz pusken gainera.

        — Horrelako etxe bat bakarti samarra da hasieran —adierazi zuen.

        Pati eskertzekoa iruditu zitzaion hura, nahiz gizalegez hitz haiek desegokiak izan.

        — Tabakoa eta kartutxoak ere beharko ditut. Mr. Allen —esan zuen ordain gisara.

        Handik aurrera, Patek aldatu egin zituen bere bizi ohiturak. Intentzio guztiaz, gizon taldeen konpainia bilatu zuen. Egunez granjan aritzen zen, baina gauean, beti, bi edo hiru lagun bilduta zeuden tokian aurkituko zuten. Eskolan dantzaldi edo festaren bat zenean, Pat garaiz heldu eta bertan geratzen zen azkeneko gizona joan arte. John Whitesideren etxean esertzera joaten zen; suterik zenean bera ailegatzen zen aurrena. Hauteskunde egunetan bozketa tokian egoten zen itxi arte. Non edo han jende talderen bat biltzen zenero, hantxe azalduko zen Pat. Etengabe konpainia bila ibiltzearen poderioz, sen moduko bat garatu zuen jendetza handia erakarriko zuten emozioak topatzeko.

        Pat gizon itsusia zen, flakoxta, sudur-luzea eta matrailezur astunekoa. Antz handia zuen gaztetako Lincolnekin. Bere gorputza Lincolnena bezain desegokia zen ezer soinean eramateko. Bere sudurzulo eta belarriak handiak eta ilez beteak ziren. Ematen zuen animaliatxo iletsuak zeuzkala haietan gordeta. Patek ez zuen solaserako gaitasunik; bazekien gutxi jartzen zuela joaten zen bileretan, eta hutsune hura betetzen saiatzen zen lanaren bitartez, mesedeak eginez eta gauzak antolatuz. Eskolako dantzaldiak antolatzeko batzarretarako izendatua izatea gustatzen zitzaion, hala beste batzarkideak bisitatzera joan baitzitekeen planak eztabaidatzeko; ilunabar osoak pasa zitzakeen eskola apaintzen edo ibarretik barrena lasterka familia bati silak eskatzen eta beste bati platerak. Ilunabar batean norekin bildurik aurkitzen ez bazuen, bere Ford kamioian Salinasera joan eta bi zine emanaldi ikusten zituen bata bestearen segidan. Bakardade beldurgarriko lehen bi gau haien ondoren, beste ilunabarrik ez zuen pasa bere etxe itxian. Bai Bibliaren oroitzapenak, bai zain zeuden sila edo aspaldiko usain haien oroitzapenak ere, izutu egiten zuten.

        Hamar urtez Pat Humbertek ibar guztia zeharkatu zuen konpainia bila. Eskola-batzarrerako aukera zezaten lortu zuen; Masoien elkartean sartu zen eta Salinaseko «Xelebre Jendea» taldean, eta behin ere ez zen jakin bilera bakar bat huts egin zuenik.

        Halako konpainia gosea eduki arren, Patek ez zuen lortzen sartzen zen taldeetako parte bihurtzea. Hori baino gehiago, bazterrean geratzen zen, sekula hitzik egin gabe non eta hizpidea ematen ez zioten. Ibarreko jendeak ezinbestekotzat zeukan bere presentzia. Errukirik gabe erabiltzen zuten, berak hoberik ez zuela desiratzen konprenitu gabe.

        Bilerak bukatzen zirenean, eta Patek etxeratzea beste erremediorik ez zuenean, bere Ford-a bihitegira sartu eta ohera jotzen zuen lasterka. Ahaleginak egiten zituen, emaitza handirik gabe, atearen bestaldeko gela latzak ahazteko. Gela haien irudiak bere bururainoko bidea egiten zuen batzuetan. Hautsa ugaria izango zen orain, eta armiarma-sareak txoko eta altzari guztietara zabalduta egongo ziren. Bisioak lo hartu baino lehen erasotzen bazion, bere defentsak hautsiz, Patek, ohean dardarizoka, ezagutzen zituen lo hartzeko formulatxo guztiak probatzen zituen.

