Bi hilabete baino gehiago pasatu dira setioa hasi zenetik, eta hiru azken soldata ordaindu zenetik. Gauza handiak espero izan zituen On Afonso Henriquesek, bere unean jakin genuenez, Henrique zaldunaren ingeniaritza militarrari buruzko jakintzetatik, baita izenik gabeko frantziar eta normandiarrenetatik ere, baina gizon sainduaren heriotza zoritxarrekoak, beste hainbat mirakuluren ama izanik ere, eta Porta de Ferroko hego harresiaren aurka eraso behar zuen dorrearen sunsitzeak ekarri zuten jende guztiaren grina belikoa su bizitik su geldora pasatzea, eta hori erraz antzeman daiteke ikusten denean atzerritarren lana oso atzeratuta dagoela eta zurgin-maisu portugaldarrek eztabaida amaitezinetan alferrik galtzen dutela denbora, ezin adostu dezaketela ea hobe ote den alemaniarraren obra errepikatzea, berdin-berdin, patentea errespetatuz, edo egiturazko aldaketak sartzea, nolabait esan, dorreari ukitu nazional bat emango lioketenak. Bi arrazoik sendotu zuten erregearen esperantza, eta bata bestearen ondorio zuzena zen, honako hauek ziren, lehen arrazoia, erasoa ongi ateraz gero, hiria irabaziko zutela, eta beraz, bigarren arrazoia, osteak lizentziatu ahalko zituela, etxera bidali, hurrengo kanpainara arte, soldata oso bat aurreztuz. On Afonso diruzaintza arazoak ez ezkutatzeko bezain zintzoa izan zen, eta honek bere alde hitz egiten zuen, lañotasuna eta argitasuna ez baitira munduko agintari guztiak, gureak alde batera utzi gabe, apaindu ohi dituzten kualitateak. Baina politikan modu honetan egoteak ez du inoiz merezi duen ordea erdiesten, eta orain hemen daukaguna da ezin eskuratu duen Lisboa hiri desiratua begi aurrean duen errege bat, gainera diru kutxaren hondoa harraskatu behar duena berantentsia eta marmarka dabilen armadari zor zaiona ordaindu ahal izateko. Egia da hau ez dela koroa bere ordainketetan atzeratzen den lehen aldia, are eta gehiago gerra egoeran egonik, pentsa dezagun honelako gatazka batek dakartzan gorabeherak, diru-bilketa, garraioa, trukeen arazoa, hauen guztien batuketak ekartzen duena da kutxa deitzen dugun hori beti berandu egitea, desorduan, eta ez da hain arraroa gehienezko zoritxarraren kasua gertatzea, zeinean soldadua soldata jaso baino lehen hiltzen baita, batzuetan minutu gutxiko tartearengatik.

        On Afonso Henriquesek dirua egun batzuk lehenago lortu izan balu, setio honetako historia beste bat zatekeen, ez bere bukaera ezagunaren aldetik, tarteko gertaeren aldetik baizik. Kontua da, denborak aurrera egin ahala, jadanik irailaren erdi aldean geunden, eta inork ez zekielarik ideia bitxia nondik atera zen, soldaduak hasi zirela elkarri esaten ezen, gurutzatuak bezain gizon edo bezain erdi gizon izanik, haiek merezi zuten bezainbeste merezi zutela, eta denok heriotza beraren mehatxupean zeudenez, ordainketa garaia iristen zenean gurutzatuek zeuzkaten eskubide berberak aitortu beharko lizkietetela. Garbi hitz eginda, haiek jakin nahi zutena zen zer bulda-mota zela-ta gurutzatuek edukiko zuten harrapaketarako eskubidea, gehienak lanbide hartaz axolagabetu ziren arren, soldadutxo portugaldarrak bere soldata urriarekin konformatu behar zuen bitartean, atzerritarren olgeta, algara eta ikusgarriaren lekuko soil izanik, poltsiko huts, gainera. Mugimendu eta topaketa hauen oihartzunak kapitainen belarrietara iritsi ziren, baina asmoa hain zen absurdua, hain zihoan idatzizko zein ohiturazko lege eta usadio guztien aurka, ezen erantzun bakarra bizkarra uzkurtze bat izan baitzen, eta iruzkin axolagabe bat, Txikiak dira, eta honekin esan nahi zuten, Ezdeusak dira, garai haietan oraindik ematen zitzaion garrantzia etimologiari, ez da gaur egunean bezala, gaur inori ez zaio ezdeusa deitzen ahal txikia izateagatik, hagitz ñarroa izanik ere, berehala baitator irain-kereila