Heriotzara kondenatuak berak afusilatuko duen pelotoiari su egiteko agindua ematea kemen gorenezko adierazpentzat jotzen da, gehienetan, eta gure artean baketsuen eta koldarrenak garenok ere, ahal izan denean eta inguruabarren laguntzaz, inoiz egin dugu amets bukaera loriatsu horrekin, batez ere gertaera kontatzeko norbait bizirik geldituz gero, bestela lekukorik gabe gelditu diren loriak ez baitira hain estimatuak. Izan ere, beharrezkoa da aleaziorik sendoenezko nerbioekin munduratua izatea, edo, nerbioak dardartsu eta zapartatsuak baldin badira, neurriz kanpoko pasio batek, aberriaren aldekoak edo antzekoak, inor beretua izatea, gure ahots lehen erlatsarekin eta gero betiko mutuaraziarekin oihu egiteko, Su, modu honetan, nolabait ere, hiltzaileen kontzientziak hobenetik arinduz, eta geure kontzientzia goratuz, azken txinparta batean, erabateko sakrifizio eta abnegazioaren gailur sublimetara. Litekeena da gertaera hauen ohiko eszenatokiak, batez ere bere bertsio zinematografikoek, pertsona arrunta heroi bihurtzen ahal duten gorespen hau sustatzen laguntzea, pertsona arrunt hori toki dramatikoan ez baldin badago kasualitate hutsez ez dagoela dirudielarik, gaur zinemara etorri delako, hain zuzen, kondenatua gezurretan edo egiatan nola hil zen ikustera, edo aktore ospetsuak hiltzen zelakoa nola egiten zuen, edo egiatan eta dokumentalki, izenik gabeko ajustiziatua nola hil zen ikustera. Ondorengo zalantza agertzen dugunean ez dago inolako iradokizun maltzurrik, ustez egia dena baizik ez da, alegia, uste duguna da aulki elektrikoan, urkamendian, gilotinan, garrotean edo sutan hiltzera ezein kondenatuk ez duela sekula agindua eman korrontea piztu, hanka azpiko tranpatxoa ireki, xafla zorrotza askatu, torlojuari bueltak eman edo pospoloa izekitzeko, agian hiltzeko modu horiek ez dutelako duintasunik, ez eta arte honetan tradizio luzeenik dutenek ere, agian faktore militarra, hainbeste aldiz heroismoaren habia den erakunde militarra falta dutelako, zeren, kondenatua zibil arrunta izatetik pasatzen ez zenean ere, bularrean jaso zituen balek erdipurdikeriatik askatu baitzuten, balak biatiko eta ibiltzeko baimena izan zitzaizkion, eta horri esker azkenean sarrera edukiko du heroien paradisuan, ordua iristen denean, zeren alde edo zeren kontra zegoen eztabaidatu gabe, paradisu hartan lurreko diferentzia hauek beren zentzua galtzen baitute.

        Kontu honi buruzko itzulinguru luzearen zioa honako hau da, hots, erakustea nola, inozentziaz, gerta daitekeen inor bere heriotzari ahotsa ematera iristea, bai eta heriotza berehala etortzen ez bada ere, eta nola, kasu honetan, asmo santuaz esaniko hitzak, mundu honetako ezerk atzeraraziko ez zituenak, suge sumindu bihurtu ziren. Eguerdia zen, eta almuedanoak almenetako balkoietara igo ziren sinestunak otoitz egitera deitzera, hiria setitua izanagatik eta gerra-hotsetan sarturik egonagatik ez baitzitzaion utziko federaren erritoak betetzeari, meskita nagusikoak jakin bazekien soldadu kristauek alde guztietatik ikusten zutela, batez ere Porta de Ferro zelatzaten zutenek, handik, hain hurbiletik, baina honek ez zuen kezkatzen, lehenbizi ez baitzegoen gezi galdu batek jotzeko bezain hurbil, bigarrenik bere hitzek berek zainduko baitzuten arriskuetatik, La ilaha illa lla, horixe aldarrikatuko zuen, Ala da Jainko bakarra, eta zertarako balioko zion finean ez bazen. Alabaina, bost ateen aurrean dagoen portugaldarren armadak ez