        Bere etxeari halako gorrotoa zionez, Patek ez zuen batere zaintzen. Eraikuntza zaharra apurka hondatuz zihoan utzikeriagatik. «Banksia» arrosa zuri bat, urtetan eta urtetan sastrakatxo moztaka bat besterik izan ez zena, bat-batean bizitara etorri eta etxearen fatxadan gora igo zen. Portxea estali, lore-sortak eskegi leiho itxien gainetik eta zinta luzeak utzi zituen erortzen teilatu-hegaletatik. Hamar urteren buruan, etxeak arrosa munto erraldoi baten itxura hartu zuen. Eskualdeko errepidetik pasatzen zen jendea gelditu egiten zen haren tamaina eta edertasuna miresteko. Pat apenas ohartu zen arrosaz. Uko egiten zion etxeaz pentsatzeari posible zitzaion neurrian.

        Ona zen Humbert-tarren granja hura. Patek ederki mantentzen zuen eta dirua ere ateratzen zion, eta bere gastuak txikiak zirenez mila dolarreko batzuk bazituen banketxean. Berez maite zuen granja, baina baita egunez beldurrari ihes egiteko aukera eskaintzen ziolako ere. Lanean ari zen bitartean, bakarrik sentitzearen izuak, bakardade jelatzaileak, ezin zioten erasorik egin. Frita ederra izaten zuen, baina mahatsa zen bere ardura nagusia. Mahats-ondoen ilarak paraleloak ziren eskualdeko errepidearekin. Ibarreko beste inork baino lehen plazaratzen zuen urtero bere mahatsa.

        Patek berrogei urte zituen Munroe-tarrak ibarrera etorri zirenean. Auzokoari zor zaion ongietorria eskaini zien. Bazuen ilunabarra pasatzera joateko beste etxe bat. Eta Bert Munroe gizon adiskidetsua zenez, gustatu egiten zitzaion Pat bisitan etortzea. Pat nekazari ona zen. Bertek sarritan eskatzen zizkion kontseiluak. Patek ez zion arreta handirik eskaini Mae Munroeri, soilik juxtua neska polita zela ikusteko eta ahazteko. Ez zuen jendea hartzen gizabanako bezala, baizik eta bere bakardadearen benenoarentzako antidoto bezala, preso hartutako fantasmei ihes egiteko bitarteko bezala.

        Uda hasierako arratsalde batez, Pat bere mahastian ari zen lanean. Mahats ilaren artean belaunikatu eta aitzurrean egiten zuen erroen ondoan. Mahatsa bizkor ari zen koskortzen, eta hostoak berde argiak eta zoragarriak zeuden. Patek poliki egiten zuen lana ilaran aurrera. Gustura zegoen lanarekin, eta ez zion beldurrik bidean zetorren gauari Munroe-tarren etxean afaltzekoa zelako. Lanean ari zela, errepidetik zetozen mintzoak aditu zituen. Mahatsondoen artean ezkutatuta egon arren, antzeman zuen, ahotsen doinuagatik, Mrs. Munroe eta honen alaba Mae zirela bere etxe ondotik pasatzen ari zirenak. Bat-batean. Maeren oihu alaia aditu zuen:

        — Ama, begira hori!

        Patek lana utzi zuen entzuteko.

        — Zeure bizitzan ikusi al duzu horrelako arrosa ederrik, ama?

        — Polita da, oso polita ere —esan zuen Mrs. Munroek.

        — Badakit zer gogorarazten didan —jarraitu zuen Maek—. Gogoratzen al zara Vermonteko etxe zoragarri haren postalaz? Osaba Kellerrek bidali zigun. Etxe honek, gainean daukan arrosa horrekin, postaleko etxe haren antz handia du. Barrutik ikustea gustatuko litzaidake.

        — Beno, hori egiteko aukera handirik ez dago. Mrs. Allenek dio ibarreko inor ez dela etxe horretan sartu Paten aita-amak hil zirenetik, eta hamar urte igaro dira harrezkero. Ez zuen esan barrutik nolakoa zen.

        — Kanpoan horrelako arrosa edukita, Barrutik ere polita izan behar du. Mr. Humbertek utziko ote dit noizbait ikusten?