bat, bestela. Badaezpada ere, kapitainek mandatua igorri zioten On Afonso Henriquesi, soldata atzeratuak lehenbailehen kita zitzan, diziplina laxatzen ari zelako eta soldaduak nagikeriatan hasten zirelako sarjentuek erasotzeko agindua ematen zuten bakoitzean, Doala beste hori, dibisak ditu-eta, eta oso esaldi injustua zen, inoiz ez zelako sarjenturik lubakian gelditu erasoa zertan bukatu zain, aurrera egin behar ote zuen ereinotz-koroa jasotzeko edo atzean gelditu behar ote zen iheslari koldarrei errieta egin eta zigorra paratzeko ikusteko zain. Astebete baino gehiago pasatu zenean, iritzi subertsiboak, ahopetik adieraztetik oso urruti, ozen aldarrikatzen zirenean bilera espontaneoetan zein deitutakoetan, azkenik soldata ordainduko zelako berria zabaldu zen. Kapitainek hasperen egin zuten, lasaituruk, baina berehala gelditu ziren arnasarik gabe, kutxetako arduradunek inor ez zela kobratzera joan esan zietenean. Erregearen kanpamentu berean oso-oso jende gutxi joan zen, eta joan zirenak larderiaren ondorioz joan ziren, zeren soldaduak edozein unetan egiten ahal baitzuen topo erregearekin, aurrez aurre, eta honek galdetzen ahal baitzion, Kobratzera joan al zara, eta nondik aterako zuen errekluta herabeak kemena hau erantzuteko, Jakin beza berorren gorentasunak ezetz, gurutzatuen tarifaren arabera ordaintzen ez badidate ez noa berriz gerrara.

        Kapitainen beldurra zen mairuek ez ote zuten igarriko kristauen kanpamentuetan zegoen iskanbila hura guztia, ez ote zuten kristauen arteko anabasa aprobetxatuko bat-bateko irteerak egin bost ateetatik, aldi berean, batzuk itsasoraino bultzatzeko eta besteak gain aldetik amiltzeko. Horregatik, beranduegi baino lehen, deitu zituzten, ez matxino-buruak, izan ere bururik ez zelako, baizik eta besteak baino ozenago mintzatzeagatik gainerakoen aurrean nolabaiteko burutza lortu zuten soldaduak, eta patuak nahi izan zuen Porta de Ferron Mogueime horietako bat izatea, zeren Ouroanarekiko maiteminak ez baitzuen bere ardura zibikoetatik eta taldeko interesak zein interes pertsonal justuen alde ateratzetik apartatzen. Beraz, hiru ordezkari joan ziren kapitainarengana, eta, honek galdetu zielarik, ezagunak diren arrazoiak jakinarazi zizkioten. Mem Ramiresek, bere aldetik, eta uste izatekoa da gainerako kanpamentuetan ere diskurtsoa antzekoa izango zela, aldarri abertzale sutsuenak erabili zituen, eta hauek, berrikuntza baziren ere, ez zituzten soldaduak beren jarrera irmoetatik aldendu, ondoren oihuetatik mehatxuetara pasatu zen, eta hauek ere ez zuten ondoriorik lortu, eta azkenik Mogueime solaskide harturik, Mem Ramiresek deiadar egin zuen, hunkipenak ahotsa blaitzen ziola, Nola da posible zu, Mogueime, konspirazio honetan sartuta egotea, zu, Santaremen nire armakidea izan zinena, zure bizkarrak eta zure garaiera handia utzi zenizkidana nik jaurti ahal izateko zurubia almenetara, gero denok handik igo ahal izateko, eta orain, egun loriatsu hartan jokatu zenuen paper ezin garrantzizkoagoa ahazturik, zure kapitainari esker gaiztoa agertuz, erregearen aurrean esker txarreko azalduz, hor zaude, eskale handinahiekin batera elkarloturik, nola da posible, eta Mogueimek, buruz nahasi gabe, hau baizik ez zuen erantzun, Kapitain jauna, nire bizkarren gainean igo beharrean bazaude ezpataz, eskuez edo zurubiaz Lisboako adarberik altuenera iristeko, nire bizkarrak zureak dira, goazen oraintxe bertan, hala nahi baduzu, baina afera ez da hori, afera da atzerritarrek beste kobratu nahi dugula, eta egin ezazu kontu noraino iristen den gure zuhurtzia, ez bainaiz honaino etorri atzerritarrei guri bezainbeste ordain dakiela eskatzera. Beste bi ordezkariek ere hitzak baieztatu zituzten isilean, halako etorriak ez baitzuen errepikapenik behar, eta elkarrizketa bukatu zen.

