Maria Sarak Raimundo Silvaren etxean eman zuen gaua. Argia pizteko eskatu eta gero, eta zentzumen guztiekin han zegoela egiaztu eta gero, alegia, biluzik zegoela, biluziriko gizon horren ondoan, gizon horri begiratuz eta berau ukituz, eta bere eskuei zein begiei batere ahalkerik gabe bere burua eskainiz egia zela egiaztatu eta gero, hauxe esan zuen, bi musuen artean, Nire koinatari deitzera noak. Estalki zurian bildu zen eta oinutsik joan zen bulegora, lasterka txikian, logelatik Raimundo Silvak entzun zuen nola markatzen zuen zenbakia, eta berehala, Ni naun, gero isilaldi bat, seguru asko koinata berantetsia zen eta bere harridura adierazten ari zen, galdetzen zuela, esaterako, Berririk al da, eta Maria Sarak, hain zuzen ere berri asko, eta handiak, kontatzeko zituenak, zera erantzun zuen, Ez, ez naizela etxera joango jakinarazi nahi ninan, eta hauxe bera zen, egia esateko, berririk izugarria, batez ere kontuan hartzen bada dibortziatu eta gero, bere anaiaren etxera bizitzera joan zenetik, gertatzen zen lehen aldia zela. Beste isilune bat, koinataren ustekabe diskretua, berehala konplizea, esan zituen hitzak, Maria Sarak irri egin zuen, Gero kontatuko dinat, eta esaion anaiari dontzeila eta alargunen defendatzaile plantan ez jartzeko, nire kasua ez dun horrelakoa. Telefonoz beste aldetik, koinatak senitartekoaren kezka ulergarria adieraziko zuen, Espero dinat zertan ari haizen jakitea, hau bezalako egoera batean esan daitekeen gutxienekoa da, eta Maria Sarak hauxe erantzun zuen, Momentuz nahikoa dinat egia dela jakitearekin, eta beste isilaldi baten ondoren, honako hau baizik ez zuen esan, Bai, eta Raimundo Silvak ez zuen beste ezeren beharrik izan ulertu ahal izateko Maria Sararen koinatak beste honako hau galdetu zuela, Zuzentzailea al da, eta Maria Sarak horixe erantzun zuen, Bai. Eskegi eta gero, emakumea hantxe gelditu zen une batez, bat-batean denak irrealtasun airea hartu zuen, altzari hauek, liburu hauek, eta hor barruan, logelan, bazegoen gizon bat ohean, izterren barru aldetik behera irristatzen zitzaion fereka hotz bat sentitu zuen, Berea da, pentsatu zuen, dar-dar egin zuen, eta estalkian bildu zen areago, baina imintzioak bere gorputzaren biluztasunaz ohartzeko balio izan zion, eta orain bere baitan arestiko sentsazioen oroitzapenak burutik kendu ezin zuen pentsamendu narritagarri baten kontra egiten zuen borroka, Ohe gainean biluzik gelditu bada, pentsamendua hortxe eteten zen, edo bestela emakumeak ez zuen pentsamendua azken bururaino segitu nahi, baina oso garbi ulertzen zuen mehatxu bat zela, hartuta zegoen erabaki bat zela, baita mehatxu edo erabakia norentzat zen nabarmena ez bazen ere. Harritu egin zuen gizonak ez deitzeak, telefonoa eskegi eta gero, kanpaitxo-hotsak adierazi zuen elkarrizketa bukatu zela, eta isiltasunak etxea bere egin zuen, etsai ezkutu eta kezkagarria balitz bezala, ondoren pentsatu zuen horren arrazoia aurkitu zuela, gizonak ez zekien nola deitu, bai, Maria Sara esango zuen, baina auzia ez zen zer hitz erabiliko zituen, erabiliko zuen tonua baizik, nola aukeratu gorputz baten jabea dela uste duenaren agintekerazko tonuaren eta goxotasun sentimentalaren adierazpenaren artean, goxotasun hau delarik, ez dugu esango itxurazkoa, baina bai, ausaz, erabat berezkoa izateko kontzienteegia, partez erabaki kontziente baten ondorioa. Logelara itzuli zen, pasabidetik barna zihoala hauxe pentsatzen zuela, Estali egin da, estali egin da, eta hain antsia handiaz pentsatu ezen hemen esan eta egin diren hitz eta egintzen etorkizuna estalita egote horretan erabakiko zela zirudiela. Raimundo Silva bizkarreraino estalirik zen.
Baixako jatetxe batean afaldu zuten, emakumeak setioko historia nola zihoan jakin nahi izan zuen, Ez zoan gaizki, nik uste, den bezain absurdua izanda, Asko falta al duk bukatzeko, Hiru lerrotan buka liteken, formularen barruan, gero ezkondu eta hagitz zoriontsuak izan zitunan, gure kasuan portugaldarrek, ahalegin alimale baten ondoren, hiria hartu zinaten, edo bestela has ninteke armak eta tresnak izendatzen, pertsonak eta pertsonaiak endredatzen, eta hala egitekotan ez niken inoiz bukatuko, beste aukera bat izango luken dagoen bezala uztea, elkarrekin topo egin dugunez gero, Nahiago nikek bukatuko bahu, Mogueime eta Ouroana horien bizitzei irtenbidea bilatu behar diek, gainerakoak ez dik hainbeste inporta, historia nola bukatuko den bazekiagu, bukaera horren nolakoaren froga duk Lisboan afaltzen ari garela, gu mairuak ez garelarik, ez eta mairuen lurrean dabiltzan turistak ere, Oso litekeena dun hiriko ateetara egin erasoan izan ziren hildakoak hilerrira eraman zituzten txalupak hementxetik bertatik pasatu izana, Etxera itzultzen garenean hasieratik irakurriko diat, Hori baldin eta gauza interesgarriagoetan jarduten ez badugu, Denbora luze zeukagu, aizak, Gainera, historia laburra dun, ordu erdian dena irakurriko dun, ikusiko dunanez, gurutzatuek portugaldarrei lagundu nahi izan gabe alde egitearen ondorioa iruditzen zitzaidana baino ez dinat idatzi, Horrek nobela bat emango likek, Baliteken, baina honelako lanetan sartu nintzenean hik bahekien zuzentzaile normal eta apal bat baino gehiago ez nintzela, bestelako aparteko dohainik gabe, Desafioari aurre egiteko beste dohainik baduk, ordea, Desafioa baino probokazioa deitu beharko huke, hobeki esateko, Ongi zagok, probokazioa, Zer hunan buru barruan erronka egin hidanean, zeren bila henbilen, Une hartan ez nian oso garbi ikusten, neure buruari ematen ahal nizkiokeen, edo eskatu hizkidanean hiri ematen ahal nizkian azalpen guztiak alferrekoak dituk, jada bistan duk hi hintzela bila nebilena, Honako tipo argal eta serio hau, gaizki tindaturiko ilearekin dabilena, etxean giltzapeturik bizi dena, jaberik ez duen zakurra bezain tristea, Ikusi orduko gustatu zitzaidan gizona, errakuntza bat nahita jarri zuen gizona, non eta errakuntzak zuzendu behar zituen tokian, ezaren eta baiaren arteko bereizketa bizirik irautea beste helbururik ez duen buru-eragiketa baten emaitza dela konturatu zen gizona, Arrazoi ona dun, Arrazoi neurekoia duk, Eta sozialki erabilgarria, Zalantzarik gabe, dena baiaren eta ezaren jabeak zeintzuk diren araberakoa den arren, Adostasunen eta jabetzen arabera sortzen diren arauek norabidetzen gaitizten, begibistakoa dun jabetza aldaturik adostasuna ere aldatzen dela, Ez duk irtenbiderik uzten, Ez zegon irtenbiderik, gela itxi batean bizi gaitun, eta gelako paretetan margotzen ditinagu mundua eta unibertsoa, Gogoan har ezak gizonak ilargia zapaldu duela, Eta berarekin bere gela itxia eraman zinan, Ezkorra haiz, Ez naun hainbestera iristen, errotik eszeptiko izatearekin konformatzen naun, Eszeptiko bat ez duk maitatzeko gauza, Alderantziz, maitasuna dun eszeptikoari sinesteko gelditzen zaion azken portua, Baliteken, Esan dezagun horren behar gorrian dagoela. Kafea bukatu zuten, Raimundo Silvak kontua eskatu zuen, baina Maria Sarak, keinu azkar batez, kreditu-txartela platertxoaren gainean paratu zuen, Hire zuzendaria nauk, ezin diat onartu afaria hik ordaintzea, hierarkiarekiko errespetua bukatuko huke menpekoak hasiko balira hortik zehar harrokeriatan beren agintariekin, Behingoz onartuko dinat, edonola ere gogorarazi nahi dinat egile bihurtzeko bidean nagoela, eta orduan, Orduan bai ez duala ezer ordainduko, non ikusi duk horrelako aldrebeskeriarik, egileak editoreari afaria ordaintzea, ez dakik ezer harreman publikoez, Beti entzun dinat egile errukarriei esker bazkaltzen eta afaltzen dutela editoreek, Horiek kalumniak dituk, klase-gorroto baten barne-adierazpen zikinak, Ni ez naun gerra horretakoa, zuzentzaile xumea baizik ez naun, Horren bihotzez hartuko baduk, Ez ez, heuk ordaindu, baina bestelako arrazoi batzuk zeuzkanat hik ordaintzea onartzeko, Eta zein dira, Bada, setioaren historia makal honekin guztiarekin, ez dudala ia zuzentzaile-lanik egin, eta, hortaz, nire ekonomiaren egoera periklitantearen arduraduna haizenez, bidezko dun hik ordaintzea, eta nolabaiteko trukea egitearren, bihar ogi xigortuak prestatuko dizkinat gosaltzeko, Horrela zorretan geratuko nauk berriz ere.
