IV.i
klaudio sartzen da.
KLAUDIO
Bada kezkagairik hasperen eta arnaslarri sakonotan;
behar duzu azalpena eman. Uler ditzagun komeni da.
Non da zure semea?
GERTRUDE
Ai, ene jauna, zer ikusi dudan gaueon!
KLAUDIO
Zer, baina, Gertrude! Zertan da Hamlet?
GERTRUDE
Eroa, itsasoa eta haizea lehian dihardukatenean legez,
nor indartsuago. Bere bidegalduenean,
zerbaiten zirkina entzunik tapizaren atzean,
ziztuan atera ezpata, eta oihu dagi «Arratoi bat, arratoia»,
eta bere buru-nahasmenean hor du hiltzen
ezkutuan zegoen agure gaixoa.
KLAUDIO
Oi izugarrikeria!
Berdin agitu zitzaigukeen guri han egokitu bagina.
Mehatxu larria da Hamleten askatasuna guztiontzat:
zerorrentzat, guretzat, ororentzat. Ene!
Nola erantzun behar zaio ekintza odoltsu honi?
Gure gainera eroriko da, gure erantzukizuna baitzen
kate motzean loturik edukitzea, gizartera gabe,
gazte zoro hori. Baina halako handia zen gure maitasuna,
ez genuen ulertu nahi izan zer zatekeen egokien,
baizik, gaixotasun satsu batek jo duen eria bezala,
jendeak zer esangoaren beldur, elikatzen utzi gaitza
biziaren muin-muineraino. Nora joan da?
GERTRUDE
Hil duen gizonaren gorputza eramatera;
zeinaren gainean —metal arruntezko mea artean
urre-zain bat bezala, arazturik ageri du hor
eromena— negar baitagi gertatu denarengatik.
KLAUDIO
Oi Gertrude, goazen!
Eguzkiak mendiak uki ditzan tenoreko,
abian dukegu igorria ontzian; eta, doilorkeria honi,
gai garen maiestate eta antze guztiaz behar diogu,
aurpegi ez ezik, desenkusa ere eman. Ei, Gildenstern!
rosenkrantz eta gildenstern sartzen dira.
Lagunok, laguntza gehiago ingura ezazue.
Hamletek, burutik eginik, Polonio hil du,
eta bere amaren gelatik du herrestan atera.
Zoazte haren bila, hitz egiozue garbi, eta eraman
gorputza kaperara. Otoi, lehia zaitezte horretara.
Badoaz rosenkrantz eta gildenstern.
Zatoz, Gertrude; bil ditzagun geure lagunik zuhurrenak,
eta jakitera eman, zer egin asmo dugun ez ezik,
ordu gaitzean zer den gertatu. Ea, goazen hemendik!
Arima daukat abailtzekotan, guztia larriz beterik.
IV.ii
hamlet sartzen da.
HAMLET
Horratx leku seguruan gorde.
ROSENKRANTZ eta GILDENSTERN (barruan)
Hamlet! Printze Hamlet!
HAMLET
Zer da zarata hori? Nor dago deiez Hamleti? Oi, hor datoz.
rosenkrantz, gildenstern eta beste
batzuk sartzen dira.
ROSENKRANTZ
Zer egin du berorrek, jauna, gorputzarekin?
HAMLET
Hautsarekin nahastu, haren ahaide baita.
ROSENKRANTZ
Esan biezagu non den, handik jaso dezagun
eta kaperara eraman.
HAMLET
Ez ezazue pentsa.
ROSENKRANTZ
Pentsa zer?
HAMLET
Zuen isilmandatuari euts diezaiokedanik
eta ez neureari. Gainera, belaki baten itaunei,
zer ihardespen eman liezaioke errege-seme batek?
ROSENKRANTZ
Belaki bat? Halakotzat al nauka, bada, berorrek?
HAMLET
Bai jauna, belaki bat, erregeren faborea xurgatzen duena,
haren sariak, haren botereak. Baina halako zerbitzariak ditu erregek baliagarrien azkenean.
Hor edukitzen ditu, nola tximino batek
aho-txokoan intxaurra, aurrena zukutu eta finean irensteko.
Han-hemen bildu duzuna behar duenean, aski du
zu estutzea, eta aurki zaude, belaki, ostera ere idor-idor.
ROSENKRANTZ
Ez diot ulertzen berorri, jauna.
HAMLET
Pozten naiz. Solas txorrotxak lo-lo belarri txoroan.
ROSENKRANTZ
Jauna, esan behar digu non den gorputza,
eta gurekin etorri erregegana.
HAMLET
Gorputza erregerekin da, baina errege ez da gorputzarekin.
Errege izaki arrunta da...
GILDENSTERN
Izaki arrunta, jauna?