        Mem Ramiresek erregearentzako txostena prestatu zuen, funtsean gainerako kapitainek prestatu zutena bezalakoxea zen, iradokitzen zuten, begirune guztiarekin, bere gorentasunak indar armatuen mugimenduaren ordezkari guztiak bere aurrera etortzeko agin zezala, agian erregearen maiestatearen aurrean ausardia gutxiagotu eta gogoa kokilduko zitzaizkielako. On Afonso Henriquesek zalantzak eduki zituen baiezkoa eman aitzin, baina egoera larriagotzen ari zen, mairuak edozein unetan kontura zitezkeen etsaiaren ekimen faltaz, eta, etsiturik, baina haserre hala ere, ordezkariak etor zitezela agindu zuen. Bost ordezkariak dendan sartu zirenean, erregea, taxu itxikoa, beso boteretsuak bular gainean gurutzatuak, agiraka ekin zien amorruz, Ez dakit honaino ekarri zaituzteten oinak mozteko agindu beharko ote nukeen, edo burua mozteko, burutik aterako baitira, hartarainoko kalipua badaukazue, zeuen ausarkeriazko hitzak, eta bere begi sutuak ordezkaririk altuenarengan jarririk zituen, zeina, honez gero igarriko zen bezala, Mogueime baitzen. Ikuskizun ederra izan zen ikustea, ausaz garai inuxente haietan baizik posible ez zen gauza, Mogueimeren irudia are eta handiago nola bihurtu zen, eta nola etorri zitzaion ahotsa garbi hau esateko, Bere gorentasunak gure oinak eta buruak mozteko agintzen badu, bere armada guztia izango da oin eta bururik gabe geldituko dena. On Afonso Henriquesek ez zuen entzuten ari zena sinetsi nahi, herri-infanteriako soldatapeko batek erreibindikatu nahi izatea bere gremioarentzat aitoren semeen zalditeriari baizik ezin aitor dakizkiokeen merezimenduak, zalditeria baita, zalditeria bai, egiazko armada, morroi-jende horrek borroka-zelaiko osteak osatzeko edo, gauden kasuan bezalakoetan, setioetan inguruko gerria ixteko baizik balio ez duen bitartean. Nolanahi ere, eta naturak garai haien inguruabarren araberako nolabaiteko umore senaz hornitu baitzuen, bistan denez, ordezkariaren erantzuna irrigarria iruditu zitzaion, ez hainbeste auziaren mamiari buruzkoan, hori guztiz eztabaidagarria baitzen, erantzunak berarekin zekarren hitz-jokuarengatik baizik. Deitu izan zituen lau kapitainengana bihurtuz, irri-gogozko tonu isekariaz hauxe esan zuen, Herri hau, ikusten denez, gaizki abiatu da, eta gero, adierazpidea aldatuz eta Mogueimeri hobeki erreparatuz, Ezagutzen zaitut, nor zara, Santarem hartu genueneko hartan izan nintzen, jauna, erantzun zuen Mogueimek, hemen dagoen Mem Ramires kapitaina nire bizkar gainean igo zen, Eta horregatik uste al duzu eskubidea duzula hona etortzeko protesta egitera eta zurea ezin izan daitekeena eskatzera, Ez da horregatik, jauna, nire kideek hala nahi izan dutelako baizik, ni, beste hauek bezala, guztien ahotsa eta mihia baizik ez naiz, Eta zer nahi duzue, haiek eta zuk, Berorrek badaki, ene jauna, harrapakinetako zati justua eskuratu nahi dugu, hona bere odola ematera etorri den orok bezala, gure odola, isuri delarik, gurutzatu atzerritarrena bezalakoa da, kolorez, heriotza egokitu eta gure gorputzak usteltzen badira kerua ere eurena bezalakoa da, Eta nik ezetz esaten badut, ez duzuela harrapakinetako zatirik eramango, Orduan, jauna, gelditu direnetatik oraindik bizirik dauden gurutzatu gutxi horiekin hartuko du hiria berorrek, Baina hau matxinada bat da, Arren eskatzen diot berorri horrela ez hartzeko, eta gure izpirituan irabaziren bat badagoela egia izanik ere, pentsa beza berorrek justizia-ekintza dela berdin ordaintzea berdina