Maria Sarak Largo de Lóiosen zeukan autoa, biek nahiago izan baitzuten oinez paseatzea gau ia epel eta apur bat heze hartan. Aurretik Limoeirotik jaitsi ziren eta begiratokian gelditu ziren, Tajori, barneko itsaso zabal eta misteriotsuari beha. Raimundo Silvak besoa Maria Sararen bizkar gainean pausatu zuen, gorputz hau ezagutzen zuen, ezagutu egiten zuen, eta ezagutza horrek indar infinituaren sentsazioa ematen zion, eta horrekin batera beste sentsazio bat, guztiz kontrakoa, huts infinituarena, nagitasun barearena, munduaren gainean geldituko litzatekeen eta pausatzeko unea geroratuko lukeen hegazti erraldoi batek eman lezakeen bezalakoa. Etxera itzuli ziren poliki-poliki, gaua ez zela sekula bukatuko iruditzen zitzaien, ez zuten lasterka ibili behar orduak geldiarazteko, edo presaz hasteko, denborak ez du horretarako baizik baimenik ematen. Maria Sarak esan zuen, Jakinminez nagok ikusteko zer idatzi duan, agian arrazoi duk esaten duanean idazle bihurtzeko bidean hagoela, Ni serio ez hartzeko bezain zuhurra hintzela uste ninan, Ez zagok jakiterik, ez zagok jakiterik, oihalik onenek ere ez diate zikintzeko bakarrik balio, Zuzentzaile bezala infernuko zigorretara kondenatuta banago, pentsa zein izango den nire patua idazle bezala, Infernua baino okerrago, uste diat, agian linboa baizik ez, Neuk ere hala uste dinat, baina linbora joateko adina pasatu dinat, eta bataiatu nindutenez gero, zigorrari itzuri egiten badiot ere, ezingo zionat itzuri sariari, nonbait, ez zegon ihesbiderik, hemen Porta de Ferro zegonan, duela berrehun urte bota zinaten, gutxi gorabehera, alegia, atearen hondarrak bota zitinaten, noski, inork ez baitaki mairuen garaian nolakoa zen, Ez ezak gaiaz aldatu, ideia ona duk, Zer ideia, Nobela hori argitaratzearena, Gure argitaletxean, Hipotesi bat duk, Zuzendari literario txarra haizela emango zinan, sentimenduen bidez sobornagarria, Liburuak nahikoa kalitatea izango duela uste diat, Ez al dun uste gure ugazabek, euren buruak irrigarri ikusi eta gero, Umore zentzu apurrik ez al dute izango, Ez dinat inoiz egiaztatu, beharbada nire errua dun, ez naizelako nahikoa irekia, Hik liburua bukatu, gero ikusiko diagu, saiatzeagatik ez diagu ezer galduko, Etxean daukadana ez dun liburu bat, gertaera solteak kontatzen dituzten hamarnaka orri batzuk baizik, Abiapuntu bat duk, Ongi zagon, baina orduan baldintza bat paratuko dinat, Zein, Nire liburuaren zuzentzailea izatea, Zertarako, egilea beti izaten duk bere obraren zuzentzaile txarra, Zertarako, ez bat dagoen tokian bai bat ager ez dadin. Maria Sarak irri egin zuen, Nire gustukoa haiz, benetan, esan zuen. Eta Raimundo Silvak, Ahal dudana egiten ari naun hire gustukoa izaten segitzeko. Gizonak beti saihesten zuen bidea, Calçada do Correio Velho, alegia, igotzen ari ziren, baina gaur hegoak balitu bezala sentitzen zen, eta nekeak, nekea zen arren, beste neke bat eskatzen zuen. Ordu honetan kalea hutsik zen, tokia eta unea egokiak ziren, Raimundo Silvak musu eman zion Maria Sarari, gaurko egunetan ez dago hori baino gauza arruntagorik, kalearen erdian musu ematea, baina kontuan hartu behar dugu Raimundo Silva belaunaldi diskretu bateko kidea dela, sentimendurik erakusten ez zuen batekoa, are gutxiago desiorik. Ausardia, hala ere, ez zen beste mundu bateko gauza izan, kale bakarti eta argi gutxiko batean zeuden, hasteko ez zegoen gaizki, dena den. Gora segitu zuten, eskaileretako hasieran gelditu ziren, S. Crispimek ehun eta hogeita hamalau mailadi ditin, esan zuen Raimundo Silvak, Azteken tenpluetakoak bezain pikoak, baina gora iristen garenean, ia etxean gauden, Konforme, goazemak, Hor goian, leiho haien azpian, godoek eraiki zuten harresiaren aztarnak gelditzen ditun, hori dun adituek diotena, bederen, Adituen artean hago orain heu ere, Ezta pentsatu ere, irakurri ditudan gauza batzuk baizik ez zekizkinat, libertitu egin naun, eta zerbait ikasi dinat, emeki-emeki, begiratzearen eta ikustearen artean dagoen ezbedintasuna ikasiz, ikustearen eta erreparatzearen arteko ezberdintasuna ikasiz, Hori interesgarria duk, Oinarrizkoa dun, are, egiatan jakitea horixe dela uste dinat, alegia, pertzepzio-maila batetik beste pertzepzio-maila batera pasatu garelako kontzientzia edukitzea, Gizon basati hori, godorik godoena, mailatik mailara aldatzen ari dena neu nauk, mendian gora abiatu garenetik, geldi gaitezen pixka bat tranko honetan, arnasa hartu behar diat, minutu batez baizik ez bada ere, eser gaitezen. Hitz honek eta hitzari jarraitu zitzaion ekintzak gogora ekarri zioten Raimundo Silvari egun hura, zeinean, Costa haserre eta zemaikor batek galdekatua izatetik ihes eginik, eskailera hauek arrapaladan jaitsi eta hortxe eseri baitzen, mailadi batean, bere koldarkeria eta are, koldarkeria sentitzearen lotsa begi alegiazko eta akutsatzaileetatik ezkutatzeko. Egun batez, jaiotzen ari den maitasun honetaz guztiz seguru egongo naizenean, Maria Sarari kontatu beharko dizkiot izpirituaren miseria txiki hauek guztiak, nahiz eta aurrerakoan ezer ez esatea ere gertatzen ahal den, etorkizunean nitaz ematen eta iraunarazten ahal dudan irudi onak kalterik paira ez dezan. Alabaina, une honetatik beretik, etorkizunean zer egingo duen oraindik erabaki ez duenean, atenditu ez duen eskrupulo baten deserosotasuna sentitzen du, falta baino lehenagokoa den kontzientzia-alatze bat, arantza bat gogoan. Kontzientziak igortzen dion gaztigu premonitorio hau ez duela ahaztuko agintzen dio bere buruari, eta, bat-batean, bion artean zabaldu den isiltasunaz konturatzen da, deserosotasun apur bat, agian, baina ez, Maria Sararen aurpegia bare dago, lasai, argiteria publikoa iristen ez den txoko honetako itzalak apur bat urtzen dituen ilargi urri baten argitasunak ukitua, deserosotasuna bere baitan baizik ez dago, eta deserosotasunaren arrazoi bakarra da zerbait ezkutatzen ari dela jakitea, ez beldur izatearen lotsa, esan dezagun, baizik eta lotsa izatearen beldurra. Maria Sarak ez du ezer esaten deus ez duela esan behar uste duelako, Raimundo Silvak hitz egiten hasi behar du ez duelako aitortu nahi zein den isilik egoteko arrazoia, Aspaldi hemen zakur alderrai bat ibiltzen zunan, eta aldarrikapen honetan oinarriturik zakurrarekin topo egin zueneko pasadizoa osatu zuen, benetakoago eta errealago bilakatzeko nahikoa imajinazio gaineratuz, Ez zinan hemendik alde egin nahi, janaria eman nionan bizpahiru aldiz, beste zenbait auzokok ere zerbait ematen ziola uste dinat, baina oso gutxi, zakur errukarriak gosez hilzorian zegoela ematen zinan beti, ez zekinat zer gertatuko zitzaion, nahikoa adore bildu ote zuen hortik zehar abiatzeko, munduan zehar, bizia ateratzeko, edo hementxe zapartatu ote zen, beharraren beharraz, orain pentsatzen dinat gehiago arduratu behar izan nuela zakurraz, egia esan egunero hondar batzuk ekartzea ez zunan lan neketsua, are, garai hauetan izaten den zakurrentzako janari berezi hori eros niezaiokenan, horregatik ez ninan lur joko. Zenbait minutuz, Raimundo Silvak bere erantzukizunak eta erruak errepikatzen jardun zuen, jakinik, hala ere, egiazko aladura, harra, aladura edo har faltsu batez estaltzen ari zela, hau zalantzazkoa, etorkizun dena oraino ezezaguna, gero, bat-batean, isildu egin zen, irrigarri sentitzen zen, haur baten pare, hainbeste kezka zakur alderrai bat dela-ta, Maria Sarak halako esaera garrantzi gabea esatea besterik ez zuen behar, komentario interesik gabea, Zakur errukarria, esaterako, eta horixe bera izan zen esan zuena, Zakur errukarria, eta gero, zutitzen zela, Goazemak.
Lisboako Setioaren Historia idatzi duen mahai txikiaren aurrean eseririk, azken orriari begira, erakarmenaz edo talkaz eten den jarioa berriz piztuko duen hitz probidentzialaren zain, Raimundo Silvak esan beharko lioke bere buruari, Maria Sarak bart Escadinhas de S. Crispimen esan zuen bezala, Goazemak, baina orain beste tonu batez, agintekeraz, Goazemak, idatzi, aurreratu, garatu, laburtu, komentatu, biribildu, hala ere emakumeak esan zuen beste Goazemak horren modulazio bigunaren aldean oso bestelakoa, zeinak, espazioan iraun ez bazuen ere, beren baitan durundia egiten jarraitu baitzuen, hurrenez hurren handiagotzen den oihartzun baten antzera, urratsez urrats, loriazko kantu bihurtzeraino, ohea biak berriro hartzeko ireki zenean. Gau ederraren oroimenak arreta galarazten dio Raimundo Silvari, goizean iratzartzean aldamenean gorputz biluzi bat ikusi eta sentitzeko ustekabea, berau ukitzeko plazer esanezina, han eta hemen, leunki, gorputza bere osoan arrosa bat bailitzan, bere kolkorako esan, Poliki, ez ezazu iratzar, ezagutu nahi zaitut, arrosa, gorputza, lorea, gero eskuen premia, fereka luzea eta errepikakorra, Maria Sarak begiak ireki eta irribarre egin zuen arte, biek aldi berean esan zuten, Nire laztana, eta elkar besarkatu zuten. Raimundo Silvak hitza bilatzen du, beste batean hauek berak, Nire laztana, balio zezaketen, baina zalantzakoa da Mogueimek eta Ouroanak inoiz hori esaten ikastea, eta gauden puntuan bi horiek oraindik ez dutela elkarrekin topo egin kontuan hartuz gero, are zalantzazkoagoa da sentimendu horiek hain deblauki adierazi ahal izatea, adierazpena bera bere ahalbideetatik kanpo dagoela ematen badu.
Bitartean, patuaren tresna denik jakin gabe, Henrique zalduna eztabaidatzen ari da bere baitan, eztabaida da Ourana Mem Ramiresen kanpamentura eramango ote duen edo erregearen kanpamentuan utziko ote duen, bere morroi konfiantzazkoaren zainketa eta ardurapean. Hain dago ohituta bere morroiarekin ezen ez baitu bere zerbitzuez baliatzeari uzteko gogorik, eta gorabehera guztiak aintzat hartuz, deitu egin zion esateko armak eta horniak prestatzeko, bihar, goizean goiz, gain babestu hauetatik jaitsiko baitira, Porta de Ferron borrokan ari diren soldaduekin bat egiteko, non, bere gobernu eta agintepean, erasorako dorrea eraikiko baitute, Ea nork bukatzen duen agudoago, guk edo frantziarrek Porta do Solen, edo normandiarrek Porta da Alfaman, eta Ouroana, zure ohaidea, zer egingo dugu harekin, galdetu zuen morroiak, Nirekin etorriko da, Baina arriskuak handiak dira, mairuak eta kristauak aurrez aurre egongo dira, Ikusiko dugu nola moldatzen garen, dena den fedegabeak ez dira ausartu harresitik ateratzera borrokan egiteko. Morroia joan zen Ouroanari gaztigua ematera eta ekipaiak prestatzera, Henrique zaldunarekin bere arma-gizonetako bost joango dira, baita ere, aleman hau ez zen bere agindupean armada oso bat eramateko bezain aberatsa, bere espezialitatea gehiago zen ingeniaritza eta ingeniaritzan maiz jende asko behar izaten da makinak egiteko, hori baino beharrezkoagoa izaten da, ordea, ingeniariak bere buru barruan daukana, zientzia, ingenioa eta artea. Biharamunean, goizean goiz, gelditu bezala, meza entzun eta gero, Henrique zalduna erregearen eskuan muin ematera joan zen, Agur, jauna, lanera noa. Handik pixka bat urrutiraturik, erregearen agurra jasotzeko eskubiderik gabe, arma-gizonak eta morroia zeuden, Ouroana ohatila batean dago, ez bere gorpuzkera delikatuarengatik, zeren lapurtu zuten Galiziako zelaietan nekazarien alaba baitzen eta bere guraso nekazariekin lan egiten baitzuen lur langintzan, bere jaunak erakutsi nahi duelako baizik. On Afonso Henriquesek zalduna besarkatu zuen, Andredena Mariak lagun eta babes zaitzala, esan zuen, eta inguru hauetan sekula ikusi ez den dorre hori eraikitzen lagun diezazula, itsasontzietako zurginekin egin beharko duzu lan, aurkitu dugun antzekoena da, baina haiek ikasle onak baldin badira, zu, entzun dudan berrien arabera, maisu ona zaren bezain, nire hurrengo setioak eraso-dorrei dagokienez, lan-esku nazionalarekin egingo dira, atzerriko lan-eskurik gabe, Jauna, nire herrira ausarki iritsi da portugaldarren modestia, apaltasun, urritasun eta abengazio-izpirituaren ospea, aberria eta familiaren alde zerbitzuak egiteko beti prest, eta, kualitate ugari eta arraro horiei guztiei adimen pixka bat eta izaera zein borondate-indar handia gaineratzen bazaizkie, seguru nago ez dela eraiki ezingo duzuen dorrerik izango, bai biharko egunean eta baita ondoren etorkizun dauden guztietan ere. Sakon errotu ziren erregearen gogoan boto itxaropentsu hauek, are eta gehiago zetozen tokitik zetozela, eta hainbeste gustatu zitzaizkion ezen, Henrique zaldunarekin pixka bat urrunduz, konfiantza bilatuz, bere-berea zeukan kezka aitortu baitzion, honako hau, alegia, Konturatu bide zara, ezbairik gabe, nire estatu nagusiko zati bat ez dagoela oso konforme dorreen ideia horrekin, kontserbatzaileak dira, artisautza-zaleak, beraz, ikusten baduzu inor etortzen zaizula esamesekin eta eraikuntza geroratzeko trikimailuekin eta galera-aireekin, etor zaitez niganana lehenbailehen esatera, nik, naizen errege modernoari dagokion moduan, bihotzez hartzen baitut lan hau aurrera eramateko ardura, aitzakia eta gerorapenik gabe, are eta gehiago nire finantzak gero eta okerrago daudenean, gerra honek janda, konturatuko zara ez zaidala batere komeni, batere ez baina, abuztuaren bukaeran berriz ere soldata ordaindu behar izatea, orduantxe betetzen baita hiru hilabeteko epea, zeren, soldadu bakoitzak gutxi irabazten badu ere, denoi batera ordaintzea kristoren gastua baita, ezin hobeki etorriko litzaiguke hiri hau abuztua bukatu baino lehen irabaztea, pentsa beraz zenbat itxaropen jartzen dudan zure dorrean, baita besteetan ere, eta hala, premiatu, aupatu eta txalotu egiten zaitut zure helburua irmo bete dezazun, ordainketaz ez duzu kezkatu behar, hor daude mairuen ondasunak, zure eskuez har dezazun nahi duzun guztia. Henrique zaldunak erantzun zuen erregea lasai geldi zitekeela, berak dena ahalik eta hobekien egingo zuela, Jainkoaren laguntzarekin, eta diruzaintzaren zailtasunari zegokionez aitorkide diskretua izango zela, eta inoiz ez kezkatzeko bere zerbitzuen ordainketaz, inoiz ez baina, Ordainketarik onena, ene jauna, zeruan baita, eta han, paradisuko hiria hartzeko, bestelako dorreak behar izaten dira, egintza onen dorreak, alegia, eta egintza onetan, onena mairu bakar bat bizirik ez uztea da, baldin eta, temati, amore ematen ez badute. Erregeak zalduna agurtu zuen, ez ziola begirik kenduko bere buruari agintzen ziola, ematen baitu hala apezpiku izateko nola jeneral izateko balio dezakeela, eta dorreen kontua onez ateraz gero, naturalizatzeko proposamena egingo dio, lurrak eta titulua emanez hemen berregin dezan bere bizitza.
