HITZAURREA

 

Marcel Schwob-en alegiazko bideak

       

        Bernardo Atxagaren Etiopia liburuan aurkitu nuen, seguruenik, aurreneko aldiz Marcel Schwob izena. Mundu klasikoa sakon ezagutuz eta miretsiz soilik idatz zitekeen liburua irakurri nion handik urte batzuetara: Mimoak (Baroja, 1985). Schwob-en liburuko Antzinaroa ez zen guregandik urruna gertatzen. Aitzitik, gure garaiko aldarrien eta urduritasunaren oihartzunak ziruditen hango istorioek. Geroxeago argitaratu zuen Pamielak Urrezko maskaradun erregea (1987). Ordurako, irakurria nuen Schwob-en Vies imaginaires liburu ospetsua, orain Juan Garziak euskaraz plazaratzen diguna.

        Ez nioke idazleari berea ukatuko, esango banu hiru pasio nagusitara errenditu zela bere mundualdi (1867-1905) labur bezain emankorrean: Antzinaroko hizkuntzen esparruan erudizio-gizona izatera iritsi zen (Filologia klasikoetan eta Ekialdeko hizkuntzetan doktoregoa lortu zuen Sorbonako Unibertsitatean); Erdi Aroak ere urte asko ostu zizkion: François Villon-en poesiari eta munduari hamar urte eskaini ondoren, amaitu gabe gelditu zen lana; baina, beste ezeren gainetik, idazle da Schwob, ipuinlari dotore eta prosa poetikoaren maisu. Greko-paleografia lanetan, latinezko testuetan eta Erdi Aroko historiaren zimurretan zaildutako eruditoa, irudimena, ametsa eta edertasuna lantzen zituzten ipuin eta istorio poetikoen idazle bihurtu zen bere literatur lanetan: Coeur double (1891), Mimes (1893), Le roi au masque d'or (1893), Livre de Movelle (1894), La croisade des enfants (1896) eta Vies imaginaires (1896).

        Mallarmé poeta sinbolistaren itzalpean antolatutako hizketaldietan biltzen zen asteartero beste idazle eta artista askorekin: Pierre Louis, Léon-Paul Fargue, André Gide, Paul Valéry, Paul Claudel, Rémy de Gourmont... Ordurako Paul Verlain-en Poètes maudits (1883) kultuko liburua zen, eta ez zuen eragin makalagoa izan Huysmans-en A rebours (1884) eleberriak. Huysmans-en liburuak errealismoaren agortze eta nekearen testigantza nabarmena eskaini zuen. Zolaren inguruan famatutako «naturalismo»ak bizitzaren alderdirik arrunt eta hutsalenetan jarria zuen arreta: pertsonaiaren istorio berezia inguruaren indar ezkutuen artean itota gelditzea ekarri zuen gizartearen bilakaera zientifikoki azaldu beharrak. Flaubert-en L'Education sentimentale (1869) eleberriaren garapen eta ondorio baino ez zen prozesua. Flaubert-en liburuan erabat desagertu da intriga, desagertu da abentura: ez da istoriorik kontatzen.

        Sinbolismoaren ikuspegi artistikoak bizkarra emana zien ordurako hala Zolak famatu zuen «naturalismo»ari nola Frantziako nobelagintzan nagusi ziren beste errealismo edo psikologismoaren joerei. Egoera horretan, gogoeta hauxe jaso zuen Jules Renard-ek bere Journal-ean: «Akabo, eleberri moldea». Bi urte geroago pasadizo hau jaso zuen: «Bart arratsean, Schwob eta biok, etsi gaiztoak harturik geunden, eta une batez egon naiz ez ote genuen leihotik hegan ospa egin behar saguzar biren gisa. Ezin dugu egin ez eleberririk, ez kazetaritzarik». Jakina, «fin de siècle» delako belaunaldi sinbolistaren espirituari higuingarriak gertatu behar zitzaizkion Frantziako nobelaren norabidea zein gizartea bera. Gauzak horrela, ihesbidea zuten —onenean ere— irteera duinena: beste paraje jasoago batzuetara bidaiatuz (Baudelaire-n «L'invitacion au voyage»), edo ametsaren eta drogen bidez, edo arteaz baliatuz. Asper malenkoniatsuari ihes egiteko modua da artea.

        Urte horietan —gaur egun ezagutzen zaion taxu eta forma modernoa 1890eko hamarraldian hartu zuen ipuinaren generoak— Marcel Schwob-en hautua garbia izan zen oso: utzi atzean errealismoaren eta eleberriaren inguruko eztabaida antzua, eta Daniel Defoe eta Robert Louis Stevenson ordezkari lituzkeen Ingalaterrako abenturazko istorioen tradiziora egin zuen jauzi. Lehenengoaren Moll Flanders nobela itzuli zuen, eta Altxor Uhartea-ren egilea miretsi. Fabulaziorako alaitasunaren eta irudimen biziaren uztarketa liluragarriak errenditu zuen Stevensonengana. Poe-ren sasoitik ahaztuxe ziren magia, fantastikotasuna eta emozio poetikoa —erromantikoagoa edo idealagoa— lortu nahi izan zuten Villiers de L'Isle-Adam-en Contes cruels edo Marcel Schwob-en Bizi alegiazkoak ipuin liburuek. Narrazio poetikoan maisu izan zen Schowb, labur zein luzeagoan.

        1935ean Historia mundial de la infamia idaztean, Schwob-en Bizi alegiazkoak hau izan zuen Borgesek eredu edo iturri nagusienetako bat, gerora berak aitortua eta ondo nabarmena. Shwob-ek bere biografia bereziotan aplikatu nahi duen literatur ikuspegi eta jokabidea, berak digu ongienik azaltzen Atarikoan, eta, bide batez, ordura arte antzeko saioa egina zuten idazleen poetikarekin alderatzen berea. Hemendik aurrerakoan, bada, berak du zuzenean hitza.

       

Iñaki Aldekoa Beitia

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Bizi alegiazkoak" orrialde nagusia