denari, eta hasieretan dagoen herri hau gaizki abiatuko dela justiziaren arabera abiatzen ez bada, gogoan har beza berorrek jada gure aiton-amonek esaten zutena, ez da oker jaiotzen dena zuzenduko duenik, ez du berorrek nahi izango Portugal oker abiatzea, ez dezala berorrek horrelakorik nahi, Non irakatsi dizute horrela hitz egiten, ezta klerigo nagusia bazina ere, Hitzak, ene jauna, hor daude, airean, edonork har ditzake. On Afonso Henriques, furfuria bareturik, pentsakor gelditu zen eskuin eskua bizarrari atxikia, eta bere begiradan bazegoen halako malenkonia bat, egindako ekintza anitzen gainean zalantzak balitu bezala, baita etorkizunean, eurei aurpegia emateko erakusten zuen bihotzaren neurriaren arabera bera epaitzeko etorriko liratekeen ekintza ezezagunen gainean zalantzak balitu bezala ere, eta halaxe egon zen zenbait minutuz, inor urratzen ausartzen ez zen isiltasunaren erdian, harik eta azkenean hauxe esan zuen arte, Zoazte, gero zuen kapitainek esango dizuete beraiekin hartuko ditudan erabakien berri.

        Jaia izan zen bost kanpamentuetan, herabetasuna galdu baitzen baita Monte da Graçan ere, soldadu-osteak alardean bildurik zeudela, heraldoak etorri zirenean gaztigatzera erregeak mesede egiten ziela soldadu guztiei, graduazio edo antzinatasunean diferentziarik egin gabe, eta aitortzen ziela hiria arpilatzeko eskubidea, aztura eta usadioen arabera, koroari zegozkionak eta gurutzatuei agindu zitzaizkienak alde batera utzita. Aldarriak eta deiadarrak hain izan ziren handiak eta luzeak non mairuak komentzitu baitziren azken erasoaren ordua iritsi zela, erasoa iragarriko zuten aldez aurreko prestakuntzarik antzeman ez zuten arren. Egia esan ez zen horrelakorik izan, baina harresi gainetik kanpamentuetako jarduna ikusi ahal izan zuten, bat-batean bidexka ertzean ipini eta zerbitzatu duten mahaiaren deskubrimenduak asaldatutako xinaurriak bezalakoak ziren, ber bidetik galburu-bizarrak eta ogitarteko papurrak behin eta berriz garraiatzen ibili eta gero. Zurgin-maisuak ordubetean ados jarri ziren, bi ordutan untziolak irakiten ari ziren, galtza bete lan zebiltzalarik pixka bat lehenago pipiak eraikitzen ari ziren dorreak astiro jaten zituen tokian, hitz egiteko modu bat da, izan ere, hilotomoek eta anobioek ez dituztelako egur berdeari aurre egin eta garaitzeko beharko zituzten ebakitzeko eta zulatzeko tresnak, eta hiru ordutan inori bururatu zitzaion ezen, harresi azpitik zulo handi bat eginez, egurrez betez eta sua emanez gero, labe hark emango zuen beroak harriak zabalduaraziko zituela eta junturak beren tokitik jauziaraziko, eta hortaz, Jainkoak pixka bat bultzatzen bazuen, denak lur joko zuela amen esan orduko. Eszeptikoek eta gizakiaren izaeraren gainean beti madarikazioka aritzen direnek murmurikatuko dute hemen, esanez gizon hauek, lehen aberriaren maitasunarekiko soraio eta belaunaldien etorkizunari axolagabe, orain, deabruzko irabazien maitasunaren alde ezin gehiagoan saiatzen direla, eta ez bakarrik gorputz-ariketa gogorrenetan, baizik eta baita arima eta adimenaren goren mailako eragiketa ikusezinetan ere, baina gaineratu beharko da hala pentsatzen dutenak goitik behera engainatuta daudela, zeren han borondateen motorra eta alaitasunaren sorburua areago baitzen denentzako berdina den justizia batek eta norbera eskubide ustelezin eta oso baten jabe egiten duen justizia batek izpirituan beti sorrarazten duen pozaren ondorioa irabazien nahiaren ondorioa baino.