Laster ikusten ahal izan zen Henrique zalduna ez zegoela denbora galtzeko prest, zeren, Porta de Ferroko kanpamentura iritsi bezain fite, Mem Ramiresekin bildu baitzen, obra erraldoia egiteko beharrezkoak ziren adina gizon eman ziezaizkion, eta inguruan zeuden zuhaitzak mozteari ekin zioten berehala, zuhaitzetako batzuk naturak sorraraziak ziren, beste batzuk mairuek bere eskuekin landatuak, hori egin zutenean ezin zutelarik asmatu ari zirela, hitzez hitz, beren burua erretzeko egurra biltzen, halakoxeak izaten dira patuaren ironiak, errepika dezagun berriz ere. Alabaina, ez dugu deskribapen hauetan aurrera egin behar esan gabe poz handia izan zela zalduna eta bere laguntzaileak iritsi zirenean, eta ez zen gutxiagorako, teknikari atzerritar bat baitzetorren, alemaniarra gainera, alemaniarra izatea bi aldiz teknikaria izatea baita, batzuek, eszeptiko, berez edo besteren kontura, zalantzak zituzten merituei eta emaitzei buruz, beste batzuek esaten zuten ez zela gaitzetsi behar oraindik, denbora faltaz, probatu ez dena, eta, azkenik, praktikoek eta objektiboek agerikoa dena behin eta berriz aitortzen zuten, alegia, hobeki borrokatzen dela mairuaren aurka gure aurrean eta gure altuera berean dauzkagularik ezen ez mairua hor goian daudelarik, harrikadaka eta grabitatearen abantaila profitatuz, eta gu hemen behean, harrien eta grabitatearen ondorioak pairatzen. Sortzen ari zen multzo militar-industrialari zegozkion polemika hauetatik urrun, ohatilan zetorren emakumeari beste inori begiratzen ez ziola, Mogueimek ezin zezakeen bere zoriona sinetsi. Ez zuen berriz ere Graçako kanpamentutik errondan ibili beharko, polizia militarreko taldea azalduko zen arriskuan, eta galdetuko, Zer ari zara zu hemen, zure kanpamentutik urrun, orain mendia Moisesengana etorri da, ez Moisesek ez zuelako mendira joan nahi, denok baitakigu zer nolako ahaleginak egin zituen, baizik eta, dakigunez, Moisesen gainetik sarjentu-laguntzailea baitago, eta alferiza, eta kapitaina, eta honako hau gerra garaia denez, baimenak aukerak baino gutxiago dira, norberaren asmamena laguntzen badu ere. Iristen ari den Ouroana honek ez du denbora guztia kanpadendan itxirik pasatuko, Henrique zalduna bere zurgin-lana eten eta bere ezinegonak berarekin hustutzera noiz etorriko zain, Jainkoarekin mistikoa nahi duen izpiritutik haragiarekin baizik egon nahi ez duen haragi mistikora hain erraz pasatzen diren ezinegon horiek, Ouroana hau, operazioen lekuaren txikia kontuan hartuz, askoz ere gehiagotan eta askoz ere errazkiago egongo da ikusmenaren barruan, kanpamentutik zehar edo ibai ertzera, hegalaburrak jauzika ikustera, egingo dituen ibilaldi eta norabiderik gabeko paseoetan, soseguzko orduetan, gehienetan arratsaldekoak izaten direnak, soldadu-osteak hortik zehar ibiltzen direnean, egunaren bero zakarraz eta borrokaren bero are zakarragoez osatzen saiatzen direnean. Guztiarekin ere, uste izatekoa da jendearen ahaleginak, orain, dorrearen eraikuntzan metatuko direla, zeren, soldadu-aleak hain gutxi izanik, suizida bailitzateke arrakasta izateko aukerarik ez duten ekintzetan barreiatzea, denbora irabazteko egiten diren horiek alde batera utzirik, hauek beharrezkoak baitira etsaia apur bat xaxatzeko, zurginek beren lan arriskutsua onez bukatzeko behar duten lasaitasuna ziurtatu ahal izateko. Fray Rogeirok, Osbernori egingo zion gutunerako oharretan, Henrique zalduna Porta de Ferroko kanpamentura iritsi zenekoa xehetasunez idatzi zuen, behin betiko idazketan horrelakorik aipatu ez zuen arren, eta ohar horietan, berarekin zetorren emakumeari buruzko aipamen bat egiteko gogoari ezin izan zion eutsi, nonbait, Ouroana izena zuela, egunsentia bezain ederra zela, ilargiaren jaiotza bezain misteriotsua zela, horiek idatzi zituen fraideak, nahiz eta gero, ordenaren zuhurtziak, batetik, eta gutuna jasoko zuenaren ahalke dirudienez arduratsuak aipamen horiek bertatik kentzea komenigarri ikusi zuten. Alabaina, oso litekeena da hau eta hau bezalako beste hainbat arimaren mugimendu azpimarragarri izatea, sublimazioa zela medio, Fray Rogeirok zaldun alemaniarraren esan-eginak horren zehazki kontatu izanaren arrazoia, zehazki kontatu baitzituen alemaniarraren heriotza aurrekoak, baina baita ere, batez ere, heriotza dohakabearen ondokoak, heriotza dohakabea, diogu, ezen ez zoritxarrekoa, une egokian ikusiko den bezala. Garbi esatearren, eta tartean beste sekreturik ez bada, esan dezagun Fray Rogeirok, Ouroanarekin bere grinak ase ezin zituenez, ez zuela aurkitu aterabide hau baizik, alegia, emakume haren gorputzaz gozatzen zen gizona neurrigabe laudatzea. Giza arimaren konplexutasunetik edozer espero daiteke.
Maria andrea ohiko orduan etorri zen, bazkaldu eta gero, eta sartu orduko arnasotsa ateratzen hasi zen sudurretik, diskretua bezain nabarmena zen modu batez, egiten zaila den egitekoa, benetan, bere helburua bikoitza delako, batetik ustez zerbait jakiten dela disimulatu nahi delako, eta, aldi berean, bigarrenik besteari gauza berarekin ez doalakoa egiten ez zaiola utziko adierazi nahi delako. Arte diplomatiko bat da, izan ere, baina senak zuzentzen duena, edo are, instintuak, eta, gehienetan, helburu nagusia lortzen du, kasu honetan zuzentzailearengan izulaborri lauso bezalako bat sortzea, bere sekreturik intimoenak, halako batean, argira aterako balira bezala edo. Maria andrea sadikoa da, baina berak ez daki. Arratsaldeon esan zuen logelako atetik, bi aldiz gehiago atera zuen bere arnasots hori, Raimundo Silva kontura zedin berak, neskame apal bat izanagatik, ez zuela falta lurrin batek airean utzi duen azken hondarra atzemateko kalitate oneko usaimenik. Raimundo Silvak diosala erantzun zuen eta idazten segitu, neskamea zegoen aldera begiratu azkarra boteaz, gertatzen ari zenaz ez jabetzeko prest, Maria andreak oheari erreparatu zion, harriturik lehen, eta gero Banengoen ba esan nahi zuen aurpegiko keinu berezi horrekin, zeren ohea emakume baten eskuek baizik ezin atondu dezaketen moduan ikusten baitzen, eta ez Raimundo Silvak, ohea eskale baten etzanleku edo kamainarekin nahas ez dadin, eman ohi zion tirakada sumarioak atondua. Eztula egin zuen arreta bereganatzeko, baina Raimundo Silvak ez entzuna egin zuen, bere bihotzean halako poz ergel bat bazegoen ere, Ez diot inori nire bizitzari buruzko konturik eman beharrik, pentsatu zuen, eta gero bere buruarekin sumindu zen justifikazio koldarrak bilatzeagatik, nork eta berak, orduantxe halako maitasun bat, osoa, hasi zuenak, orduan burua altxatu eta galdetu zuen, Zerbait nahi al duzu, lehor, erasokor, eta tonuak emakumearen ozarkeria ezabatuarazi zuen, Ez jauna, ez dut ezer nahi, begira nengoen, besterik ez. Raimundo Silvak nahikoa eduki ahal izan zuen erantzunaren nahasmenarekin, baina desafioa egitea nahiago izan zuen, Eta zer begiratzen duzu, Ezer ez, ohea, Zer gertatzen zaio oheari, Ezer ez, eginda dagoela, Bai, eta zer, Ezer ez, ezer ez, Maria andreak bizkarra eman zuen, kokildu zen, ez zen ausartu mihi puntan zeukan galdera egitera, Eta nork egin du, eta horrela ez zuen jakin zer erantzungo zukeen Raimundo Silvak, eta honek ere, bere aldetik, ez zekien. Handik aurrera Maria andrea ez zen berriz gelatik agertu, Raimundo Silvari esaten ari balitzaio bezala etxeko zati hura bere jurisdikziotik kanpo gelditzen zela irizten ziola, baina ezin izan zuen edo ez zuen nahi izan bere umore txarreko frustrazioa ito, ez eta bere lanari zegozkion zaratei sordina jarri ere, aitzitik, gehitu egin zituen. Raimundo Silvak erabaki zuen gauza txantxetan hartzea, baina gehiegikeria gero eta nabarmenagoa zen, horregatik azkenik pasabidera joan zen, Zarata gutxiago, mesedez, lanean ari naiz eta, Maria andreak erantzuten ahal zukeen bera ere lanean ari zela, eta ez zuela zenbaitek duen zorte ona, bizimodua eseririk ateratzekoa, alegia, eseririk, geldirik eta isilik, baina beharra borondatea baino boteretsuagoa da, hau bezalako borondate konfliktiboa izanik ere, eta isildu egin zen. Maria andrea gehien narritatzen duena da hau bezalako aldaketa itzelak gertatzen ari direla eta bera ez dela ezertaz jabetu, pertsona eskarmentu handikoa izan ez balitz, den bezala, edozein egunetan, ustekabean, beste emakume batekin egingo zukeen topo muturrez mutur etxe hartan, eta ezin ziokeen egin nahi zion galdera egin, Nor zara zu, nork deitu dizu hona, gizonak ezgai eta sentiberatasunik gabeak dira, zer kostako zitzaion Raimundo Silvari aitormenezko hitzerdi irribera bat, min egingo bazion ere, leungarria zatekeen jelosia mingots haren erdian, horixe baita Maria andreak pairatzen duen gaitza, nahiz eta berak ez dakien. Beste hainbat kontsiderazio praktikok eta prosaikok betetzen diote pentsamendua, eta horien artean nagusiena da bere enplegua kolokan egon daitekeela, batez ere emakume hori, behin-behineko moldaketa ez bada, bederen, bere lanean muturrak sartzen hasten bada, Garbi ezazu hori hobeki, ate bateko molduran zegoen hautsaz zikinduriko hatz bat erakutsiz, gaur den egunera arte ezein neskamek erantzuten jakin ez duen keinu gorrotagarri hori, zalantzarik gabe historiara sartuko litzatekeen esaldi batekin, Sar ezazu, bada, hatz hori ipurtzuloan eta ikusiko duzu, zikinago aterako duzu. Errukarria, mundu honetara obeditzera etorri den oro, pentsatzen du Maria andreak, eta garbi zegoena berriz garbitzen du, zergatik jakin gabe bihotzeko malkoak begietera igotzen zaizkion bitartean, halabeharrak nahi izan zuen hau gertatzea bainugelako mirailaren aurrean, bere bilo ederrak ikusteak ere ez du Maria andrea kontsolatzen, une honetan. Arratseko erdi aldean telefonoak hots egin zuen, Raimundo Silvak hartu egin zuen, argitaletxetik deitzen zioten, neskamearen espektatibak frustratu egin ziren, laneko kontuak, Bai, orain libre nago, horixe esaten zuen zuzentzaileak, Bidal iezadazu jatorrizkoa nahi duzunean, Maria Sara doktorea, edo, nahiago baduzu, neu joango naiz bila, elkarrizketaren gainerakoa antzekoa izan zen, zuzenketa, epea, Maria andreak anitzetan entzun zituen hau bezalako bakarrizketak, ezberdintasun bakarra solaskidean zetzan, lehen Costa delako bat izaten zen, orain doktore andre bat, agian horregatik Raimundo Silvaren ahotsaren tonua apur bat balakaria zen, Maria andreak halaxe esan ohi zuen, ai, gizon hauek, baina, zen bezain zorrotza izanik ere, ez zitzaion burutik pasatu Raimundo Silva hitz egiten ari zitekeenik gau hartan berarekin lo egin zuen emakumearekin, hain zuzen ere, beraiek baizik beste mintzaira batera, hunkiduraren mintzairara, itzuli ezin zituzten hitz neutroak erabiltzearen plazer adieraztezinaz gozatuz, hitz neutro horien bidez sentimenduak gogoraraziz, liburu esatea eta musu entzutea, bai esatea eta beti ulertzea, arratsaldeon entzutea eta maite zaitut ulertzea. Maria andreak kriptofoniari buruzko oinarrizko ezagutza batzuk balitu, hemendik alde egitean sekretu guztiaren jabe izango litzateke, eta irri egingo lieke berari irri egin liezaioketela uste zutenei, hala ere aitortu behar da hisiak bakarrik azal dezakeela pentsatzeko modu hau, zeren Raimundo Silvak eta Maria Sarak ez baitute uste Maria andrea sufriarazten ari direnik, eta hala uste izan balute ez zuketen haren lepotik irririk egingo, bestela ez baitzuketen merezi bizitzen ari diren on guztia. Alabaina, litekeena da, baita, Maria Sara, azkenean, Maria andrearen begikoa izatea, dena espero baitaiteke bihotzarengandik, baita bere kontraesanen harmonia ere.