        Bi emakumeek aurrera jarraitu zuten Pati haien hitzak entzunezinak egin arte.

        Joan zirenean, zutik jarri eta arrosa handiari begiratu zion Patek. Ordura arte inoiz ez zuen ikusi zer edema zen: hosto berdeko meta bat arrosa zuriz estalia ia goitik beheraino. «Polita da», esan zuen. «Eta Vermonteko etxe eder bat hezalakoa da. Vermonteko etxe bat bezalakoa da, eta, alajaina, horixe polita dela, arrosa polit askoa.» Gero, arrosa eta paretatik barrena ikusi ahal izan balu bezala, saloiaren bisioa etorri zitzaion. Lanean hasi zen berriro mahats-ondoen artean, etxea burutik kentzeko ahaleginak eginez. Baina Maeren hitzak behin eta berriz itzultzen zitzaizkion: «polita izan behar du Barrutik.» Vermonteko etxe bat barrutik nolakoa ote zen galdetu zion Patek bere buruari. John Whitesideren etxe sendo eta bikaina ezagutzen zuen, eta, ibarreko beste guztiek bezala, berak ere miretsia zuen Bert Munroeren etxearen erosotasun gozoa; baina etxe politik, hau da, berak benetan polit deitzeko moduko etxerik, ez zuen sekula ikusi. Bere gogoan, ezagutzen zituen etxe guztiak errepasatu zituen, eta bat bakarra ez zegokion Maek adierazi nahi izan zuenari. Aldizkari bateko grabatu bat gogoratu zitzaion, zoru argizagituko gela bat, zuraje zurikoa eta eskailera batekin; Mount Vernongoa izan zitekeen. Inpresio handia egin zion grabatu hark. Beharbada hura zen Maek adierazi nahi zuena.

        Gustura ikusiko zukeen Vermonteko etxearen postal hura, baina ikusten uzteko eskatuz gero entzuten egon zela jakingo zuten. Horretan pentsatu ahala, berearen antzeko etxe polit bat ikusi nahia obsesio bihurtu zen Patentzat. Aitzurra baztertu eta etxearen aurrealderaino joan zen. Arrosa zoragarria zen zinez. Bobeda osatzen zuen portxearen gainean, izar zuriko gortinak zintzilikatzen zituen leiho itxien gainetik. Lehenago zergatik ez ote zen jabetu pentsatu zuen Patek.

        Gau hartan, ordura arte bururatu ere egingo ez zitzaion zerbait egin zuen. Munroe-tarren etxera joanda, ilunabarra lagunartean pasatzeko konpromisoa hautsi zuen.

        — Asunto batez arduratu beharra daukat Salinasen —esplikatu zuen—. Segituan ez banoa dirua galtzeko arriskuan jartzen naiz.

        Salinasen, udal liburutegira jo zuen zuzenean.

        — Irudiak ba al dauzkazue Vermonteko etxeenak... etxe politenak? —galdetu zion bibliotekariari.

        — Aldizkari horietan segur aski bat edo beste aurkituko duzu. Zatoz! Non bilatu erakutsiko dizut.

        Abisatu egin behar izan zioten liburutegia ixteko orduan. Etxebarruen argazkiak aurkituak zituen, baina berak inoiz imajinatu gabeko etxe-barruenak. Gelak plan baten arabera eraikita zeuden; hornidura bakoitza, altzari bakoitza, eta bai zoru eta hormak ere elkarrekin harremanatuta zeuden, planaren atal ziren. Argazki haien ikusteak bere barruko sentimendu sakon eta berezko bat esnatu zuen, antolamendu, kolore eta lerrora jotzen zuena. Ordura arte ez zuen jakin gelak halakoak izan zitezkeenik, osotasun batera zuzenduak. Berak ikusitako gela guztiak pilaketa doi eta halabeharrezko baten ondorio ziren. Izeba Sophiek txarro bat bidaltzen zuen, aitak aulki bat erosten zuen. Suaren tokian estufa bat jartzen zuten bero handiagoa ematen zuelako; Sperry Flour Company delakoak kalendario handi bat ateratzen zuen eta amak markoa jartzen zion haren irudiari; merkatal etxe batek lanpara mota berri baten publizitatea egiten zuen. Horrela osatzen ziren gelak. Baina argazki haietan norbaitek ideia bat izan, eta gelako guzti-guztia ideia haren atal zen. Liburutegia itxi baino lehentxeago, bi argazki topatu zituen bata bestearen ondoan. Batek, berak ezagutzen zituenak bezalako gela bat erakusten zuen, eta aldamenean gela beraren beste argazki bat zegoen, aurrenekoaren nahaste-borrastea gabe eta ideia baten arabera antolatua. Ez zuen inolaz ere gela bera ematen. Aurreneko aldiz bere bizitzan, Pat etxeratzeko desiratzen zegoen. Bere ohean etzan eta pentsatu egin nahi zuen, zeren ideia berri eta arrotz bat argitara atera nahirik ari baitzen bere gogoaren sakonetik.

        Patek ez zuen gau hartan lo egiterik izan. Asmo gehiegi zeuden bere buruan. Jaiki ere egin zen halako batean lanpara piztu eta bere libreta begiratzeko. Egunsentia baino lehentxeago jantzi eta gosaria prestatu zuen, eta jaten ari zela, bere begiek ate itxira jotzen zuten behin eta berriz. Bere begietan poz maleziatsuko distira bat ageri zen.

        — Ilun egongo da hor barrean —esan zuen—. Hobe sartu baino lehen pertsiana guztiak irekitzen baditut.

        Azkenik eguna zabaldu zenean, hartu palanka bat eta buelta guztia eman zion etxeari, ibili ahala pertsiana iltzatuak libratuz. Saloiko leihoak ez zituen ukitu, ez baitzuen arrosa kaltetu nahi. Gero sukaldera itzuli eta giltzaz itxitako atearen aurrean jarri zen. Une batez, aspaldiko bisio hark bertan gelditzera behartu zuen.

        — Baina minutu bat besterik ez da izango —argudiatu zuen—. Oraintxe bertan hasiko naiz dena puskatzen.

        Palankak sarrailari bultza eta kraskatu egin zuen. Atea parez pare zabaldu, miserableki intziri eginez erro lehorretan jiratzerakoan, eta gela ikaragarria bere aurrean azaldu zen. Armiarma-sareek giroa lainotzen zuten; atetik barrena zoko-usain aspaldiko bat ateratzen zen. Hantxe zeuden bi kulunkaulkiak estufa herdoilduaren bi aldeetan. Hauts artetik ere kuxinen gaineko hutsunetxoak ikusi zituen. Baina ez zen hori latzena. Patek bazekien non zegoen bere beldurren muina. Agudo zeharkatu zuen gela, aurrera egin ahala armiarma-sareak kenduz bere begietatik. Ilun segitzen zuen saloiak, itxita baitzeuden pertsianak. Patek ez zuen haztamuka ibili beharrik izan mahaia aurkitzeko; zehatz zekien non zegoen. Izan ere, azken hamar urteetan ez al zen mahai hura bere atzetik ibili? Altxa mahaia eta Biblia, biak batera, zeharkatu korrika sukaldea eta atarira bota zituen.

        Orain polikiago jarrai zezakeen. Beldurra ezkutatua zen. Leihoak hain zeuden gogor josita non palanka erabili beharra izan zuen libratzeko. Aurrena kulunkaulkiak atera ziren leihotik, piririka eta botea emanez lurra jotzerakoan: gero koadroak, tximini gaineko apaingarriak, urretxori disekatuak. Eta altzariak, jantziak, alfonbrak eta txarroak leihoen azpian barreiatuta egon zirenean, Patek urratu tapizeriak eta kanpora bota zituen haiek ere. Azkenik ur pertzakadak ekarri eta sabai eta hormak blaitu zituen. Lan hura berebiziko plazera zen berarentzat. Silei hankak puskatzen saiatzen zen leihotik botatzen zituenean. Urak hormetako paper zahar eta iluna basitzen zuen bitartean, leihoen azpiko altzariak pila batean hildu zituen denei su emateko. Oihal zahar hezeak eta egur bernizatuak gogoz kontra bezala erretzen ziren, hauts eta hezetasun kirats higuingarria zabalduz. Harik eta pila hartara keroseno pertzakada bat bota arte ez zen sugarra harrotu. Mahai eta silek kriski-kraska egiten zuten beren fantasmak suaren mende uzterakoan. Patek alaitasunez zaintzen zuen su-meta.

        — Ederki asko egon zarete hor barrean urte guzti hauetan, ezta? —hots egin zuen—. Zera usteko zenuten, ez nuela behin ere zuek erretzeko barrenik izango. Horra ba, nahiago nuke hemen bazinete zertara noan ikusteko, zuek, zabor ustel, kirats gaiztoko horiek!

        Tapizeria berdeak erabat erre ziren eta txingar gorri, ezkatatsuak utzi zituzten. Lorontzi eta txarro zaharrak puska-puska egin ziren berotasun hartan. Patek zirti-zartaka sentitzen zituen mentolezko botikak eta mina kentzekoak, ontzietatik txirrian atera eta sutan borborka zeudela. Bere arerioaren heriotza presiditzen zuela iruditu zitzaion. Ez zen su-metatik aldendu harik eta dena txingar huts bihurtu arte. Hormak zeharo basituta zeuden ordurako, eta papera zerrenda luze, zabaletan libratzen zen.

        Arratsalde hartan Patek kotxez Salinasera jo eta etxe apainketaz aurkitu ahal izan zituen aldizkari guztiak erosi zituen. Ilunabarrez, afalostean, orriz orri aztertu zituen. Azkenean, aldizkarietako batean, gela perfektua aurkitu zuen. Beste zenbait irudiren aurrean zalantzan egona zen: ez, ordea, oraingo honekin. Eta nahiko erraz egin zezakeen. Egongela eta saloiaren arteko tabikea botata, gela berriak hogeita hamar oineko luzera eta hamabosteko zabalera izango zuen. Zabaldu egin beharko ziren leihoak, tximinia handitu eta lurra lixatu, tindatu eta argizagitu. Patek bazekien gauza guzti horiek laguntzarik gabe egin zitzakeela. Bere eskuak lanari ekiteko irrikatzen zeuden.

        — Bihar hasiko naiz —esan zuen. Baina beste pentsamendu batek geldiarazi egin zuen—: Maek uste du polita dela dagoen bezala. Ez du jakin behar orain ari naizela polit jartzen. Gainera, Vermonteko etxearen kontu hura aditu niola jakingo luke bestela. Jendeak ez du jakin behar zertan ari naizen. Zergatik egiten dudan galdetuko lidakete —zergatik egiten ote zuen pentsatu zuen bere artean—. Ez da inori axola zaion kontua —azaldu zion bere buruari—. Ez daukat zergatia aldarrikatu beharrik. Neure arrazoiak baditut. Alajainkoa! Gauez egingo dut.

        Patek barre egin zuen eztiro bere golkorako. Bere etxea isilka aldatzeko ideia hura zoragarria zitzaion. Berak bakarrik egitea bazeukan lana, eta inork ez zuen jakingo. Gero, dena bukatutakoan, zenbait jende etxera gonbidatu eta beti halaxe egon balitz bezala egingo zuen. Inork ez zuen gogoratuko nolakoa zen etxea hamar urte lehenago.

        Horrela antolatu zuen bere bizitza: egunez granjako lanetan aritzen zen, eta gauez, presaka, etxera jotzen zuen alaitasunezko sentimendu batekin. Gela osatuaren argazkia txintxetaz josia zegoen su-aldean. Egunean hogei aldiz begiratzen zion Patek. Leihoen azpialderako banketak egiten ari zela, horman paper gris zurbila itsasten edo egurrari krema koloreko berniza ematen, bere aurrean ikusten zuen gela osatua. Ezeren beharrik zuenean, joan Salinasera ilunabarraren azken orduan eta ilundu ondoren ekartzen zituen materialak. Gauerdira arte aritzen zen lanean eta pozez ito beharrean joaten zen ohera.

        Ibarreko jendeak Paten falta nabaritu zuen bileretan. Dendan, galderak egiten zizkioten, baina berak prest zeukan aitzakia.

        — Ikastaro bat egiten ari naiz korrespondentziaz —azaltzen zuen—. Estudiatu egiten dut gauez.

        Irribarre egiten zuten gizonek. Bakardadea gehiegizko zama zen gizon batentzat, bazekiten. Nekazari mutilzaharrak, lehenago edo beranduago, xelebre samarrak bihurtzen ziren beti.

        — Zer ari zara estudiatzen, Pat?

        — Oh, zer? Oh! Lezio batzuk hartzen ari naiz zera... arkitekturaz.

        — Ezkondu egin behar zenuke, Pat. Urtetan aurrera zoaz.

        Pat gorritu egiten zen bere haserrean.

        — Ez zaitezte txoroak izan —esaten zuen.

        Gelan lan egin bitartean, Patek antzerkitxo bat imajinatzen zuen, honela osatzen zena: gela bukatuta zegoen eta altzari bakoitza bere tokian. Sua berriz piztuta, gorri-gorri; lanparek isla lausotuak botatzen zituzten lur argizagituaren eta altzari distiratsuen gainera.

        — Bere etxera joan eta esango diot inpentsan: «Agidanean Vermonteko etxeak gustatzen zaizkizu.» Ez! Ezin dut hori esan. Esango diot: «Gustatzen al zaizkizu Vermonteko etxeak? Ba begira, nik badut gela bat Vermonteko gelen igualtsua dena.»

        Preliminarrak ez ziren behin ere erabat bere gustukoak izaten. Ezin zuen topatu Mae bere etxera erakartzeko bide egokia. Istorioaren atal hura saltatu beharra izaten zuen. Pentsatuko zuen aurrerago.

        Une hartan, sukaldera sartzen ari zen neska. Sukaldea ez zen aldatuta egongo, hartara handiagoa izango baitzen sorpresa beste gela ikustean. Mae gelditu egingo zen ate aurrean, eta berak eskua luzatuko zuen atea parez pare zabaltzeko. Hantxe zegoen gela, ilun samarra, baina, zinez, argi ilunez betea. Sua erreka zabal bat bezala harrotzen zen, eta zoruan lanparen islak ikusten ziren. Kalikut lustretsuko gortinak bereiz zitezkeen, eta tximini gaineko tigre larru handia. Peltreak distira aberats eta apalak zituen. Hain zen dena epel eta erosoa! Paten bularra kuzkurtu egiten zen plazerez.

        Edozein modutara, ate aurrean zegoen Mae eta... zer esango zuen? Beno, bera bezala sentitzen bazen, beharbada ez zuen ezer esango. Agian ia negar egiteko gogoa sentituko zuen. Xelebrea zen betetasun sentimendu atsegin hori, negarrez hasteko zorian bazeunde bezala. Beharbada hantxe geratuko zen minutu bat edo beste, gelari begira, besterik gabe. Orduan Patek esango zuen: «Ez al duzu barrura sartu eta pixka batean eseri nahi?» Eta, jakina, horrek sorgindura hautsiko zuen. Mae gelaz hitz egiten hasiko zen esaldi eten eta dibertigarriekin. Baina Patek arduragabeki bezala erantzungo zion denari: «Bai, beti izan dut gustukoa nolabait.» Ozenki esaten zituen gauza horiek, lanean ari zela. «Bai, beti pentsatu izan dut polita zela nolabait. Lehengoan bururatu zitzaidan beharbada gustatuko zitzaizula ikustea.»

        Antzerkia horrela bukatzen zen: Mae suaren aurreko besaulki hegaldunean esertzen zen. Esku polit, pottoloak magalean jarrita zeuzkan. Han eserita zegoela, espresio urruna hartzen zuten bere begiek... Eta Pat ez zen behin ere harantzago joaten, zeren, puntu hartara helduta, bere buruaren jabe egiten baitzen berriro. Harantzago joatea zera izango zen, bakarrik egon nahi duten bi lagunei leihotik kirika egitea bezalaxe. Unerik distiratsuena, istorio guztiko unerik zirraragarriena, berak atea parez pare zabaltzen zuenean ailegatzen zen; Mae ate aurrean gelditzen zenean, harri eginda gelaren edertasunagatik.

        Hiru hilabete geroago gela bukatuta zegoen. Patek aldizkariko fotografia karteran sartu eta San Franciscora joan zen. Altzari konpainia baten bulegora helduta, idazmahaiaren gainean zabaldu zuen fotografia.

        — Hauek bezalako altzariak nahi ditut —esan zuen.

        — Ez, noski, jatorrizkoak?

        — Jatorrizkoak, diozu?

        — Altzari zaharrak, alegia. Hogeita hamar mila dolar baino gutxiagoan ez zenituzke erosiko.

        Paten aurpegia abaildu egin zen. Bere gelak behea jotzen zuela iruditu zitzaion.

        — Oh! Ez nekien.

        — Guk hemen nahi duzun guztiaren kopia onak lortu ahal dizkizugu —lasaitu zuen zuzendariak.

        — Horixe ba. Ondo. Ederki. Zenbat kostako lirateke kopiak?

        Salmenta arduradun bat etorrarazi zuten. Hiruren artean argazkiko artikuluak aztertu eta zuzendariak zerrenda bat egin zuen: mahai bat ertz koskadunekoa, beste mahai bat taula eta hanka tolesgarriekin, silak: Windsor bat, beste bat ipurdia ihizkoa eta bizkarra eskailera modukoa zuena, besaulki hegaldun bat, tximini aurrerako banketa bat; alfonbra litsadunak, kalikut lustretsuko gortinak, lanparak globo lausotu eta kristalezko zintzilikarioekin; aterik gabeko arasa bat, portzelana pintatuak, peltrezko kandelairuak eta paretako kandelabroak.

        — Beno, hiru bat mila dolar izango dira, Mr. Humbert.

        Patek kopeta zimurtu zuen pentsatzeko ahaleginean. Azken batean, zertarako aurreratu behar zuen dirua?

        — Zenbat denbora beharko duzue dena bidaltzeko? —galdetu zuen.

        Altzariak Salinasen zirela zioen abisuari itxoin bitartean, Pat zorua igurzten aritu zen laku goibel baten distira eman zion arte. Atzeraka ateratzen zen gelatik, zepiluarekin bere oinen arrasto arinak ezabatuz. Eta gero, azkenean, kaxak merkantzien biltokira heldu ziren. Lau bidaia egin behar izan zituen kamioiarekin Salinasera denak garraiatzeko, gauez eta isilka betiere. Langintza guzti hark bazuen halako intriga kutsu bat.

        Patek bihitegian ireki zituen kaxak. Sila eta mahaiak etxera eraman eta, argazkiari begiratu ugari emanda, zegokion tokian jarri zuen bakoitza. Gau hartan sua bizi-bizi egon zen, eta globo lausotuko lanparak zoruan islatu ziren. Tximini gainean eskegitako tigre larru handiak bazirudien dardara egiten zuela gar dantzariekin.

        Sukaldera joan eta atea itxi zuen Patek. Gero, oso poliki berriro zabaldu eta gelari begira geratu zen. Dizdiz egiten zuen epeltasunez, epeltasun ongietorri emailez. Peltrea berak uste baino aberatsagoa zen. Aterik gabeko arasako platerek txinpartak harrapatzen zituzten beren ertzetan. Une batez ate aurrean geratu zen Pat, bere ahotsari doinu egokia eman nahirik.

        — Beti izan dut gustukoa nolabait —esan zuen ahal bezain axolagabeki—. Lehengoan bururatu zitzaidan beharbada gustatuko zitzaizula ikustea.

        Gelditu egin zen, pentsamendu latz bat etorri baitzitzaion gogor a.

        — Hara, ordea! Ezin da bakarrik etorri eta! Neska bat ezin da gauez bakarrik etorri gizon ezkongabe baten etxera. Jendeak hitz egin egingo luke herari buruz, eta gainera berak ez luke etorri nahiko.

        Dezepzio garratza zen hura berarentzat.