        Kristauen erabaki berri hauekin, urrutitik ere nabarmenki antzematen zirenak, etsiak hartu zuen mairuen gogoa, eta kasurik gehienetan norberaren ahulezia hasiberriaren aurkako borroka beharrezkoan bilatzen bazituzten ere indar berriak, batzuk beldur erreal eta irudizkoei amore eman eta gorputza salbatzen saiatu ziren, beren arima islamikoaren kondenazioa bat-bateko bataio kristauaren bidez bilatuz. Gauaren isilean, bat-batean eginiko sokak erabiliz, harresiak jaitsi zituzten, eta, aldiriko etxeen hondakinetan zein sasietan ezkutaturik, eguna jaio arte itxaron zuten argira ateratzeko. Besoak altxaturik, harresia jaisteko erabilitako soka lepo inguruan jarririk, menpekotasun eta obedientziaren seinale, kanpamenturantz ibili ziren, oihu ozenak eginez, Bataioa, bataioa, ordura arte, beren fedean tinko egon ziren arte, arbuiatu zuten hitz baten bertute salbatzailearekin sinetsirik. Urrutitik, etsi zuten mairu horiek ikusirik, portugaldarrek uste izan zuten hiriaren errendizioa negoziatzera zihoazela, irteteko ateak ez zituztela ireki ikustea eta egoera hauetarako indarrean zegoen protokolo militarrari kasu ez egitea arraroa iruditu zitzaien arren, eta, batez ere, ustezko mezulariei gehiago hurbildu zitzaizkienean, nabarmen gelditu zen, beren arropen zikin eta zarpailtsuarengatik, ez zela nagusi-jendea. Soldaduen furfuria eta sumin eroa nolakoa izan zen azaltzerik ez dago, azkenean ulertu zutenean zer nahi zuten, nahikoa da esatea hura ebakiriko mihi, sudur eta belarrietan, sarraski bat izan zela, eta hori gutxi bailitzan, kolpeka, ukabilkadaka eta irainka itzuliarazi zituzten hirira, horietako batzuek, nork daki, oraindik ere benetan itxaron gabe itxaroten zutelarik barkamen ezinezkoa traizionatu zituzten horiengandik, baina oso kasu tristea izan zen, hantxe gelditu baitziren denak, hilik, beren anaiek berek harrikatuta eta geziz josita. Gertaera tragiko honen ondoren isiltasun pisu bat erori zen hiriaren gainean, dolu sakonagoa purgatu beharko balute bezala, agian iraindutako erlijio batena, agian ekintza senide-hiltzailearen aladura jasanezina, eta orduantxe bertan, duintasuna eta ahalkearen azken harresiak gaindituz, gosea ageri zen hirian bere adierazpenik obszenoenean, obszenoagoa baita janaririk ezean gorputz bat nola iraungitzen den ikustea gorputz horren beraren jokamolde intimoak erakustea baino, gorputz bat nola iraungitzen den jainkoen begirada ezaxola eta ironikoaren azpian, zeinek, elkarren aurka borrokan ibiltzeari, hilezkor zirenez, utziz gero, irabazten era galtzen dutenei txalo egiten amatatzen baitute asper eternoa, lehenei erahil zutelako txalo egiten, bigarrenei hil zirelako. Gazteenetik zaharrenera itzaltzen ziren biziak, kandela agortuak bailiren, lehen haur txikiak, euren amen bular histuetan esne-tanto bakar bat ere aurkitzen ez zutenak, eta azken baliabide gisa janarazi zizkieten jaki desegokiek sorturiko barne-ustelkerietan desegiten zirenak, gero kozkorragoak, helduek haiei emateko ahotik kentzen zutena nahikoa ez baitzitzaien bizirik irauteko, eta helduen artean emakumezkoak gizonezkoak baino lehenago, emakumezkoek gutxiago jaten baitzuten gizonezkoek eraman ahal zezaten azken kemena harresien defentsara, guztiarekin ere zaharrak ziren gosea hobekien pairatzen zutenak, agian euren gorputzek gutxi eskatzen zutelako, berez arin sartu nahiko balute bezala heriotzan, azken ibaia zeharkatuko zuten ontzia gehiegi ez zamatzeagatik. Ordurako katuak eta zakurrak desagerturik ziren, arratoiei babesten ziren ilunpe kirastuetaraino jazartzen zitzaizkien, patio zein lorategietan azken belarrak, baita erroak ere, erauzten ziren, zakurra edo katua afaldu zen azken afariaren gomuta oparotasun-aro baten ametsa zen, jendeak erabat haragigabeturiko hezurrak botatzeko luxua permititzen zueneko oroimena. Zabortegietan, orain, berehala aprobetxatzeko edo edonola jateko moduko bihurtzeko balio zezaketen hondakinak bilatzen ziren, eta bilaketa hain zen sutsua non azken arratoiek, gau beltzaren erdian ikusiezinetik sortzen zirenean, ez baitzuten euren irenskortasun indiskriminatuak balia zezakeen deus aurkitzen. Lisboa miseriazko aienetan hondoratzen zen, eta ironia grotesko eta izugarria zen mairuek beren ramadana ospatu behar izatea goseak baraua ezinezko bilakatu zuen unean.

        Eta hala iritsi zen Patuaren Gaua, profetaren lehen errebelazioa ospatzen duen Koraneko laurogeita hamazazpigarren surak aipatzen duen huraxe, zeinean, tradizioaren arabera, bere aldetik, urte osoko gertaterak errebelatzen baitira. Hala ere, Lisboako mairu hauentzat patuak ez du horren luze itxarongo, egunotan beteko baita, eta inor haren aiduru egon gabe iritsi baitzen, orain urtebeteko Gauak ez baitzuen errebelatu, edo ez zuten jakin bere arkanoetan irakurtzen, orduan oraindik engainaturik baitzeuden, kristauak, hazi gaiztoko Ibn Arrinque hura eta bere galiziarrak, oso ipar aldera zeudelako. Ezin izan zen jakin zergatik mairuek prestatu zituzten suteak adarbeetako luzera osoan, zeinak, hiria inguratzen zuen su-koroa bat bezala, gau osoan zehar erre baitziren, portugaldarren bihotzak izuaz eta erlijio-beldur larriaz beteaz, hain biziki non, zoritxarreko haiek bizi zuten etsipenaren nolakoaz informazio onik eduki izan ez bazuten, ikusgarri harrigarriak garaipenaz duda egitera eramango baitzituen. Egunsentia iritsirik, almuedanoek otoitz egitera deitu zutenean, ke beltzezko azken habeak zeru ezin aratzago baterantz igotzen ziren, eta, eguzki jaio berriak gorriz tindaturik, brisa leun batek bultzaturik, ibairantz zihoazen, mehatxu bat bezala, Almada aldera.

        Egunak iritsiak ziren, iritsi ere. Zuloaren indusketa bukaturik zen, hiru dorreak, normandiarra, frantziarra eta denbora laburrean besteak bezala eraiki zen portugaldarra ere, harresitik gertu altxatzen ziren, orain arte defendatu zituztenen borondatearen eta ausardiaren porlana falta zeukaten harresiak suntsitu eta amilduko zituen ukabil itzela jasotzeko gertu dauden hiru erraldoiren antzera. Sonanbulu, mairuak hurbiltzen diren dorreak ikusten dituzte, beren besoek ozta-ozta altxatzen dutela ezpata edo tenkatzen dutela arkuaren soka sentitzen dute, beren begi lausoek distantziak tronpatzen dituzte, galera da hor datorrena, heriotza bera baino latzagoa. Behean, suak harresia marraskatzen du, azpiko zulotik ke-zorrotadak ateratzen dira, hilzorian dagoen herensuge batengandik bezala. Orduan, azken ahaleginean, mairuak, beren etsipenetik azken kemenak atereaz, Porta de Ferrotik ateratzen dira arrapaladan, dorre mehatxagarriari sua emateko asmoz, zeren goi aldetik, dorrea ongi babestua denez, ez baitzuten amiltzea lortuko. Alde batetik zein bestetik erahil eta hil egiten da. Suak dorrea hartu zuen, baina ez zen zabaldu, portugaldarrek mairuek bezain kementsu defenditzen dute, baina izan zen une bat zeinean, guztiz izuturik, hainbat zauriturik eta beste hainbat zauriturik zeudelakoa eginez, armak utzirik edo armak eta guzti, batzuek ihes egin baitzuten beren burua uretara boteaz, hura lotsa, beharrik hemen ez dagoen gurutzaturik koldarkeriaz ohartu eta horren berri lotsagarria atzerrira, non famak egin edo galtzen diren, eramateko. Fray Rogeirori dagokionez, ez dago arazorik, beste hainbat tokitatik dabil behaketa eginez, inor joan bazitzaion hemen gertatu zen kontua berritzera, beti esan ahalko dugu, Nola dago hain ziur, bera han ez