Raimundo Silva bakarrik dago berriz, oraindik zenbait segundoz bere buruari galdetu zion, jakinminez beterik, zer esanahi ezkutu eduki zezakeen Maria andreak agur esatean erabili duen tonu eztitsuak, ez dago emakume hau ulertzerik, halako batean aurpegi txarrez dago eta hurrengo unean gure bihotzean sartu nahi duela dirudi, baina Lisboako Setioaren Historiak beste errealitatera deitu zuen berriz, mairuen erresistentzia behin betiko suntsitzea helburu zuen dorrearen eraikitze lanera, eta jakin badakigularik eraikitze lan horretan jokatzen dela aberri baten izatea, ezin dezakegu lana bukatu gabe utzi, nahiz eta Raimundo Silvak nahiago zukeen bere ondoan Maria Sara eduki, guztiz ezezagun zaizkion operazioen berri ematen ibili baino, zutabeak apailatzea, oholak arbastatzea, klabijak zorroztea, sokak txirikordatzea, poliki-poliki dorrea altxatzea posible egiten duten operazio horiek guztiak, dorreak, Babelgoa ez izanik ere, harresiko adarbea baino altuxeago igo behar du behintzat, eta hizkuntzei dagokienez, On Afonso Henriquesen asmoa ez da hizkuntza-aniztasuna errepikatzea, ez horixe, aitzitik, errotik moztu nahi du aniztasun hori, zentzu alegorikoan eta irudizkoan, baita egiazko zentzu odoltsuan ere. Maria Sara itzultzen denean, bihar arratsaldean, joan zenean agindu zuen bezala, biharko gaua pasatzera, eta etzikoa, eta bi gau horien artean dagoen eguna, igandea baita, lana aurreratuta egongo da, beste hainbat gertakari bere txandaren zain baitaude, eta denborak bere izena aldatu baitu, orain premia du izena, Lasai, esango du Maria Sarak, urte batean ez dira minutu batean baino gauza gehiago sartzen, bakarrik minutu ala urtea direlako, ez da edalontziaren handia garrantzizkoa dena, gutariko bakoitzak edalontzi barruan jartzen ahal duena baizik, jartzen dugun horrek gainez egiten badu eta galtzen bada ere. Eta dorre hau ere galdu egingo da.
Astebete baino gehiago behar izan zen dorrea eraikitzeko. Goiza eta gauaren artean, Henrique zalduna bere ideia gauzatzeko baizik ez zen bizi, eta, kanpadendan atsedenean zegoenean ere loa eteten zitzaion berme-zutabe bat agian oso tinko ez zela gelditu pentsatzen zuenean, eta gauaren erdian jaiki eta lotura batzuen irmotasuna zein soka batzuen tenkada egokia egiaztatzeko punturaino iristen zen. Hain zen jaun onbera eta errukitsu non, lanean ari zirela, soldadu akitu bati, ahultasun-une batean, giltzurrinen malgukia hausten baldin batzizaion, ez baitzizaion duintasunik gabea iruditzen bere bizkarraz zamari eustea. Horietako batean Mogueime bere atzean egokitu zen, Mogueime ere dorrearen eraikuntzan lanean ari baitzen, eta izan zen kasua ezen Ouroana etorri zela lanak zertan ziren ikustera, baita, noski, bere begien gutizia izan behar zuena begiratzera ere, bere jaun eta jabea, alegia, baina honek ez zuen galarazi atzean zegoen soldadu altu batek tinkotasunez begiratzen ziola kontura zedin, lehen egunetik ohartu zen, beti begiratzen zion, nonahi zegoelarik ere, lehen Monte de S. Franciscoko kanpamentuan, gero erregearenean, orain lur-mutur estu honetan, hain estua non mirakulua baitzirudien hor zeuden denak elkarrekin egon ahal izatea elkarren artean estrapozuka ibili gabe, mirakulua baitzen, esaterako, estrapozu egin ez izana elkarri begira egotetik gelditzen ez ziren gizon-emakume hauek. Mogueimek arrabetera ikusten zuen alemaniarraren garondoa, garondoaren gainean ile hori luzeak erortzen zitzaizkion, hautsez eta izerdiz mamiturik, zalaparta haren erdian hiltzea agian ez zen zaila izango, orduan Ouroana libre izango zen, baina ez zen orain baino hurbilago egongo. Inor bortxaz erahiltzeko tentazioa izate hutsa kontzientzia alatzen zitzaion bortizki, apaizari aitortzeko modukoa ere bazen, noski, baina fraideari jakinaraztea, gainera, biktimaren emakumea gutiziatzen zuela bizi zela, emakumea ohaidea bazen ere, gehiegizkoa zen, ez zuen horrenbesterako adorerik. Amorruz eta suminez, bat-bateko imintzio zakar bat egin zuen, eta alemaniarraren bizkarrean jo zuen, honek atzera begiratu zuen, baina lasai eta ustekaberik gabe, honelako ahalegin ezberdinak halamoduz elkartzen diren hau bezalako jendetzaren erdian horrelakorik gertatzea normala da, alemaniarraren begirada zuzena nahikoa izan zen Mogueimeren haserrea urtzeko, ezin zezakeen gaiztakeriarik sekula egin ez zion gizon bat gorrotatu bakarrik berea zen emakumea izugarri desiratzen zuelako.
Dorrearen eraikuntza bukatu zen. Ingeniaritza militarraren ale ederra zen, gurpil trinkoen gainean mugitzen zen, egitura bertikala itxuratzen zuten lau plataformak elkarren artean lotzen zituzten kanpo eta barne-mihiztaduren sistema konplexua zen bere funtsa, beheko plataforma gurpilen ardatz finkoetan oinarritzen zen, goiko plataforma hiri aldera luzeagotzen zen, mehatxagarri, eta tarteko bi plataformek igotzeko prestatzen ziren soldaduei behin-behineko babesa emateko balio zuten, osotasunari sendotasuna emateaz aparte. Behetik gobernatzen zen polea batek armaz beteriko zaranak igotzen ahal zituen goi aldera, agudo, borrokaren gorrienean arma-faltarik ez zedin izan. Obra bukaturik zegoela erabaki zenean, soldadu-osteak goraka eta bibaka ekin zion, eraso egiteko irrikitan, orain konkistak erraza ematen zuen-ta. Mairuak berak izuturik bide zeuden, isiltasun harritu batek mututu zituen hor goitik etengabe isurtzen ziren irainak. Porta de Ferroko kanpamentuan zegoen bozkarioa are eta biziago bihurtu zen frantziarren eta normandiarren dorreak atzeraturik zeudela jakin zenean, hor zegoen loria, beraz, eskuaren irismenean, nahikoa litzateke erasorako gurdi hura bultzatzea harresiaren aurka pega-pega eginda utzi arte, orduan Mem Ramiresek, kapitaina zenez, agindua eman zuen, Bultzatu, mutilak, gureak dituk eta, eta denek ahal bezainbat indar egin zuten. Maleruski, ez omen ziren ohartu aurrean zeukaten lurra malda zela, eta aurreratu ahala, etsaiaren su azpian gainera, dorrea, goi aldetik, atzerantz makurtzen zen, gero eta argiago gelditzen zelarik ezen, harresiraino iristea lorturik ere, goiko plataforma harresitik urrutiegi geldituko zela inolako erabilgarritasunik edukitzeko. Orduan, Henrique zaldunak, bere prebisio faltagatik lotsaturik, atzera jotzeko agindua eman zuen, orain hondeatzaileek hartuko zieten txanda zurginei, bide ordokia eta zuzena ireki beharra zegoen, hau arriskuz beteriko lana izango zen, hondeatzaileek agerian lan egin beharko zutelako, goitik erortzen ziren mota guztietako jaurtigailuzko erauntsiaren azpian, harresitik zenbat hurbilago orduan eta bortitzago. Nolanahi ere, batzuek bizia galdu zuten arren, hogei bat metroko bidea egin zen, eta handik dorrea aurrera eraman zitekeen, eta dorrea bera zen orduan hurrengo zatia hondeatu ahal izateko babesa. Hortan ari zirela, bakoitzak ahal zuena ahalik eta hobekien egiten zuela, nork bere aldetik, mairuek batetik, kristauek bestetik, lurra, albotik, jausi zen, eta albo hartako hiru gurpilak gurpegietaraino hondoratu ziren, dorrea izugarri okertu zelarik. Oihu orokorra zabaldu zen, izu eta arrangurazkoa portugaldarren aldean, deabruen bozkariozkoa harresietako adarbeetan, non moru-jende beltzak palko batetik bezala begiratzen baitzuen. Oreka galtzear, dorreak goitik behera karranka egiten zuen, zureria guztia aurreikusi ez ziren tentsioen menpe, luze gabe mihiztadura batzuk hautsi egin ziren. Henrique zalduna etsiak jota gelditu zen, burua galdurik, galtzeko puntuan ikusten baitzuen bere ingenioaren erakusketa zoragarria behar zuena, eta biraorik izugarrienak botatzen zituen bere hizkuntza germanikoan, jokamolde hau ez zetorren bat, inola ere ez, bere ospe onarekin, ospe merezia hala ere, garai primitibo hauei datxekien zabarkeriak aise justifikatzen baitzuen purrustada. Azkenik, lasaiturik, egoera zein hondamenak bertatik ikustera hurbildu zen, eta atera zuen ondorioa izan zen erremedioa, erremediorik baldin bazegoen, ondoren azalduko dena zela, goiko habeetan, dorrea norantz makurtu eta beste aldeko habeetan, hain justu, soka lodi batzuk zintzilikatzea, eta jende guztia handik tiraka jartzea, hondoraturik zeuden gurpilak altxa eta azpian harriak sartu ahal izateko, harriak bata bestearen ondoren ipiniz, dorrea bertikalera itzularazi arte. Plana perfektua zen, baina, behar bezala burutu ahal izateko nahitaezkoa zen, lehenbizi, izugarri arriskutsua zen operazio bati ekitea, honako hau, alegia, gurpilak askatzea, horretarako beharrezkoa zelarik eraikuntza pisuaren bermea zen lurra kentzea, zeren gurpilak estaltzen zituen lurra eta beheko plataforma makurtuari sostengu ematen ziona bera baitzen. Hor zegoen koska, korapilo itsua, inkognita edo ezezagun erraldoi eta beldurgarri bat zuen ekuazioa planteatzea zen, baina ez zegoen beste irtenbiderik, nahiz eta, zehatz esanda, irtenbide ez eta probabilitate txikia deitu beharko geniokeen. Une hau aukeratu zuten mairuek punta sutan zuten gezi eta biroteak goitik jaurtitzeko, erauntsian, airean burrunba egiten zutenak erleak bailiran, eta han-hemen erortzen ziren, barreiatuta, zorionez haizeak jaurtitzaileen punteria okertzen zuen, baina ekinaren ekinez gertatu behar zuena gertatu zen, nahikoa izan zen birote batek itua jotzea beste gainerakoek berehala bidea ikas zezaten, eta azkenean patu beltzak nahi izan zuen dorrea amil zedin, ez hainbeste lurraren indusketa-lanak areagoturiko makurdurarengatik, hainbat gunetan su hartu zuelako, eta su horiek amatatzeko egin ziren ahaleginen asaldurarengatik baizik. Eroriko izugarriaren ondorioz, dorreko goi aldean sokak itsasten ari ziren soldaduak hilik edo larri zauriturik geratu ziren, eta gurpilen inguruan indusketan zebiltzan batzuk ere berdin, baita, azkenik, konponbiderik gabeko galera berau, Henrique zalduna ere, zeina bere odol emankorrez oraindik itzali ahal izan zuen suzko birote batek jo baitzuen. Berarekin batera, dorrea amiltzean askatu zen habe batek bular betean jota, morroi leiala ere hil zen, eta gisa honetan, Ouroana munduan bakarrik gelditu zen, zeina, historia honetako jarraipenean duen garrantzia aintzat harturik, hemen aipatua uzten baita, agian hurrengo batean gogoraraziko den arren. Mairuen alaitasuna esan gabe doa, ziur baitzeuden, eta une hartan sekula baino ziurrago, Ala Jainkoa baino boteretsuagoa zela, dorre madarikatuak eduki zuen akabera gaiztoan ikusten ahal izan zen bezala. Ezin deskribatzeko modukoak dira, baita ere, lusitaniarren pena, amorru eta laidoa, nahiz eta, haien artean baten bat marmarrean ibili, uzkurtu gabe esateko kopetan bi hatz eta gerran eskarmentua dituen edozein pertsonak jakin beharko lukeela batailak ezpataren puntaz irabazten direla, eta ez alde zein aurkako emaitza eman dezaketen tramankulu arrotzen bidez. Suntsiturik, dorrea sutan zen, erraldoien su bat balitz bezala, eta su hartan batek daki zenbat gizon bihurtzen ziren txingar eta errauts, dorreak, andeaturiko mihiztadura nahasmen hartan, preso hartu zituenak, hain zuzen. Hura hondamendia.