HAMLET
Deus ez izaki. Eraman nazazue harengana.
Marro axeriak, ea nork harrapa.
Badoaz.
IV.iii
klaudio sartzen da.
KLAUDIO
Hamletengana igorri ditut, gorputzaren xerka.
Zeinen arriskutsu den horrela aske ibil dadin.
Ez diogu, ordea, lege gogorra bizkarreratu behar,
Kutun du, izan ere, jendetza adigabeak,
zeinak ez baitu onirizten zentzuz, begiz baizik;
eta, hala denean, errudunaren zigorra da auzi,
eta ez inola ere errua. Gauzak leun eta zelai joateko,
ber-bertatik hura erbestera igortze honek behar du
delibero burutsuaren itxura izan. Gaitz larriak
araberako sendagai larriz ohi dira oneratzen,
oneratzekotan.
rosenkrantz sartzen da.
Esan. Zer berri dugu?
ROSENKRANTZ
Gorputz hila non den gorderik, jauna,
ezin diogu atera.
KLAUDIO
Baina non da bera?
ROSENKRANTZ
Hor kanpoan, jauna, zainpean, berorren esanera.
KLAUDIO
Ekarri gure aurrera.
ROSENKRANTZ
Ei, Gildenstern, sarrarazi printzea.
hamlet eta gildenstern sartzen dira,
segizioko batzuekin.
KLAUDIO
Ea, Hamlet, non da Polonio?
HAMLET
Afaritan.
KLAUDIO
Afaritan? Non?
HAMLET
Ez berak jaten dueneko lekuan, bera jaten dutenekoan baizik.
Har aldra bat zaio, politikari azpijale antzo, batzartu.
Harra dugu, jauna, enperadore bakarra dietarentzat.
Izaki guztiak gizentzen ditugu gizen gaitzaten,
eta geure burua dugu gizentzen mamorroentzat.
Errege gizena eta eskale argala
aldian aldiko janari besterik ez dira:
bi plater, baina mahai baterako. Horraxe doa guztia.
KLAUDIO
Zer esan nahi duk horrekin?
HAMLET
Ezer ez, ez bada erakutsi nola errege batek
txango egin dezakeen eskale baten este-zakuan zehar.
KLAUDIO
Non da Polonio?
HAMLET
Zeruan. Igorri norbait xerka.
Berorren mandatariak han aurkitzen ez badu,
berorrek beza xerka beste lekuan. Hala ere,
hil honen amaierarako aurkitu ezean,
berorrek dio, galeriarako zurubian gora doalarik,
usna egingo.
KLAUDIO (segiziokoei)
Ea, zoazte hara bila.
HAMLET
Itxarongo dizue, lasai.
Badoaz segiziokoak.
KLAUDIO
Hamlet, hire ekintza horrek, heure segurtasunarengatik
—zeina hain ardura baitzaigu nola baitugu bihotzetik samin
egin duanarengatik—, behartzen naik hi erbestera igortzera
arrapalada bizian. Antola hadi, bada.
Ontzia prest duk, eta haizea aldeko;
laguntzaileak zain dauzkak, eta guztia gerturik
Ingalaterrarako.
HAMLET
Ingalaterrarako?
KLAUDIO
Bai, Hamlet.
HAMLET
Ongi.
KLAUDIO
Hala duk, gure asmoei erreparatzen badiek.
HAMLET
Kerubin bat dakusat dakuskiena. Tira, baina; Ingalaterrara!
Adio, ama laztana.
KLAUDIO
Bihotz beteko hire aita, Hamlet.
HAMLET
Ene ama. Aita eta ama senar-emazteak dira;
senar-emazteak haragi bakarra;
beraz, ene ama. Ea, Ingalaterara!
Badoa.
KLAUDIO
Jarraitu ondo-ondotik. Akuilatu bizkor ontzira.
Ez zaitezte luza. Gauerako behar du bidean.
Segi hemendik, bada zigilupean ezarria dago egiteko honen
gainerako gorabehera guztia. Otoi, leiha zaitezte.
Badoaz guztiak, klaudio izan ezik.
Eta hi, Ingalaterra, ene oniritzia ezertan badaukak
—ene ahalaren larriak iradoki diezaakeen ber,
gordin gorririk baitirau oraino hire ebakiondoak
daniar ezpataren menean, eta gogotsu baitiguk
omenezko zerga ordaintzen—, ez ahal diok
abegi hotza egingo gure errege-agindu honi,
zeinak argi eta garbi baitu xedatzen,
hartarako premiamendu-gutun zehatz-mehatzez,
heriotza emateko ber-bertan Hamleti.
Egik hala, Ingalaterra;
sukarraren amorru beraz baitit hark odola irakiten,
eta hik behar bainauk sendatu. Hori kunplitu ezean,
zoria zori, pozgarririk ez, eta bai min bihotzean.
IV.iv
fortinbras sartzen da, gudaroste batekin.
FORTINBRAS
Zoaz, kapitaina, ene partetik oles egin daniar erregeari.
Esan Fortinbrasek duela, beraren baimenarekin,
sarbide eta eskolta eskatzen, agindu bezala zeharkatzeko
bere osteekin beraren erresuma. Badakizu hitzordua.
Maiestate horrek ezer nahi izanez gero gurekin,
aurrez aurre diogu geure leialtasuna agertuko;
hala jakinaraz iezaiozu.
KAPITAINA
Berorren esanera, jauna.
FORTINBRAS
Aurrera beldurrik gabe.
Badoaz.
IV.v
gertrude eta horazio sartzen dira.
GERTRUDE
Ez dut hitz egin nahi berarekin.
HORAZIO
Teman dago neska, buru-galdua baiki.
Erruki ematekoa du, erabat, itxura.
GERTRUDE
Zer nahi du nigandik?
HORAZIO
Bere aitaz da erruz mintzo. Mundua dagoela, dio,
amarruz beterik, eta bihotza joka hor dihardu totelka;
hutsarengatik amorratzen da; ateraldi bitxiak ditu,
erdizka baino ulertzen ez direnak. Hutsa solasa,
baina hala ere jardun itxuragabe horrek entzuleak ditu
gogoetara bultzatzen. Asmatzen ahalegintzen dira,
adabakiz egokiturik beren gogamenetara hitzak,
zeinek, neskaren kliska, keinu eta imintzioak lagun,
pentsaraz bailiezaiokete bati badela hor pentsatzekorik;
deus argi eta garbirik ez, baina bai arras gaitzezkorik.
GERTRUDE
On dateke berarekin mintzatzea, horrela ereiniko haziak
asmabide arriskutsurik sorrraraz baitezake buru maltzurretan.
Esaiozu sartzeko.
horazio aterantz doa.
(bereiz) Ene arima eriarentzat, horixe baita hobena,
huskeria bat dateke aurki hondamendi handiena.
Hain da errua barru-betea goganbehar moldakaitzez,
bere burua baitu salatzen, sala dezaten beldurrez.
ofelia sartzen da, laut bat joz kantari,
ilea askaturik.
OFELIA
Non da Danimarkako maiestate ederrez betea?
GERTRUDE
Zer dugu, Ofelia?
OFELIA (kantari)
Nola bereiz maite hori
bidaztien artean?
Maskor-txanoz makuludun,
sandaliak oinean.
GERTRUDE
Ene!, dama eztia, zer da kanta horren funtsa?
OFELIA
Bai, andrea? Hara, otoi, adi:
(kantari)
Hilotzik lur hotzean, bai,
hilotzik lur hotzean;
burupean belar guri,
harria zangopean.
GERTRUDE
Tira, baina, Ofelia...
OFELIA
Otoi, adi:
(kantari)
Beztidura elur-zuri...
klaudio sartzen da.
GERTRUDE
Ene!, ikusi, jauna.
OFELIA (kantari)
lili eztiz bildua,
hilobira inork ere
isurtzeke dolua.
KLAUDIO
Zer modu, dama galant hori?
OFELIA
Ongi, Jainkoak dizula milesker! Diotenez, hontza
okin baten alaba zen. Jauna, badakigu zer garen, baina ez
zertara gaitezkeen. Jainkoa dela berorren mahaian!
KLAUDIO
Bere aitaren gaineko gogapenak.
OFELIA
Otoi ez gaitezen mintza horretaz. Aitzitik,
inork kontua zer den galdetuz gero, honela esan:
(kantari)
«San Balentin eguna bihar da eta,
goiz-goizeko txintan,
zure leihoari so han da egongo
dontzeilau irrikan.»
Galaia jaiki eta trebe da jantzi,
haren bisitako;
dontzeila zena horra desdontzeilatu
sekula santako.
KLAUDIO
Ofelia galant hori...
OFELIA
Horratx, biraorik ere gabe, amaiera emango diot:
(kantari)
Jesukristoren itun! Karitate deun!
Non da lotsa galdu!
Gizon gazteek sena, oilarrarena:
kukurruku alu!
«Egin zenidan promes —dio gaixoak—
esposa hartzeko.»
«Baita hartuko ere, eguzki lore,
ez bahintz oheko.»
KLAUDIO
Zenbat denbora da horrela dagoela?
OFELIA
Espero dut dena ongi joatea. Pazientzia behar dugu.
Baina negar baino ezin dut egin,
lur hotzean eratzan dutela gogora ekarririk.
Izango du ene nebak horren berri. Hala, bada,
milesker aholku onarengatik. Ea, ene karroza!
Gau on, andreok.
Gau on andre laztanok, gau on, gau on.
Badoa.
KLAUDIO
Jarraiki zakizkio hurbiletik. Kontu egiozu, otoi.
Badoa horazio.
Oi, samin sakonaren pozoia du hauxe; guztia
aitaren heriotzatik sortua. Oi Gertrude, Gertrude,
penak datozenean, ez datoz bakarkako bararrandari,
osteka baizik. Lehenik, beronen aita hila; hurrena,
zure semea joana, bere eskutiko lazkeriak berak
erbestarazia hemendik; populua turbustua,
larritu eta gaizkitua susmoz eta zurrumurruz,
Polonio gaixoaren heriotzaz. Eta guk inozo dugu jokatu
hura itzalgaizka ehortzirik. Ofelia gaixoa
bere kabutik eta sen onetik aterea, zeina gabe
ez baikara antzirudi edo abere huts baino;
azkenik, eta horiek bezain munta handikorik,
beraren neba, isilpean itzulia Frantziatik,
harridura horrez elikatzen da, gogoa lainope,
eta ez du falta mihi-gaizto belarri-pozoitzailerik,
bere aitaren heriotzari buruzko esamesari kirats;
non jardun beharrak, zeri helduaren eskasez,
ez baitu deus beharko gure pertsonak akusatzeko
belarririk belarrik. Oi ene Gertrude laztana, horrek,
metrailazko kanoikadak legez, lekurik askotan dit
soberazko heriotza eragiten.
Zarata barruan. mandatari bat sartzen da.
GERTRUDE
Ai ene!, zer da zarata hori.
KLAUDIO
Non dira ene suitzarrak? Zaindu dezatela atea.
Zer berri dakarzu.
MANDATARIA
Salba bedi berori, jauna.
Itsasoak, bere mugetatik gainez eginik,
ez ditu lehia oldartsuagoz jaten lautadak,
nola baititu Laertes gazteak, matxinada-uraldiz,
aurretik eramaten berorren ofizialak. Meneko zaio jendaila;
eta mundua oraintxe hasteko balego bezala,
antzinako aztura eta ekanduak atzendurik,
zeinak baitira hitz ororen berme eta euskarri,
oihu dagite: «Guk hauta! Laertes biz errege.»
Kapela, esku eta mihiak gora-goraka bizian:
«Laertes biz errege, Laertes errege».
Zarata barruan.
GERTRUDE
Zeinen gogotsu dagiten arrasto faltsuan zaunka!
Oi, bidez kontra zoazte, daniar zakur faltsuok!
KLAUDIO
Ateak hautsi dituzte.
laertes sartzen da, bere jarraitzaileekin.
LAERTES
Non da errege? —Jaunok, gera zaitezte kanpoan.
JARRAITZAILEAK
Ez, sar gaitezen.
LAERTES
Otoi, utzi niri.
JARRAITZAILEAK
Ongi da, jauna.
LAERTES
Milesker zuei. Zaindu atea.
Badoaz jarraitzaileak.
Hi, errege doilor hori,
emadak neure aita.
GERTRUDE (tartean sarturik)
Baretu jeinuok, ene Laertes.
LAERTES
Bare dagoen odol tanta bakoitzak sasiko izena dit egozten;
adardun hots egiten ene aitari; emagaldu-seinalea ezartzen
hortxe ene ama zintzoaren bekoki aratz garbiaren erdian.
KLAUDIO
Zergatik du, Laertes, hire altxamenduak
halako itxura erraldoikara hartzen?
—Jaregiozu, Gertrude. Ez izan beldur gure pertsonaren.
Halako jainkotasunak dizu hesitzen errege bat, ezen
traizioak ezin baitu begiz jo baino bere xedea,
asmoak asmo huts. —Esadak, Laertes,
zergatik hagoen hain sumindurik. —Jaregiozu, Gertrude.
—Mintza hadi.
LAERTES
Non da ene aita?
KLAUDIO
Hila.
GERTRUDE
Baina ez da bera izan.
KLAUDIO
Utziozu itauntzen gogo duen guztia.
LAERTES
Nolatan da agitu hilik? Amarrurik ez niri.
Deabruetara leialtasuna! Infernu beltzenera zinak!
Kontzientzia eta grazia leize sakonenera!
Prest nago kondenatzeko. Hain nago burubidean sendo,
ezen mundu biak ere baititut hutsesten,
datorrela datorrena; soil-solik dut behar
aitarengatik bete-beteko mendeku hartu.
KLAUDIO
Nork zaitzake geldiaraz?
LAERTES
Ahaleginean, ezta mundu guztiak ere;
eta neure baliabideak hain ditut ongi kudeatuko,
apurragatik dirateke etekintsu.
KLAUDIO
Ene Laertes,
Jakin nahi baduzu egia garbia
zeure aita laztanaren heriotzaz, zeure mendekuan
idatzirik al dago, joko-arau,
harrapaka eramatea guztia, lagun zein etsai,
irabazle zein galtzaile?
LAERTES
Haren arerioak baino ez.
KLAUDIO
Jakin nahi al duzu, hortaz, nor diren?
LAERTES
Haren lagun onei, berriz,
zabal-zabalik dizkiet eskainiko besook,
eta, pelikano bizi-emaile amultsuak legez,
neure odolaz ditut bazkatuko.
KLAUDIO
Horratx, orain zara mintzo
seme jator eta jaun gizalegetsu baten moduan.
Zure aitaren heriotzaz errugabe naizela,
eta hartaz guztiz nagoela samin-larriturik,
hain zaizu zentzumenera garbi barrenduko
nola egun argia begira.
Zarata barruan.
AHOTSAK (barruan)
Utziozue sartzen.
ofelia sartzen da, lehengo itxuran.
LAERTES
Hara, zer zarata da hori?
Oi sukar, idortu garunok! Malko zazpi bider gaziak,
erre ezazue ene begion sen eta ahala! Zerua lekuko,
hire eromenak pisu beteko ordaina din izango,
balantza gure alde itzultzeraino. Oi maiatzeko arrosa,
dontzeilatxo laztan, arreba amultsu, Ofelia eztia!
Oi zeruok, ba ote liteke neska baten zuhurtzia
agure baten bizia bezain hilkor izatea?
Fin da natura maitasunean, eta finaren finez
bere buruaren lagin preziatu bat du igortzen
maite duen izakiaren atzetik.
OFELIA (kantari)
Aurpegi-has zeramaten zerraldoan,
le lo ri lo bai le lo,
hilobia malko-euriz jarioan
Adio, usoño.
LAERTES
Heure senean bahengo, eta mendeku eske jardun,
ez luken honen hunkigarri.
OFELIA
Zuk behar duzu kantatu: «Bertan behera, bertan behera»;
eta zuk: «Bertan behera, ea». Oi, zeinen biribila leloa!
Etxezain faltsuak ostu bere nagusiaren alaba.
LAERTES
Zentzu hutsetik hara doaz hitzok.
OFELIA
Hona erromeroa, oroipenetarako. Arren, maite, oroitu.
Eta hona liliubelak, gogoetarako.
LAERTES
Eromenean ikasgai: gogoetak eta oroimena
elkarri egokituak.
OFELIA
Hona milua zuretzat, eta laufrakak. Hona erruda zuretzat;
eta pixka bat enetzat. Grazia-belarra, igandeetako izenez.
Oi, zuk bestela jantzi behar duzu erruda.
Hona bitxilore bat.
Emango nizkizuke liliubel batzuk,
baina guztiak ziren zimeldu aita hil zenean.
Diotenez, azken ona izan zuen.
(Kantari)
Loreen loreko Robin dut kutun.
LAERTES
Gogoeta eta samin, sufrikario, infernua bera,
gaixoak ditu txera eta atsegintasun bilakatzen.
OFELIA (kantari)
Ez ote da itzuliko gehiago?
Ez ote da itzuliko gehiago?
Ez, ez, hilik zatzan, ea
hoa heure hil-ohera,
ez dun hura itzuliko gehiago.
Bizarra hark elurretan elur zuri;
adatsa, oi, liho finez du zeharo.
Joan zaigu, joan zaigu,
eta kexu-min darigu.
Jainkoaren errukia hark itxaro!
Eta kristau guztiez berdin dagit otoitz. Jainkoa dela zuekin.
Badoa.
LAERTES
Ikusten al duzu hau, ene Jainkoa?
KLAUDIO
Laertes, bat egin behar dut zure saminean;
ez ukatu eskubide hori. Aitzitik, zoaz, aukeratu
zeure lagun zuhurrenetarik nahi dituzunak,
haiek dezaten entzun eta epaitu bion artekoa.
Baldin zuzenean edo zeharbidez bagaituzte
auzian nahasturik kausitzen, erresuma dizugu,
koroa, bizia eta dugun eta jabe garen guztia,
kalte-ordaintzat zerorri emango. Baina hala ez bada,
egiguzu plazer pazientziaz gu baitan fidatzeko,
eta lankidetzan dugu jardungo bi-biok,
kitapen-ordaina emateko zure arimari.
LAERTES
Bego.
Aitaren heriotzaren nolakoa, haren ehorzketaren iluna
—ez ikur, ez ezpata, ez armarririk hilobian,
ez errito noblerik, ez zeremonia formalik—
deiadarrez daude, zerutik lurrera hoska irudi,
ditzadan kontu garbiak eska.
KLAUDIO
Egoki baituzu, arauz.
Laidoa non den, beraz, han bedi aizkora eskerga jaus.
Zatoz, otoi, enekin.
Badoaz.
IV.vi
horazio sartzen da, zerbitzari batekin.
HORAZIO
Zer dira enekin hitz egin nahi duten horiek?
ZERBITZARIA
Marinelak, jauna. Zerbait gutun omen dakarte berorrentzat.
HORAZIO
Esaiek sartzeko.
Badoa zerbitzaria.
Munduko zein bazterretatik ote dezaket nik
goraintzirik jaso, ez bada Hamlet printzearengandik.
marinelak sartzen dira.
LEHEN MARINELA
Jainkoak jagon, jauna.
HORAZIO
Hark jagon hazala hi ere berdin.
LEHEN MARINELA
Bai noski, jauna, berak hala nahi badu.
Gutun bat dakargu berorrentzat,
Ingalaterrara zihoan enbaxadorearengandik.
Berorren izena Horazio bada,
jakinarazi didaten moduan.
HORAZIO (irakurriz)
«Horazio, lerrook irakurritakoan, emaiek gizonoi
erregerengana sarbide. Gutunak zakartzatek harentzat.
Bi egun egin ordukoxe itsasoan,
bapo armaturiko ontzi pirata batek atzeman gaitik.
Makalegiak izaki gure belak, adore etsiz ekin zioagu.
Elkar jotzean, han nauk oldartu haien ontzira.
Istantean ziotek haiek jaregin gureari; hala,
ni bakarrik nauk agitu haien atxilo.
Lapur errukitsu modura portatu dituk enekin.
Baina bazekitean zer ari ziren:
ordaineko zerbitzua espero ditek nigandik.
Helaraz iezazkiok erregeri hor doazen gutunok;
eta bil hadi nigana, heriorengandik hanka egingo hukeen
bezain agudo. Badiat hiri belarrira esateko kontu bat,
mutu utziko hauena; arinegiak izanik ere hitzok
gaiaren gaitzarentzat. Marinel jatorrok ekarriko haute
nagoen lekura. Rosenkrantz eta Gildenstern
Ingalaterrara bidean dituk beti ere.
Badiat haietaz hiri kontatzekorik asko.
Izan ongi.
Bihotz-bihotzez hire lagun,
Hamlet.»
Zatozte, ahalik eta bizkorren dut bideratuko
zuen mandatua, zuzenean nazazuen eraman
gutunok eskuratu dizkizuen harengana.
Badoaz.
IV.vii
klaudio eta laertes sartzen dira.
KLAUDIO
Orain zure kontzientziak behar du ene askespena zigilatu,
eta laguntzat behar nauzu kokatu zeure bihotzean;
entzun baituzu,eta belarri ernez aditu,
nola zure aita noblea hil duen horrek
niri nahi zidan kendu bizia.
LAERTES
Agerian da noski. Baina esan biezat
zergatik ez zituen berorrek auzibideratu gaizkintzok,
hain izanik krimentsu eta heriotzaz zigorgarri,
berorren segurtasunak, zuhurtziak, eta abarrek,
larriki premiatzen zutelarik berori hartara.
KLAUDIO
Bada, bi arrazoi bereziz,
zeinak zuri, ausaz, hagitz erkin baitzaizkizu begitanduko,
baina enetzat sendo baitira. Haren ama erregina
ezin bizi liteke hura gabe; eta niri dagokidanez
—onerako zein txarerako, mesede nahiz kalte—,
hain dago erregina estu loturik ene bizi eta arimari, ezen,
izarrak beren esferan baino mugitzen ez diren legez,
ezin baitut haren ondoan baino. Beste zioa, berriz
—zergatik ezin dudan jo, alegia, auzibide publikora—,
jende arruntak printzeari dion bihotzaldia duzu,
zeinak, sentipen horretan beraturik haren hutsak,
bailituzke, zura harri bihurtzen duen iturria bezala,
apain zurituko haren akatsak;
halako moldez non ene geziak,
eite arinegikoak hain haize indartsuarentzat,
ene arkura itzuli ziratekeen atzera,
nik nahi nuen xedera gabe.
LAERTES
Eta hara nola dudan nik aita noble bat galdua;
arreba bat etsi gaiztora amildua, zeinaren balioa,
atzera egiterik badago laudorioan,
guztien gailen baitzen ageri, parerik gabe mundu honetan,
bikaintasunaren gailurrean.
Baina aurki dut mendeku hartuko.
KLAUDIO
Ez galdu lorik horregatik. Ez dezazula pentsa
hain dugunik barrena kamuts eta zaingabe,
non hola-hola utz diezaiokegun inori arrisku gertuz
gure bizarretik tira egiten. Aurki duzu adituko gehiago.
Maite nuen zure aita, eta geure burua maite dugu;
eta horrek, espero dut, iradokiko dizu...
mandatari bat sartzen da.
Zer dugu? Zer berri dakarzu?
MANDATARIA
Gutunak, jauna, Hamletek igorriak.
Hau, maiestate horrentzat; hau, erreginarentzat.
KLAUDIO
Hamleten gutunak? Nork ekarriak?
MANDATARIA
Marinel batzuek, jauna, omen. Nik ez ditut ikusi.
Klaudiok dizkit eman niri. Hark jasoak dira.
KLAUDIO
Laertes, berriok behar dituzu entzun.
—Zoaz.
Badoa mandataria.
(Irakurriz)
«Gorentasun ahaltsu hori, jakiteko du
biluzgorririk nautela berorren erresumaratu.
Bihar baimena dut eskatuko,
berorren begi maiestatetsuen aitzinera agertu eta,
aurrena barkamendu erreguturik berorri,
neure itzulera tupusteko bezain ezusteko honen berri emateko.
Hamlet.»
Zer esan nahi du honek? Itzuli ote dira gainerakoak?
Ala amarruren bat da, eta ez da halakorik?
LAERTES
Idazkera ezagutzen al du berorrek?
KLAUDIO
Hamletena da garbi.
«Biluzgorririk.»
Eta honako post-scriptumean «bakarrik» dio.
Zein da zure iritzia?
LAERTES
Itsumandoka nabil, jauna. Baina utz biezaio etortzen.
Bihotzeko mindura ematzen zait pentsaturik
biziko naizela hari kararik kara esateko:
«Horra hire obra».
KLAUDIO
Hala izanez gero, Laertes
—ezen nola liteke hala? nola bestela?—,
ene esanera jarriko al zara?
LAERTES
Non eta ez nauen berorrek bakera lerrarazi nahi.
KLAUDIO
Heure bakera, Laertes. Hura itzulia bada,
bidaian bertan behera utzirik, eta ez badu asmorik
berriro abiatzeko, nik dut bideratuko
dagoeneko ongi pentsatua dudan ataka batera,
zeinaren kinkan erremediorik gabe baita eroriko;
eta haren heriotzaz ez da haizatuko erru-marmarrrik,
baizik are beraren amak du kargugabetuko egintza,
eta halabehartzat jo. Bi hilabetetsu dira
hemen izan zela Normandiako zaldun bat.
Nerau ikusia naiz frantsesik, eta aurka lehiatua,
eta hagitz dira trebe zaldizka; baina honena
sorginkeria hutsa zen. Bere zela gainean hantxe paratu,
eta hain gauza miragarriak eragin zizkion zaldiari,
non baitzirudien bat eginik zeukala gorputza, eta izatea
erdi-banaturik, abere jatorrarekin.
Hain ere ene asmamenetik harago, ezen,
neure baitan askotariko figurak irudikaturik,
labur geratzen bainintzen harenen aldean.
LAERTES
Normandiar bat, diozu?
KLAUDIO
Normandiarra, bai.
LAERTES
Bizia nuke jokatuko Lamord zela.
KLAUDIO
Huraxe bera.
LAERTES
Ongi ezagutzen dut. Bere sorterriko
bitxi ederretan ederrena da, baiki.
KLAUDIO
Zure aitorra egin zuen,
eta halako bikain zintuen goraipatu
babes-armen arte eta antzeari dagokionez,
eta ezpata-jokoan, hain zuzen, oroz gainetik,
aldarri egin baitzuen ikuskari ederra zatekeela,
tamainako areriorik bazenu. Haren hitzok
hain zuten Hamlet bekaitzez pozoitu, non
oxalaka bizian ekin baitzion bertan, ailizka
berehala itzul zintezen zu, eta bion indarrak proba.
Beraz, hortik...
LAERTES
Nolako hortik, jauna?
KLAUDIO
Laertes, maite al zenuen zeure aita?
Ala penaren margo-irudia baino ez zara,
aurpegi bihotz gabe bat?
LAERTES
Zer dela-eta galdera hori?
KLAUDIO
Ez noski pentsatzen dudalako aita maite ez zenuenik,
baizik eta, jakinik denboratik sortua dela maitasuna,
ikusia naizelako, frogabide askoren argitan,
nola duen denborak haren su eta garra moteltzen.
Itzulbidean da Hamlet. Zertarako zeundeke prest,
zeure aitaren duin zarela erakusteko ekintzetan,
hitzetan baino hobeki?
LAERTES
Hari zintzurra ebakitzeko elizan.
KLAUDIO
Ez dagokio, hain zuzen, santuariorik hilketari;
ez da mugarik mendekuarentzat. Baina, Laertes jator hori,
egingo al duzu hauxe? Zaude zeure gelatik irteteke.
Hamletek, itzulirik, jakingo du hemen zaudela ostera.
Zure bikaintasunaren aldarri batzuek, gure agindupean,
berniz bikoitza diote ezarriko frantsesak eman zizun ospeari;
biok bildu, eta trabes egingo dugu nor baino nor.
Hark, ezaxolati izaki,
bihotz-zabala guztiz, eta azpikeriaren usainik gabea,
ez ditu miatuko armak; hala, bada, modu erraza dukezu,
abilezia pixka bat aski, kamustu gabeko
ezpata bat hautatu, eta, oldarrean artez,
bertan ordainarazteko zeure aitarena.
LAERTES
Hala dut egingo.
Eta, hartarako, neure ezpata dut gantzutuko.
Ukendu bat erosia diot kaleko hitzontzi bati,
hain hilgarria, non, ganibet bat hartan bustitze hutsez,
hark odola ateratzen duen tokian ez baita txaplatarik
—ilargipean indarrik duten belar guztiez ondua izanagatik—
haren zauririk arinena ere jasaniko inor duenik
heriotzatik salbatuko. Neure ezpata-punta dut igurtziko
eden horrez, eta, nik Hamleti axala harramazkatzea aski,
heriotza duke bertan.
KLAUDIO
Astiroago hausnartzekoa da hori;
ea zer egokiera zaigun, zer, noiz eta nola,
geure asmorako komeni. Huts egin, eta horrenbestez
agerian geratzekotan gure jokoaren makurra,
hobe genuke ez saiatzea. Beraz, ordezko
beste plan bat behar dugu atzetik, hau ustel
irtengo litzaigukeen kasurako. Ea, utzi pentsatzen.
Trabes hotsandiko bat dugu egingo bion trebeziaz. Hori da.
Ariketan beroak eta egarriak jotzen zaituztenean
—hartarako, saiatu ekinaldiak bortitzago egiten—
eta hark edaria eskatzen duenean, prest dut edukiko
kaliza bat berariazkoa; hartatik hurrupada bat aski,
zortez zure ukaldi edentsuari ihes eginik ere,
gure xedea bete dadin.
gertrude sartzen da.
Zer dugu, erregina eztia?
GERTRUDE
Bata bestearen oinatzean datoz saminak,
jarrai-jarraian. Zure arreba ito da, Laertes.
LAERTES
Ito? Oi, non?
GERTRUDE
Bada sahats bat errekan gaindi zehar hazia,
bere hosto zurixkak ur-ispiluari erakuski.
Hara da hura heldu girlanda fantasiatsuz horniturik,
irribelar, asun, bitxilorez, eta orki-lili luzangoz zeinei,
artzain arruntek izen gordinagoa emanagatik,
hilotz-hatz deitzen baitiete gure dontzeila finek.
Han, zume zintzilikarietan bere loreok esekitzera
beso-zango igoa, aldaxka bat da makur hautsi;
eta hantxe da, lilizko edergailuekin bera,
erreka negartira amildu. Zabal-zabal eginik,
sirena-antzo diote lipar batez igeri eutsi arropek;
bitartean zuelarik abesten kanta zaharretarik,
bere larria sentitzeko gai ez denaren gisa, edo
jatorriz elementu hartara egokitua den
izaki bat irudi. Baina ezin luzaro iraun hala,
laster baitute bere jantziek, urez blai astun,
hango bere lelo goxotik azpiratu gaixoa
heriotza lohitsura.
LAERTES
Ene!, ito da, orduan.
GERTRUDE
Ito, bai, ito.
LAERTES
Urik sobera badun hik, Ofelia gaixoa,
eta debeku, beraz, nik negarra. Halaxe gaitun, baina,
mundura jaio; naturak bereari zion hemen eusten,
lotsaren zer esanagatik ere. Malkook joanenean,
ez gehiago emakumearenik. —Adio, jauna,
solas suzko bat daukat garretan lehertzear,
txoraldi honek iraungiko ez balu.
Badoa.
KLAUDIO
Goazen atzetik, Gertrude.
Kostatu zait galanki mutilaren sumina baretzea,
eta ez dakit honekin ez ote den ostera piztuko.
Goazen, bada, atzetik.
Badoaz.
© William Shakespeare
© itzulpenarena: Juan Garzia Garmendia