I.i

 

frantzisko sartzen da, guardian dagoen zaindari bat, eta gero bernardo.

 

            BERNARDO

Nor da hor?

            FRANTZISKO

Ez: zuk erantzun niri. Geldi hor, eta zeure burua emazu ezagutzera.

            BERNARDO

Bizi luzea erregeri!

            FRANTZISKO

Bernardo?

            BERNARDO

Bera.

            FRANTZISKO

Ondo garaiz hator, hala ere.

            BERNARDO

Oraintxe jo ditek hamaikak. Segi ohera, Frantzisko.

            FRANTZISKO

Txanda hartzeagatik milesker. Hotz latza duk hemen, eta bihotzeraino joa nagok.

            BERNARDO

Guardia lasaia izan al duzue?

            FRANTZISKO

Sagu baten zirkinik ere ez.

            BERNARDO

Gau on, bada.

Topo egiten baduk Horazio eta Martzelo

ene beilakideekin, bizkor etortzeko esaiek.

 

horazio eta martzelo sartzen dira.

 

            FRANTZISKO

Uste diat entzuten ditudala... Geldi! Nor da hor?

            HORAZIO

Lur honen lagunak.

            MARTZELO

Eta erregeren menekoak.

            FRANTZISKO

Gau on dizuela.

            MARTZELO

Kaixo, soldadu jator hori.

Nork hartu dizu txanda?

            FRANTZISKO

Bernardok du hartu ene lekua.

Gau on dizuela.

 

Badoa.

 

            MARTZELO

Ei, Bernardo!

            BERNARDO

Esadak: Horazio hor al da?

            HORAZIO

Zati bat behintzat.

            BERNARDO

Ongi etorri, Horazio; ongi etorri, Martzelo jator hori.

            MARTZELO

Zer, agertu al da zer hori ostera gaueon?

            BERNARDO

Nik ez diat ezer ikusi.

            MARTZELO

Horaziok ziok gure fantasia hutsa dela,

eta ez duela nahi sineskerian jausi,

birritan ikusi dugun lazgarri hori dela eta.

Horregatik hitzartu diat gurekin etor zedin

arreta guztiz egitera gau honen guardia,

hala, ikuskari hori berriro agertuz gero,

egiets ditzan gure begiak, eta mamuari hitz egin.

            HORAZIO

Utikan, ez duk agertuko.

            BERNARDO

Eseri apur batez,

eta uzkuk ostera ere hire belarriei erasotzen,

gure historiaren aurka hain gotorturik baitauzkak,

gauotan biotan ikusi dugunaren kontakizunaz.

            HORAZIO

Eser gaitezen, bada,

eta entzun dezagun Bernardo horretaz mintzo.

            BERNARDO

Bart gauean, hain zuzen,

iparrekoaren mendebalera dagoen horrako izar horrek

orain dirazekaneko zeru-alde hori argiztatzeko

bere ibilia egina zuelarik, Martzelo eta nerau,

ezkila ordu bata jotzen...

 

mamua sartzen da.

 

            MARTZELO

Ixo, tenk egik. Horra non datorren berriro.

            BERNARDO

Hil berri den erregearen itxura berean.

            MARTZELO

Hi eskoladuna haiz; hitz egiok, Horazio.

            BERNARDO

Ez al du erregearen antza? Ohar hakio, Horazio.

            HORAZIO

Bete-betea. Larriturik niaukak izuz eta harriduraz.

            MARTZELO

Hitz egin lekion nahi likek.

            MARTZELO

Galde egiok, Horazio.

            HORAZIO

Nor haiz hi, gau aldi hau bahitzen baituk

eta orobat Danimarkako maiestate ehortziak

jantzi ohi zuen forma jator, gudulari hori.

Zeruarren agintzen diat, mintza hadi.

            MARTZELO

Mindurik zagok.

            BERNARDO

Horra, bazoak gugandik mutiri.

            HORAZIO

Hago! Mintza hadi, mintza. Agintzen diat, mintza.

 

Badoa mamua.

 

            MARTZELO

Alde egin dik, erantzuteke.

            BERNARDO

Hara, Horazio! Dardaraz hago eta zurbil.

Ez al da hau fantasia baino zerbait gehiago?

Zer deritzok?

            HORAZIO

Jainkoaren aurrean, ez nezakeen sinets,

ez balitz tarteko, sentikor eta zintzo,

neure begion aitorpena.

            MARTZELO

Ez al du erregeren antza?

            HORAZIO

Hik heure buruarena adinakoxea.

Horrelakoxea zian peto-peto armadura

norvegiar gutiziatsua gudukatu zuenean.

Horrelaxe zian behin zimurtu bekokia,

topaldi haserre batean poloniar leradunak zituenean

izotz gainean porrokatu.

Harrigarria duk.

            MARTZELO

Horrelaxe duk beste birritan, ordu mortu honetantxe,

urrats gudulariz gure guardiaren aurretik mutiri iragan.

            HORAZIO

Zein pentsabide berezitatik jo ez dakit,

baina, oro har, iritzia emateko gai naizeno,

egundokoren bat iragartzen zaio gure erresumari.

            MARTZELO

Hots, eseri, eta konta biezat, dakienak,

zer dela-eta dituen honelako beila zorrotzak

honela gauero nekarazten erreinuko sujetak,

eta zer dela-eta eguneroko brontzezko kanoi urtze

eta atzerritik gerrarako gailu ekartze taigabe hau;

zer dela-eta ontzigintzara behartua hainbeste jende,

lan latz horretan jaia eta astea bereizi gabe?

Zer ote da tartean, lehia izerditsu honek

gaua auzolankide bilakarazteko egunarekin:

nork eman diezadake horren berri?

            HORAZIO

Neronek.

Hala zabilek, bederen, zurrumurrua: gure errege zenari,

zeinaren irudia oraindik orain hor agertu baitzaigu,

Norvegiako Fortinbrasek zioan, jakina denez,

bekaitz biziak harrokeria gaitza hartara akuilaturik,

borrokarako aupada egin. Buruz burukoan,

gure Hamlet bihoztunak —halakotzat baitzeukan

gure mundu ezagunaren alde honek—

herioz hil zian Fortinbras hori; zeinak, zaldun-legeei

xuxen zatxekon itun zigilatu batez, biziarekin batera,

bere eskupeko lur guztiak eman baitzizkion garaileari.

Horren aldera, gure erregeak zian

pareko ordain-bahia ezarria,

zeina Fortinbrasen ondarera bihurtu baitzatekeen,

hura garaile irten balitz; hots, aipaturiko itunaren arauz,

norvegiarrarena gure Hamleti egokitu zitzaion bezala.

Bada, hara, Fortinbras gazteak,

soberako kemen beroz gainezka,

gizon lurgabe bipilezko saldo bat arrantzatu dik

Norvegiako bazterretan han-hemen, janari eta sari truke,

edozein urdailentzat egina ez den ekinbide baterako,

ez baita besterik —gure erresuman ondo nabaria denez—

aipaturiko lur beraren aita zenak galduok

esku gogorrez eta bortxa bidez berreskuratzea baino.

Eta hori duk, eiki, gure prestaketen zio nagusia,

gure beila honen sorburua, eta herri guztia

halako lehia larri eta jardun-behar bizian

agitzearen arrazoi nagusia.

 

mamua sartzen da.

 

Ixo, baina, geldi; horra non datorren berriro!

Bidera irtengo natzaiok, fundituko banau ere.

 

mamuak besoak zabaltzen ditu.

 

Hago, ilusio hori.

Inolako soinu edo ahots gaitasunik baduk,

hitz egidak.

Egitekorik deus bada onik, hiri kontsolamendu

eta niri grazia ekar diezadakeenik,

hitz egidak.

Heure herriaren patuaren jakitun bahaiz,

eta agian aurrez jakiteak eragotz badezake gaitzik,

mintza hadi!

Edo lurraren sabelean altxor bortxaz eskuraturik

ezkutatua baduk heure denboran,

horrek baitzaituzte, omen, izpirituok hilik ibilarazten maiz,

hitz egik horretaz; hago, eta hitz egik.

 

Oilarrak kukurruku jotzen du.

 

Geldi ezak, Martzelo.

            MARTZELO

Aiztagaz joko dut?

            HORAZIO

Jo, geldi ez badadi.

            BERNARDO

Hemen duk.

            HORAZIO

Hemen duk.

 

Badoa mamua.

 

            MARTZELO

Joan duk.

Makur ari gaituk, hain maiestatetsua izaki

halako bortxa ageria erakutsiz,

zeren zaurtezina baita bera airearen pare,

eta gure ukaldi alferrok irribide gaizto.

            BERNARDO

Hitz egitekotan zuan oilarrak kukurruku jo duenean.

            HORAZIO

Eta orduan asalduak dik hartu, nola erruduna

hotsegite larderiatsu baten aurrean. Entzuna diat ezen

oilarrak, zeina goizaren turutaria baita,

bere eztarri ozen zorrotzaz duela,

egunaren jainkoa iratzartzen, eta, haren dei-hotsera,

itsasoan nahiz suan, lurrean zein airean,

beren gordelekuetara biltzen direla

izpiritu bidegaldu eta herratuak; eta, horren egiaz,

ikusi dugun hori duk frogabide aski.

            MARTZELO

Oilarraren kukurrukuan aienatu duk.

Zenbaitek ziok ezen, gure Salbatzailearen jaiotza

ospatzen deneko sasoi hori hurbildu ahala,

gau osoan diharduela kantari egunsentiaren hegaztiak;

eta orduan, diotenez,

ezein izpiritu ez duk ausartzen irtetera,

gauak sanoak dituk, planetek ez ditek makur jotzen,

ez amandreek ez sorginek ez ditek xarmatzeko ahalmenik,

hain duk bedeinkatua eta graziaz betea aro hori.

            HORAZIO

Hala entzun diat, eta aldez halaxe sinesten ere diat.

Hots emazue, baina: goiza, soingaineko gorrixkaz jantzirik,

oinak ihintzetan, ekialdeko muino garai horren gainetik

hor zatorrek.

Utz dezagun bertan behera gure beila, eta, ados bazarete,

gau honetan zer ikusi dugun konta diezaiogun

Hamlet gazteari; zeren, ene biziagatik zin,

izpiritu horrek, guretzat mutu, hari hitz egingo baitio.

Ongi al deritzozue printzeari honen berri emateari,

maitasun zintzoz eta eginbide leialez dagokigunez?

            MARTZELO

Dagigun hala, otoi; nik goizeon baitakit

non aurki dezakegun hura xuxen-xuxen.

 

Badoaz.

 

 

I.ii

 

Sartzen dira: klaudio, Danimarkako erregea, gertrude erregina, hamlet printzea, polonio, laertes, ofelia, jaunak eta segiziokoak.

 

            KLAUDIO

Nahiz Hamlet gure anaia maitearen heriotzaren oroipena

oraindik fresko egon, eta horrek zuzen ona eman guri

bihotza doluz edukitzeko, eta gure erreinu osoari

saminezko bekozko bakar batean biltzeko,

hala ere, hain gogor egin die zuhurtziak sentimentuei,

non tristurarik burutsuenaz gogoratzen baitugu hura,

geure buruaz eta erreinuaz ahantzi gaberik.

Hala, bestorduko geure arreba, oraingo geure erregina,

erresuma gudulari honetako tronu-kide inperiala,

dugu —alegia poz etsiz, begi bat zorion, bestea negarrez,

hiletan bozkarioz eta pleinuz ezkontzeko orduan,

atsegina eta dolua pisu berekotzat jorik gure baitan—

geure emaztetzat hartu. Ez baitiegu entzungor egin, orobat,

zuen aholku ezinago zuhurrei, gogo zabalez emanak

auzi honetan zehar. Guztiarengatik, gure eskerrak.

Orain, berriz, jakiteko duzuenez, Fortinbras gazteak,

uste eskasean edukirik gure indar eta balioa,

edo bihotzeko gure anaia zenduaren heriotzaz

gure erresuma zatiturik eta nahasturik dagoelakoan,

eta bere ametsetan abantailan kausiturik bere burua,

etengabe gogaitu gaitu bere mandatuz,

alegia beraren aitak, guztizko lege onean,

gure anaia txit bihoztunaren kontra galdu zituen lurrok

itzul diezazkiogun. Horraino, bada, hari dagokiona.

 

voltemand eta kornelio sartzen dira.

 

Geuri dagokigunez, berriz, eta batzar aldi honi,

hona zertan den kontua: honako gutun hau diogu idatzi

Norvegiako erregeari, Fortinbras gaztearen osabari

—ohean ezindua, doi-doi jakin baitezake

bere iloba horren asmoen berri—, eragotz dezan

hura aurrerago joatea, zeren lebak, kintak eta abarrak

haren sujeten artetik egiten baitira. Honenbestez zaituztet igortzen, zu, Kornelio jator hori,

eta zu, Voltemand, mandatu hau diezaiozuen

Norvegiako errege zaharrari eraman, honako

hemen zehazturiko artikuluok biltzen duten honetaz landa

harekin deusik tratatzeko beste areagoko eskurik

ez duzuela.

Agur, bada, eta zuen lehiak beza froga

enekiko zuen eginbidea.

            (KORNELIO eta) VOLTEMAND

Horretan eta guztian gaude eginbidez berorrengana.

            KLAUDIO

Ez dugu inolako zalantzarik. Agur bihotzetik.

 

Badoaz voltemand eta kornelio.

 

Eta orain, Laertes, zer berri dakarzu zuk?

Zerbait eskabide aipatu diguzu: zer da, Laertes?

Danimarkako Erregeari arrazoibide onez mintzaturik

ez duzu alferrik izango elea. Zer erregutu hezake, Laertes,

ene eskaintza ez litzatekeena, hire eskea gabe?

Burua ez zaiok bihotzari kide hurbilago,

ez eskua ere ahoari lagun zerbitzalago,

nola baitzaio Danimarkako tronua hire aitari.

Zer nahi duk nigandik, Laertes?

            LAERTES

Jaun goren hori,

berorren grazia eta baimena Frantziara itzultzeko,

nondik bainintzen, gogo onez baiki, Danimarkara itzuli,

berorren koroatzean neure leialtasuna erakustera;

orain, baina, aitortu behar dut, eginbide hori beterik,

ene gogo-irrikak berriro dira Frantziarantz aihertzen,

eta hartakotz berorren baimen eta grazia dut

apalki eskatzen.

            KLAUDIO

Hire aitaren baimena baduk? Zer dio Poloniok?

            POLONIO

Erauzi du nigandik, jauna, ene baimen nagia,

eskatzearen eskatzez, eta, azkenean,

makurtu natzaio zigilatzera neure onespen gogorra.

Arren eskatzen diot berorri baimena eman diezaion joateko.

            KLAUDIO

Goza ezak heure sasoi ederra, Laertes;

hire esku bego denbora, eta

jabe haizen dohain onenek dezatela hire gogara erabil.

Orain, ordea, ene kusu Hamlet, ene seme...

            HAMLET

Izanagatik sendiko, ezin laket betiko.

            KLAUDIO

Nolatan hago hodei-itzalpe ilunak harturik oraindik?

            HAMLET

Ez da hori, jauna: luzaroegi egona nauzu eguzkitan.

            GERTRUDE

Hamlet laztana, uxa ezak, uxa, kolore gautu hori,

eta lagun gisa egiok so erregerekin Danimarkari.

Ez hadila ibil beti, betazalok lurrerantz,

heure aita noblearen xerka hautsetan.

Badakik lege arrunta dela: bizi den oro duk hilkor,

mundutik dezan noizbait naturak eternitatera igor.

            HAMLET

Halaxe da bai, andrea, guztion lege arrunta.

            GERTRUDE

Hala bada,

zergatik du horrek hain itxura berezia hartzen higan?

            HAMLET

Itxura, andrea? Ez: izatea; nik ez dakit «itxura»rik.

Ez da kapa tinta-kolore soil hau, ama nirea;

ez eta hotsandiko jantzi beltz deduzkoak,

ez eta arnasestukako hasperen larriak,

ez dituzu, ez, horiek, ez eta begitiko ibai naroa,

ez eta betartearen abaildura agerikoa ere,

saminaren forma, eite, agerpen guztiok batera ere,

ene barrenaren adierazgarri zintzo. Izan ere,

antzez daitezkeen itxurak dira horiek oro;

barnean ditut nik erakutsi nahi eta ezinenak:

besteok, ikur eta jantziak baino ez saminarenak.

            KLAUDIO

Guztiz egoki da zure aldetik, Hamlet,

dolu-erakutsiok eskaintzea zeure aitari; baina

jakiteko duzu zure aitak ere aita bat galdu zuela;

aita galdua, galdua da; eta bizirik dirauenak,

seme bati jator doakionez, epe batez

doluzko tristura zor dio. Baina doluari horrela

tema gogorrean eustea, berriz, birao bat duzu

setakeria jainkogabezkoa, gizaz besteko samina.

Zeruaren aurkako gogo txit gaitza darakus horrek,

bihotz gotortu gabea, buru egonezina,

ulermen sinple eta eskolaz jantzi gabea;

ezen, hala izan behar duela dakiguna

gauza arrunt-arrunta izanik zentzuarentzat,

zergatik behar dugu geure seta gaiztoan

hain gaitz hartu? Utikan, zeruaren aurkako hutsa da,

hilen kontrako hutsa, naturaren kontrako hutsa,

zentzugabea guztiz arrazoiarentzat, haren lelo arrunta baita

aiten heriotza, eta beti ere egin baitu deiadar,

lehen gorputik gaur bertan hil denera arte:

«Hala behar du». Otoi, bertan behera utzi

alferreko samin hori, eta pentsa ezazu gutaz

aita batez bezala; ezen jakin beza munduak

zu zarela gure tronutik hurbilenekoa,

eta aitarik kutunenak bere semeaganako duen baino

bihotz-amultsutasun ez eskasagoa dudala

nik zuganako. Wittenberg-era eskolara itzultzeko

agertu duzun nahiaz denaz bezainbatean,

gure desiraren ezinago kontra baitoa,

arren degizugu hemen gelditzera makur zaitezen,

gure begion atsegin eta adoregarri,

gure gorte-gizon gehien, kusu, eta seme.

            GERTRUDE

Ez bitez hire amaren erreguak alferrik gal, Hamlet.

Otoizten haut gurekin gera hadin; ez joan Wittenberg-era.

            HAMLET

Eginahal guztian egingo dizut men, andrea.

            KLAUDIO

Horra erantzun bat amultsu eta jatorra:

zaude geu bezala Danimarkan. Andrea, zatoz;

Hamleten adostasun atsegin eta bortxagabe horrek

begitarte degit bihotzean: eta, horren izenean,

gaur egiteko dugun poz-pozezko topa bedera

hortxe die kanoitzarrak hodeiei iragarriko,

eta erregeren zangadak zeruak oro aldarriz beteko,

lurreko ostotsa errepikatuz. Goazemazue.

 

Guztiak irteten dira, hamlet izan ezik.

 

            HAMLET

Ailedi haragi zinez trinkoegi hau urtu,

mehe-mehe eginik ihintz huts bilaka!

Edo ez ailu Betiraunkorrak ezarri

buru-hilkintzaren aurkako araua! Ene, ene! Jainkoa!

Zeinen neke, uher, huts eta ezdeusetako

zaizkidan niri mundu honetako ekanduak oro!

Utikan, oi, ut! Jorratu gabeko baratze bat dugu hau,

hazitarako utzia; gainezkako zabar berezkoek

hartua digute zeharo. Honetara beharra ere!

Bi hilabete doi hila: ez, ez hainbeste, birik ez:

hain errege bikaina; hura, honen aldean, hara zer zen:

satiro baten aldean Hiperion dena; hain maitakor

ene amagana, non ez baitzieken utzi zeruko haizeei

haren aurpegia zakarregi laztantzen. Zerua eta lurra!

Gogoratuko ez dut, bada? Haren besartean ama,

alegia jangalea puska bat hazia bere elikagaiaz;

eta, hala eta guztiz ere, hilabetera orduko...

Kendu burutik!... Ahultasun, emakume duk izena!

Hilabetetxo bat, artean maiztu gabe zeuzkala oinetakoak,

ene aita gaixo hilotzaren segizioan joan zenekoak,

Niobe hura irudi, oro malko —nolatan, ordea, nolatan

Jainkoarren!, piztia batek, arrazoi-solasik gabea izaki,

dolu luzeagoa zegikeen—, ene osaba hartu zuen senar,

ene aitaren anaia, baina ez ene aitaren antz handiagoko

ezen ni Herkulesen. Hilabetera orduko, hara;

artean malko guztiz bidegabetsuon gatza ez zelarik

haren begi garraztuetako gorritasunetik ostendu,

ezkondu zen. Oi, lehiaren makurra, hain agudo

laster egitea intzestuzko maindire artera!

Ez da eta ezin datorke hortik gauza onik.

Tenk, baina, bihotz; behar baitut mihia lotu.

 

horazio, martzelo eta bernardo sartzen dira.

 

            HORAZIO

Agur, jaun goren hori!

            HAMLET

Poz hartzen diat bizi haizela ikusirik:

Horazio... edo ez nagok neure kordean.

            HORAZIO

Huraxe naiz, ene jauna, eta

berorren zerbitzari xumea beti ere.

            HAMLET

Ene adiskide on hori; ni ere berdin hire zerbitzuko:

Eta zerk hakar Wittenberg-etik, Horazio? Martzelo?

            MARTZELO

Ene jaun ona...

            HAMLET

Poz handia hartzen diat hi ikusteaz. Arrastiri on, lagun.

Baina zerk zakartzate, esan, Wittenberg-etik?

            HORAZIO

Alferkeriara emanak izatez, ene jauna.

            HAMLET

Ez nikek jasango hire arerioarengandik halakorik.

Hik ere ez egin, bada, bortxa hori ene belarriari,

alegia entzutera emanik heure buruaren aurkako

erasia horrenik: bazakiat ez haizela alferra.

Zer egiteko zaik sortu, baina, Elsinore-n?

Bapo edaten irakatsiko diagu alde egin aurretik.

            HORAZIO

Jauna, berorren aitaren hiletarako etorria naiz.

            HAMLET

Otoi, ez egin niri burlarik, eskola-lagun hori;

ene amaren ezkontzarako ez ote zen nengoan.

            HORAZIO

Izan ere, jauna, jarrai-jarraian egokitu dira.

            HAMLET

Aurrezkia, Horazio, aurrezkia! hiletako opila beroak

eztei-mahaietako jaki izan ditiagu hotzean.

Neure arerio kutunena zeruan topatu banu

nahiago nik, Horazio, egun hori ikusi izana baino!

Aita!... Hortxe zaidak begitantzen neure aita.

            HORAZIO

Non, jauna?

            HAMLET

Neure gogo-begietan, Horazio.

            HORAZIO

Behin ikusia dut nik; errege ziratsa zen.

            HAMLET

Gizona zuan, horra, bete eta guztizkoa;

ez diat ikusiko hura bezalakorik ostera.

            HORAZIO

Jauna, uste dut bart ikusi nuela nik.

            HAMLET

Ikusi? Nor?

            HORAZIO

Jauna, berorren aita erregea.

            HAMLET

Ene aita erregea!

            HORAZIO

Hotzildu, jauna, berorren harridura lipar batez,

arretaz ernerik belarria, harik eta nik eman arte,

bi jaun prestuok lekuko didudala,

miragarri horren berria berorri.

            HAMLET

Jainkoarren, mintza hakit!

            HORAZIO

Bi gauz jarraian izan dute jaun prestuok,

Matzelok eta Bernardok, beren guardian,

ilun beltzeko gau mortuaren erdi-erdian,

honako enkontrua: berorren aitaren irudi peto bat,

zehatz-mehatz armaturik, burutik behatzetaraino,

hara non zaien agertzen eta, hotsandiko ibileraz,

larderia astitsuz hurbiltzen. Hirutan egin du urrats,

kideon begi larritu eta izuak hartuen aurrean,

bere makilaren helmeneraino; bitartean lagunok

ia urtuan ikara haragiak beldurraren eraginpean,

mututurik, ez diote hitz egin. Horixe baitidate

laborrizko isilpean gero niri jakinarazi,

berekin dut nik hirugarren gaueko beila egin;

zeinean, azaldua zuten moduan, hala denboran

nola izakiaren itxuran, hitzez hitz halaxe guztia,

han agertu baita ikuskaria. Berorren aita ezagutu dut:

esku biok ez dira elkar-irudiago.

            HAMLET

Baina non zen hori?

            MARTZELO

Guardian geundeneko harresipean, jauna.

            HAMLET

Hitz egin al diozue?

            HORAZIO

Nik diot, jauna, hitz egin;

erantzunik ez, baina; hala ere, behin, ustez,

gora jaso du burua, eta mugitzekoa egin,

mintzatzen hastekotan balego bezala;

baina orduantxe du goiz-oilarrak kukurruku jo,

eta, haren soinura, tanpez ostendu da,

eta begien bistatik aienatu.

            HAMLET

Harrigarria oso.

            HORAZIO

Bizirik nagoen bezala, jaun ohoretsu hori, halaxe da egia;

eta xuxen-xuxen gure eginbidea zela iritzi diogu

berorri jakitera ematea.

            HAMLET

Bai noski, bai noski, baina asaldagarri zaidak berria.

Guardia egitekoak al zarete gaueon?

            MARTZELO, BERNARDO

Bai, jauna.

            HAMLET

Armatua, diozue.

            MARTZELO, BERNARDO

Armatua, jauna.

            HAMLET

Burutik behatzetaraino?

            MARTZELO, BERNARDO

Bai, jauna, burutik behatzeraino.

            HAMLET

Orduan, ez diozue ikusi aurpegirik.

            HORAZIO

Oi, bai, jauna, jasorik zeraman begi-babesa.

            HAMLET

Zer aurpegiera ageri zuen? Beltzuri?

            HORAZIO

Irudiago zuen samindua haserre baino.

            HAMLET

Zurbil ala musu-gorri?

            HORAZIO

Ez, zurbil-zurbil.

            HAMLET

Eta finkatu al du soa higan?

            HORAZIO

Begirik kendu gabe.

            HAMLET

Nahi nikek han izan banintz.

            HORAZIO

Txunditu zukeen berori arras.

            HAMLET

Balitekek, balitekek. Luzaz egon al da?

            HORAZIO

Batek abaila handirik gabe ehun kontatzeko tartea.

            MARTZELO, BERNARDO

Luzeago, luzeago.

            HORAZIO

Ez nik ikusi dudanean.

            HAMLET

Urdindua zuen bizarra... ala ez?

            HORAZIO

Hala zuen, bizirik zegoela ikusia nion bezala,

beltz-beltzean zilarrez.

            HAMLET

Zaintza egingo dut gaueon;

Agian berriz agertuko da.

            HORAZIO

Ziur naiz baietz.

            HAMLET

Ene aita jatorraren itxuraz janzten bada,

hitz egingo diot, bai horixe, nahiz infernuak berak

ahoa zabaldu eta geldi egoteko manatu. Otoi,

orain arte ezkutuan gorde baduzue ikusia,

aurrerantzean ere zuen isilpean bego;

eta zernahi ere besterik gerta dadin gaueon,

ulerbide emaiokezue, baina ez mihirik:

bihotzez dizuet eskertuko. Adio, beraz:

harresipean naiz, hamaiketatik hamabietara bitartean,

zuengana bilduko.

            GUZTIAK

Berorren esanera eginbidez beti.

            HAMLET

Ene bihotza berdin zuen alde: adio.

 

Badoaz guztiak, HAMLET izan ezik.

 

Aitaren izpiritua armatan! Behar ez denen bat badugu;

joko ustel baten susmoa dut: ailitz etorria jada gaua!

Ordura arte, hago, arima; ezen, ustel denik bada,

lurpean guztiz estali arren, agertuko duk bistara.

 

Badoa.

 

 

I.iii

 

laertes eta ofelia sartzen dira.

 

            LAERTES

Ontzian daude jada ene puskak: adio.

Ene arreba, haizeak aldeko direlarik

eta itsas-garraioa ibilki, ez izan nagi,

eta helarazi zeure berriak.

            OFELIA

Duda egiten al duzu?

            LAERTES

Hamleti eta haren txerakeriei dagokioenez,

galatzat eduki eta odol-apeta hustzat,

liliubel bat nola udaberri jaukalean:

goizerne, ez iraunkor; kutun, ez luzaroko;

lipar bateko urrin laketgarria,

besterik ez.

            OFELIA

Hori baino ez?

            LAERTES

Ez eduki gehiagotzat;

ezen adinean gora ez gara hazten soil-soilik

kemen eta izariz, baizik, garen tenplua osatu ahala,

gogoen barne-gaitasuna ere harekin batera da

hazten eta zabaltzen. Maite zaituzke, apika, orain,

eta orbanik eta makurbiderik gabea dateke,

akasgabea, haren gogoa; baina kasu emateko duzu:

handi-goren izaki, ez da bere gogoaren jabe;

bere jaiotzaren meneko baita noski printzea:

ez dezake, pertsona ezdeusek ohi dutenez,

bere oldez joka; beraren hautuaren baitan baitago

erresuma guztiaren osasun eta ongi izatea;

eta hargatik behar zaio ezarri haren hautuari

bera buru deneko gorputz horren bozketa eta

adostasunaren muga. Hortaz, maite zaituela badiotsu,

zuhur zenuke Hamleten esana sinestea, noraino ere

hark baituke aukera, dena delarik tituluz eta mailaz,

egintzaz gauzatzeko hitza; ez harago, alegia,

Danimarkaren iritzi nagusia ados datekeen baino.

Pentsa, bada, zer galgarri lukeen zeure ohoreak,

belarri sineskorregiz bazenitza entzun haren kantak,

edo bihotza laxa, edo garbitasun-altxor hori ireki

printzearen erregu deslaion aurrean.

Kontuz ibili, Ofelia, kontuz, ene arreba maitea;

zeure maitetasunaren atzealdean eutsi,

desiraren su-danba arriskutsuetatik urrun.

Dontzeilarik begiratuena ere laxo askoa duzu,

ilargiari estalgabetuz gero bere edertasuna,

Bertutea bera ere ez zaie itzurtzen kalumniaren erasoei;

harbeltzak ditu udaberri-zitoak alferrik galtzen,

haien altsumak lora-zabaldu baino lehen sarritan,

eta gaztaroko goiz-ihintz freskotan ohi dira

helde kutsakorrak errazen gertatzen.

Argi ibili; beldurra duzu segurtasun-berme onen:

odol gazteak berez diraki, ez du beharrik inoren.

            OFELIA

Ikaskizun on horren gomuta dut gordeko

neure bihotzaren zaintzaile. Baina, anaia maite,

ez niri, zenbait artzain moldakaitzek ohi duenez,

zerurako bide malkor arantzatsua erakutsi,

bitartean berak, libertino putz axolagabe antzo,

atseginaren zidor pinpirintsua ibiltzen duela,

jaramonik egiteke bere aholkuari.

            LAERTES

Oi, ez izan kezkarik nitaz.

 

polonio sartzen da.

 

Luzatzen ari naiz. Hor dator, baina, aita.

Benedikapen bikoitza zorion bikoitza da:

horra abagunea berriro adio esateko elkarri.

            POLONIO

Oraindik hemen, Laertes! Ontzira, hots, ontzira!

Bela-bizkarretan atezuan zagok haizea,

eta zain dauzkak. Horra: har ene benedikapena;

eta ahalegin hadi heure oroimenean irartzen

jarraibide bakanok. Mihira gabe gorde pentsamenduak,

eta galarazi desegoki direnei ekintzarako bidea.

Haizela jendekoi, baina arrunkerian erori gabe.

Dituan lagunak, behin halakotzat frogatuz gero,

tinka itzak heure ariman altzairuzko uztaiz;

baina ez lakartu esku-ahurra laztan eginez

edozein kide kabiatik erori berriri. Begira ez hadin

liskarretan sar, baina behin hala egokituz gero,

egik modua aurkaria higandik begira dadin.

Guztiei heda belarria, baina gutxiri ahotsa;

ororen iritziak jaso, baina herorrentzat gorde heurea.

Bira hire jantziak hire diru-poltsaren neurriko,

baina nabarmenkeriarik gabe; aberats, ez deigarri;

zeren arropatik ezagutzen baita sarri gizona,

eta Frantziako jende maila eta gradu gorenekoak

bikain jauntzen baitira eredubide horretan.

Ez hartzaile ez emaile izan maileguz:

emateak diruarekin laguna baitu galarazten maiz,

eta hartzeak etxeko ekonomia kamustea ekartzen.

Hauxe oroz gain: heure buruari hakio zintzo eta leial,

eta hortik segituko da, egunetik gaua bezala,

ez haizatekeela faltsu inori ere.

Adio: ene benedikapenak hori dezala zoritu higan!

            LAERTES

Apaltasun osoz agur eta adio, jauna.

            POLONIO

Tenorea duk, bai; hoa, hire zain zaudek zerbitzariak.

            LAERTES

Adio, Ofelia, eta ongi gogoan hartu

zer esan dizudan.

            OFELIA

Oroimenean daukat gorderik,

eta zerorrek edukiko duzu horren giltza.

            LAERTES

Adio.

 

Badoa.

 

            POLONIO

Zer da, Ofelia, esan dinan hori?

            OFELIA

Plazer badu berorrek, Hamlet printzearen gaineko zerbait.

            POLONIO

Alafede, ordu onean bururatua:

esan didatenez, oso maiz izan din azken aldion

bakarkako batzarraldirik hirekin; eta hik herorrek

guztiz ere eskuzabal eskaini omen dion arreta.

Hala baldin bada —iradoki didaten arabera;

ohartarazpen gisa, alegia—, esan behar dinat

ez dunala hain argi heure buruarekikoa,

ene alabari eta hire ohoreari dagokionaz.

Zer dago zuen artean? Esadan egia.

            OFELIA

Azken aldion, jauna, erakutsi asko egin dit

niganako duen jaiduraz.

            POLONIO

Jaidura! Utikan! Badirudin hizketan zenbait neskatila

eskarmenturik ez duena halako arriskubide larriez.

Sinesten al dizkion erakutsiok, hala deitzen baitien hik?

            OFELIA

Ez dakit, jauna, zer pentsatu behar nukeen.

            POLONIO

Alafede, irakatsiko dinat: pentsa haurtxo bat haizela;

benetako ordain-baliozkotzat hartu ditunala erakutsiok,

ustelak izanik txanponak. Garestiago erakutsi heure burua;

edo —ez leherrarazteko guztiz esapide gaixoa,

honela esetsiz— ni naun erakutsiko zorotzat.

            OFELIA

Jauna, beti mintzatu zait maitasun-kontu

guztiz era prestuan.

            POLONIO

Prestua, horixe prestua; ari, ari.

            OFELIA

Bai eta bermea eman ere bere solasari, jauna,

zeruko zin kutun guzti-guztiez ia.

            POLONIO

Zera, zozoak harrapatzeko arteak. Ongi zakinat,

odola irazekia egonik, zeinen naro dizkion arimak

zin gartsuak eragiten mihiari. Lama horiek, alaba,

argi gehiago emanki bero baino, bi-biez itzaliak

beren agintzan berean, hura egiten ari deneantxe,

ez ditun sutzat hartu behar. Hemendik aurrera

zikoitz-antza joka heure dontzeila-presentziaz;

jarri elkarretaratzeoi prezio garestiagoa

mintzaldirako agindu soila baino. Printzeari dagokionez,

emaion hik hainbat sineste, nola baita hura gazte

eta brida-uhal laxoagoz baitaiteke ibil

hiri eman dakinakeena baino. Hots, Ofelia,

ez sinetsi haren zin-agintzak; artekari baitira,

kanpo-jantziz erakusten dutenarena gabe,

nabarmenkeriaren erregutzaile huts, hortxe,

estalgile jainko-kartsu batzuen gisa xuxurlaka,

hobekienik limurtzeko. Hara, behin betiko:

ez niken nahi, lau-lau esateko, aurrerantzean

hik heure aisia-unerik batere laidoztatzerik

hitz eta solasbide emanik Hamlet printzeari.

Jaramon egin, zintzo, horri. Ea, erdu.

            OFELIA

Men egingo dut, jauna.

 

Badoaz.

 

 

I.iv

 

hamlet, Horazio eta Martzelo sartzen dira.

 

            HAMLET

Gogor ausikitzen dik haizeak; hotz ere hotz duk.

            HORAZIO

Izotz-giro zorrotza dugu, bai, gaueon.

            HAMLET

Zer ordu dugu?

            HORAZIO

Hamabiak jotzeko, ustez.

            MARTZELO

Ez, joak dira.

            HORAZIO

Dagoeneko? Ez dut entzun jotzen.

Hortaz, hurbiltzen ari da tenorea

mamuak bere ibilia egin izan ohi duena.

 

Turuta-joaldi bat eta bi kanoi-danbada.

 

Zer esan nahi du horrek, jauna?

            HAMLET

Gau-pasa egiten ari duk errege, topaka,

parrandan jo eta su, dantza-zalaparta bizian;

eta Rin-eko ardotik tragoa jotzen duen aldiro,

atabal-turutak arrantzaka hasten dituk

zurrutaldiari aupaka.

            HORAZIO

Ohitura al da?

            HAMLET

Bai, alajainena,

baina, ene aburuz, nahiz jatorriz hemengo naizen

eta sortzetik egina ekandu horretara, hobeki zaiok

ohitura horri ohore egiten hautsiz ezen ez eutsiz.

 

mamua sartzen da.

 

            HORAZIO

Horra, jauna, hor dator!

            HAMLET

Aingeru zaindari zerukoek gaitzatela anpara!

Onezko izpiritu izan zein iratxo madarikatu,

zeruko haize gozo ekarle zein infernuko zafrada,

hire asmoak makur izan zein onbera,

hain heldu haiz hi itxura itaungarrian

ezen mintzatu behar bainatzaik. Hamlet deituko diat,

errege, aita, daniarren goren. Oi, erantzuidak!

Ezjakintasunez lehertzen utzi gabe, esadak, esan,

zergatik hire hezur eraz ehortziok, herioren hesipe,

beren hiljantziak dituzten urratu; zergatik hilobiak,

zeinean hilotz zurrun etzana ikusi baihindugun,

marmolezkobere ahutz astunak ireki dituen,

hi kanpora iraizteko atzera. Zer esan nahi ote du

hi, gorputz hil hori, ostera ere altzairu osoz

berragertzea honela ilargiaren ñirñirretara,

izu larriz betez gaua, eta guri, naturaren jostailu,

honen lazgarriro inarrosiz bihotz-aldartea

arimon helmenetik haraindiko gogoetaz?

Esak, zer dela eta? Zertarako? Zer genuke egiteko?

 

mamuak keinu egiten dio hamleti.

 

            HORAZIO

Keinu egiten dio berorri berekin joateko,

isilmandaturen bat balu bezala

berorri bakarrik esatekoa.

            MARTZELO

Horra nolako adeitasunez dion berorri

txoko apartatuago batera egiten gonbit:

ez bedi joan, baina, berarekin.

            HORAZIO

Ez, ez joan inola ere.

            HAMLET

Ez dik hitz egin nahi; hortaz, berarekin joango nauk.

            HORAZIO

Ez joan, jauna.

            HAMLET

Zeren beldur izan behar dut, ordea?

Ez zaukaat bizia orratz baten balioan;

arimari dagokionez, berriz, zer egin diezaioke horrek,

bera bezain hilezkor izanik hura?

Keinuz ari zait ostera ere: berarekin noa.

            HORAZIO

Eta uretara limur baleza berori, jauna?,

edo bere oinarritik itsasorantz konkortzen den

harkaitz-labarraren gailur ikaragarrira,

eta, han beste itxura ikaragarri bat harturik,

arrazoimenaren indar eta ahalaz gabetu, eta

eromenera eraman berori? Hausnar beza kontua.

            HAMLET

Keinuz ari zaidak oraino ere.

Segi; banoak hirekin.

            MARTZELO

Ez luke joan behar, jauna.

            HAMLET

Kendu hortik eskuok.

            HORAZIO

Zentza bedi berori; ez du zuhur joatea.

            HAMLET

Deiadar dagi ene patuak,

eta horrek gorputz honetako arteria koxkor bakoitza

Nemeako lehoiaren zaina bezain gotortzen du.

Oraino hoska ari zait, horra. Aska nazazue, jaunok.

Ala zerua!, mamu artera doake tenk degidana!

Kentzeko, bada, ene paretik! —Segi; banoak higana.

 

Badoaz mamua eta hamlet.

 

            HORAZIO

Bere senetik ateratzen dute irudikeriok.

            MARTZELO

Jarrai gakizkion; ez da komeni men egitea.

            HORAZIO

Goazen, bai, atzetik. Zer ote zaigu helduko?

            MARTZELO

Zerbait usteldurik dago daniarron herrian.

            HORAZIO

Zeruak du zuzenduko.

            MARTZELO

Ez, bada, jarrai gakizkion.

 

Badoaz.

 

 

I.v

 

mamua eta hamlet sartzen dira.

 

            HAMLET

Nora naramak? Esan; ez nauk harago joango.

            MAMUA

Adi niri.

            HAMLET

Guztiz adi.

            MAMUA

Ia heldu zait ordua,

sufrezko gar oinazetsuetara

neure burua eman beharrekoa.

            HAMLET

Aiei, mamu gaixoa!

            MAMUA

Ez errukitu, baizik buru-belarri entzun

agertuko diadana.

            HAMLET

Esan; prest-prest naukak entzuteko.

            MAMUA

Baita mendekua hartzeko ere, entzun dezaanean.

            HAMLET

Zer?

            MAMUA

Hire aitaren izpiritua nauk, epe batez

herrari ibiltzera kondenatua gauaz,

eta sutan barau egitera egunaz, harik eta

neure mundualdian eginiko itsuskeriak

guztiz erre eta purgatu arte. Ez izatera debeku

nagoen espetxeko sekretuez mintzatzea,

banikek kontakizun bat zeinaren hitzik arinenak

hire arima bailuke erdiratuko, odol gazte hori izoztu,

begi biok, izar antzo, beren esferetatik jauzarazi,

hire xerlo dotore izurtuok bereizi

eta banakako ile bakoitza tente laztu,

arantzurde larrituaren zirien gisara.

Baina aldarri eternal hori ez duk haizu

haragi-odolezko belarrientzat. Entzun, oi, entzun!

Inoiz maite izan baduk heure aita laztana...

            HAMLET

Jainko maitea!

            MAMUA

Mendeka ezak haren hilketa doilor-ezaina.

            HAMLET

Hilketa!

            MAMUA

Guztiz doilorra hilketa, hala denez onenean,

baina doilorrago hauxe, naturaz beste ezaina.

            HAMLET

Ea bizkor jakinarazi, hala nik, hego hain arinez

nola gogoetak edo maitasun-oldeak,

lehia nadin mendekura.

            MAMUA

Trebe kausitzen haut;

eta soraioago hintzateke Leteo ibai ertzean

lasai sustraiturik dagoen belar gizena baino,

zirkinik ez bahegi horren aurrean. Entzun, bada, Hamlet.

Zabaldu zuan ezen, neure baratzean lo nengoela,

suge batek ninduela ausiki. Hala duk Danimarka osoa,

azpikeriaz estalirik horrenbestez ene heriotza,

itsuski engainatua agitu. Jakik, baina, seme jator hori:

hire aitaren biziari ausiki egin zion sugeak

haren koroa zaramak orain.

            HAMLET

Iragarle nuen, haatik, arima! Ene osaba!

            MAMUA

Ai, piztia intzestu-egile, ezkon-nahasle horrek,

antzezko sorginkeriaz, saldukeriazko dohainez

—Oi antze eta dohainon makurra, indarra baitute

inor hala limurtzeko!— bere irrits laidotsura zuen erakarri

ene erregina itxuraz hain onbidetsuaren gogoa.

Oi, Hamlet, nolako bidegaltzea! Nigandik

—halako duintasun beteko bihotza bainion

non beti eskutik baitzihoan maitasun hori

ezkontzako zin-agintzarekin—, zer, eta hala hondoratzeko

berezko dohainez ene aldean guztiz eskas zen

miserable batengana.

Baina bertutea nola ez den beretik mugitzen,

nahiz lizunkeriak zeru-itxura pean gorteiatu,

hala irritsa, aingeru distirant bati loturik ere,

berdin ase litekek ohe zerutiar batean

eta zaborretik bapo gizendu.

Baina hago: goizaren urrina zatorkidak;

labur behar diat. Neure baratzean lo ni,

hala izan baitut ohitura beti arratsaldean,

hantxe patxadan nengoelarik, hire osaba zuan

zuku zitaletik flasko bat eskuan hara limurtu,

eta ene belarrien atarietan zian isuri

legen-ur edentsua, zeinaren eragina

hain baitzaio etsai giza odolari

non zilarbizia bezain bizkor baita barrentzen

gorputzaren ate eta ibilbide naturaletatik,

eta tupusteko indarrez baitu mintzen

eta gatzatzen, esnetan gatzagi tantek nola,

odol mehe osasuntsua. Hala zian enea mindu;

eta bat-bateko heldeak zian pikortatu,

soraio-itxura betean, zarakar higuingarriz,

ene gorputz leun osoa.

Hala nindian ni, lotan, anaia baten eskuak

biziaz, koroaz, erreginaz, bet-betan peitu,

neure bekatuaren lore-loretan ebakia,

elizakorik, prestaketarik, oliodurarik gabe,

aitorpenik egiteke, nengoen-nengoenean igorria,

neure huts guztien zamarekin, kontu ematera.

Oi lazgarria! Oi lazgarria!, lazgarri ezinagoa!

Barrenik baduk heure baitan, ez jasan halakorik;

ez utzi Danimarkako errege-ohea izan dadin

lizunkeriaren eta intzestu ezainaren etzalekua.

Baina, egiten duana egiten duala hori lortzeko,

ez zikindu pentsamendua, eta ez xedatu arima

heure amaren aurka batere: utz ezak zeruaren

eta bular barnean dauzkan arantzon esku,

haiek dezaten eztenka. Adio, seme, bertatik!

Ipurtargiak hurbil iragartzen dik goiza,

zurbiltzen hasia baitu bere su ilauna:

Adio, adio, Hamlet. Gogora hadi nitaz.

 

Badoa.

 

            HAMLET

Oi zeru-oste guztiok! Oi lur! Zer besterik?

Infernua dut gehituko? Utikan! Eutsi, eutsi, bihotz;

Eta zuek, ene zainok, ez zaitezte bertan zahartu,

baizik tinko nazazue atxiki. Hitaz gogoratu!

Bai horixe, mamu gaixoa: oroimenak lekurik dueno

buru-krosko nahasi honetan. Hitaz gogoratu!

Bai noski: neure oroimenaren taulatik ditiat

arrunkeria funsgabe guztiak ezabatuko,

liburu-aipu oro, irudi, inpresio iragan oro,

gaztetasunak eta oharmenak hara jasoak;

eta hire agindua duk soil-soilik biziko

ene garunaren liburu eskerga horretan,

txikikeriokin nahasteke. Bai, zerua lekuko!

Oi emakumearen makurra!

Oi bilaua, bilau irribarretsu, ez besteko bilaua!

Idaztaulak, idaztaulak: behar dut oharra jaso nola

batek irribarre egin dezakeen zabal, eta bilau bat izan;

behinik behin hala dateke noski Danimarkan.

 

Idazten dihardu.

 

Horratx, osaba, zurekikoa. Orain, hitzari men;

hots: «Adio, adio! Oroit hadi nitaz.»

Hala dut zin egin.

martzelo eta horazio (barruan)

Jauna, jauna!

            MARTZELO

Hamlet gure printzea!

            HORAZIO

Zeruak anpara dezala.

            MARTZELO

Hala biz.

            HORAZIO

Uhu, ei, ei, jauna!

            HAMLET

Uhu, ei, ei, motell! Hona, txori, hona.

            MARTZELO

Zertan gara, ene jaun noblea?

            HORAZIO

Zer berri, ene jauna?

            HAMLET

Oi, miragarria!

            HORAZIO

Jaun ona, konta beza.

            HAMLET

Ez; zabalduko duzue eta.

            HORAZIO

Ez nik, jauna, zerua lekuko.

            MARTZELO

Ezta nik ere, jauna.

            HAMLET

Hara, bada. Otu ote lekioke egundo inori...?

Baina gordeko al duzue isilean?

            HORAZIO eta MARTZELO

Bai, jauna, zerua lekuko.

            HAMLET

Ez da bilau alerik bizi Danimarka guztian

doilor galanta ez denik.

            HORAZIO

Ez da behar, jauna, mamurik etor dadin hilobitik

hori kontatzera guri.

            HAMLET

Arrazoia, bai; arrazoia.

Beraz, inolako zeremonia gehiagorik gabe,

egoki deritzot elkarri eskua emanik banantzeari: zuek,

zeuen egiteko eta desirek xedatzen dizuetenera;

zeren gizaki orok baitu egitekorik eta desirarik,

direnak direla; neure alde xumetik, berriz,

hara, otoitz egitera noa.

            HORAZIO

Neurririk eta taxurik gabekoak dira solasok, jauna.

            HAMLET

Damu dut, bihotz-bihotzez, iraindu bazaituztete;

bihotz-bihotzez, alafede.

            HORAZIO

Ez da irainik, jauna.

            HAMLET

Bai, ala san Patrizio, badenez, Horazio, eta galanta,

iraina. Horrako ikuskari horri dagokionez:

mamu zintzoa da, hara, sinestazue horrenbeste.

Haren eta bion arteko kontuez, berriz, egizue modu

zeuen jakingura menderatzeko. Eta orain, adiskideok,

adiskide, eskoladun eta soldadu zareten aldetik,

onar iezadazue eskaera xume bat.

            HORAZIO

Esan zer den, jauna,

eta beteko dugu.

            HAMLET

Ez inori sekula jakitera eman gaueon ikusi duzuena.

            HORAZIO eta MARTZELO

Jauna, ez dugu emango.

            HAMLET

Hala ere, zin egizue.

            HORAZIO

Ala fede, jauna, nik ezetz.

            MARTZELO

Ezta nik ere, jauna, ala fede.

            HAMLET

Ene ezpataren gainean.

            MARTZELO

Zin egin dugu, jauna, dagoeneko.

            HAMLET

Hortxe, ene ezpataren gainean hortxe.

            mamua (taulapetik oihuz)

Zin egin!

            HAMLET

Hara, hara, hi al haiz hala mintzo?

Hor al haiz, txintxo hori?

Ea. Entzun duzue sotoko horrek zer dioen.

Arren zin egin bertan.

            HORAZIO

Proposatu juramentua, jauna.

            HAMLET

Sekula ez hitz egitea ikusi duzuen horretaz,

egizue ene ezpataren gainean zin.

            MAMUA

Zin egin!

 

Zin egiten dute.

 

            HAMLET

Hic et ubique? Orduan lekuz aldatuko gara.

Erdu hona, jaunok,

eta pausatu eskuok ene ezpataren gainean.

Sekula ez hitz egitea aditu duzuen horretaz,

egizue ene ezpataren gainean zin.

            MAMUA

Zin egin!

 

Zin egiten dute.

 

            HAMLET

Ongi esana, sator zaharra.

Hain bizkor mugitzen al haiz lurpean?

Aztarrikari iaioa! Lekutu ostera ere, adiskideok.

            HORAZIO

Oi eguna eta gaua, ala baita hau mirarizko arrotz!

            HAMLET

Egiok, beraz, arrotz bati bezala ongi etorri.

Gauza gehiago zagok zeru-lurretan, Horazio,

giza filosofiak amesturikoak baino. Baina erdu, ea:

hemen lehen bezala, sekula, grazia lagun duzuela,

zeinahi ere arrotz edo bitxi datekeen ene portaera

—aurrerantzean menturaz otuko baitzait

komeni zaidala zelebrearena egitea—

ez duzuela zuek halakoetan, sekula ere,

besoak antxumatuz honela, edo honela buruari eraginez,

edo esaldi badaezpadakoren bat ebakiz —hala nola

«Tira, guk badakigu», edo «Nahi izatera, guk», edo

«Hitz egiten hasiko bagina», edo«Libre izatera, batzuek»,

edo beste erdi-esanen bat halakoa—, erakustera utziko

deusik dakizuenik nitaz. Halakorik ez inola egitea,

zeruko grazia estualdian babes eta lagun duzuela,

egizue zin.

            MAMUA

Zin egin!

 

Zin egiten dute.

 

            HAMLET

Har ezak atseden, izpiritu aztoratua! Beraz, jaunok,

ene bihotz oso-osoz zuei nago; eta zer ere

Hamlet honek bere eskasean egin baitezake

zuenganako estimu eta adiskidantza adierazteko,

Jainkoa lagun, ez zaizue faltako. Sar gaitezen batera,

eta eduki beti hatza ezpainean gurutze, otoi.

Mundua zaigu errotik irten. Ene tamala liskarrez:

patu gaitzean nintzen ni sortu atzera jartzeko artez!

Ea, goazen elkarrekin.

 

Badoaz.

 

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Juan Garzia Garmendia

 

 

"William Shakespeare / Hamlet" orrialde nagusia