Henrique zaldunaren gorpua bere dendara eraman zuten, han Ouroanak, gertakari latzaren jakinaren gainean, ohaide bati dagokion negarra egiten zuen, besterik gabe. Zalduna oholtzaren gainean zetzan, eskuak bular gainean, otoitzean ari balitz bezala, heriotza azkar gertatu zen, eta hortaz, aurpegia bare zegoen, lo balego bezala bare, are, hurbilagotik begiratuta, irribarrez ari zela esango genuke, paradisuko atarian bailegoen, lurrean egon bitartean egin dituen ekintzen ontasuna beste dorre edo armarik ez duela, baina zoriontasunean sartuko dela seguru, hilik dagoela bezain. Bero handia zenez, ordu batzuk geroago hazpegiak desitxuratu egin ziren, irribarre zoriontsua urtu zen, ez zegoen diferentzia handirik hilotz ospetsu honen eta meritu berezirik ez zuen beste edozein hilotzen artean, lehenago edo beranduago den-denok izango gara berdinak heriotzaren aurrean. Ouranak ilea askatu zuen, ilea horia zen, hori-galiziarra, eta negar egiten zuen, hein batean, atsekaberik sentitzen ez zuelako atsekabeturik, pena poxi bat baizik ez gizon haren alde, bortxaz bahitu zuela beste kexarik ez zuen gizon haren aurka, gainerakoan, beti ongi tratatu zuen, beti ere ohaide baten eta bere jabea zen aitoren semearen artekoak orain dela zortzi mende izango zirenaren arabera, izango zirena imajinatzen dugunaren arabera. Ouroanak jakin nahi izan zuen zer gertatu zitzaion morroi fidelari, hilik edo larriki zauriturik behar zuen bere jabearen etzanlekura ez etortzeko penatzera, estuarioz beste aldeko hilerrira eraman zutela jakinarazi zioten, lurreko habe eta enbor kixkorratuak kentzen ari zirela aprobetxatuz, ez zedin geldi han erdian traba egiten, ekinaldi berean gainontzeko hilotz osoak bildu eta eraman zituzten, aurkitu zituzten gorpuzki txikiak aldapa honetako txoko batean lurperatu zituzten, han nekez berpiztuko dira Azken Judizioaren tronpetek hots egingo dutenean. Ouroana zeharkako edo zuzeneko jaunik gabe gelditu zen, beraz, eta eduki zuen lehen aukeran hori frogatzeko adorea erakutsi zuen, Henrique zaldunaren gizon armadunetako batek, defuntuari errespetuak oro galdurik, eta bakarrik zegoela profitatuz, hantxe bertan eskua gainean ipini nahi izan zionean. Tximista baino agudoago agertu zen Ouroanaren eskuan labana bat, emakumeak, zalduna ekarri zutenean, aurreikuspen bizkorraz zaldunaren gerritik kendu zuena, zorionez inork ez zuen atzeman delitua egin zuenean, zaldun batek bere arma guztiak berarekin dituela joan behar baitu hobira, eta guzti-guztiekin ez bada, armarik txikienak, gutxienez, eraman behar baititu. Alabaina, labana bat emakume baten esku hauskorretan ez zen borrokari germaniar bat beldurtzeko gauza, esku horiek lur langintzan eta azienda zaintzan ohituak egonik ere, germaniarra ezbairik gabe jakitun izango baitzen bere leinu arioaren gehiagotasunaz, baina munduko arma guztiak bezainbeste balio duten begiak badaude, eta bi begi hauek, gaiztaginaren barnera sartzeko gauza ez izanik ere, hiru urratsetik larderia paratzen ahal zuten, gaineratzen zuten mezua ezin garbiago zelarik, gainera, Eskua gainean paratzen badidazu, hil egingo zaitut edo neure burua hilko dut, horixe esan zuen Ouroanak, eta borrokariak atzera egin zuen, hiltzeari baino beldur gehiago zion emakumearen heriotzaren erruduntzat joa izateari, beti esan zezakeen arren neska gajoak, penaren ondorioak ezin eramanik, bere buruaz beste egin zuela. Soldaduak nahiago izan zuen, beraz, atzera jotzea, Jainkoari eskatzen ziola atzerriko lurretako mentura hauetatik bizirik ateratzeko dohaina eskuratzen bazuen, aurkiaraz diezaiola hemen, hemen gelditzen bada, edo urrutiko Germanian, Ouroana hau bezalako emakume bat, aria ez izanik ere plazer handiz hartuko baitzuen.
Raimundo Silvak boligrafoa pausatu zuen, begi nekatuak igurtzi zituen, eta gero bere azken lerroak irakurri. Ez zitzaizkion txarrak iruditu. Zutitu, eskuak giltzurrunetara eraman eta atzera okertu zen, hasperen lasaitua eginez. Orduetan jardun zuen lanean, etengabe, afaltzea ere ahaztuta, gaiak eta ihes egiten zioten hitzek hain bereganatua non Maria Saraz ere ez baitzen gogoratu, ahaztura hau oso gaitzestekoa izango zen baldin eta, metaforaren gehiegikeria ontzat emanez, emakumea berarengan ez balitz egongo odola bere zainetan zegoen bezala, zeren, zainetako odola ere ahaztu egiten baitzaigu, hortik zehar zirkulatzen duen arren, bizitzeko ezinbesteko baldintza delarik, gainera. Metaforaren gehiegikeria ontzat emanez, berriz diogu. Lorontziko bi arrosak uretan bainatzen dira, uraz elikatzen dira, egia da ez dutela luze irauten, baina guk ere, erlatiboki, ez dugu hainbeste irauten. Leihoa ireki eta hiria begiratu zuen. Mairuek dorrearen amiltzea ospatzen dute. As Amoreiras, egin zuen irribarre Raimundo Silvak. Alde hartan Henrique zaldunaren denda dago, bihar lurperatuko dute S. Vicente hilerrian. Ouroanak, malkorik gabe, jada kerua darion hilotza zaintzen du. Zaldunaren bost armadun gizonetako bat falta da, zauritu dutelako. Eskua gainean paratu nahi izan zionak noizean behin begiratzen dio, eta pentsakor gelditzen da. Kanpoan, ezkutuan, Mogueime dendaren inguruan dabil, zelatan, oihalen zirrikituetatik ateratzen den kandela handien argitasunak liluratu duen tximeleta bat balitz bezala. Raimundo Silvak erlojua begiratzen du, Maria Sarak ordu erdi bat barru ez badu telefonoz deitu, berak deituko du, Zer moduz, ene laztana, eta emakumeak erantzungo du, Bizirik, eta gizonak esango du, Mirakulu bat dun.
Fray Rogeirok esaten duenez, goseak hiriko mairuak estutzen zituelako lehen aztarnak garai honetan hasi ziren nabaritzen. Ez da harritzekoa, pentsatzen badugu harresi horietan hirurogei mila familia baino gehiago bizi zirela, korapilo batean itxirik baleude bezala, lehen begi-kolpean harridura sortzen duen zenbakia, eta bigarren begi-kolpean are harridura handiago sortzen duena, zeren, behialako garai haietan, aita, ama eta seme edo alaba bakarrez osatuko ziren familia susmagarriki arraro izango baitziren, eta hortaz, kalkuluak apalenetik eginik ere, berrehun mila biztanle egongo zirela ateratzen zaigu, eta bada kalkulu hau ezbaian jartzen duen beste ikerketa-iturri bat, gizonak bakarrik, Lisboan, ehun eta berrogeita hamalau mila zirela baieztatzen duena. Alabaina, Koranak gizon bakoitzari lau emazte edukitzeko, gehienez, baimena ematen diola aintzat hartzen badugu, eta guztiekin seme-alabak egingo zituztela, eta esklabuak ahazten ez baditugu, zeinek jendetik gutxi baitaukate baina berdin jaten baitute, eta segurutik janari-falta sentitzen lehenak izango baitziren, ondorioa da laurehun edo bostehun mila lagun egongo zirela, zuhurtziak mesfidati izatera eramaten gaituen zenbakia, alegia. Edonola ere, horrenbeste ez baziren, asko zirela behintzat badakigu, baita, bertan bizi zirenen ikuspegitik behintzat, gehiegi ere.
Errege, lehendakari eta gerra-buruzagiei behialako garaietatik lasaitasunezko ordurik uzten ez dien loria-egarri etengabe horregatik ez balitz, Lisboa mairuei kentze hau mundu honetako lasaitasun guztiarekin egiten ahal zatekeen, zeren, azken batean, ergela baita, elikadura eten eta nola hiltzen den ikusteko eseri beharrean, lehoiaren kaiolan sartzen dena beraren aurka borrokatzeko. Egia da mendeak aurrera ahala zerbait ikusi dugula, eta gaur nahikoa arma arrunta da elikaduraz zein beste hainbat ondasunaz gabetzearen arma erabiltzea —dela setarengatik, dela bizkortasun-faltarengatik—, beste hainbat arrazoi klasikoagoen aurrean etsitzen ez duena limurtzeko. Hala ere, hori beste istorio bat da, eta beste modu batez kontatu beharko litzateke. Kasu honetan, inporta duena da ikustea bi asmazioen ondorioak nola etorri diren bat, hau da, Porta de Ferroko dorrearen amiltzea eta erretzea eta hiriko gosearen lehen aztarnak nola etorri diren bat ikustea; bi gertaera hauek, Erregearen estatu nagusikoen buruetan bildurik eta elkarren aurrean jarririk, garbi utzi zuten ezen, borrokarekin, terminoak duen adiera zehatzean, eta arma portugaldarren ohorearen alde, aurrera segitu behar bazen ere, taktika onak setioa oraindik tinkoago egitea agintzen zuela, zeren, behar den denbora egokia pasatu eta gero, mairuek, zeukaten azken ogi-apurra eta azken arratoia ere jateaz landa, azkenerako elkar jango baitzuten. Frantziarrek eta normandiarrek beren dorreak eraikitzen segitzea, Henrique zaldunak eman zituen ikasgaiak probestea alde honetan lusitaniarrek, ikasitakoa aplikatuz, beren makina eraikitzen joatea, artilleriak bere aldian behineko bonbardaketak egitea, arkulariek beren gezi, azkon eta biroteak jaurtitzea, Braço de Pratako fabrikako eguneko ekoizpena ateratzen joateko, hauek denak epopeietan sartuko ziren keinu sinbolikoak baizik ez ziren izango, zeren behin betiko konponbidea, azkena eta erabatekoa, beste bat izango baitzen, gosea. Beraz, kapitainek agindu zehatzak eman zizkieten euren gizonei, harresietako gerrikoa egunez eta gauez zelatatzeko, eta ez bakarrik ateak, baizik eta zokorik ezkutuenak, manpararena egin zezaketen angelu irisgaitzak, baita itsasoaren aurrean ere, eta ez itsasotik hirira horniak sartuko ziren beldurrez, zeren horiek, behar zenerako, beti urri izango baitziren, baizik eta Alentejoko herrietara laguntza-arrenak eramango zituzten mezulariek setioa txuliatu zezaten eragozteko, jakinik laguntza-arren hauek janaria ez ezik setiatzaileei bizkarretik erasotzea ere eskatuko zutela, ongi etorriak izango baitziren bai batzuk eta baita besteak ere. Oso denbora laburrera baieztatu zen neurria ona zela, ilargirik gabeko gau isil batean armadako galeotei iskin egiten saiatzen zen batel txiki bat harrapatu zenean, batelak mezulari bat zeraman, mezularia almirantearen aurrera eraman zuten, eta gutun batzuk zeramatzala aitortzea beste erremediorik ez zuen izan, gutunak Almada eta Palmelako alkaideei zuzenduak ziren, eta haietan argi eta garbi ikusten zen Lisboako herri errukarriaren beharra noraino iritsia zen. Zainketa eta guzti, beste mezulariren batek ere zeharkatuko zituen lerroak, zeren, handik zenbait astetara, ibaira ematen duen harresiaren ondoan igerian, mairu bat aurkitu baitzuten, zeinak, hurbilen zegoen fusta gainera uretatik igo zutenean, Evorako erregearen gutun bat zeramala aitortu baitzuen, hobe zukeen helburu zeukan lurralderaino iritsi izan ez balitz, gutunaren edukia hain zen ankerra eta krudela, eta batez ere hipokrita, erlijioan eta arrazan senideak zirela aintzat hartuz gero, eta honelaxe zioen gutunak, Evorako erregeak opa die lisboatarrei gorputzen askatasuna, aspaldi daukat menia izenpetua portugaldarren erregearekin, eta ezin dut nire zina hautsi bera eta beretarrak gerra batekin gogaitzeko, salba ezazue zuen bizitza zuen diruarekin, ez dezala balio zoritxarrerako zuen salbaziorako balio behar dizuena, agur. Hau erregea zen, eta gure Afonso Henriquesekin itunduta zeuzkan meniak ez haustearen amoreagatik, Afonso honek berak hautsi zituela bereak Santaremen aurka eraso egin eta hartzeko ahaztu zuen, nonbait, eta Lisboako jende zoritxarrekoa heriotza beltzez hiltzen uzteko prest zegoen, eta bitartean, Lisboatik laguntza eskaerarekin atera zen mezulariak, ez bakarrik ez zuen aukera aprobetxatu lurralde seguruetara alde egiteko, baizik eta berri txarrarekin itzuli zela, abandonoa eta traizioa iragartzen zuen mezua eman baino lehen hil zelarik. Egia da, hala ere, gizonak ez direla beti behar den tokian egoten, mairu hau Lisboara etorri zatekeen baldin eta bera Evorako erregea izan balitz, baina Evorako erregeak ihes egin zukeen joaneko bidaian, bestela erantzunarekin Cacilhaseraino eskoltapean ekarriko zuten beldurrez, eta hau esango zioten beldurrez, Tira ba, uretara, horrela ez zara atzera itzultzeko tentazioan eroriko.
Henrique zaldunaren gorpua S. Vicente hilerrira eramatea, malda malkartsuko bide bihurri horietatik zehar, eta uretatik bi urratsetara, harrika edo zerbait okerragorik egin ez ziezaieten, seguru asko garai haietan esaten hasi zen bezala, lanaren akabua izan zen. Baina hildakoa aitoren seme izateak eta bere azken ekintzaren handiak eginkizun nekeza justifikatzen zuten, eta edozein kasutan ere ez du konparaziorik orain Porta de Ferro aurrean dauden osteek pairatu zituzten hilduratzeekin, bide hau bera hartu zutenak, bere unean, gertaera azaletik deskribatu zenean, kontatu den bezala. Lau armadunek zeramaten hildakoaren andak, Mem Ramiresek agintzen zuen soldadu portugaldarren goardiaz lagundurik, Ouroana atzetik dator, oinez, inoren banitate eta arrandiaren aldeko zerbitzuak egiteari utzi dionari dagokion gisan. Egia esatera, bera behin behineko ohaidea baizik ez izanik, ezerk ez zuen hobiratzean parte hartzera behartzen, baina kontzientzian iruditu zitzaion ez zela kristauaren araberako jokamoldea hildakoari bere azken presentzia ukatzea, bizitzak nolabait elkarrengandik aparte eduki bazituen, heriotzak ez zituen gehiago bereizi, egun batzuetarako jauna eta emaztea baitziren. Alabaina, beste bizi bat, unekoa eta zorrotza, dator atzetik, urrutitik jarraitzen dion soldadu bat, ez dio segizioari jarraitzen, emakumeari baizik, emakumea konturatu da, eta bere buruari galdetzen dio, Zer nahi duzu nigandik, gizon, zer nahi duzu, eta ez du erantzuten, baina berak ez daki besteak nahi duena Henrique zaldunaren tokia dela, ez orain doan tokia, andetan astun inarrosirik, hiljantzi zikin baten azpian, baizik eta bestea, gorputz biziak uztartzen ahal diren beste edozein, egiazko ohe bat, belardi bat, besakada bat ahotz, hondar-magal bat. Mogueimek bazekien seguruena zela Ouroana beraz gustatuko zen edozein jaunek hartua izango zela, baina honek ez zuen larritzen, agian, azken-azkenean, ez zuelako uste egunen batean hatz batez ukituko zuenik, ezta patuaren laguntza edukita ere, eta Ouroanak, inork maite ez zuelako, ibaiaz beste aldeko emakumeekin elkartzea beste erremediorik ez bazuen, hala ere Mogueimek ez zuen emakumea egongo zen txabolako atea bultzatuko bere gizonaren plazerra gozatzeko denona behar zuen gorputz batean, denona izango zenez ez baitzuen sekula berea izango. Mogueime soldadu hau, irakurtzen eta idazten ez dakiena, non jaio zen edo azken buruan mairua kristaua baino gehiago ematen duen izena zergatik eman zitzaion gogoan ez duena, Mogueime soldadu hau, Santaremen sartzeko eratu zen zurubi hartako mailadia baizik ez dena, orain bere soldadu soilaren arma ahulekin Lisboako setio honetan dagoena, Mogueime soldadu hau Ouroanaren atzetik doa heriotzatik apartatzeko beste modurik ikusten ez duena bezala, jakinik, hala ere, heriotzaren aurrean egon beharko duela behin eta berriz, eta sinetsi nahi gabe bizitza elkarren ondoko geroratzeen sail infinitua baizik ez dela izango. Mogueime soldaduak ez du honelakorik deus pentsatzen, Mogueime soldaduak emakume hura nahi du, Portugaleko poesia ez da oraindik jaio.
Lehen ere idatzi da, eta hala gelditu, arrazoiaren bidez ezin uler daitekeen etorkizuna ikusteko gaitasun horietako bati esker, Mogueimek behin esku odoltsuak garbitu zituela estuarioko uretan, eta Ouroana indarrez hartu zuten erregearen kanpamentuko bi soldaduak labanaz paseak agertu zirela geroago. Ouroanak eskua gainean paratu nahi izan zion lehen armadunaren aurka Henrique zaldunaren labana zeinen arin erabili zuen jakinik, erraza da imajinazioak gu tentatzea, eta pentsatzea ezen, Ouroanak, lekukorik gabe, arratseko edo egunsentiko ilunabarrean, aukera aprobetxatuz, bortxatzaileak bere ingurutik pasatu zirelarik, labana triparen erdian sartu ziela, malla-kotako hegala nekez iristen den tokitik. Dudarik ez da honelako heriotza eduki zutela soldaduek, baina ez zen izan Ouroana hil zituena. Haatik, imajinazioaren jario emankorra etetea zaila denez, eta aintzat harturik maitasun sentimendu indartsuak bultzatzen ahal izan zuela Mogueime krimen hauek egitera, jelosiak jota, lehen aipatutako eszenak, alegia, Mogueimek esku odoleztaturik ibaian nola garbitzen dituen erakusten duenak, bere esanahi betea harrapatuko zuen baldin eta odola, olatuak agudo diluitu eta eraman zuena, bizia ere denboran urtzen den bezala, asasinatu miserableena balitz. Hala gertatzen ahal izan zen, baina ez zen hala gertatu, gizon hauek hil ziren, eta euren heriotza halabeharrez gertatu zen, orduan ere halabeharrezko gauzak gertatzen ziren, gehiegi erreparatzen ez zitzaien arren. Egunen batean, elkarri hitz egitera ez ezik beste hainbat intimitatetara ere iritsi direnean, Ouroanak galdetuko dio Mogueimeri bera izan ote zen soldadu prebarikatzaileak hil zituena, Ez, erantzun zuen, eta beharbada egin behar izan zuela pentsatu zuen, emakume honen maitasuna hobeki merezi ahal izateko.
Ez da onurarik ekarriko ez duen gaitzik, hona esaera famatua, sortu ziren erlatibismo filosofiko guztiak baino lehenagokoa, jakintsuki erakusten diguna alferrik dela bizitzako kasuak garia eta iraka bereiztea balitz bezala epaitu nahi izatea. Gure Mogueime beldur zen Ouroana konkistatzeko esperantza galduko ote zuen, baldin eta edozein aitoren semek, erakuskeriaz edo apetaz, edo sentimendu serioago baina aldi berean iraunkortasunik gabeaz, beretzat hartzen bazuen, bizimodu txarraren bidetik kenduz, gerrak iraun bitartean bederen. Ez zen horrelakorik gertatu, eta hau onura izan zen, baina halakorik ez gertatzearen arrazoia gaitz bat izan zen, jendartean zabaldu baitzen, nabarmen, emakume bakarti hark, puta konfirmatua izan gabe, haragi-tratuak izan zituela graduaziorik gabeko soldaduekin, horietako bi, gainera, baldintza misteriotsuetan hilik agertu zirelarik, zeinak, dakigunez, historiarentzat bereziki interesgarria ez izanik ere, jaunen aldetiko interes faltarako arrazoiak tinkoagotzeko balio baitzuen, jaunek ez dutelako soberakinik nahi izaten, eta nahikoa superstizioa baitaukate deabrua ez tentatzeko, ez eta hori bezalako emakume ederraren plantan etorririk ere. Arrazoi horiek zirela medio denek alde batera utzita, Ouroana estuariora zihoan erreka batean arropa garbitzen ari zen, horixe baitzen bizimodua ateratzeko bete behar zuen ogibide txukuna, eta halako batean ikusi du, begi bazterrez, doan tokira doala atzetik jarraitzen dion soldadua hurbiltzen zaiola. Bizar luzeak gizon guztien aurpegiak antzeko egiten baditu ere, hau ez ezagutzea zaila da, garaieraz gainerako guztiei buru erdi bat kentzen dielako, gutxienez, eta gorpuzkera orokorrak ere ez du itxura osoaren aurka egiten. Gizona harri baten gainean eseri zen, hurbil, eta hantxe gelditu zen, mutu, begira, orain emakumeak gorputza tentetu du, besoa gora eta behera darabil lisiba jotzeko, kolpearen hotsak uraren gainetik korritzen du, hots nahastezina da, eta beste kolpe bat, eta beste bat, eta gero isilaldia, emakumeak bi eskuak pausatu ditu harri zuriaren geinean, harria erromatarren hilarri zahar bat da, Mogueimek begiratzen du baina ez da higitzen, orduantxe haizeak almuedano baten oihu zorrotza dakar. Emakumeak ezker aldera bihurtzen du burua, apur batez, deia hobeki entzuteko bezala, eta Mogueime alde hartara dagoela, pixka bat atzerago, ezinezkoa izan da emakumearen begiek gizonarenekin topo ez egitea. Mogueimek oin ortozak hondar lodi eta hezearen gainean dauzka, eta gorputzaren pisu osoa sentitzen du, eseririk dagoen harriaren parte izatera pasatu bailitzan, erregearen tronpetek orain eraso-deia egingo balute, seguruenik ez luke entzungo, buru barruan, ordea, almuedanoaren oihuaren oihartzuna dabilkio, entzuten du oraindik emakumeari begiratzen dionean, eta emakumeak, bere aldetik, begiak desbideratzen dituenean, isiltasuna erabatekoa da, egia da inguruan hotsik badela, baina beste mundu batekoak dira, mandoek bafada egin eta errekan edaten dute, eta seguruenik egin behar dena hasteko beste modu hoberik aurki ezin daitekeenez, Mogueimek emakumeari galdetu dio, Nola duzu izena, zenbat aldiz ez ote diogu elkarri galdetu, mundua mundu denetik, Nola duzu izena, gero geure izena gaineratuz, Ni Mogueime naiz, bide bat irekitzeko, emateko hartu baino lehen, eta gero zain gelditzen gara erantzuna entzun arte, erantzunik denean, isiltasunez erantzuten ez digutenean, baina oraingo honetan ez da isiltasunik izan, Ni Ouroana naiz, esan du emakumeak, gizonak bazekien, baina bere ahotik entzun duen lehen aldia izan da.
Mogueimek burua goititu zuen eta emakumearengana hurbildu zen, sei urrats, gizon batek legoak eta legoak ibiltzen ditu bizitzan zehar, eta legoa horietatik guztietatik ez ditu nekea eta oinetako zauriak baizik ateratzen, zauriak ariman ernatzen ez zaizkionean, eta halako egun batean sei urrats eman eta bilatzen ari zena aurkitzen du, hemen, Lisboako setio honetan, emakume hau belauniko zegoen eta orain zutitu da niri harrera egiteko, eskuak bustirik ditu, zaia ere bustirik, ez dakit nola egin genuen topo biok behe-ur hartan, korrontearen itolarri geldoa orkatiletan sentitzen genuela, eta hondoko harri legar txikien kirrinka, mandoei edaten ematen dien morroietako batek zera esaten du, trufari, E, gizon, esango balu bezala, E, zezena, eta gero desagertu da, Mogueimek ez du deus entzuten, Ouroanaren aurpegia baizik ez du ikusten, azkenik ikusten ari da, hain hurbil ezen ukitu bailezake irekiriko lore bat balitz bezala, isilpean, masailetatik ahora poliki doazen bi hatzez doi ukituz, bekainetatik, lehen bata, gero bestea, duten diseinua diseinatzen, eta gero kopetatik, ileetatik, galdetu dion arte, esku betea bizkar gainean paraturik, Nahi al duzu, hemendik aurrera, nirekin gelditu, eta emakumeak erantzun du, Bai, nahi dut, orduan Mogueimeren belarriak ireki ziren, erregearen tronpeta guztiek loria-kantua jo zuten, hain hots burrunbariaz non ezinezkoa baitzen zeruko beste hainbeste elkartu ez izana. Han bukatu zuen Ouroanak arropa garbitzen, agindutako eguna iritsiagatik ez baitzen beharra bukatu, Mogueimek bere bizitza kontatzen zion bitartean, gurasoez ezer ez, ez zituelako ezagutzen, emakumeak, aitzitik, bahitu eta geroko bizitzaz ez zion ezer esan, eta gainerakoaz, nekazari jende guztiarena bezalakoa zen, ordurako horrelakoa zen, eta ez kasualitatez. Ouroana Monte da Graçako kanpamentura joan zen, arropa eramatera, kanpamentu hartan pasatu baititu egun hauek, beste batean itzultzeko esan zioten, orduan ordainduko ziotela, jenerotan, jakina, baina emakumeari ez zitzaion axola izan, ez zitzaizkion axola behar zerbitzatzen dituen aitoren semeen atzerapenak, ordutik aurrera beste bizitza batera zihoalako, gizon hau aldamenean duela, aurkitu nahi nauenak bila nazala gerra piztuen eta gorien dagoen tokian, Porta de Ferro aurrean, baina gaurko gauean ez, elkarrekin egongo garen lehena izango delako, emakumea eta gizona, kanpamentutik ahalik eta urrutienen, gure elkarrekikoa lekukorik gabe izan dadin, zeru izartsuaren azpian, olatuen zurrumurrua entzunez, eta ilargia jaiotzen denean gure begiak oraindik irekirik egongo dira, Mogueimek esango du, Ez dago beste paradisurik, eta nik erantzungo dut, Adan eta Eva ez ziren honelakoak izan Jainkoak bekatua egin zutela esan zielako.
Maria Sara esandako orduan iritsi zen. Jateko zerbait zekarren, hiztegiaren aldetik zorroztasun handiagoaz jokatuz ahorako munizioak deituko genituzkeenak, gerra batera etorri zen ber, bere erantzukizunez oso jakitun etorri ere, Bai, musu bat, eta bi, eta hiru, baina ez hadi distraitu, lanean ari hintzen eta lanean segi behar duk, denborak denetarako ematen dik, baita laburra denean ere, eta guk bi gau eta egun oso bat ditiagu, eternitate bat, emaidak beste musu bat, bakarrik, eta eser hadi, esaidak zer moduz doan historia, Mogueimek eta Ouroanak topo egin diten, Horren eufemistikoki ez esateko, esan nahi duk jada oheratu direla, Nolabait esan, bai, Nola, nolabait esan, Haiek ez zinaten oherik, izarren argipean etzan zitunan, Hura zortea, Gau epela, haiek elkarrekin zitunan eta marea gora zetorrenan, Hitz horiekin idatziko huela espero diat, Ez, ez ditinat hitz horiek idatzi baina oraindik garaiz nagon. Maria Sarak paketeak barru aldera eraman zituen, bitartean Raimundo Silvak, zutik, bere orriei begiratzen zien, buruan beste pentsamendu bat duenaren aurpegiaz, Ezin al duk gehiago idatzi, galdetu zuen emakumeak itzultzean, nire etorrerak distraitu al hau, Ez dun gauza bera heu egotea edo ez, ez gaitun emozioak eta baita emoziorik izanaren oroimena galdu duten senar-emazte zaharrak bezalakoak, alderantziz, Ouroana eta Mogueime bezalakoak gaitun, hasten ari gaitun, Orduan esan nahi duk distraitu egiten haudala, Jainkoari esker, baina pentsatzen ari nintzena zunan ez dudala hemen idazten segituko, Zergatik, Ez zekinat oso ongi, bulegoa uztea errutina uztea bezala izan zunan, agian beste denbora batean sartuko ninduen ohituraren urratzea, baina orain, ia itzultzen ari naizenean, nire zuzentzaile-aulki eta mahaia berreskuratzeko gogoa dinat, azken finean horixe naun, Zergatik errepikatzen duk behin eta berriz lelo hori, Mogueime eta Ouroanaren artekoan dena garbi geldi dadin, Azal ezak kontu hori, Mogueime ez dun sekula kapitain izango, eta ni ez naun inoiz idazle izango, Eta beldur haiz Ouroanak, ikusten duenean ez dela kapitainaren emaztea izatera iritsiko, ez ote dion bizkarra emango Mogueimeri, Handiagoak ere ikusi izan ditun, Ouroana horrek bizimodu hobea ezagutu zian zaldunarekin bizi izan zenean, eta orain, hala ere, Mogueime onartu dik, eta ez diat uste gizonak hartara bortxatuko zuenik, Ez naun Ouroanaz mintzatzen ari, Nitaz ari haiz, ederki zekiat, baina esaten ari haizena ez zaidak gustatzen, Hala iruditu zaidan, Gure artekoak iraun behar duena iraun dezala, baina nik garbi bizi nahi diat, nire gustukoa izan hintzen hintzenagatik, eta uste diat ni naizena izatea ez dela ni hire gustukoa izateko oztopo izango, eta kitto, Barkatu, Alferrik ari haiz barkamen eske, gaitza zeuengan zagok, gizonengan, guztiengan, matxismoa duk gaitza, lanbidea ez denean, adina duk, adina ez denean, gizarte-klasea duk, eta gizarte-klasea ez denean dirua duk, noiz erabakiko al duzue natural bizitzea, Ezein gizaki ez dun natural bizi, Ez duk beharrezkoa zuzentzailea izatea hori jakiteko, lizentziatu xume batek ere bazekik, Bazirudin gerran ari garela, Horixe ari garela gerran, setio-gerra duk, gainera, gutariko bakoitzak bestea setiatzen dik, eta besteak setiatzen dik gutariko bakoitza, bestearen harresiak amildu nahi ditiagu, baina norberaren harresiak bota gabe, amodioa harresi gehiagorik ez izatea duk, amodioa duk setioaren bukaera. Raimundo Silvak irribarre egin zuen, Heuk idatzi behar huen historia hau, Sekula ez zitzaidaan burutik pasatuko hiri pasa zitzaian ideia, hau da, inolako zalantzarik ez duen gertaera historiko bat ukatzea, Neronek ere ez ninan jakingo esaten zergatik egin nuen, Egia esan, nik uste diat pertsonen arteko egiazko bereizketa horixe dela, baietz eta ezetz esaten dutenen artekoa, eta oso ongi zekiat, hik horretaz ohartarazi baino lehen esaten diat, pobreak eta aberatsak badirela, eta indartsuak eta ahulak, baina kontua ez duk hori, bedeinkatuak bitez ezetz esaten dutenak, beraiena izan beharko bailuke lur honetako erresuma, Beharko bailuke, esan dun, Nahita erabili diat baldintza, lur honetako erresuma ezetza baietzaren zerbitzuan jartzeko talentua dutenena baita, edo eta, ezetz baten egileak izan direnean, arin bai arin ezetz hura ezabatu eta baietz bat jartzen dutenena, Ongi esana, Ouroana maitea, Eskerrik anitz, Mogueime maitea, baina ni emakume xume bat baizik ez nauk, lizentziatua banaiz ere, Eta ni gizon xume bat, zuzentzailea izanik ere. Biak irriz hasi ziren, eta gero, elkarri lagunduz, bulegora eraman zituzten paperak, hiztegia, kontsultako liburuak, Raimundo Silva tematu zen berak eraman behar zuela bi arrosak zituen lorontzia, Hau nire kontua dun, neuk asmatu dinat. Dena mahai gainean paratu zuen, eseri egin zen, Maria Sarari begiratu zion, oso serio, toki-aldaketaren emaitza emakumeak toki hartan egiten zuen itxuraren arabera neurtuko bailuen, Orain hauxe idatzi behar dinat, hil eta lurperatu eta gero, lehendik ere beste hainbat arrazoirengatik miretsia eta Bonn hiriko zalduna izan zen Henrique aleman ospetsuak egin zituen mirakulu harrigarriak, Fray Rogeirok kronista-fama eskuratu zuen Osberno hari egin zion gutunean xehe-mehe kontatzen denaren arabera, gutuna, puntu honetan, konfiantzarik txikiena merezi duelarik, federik handiena merezi baitu, eta hori dun garrantzizkoena, Eta ni, erantzun zuen Maria Sarak, gaur etxean prestatuko eta jango den afarirako ordua iristen den artean, sofa honetan eseriko nauk, San Antonioren mirakuluen historia eredugarria irakurriz, hik irakurririko pasarteak horretarako gogoa piztu baitit, hots, oloaren ordez Sakramentu Sagaratua nahiago izan zuen mandoaren kasu izugarria, errepikapenik eduki ez duena, zeren mando hura, gainerakoak bezala, antzua izaki, ez baitzuen ondorengorik utzi, Has gaitezen, Has gaitezen.
Astebete baizik pasatu ez zela Henrique zalduna S. Vicente hilerrian, martiri atzerritarrentzako kanposantuan, hobiratu zutenetik, Fray Rogeiro bere dendan zegoen, kanpamentu guztietatik zehar eman zuen buelta batean jaso zituen oharrak bilduz, buelta hori bere mando fidelaren gainean eman zuen, mando horrek bazituen, zinez, bere espezieari dagozkion kualitate guztiak, baina sendatu ezinezko sabeldarraiotasunak jota zegoen, eta ez zen bere hortz horixketatik salbu gelditzen zen belar-izpi edo olo-alerik, eta Fray Rogeiro hantxe zegoen, gaua itxia zen, eta halako batean, bidaiaren nekearen ondorioz hiru kuluska goxo egin eta gero, hain logura sakona sartu zitzaion ezen naturaz gaindiko gauza ematen baitzuen. Hemen esaten da San Antoniok, Eguberri gaueko koruan huts eginda eritegian hiltzear zegoen lekaide bati laguntzeagatik, merezi izan zuela hormak bereiz zitezen mezatako garaian sagaratu zen hostia gurtzen ahal izan zezan. Fray Rogeiro lo zegoen, beraz, eta une hartan bere arma txiki guztiez, sastakaia izan ezik, armaturiko zaldun bat sartu zitzaion dendan, eta bera zegoen tokirantz hurbilduz hiru aldiz inarrosi zuen sorbaldatik, lehena poliki, bigarrena kemenez, hirugarrena indarrez. Hemen esaten da San Antonio egun batez kanpoan ari zela predikatzen, eta euria hasi zuela, eta San Antoniok obratu zuela predikua entzuten ari zirenen gainera ez zedila eror euririk, ezta xortarik ere. Fray Rogeirok begiak ireki zituen, izuturik, eta ikusi zuen bere aurrean Henrique zalduna zeukala, zeinak esan baitzion, Jaiki eta zoaz portugaldarrek nire ezkutaria lurperatu zuten tokira, nigandik urrun, haren gorpua ekarri eta nirearen ondoan lurpera ezazu, nire hobiaren aldamenean. Hemen esaten da San Antoniok bere deboziozko emakume bati bere ahotsa entzunarazi ziola legoa bateko urruneran, eta beste bati moztutako ileak lotu zizkiola buruan zirautenekin. Fray Rogeirok begiratu zuen, eta ez zaldunik ez hilobirik ikusi gabe, uste izan zuen lo zegoela, eta ametsetan, eta bere buruari arrazoirik ez kentzearren lo gelditu zen berriz. Hemen esaten da San Antoniok penitente bat aurkitu zuela, eta ikusi zuela absoluzioa merezi zuela, eta eman egin ziola, eta ematen zionarekin batera, penitenteak bere hoben guztiak idatzirik zeuzkan paper bateko letra guztiak desagerrarazi zituela. Fray Rogeiro amets beteriko loan murgildu zen berriz ere, jaki hondaturen batek sorrarazi ziola amets hori amets eginez, eta orduan berriz sartu zitzaion zalduna, berriz inarrosi zuen iratzartzeko, eta esan zion, Ez ezazu lo egin, fraide, agindu baitizut nigandik urrun hilobiraturik datzan ezkutariaren bila joateko, eta zuk entzun zenidan baina ez didazu jaramonik egin. Hemen esaten da upategi bateko ardoa isuri zelarik, San Antoniok ardoa upel barrura itzuli zuela. Oso akitua egongo zen Fray Rogeiro, berehala gelditu baitzen lo berriz ere, lehen eskaerari eta gero aginduari muzin eginez, baina orain bere loa kezkatua zen, laster eten egingo ziotela berriz igarri bailuen, eta halaxe gertatu zen, zalduna sartu baitzen koleraren koleraz eta halako larderiazko aurpegi izugarri batekin, izulaborria sorrarazten duten hitzekin agiraka eginez, Horrenbeste aldiz esan dizudana lehenbailehen betetzera ez bazoaz ikusiko duzu zer egingo dizudan. Hemen esaten da gurutzearen seinalea eginez San Antoniok apo bat kapoi bihurtu zuela, eta gero, gurutzearen seinalearekin, baita ere, kapoia arrain. Ez zen Fray Rogeiro bere ministerio santurako duin izango baldin eta S. Pedroren ikasgaiarekin ikasi izan ez balu, zeinaren arabera bi aldiz egin baitaiteke uko edo muzin, baina ez hiru, zeren hirugarrenean, oilarrak kukurruku jotzen ez badu ere, inork mendeku basatiak jasan baititzake, zer esanik ez izpirituek parte hartzen duten kasuetan, hauen indar materiala beti baita biziena baino handiagoa, ez dakit zehazki zer proportziotan. Hemen esaten da San Antoniok, gurutzearen seinalea eginez, herexe bat zigortzeko begiak erauzi zizkiola, eta gero, errukiz, berriz bere tokian ezarri zizkiola. Jaiki zen, beraz, Fray Rogeiro bere goxotik, eta kandela bat harturik estuariora jaitsi zen, bide batez hainbat zaindari izutuz, arima herraturen bat zela uste izan baitzuten, eta batel bat hartu zuen, eta arraunei gogor eraginez, beste aldera pasatu zen. Hemen esaten da San Antoniok lotu zituela, era miragarrian, hautsirik zeuden bi edalontzi, eta bere deboziozkoa zen emakume baten upelari isuri zitzaion ardoa upel barrura itzuli zuela, horrela frogatuz mirariak errepika daitezkeela mirariak egiteko indarra gutxiagotu gabe. Nondik atera zituen Fray Rogeirok esleitu zitzaion lan herkuleoa egiteko indarrak, horixe ez dakigu, baina litekeena da sentitzen zuen izutik beretik atera izana, dena den kontua da denbora laburrean hilobia ireki eta ezkutaria atera zuela, lepo gainean bateleraino eraman zuen, eta izerdi hotzetan zein berotan blaiturik, abiapuntura itzuli zen, zama astuna maldan gora garraiatu zuen S. Vicenteraino, eta zaldunaren hobiaren ondoan beste hobi bat hondeatu zuen. Hemen esaten da San Antonio Sizilian zegoela, eta bere deboziozko emakume bat putzu batean erori zela ikusi zuela, eta, incontinenti, putzutik txukun eta garbi aterarazi zuela. Fray Rogeiro bere dendan sartu zen, eta gelditzen zen gauaren zatia lo pasatu zuen, harri bat bailitzan, eta goizean iratzarri zenean, eta gertatutakoa gogoratu zuenean, ez zuen zalantzarik eduki, eskuak eta abitua lurrez eta biskositate susmagarriez zikindurik zeuzkalako, eta zalantza eduki ez ezik, are, zaldunaren jokamolde eskertxarrekoarekin asaldatu zen, berari eskerrak ematera joateko lanik ere hartu ez zuelako, lo goxotik bortizki erauzteko horren bizkor ibili eta gero. Hemen esaten da San Antoniok, Erroman zegoela, hizkuntza bakar batean eman zuela predikua, eta hainbat naziok batere arazorik gabe ulertu ziotela. Alabaina, ez ziren hemen bukatu Henrique zaldunaren adierazpen miresgarriak, aitzitik, bere hilobiaren buruan agertu zen palma bat, handik hiru urtetara Jerusalemeko erromesek esku artean ekarriko dutenaren antzekoa. Hemen esaten da San Antoniok, Ferraran, emakume errugabe bat libratu zuela bere senarrak azpikeriaz prestatutako heriotza injustu batetik, jaio berri bat bere amaren errugabetasuna aldarrikatzeko mintzaraziz. Palma palmondo bihurtu zen, hostoak erne zitzaizkion eta handi egin zen, eta erregea etorri zen, eta kanpamentuetan zeuden jende arrunta eta soldaduak, eta denek eskerrak eman zizkioten Jainkoari. Hemen esaten da ezen Ariminon, herexeak harrika ari zitzaizkiola, San Antonio pasatu zela itsasoko hondartzetara, eta arrainei dei eginik, prediku izugarri ederra egin ziela. Gaixoak etortzen hasi ziren, eta palmondo hartako hostoak hartzen zituzten, eta berehala paratzen zituzten lepoan, eta hala egiten zutelarik une hartan eduki zezaketen edozein gaixotasun sendatzen zitzaien. Hemen esaten da Ariminotik Paduara zihoala, San Antoniok hogeita zazpi lapur konbertitu zituela prediku bakar baten bidez. Hura bai harrigarria, hura bai mirakulu ederra. Hemen esaten da ezen San Antoniok errieta egin ziola mutil bati bere amari ostikoa eman ziolako, eta hain gelditu zela erasotzailea egindako gaiztakeriaz damutua eta atsekabetua ezen berehala labanaren bila joan eta oin gaiztoa bertan ebaki baitzuen. Beste gaixo batzuek palmak hartu, xigortu eta zanpatzen zituzten, gero hortik ateratzen zen hautsa ura eta ardoarekin nahastu eta edan egiten zuten, gorputzean zeukaten edozein gaitz sendatzen zitzaielarik. Hemen esaten da mutila, bizi lastimosua galtzeko zorian odolusten ari zela, hain garrasi latzak bota zituela non herria bere ingurura etorri baitzen zer gertatzen zitzaion jakin nahian, eta mutilak azaldu zuela, negarrez urturik, Fray Antoniok esan ziola huraxe zela merezi zuen zigorra, eta orduan ama agertu zen, fraideak hil zuela bere semea kexatuz, semearen zuhurtzia falta sainduaren gehiegizko grinari egotziz. Palma-hosto horien sendatzeko dohainen ospea zabaldu zen, hainbeste non, denbora laburrean, hostoak eta zurtoinak eramatearen poderioz, ez baitzen deus lur gainean gelditu, eta zaindaritza ona jarri ez ziotenez, batzuek gauez etorri, lur azpian gelditu zena erauzi eta eraman zuten. Hemen esaten da San Antonio etorri zela jendea bilduta zegoen tokira, eta oina, hankatik erauzita zegoena, hartu zuela, eta bere esku propioez ebakuntzaren beraren aztarnetatik doitu zuela, eta gero, gainean gurutzearen seinalea eginez, berehalakoan gelditu zela loturik, tinko eta sendo. Luze eta xehetasun guztiekin den-denak bereizi eta kontatuko bagenitu, Henrique zaldunaren egintza miragarrien inbentario bedeinkatuak ez luke bukaerarik izango, eta bide honek kontakizun honetako helburuetatik oso urruti eramango gintuzke, helburua delarik, Lisboak zer patu eduki zuen jakitea baino areago, azken hau ez baita inorentzat sekretua, azaltzea nola lortu genuen guk, gurutzatuen laguntzarik gabe, Afonso gure erregearen, izen horrekin bataiatutako lehena eta denetan lehena, xede abertzalea portu onera eramatea. Hemen esaten da ezen, San Antonio Milanen ari zela predikua ematen, eta Lisboan agertu zela, non absolbiarazi baitzuen bere aita zor ez zuen eta leporatzen zioten zor batetik, eta esaten da, baita ere, Paduan ari zela predikua ematen, Lisboan agertu zela aldi berean, non hildako bati hitz eginarazi baitzion eta horri esker bere aita heriotzatik libratu zuela. Halarik ere, hau bezalako egintza miresgarriak bere begiz ikusi zituzten lekukoak, itsasontziekin etorri ziren bi gizon gormutu, ingeles, akitaniar, bretoi, flandestar edo koloniar ote ziren jakiterik izan ez den arren, egun batez zaldunaren hilobira joan ziren eta hilobiaren ondoan etzan ziren, debozio handiz, eurekin errukia eta miserikordia eduki zitzan eskatuz beren eskaeretan. Hemen esaten da hauek izan zirela San Antoniok, bizirik zegoela, egin zituen mirakulurik garrantzizkoenak, baina hil eta gero ere, zenbatu ezin ahala mirakulu egin zituela, eta hain kalitate handikoak non ez baitaude zorretan, gaur den egunera arte, bere presentziaren bidez eragin zituenekin, paper honetan horietako bat aipatzen da, esan den guztiaren frogagarri, eta honako hau da, San Antoniok bere debotoa zen emakume antzu bat emankor bilakatu zuela, eta itxura gabeko puska batez erditu zelarik, izaki dotore bihurtu zuela, hala mirakulu erdia baizik ez zena mirakulu oso bilakatu zuelarik. Eta bi gormutuak etzanik zeudela, biak lo gelditu ziren, eta euren ametsetan berehala Henrique zalduna agertu zitzaien, erromero-jantzi eta itxuraz, eta eskuan bazekarren palmondozko pordoi bat, eta bi gizonezkoei hitz egin zien, honela esanez, Jaiki eta olgatu eta plazer handia eduki, zoazte eta jakin ezazue nire merezimenduei eta hemen dautzan martiri hauen merezimenduei esker Gure Jainkoaren grazia irabazi duzuela, zuekin egon bedi, eta hau esan eta gero, desagertu egin zen, eta bi gizonak, iratzarri zirenean, antzeman zuten entzuten ahal zutela, baita mintzatzen ahal ere, baina totelka mintzatzen ziren, ordea, halako moldez non ez zegoen antzematerik zer hizkuntzatan ari ziren, ingelesen hizkuntzan, akitaniarrienean, bretoienean, flandestarrenean edo koloniarrenean ari ote ziren, edo eta, batzuek, eta ez gutxik, esaten zutenaren arabera, portugaldarrenean, Eta gero, Gero bi hitzmotelak zaldunaren hilobira itzuli zitunan, lehen baino debozio handiagorekin, hau litekeena baldin bada, baina beren otoitzak otoitz galduak izan zitunan, bizi guztirako hitzmotel gelditu baitziren, eta horrek ez gintuzken horrenbeste harritu behar, zeren, bistan denez, mirakulu kontuetan ezin baitaitezke alderatu Henrique zalduna delako bat San Antoniorekin.
Goazemak afaltzera, esan zuen Maria Sarak, eta Raimundo Silvak galdetu zuen, Eta zer daukagu afaltzeko, Agian arraina edukiko diagu, agian kapoia, baina mirakuluak atzetik aurrera ere egiten ahal baldin badira, ez hadi harritu zartaginetik apo batek jauzi egiten badigu.
© José Saramago
© itzulpenarena: Jon Alonso