HITZAURREA

 

        Hau Hamlet da. Shakespearerena.

        Ausardia litzateke, euskal itzultzailearen aldetik, zerbait berria erantsi nahi izatea autoreari edo obrari buruz. Bestek esanaren sintesi bat saiatzea ere eginbide zaila da: elemenia gauza esan eta idatzi da, eta askotariko, gehiegitarikoak apika. Hitzak, hitzak, hitzak: hori ere Shakespeareren beraren testuan dago, Hamletek berak esana.

        Ez baita, haatik, bakarra Hamleteko Hamlet hori: askatu egin zen pertsonaia aspaldi testuaren mugetatik, eta mito unibertsalen errepertorioan du geroztik bizileku. Hori ere zabalegia zaio hitzaurre honi. Hala, bete-betean ezinezkoa dela jakinik ere, testu hutseko Hamlet zehatzagora gonbidatu nahi luke irakurlea. Pertsonaiaren mitifikazioa, haren interpretazioak eta are ospea bera, ahantzirik ez bada, alde batera utzirik bederen apur batez.

        Izan ere, pertsonaia dramatiko oro bezala, bere hitz eta ekintzen batura baino ez da Hamlet. Haren pentsamenduak, hitz-ekintzotatik atera behar ditugu. Eta ezin gaitezke ziur egon zuzena ote den gure interpretazioa. Ezta pertsonaia bere buruarekin bakarka ari denean ere: nork berma diezaguke ez duela bere burua engainatzen halako bakarrizketa sarrietan? Izan ala ez izan (eta are izan eta ez izan, batera): ez da zer harriturik, gero, zatietatik osotasunera, guztia edo gehiena gertatzen bazaigu interpretazio bakar segurura ekarri ezina. Eta are pertsonaiak ez badirudi —edo ez bada— beti pertsona bera. Hamlet, bereziki. Besteak beste, eta aldaketak aldaketa, ez baita erraza bereizten noiz hala den, izan, eta noiz itxura egiten ari den soilik. Eta ez zoroarena egiten duenean bakarrik. Kasurako: antzerki egiten ari deneantxe ez ote da ari serioen? Eta, horretaz gero, nork esan du antzerkia, tragedia zein komedia, serioa ez denik, bestela ere?

        Ez fidatu, ez: pertsonaien hitz eta ekintzak baino ez dituzu. Eta zer nahi zenuen, bada: zer duzu, antzerkian bezala, bizitzan ere? Fikzio fikziozkoagoek baino ez dizute emango pertsonaiaren erretratu fidagarriagorik: beste norbaiten interpretaziotik iraganik, noski, eta, funtsean, autorearenetik. Autorearengan sinetsiz gero, egiazkotzat jo dezakegu hark dioskuna (gezur ez bada artifizioa), baina autorearen berri ematen digu horrek (pertsonaiaren pentsamenduez pentsatzen duena, nolabait esateko), eta ez du fidelago biltzen pertsonaia bera: hura, berriro esan dezagun, bere hitzak eta ekintzak da. Bere aktuazioa da, hain zuzen, pertsona(ia).

        Kontuak kontu, antzerkian eta bizitzan, pertsonaia interesgarria ez da pieza batekoa. Hamlet ere, eta berdin Hamlet, pieza askoren puzzlea da (ohikoagoa da hori bizitzan antzerkian baino, antzerkiaren kalterako). Genero eta erregistro guztien bildumatzat jo izan da beti obra hau, summa dramatikotzat. Pertsonaia, berriz, patu tragiko eta guzti, marroka jolasten ari ote den pentsa liteke; beste pertsonaiekin, eta gurekin ere bai. Esanez bezala: ez nauzue harrapatuko; atzeman nauzuela uste duzuenean, beste nonbaitetik irtengo naiz. Are: aldakortasun atzemangaitz hori izango naiz (zu bezala). Hamlet.