bazegoen. Mairuak ahultzen hasi ziren, portugaldar adoretsuenek aurrera egin zuten, santu guztiei eta Andredena Mariari laguntza eskatuz, eta, dela horregatik, dela edozein materialarentzat erresistentzia-muga bat egoteagatik, egia dena da harresiak lur jo zuela burrunba izugarriaz, zulo itzela ireki zelarik, eta handik, kea eta hautsa desagertu ahala, hiria ikus zitekeen, kale estuak, etxe pilatuak, izulaborriak jotako jendea. Mairuek, hondamenak etsiturik, atzera egin zuten, Porta de Ferro itxi zen, jada berdin zen, haren aldamenean beste zulo bat ireki baitzen, eta zulo hori ixteko aterik ez da, berau estaltzeko agertzen diren mairuen bularrak, hain hauskorrak, ez badira, hala ere hain egiten dute gogor, hain suminki non portugaldarrek kolokan ikusten baitute beren burua, gaitzerdi hemengo dorrea harresiraino iritsi zen, hiriko beste aldean beldurrezko eta agoniazko alaraua entzuten zen bitartean, harresiaren aurka danbadaka ari ziren beste bi dorreak ziren, bertatik zubiak egiten zituzten eta zubietatik soldaduek adarbeak inbaditzen zituzten, Segi mutilak, gureak dituk-eta oihu eginez. Lisboa irabazirik zen, Lisboa galdurik zen. Gaztelua errenditu zenean sarraskia baretu zen. Baina eguzkiak, itsasorant jaitsiz, horizonte garbia ukitu zuenean, meskita nagusiko almuedanoaren ahotsa entzun zen, bere burua babestu zuen goi aldetik azken aldiz deiadar egiten zuela, Allahu akbar. Alaren deia entzunik, mairuen haragiek dar-dar egin zuten, baina deiadarra ez zen bukaeraraino entzun ahal izan, fededunetan fededunena zen soldadu kristau batek, gerra bukatutzat emateko hildako bat falta zuela pentsatuz, agian, ziztuan igo baitzen alminarrera eta kolpe batez zintzurra moztu baitzion agureari, eta honen begi itsuetan, bizia itzaltzen zitzaion unean, argi baten txinparta ikusi ahal izan zen.

        Goizeko hirurak dira. Raimundok boligrafoa pausatu du, poliki zutitu da, mahai gainean eman dituen esku-ahurren laguntzarekin, bat-batean bizitzeko gelditzen zitzaizkion urte guztiak gainera erori izan bailitzaizkion. Argi mehar batek doi-doi argitzen duen logelan sartu, poliki-poliki erantzi da, zaratarik egin nahi gabe, baina bene-benetan Maria Sara iratzar dadin desiratuz, ezertarako ez, bakarrik historia bukatu duela esan ahal izateko, eta emakumeak, lotan ez baitago, galdetu egin dio, Bukatu al duk, eta gizonak erantzun du, Bai, bukatu dinat, Eta nola bukatzen da, Almuedanoaren heriotzarekin, eta Mogueime, eta Ouroana, zer gertatu zitzaien, Ouroana Galiziara itzuliko dela uste dinat, eta Mogueime berarekin joango dun, eta abiatu baino lehen Lisboan ezkutuan zegoen zakur bat aurkituko diten, zakurra bidaide izango diten, Eta zergatik joan dituk, hire ustez, Ez zekinat, logikaren arabera gelditu behar zinaten, Berdin duk, geu gelditu gaituk. Maria Sararen buruak Raimundoren sorbaldaren gainean hartzen du atseden, gizonak, ezkerreko eskuaz, ilea eta aurpegia ferekatzen dizkio. Kosta zitzaien lokartzea. Begiratokiko alpendearen azpian itzal batek hartzen zuen arnasa.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia