2

 

        Zeruko Belardietako jendearen ustetan Battle granja madarikatuta zegoen, eta umeen ustetan berriz, sorginduta. Lurra ona izan arren, ederki erregaitua eta eman handikoa, ibarrean inor ez zen haren zale, inork ez zuen etxe hartan bizi nahi, zeren bai lurrak bai etxeek, zainduak, maitatuak eta landuak izan direnean, eta gero bertan behera utziak, goibeltasun eta mehatxuz beteak ematen baitute beti. Etxe abandonatu baten inguruan hazten diren zuhaitzak beltzak izaten dira, eta lur gainean luzatzen dituzten itzalek forma kezkagarriak izaten dituzte.

        Battle granja zaharrak bost urte zeramatzan hutsik. Festa eguneko sasoiez, aitzurraren beldurrik gabe, belar-gaiztoak zuhaitz txikiak adinakoak egin ziren. Baratzean, korapilatuta, sendotuta eta elkarren artean katramilatuta zeuden fruta-arbolak. Haien fruta ugariagoa zen, baina urriagoa tamainari zegokionez. Laharrak hazten ziren erroen inguruan, eroritako frutak irentsiz.

        Etxea bera, bi bizitzako egoitza koadratu eta ondo eraikia, dotorea eta duina izan zen bere pintura zuria artean fresko zegoenean, baina ondorengo istorio bitxi batek halako kutsu bakarti, eramanezin bat utzi zuen haren inguruan. Belar-gaiztoek portxeetako oholak okertu zituzten, hormak ilundu egin ziren eguraldi txarrekin. Mutikoek, denboraren kide gizonak jasotakoaren aurkako lehian, leiho guztiak puskatu zituzten eta eraman ere bai garraiatzeko modukoa zen guztia. Mutilek uste dute garraiatzeko moduko traste guztiak, bistako jaberik ez dutenak, jostailu bezala erabil daitezkeela etxera eramanez gero. Mutilek etxeari barrua hustu, putzu-zuloak mota desberdinetako hondakinez bete, eta istripu hutsez, sarailategian benetako tabakoa fumatzen ari ziren batean, bihitegi zaharra erre zuten. Mundu guztiak eskaleei leporatu zien sutea.

        Granja abandonatua ibar estuaren erdialdetik hurbil zegoen. Zeruko Belardietako granja on eta oparoenek mugatzen zuten bi aldeetatik. Mordoilo sastrakatsu bat zen ederki landu eta mantendutako bi lur sailen artean. Ibarreko jendearen ustez toki hark bazuen madarikazio bitxiren bat, zeren gertaera latz bat eta misterio argiezin bat eman baitziren bertan.

        Battle-tarren bi belaunaldi bizi izan ziren granjan. George Battle 1863an etorri zen Mendebaldera New Yorkeko estatuaren iparraldetik; oso gaztea zen ailegatu zenean, soldaduskarako edadean zegoen. Bere amak jarri zuen dirua granja erosteko eta etxe koadratu handia eraikitzeko. Etxea bukatu zutenean, George Battlek bere amaren bila joan zitezen agindu zuen, berarekin bizitzera etor zedin. Eta saiatu zen etortzen andre zahar hura, espazioa bere herritik hamar miliara bukatzen zela uste zuena. Toki mitologikoak ikusi zituen, New York, Rio eta Buenos Aires. Baina Patagonia uztera zihoala, hil egin zen, eta itsasontzi bateko zaindari taldeak ozeano grisean ehortzi zuen, hilkutxa bezala bela puska bat zuena eta aingura kate baten hire maila oinei lotuta; nor eta andre hura, bere herriko kanposantuko konpainia ugariaren esperantzan bizi izandakoa.

        George Battlek ondo miatu zituen bazterrak, andre kontuan inbertsio ona egin nahirik. Salinasen Miss Myrtle Cameron aurkitu zuen, hogeita hamabost urteko neskazahar bat, fortuna txiki baten jabea. Miss Myrtle bazterrean utzia izan zen epilepsiarako joera arin bat zuelako, garai hartan «aldiak» izenaz ezagutzen zen gaitza eta gehienetan jainkoren baten gaizki-nahiari leporatzen zitzaiona. Georgeri epilepsiak ez zion ardura. Bazekien ezin zuela nahi zuen guztia eduki. Myrtle bere emazte bihurtu zen eta seme bat eman zion, eta gero, bi aldiz etxeari su ematen saiatu ondoren, Lippman Sanitarium izeneko presondegi pribatu txiki batean sartu zuten, San Josen. Bere bizitzaren gainerakoa kakorratz lanetan pasa zuen, Kristoren bizitza sinboliko bat osatzen kotoi hariz.

        Handik aurrera, jenio gaiztoko etxekoandre andana batek zuzendu zuen Battle granjako etxe handia. Klase bertsukoak ziren denak, iragarkiak jartzen dituzten horietakoak: «Alarguna, 45, etxekoandre postua nahi granja batean. Sukaldari ona. Ezkontzarik ez.» Bata bestearen atzetik etorri eta aurreneko egunetan eztiro eta tristeki jarduten zuten, Myrtlerena jakin arte. Horren ondoren begiak ñirñirka zituztela ibiltzen ziren etxetik, abstraktuan bortxatuak sentituz.

        Berrogeita hamar urte bete zituenerako zahartuta zegoen George Battle, lanaren poderioz konkortuta, eta bere bizimodua plazerik gabea eta elkorra zen. Bere begiek behin ere ez zuten uzten halako pazientziaz lantzen zuen lurra. Bere eskuak gogortuta eta belztuta eta zirrikituz beteta zeuden, hartz baten hankak bezala. Eta bere granja ederra zen. Baratzeko zuhaitzak inausita eta ondo zainduta zeuden, bakoitza bere kideen pareko. Barazkiak berriz, beren lerro zuzenetan, kirrizkatsu eta berde-berde hazten ziren. Etxeaz ere arduratzen zen George, eta lorategi bat zeukan atarian. Etxearen goiko pisuan ez zen behin ere inor bizi izan. Granja hura adierazpiderik gabeko gizonaren poema zen. Dekoratua pazientziaz prestatu eta Sylvia bati itxoiten zion. Sylviarik ez zen sekula etorri, baina berak berdin-berdin zaindu zuen lorategia haren esperoan. Bere semearen haurtzaroko urte guztietan, George Battlek oso arreta gutxi eskaini zion. Berarentzat garrantzizko gauza bakarrak fruta-arbolak eta barazki lerro berde eta freskoak ziren. Halako batean John bere semea karabana batean misiolari joan zenean, Georgek mozdaderik ere ez zuen sentitu. Lanean segitu zuen, urtetik urtera gorputza areago beheratuz bere lur harexen gainean. Auzokoek behin ere ez zioten hitz egiten, berak ez ziolako inoren hizketari jaramonik egiten. Bere eskuak, beti kakotuta egotearen poderioz, hobi modukoak bihurtu ziren, eta erreminten girtenak zehazki egokitzen ziren haien barrura. Hirurogeita bost urte zituela, zahardadeak eta eztul txar batek beste mundura eraman zuten.

        John Battle bere karabanan itzuli zen granja erreklamatzeko. Bere amagandik epilepsia eta Jainkoaren ezagutza okerra heredatuak zituen. Deabruen aurkako lehia zen bere bizitzako zeregin bakarra. Kanpamentuz kanpamentu ibilia zen, eskuak astinduz, deabruei hots egin eta ondoren denei nahasmena eraginez, makurkeria gizon-egina exortzizatuz eta larrutuz. Etxera etorri zenean, deabruek bere arreta eskatzen segitu zuten. Aletu egin ziren barazki lerroak, eta beren gogoz ahalegin bat edo beste egin ondoren, amore eman zuten belar-gaiztoen aurrean. Granja naturaren baitara itzuli zen isilka, baina deabruak indartu eta lotsagabetu egin ziren.

        Bere burua babestearren, John Battlek hari zuriko gurutzetxoz bete zituen arropak eta sonbreirua, eta horrela armatuta, legio ilunen kontrako lehiari ekin zion. Arrats grisean, granjaren inguruetatik ezkutuka ibiltzen zen makila astun batez armatuta. Sastrakari ekin, makilarekin han eta hemen zartakoak emanez, eta maldizioak botatzen zituen deabruak beren gordelekutik aterarazi arte. Gauez, lahar artetik arrastaka demonio batzar baten ondora jo, eta aurrerantz oldartzen zen batere beldurrik gabe, bere armarekin kolpeak emanez zitalki. Egunez berriz, etxera joan eta lo egiten zuen, deabruek ez baitute egun argitan lanik egiten.

        Egun batez, arrats geroz ilunagoan, John lila arbolatxo batera inguratu zen arrastaka, bere etxe atarian bertan. Bazekien arbolatxoa deabru bilkura sekretu baten babestoki zela. Haiei alde egiten ez uzteko adina hurbildu zenean, jauzi batez zutitu eta ekin egin zion lilari, makila itsumustuan astinduz eta garrasika. Bat-bateko kolpeek esnatuta, suge batek kriskitin hotsa atera zuen nagi-nagi, buru gogor, txapala goratuz. Johnek makila erortzen utzi eta dardara egin zuen, zeren suge baten abisu lehor, zorrotza soinu ikaragarria baita. Belaunikatu eta errezatu egin zuen une batez. Bat-batean, hala esan zuen garrasika: «Hona hemen suge madarikatua! Alde, deabrua!», eta aurreraka bota zen behatz harrapariekin. Sugeak hiru aldiz egin zion kosk batere gurutze babeslerik gabeko eztarrian. Johnek apenas egin zuen borrokarik, eta minutu gutxiren buruan hil zen.

        Auzokoek ez zuten aurkitu putreak zerutik jaisten hasi ziren arte, eta aurkitu zutenarekin Battle granjaren beldur izan ziren aurrerantzean.

        Granja landu gabe egon zen hamar urtez. Umeek esaten zuten etxea sorginduta zegoela, eta gauez haraino hurbiltzen ziren beren buruak ikaratzeko. Zerbait beldurgarria bazuen etxe handi eta desolatu hark, hain erne begiratzen zuten leiho huts haiekin. Pintura zuria libratu egin zen puska luzeetan; teilatuko oholxak kiribildu egin ziren zeharo. Granja bera guztiz basati bihurtu zen. George Battleren lehengusu urrun bat zen jabea, ikustera ere inoiz etorri ez zena.

        1921ean Mustrovic-tarrak egin ziren Battle granjaren jabe. Bat-batekoa eta misteriotsua izan zen haien etorrera. Goiz batez hantxe azaldu ziren, gizon zahar bat eta bere emazte zaharra, hezur hutsa biak, azal horia tenk eta distiratsu matrailezur altuetan. Ez batak ez besteak ez zuen ingelesik hitz egiten. Ibarrarekiko komunikazioaz semea arduratzen zen, gizon luze bat gurasoenak bezalakoxe matrailezur altuekin, ile beltza trakets moztua eta kopetaren erdiraino eroria eta begi beltz ezti, betizuekin. Azentuarekin hitz egiten zuen ingelesa, eta beharrezkoa zitzaiona bakarrik esaten zuen.

        Dendan galderak egin zizkioten onez-onean, baina jendeak ez zuen informaziorik lortu.

        — Etxe hori sorginduta zegoela uste izan dugu beti. Ez al duzue oraindik fantasmarik ikusi? —galdetu zion T. B. Allen dendariak.

        — Ez —esan zuen Mustrovic gazteak.

        — Primerako granja da, belar-gaiztoak kenduz gero.

        Mustrovic jiratu eta dendatik atera zen.

        — Etxe horrek badu zerbait —esan zuen Allenek—. Hor bizi diren guztiei batere ez zaie gustatzen hitz egitea.

        Oso gutxitan ikusten zituzten Mustrovic zaharrak, baina gizon gazteak egunak dituen ordu guztiak granjan lan eta lan pasatzen zituen. Berak bakar-bakarrik garbitu eta erein zuen lurra, inausi eta erregaitu zituen zuhaitzak. Edozein ordutan, lanean ikusten zuten jo eta ke, korrika txikian zeregin batetik bestera, eta aurpegia larrituta, mundua uzta biltzeko beta izan baino lehen buka zitekeelakoan edo.

        Familiak etxe handiaren sualdean egiten zuen bizimodua eta loa. Beste gela guztiak itxita eta hutsik zeuden, eta leiho puskatuak konpondu gabe. Sukaldeko leihoetako zuloetan euliak harrapatzeko papera itsatsi zuten haizerik sar ez zedin. Ez zuten ez etxea pintatu, ez beste inola zaindu, baina gizon gaztearen ahalegin frenetikoekin lurra itxura ederra hartzen hasi zen berriro. Bi urtez esklabo batek bezala landu zuen lur hura. Egunsentiaren gristasunean ateratzen zen etxetik, eta ilunabarrak berea emana zuen atzera itzultzen zenerako.

        Goiz batez, kotxea hartu eta dendara zihoala, Pat Humbertek antzeman zuen Mustrovic-tarren tximiniatik ez zela kerik ateratzen.

        — Etxeak utzia dirudi berriro ere —esan zion Alleni—. Gizon gazte hori besterik ez dugu inoiz inguruetan ikusi, hori egia da, baina okerren bat bada. Etxeak berak seinale du abandonatu egin dutela.

        Hiru egunez auzokoek aprentsioz begiratu zioten tximiniari. Ez zuten miaketan hasi eta denen aurrean barregarri geratu nahi. Laugarren egunean Pat Humbert, T. B. Allen eta John Whiteside etxeraino joan ziren. Isiltasun zurrumurrutsua zen hangoa. Etxeak abandonatua zirudien benetan. John Whitesidek sukaldeko atea jo zuen. Erantzunik edo mugimendurik izan ez zenez, tiradorea jira zuen. Atea zabaldu egin zen. Sukaldea garbi-garbi zegoen, eta mahaia jarrita: platerak zeuden mahai gainean, platertxoak porridge, arrautza frijitu eta ogi xerrekin. Jana lizuntzen hasia zegoen. Euli batzuk noraezean zebiltzan ate irekitik sartutako eguzkiaren argitan. Pat Humbertek oihu egin zuen: «Inor bai?» Bazekien galderak ez zuela zentzurik.

        Goi eta behe miatu zuten etxea, baina hutsik zegoen. Sukaldea kenduta, beste gela guztietan ez zegoen altzaririk. Granja abandonatua zegoen guztiz, bat-batean abandonatu zuten gainera.

        Geroago, sheriffa jakinaren gainean jarri zutenean, ez zuen hark ezer argigarririk aurkitu. Mustrovic familiakoek esku-diruz ordaindua zuten granja, eta joaterakoan ez zuten aztarrenik utzi. Inork ez zituen joaten ikusi, eta inork ez ziten sekula berriz ikusi. Haien partaidetza izan zezakeen krimenik ere ez zen eskualde hartan gertatu. Goiz batez eta bat-batean, gosaltzeko esertzera zihoazen unean, Mustrovic-tarrak ezkutatu egin ziren. Makina bat aldiz eztabaidatu zuten kasua dendan, baina Inor ez zen gauza izan soluzio onesgarri bat proposatzeko.

        Berriro ere belar-gaiztoak jaio ziren lurrean, eta basaihenak fruta-arbolen adarretaraino igo ziren. Eta praktikarekin trebatuta bezala, granjak basatasunera jo zuen berriro segituan. Monterreyko konpainia inmobiliario bati saldu zioten zerga-diruaren ordainetan, eta Zeruko Belardietako biztanleek, aitortu ala ez, seguru jo zuten Battle granja madarikatuta zegoela. «Lur ona da,» zioten, «baina ez nuke neuretzat nahi ezta musu-truk emanda ere. Ez dakit zer gertatzen den, baina etxe horrek badu zerbait xelebrea, azala ere pinportzen dizuna. Norbaitek mamuetan sinestea ere ez litzateke harritzekoa izango.»

        Zirrara atsegin batek zeharkatu zuen Zeruko Belardietako jende guztia Battle granja zaharrak berriro ere biztanleak izango zituela jakitean. Pat Humbertek ekarri zuen zurrumurrua Denetariko Dendara, automobilak ikusi baitzituen etxe zaharraren atarian; eta T. B. Allenek, dendaren jabeak, lau haizetara zabaldu zuen albistea. Allenek jabe berrien inguruko gorabehera guztiak sumatu eta bezeroei kontatu zizkien, konfidentzia guztiak «Diotenez» batekin hasiz. «Diotenez Battle etxea erosi duena fantasma bila ibiltzen diren horietakoa da, gero haiei buruz idazteko.» T. B. Alienen «Diotenez» hura bere babesa zen. Egunkariek «ustezko» erabiltzen duten bezala erabiltzen zuen.

        Bert Munroe bere ondasun berriaren jabe egin aurretik, Zeruko Belardietan bazebiltzan dozena bat istorio berari buruzkoak. Berak bazekien bere bizilagun berriak izango ziren haiek begira zeuzkala, inoiz hartan harrapatu ez bazituen ere. Isilkako begiraketa hori gain-gaineko arteen mailaraino garatu da nekazarien artean. Ikusi dute agerian daramazun ipitzik ttikiena ere, zenbatu eta buruz ikasi dituzte soinean daramatzazun arropak, zure begien koloreari eta sudurraren itxurari ere erreparatu diote, eta azkenik, hiruzpalau adjektibotara murriztu dute zure gorpuzkera eta nortasuna; eta bien bitartean zu zure presentziaz ohartu ere ez zirelakoan egon zara.

        Granja zaharra erosi ondoren, Bert Munroek lanari ekin zion belarrez jositako atarian, arotz talde batek etxea konpontzen zuen bitartean. Altzari guztiak kanpora atera eta erre egin zituzten. Lehengo tabikeak bota eta berriak altxa zituzten. Hormak beste paper batez jantzi eta asbestozko teilatu berria eman zioten etxeari. Azkenik, pintura hori zurbilez pintatu zuten kanpoaldea.

        Bertek herak moztu zituen atariko aihen eta zuhaitz guztiak argiari sartzen uzteko. Hiru asteren buruan, etxe zaharrak ez zeukan lehengo itxura zabartu eta sorginduaren aztarrenik. Han eta hemen emandako maisutasunezko ukituei esker, bere itxura Mendebaldeko beste ehun mila nekazari etxerena bezalakoxea zen.

        Barruko eta kanpoko pintura lehortu bezain laster, altzari berriak heldu ziren: eserleku guri-guriak eta idazmahai txiki bat, estufa esmaltatu bat, altzairuzko oheak egurra imitatuz pintatuak eta erosotasun matematikoa eskaintzeko garantizatuak. Ispiluak ere baziren festoiekiko markoekin, eta Wilton alfonbrak, eta baita koadroen erreprodukzioak ere, kolore urdina modan jartzea lortu duen artista moderno batenak.

        Altzariekin batera Mrs. Munroe eta hiru Munroe gazteak etorri ziren. Mrs. Munroe andre mardula zen, quevedo hezurrik gabeko bat eramaten zuena zinta bati lotuta. Etxekoandre ona zen. Altzari berrien banaketa behin eta berriz aldarazi zuen gustura geratu arte, baina behin gustura geratu eta gero, behin altzariari arreta osoz begiratu, buruaz baietz adierazi eta irribarre egiten zuenean, altzari hura hantxe egongo zen betirako, garbiketarako bakarrik mugituko zen aurrerantzean.

        Bere alaba Mae neska polit bat zen, masail leun, borobil eta ezpain helduekin. Bere gorputza sentsuala zen, baina kokots azpian bihurgunetxo apal bat ageri zuen bere amarena bezalako mardultasuna iragartzen zuena etorkizunerako. Maeren begiak adiskidetsuak eta xaloak ziren, ez bizkorrak, baina ezta ergelak ere. Inor ohartu gabean, bere amaren doblea bilakatuko zen, etxekoandre ona, ume osasuntsuen ama, damurik gabeko emazte ona.

        Bere gela berrian, Maek dantzaldi programak itsatsi zituen ispiluaren kristala eta markoaren artean. Hormetan Monterreyko lagunen argazki markodunak eskegi zituen, eta argazki albuma eta egutegi giltzatua mesanotxe txikiaren gainean utzi zituen. Egutegi hartan inolako interesik gabeko zerrenda ezkutatzen zion begi zelatariari: dantzaldiak, festak, gozokiak egiteko errezetak eta zenbait mutilengana sentitzen zuen joeratxoa. Bera arduratu zen bere gelako gortinak erosi eta josteaz, kolore arrosa zurbileko gasa teatral batekoak argia iragaz zezaten, eta kretoi loretsuko zenefa batez hornituak. Saten izurtuko sobrakamaren gainean, lau boudoir burko antolatu zituen axolagabekeriaz utzita baleude bezala, eta panpina frantses berna-luze bat etzan zuen haien kontra, ile hori motzekoa eta oihalezko zigarro bat zeukana ezpain makaletatik zintzilik. Maeren ustez, panpina hark bere izpirituaren zabaltasuna erakusten zuen, bere tolerantzia erabat onesten ez zituen gauzekiko. Bere lagunek iragan bat eduki zezaten gustatzen zitzaion, zeren, halako lagunak izanda eta haiei entzunez, ezabatu egiten baitzuen bere bizitza akats gabekoagatik izan zezakeen damua. Hemeretzi urte zituen; ezkontzan pentsatzen ematen zuen denborarik gehiena. Mutilekin ateratzen zenean emozio apur batez hitz egin ohi zuen idealei buruz. Zehatz esateko ez zekien idealak zer ziren, baina sumatzen zuen haien araberakoak direla kotxean jasotzen dituzun muxuak dantzalditik etxerakoan.

        Jimmie Munroek hamazazpi urte zituen. Batxilerra bukatu berria zuen eta ikaragarri zinikoa zen. Gurasoen aurrean, Jimmieren jokamoldea betizua eta sekretuz betea izan ohi zen. Bazekien ezin ziela jakitera eman berak munduaz zuen ezagutza, ez baitzuten ulertuko. Bekatua edo heroitasuna ezagutu gabeko belaunaldi batekoak ziren. Bizitza zientziari eskaintzeko bere asmo sendoa, behin zientzia bera ere emozio posibilitate guztiez garbitu eta gero, ez zuten bere gurasoek gogo onez hartuko. Zientzia esatean, Jimmiek irrati, arkeologia eta aeroplanoetan pentsatzen zuen. Perun imajinatzen zuen bere burua, urrezko txarroak lur azpitik ateratzen. Bere ametsa ziega antzeko tailer batean enzerratzea zen, oinaze eta erridikuluz betetako urteen ondoren diseinu berri eta abiadura suntsigarriko aeroplano batekin ateratzeko.

        Jimmieren gela etxe berrian makina txikien nahaste-borraste bat bihurtu zen bera bertan finkatu orduko. Kristalezko irrati-hargailu bat zeukan, aurikularrekin, esku-magneto bat etengailu telegrafiko bat martxan jartzen zuena, brontzezko teleskopio bat eta konta-ezinahala makina erdi puskatu. Jimmiek ere bazuen gordailu sekretu bat, kandadu astun batez itxitako kutxa bat, haritzez egina. Kutxa hartan bazen denetarik, dinamita kartutxoekiko lata erdi bat, errebolber zahar bat, Melachrino zigarro pakete bat, hiru preserbatibo Merry Widows markakoak, botilatxo bat muxika likore, daga baten itxurako paper-mozle bat, lau eskutitz sorta lau neska desberdinenak, hamasei ezpain-arkatz dantza lagunei ostuak eta baita kutxa bat ere maiteminduen ohiko oroigarriekin: lore lehorrak, painelu eta botoiak eta, denetan preziatuena, farfaila beltzez apaindutako liga borobil bat. Jimmiek ez zuen gogoratzen nola lortu zuen liga hura. Gogoratzen zuena askoz betegarriagoa zen nolanahi ere. Giltzatu egiten zuen beti bere logela kutxa ireki baino lehen.

        Kolegioan zebilenean, lagun askok berdintzen zuten Jimmieren bekatu kopurua, eta zenbaitek bai erraz gainditu ere. Ordea, Zeruko Belardietara etorri eta laster, bere gaiztakeriak ezohikoak zirela aurkitu zuen. Alproja zentzatu bat bezala ikusi zuen bere burua; baina ez, zentzatua, berriz erortzeko posibilitaterik ez izateraino. Hain osoki bizi izanak abantaila handia ematen zion ibarreko neska gazteenen artean. Nahiko mutil egokia zen Jimmie, argala eta ongi osatua, ile eta begi beltzekin.

        Manfred, mutil gazteena, normalean Manny deitzen zutena, zazpi urteko ume serio bat zen, aurpegia kuzkurtuta eta erkituta zeukana haragi faltsuengatik. Bere gurasoek bazuten haragi faltsuen berri; kentzeko kontua ere aipatu izan zuten. Mannyk berebiziko ikara hartu zion ebakuntzari, eta bere amak, hori ikusita, beldur hura mehatxu frenatzaile bezala erabili izan zuen semea gaizto portatzen zenean. Orain, haragi faltsuak kentzeko kontua aipatzen ziotenero, Manny histeriko jartzen zen izuaren izuz. Mr. eta Mrs. Munroe ume pentsakorra zelakoan zeuden, agian jenio bat. Gehienetan bakarrik jostatzen zuen, edo eseri eta espazioari begira egoten zen luzaro, «ametsetan», bere amak esaten zuenez. Zenbait urtez ez zuten jakin atzeratua zela, haragi faltsu haiek geldiarazi egin zutelako bere buruaren garapena. Normalean Manny ume zintzoa zen, eskurakoia eta beldur pixka bat sartuz gero segituan obeditzen zuena, baina gehitxo ikaratzen bazuten, histeriak bere mende hartzen zuen, bere buruaren kontrola eta iraupen sena bera ere galaraziz. Noizbait kopetaz lurra joka ere hasi izan zen, odola begietan sartu arte.

        Beti indar berberaren kontra lehiatzeaz nekatuta zegoelako etorri zen Bert Munroe Zeruko Belardietara; indar hura, gainera, garaile ateratzen baitzitzaion beti. Proiektu askori ekindako gizona zen, baina behea jotzen zuten guzti-guztiek, ez Bertek berak egindako akatsengatik, baizik eta, banaka hartuz gero, ezbehar huts ziruditen okerrengatik. Bertek ezbehar guzti haiek batera ikusi, eta bere arrakastarik nahi ez zuen Patu baten ekintzak iruditzen zitzaizkion. Nekatuta zegoen arrakastarako bide guztiak oztopatzen zizkion izengabeko zerbait haren kontra borrokatzeaz. Berrogeita hamabost urte besterik ez zituen, baina atseden hartu nahi zuen; bizkar gainean madarikazio bat zeukala sinestekotan zegoen.

        Urte batzuk lehenago garaje bat zabaldu zuen herri baten mugan. Negozioa ondo zihoan; dirua barra-barra sartzen zen. Bere ustetan arriskuz kanpo zegoenean, beste kale batetik egin zuten estatuko errepide nagusia eta nora jorik ez zuela utzi zuten bera, negoziorik gabe. Urtebetera-edo garajea saldu eta janari-denda bat zabaldu zuen. Berriro ere arrakasta izan zuen. Zorrak ordaindu eta banketxean dirua sartzen hasi zen. Orduan, janari-denda kate batek berearen ondoan denda berria zabaldu, prezio gerra bati ekin eta negozioa uztera behartu zuen. Bert gizon minbera zen. Askotan gertatu zitzaizkion horrelakoak, dozena bat aldiz bai. Bere arrakastak iraunkorra zirudien unean, zorigaitzak zartako bat ematen zion. Bere buruan zuen konfiantza urritu egin zen. Gerra lehertu zenean ia ez zitzaion adorerik geratzen. Bazekien gerrarekin dirua egin zitekeela, baina beldur zen, hainbeste aldiz bentzutua izan ondoren.

        Asko animatu behar izan zuen bere burua ejertzitoari indabak saltzeko lehen tratua egin aurretik. Negozioa hasi eta lehendabiziko urtean, berrogeita hamar mila dolar atera zituen, bigarrenean berrehun mila. Hirugarren urtean milaka indaba akre erosteko tratua egin zuen, artean landatu gabe zeudenean. Bere tratu hartan, libra hamar zentabo ordaintzeko hitza ematen zuen. Bildutako indabengatik, erraz hartuko zituen hemezortzi zentabo librako. Gerra-azaroan bukatu zen, eta lau zentaboan saldu zuen bildutako libra bakoitza. Hasi zenean baino dire gutxixeagorekin bukatu zuen.

        Aldi hartan erabat sinetsi zuen madarikazioarena. Kemena galduta, etxetik ere ez zen ia ateratzen. Lorategian jarduten zuen, barazkiak landatu eta bere patuaren etsaitasunaz pentsatzen zuen. Pixkanaka, gelditasunezko zenbait urteren ondoren, lurrarekiko nostalgia erne zen bere baitan. Pentsatu zuen nekazaritzan zegoela bere patuarekin gurutzatzen ez zen ahalegin bide bakarra. Eta agian granjatxo batean atsedena eta segurtasuna aurkitu ahal izango zituela.

        Battle granja salgai jarri zuten Monterreyko konpainia inmobiliario batean. Bertek granjari begiratu bat eman, zer aldaketa egin zitezkeen ikusi, eta erosi egin zuen. Hasieran bere familia ez zen han bizitzearen aldeko, baina, berak ataria garbitu zuenean, argindarra eta telefonoa jarri eta altzari berriekin etxea eroso utzi zuenean, ia entusiasmoz hartu zuten. Mrs. Munroek pentsatzen zuen beso zabalik hartzekoa zela Berten Monterreyko desanimuari azkena jarriko zion edozein aldaketa.

        Granja erosi zuen unetik beretik, Bert libre sentitu zen. Akabo zen kondena. Madarikazioaren menpetik salbu zegoela jakin zuen. Hilabetean, bere sorbaldak zuzendu eta bere aurpegiak lehengo itxura kezkatsua galdu zuen. Nekazari sutsua bihurtu zen; xehetasunez xehetasun irakurri zituen lurra lantzeko metodoak, laguntzaile bat hartu eta goizetik gauera arte lan egin zuen. Egun bakoitzak suspergarri berriren bat bazuen berarentzat. Ematen zuen lurretik jaiotako kimu bakoitzak immunitate promesa berritzen ziola. Pozik zegoen, eta berriro ere konfiantza zuelako, ibarrean adiskideak egiten hasi zen, eta bere posizioa sendotzen.

        Gauza zaila da, eta abilidade handia eskatzen duena, nekazal komunitate batean berehalakoan onartua izatea. Ibarreko jendeak gaitzespen apur batez ikusi zuen Munroe familiaren etorrera. Battle granja sorginduta zegoen. Hala uste izan zuten beti denek, baita ideiari barre egiten ziotenek ere. Orain gizon bat etortzen zitzaien eta oker zeudela erakusten zien. Eta hori gutxi izanda, lurraldearen itxura aldatzen zuen granja madarikatuaren tokian kaltegabeko granja emankor bat jarriz. Jendeak bere hartan nahi zuen Battle granja. Barrutik, minduta zeuden aldaketagatik.

        Bertek gaitzespen hura ezabatu ahal izatea gauza handia izan zen. Hiru hilabetetan., ibarreko beste partaide bat bihurtu zen, gizon trinkoa, auzoko bat. Erremintak uzten zizkioten eta berak ere bereak uzten zituen. Sei hilabeteren buruan eskola-batzarreko partaide aukeratu zuten. Neurri handi batean, bere Furia haietatik libratuta sentitzen zuen zorion harexengatik irabazi zuen jendearen maitasuna. Gainera, gizon atsegina zen; gozatu egiten zuen adiskideei mesedeak eginez, eta are garrantzitsuagoa, ez zuen zalantzarik izaten mesedeak eskatzeko orduan.

        Dendan bere egoera azaldu zion nekazari talde bati, eta miresgarria iruditu zitzaien denei azalpenaren garbitasuna. Ibarrera etorri eta berehala izan zen. T. B. Allenek bere aspaldiko galdera hura egin zuen:

        — Beti uste izan dugu etxe hori madarikatuta zegoela. Makina bat gauza xelebre gertatu dira hor. Oraindik ez al duzue fantasmarik ikusi?

        Bertek barre egin zuen.

        — Etxe batetik jan guztia kentzen baduzu, laster alde egingo dute arratoiek —esan zuen—. Zahartasun eta iluntasun guztiak kendu dizkiot nik etxeari, horietaz bizi baitira fantasmak.

        — Ederki utzi duzu etxea, esan beharrik ez dago —onartu zuen Allenek—. Zainduz gero toki hoberik ez da Belardietan.

        Bertek kopeta zimurtu zuen serio-serio, pentsamendu berri batek bere buruan tokia hartzen zuen bitartean.

        — Suerte txarra ugari izan dut —esan zuen—. Negozio pila batean sartu naiz eta den-denak gaizki atera zaizkit. Hona etorri nintzenean, madarikazio baten pean nengoela uste nuen.

        Bat-batean barre egin zuen orduantxe bururatutako ideiagatik.

        — Eta, zer egingo-eta, aurreneko gauza, denen ustez madarikatuta dagoen etxea erosi. Begira, oraintxe bururatu zait beharbada nire madarikazioa eta granjarena, biak borrokan hasi, eta elkar garbitu dutela. Edozein modutara, seguru dakit ezkutatu direla biak.

        Gizonek ere barre egin zuten. T. B. Allenek zartako bat eman zion mostradore gainari.

        — Ateraldi ona izan da hori —esan zuen—. Baina nik hobea botako dizut. Beharbada zure madarikazioa eta granjarena, biak parekatu, eta gopher-txulo batera sartu dira kriskitin suge pare bat bezala. Beharbada gutxiena uste dugunean madarikazio-kume pila bat izango ditugu Belardietatik arrastaka.

        Bildutako gizonak algaraka hasi ziren hura entzutean, eta T. B. Allenek buruz ikasi zuen eszena osoa, errepikatu ahal izateko. Antzerki bateko elkarrizketa bezalakoa izan zela pentsatu zuen.

 

 

 

© John Steinbeck

© itzulpenarena: Maria Garikano

 

 

"John Steinbeck / Zeruko Belardiak" orrialde nagusia