        Beste ikuspegi batetik, baina aldakortasun horrekin zeharo loturik, esan liteke kontzientziaren zalantza dela Hamleten drama. Eta kontzientzia hitza bietara hartu behar da hor: oharmena, batetik (objektiboaren eta subjektiboaren arteko lotura), eta zentzu morala, bestetik (norberaren jokabidearen barne-epailea).

        Gauzak konplikatzeko —eta ez antzerkian bakarrik—, inoren jokabide moralak moralki epaitzeko, haietaz ohartu behar genuke aurretiaz, eta hor ezin aurkitu objektibotasunaren sostengurik.

        Lehenbiziko zalantza, beraz, jokabidea erabakitzeko kinkan, ez da erabakiari berari buruzkoa, datuei buruzkoa baizik. Halaxe Hamletena.

        Bigarrena, berriz, gure barne-ahotsa (gure mamu zein ispiluko irudiena, alegia) fidagarri ote zaigun.

        Hala, Hamletek ere, bere buruarekiko ispilu jokoetan galtzea gora-behera, mamua bederen —kanpotikoa izaki objektiboagoa irudi— zinezkoa ote den jakin nahi du, eta dirudien hura ote den (parte txarrekoa ala onekoa; hots, Hamletentzat, beraren aitaren izpiritua denentz benetan).

        Jakina, kontzientziaren zalantza horrek ez du jotzen tragediaren hari nagusia soilik, guzti-guztia baino. Hamletek maite zuen eta ez zuen maite Ofelia; eta maite izan hori, objektibatzeko orduan, hitz bat baino ez da, berritsu zein mutu.

        Hala, ez da harritzekoa Hamlet izatea bere buruarekin gehien hitz egiten duen pertsonaia (kontzientziarik zabalena, tradizio kritikoak azpimarratzen duenez) eta, aldi berean, ondorio baliagarri gutxien ateratzen duena. Kontzientziarik blokeatuena, alegia, bere inertziaz, ekintzarako bederen. Azkenean zerbait egiten duenean ere, pasiboa da jokabidea: patuak berarengan obratzea onartzen du, berak deliberatuki zirt edo zart ekitea baino. Kontzientziak ekintzarako desbaliatzen gaituela ere atera daiteke noski hortik, eta ez dabil hortik urruti modernitatearen pathosa: ekintzarik gabeko kontzientzia ala kontzientziarik gabeko ekintza, horra auzia.

        Halako paraderoan, ulergaitz gerta liteke azken-azkenean Hamletek ageri duen kezka bakarra bere izen onari buruzkoa izatea. Hori ere, ordea, antzinako heroi tragikoen legea bezain, bizitza taigabe literaturizatzera garamatzan bulkada betierekoaren isla da noski: galduak galdu eta etsiak etsi, gure bertsioak iraun dezala (Fortinbras da kontrafigura, eta hark ere berea du: gudari-ohoreak emango dizkio Hamleti).

        Libre da, hala ere, Hamleten irakurlea —edo ikus-entzulea, antzezte konkretuak uzten dion neurrian— garaien gainetiko hausnarbide sotilotan barrentzeko, hala nahi izatera, edo eta Shakespearerentzat ere primitibo, arkaikoa zen garai bateko odol-kondaira ikaragarrian laketzeko, besterik gabe. Bi hartzaile mota horientzako zein guztientzako, bada bazka, orduan eta orain, eta mekanismo dramatikoak ederki funtzionatzen du edonola ere.

        Aurki liteke inkoherentziaren bat, objektiboa kasu batzuetan, testuan (ganadua dira erduditoak, gero, horretarako!), baina horrek ez dio kalterik egiten emozio-kateari, eta bai mesede, kasuren batean: ikusleek, sinple zein sofistikatuek, badakite zeren bila doazen antzerkira, eta ia edozer barkatzen dute horren truke. Eta aktoreek ere beti jakin dute noski zer nahi duten eta zergatik (zeinek bere arrazoia duela): galdetu, bestela, eta Hamlet esango dizute guztiek: Hamlet bana.

        Eta itzulpena? Halako testu sakratuaren itzulpena? Hor ere, kontzientzia hutsak behar zukeen ekintza eragotzi: zenbat eta buelta gehiago eman, orduan eta itzultzetik urrunago. Baina hori, aldez edo moldez, gauza guztiekin gertatzen zaigu. Horixe izan, nonbait, gizakion patua: pentsatuagatik, egin egitea hala ere beti zerbait.

        Egina bera dezadan, bada, desenkusa, eta ez egin izana.

        Bat. Hau ez da edizio kritikoa, halakoez baliaturik moldatua baizik. Aukeratu behar izan da, bada, testuaren aldaeretatik hasi eta interpretazio-arazoetaraino. Amaierako oharretan doaz, eranskinean, beste bertsio nagusitik sartzeke geratu direnak.

        Bi. Hizkuntza-ereduaren aldetik, batu estandarra eta koherentzia hausteke, tonu-joko askotarikoak islatzen saiatu da itzultzailea. Konbentzio batzuetan, gogortxo egin dakioke irakurleren bati. Esaterako, tratamendu-sistema (hika/zuka) solas berean aldakorra, hori ere gorde nahi izan baita jatorrizkotik, aldeak alde. Klaudio erregearen «gu» maiestatikoa ere gorde dugu, eta berorikako tratamenduaz ere baliatu gara hala zegokionean. Horretan eta guztian, hautuak ohartuak eta hausnartuak direla beste zuribiderik ezin alega dezake bertsio honen egileak.

        Hiru. Joskerari dagokionez, nabarmena gertatuko zaio inoizka hegoaldeko irakurleari aditzaren sintaxi-jokoa. Iparraldeko joera, hain zuzen —alegia, besteak beste, aditz laguntzailea aurreratzekoa—, ederki egokitzen da jatorrizkoaren joskerarekin eta bilatzen genuen erregistroarekin, eta bide horretatik jo dugu (germaniar kutsu pixka bat ere hartu digu horrenbestez, eta ez dirudi gaizki).

        Lau. Hitz-lau arruntetik neurtitz berezirainoko gradu guztiak aurki baitaitezke obran, ñabartasun hori ere nolabait gordetzen ahalegindu gara. Nagusi den endekasilabo (ianbiko) zuria bere horretan emateari gehitxo iritzirik, neurri erregularrik gabeko tirada hala ere bertso-taxuzkoetan eman ditugu halako pasarteak, tonuz ere aski bereizten direlakoan prosaikoagoetatik. Dena dela, eutsi egin diegu eszena-erremateetako pareatu sarriei, lautu dugun neurtizkeraren zantzu gisa, 5/5//8 neurrira egokiturik. Barne-antzezpenaren kasuan, berriz, pareatu-katezko moldea gorde dugu, 11/10 neurrian, desberdintasuna markatu beharrez. Zuzen asmatu dugun gora-behera, bistakoa zen, guretzat, guztia prosa estandarrez ematea traizio latza zatekeela.

        Han-hemenkako moldaera, egokitzapen eta are asmazioez ere luze mintza gintezke, baina ez dirudi hauxe denik lekua, eta dagoeneko zain dauzkagu, gainera, antzezleak, pertsonaiak, Elsinoreko gizaki-mamuak, eta haiena da txanda.

        Azken hitza, hala ere, beste izpiritu biren gomutaz; alegia, aurretik, eta orduko baldintza kaxkarragoetan, Hamlet hau bera, zeinek bere erara, bikain euskaratu zuten aitzindarien gorazarrez: Ametzaga'tar Bingen (1952) eta Larrakoetxea'tar Bedita (1976). Haienetatik hona aurrerabiderik bada, euskararena berarena da, eta itzulpen-kulturarena, eta ez itzultzaile honena noski: zer ez lukete egingo gure zaharragook, gure lotsagarri, oraintxe gure artean baleude!

Juan Garzia Garmendia

 

 

 

© Juan Garzia Garmendia

 

 

"William Shakespeare / Hamlet" orrialde nagusia