        — Amarekin etorri beharko du. Baina beharbada bere amak ez du estorburik egingo. Hemen atzean-edo gera liteke, aparte batean.

        Nahiz orain prest egon, zalantza boteretsu batek aurrera jotzea galarazten zion. Gauero gauero atzeratu egiten zuen Maeri etxera etortzeko gonbitea luzatzea. Behin eta berriz errepasatu zuen bere antzerki hura, zehazki jakin arte non geldituko zen Mae, nola begiratuko zuen, zer esango zuen. Esan zitzakeen gauzan aukera desberdinak ere bazituen. Astebete pasa, eta atzeratu egin zuen berriro Mae bere gela ikustera ekarriko zuen bisita.

        Arratsalde batez, bere borondateak eta bere kemenak bat hartu zuten. «Ezin dut betirako atzeratu. Hobe dut gaur gauean joatea.» Afaldu ondoren, trajerik onena jantzi eta Munroe-tarren etxera abiatu zen. Milia laurden bat besterik ez zuen haraino. Ez zion eskatuko gau hartan bertan etortzeko. Sua piztuta eta lanparak argituta eduki nahi zituen bera ailegatzen zenean. Gaua hotza eta oso iluna zen. Errepideko hauts artetik estropezuka zihoala, Patek bere oinetako lustretsuek zer itxura edukiko ote zuten pentsatzen zuen etsipenez.

        Berebiziko argi pila zegoen Munroe-tarren etxean. Ate aurrean, kotxe batzuk zeuden aparkatuta. «Festaren bat izango dute», esan zuen Patek bere artean. «Beste batean gonbidatuko dut. Ezingo nuke jende mordo baten aurrean egin.» Une batez, etxera itzultzea ere pasa zitzaion burutik. «Baina arraroa emango luke aurreneko aldian gonbidatuko banu, hainbeste hilabete pasa ondoren ikusi gabe. Zerbaiten susmoa hartuko luke.»

        Etxera sartu zenean, Bert Munroek eskutik heldu zion.

        — Pat Humbert da! —egin zuen oihu—. Non egon zara gordeta, Pat?

        — Estudiatzen aritu naiz gauetan.

        — Ba begira, suerte onean gara etorri zarelako. Bihar zu ikustera joatekoa nintzen. Jakingo zenuen, noski, berria!

        — Zer berri?

        — Ez al dakizu? Mae eta Bill Whiteside datorren larunbatean ezkonduko dira. Zuri laguntza eskatzeko asmoa nuen. Modu soilean ospatuko dugu, bakarrik errefresko batzuk zeremoniaren ondoren. Eskolako festetan laguntzeko ohitura zenuen estudiatzeko joera hori hartu aurretik.

        Pati besotik heldu eta pasillotik barrena eraman nahi izan zuen. Ahots ugariren soinua zetorren pasilloaren haranzko muturreko gelatik.

        Patek gogor egin zuen irmoki. Eta praktikan jarri zuen axolagabe itxura ematearren egindako entrenamendu guztia.

        — Ondo da, Mr. Munroe. Datorren larunbatean, diozu? Pozik lagunduko dizuet. Ez, orain ez daukat gelditzerik. Dendara joan beharra daukat oraintxe bertan.

        Bert Munroeri berriro bostekoa eman eta atera egin zen astiro.

        Bere zorigaitzean, ezkutatu egin nahi zuen une batez, bere burua gorde inork ikusiko ez zuen toki ilun batean. Etxerako bidea hartu zuen automata batek bezala. Etxe irregularra ilun eta ikaragarri triste zegoen bera ailegatu zenean. Pat bihitegira joan zen, eta pauso erabakiez eskailera laburra igo eta belar onduaren gainean etzan zen. Gogoa uzkurtuta eta lehortuta zeukan hartutako desilusioarekin. Batez ere ez zuen etxera sartu nahi. Beldurrez zegoen, berriro ere atea itxiko ote zuen. Zeren hartara, ondorengo urte guztietan, bi izpiritu txunditu biziko baitziren gela ederrean, eta Patek, bere sukaldetik, ederki konprenituko zuen bi haiek hain pentsakor begiratzea suaren fantasmari.

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia