III.i
klaudio, gertrude, polonio, ofelia, rosenkrantz eta gildenstern sartzen dira.
KLAUDIO
Eta ezin al diozue solasaren zeharbidez atera
zergatik agertzen duen nahasmen hori,
hain zakar kraskatuz orain arteko patxada
asaldu eta arrisku biziko zoraldi larriz?
ROSENKRANTZ
Aitor du, bai, buru-nahasturik sentitzen dela,
baina zer dela-eta, ez digu inolaz esan nahi.
GILDENSTERN
Eta ez baita ageri hizpidean barrentzeko prest, baizik,
zoramen maltzurrez, entzungor egiten du
bere benetako egoeraren berri ematera
ekarri nahi dugunean.
GERTRUDE
Ongi hartu al zaituzte?
ROSENKRANTZ
Jaun bati dagokion adeitasun osoz.
GILDENSTERN
Hagitz beharturik, hala ere, bere aldartean.
ROSENKRANTZ
Solasbidez zeken; baina, gure galdeetara,
prest-prest erantzuteko.
GERTRUDE
Denbora-pasaren batera tentatu al duzue?
ROSENKRANTZ
Andrea, egokitu da antzezle batzuk guk
bidean aurreratzea. Haietaz hitz egin diogu,
eta pozgarri agitu zaio, inondik ere,
berria. Gortean dira jada antzezleok,
eta, ustez, agindua ere emana
arratsean printzearen aurrean aritzeko.
POLONIO
Halaxe da; eta arren eskatu dit maiestateoi erregutzeko
entzun eta ikustera bil daitezen saiora.
KLAUDIO
Bihotz-bihotzez bildu ere. Biziki pozten naiz
aldarte horretan dela jakinik.
Jaun onak, akuila ezazue oraino ere printzea,
eta bidera haren gogoa atsegin jostagarriotara.
ROSENKRANTZ
Hala egingo dugu, jauna.
Badoaz rosenkrantz eta gildenstern.
KLAUDIO
Gertrude laztana, utz gaitzazu zuk ere,
bada mandatu egin diogu Hamleti hona dadin,
hala, halabeharrez irudi, topo egin dezan
hemen Ofeliarekin.
Haren aita eta biok, legezko barrandari,
halako gisaz kokatuko gara, non, gordean ikusle,
aukera izan dezagun topaketa xuxen epaitzeko,
eta antzemateko, mutilaren portaeratik,
ea amodiozko samina duen ala ez
hala sufriarazten diona.
GERTRUDE
Zure esanera.
—Eta zuri dagokizunez, Ofelia, esperantza dut
zure xarma ederrok izatea Hamleten eroaldiaren
zorioneko kausa; eta berdin dut espero zure bertuteek
bide egokira itzularaz dezaten printzea,
zuen bion ohorearen mesedetan.
OFELIA
Andrea, hala nahi nuke.
Badoa gertrude.
POLONIO
Ofelia, hasi paseatzen hemen barrena. —Maiestate,
plazer badu berorrek,
geure kokalekura joango gara. —Liburu hau irakurri,
halako gogo-jardun itxurak apain-estal dezan
hire bakardadea. Maiz lepora dakiguken gaitz hori;
ezin ukatu, alegia, debozioaren begitartez eta
eta onbidezko ekintzaz badakigula azukre-zuritzen
deabrua bera ere.
KLAUDIO (bereiz)
Oi egiaren galanta!
Nolako zigorkada zorrotza solas horrek ene kontzientziari!
Pailarda baten musua, apaingailuzko ore finez ederreztatua,
ez zaio estaltzen duenari itsusiago, ene egintza
ene hitz guztiz margo-mozorrotuokin baino.
Oi hau zamaren astuna!
POLONIO
Entzun, hor dator. Aldara gaitezen, jauna.
Badoaz.
hamlet sartzen da.
HAMLET
Izan, ala ez izan: horra hor auzia;
ea nobleago zaigun fortuna gaitzaren
harri eta gezikadak pairatzea, ala
nahigabe-itsaso baten aurka altxaturik
aurre egin eta azkena ematea nahigabeoi?
Hiltzea, lo egitea, besterik ez; eta lo horrez
amaituko balitzaizkigu, bihotz-minarekin,
haragiari berez datxezkon mila ezbeharrak ...
bai akabera irrikagarria horixe. Hiltzea, lo egitea;
lo, ausaz amets egitea: horra hor, bai, koska;
ezen, herio-lo horretan zer amets datozkeen
bizi-lor hau gainetik ken dezagunean,
atzeragarri baitugu noski. Gogoeta horrek du
hain luzaro bizirik iraunarazten miseria.
Ezen, nork lituzke jasango munduaren ukaldiak,
zapaltzailearen makurra, harroaren destaina,
maitasun gaitzetsiaren penak, legearen geldoa,
kargudunen burgoikeria, eta baliozkoak etsi-etsian
eskasarengandik jasotzen dituen purrustadak,
berak lezakeelarik bertan kito egin kontuaz
sastakai huts batez? Nork lituzke zamok eramango,
bizi astun baten nekepean kexu-izerditan,
ez balitz heriotzaren —beraren mugatik
bidaiaririk itzultzen ez den lurralde
ikertu gabe horren— ondorengo zerbaiten ikarak
gogoa aztoratzen digulako eta hobetzat joarazten
munduko gaitzak pairatzea, ezen ez oldartzea
ezagutzen ez ditugun beste batzuetara?
Hala gaitu kontzientziak koldar bilakatzen guztiok;
eta hala du deliberoaren jatorrizko kolorea
arras gaizkitzen pentsamenduaren zantzu zurbilak,
eta hainbat egiteko funts eta munta larrikok
horren kariaz du bere oldea bestetaratzen,
eta ekintza izena galtzen... Apal dezadan, baina, ahotsa:
horra Ofelia ederra. —Ninfa, heure otoitzetan
oroit ene hoben guztiez.
OFELIA
Ene printze ona,
zer modu hainbeste egunetik hona?
HAMLET
Umilki eskerrak dizkizut; ongi, ongi, ongi.
OFELIA
Jauna, baditut berorren oroigarri zenbait,
aspalditik itzuli nahian nenbilenak.
Har bitza, bada, arren.
HAMLET
Ez, ez, nik ez. Nik ez dizut inoiz deus eman.
OFELIA
Ene jaun ohoragarria, ondo asko dakit baietz,
eta haiekin hain hats eztizko hitzak eskaini, non
balio handiagoa baitzuten. Urrina galdu baitute, tori ostera;
bihotz jatorrarentzat opariak baitira baliogabetzen
emailearen gogoa hotz-gogortzean.
Horratx, jauna.
HAMLET
Hara, hara! Zintzoa al zara?
OFELIA
Jauna!
HAMLET
Polita al zara?
OFELIA
Zer esan nahi du berorrek?
HAMLET
Bada, zintzo eta polita bazara, zure zintzotasunak
ez lukeela traturik onartu behar zure edertasunarekin.
OFELIA
Izan ote lezake edertasunak, jauna, harreman hoberik
zintzotasunarekikoa baino?
HAMLET
Bai horixe; zeren edertasunaren ahalak aiseago baitu
berezko zintzotasuna estalgile bihurtuko, ezen ez
zintzotasunaren indarrak edertasuna bere irudira
moldatu. Noizbait paradoxa zen hori, baina garaiok
egiaztatzen dute. Behiala maite zintudan.
HAMLET
Sinetsi, hala sinetsarazi zenidan, jauna.
HAMLET
Ez zenidakeen sinetsi behar. Zeren bertuteak,
gure enbor zaharrean txertaturik, ezinbestean baitakar
haren zaporea. Ez zintudan maite.
OFELIA
Engainatuago ni, orduan.
HAMLET
Hoa komentu batera.
Ala bekatari-sail baten ama nahi huke izan?
Ni hainbestean zintzoa naun, baina halaz guztiz
halako gauzez sala nezaken neure burua, non
hobe baitzatekeen sekula mundura ekarri ez banindu amak.
Hagitz harroa naun, mendekaria, handinahia;
buruan kabitu ezinik guztira gaizbideak,
haiek itxuratzeko irudimen, edo gauzatzeko asti faltaz.
Zer egiten dute ni bezalako jendeek
lurraren eta zeruaren artean narraska?
Miserable galantak, guztiok ere:
deus ez sinetsi gutako inori.
Habil, hoa komentu batera. Non da zuen aita?
OFELIA
Etxean, jauna.
HAMLET
Ongi zarratu, bada, ateak, ez dezan zoroarena egin
bere etxe barruan baino. Adio.
OFELIA
Oi, erruki bekizue, zeru laztanok!
HAMLET
Esposatzen bahaiz, izurri hau emango dinat ezkonsari:
xahu izanagatik izotzaren pare, aratz elurra bezain,
ez haiz libratuko kalumniatik. Hoa komentu batera, ea: adio. Edo, derrigor ezkondu behar badun,
zoro batekin hadi ezkon; ezen gizon zuhurrek
ondotxo zakiten nolako adardun bidutzi
bilaka ditzakezuen zuek. Komentu batera, ea, bizkor. Adio.
OFELIA
Oi zeruko ahalok, senda ezazue!
HAMLET
Bazakinat zuen pinturen berri, ondo jakin ere. Jainkoak
aurpegi bat eman, eta beste bat apailatzen duzue zerok.
Noiz brinkoka, noiz baratxe; orain zizipasaka, gero
gaitzizenak jarriz Jainkoaren sorkariei, hurrena
ezjakintasuntzat zurituz nabarmenkeria. Kito, bada;
aski nahasi zidan burua horrek. Akabo ezkontzak.
Dagoeneko ezkonduak direnak, oro bat salbu, bizi bitez;
gainerakoak, beude daudenean. Komentu batera, ea.
Badoa.
OFELIA
Oi, halako giza eredu jatorraren galbidea!
Gorte-gizonaren, soldaduaren, eskoladunaren
begi, mihi, ezpata; erresumaren gala eta loria;
dotoreziaren miraila, moldeen moldea,
begirale ororen begiragarria... hala hondatua!
Eta nik, damen artean lur-jo tristeen honek,
haren hitz gozo kantarien eztia dastatua,
hor dakusat buru argi, bikainetan bikainen hori,
ezkila finak nola, kirrinkaz soinu-garrazturik;
parerik gabeko gazte-lorearen eite eta tankera
zoraldiak hain zartarazia. Hau begion zoritxarra:
ikusia nik ikusi, eta hauxe ikusi beharra!
klaudio eta polonio sartzen dira.
KLAUDIO
Maitasuna? Ez dauzka sentipenak haren kolore;
eta solasak ere, itxuragabe samarra arren,
ez zirudien ero batena. Badu zerbait ariman,
bere malenkoniak hortxe txitatzen duenik;
eta beldur naiz oskola haustean ez ote den
zerbait arrisku izango; hura, bada, eragozteko,
honako hau dut delibero bizkorrez erabaki:
Ingalaterrara da laster bizian abiatuko,
atzeraturiko gure zergen galdean.
Agian itsas eta herbeste-aldi horrek,
ikusmira berri anitzez, uxatuko dio
bihotzean errotuxe daukan kezka hori,
atergabe ari baitzaio bertan joka garuna,
bere senetik irtenarazirik. Zer deritzozue?
POLONIO
On egingo dio. Baina oraino enekiko daukat
maitasun ukatuan duela gaitz horrek
bere jatorri eta sorburu lehena. —Zer modu, Ofelia?
ez diguzu eman behar Hamlet printzearen berri:
guztia entzun dugu. —Maiestate, berorrena da azken hitza;
baina, egoki baderitzo, antzezpenaren ondoren,
bere ama erreginak diezaiola bakarka erregutu
bere samina agertzeko. Gogor egin diezaiola;
ni, berorren baimenarekin, aldean egongo naiz
elkarrizketari adi-adi. Hark antzematen ez badio,
Ingalaterrara igorri, edo berorren zuhurtziak
ongien deritzon mugapean eman atxilo.
KLAUDIO
Egin bedi hala.
Handikien eromena guztiz zaindu beharra da.
Badoaz.
III.ii
hamlet eta bizpahiru antzezle sartzen dira.
HAMLET
Otoi, ene ahotik entzun duan bezala eman solasa,
arin ebakiz hitzak. Buila atera behar baduk, berriz,
gurean antzezle askok legez,
aldarrikariari esanaraztea neukan neure bertsook.
Eta ez ibili aldiro airea eskuekin mozten, honela,
baizik emeki jardun guztian; zeren,
sentimentuaren jasa, ekaitz eta, xuxen niokeenez,
zirimolaren erdi-erdian, hik behar baituk
baretasun neurrizko bat beti ere gorde, hura goxatzeko.
Oi, guztiz gogo-mingarri zaidak atzematea
nola morrosko ileordedun nabarmen batek
jo eta txiki-txiki egina uzten duen pasarte zirraragarri bat,
belarriak zartatuz beheko mailakoei; ez baitute atzematen,
gehienek, tankeragabeko imintzio xelebreak
eta zarata besterik. Azotera emango nikek nik halakoa,
Termagant-en papera puztegatik:
Herodes herodesegitzea beste lukek hori.
Otoi, halakorik ez.
LEHEN ANTZEZLEA
Ene hitza du berorrek, jauna.
HAMLET
Otzanegi ere ez jardun, baizik heure sen onari fida.
Egokitu ekintza hitzari, hitza ekintzari,
beti ere zorrotz harturik neurri eta mugatzat
naturaren begiramena. Ezen halako gehiegikeria oro
antzerkiaren jomugatik at zagok; bada, haren xedea,
hastapenean bezala orain ere, beti izan duk,
eta duk, noski, ispilua jartzea naturaren aurrean,
bere begitartea erakutsiz bertuteari,
makurtasunari berea, eta garaian garaiko
mundu bakoitzari bere irudi petoa. Hala, bada,
neurriz hara jo zein motz geratuz gero,
barrea eraginagatik ezjakinari,
atsekabe baino ezin ziok eman horrek
burujantziari; eta halako bakar baten iritzia
behar duk munta handiagokotzat eduki,
antzerki bete bestelako jenderena baino.
Ikusia nauk, bai, zenbait antzezle, eta beste batzuk
famatzen entzun, are zeruarekin parekatzeraino,
ez kristauaren mintzamoldea, eta ez kristau, pagano
nahiz bestelako gizonen ibilera ageri gabe, halako
arrandiaz eta marrumaz jarduten, non pentsatu baitut
naturaren alogereko beharginen batzuek
eginak ote zituzten jendeak, eta ondo asmatu ez,
hain dorpeki baitzuten antzeratu gizakia.
LEHEN ANTZEZLEA
Ustez hainbestean hartua diogu tamaina horri, jauna.
HAMLET
Erabat ere har iezaiozue, bada. Eta ez utz
xelebrearena jokatzen dutenei
berentzat idatzirik dagoena besterik esaten;
bada-eta halakorik, bere gisa barrez hasten denik,
barre eragiteko zenbaitsu ikusle lelori noski, nahiz
bitartean zerbait erabakigarria egon jokoan
taula gainean. Bilaukeria duk hori, eta guztiz itsusia
hala zoroaren paperean diharduenearen aldetik.
Ea, presta zaitezte.
Badoaz antzezleak.
polonio, rosenkrantz eta gildenstern sartzen dira.
Zer dugu, jauna? Etorriko al da errege antzerkira?
POLONIO
Baita erregina ere, bere-berehala.
HAMLET
Ea, bizkor ibiltzeko esan antzezleei.
Badoa polonio.
Lagunduko al diozue biok antzezleekin?
ROSENKRANTZ eta GILDENSTERN
Bai, jauna, bagoaz.
Badoaz.
horazio sartzen da.
HAMLET
Hara, Horazio!
HORAZIO
Hona, jauna, berorren zerbitzura.
HAMLET
Horazio, egundo tratatzea egokitu zaidan
gizonik egokienen eredutzat haukat.
HORAZIO
Oi, ene jaun laztana...
HAMLET
Ez pentsa, ez, zurikerian dihardudanik;
ezen zer onura espero behar dut nik higandik,
ez baituk heure aldarte eta ganora baino
heure burua mantendu eta jazteko? Zertan balakatu txiroa?
Ez, mihi eztitsuak beza arrandia zozoa milika
eta belaunaren erro prest-prestak makurraraz
losintxaren etekinera. Aditzen al didak?
Ene arima laztana bere hautuaren jabe zeno
eta gizonen artean bereizteko gai, hi hau
beretzat kutun aukeratu. Bada hi izan haiz harako
guztia jasanik deus jasaten ez duen haren gisako,
fortunaren zaflada eta sariak baitakik
esker berdinez hartzen; eta benedikatuak dituk
odola eta zentzua hain ederki egokituak dituztenak,
ez baitira fortunaren eskuko txirula halako,
hark zer nota joko.
Emadak grinen esklabo ez den halako gizona,
eta bihotz barrenenean eramago diat nik hura,
bihotzaren bihotzean,
hi haramadan bezala. Aski, baina, halako konturik.
Antzezpen bat baduk arratseon erregeren aurrean.
Eszena baten nondik norakoa hurbil zabilek
neure aitaren heriotzaz kontatu diadanetik.
Otoi, pasarte horretara iristean, hire arima gai den
arreta eta ardurarik handienaz so egiok
ene osabari. Hala, haren erru ezkutua
ez badator agerira behingo solasean,
parte txarrekoa zuan ikusi dugun mamua,
eta ene irudipenak, berriz, hain satsuak
nola Vulkanoren sutegia. Zorrotz ohar hakio;
nik begiak josiak izango ditiat haren aurpegian;
eta, ondoren, bion aburuak elkarturik diagu
zer begitandu zaigun ebatziko.
HORAZIO
Ongi da, jauna.
Ezer itzuriz gero harenik antzezaldiak diraueno,
eta ez ohartuan pasatu, ni naizateke ihes horren zordun.
HAMLET
Bazatozak antzezaldira. Ergelarena egin behar diat.
Bila ezak leku bat.
Danimarkar martxa bat. Turuta-hotsa. klaudio, gertrude, polonio, ofelia, rosenkrantz, gildenstern eta segizioko beste batzuk sartzen dira, Errege-Guardia zuziak eskuetan.
KLAUDIO
Bapo al da gure kusu Hamlet?
HAMLET
Horixe bapo, kameleoiak bezalaxe. Airea dut elikagai, promesaz barru-betea. Kapoirik ere ezin
hain ondo mantendu.
KLAUDIO
Hori ateraldia, Hamlet. Ez zen hori ene hizpidea.
HAMLET
Ezta enea ere jada.
(poloniori) Jauna, zu antzezle ibilia zaitugu
unibertsitate-garaian, ezta?
POLONIO
Bai, jauna, eta aktore onaren sona nuen.
HAMLET
Eta zer paper jokatu zenuen, bada?
POLONIO
Julio Zesarrena. Kapitolioan hil ninduten.
Bruto izan nuen hiltzaile.
HAMLET
Basati galanta Bruto hori,
halako zekorra akabatzeko kapitalean.
—Prest al dira antzezleak?
ROSENKRANTZ
Bai, jauna, berorren begira daude hasteko.
GERTRUDE
Erdu hona, Hamlet nirea; eseri ene ondoan.
HAMLET
Ez, ama nirea, (ofelia seinalatuz) bada hemen
metal erakargarriagorik.
POLONIO (KLAUDIOri)
Hara! Ikusten?
HAMLET
Andrea, etzan al naiteke zure magalean?
OFELIA
Ez, jauna.
HAMLET
Alegia, burua atsedendu zure magalean.
OFELIA
Bai, jauna.
HAMLET
Uste duzu zeharresan gordinen bat bazela tartean?
OFELIA
Nik ez dut deus uste, jauna.
HAMLET
Ez da burutazio itsusia dontzeilen belaun artean etzatea.
OFELIA
Zer horrela, jauna?
HAMLET
Deus ez, hutsaren huts.
OFELIA
Jostagura dabil, gero, berori.
HAMLET
Nor, ni?
OFELIA
Bai, jauna.
HAMLET
Oi ene, ez duzu aurkituko narritari hoberik!
Zer egin lezake batek besterik,
jostagura ibili baino? Ezen
begira zeinen pozik ageri den ene ama,
eta bi ordu ere ez dira ene aita hil dela.
OFELIA
Ez, jauna: badira birritan bi hilabete.
HAMLET
Horrenbeste? Utikan, bada: deabruarentzat ikatz-doluok,
eta marta-larru dotorez jantz nadin ni. Jainko zerukoak,
bi hilabete jada hil zela, eta oraindik ez ahantzia!
Orduan bada esperantza gizon handi baten oroipenak
urte erdi irauteko, hura zendu eta. Baina, andremariarren,
elizak behar dizkizu eraiki, edo bestela ahanztura jasan,
harako dantzako xaldikoarekin batera,
zeinaren hilartitza baita:
«Oi, ai, guztion damua: xaldiko gaixoa atzendua».
Oboe-hotsa. Pantomima hasten da.
Errege-erregina batzuk sartzen dira, xamurki besarkatuz elkar. Erreginak, belaunikatu, eta maite-erakutsiak egiten dizkio erregeari. Hark, erregina zutitarazi, eta bere burua haren sorbaldan atsedeten du. Lore-sail baten gainean etzaten da. Erreginak, hura lotan ikusirik, alde egiten du. Betan gizaseme bat agertzen da; erregeari erantzi, eta muin egiten dio koroari; pozoia isuri haren belarrian, eta badoa. Erregina itzultzen da; erregea hilik aurkitu, eta samin-espantuka hasten da. Pozoitzailea, bizpahiru lagun isilekin, berriro sartu, eta deitore-itxurak eginez biltzen zaio erreginari. Badaramate hilotza. Pozoitzaileak opariz gogatu nahi du erregina. Muker eta uzkur ageri da hura pixka batean, baina azkenean onartzen du maitasun-eskaintza.
Badoaz.
OFELIA
Zer da horren esanahia, jauna?
HAMLET
Azpijoko itzala noski. Alegia, gaitzaldi zitala.
OFELIA
Apika hortxe bildu dute antzerkiaren argumentua.
aitzinsolas-antzezlea sartzen da.
HAMLET
Horren ahotik jakingo dugu.
Antzezleek ez dakite deus isilean gordetzen;
dena kontatzen dute.
OFELIA
Horrek esango al digu zer zen aurreko erakusaldia?
HAMLET
Baita edozein erakusaldi ere erakusbidean jartzen diozuna.
Zu lotsatzen ez bazara berari erakusten, bera ez da lotsatuko
zuri ematen erakutsiaren berri.
OFELIA
Gaiztoa, ez bestelako gaiztoa.
Antzerkiari diot jaramon egingo.
AITZINSOLAS-ANTZEZLEA
Egin guri eta obrari
zuen gupidaren donari;
otoi, pazientziaz adi.
HAMLET
Aitzinsolasa al da hori, ala eraztun baten idazkuna?
OFELIA
Laburra izan da, jauna.
HAMLET
Emakumearen maitasuna bezala.
errege-antzezlea eta erregina-antzezlea
sartzen dira.
ERREGE ANTZEZLEA
Hogeita hamar aldiz die Febok bere organ itzulia egin
Neptunoren kresaltza zabalari eta Telus-en bolari berdin;
hogeita hamar dozena ilargik zintzo dute, dirdai mailegatuz,
argiztatu mundua hamabitan hogeita hamar gau lerrokatuz,
maitasunak bihotz gureak, eta Himeneok orobat eskuak,
elkar-estekatu zituenetik, ezarriz hain lotura dontsuak.
ERREGINA ANTZEZLEA
Hainbat bidaia diezagutela zeru-ilargi onok oraindik
kontatzen utz ostera ere guri, maitasuna amaitu aurretik.
Baina, ai ene tamala, hain zauzkat, maite, ondoezik aspaldian,
hain ere adorerik gabe eta lehengo jasetik erorian,
ezen kezkatan bainaukazu, horra. Alta, ardurok gora-behera,
ez duzu, jauna, apurrenik ere, zertan jausirik nahigabera;
emakumeon beldur-maitasunak, biak hein-heinean baitabiltza:
edo bietatik hutsean, edo gainezkatu beharrez bizitza.
Zer maitasun dizudan, ongi dizut milatan frogatua jadanik;
hala, bada, maitasuna nolako, halako dut beldurra orain nik.
ERREGE ANTZEZLEA
Alafede, maite, behar haut utzi, eta luze gaberik, gainera;
ene bizi-ahalak ez baitaude ohi bezain prest erantzutera.
Eta hi beti ere munduan haiz berdin biziko ene ondotik,
ohoratua, maitatua; eta, zoriz, beste norbait gogokorik
senartzat duken noizbait beharbada...
ERREGINA ANTZEZLEA
Aski, aski, ez esan guztia!
Halako maitasuna bainuke nik zin-hauste eta saldukeria.
Bigarren senarrak bekar enetzat madarikazio nabarmena:
ez da bigarrena hartzen duenik, non ez duen berak hil lehena.
HAMLET
Asentsio-belarra, asentsio-belarra.
ERREGINA ANTZEZLEA
Bigarren ezkontzaren bultzagarri agitzen diren burubideak
interesari dagozkio, doilor; ez du parterik maitatzarreak.
Bigarren aldiz duket nik herioz neure senarra hilko, hain justu,
bigarren senarrak emanez gero gu bion ohean niri musu.
ERREGE ANTZEZLEA
Sinesten dut zintzo diostazula orain esaten ari zarena;
baina sarri askotan dugu hausten geure delibero zindo zena.
Oroimenaren esklaboa baino ez da bere izatez asmoa,
oldarrean sortua, guztiz bortitz, baina irautez eskasagoa;
eta fruitu umotu gabe gisa datxeko oraingoz arbolari,
baina inarrosi gabe da jausten behin sasoia heldurik hari.
Halatan, bada, guztiz ere dugu denok ahanztea beharrezko,
geure buruari diogun zorra xuxen den ordainaz kitatzeko.
Zer ere geure baitarako dugun bero-berotan deliberatzen,
berotasun hori galdu ahala, asmoa ere berdin da galtzen.
Saminaren zein bozkarioaren, bi-bien indar-olde bortitzak
sentimenduokin batera ditu suntsitzen bihotzeko zin-hitzak.
Non baita handien bozkarioa, hantxe dugu samina kexuen;
saminez bozkario, bozkarioz samin, gurpila gure egunen.
Mundu hau ez dugu noski betiko, eta ez da harritzeko, beraz,
are gure maitasunok aldiro iraulkatzea gure zorteaz;
ezen guk erabaki beharreko auzia da, asmakizun gaitza,
maitasunak duen, ala zorteak, hartzen bestearen gidaritza.
Lur jo duen handikia, horra hor, kutunenek ere ezezagun;
gora egin duen ezdeusak, berriz, etsaiak ditu bihurtzen lagun.
Eta halatan, beraz, maitasuna duzu zortearen manupeko,
ezen beharrik ez duenak ez du inoiz adiskiderik faltako,
eta premia gorrian dezanak jo adiskide hutsalagana,
zuzenean du hargan zorituko bere etsaia datekeena.
Baina, abiaburura itzuliz amaitzeko, solas xuxenean,
gogoa eta patua hain doaz guztiz kontrako norabidean,
ezen gure burubideak oro laster baitoaz plausta lurrera:
asmoak ditugu geure baitako, ez geure esku haiek zertara.
Halatan, bada, biz hire asmoa ez hartzea bigarren senarrik:
berdin hilik zagoken asmo hori, lehen hauxe gorpu datzalarik.
ERREGINA ANTZEZLEA
Ez biezat lurrak eman janari, ez eta zeruak ere argi;
jolasa debeka egunak, eta gauak atsedena bihur larri;
ezbehar latzak, bozkarioaren aurpegia mudatzen trebeak,
betoz talka gogorrez suntsitzera ene zorionaren labeak;
mundu honetan bezala bestean, laztura gogorra bekit jazar,
baldin eta, behin alargundurik, sekula senarrik baneza har.
HAMLET
Zina hauts baleza oraintxe!
ERREGE ANTZEZLEA
Horra sakonki egin zin. Uztazu, laztana, apur bat atsedeten.
Nekea ari baitzait nagusitzen, hemen nahi nuke doi bat eten
egunaren astuna loarekin.
Lotan geratzen da.
ERREGINA ANTZEZLEA
Loak zaitzala goxo sehaska,
eta sekula ez ditzala ezerk zorioneko loturok aska.
HAMLET
Andrea, laket al zaio berorri antzezlana?
GERTRUDE
Maite-erakutsi gehitxo egiten du damak, aukeran.
HAMLET
Oi, baina bere hitzari eutsiko dio.
KLAUDIO
Ezagutzen al duzu argumentua? Ez da, bada, izango
behar ez denen bat tartean?
HAMLET
Ez, ez. Itxura baino ez dute egiten; pozoitzearen itxura.
Behar ez denik ez da batere.
KLAUDIO
Nola dizu izena antzezlanak?
HAMLET
«Sagu-artea». Nola litekeen? Irudizko hitzen artez.
Vienan gertaturiko hilketa baten antzezpena duzu.
Gonzago du izena dukeak: haren emazteak, Baptista.
Aurki ikusiko du berorrek. Doilorkeria hutsa,
baina guri zer?
Berori, eta arima garbi daukagunok,
ez gaitu horrek ukitzen.
Zafraturiko kabalak jo beza ostiko,
guk salbu dugu-eta bizkarra.
luziano antzezlea sartzen da.
Hau Luziano dugu, erregearen iloba.
OFELIA
Ederki egiten du berorrek koruarena, jauna.
HAMLET
Zure maitearen eta bion arteko solasa zertu nezake,
txotxongiloak zer dabiltzan ikusiz gero.
OFELIA
Zorrotz ari da berori, jauna, zorrotz.
HAMLET
Garrasi bat kostatuko litzaizuke ene zorrotza kamustea.
OFELIA
Onenean okerren.
HAMLET
Halaxe dituzue zuek huts-esten senarrak. —Ekin, hiltzaile.
Utikan negargarrizko imintziook, eta ekin. Ea:
«Bele karrankariak mendeku-aldarri».
LUZIANO ANTZEZLEA
Gogo beltz, esku abil, pozoia prest; egokiera ere aldeko;
hartarako aproposa ordua; inor ez zelata egiteko:
hi, edabe ustel, gauerdi-belar anitz nahasturik osatua,
Hekatek hiru araoz zitaldu, madarikazioz kutsatua,
hire magia berezkoak, hire indar eta eragin larriak,
biezaio biziari bet-betan betiko itxiaraz begiak.
Pozoia isurtzen du errege antzezlearen belarrian.
HAMLET
Jardinean horra pozoitu erregea, haren lekua hartzeko.
Gonzago deritzo. Guganaino iritsi da historia,
italiera bikainez idatzia. Aurki agertuko da nola hiltzaileak
Gonzagoren emaztearen maitasuna bereganatzen duen.
OFELIA
Errege zutitzen ari da.
HAMLET
Zer, su aizunez ikaratua?
GERTRUDE
Zer dugu, ene jauna?
POLONIO
Gelditu antzezpena.
KLAUDIO
Eman argiren bat. Alde!
SEGIZIOKOAK
Argiak, argiak, argiak!
Badoaz guztiak, hamlet eta horazio izan ezik.
HAMLET
Orein zaurituak negar intziri,
orkatz ukigabeak jolas;
zenbaitek loaldi, zenbait beilari:
hala mundu hau jira-biraz.
Ez al nuke aski hauxe, eta luma-oihan bat soinean
—gainerakoan zoriak itzuli gaizto emanez gero—
eta Probentzako arrosa bi zapata kalatuetan,
bazkidetza bat lortzeko antzezle-talde batean?
HORAZIO
Partaidetza erdia.
HAMLET
Baita osoa ere.
Ezen badakizu, oi Damon laztana,
tronua ostu ziotela
Jupiterri, eta errege duguna
guztiz dela, guztiz... kukuts.
HORAZIO
Errimatzea zeukan berorrek.
HAMLET
Oi, ene Horazio, mila libera mamuaren hitza
zuzena izan baietz. Ohartu al haiz?
HORAZIO
Oso ongi, jauna.
HAMLET
Pozoitzearen kontua atera denean?
HORAZIO
Oso ongi erreparatu diot.
rosenkrantz eta gildenstern sartzen dira.
Horratx! Ea, musika. Ea, txirulak.
Ezen ez badu laket erregek antzeztu den komedia,
ez duela, ez, laket, horra hor begi-bistara egia.
Ea, musika.
GILDENSTERN
Ene jauna, utz biezat kontu bat esaten berorri.
HAMLET
Baita kondaira oso bat ere.
GILDENSTERN
Errege, jauna...
HAMLET
Bai, zer berri harenik?
GILDENSTERN
Ondoez harrigarriak jorik da erretiratu.
HAMLET
Zurrutak gaitz eginik?
GILDENSTERN
Ez, jauna, kolerak joa.
HAMLET
Askoz zuhurtzia hobea erakutsi zenukeen baldin
beraren medikuari adierazi bazenio; zeren, ni egonez gero
haren purgazioen kargu, kolera handiagoa bainioke
apika eragingo.
GILDENSTERN
Ene jauna, hizpide xuxenera lotu bedi berori,
eta ez halako betizu joan ihesi hona nakarren gaitik.
HAMLET
Hezia nauzu jada, hona. Esan esatekoa.
GILDENSTERN
Berorren ama erreginak, gogo-samin guztiz larrian,
berorrengana nau igorri.
HAMLET
Ongi etorri.
GILDENSTERN
Ez, ene jauna, adeitasun hori ez da gizalege onekoa.
Plazer badu berorrek zentzuzko erantzun bat ematea,
berorren amaren manua beteko dut. Bestela,
berorren baimenarekin,
horrenbestez amaitzen da ene egitekoa.
HAMLET
Ezin dizut, hara.
GILDENSTERN
Zer, baina, jauna?
HAMLET
Zentzuzko erantzunik eman zuri; nahasia daukat burua.
Baina, hara, eman ditzakedan erantzunak
zeure manura dituzu, edo eta, diozun legez,
ene amarenera. Kito, bada, halako konturik,
eta harira. Ene amak, diozu...
ROSENKRANTZ
Hona hark zer dioen, bada: berorren portaerak
harri eta zur eginik utzi du.
HAMLET
Mirarizko semea, bere ama hala txundi dezakeena!
Baina ama-harridura horrek ez al dakar atzetik
segidarik berekin? Bota.
ROSENKRANTZ
Nahi luke berorrekin mintzatu bere gelan, berori ohera aurretik.
HAMLET
Men egingo zioagu, bada, baita hamar aldiz balitz ere
gure ama. Baduk besterik gurekin tratatzekorik?
ROSENKRANTZ
Jauna, kutun ninduen berorrek behiala.
HAMLET
Baita orain ere, atzamar pekatariongatik zin.
ROSENKRANTZ
Ene jauna, zer da berorren gaizgarria?
Bere askatasunari atea ixten tematzen da berori,
lagunari penak ezkutaturik.
HAMLET
Aurrerabidea falta dut, hara.
ROSENKRANTZ
Nola liteke, Erregeren beraren boza baitu berorrek
Danimarkako tronu-oinordekotzarako?
HAMLET
Bai, baina «belarra hazi artean...».
Zaharkitua zagok esaera, lizunduxe.
Txirulari bat sartzen da.
Horra txirula! Ea, ikusagun.
(rosenkrantz eta gildensterni, bereiz harturik.)
Gure artean: zergatik zabilzkidate arrastoan inguruz inguru,
arte-sare batera eraman nahian bezala?
GILDENSTERN
Oi, ene jauna, bipilegia bada ene arta,
berorri diodan maitasunak nau gisa denetik hara behartzen.
HAMLET
Ez diat ongi ulertzen hori. Jo nahi al duk flauta hau?
GILDENSTERN
Jauna, ez dakit jotzen.
HAMLET
Arren, jo ezak.
GILDENSTERN
Sinetsi, jauna, ez dakit.
HAMLET
Otoi jotzeko eskatzen diat
GILDENSTERN
Arrastorik ere ez dut horrenik, jauna.
HAMLET
Gezurra esaten bezain erraza duk.
Atzamarrekin gobernatu zuloak, putz egin ahoarekin,
eta musika-soinurik ederrena ateratzen hasiko duk.
Ikusi, honako hauek dituk giltzak.
GILDENSTERN
Ezin diet nik, ordea, inolako doinu harmoniazkorik eragin.
Ez dut hartarako antzerik.
HAMLET
Hara, bada, nolako gauza ezdeustzat naukaan. Nahi duk
soinua jo nigan; giltzak non ditudan badakik, antza;
barne-barnerainoko notak atera nahi dizkidak;
beherenetik hasi eta gorenerainoko guztiak joarazi;
eta, musikaz beterik egonik, ahots bikainez, txirulatxo hau,
ez dakik hala ere mintzarazten. Arranea, eta uste duk
errazago naizela ni jotzeko, flauta hau baino?
Nahi duan musika-tresnatzat har nazak, hara:
igurtziak igurtzi, ez duk lortuko nigan soinua jotzerik.
polonio sartzen da.
Jainkoak bedeinka zaitzala.
POLONIO
Ene jauna, erreginak berorrekin hitz egin nahi luke,
oraintxe bertan.
HAMLET
Ikusten horrako gamelu itxurako hodei hori?
POLONIO
Ala meza!, gamelu bat peto-peto.
HAMLET
Erbinude bat ez ote dirudi?
POLONIO
Harexena du bizkarra.
HAMLET
Edo eta balea bat?
POLONIO
Balea bat bete-betean.
HAMLET
Orduan berehalaxe joango naiz amarengana.
(bereiz) Neure senetik ateratzen naute.
—Berehalaxe noa.
POLONIO
Hala esango diot.
Badoa polonio.
HAMLET
Aise esaten da «berehalaxe».
—Utz nazazue, lagunok.
Badoaz guztiak, hamlet izan ezik.
Hona xuxen heldua gauaren sorgin-ordua, noiz hilerriek
ahoak baitituzte zabaltzen, eta infernuak berak mundu hau
bere arnasaz kirasten. Odol beroa edan nezake oraintxe,
eta halako ankerkeriak egin, non eguna ikaran
jarriko bailitzateke so egitean. Et-et-et; segi amagana.
Oi, bihotz, hago heurean. Ez dadila sar
Neron haren arima bular zindo honen barnean.
Izan nadin krudel, ez naturaz besteko.
Mintza nadin sastakai, baina ekintzetara gabe.
Mihia eta arima hipokritak bira horretan:
zernahi ere jalgi dakidan amaren aurka ahotik,
hitzoi arimak ez biezaio eman bere onespenik.
III.iii
klaudio, rosenkrantz eta gildenstern sartzen dira.
KLAUDIO
Ez dut begi onez ikusten;
eta gure segurtasunaren kaltean da
zoramen horri hedabide zabala uztea. Presta zaitezte, beraz.
Ber-bertatik dut zuen xede-agindua apailatuko,
eta Ingalaterrara bidean jarriko da printzea zuekin.
Gure erregetza honek ez dezake onik jasan
haren zoraldietatik aldiro sortzen den bezain
arrisku galgarririk.
GILDENSTERN
Aurki gaude gerturik.
Zeruaren begiko kezka sagaratua da
berorren maiestatearen eskutik bizi eta elikatzen diren
mila eta milaka sujeten segurtasuna bermatzea.
ROSENKRANTZ
Bakoitzaren bizi bakar berezia beharturik dago
buru-bihotzen indar eta arma guztiekin
kaltetik begiratzera; baina askoz areago
beraren ongi izatea anitzen biziek euskarri duten
izpirituaren kasuan. Errege-zentzea
ez da bakarraren heriotza,
baizik zirimola batek bezala darama berekin
inguruko guztia. Gurpil eskerga bat da,
mendirik garaienaren gailurrean finkatua,
zeinaren izpi erraldoiei hamar mila atal apurrago
baitaude ahokatu eta atxikirik; hala, hark lur jotzean,
eranskin koxkor, luzagarri pitin bakoitza
atzetik doa ausiabartzan. Ez du erregek bakarrik
sekula ere egin hasperen, ororen intziriz baizik.
KLAUDIO
Lista zaitezte, otoi, bidaia presatsu horretarako;
ezen girgiluak nahi dizkiogu ezarri
orain oin-askeegi dabilen izugarri horri.
ROSENKRANTZ eta GILDENSTERN
Lehiatuko gara.
Badoaz.
polonio sartzen da.
POLONIO
Jauna, bere amaren gelara da abian.
Tapizen atzean naiz ostenduko, elkarrizketari adi.
Ziur naiz ahakar gorria emango diola.
Eta, berorrek esan duen legez, zuhurki esan ere,
komeni da ama batek baino, izatez baitira
amak partzialak, jende gehiagok entzutea
ezkutuan solasaldia. Ongi izan, ene nagusi.
Berori ohera aurretik joango natzaizu
dakidanaren berri ematera.
KLAUDIO
Milesker, ene jaun preziatua.
Badoa polonio.
Oi, ene hobenaren ustela, zerurainoko kirats!
Lehendaniko madarikazioa du, zaharrena, berekin:
anaiaren hilketa. Otoitzik ezin dagit.
Jaidura izanik ere gogoa bezain zorrotz,
ene erru sendoagoak du garaitzen ene asmo sendoa,
eta, bi egitekori loturiko gizona bezala,
pentsatzen geratzen naiz aurrenik nondik hasi,
eta biak egiteke uzten. Eta, esku madarikatu hau
berez den baino lodiago balego ere anaiaren odolez,
ez al da euririk aski zeru eztietan
elurra bezain zuri garbitzeko? Zertarako da errukia,
ez bada hobenari aurrez aurre so egiteko?
Eta zer dago otoitzean, ez bada indar bikoitz hori,
gaizbidera orduko guri hura eragozteko,
edo hartan eroriz gero barkatzeko?
Gora, bada, begi-bihotzok.
Egina egin... baina, oi, zer-nolako otoitza dakidake
baliagarri niri? «Barka ene hilketa satsua»?
Ezin halakorik, oraino neure ondare baititut,
hilketa egiteko zio eta jomuga nituenak:
koroa, neure handinahia eta erregina.
Barkamenik ba ote du batek hobenaren etekina itzuli gabe?
Mundu honetako ustelkeria arruntean,
hobenaren esku urreztatuak justizia dezake aldara;
eta maiz ikusi ohi da gaizkintza-sariak berak
erosten duela legea. Baina ez da hala hor goian.
Hor ez da iruzurrik, hor egintza da ageri
benetako bere izatean, eta beharturik gaude,
geure huts gorrien aurrez aurre jarririk gogor,
haien testigantza ematera. Zer, geratzen da, bada?
Damuak dezakeena saiatu. Eta zer ez dezake?
Baina zer dezake damutzerik ez dagoenean?
Oi ene galduaren latza! Oi bular heriotza lako beltz!
Oi arima likatua, xederatik askatzeko borrokan
katigatuagoa! Lagundu, aingeruak! Ahalegindu.
Makurtu, belaun zurrunok; eta hi,
altzairuzko hari dun bihotz,
jaio berri baten zainen pare leundu.
Agian onera litezke gauzak.
Belaunikatzen da.
hamlet sartzen da.
HAMLET
Oraintxe dut aukerako abagunea: errezatzen ari da.
Ekin diezaiodan, bada, bertan.
Ezpata ateratzen du.
eta hala zerura doake;
eta hala mendekaturik nagoke ni. Ausnartzekoa da kontua.
Doilor batek ene aita hiltzen du; eta horren truke
nik, haren seme bakarrak, doilor horixe dut zerura igortzen.
Oi, aloger eta sari da hori, ez mendeku.
Berak gordinki zuen jo ene aita, ase betean,
haren gaizkintzen loraldian, maiatz mardul jorian;
eta haren kontu-epaia nork daki salbu zeruak?
Baina gure ikuspegi eta irizpideen arabera
astuna du zama. Eta mendekaturik ote nago, hortaz,
bere arima purgatzen ari delarik jorik nik hau,
bidaldi gaitzerako prest eta gertu dagoen honetan? Ez.
Ut, ezpata; xerka ezak tertzio latzagoren bat.
Mozkorrik lo zurrun datzala, edo amorruak harturik,
edo bere oheko atsegin intzestuzkoan,
jokoan biraoka, edo halako egintza
salbazio-arrastorik ere ez dukeen batean...
Orduan ezak orpoz gora bota,
jo dezan zeruaren aurka ostiko,
eta haren arima agi dadin hain infernuzko beltz
nola leizea, nora baitoa. Ama zain daukat oraino.
Sendabide hau, hire gaitzaren, ez duk luzagarri baino.
Badoa.
KLAUDIO (altxatuz)
Hitzak airera, pentsamenduak zaizkit lurrean geratzen.
Pentsamendurik gabeko hitza alferrik da zeruratzen.
III.iv
gertrude eta polonio sartzen dira.
POLONIO
Berehala datorke. Ahakar gorria eman biezaio berorrek.
Esan biezaio urrunegi joan dela bere neurrigabekerietan,
eta berorren graziak babestu duela oraino, erdian jarririk,
haserre berotik. Isil nadin bertan.
Otoi, argi eta garbi mintzatu mutilari.
HAMLET (barruan)
Ama, ama, ama!
GERTRUDE
Zaude ziur. Ez izan ene kezkarik.
Aldara zaitez; hor dator eta.
polonio tapizaren atzean ezkutatzen da.
hamlet sartzen da.
HAMLET
Hona hemen, ama; zer dugu?
GERTRUDE
Hamlet, gogor iraindu duk heure aita.
HAMLET
Ama, gogor iraindu duzu neure aita.
GERTRUDE
Ut, ut, ut; mihi leloz ihardesten duk.
HAMLET
Et, et, et, mihi gaiztoz itauntzen duzu.
GERTRUDE
Zer duk horrela, Hamlet?
HAMLET
Zer dugu orain?
GERTRUDE
Nor naizen ahantzi duk, ala?
HAMLET
Gurutze santuagatik, inolaz ere ez.
Erregina zara, zeure senarraren anaiaren emaztea,
baina —ez aizina hala!— neure ama zaitut.
GERTRUDE
Jarriko dizkiat, bada, aurrean, mintzatzeko gai direnak.
HAMLET
Ea, ea, jesarri zaitez. Ez zara higituko,
ez zoazke inora nik ispilu bat aurrean jarri arte,
non ikus dezakezun zeure barrurik gordeena.
GERTRUDE
Zer egin nahi duk? Ez nauk, bada, hil nahiko?
Lagundu, lagundu, ei!
POLONIO (tapizaren atzetik)
Ene! Lagundu, lagundu, lagundu!
HAMLET
Hara: arratoi bat? Dukat bat trabes baietz hil.
Oldarrean zulatzen du tapiza ezpataz.
POLONIO
Oi, galdu naute.
GERTRUDE
Oi ene, zer egin duk?
HAMLET
Alafede, ez dakit... Errege al da?
Tapiza altxatzen du.
GERTRUDE
Oi, hau bidegalduaren latz eta gogorra!
HAMLET
Hain bidegaldu gogorra ia, nola den, ama dultzea,
errege bat hil ondoren haren anaia senar hartzea.
GERTRUDE
Errege bat hil, diok?
HAMLET
Bai, andrea, halaxe ene hitzak. —Eta hiri,
gizagaixo sarkin zuhurgabe ergel hori, adio sekulako.
Heure goragokotzat haut hartu. Horra hire fortuna.
Ikusten duk nola ardura gehiegia arrisku datekeen.
—Utzi eskuak bihurritzeari. Zaude egonean hortxe,
eta nik dizut bihurrituko bihotza. Badut-eta asmo,
gai barneragarriz egina baduzu behintzat,
ez badu ohiturak hain gogor brontzeztatu
non guztiz ere gotortu den sentipenen aurka.
GERTRUDE
Zer egin dut nik hi honela ausartzeko ene aurka
mihia hain zakar dantzatzera?
HAMLET
Egintza bat, hara,
begiramenaren musu xaloa duena lardasten;
hipokrita agerrarazten bertutea; arrosa kentzen
maitasun hobengabearen bekoki garbitik,
eta pusla bat uzten hantxe; ezkon-zinak bilakarazten
dadolarien juramentuak bezain faltsu. Oi, egintza bat,
ezkon-itunaren gorputzetik duena iraizten
arima bera, erlijio eztia bihurturik
hitzezko lore-joko. Gorri du kolore zeruak aurpegia;
eta, askotariko gaizko mulko trinko hau, berriz,
ilun kopeta, akabuaren egunera abian irudi,
gogo-gaizkiturik datza ekintza horrez.
GERTRUDE
Ai ene, zer ekintza,
hain trumoi-orro ozenez iragartzen dena?
HAMLET
So egiozu erretratu honi, eta beste honi,
bi anaiaren antzirudi petoa horra.
Hona nolako grazia ageri zuen begitarte honek:
Hiperionen kiribilak, Jupiterren beraren bekokia,
begiak Marterenak, mehatxu zein agindurako;
Merkurio mezulariarenaren pareko jasa,
zeru-hegiko mendi batean pausatua ageri;
konbinazio eta osaera bat, hain zuzen, non baitirudi
jainko bakoitzak duela bere zigilua ezarri
gizon baten bermea emateko munduari.
Hori zen zure senarra. Begira orain ondorengoari.
Horra hor zure senarra, buruxka harjoa legez
bere anaia osasuntsua izurritzen. Baduzu begirik?
Nola liteke bat, halako pentze ederrean bazkatzeari utzi,
eta padura horretan gizentzera lerra? Eh? Baduzu begirik?
Ezin diozu deitu maitasun; zeren zure adinean
odolaren irakina bezaturik baitago, apala da,
eta zentzuaren meneko; eta zer zentzuk luke
honetatik horretara eramango inor? Zer deabruk zaitu
honela tronparazi, alegia itsumandoka?
Oi lotsa, non da hire gorritzea? Infernuko su alua,
andrandi baten hezurretan matxina ahal bahendi,
gaztaro gartsuarentzat bertutea biz argizaria legez,
eta bere suan bedi urtu. Ez alega lotsarik
odol bero oldartsuak erasoari ekiten dionean,
izotza bera ere berdin gartsu sutzen denez gero
irritsaren sustagarri delarik arrazoia.
GERTRUDE
Oi Hamlet, ixo.
Barne-barnera itzularazten dizkidak begiak,
eta han ditiat nik ikusten orban hain beltz eta errotuak
ezen ez baitute beren kolorerik galdu nahi.
HAMLET
Ez, baizik eta bizi
ohe zoldatsu baten ustel-izerdi kiratsean,
lizunkeriaz irakinak, maite-maite eginez
heia satsu baten...
GERTRUDE
Oi, ixo, ixo.
Sastakaiak bezala belarriratzen zaizkidak hitzok.
Ixo behingoan, Hamlet laztana.
HAMLET
Hiltzaile doilor higuin bat,
zure aurreko jaunaren aldean
hutsaren hurrengoa, errege-alberdau bat,
inperioren eta agintearen ohoin zirtzila,
apaletik koroa preziatua ebatsi
eta bere sakelaratu duena...
GERTRUDE
Aski duk, ixo.
HAMLET
Adabaki eta pildazko errege bat...
mamua sartzen da, gau-jantziz.
Gorde eta babestu zuen hegalpean, zeruko zaindariok!
—Zer nahi duzu, gizairudi galant hori?
GERTRUDE
Aiei, burutik dago.
HAMLET
Ez al zatoz errita egitera zeure seme nagiari, zeinak,
odolaldi beroa huts eginik, geroko gerora baitu uzten
zure agindu larriaren ezinbesteari erantzutea? Esan?
MAMUA
Ez ahantzi. Agerraldi hau ez duk
hire asmo ia kamustu hori zorrozteko baino.
Baina hara, txundidura duk hire amaz nagusitu.
Egiok, oi, heure buruaz bere arimaren asaldutik babes !
Ahulenengan dik irudimenak bortitzen obratzen.
Hitz egiok, Hamlet.
HAMLET
Nola zaude, ama?
GERTRUDE
Aiei, nola zaude zu,
begia baituzu hutsean josten, eta
aire mamigabearekin baitzara solastatzen?
Oldar zoroan dagite zure izpirituek begiotatik so,
eta, soldadu lokartuak alarma deira nola, hala zaizkizu
zeure ile etzanok, berezko bizidun hazkarri gisa,
tanpez zutitu eta tentetzen. Oi seme laztana,
heure gaitzaldi horren su eta garraren gainera
ihintzezta ezak patxada freskoa. Nora duzu so egiten?
HAMLET
Horrako horrengana, bada! Ikusi
nolako zurbil daukan begitartea.
Itxurarekin kausa horrek aise lituzke bere predikuz
harriak berak ere bigunduko. —Ez egin nigana so,
ez dezazun errukizko ekintza horrekin aldaraz
ene burubide zorrotza. Orduan ene eginbeharrak
duke benetako kolorea falta: malkoak odolaren ordez.
GERTRUDE
Nori esaten diozu hori?
HAMLET
Ez duzu deus ikusten hor?
GERTRUDE
Deus ere ez; den guztia ikusiagatik.
HAMLET
Entzun ere, ez duzu deus entzun?
GERTRUDE
Ez, geure jarduna besterik.
HAMLET
So egizu, baina. Horra nola doan ostentzera.
Ene aita, bizirik zegoeneko jantziz!
Horra nola ari den oraintxe irteten atetik.
Badoa mamua.
GERTRUDE
Zure garunak sortua da guztia.
Zale duzu guztiz eldarnioa
halako agerkari mamigabeak irudikarazten.
HAMLET
Eldarnioa?
Ene pultsuak, zurearen pare, bere konpas doiari eusten dio,
eta araberako soinu osasuntsua dagi. Ez zaio eromenari zor
ene jarduna. Froga nazazu, eta ostera ere dut kontua
hitzez hitz errepikatuko, eromen txolinak
ohi duenaz bestera. Ama, graziaren izenean,
ez halako ukenduz gain-zuritu zeure arima,
alegia ez dela zure makurra, ene eromena baizik, mintzo.
Horrek ez duke gune zauritsua azaletik estaliko baino,
ustelkeria gaitzak duelarik, barneraino zulatuz,
ezkutuan zauria gaizkoatzen. Aitor egiozu zeruari;
damu izan iragan dena; eragotzi datorkeena;
eta ez zabaldu simaurra belar gaiztoen gainean,
gaitzago haz daitezen. Barka iezadazu bertute-gaztigu hau,
zeren, gantzukeria potoloa nagusi den garaiotan,
bertuteak bizioari baitio barkamena eskatu behar,
hots, makurtu eta otoiztu, arren on egiten utz diezaion.
GERTRUDE
Oi Hamlet, erdi bi egin didazu bihotza.
HAMLET
Bota, bada, parterik txarrena,
eta puruago bizi beste erdiarekin.
Gau on: baina ez zaitez joan ene osabaren ohera.
Itxuretan erakutsi falta dukezun bertutea.
Uko egin gaueon;
eta horrek erosotu samartuko dizu
hurrengo abstinentzia. Ostera ere, gau on:
zeure benedikazioa irabaztera lehia zaitezenean,
nik zurea eskatuko dizut. Honakoxe jaunarengatik,
damu dut bihotzetik. Baina zeruek nahi izan dute,
ni zigorturik beronekin, eta berau enekin,
beren azote eta borrero agitzea ni.
Ene kargu, bada: zintzo erantzungo diot
berarekiko heriotza-zorrari. Gau on, bada, berriro.
Gizalegeak nau ni behartzen krudeltasun honetara.
Makur hasiak makurragora horra emana bultzada.
GERTRUDE
Zer egingo dut nik?
HAMLET
Ez, inola ere, egiteko diotsudan hauxe:
utzi errege puztuak zaitzan ostera ohera tenta,
masailan ximikoz balaka, sagutxo deitu,
eta, pare bat musu kerutsuren truke, edo
zure lepoa haztatuz bere atzamar madarikatuez,
atera diezazula argitara kontu guztia,
alegia funtsean ez nagoela eromenak joa,
eroarena egiten ari baino. Egoki zenuke hari jakinaraztea;
Izan ere, halako erregina eder, zintzo, zuhur beteak
nolatan lioke apo bati, saguzar, mitxitxo bati,
halako kontu preziaturik gordeko? Nolatan halakorik?
Ez, ez: zentzuari eta isilpekotasunari jaramon egiteke,
ireki ezazu, ireki, etxe gaineko kaiola,
jaregin txoriei hegan, eta, harako tximinoak bezala,
aproba egite aldera, zaitez kaiolara lerra,
eta trenka lepoa handik jauzi eginik beheraino.
GERTRUDE
Hago ziur, hitzak arnasaz eginak badira,
eta arnasa biziz, ez dudala nik bizirik
esan didaana arnasteko.
HAMLET
Ingalaterrara behar dut. Badakizu?
GERTRUDE
Ene, ahantzia nintzen. Hala ebatzirik dago.
HAMLET
Abian joanaraziko nau gizon honek.
Aldameneko gelara garraia dezadan hestezakua.
Gau on bihotzetik, ama. Kontseilari hau
isil-isila, sekretu eta serioa duzu oraintxe,
bizitan halako hitzontzi txoro berritsua izana.
Erdu, lagun, dagigun behingoan zurekikoa.
Gau on, ama.
Badoa, polonio herrestan eramanez.
© William Shakespeare
© itzulpenarena: Juan Garzia Garmendia