du besterik itxaroten, oihu hauxe entzun nahi du aldi bereko eraso orokorra jotzeko, dakigunez, gatazkarako plan behin-betikoa hezurmamitzeko ezarri ziren erasorako neurrietako lehena, gure errege onak deliberatu zuenaren arabera, bere estatu nagusiaren iritzia entzun eta gero. Ez gara eroriko erasorako agindua mairu ohargabeen ahotan jartzeko erabaki ironikoari makiabelikoa deitzeko tentazioan, Makiabelo, artean, jaiogabea zelako, eta Lisboa hartu zen garaian, edo lehen, bizi zen bere arbasoetako inor ez baitzen engainatzeko artean maila nazioartekoan bereziki nabarmendu. Kontu handiz usatu behar dira hitzak, ez dira inoiz ideien zirkulazio orokorrean sartu ziren garaia baino lehen erabili behar, bestela norbait gainera jauziko zaigu anakronismoaren salaketa jaurtiz, zeina, idazketaren eremuan kondenagarriak diren ekintzen artean, plagioaren hurrena baita. Egia esan, ordurako nazio garrantzizkoa izan bagina, gaur egun garen bezala, ez zatekeen beharrezkoa izango hiru mendez Makiabeloren zain egotea azerikeria politikoaren praktika eta hiztegia aberasteko, eta besterik gabe afonsinoa deituko geniokeen kolpe jenial honi, Ala da Jainko bakarra, egiten du oihu almuedanoak, eta gizon bakarra bailiran portugaldarrek aurrera egiten dute karga-urratsez eta garrasiak eginez elkarri adorea emateko, hiriko ateen aurka, nahiz eta, eskarmentu apur bat leukakeen behatzaile batek, inpartziala izateko baldintza bakarrarekin, nolabaiteko konbikzio falta sumatuko bailuke lasterka aurreratzen den ostean, horren gutxirekin horren urrutira ezin dela iritsi sinetsiko bailuten. Egia da arkuek eta baleztek egiazko gezi, birote eta birotoi jasa botatzen dutela almenen kontra, guardiako mairuak bertatik atzera eginarazteko, eta lehen lerroko erasotzaileei aukera emateko ateak hausten saia daitezen, aizkora eta mailuez, beste batzuek, ariete astunak erabiliz, ateen kontra erritmikoki jotzen duten bitartean, baina mairuek ez dute atzera egin, lehen prestatu dituzten estalkien azpian gorde dira, eta gero, azkon nagusiei lotu dizkieten zuziek estalkiak sutan jarri dituztenean, harresietatik behera bota dituzte portugaldarren buruen gainean, eta hauek izan dira atzera egin behar izan dutenak, matatxerriaren ondoren txokarraturiko zerriak bailiran. Suterik bizienak iraungirik, horretarako Mem Ramiresen zenbait soldaduk estuarioko uretara egin behar izan baitzuten jauzi, gero uretatik hortzak karrankatuz eta ukenduak eskatuz irten zirelarik, artileriak harresiaren aurkako tiraldiari ekin dio, zuhurkiago orain, harriak eta buztin gogorrezko bolak erabiliz batez ere, zeren mairuek, deabruzko gaiztakeriarekin, gure munizio berberarekin ematen baitziguten ordaina, eta hala gertatu zen ezen portugaldar bat hil zela joan-etorriko birote baten kausaz, portugaldar hori izan zelarik birote horren lehen tiratzailea, bistan da inork ezin diola bere patuari ihes egin. Hau bezalako kasuak, arraroak izanik ere, gerrako gertaeretan jazotzen direnak dira, batez ere setio-lanetan, non dena profitatzen baita, gezia badoa, gezia badator, eta, etengabeko erabilerak sortzen duen depreziazioarengatik ez balitz, hau bezalako gatazka bat agian ez litzateke sekula bukatuko, are etengabe lanean ari diren Braço de Pratako fabrikak ere kontuan hartu gabe, eta muturreko egoerara irits gintezke, zeinean bizirik iraungo lukeen bakarra armategi oso baten jabe geldituko baitzen, hainbeste arma eta erahiltzeko inor ez.

        Almena gainetik almuedanoak arramantza zoritxarrekoa entzuten zuen, ez zen, ez horixe, gurutzatuek alde egin zutenean toki hartatik bertatik entzun ahal izan zuen ahots alaien alaraua bezalakoa. Orain ez zuen arineketan jaitsi behar zer gertatzen ari zen jakiteko, ongi asko zekien zer zen, hots, aldiria galdu eta gero izan zen atsedenaldiaren ondoren gatazka berriz hasten zela, baina ez zen atsekabeturik, entzuten ari zen anaien oihuak, ez ziren galera eta etsipenezkoak, aitzitik, aupaka ari ziren, hala iruditu zitzaion bederen, eta hala izango zen, noski, entzumen ezin finago batek ordea ematen baitzion bere itsutasunari, adinean aurrera joana izanik ere. Hiriko beste hainbat minaretetan, ausaz, hango almuedanoak ere arramantza entzuten ariko ziren, sei, zortzi, hamar itsu, eta beste hainbeste meskita, zerua eta lurraren artean kokaturik, iluntasun beltzean. Denak ziren eraso honen erantzule, haiek izan zirenez agindua eman zutenak, baina, errugabe, ez zituzten lotu esandako hitzak hauek eduki zuten begi bistako ondorioarekin, bakoitzak esango zuen, bere artean, Hau halabeharra, eta nahiago izango zuten pentsatzea ezen, otoitz egitera joateko dei santuaren oihartzunak oraindik airean zirelarik, jada borrokan ari zirenen birao eta marrumekin nahasten baziren ere, Alaren agerpen dudaezinak hiria —elemenia bat kupulua txiki eta dardartik eraikitzen zuten kupula erraldoi hori, gaztelutik, maldan behera, ibairaino jaisten zena—, babestuko balu bezalakoa zela, eta, bitartean, ibaiaren inguruan, kristauen Jainkoak ezkutuak faltako zituela bere soldadu eszeptikoak goitik zetozen jaurtigaietatik defenditzeko. Malda hauetan zakurrak zaunka ari dira, kalapitak izuturik, zokoak bilatu eta bertan hasten dira hezurrak lurperatzen, zer edo zertarako balio behar die senak, noiz eta baita juizioa daukaten pertsonek ere egun txarrak datozela sumatu dutenean.

        Zakur mairu hauei buruzko aipamenak, hau da, oraindik mairuekin bizi ziren zakurrei buruzkoak, elkarbizitza hartan animalia guztiz lohi edo ezpuruak baziren ere, beren haragi zikina Alaren gizakien gorputz argalduen jangarri laster izango den arren, aipamen honek, genioen, Escadinhas de S. Crispimeko zakurra ekarri zion gogora Raimundo Silvari, non eta, aitzitik, kontzientea izan ez zen oroimen batek ez bazion eszena alegorikoa, alegia, juizioa eta senari buruzko iradokizun labur hura, sartzeko aukera eman. Raimundo Silva, tranbia hartzeko, ia beti Portas do Soleraino doa, urrutiago dagoen arren, eta handik itzultzen da, halaber. Zergatik egiten duen galdetuko bagenio, erantzungo luke ezen, duen lanbidea egonekoa izanik, biziki komeni zaiola ibiltzea, baina egiazko arrazoia ez da hori, izan ere ez litzaioke askorik inportako ehun eta hogeita hamalau trankoak jaistea, denbora irabaziz eta belaun bakoitzak egin behar zituen hirurogeita zazpi flexioak profitatuz, baldin eta, arraren banitatea tarteko, bere burua gero trankoak igotzeko behartuta ikusiko ez balu, horren ondorioz datorren nekearekin, hemendik pasatzen diren guztiak ukitzen dituena, zein alpinista gutxi ausartzen den hemendik ikusteak frogatzen duenez. Konpromisozko irtenbidea litzateke eskaileretatik jaistea Porta de Ferroraino eta, igotzeko, bide luzeago baina ez hain neketsua hartzea, hala egitekotan, ordea, aitortuko luke, inplizitoa baino gehiago zen moduan, birikak eta zangoak ez direla garai batekoak, hau ustea baizik ez den balorazioa da, zeren Raimundo Silva sasoiko zeneko garaia ez baita Lisboako setioaren historia honetan sartzen. Aste hauetan, jaisteko, bide hau hartu zuen bi edo hiru alditan, Raimundo Silvak ez zuen zakurra ikusi, eta pensatu zuen ezen, bizi ahal izateko gutxieneko anoa auzokoen zikoizkeriatik zain egon eta gero, hondakinez aberatsago izango zen beste nonbaitera emigratuko zuela, edo besterik gabe, bizia bukatuko zitzaiola luzaroegi zain egoteagatik. Eduki zuen karitate-keinuaz gogoratu zen, eta bere buruari esan zion keinua errepikatzea eduki zuela, baina, zakur kontuan, gauza jakina da konfiantza eta ogia emango dizkioten jabe bat izateko ideia finkoarekin bizi direla, jabeak esne mamitan edukiko dituelako esperantzan, eta guri so gelditzen dira halako antsietate neurotiko batez, eta azkenik lepokoa jarri, lizentzia ordaindu eta etxera eramatea beste erremediorik ez da gelditzen. Horren aurrean, gosez hil daitezen uztea da onena, baina poliki-poliki, hain poliki non kontzientzia alatzeko aukerarik ez baita geldituko, gosez eta, ahal dela, Escadinhas de S. Crispimen hil daitezen, handik ez baita inor pasatzen.

        Gazteluko dorrearekin muga egiten zuen ordoki batean, erregearen kanpamentutik ezkerreko magalaren azpian, beste kanposantu bat prestatu zen berria iritsi zen, bestela hildakoak sakan eta putzuetatik zehar San Francisco mendiraino garraiatzeak lan handia ematen baitzuen, xehe-xehe eginda iristen ziren, eta bero handi honekin, biziek baino are usain txarragoa botatzen zutela. Bestea bezala, San Vicente hilerria ere bikoitza da, portugaldarrak alde batera eta atzerritarrak bestera, eta honek, tokia alferrik galtzea ematen badu ere, giza izaerari erantzuten dio, lekuak betetzeari dagokionez, hala bizientzat nola hildakoentzat balio duena. Hona etorriko dira, ordua iristen denean, Henrique zaldunaren hezurrak, badakiena laster iritsiko zaiola bere beste ordu hori, erasorako dorren bikaintasun taktikoa frogatzekoa, behin baieztatu delarik plan estrategikoaren lehen urratsa zen ate eta harresien aurkako eraso zuzenak pott egin duela. Berak ez dakiena eta inork ezin esan diezaiokeena hauxe da, armadaren begi itxaropentsuak bere baitan jarriko diren unean, garai haietarako ere bazeuden bekaiztiak alde batera utzirik, une horretan bertan, loriaren atalasean dagoela, heriotza zoritxarrekoa iritsiko zaiola, heriotza zoritxarrekoa militarki hitz eginez, esan dezagun, zeren, beste loria hori, gorena, patu ezinbestekoa baitzen hain urrutitik etorritako zaldunarentzat. Ez gaitezen aurrera, alabaina. Oraingoz kontua da Porta de Ferroren aurkako saialdiak utzi dituen hogeita hamar hildako nazionalak lurperatzea, hauek txalupek eramango dituzte estuarioaren bestaldera, eta gero maldan gora, besoan, edo halamoduz prestatutako hagazko andetan. Hobi-zuloaren ertzean daudela, biziek aprobetxatzen ahal dituzten arropak erantziko dizkiete, odolak gogorturik ez badaude, eta hala ere, baten batek, eskrupulo gutxiagokoak eta ez hain delikatuak, garbitu egingo ditu, eta hortik ikus dezakegu, gehienetan, hildakoak hilobira hartzen dituen lurra bezain biluzik jaisten direla.

        Lerro-lerro, oin hutsek marea gorak eta olatuek fresko eta beratz gordetzen duten lehen lohi-zerrenda ukitzen dutela, hildakoak, adarbeetatik begira dauden mairu garaileen begirada eta trufen pean, txaluparatzeko orduaren zain daude. Atzerapenaren arrazoia da garraiorako behar direnak baino bolondres gehiago dagoela, hau harrigarria irudi lekiguke ikusirik zer nolako lan nekeza eta goibela den, bai eta zenbait jantzi eskuratzeko ordaina izanik ere, baina kontua da mundu guztiak joan nahi duela txalupari edo anda-eramaile, zeren, hilerriaren ondoan, hor nonbait, egunotan paratu berri baita puteen auzoa, orain arte emakumeak barreiatuta zeuden txaboletan eta kalearte ezkutuetan, gerra nola bukatzen zen begira, gerra hau iritsi, ikusi eta irabaztea izango ote zen, zeren hala izatera behin-behineko edozein konponketak balioko baitzuen, ala setio luzea izango ote zen, itxura guztien arabera izango den bezala, zeren, orduan, erosotasun handiagoak behar baitira, eta honelako kasuetan toki itzaltsua aukeratzen da, giroa bero baita eta gorputz-ariketak ere berotzen baitu, txabola batzuk eraikitzen dira egur-ziriez, adarrezko estalkiekin, oherako nahikoa da besokada bat lasto, edo belar ziztrin batzuk, denborarekin, eta hildakoen hautsa gaineratuko zaielarik, dena lur arre bihurtuko da. Ez dira beharrezkoak erudizioaren neurri handiak ohartuarazi ahal izateko, orain, eta erdi aroko garai haietan ere, Elizak konparazio klasikoen aurka egin arren, Eros eta Tanatos nahasian zebiltzala, kasu honetan Hermes bitarteko zela, hainbat kasutan emakumeen zerbitzu onak hildakoen jantziez ordaintzen baitziren, emakume hauek, beren lanbidearen haurtzaroan zeudenez, eta gainera hasiberri baizik ez zen herri batean, oraindik pozaz eta egiaz laguntzen baitzituzten beren bezeroen beroaldiak. Hau guztia jakinik, eztabaidak ez du inor harrituko, Neu noa, neu noa, ez da galdu diren borrokakideei erakutsi nahi zaien begirunea, ez eta gatazka-fronteko gorabeheretatik ordu batzuez ihes egiteko estakurua, bada haragiaren gose jasanezina, kasu honetan, nork esango zukeen, sarjentu-laguntzaile baten tema edo faboritismo apetatsuaren menpean dagoena.

        Eta, orain, gorputz zikin eta odoleztatu hauek osatzen duten lerro hau korri dezagun, besoa besoaren ondoan daude etzanik, noiz txaluparatuko zain, batzuek begiak irekita dituzte oraindik, begizuloetatik erdi aterata eta zerurantz, beste batzuek betazalak ñarrotu dituzte eta irri egiteko gogo izugarriari eusten diotela dirudi, zauri erakusketa bat da, euliek zanpa-zanpa jaten duten zauri irekien erakusketa, ez dago jakiterik gizon hauek zeintzuk diren edo zeintzuk izan diren, bere lagun hurkoenek baizik ez zituzten euren izenak ezagutuko, toki berberetatik haiekin etorri zirelako edo elkarrekin egin zietelako aurre arrisku berberei, Aberriaren alde eman zuten bizia, esango zuen erregeak heroiei azken omenaldia egitera etorri izan balitz, baina On Afonso Henriquesek bere kanpamentua eta bere hildakoak ditu, ez du hain urrutitik etorri behar, mintzaldirik egiten badu, une honetan beste alderako txartelaren zain dauden guztientzat eginda bezala ulertu beharko da, bitartean auzi garrantzizkoak eztabaidatzen ari dira, esaterako ea nortzuk osatuko dituzten txalupetako eskifaiak edo eta nor geldituko den fajinan hilerrian, zuloak prestatzeko. Armadak ez die familiei telegramaz gaztigatu behar, Bere eginkizunak burutzen ari zela ohorearen zelaian erori zen, hau dotoreagoa da gauzak garbi adieraztea baino, Mairu putakume batek hor goitik harri bat bota eta burua zanpatu zion, armada hauek ez dute oraindik erroldarik, eta jeneralek, gehienez, eta gutxi gorabehera, badakite hasieran ekarri dituztela hamabi mila gizon, eta hemendik aurrera egin behar dutena da egunero zenbaki horri bakar batzuk kentzea, frontean dagoen soldaduak ez du izenik behar, Aizu, pizti hori, atzera egiten baduzu tiro bat sakatuko dizut adar artean, eta soldaduak ez zuen atzera egin, eta harria erori, eta hil egin zuen. Galindo zuen izena, honako hau da, gelditu den moduan erditu zuen amak ere ez luke ezagutuko, burua zanpaturik, alde batetik, eta gainerakoa dena odol idorrez estalirik, eta bere eskuinean Remigio dago, geziz zulatua, bik alderik alde zeharkatu dute, aldi berean jopuntutzat aukeratu zuten bi mairuek belatzaren begia eta Sansonen besoa zeukaten, baina hauek ere ez dute luze itxaron beharrik izango, egun gutxi barru haiei iritsiko zaie txanda, eta hauek bezala, eguzkitan utziko dituzte, noiz lurperatuko zain, hiri barruan, hiria setiaturik dagoenez ezin baita hilerrira iritsi, non galiziarrek litezkeen profanaziorik gaitzesgarrienak egin baitituzte. Mairuek gauza bakar bat dute bere alde, bere aldekoa dela esaterik badago, familiek egiten dieten azken agurra, emakumeen garrasiak, baina hori, batek daki, beharbada okerragoa izango da soldaduen moralerako, ekarriko duen oinaze eta sufrimenduzko malkoen ikuskizunarengatik, kontsolamendurik gabeko doluarengatik, Nire semea, nire semea, kristauen kanpamentuan, bitartean, dena gizonen artekoa da, zeren han, emakumerik bada, bestelako helburu eta arrazoiengatik baita, datorrenari izterrak zabaltzea, alegia, soldadu hila, soldadu jarria, altuera eta lodierazko ezberdintasuna, behin abitua jantzirik, ez dira sumatzen, salbuespenak salbuespen. Galindok eta Remigiok azken aldiz zeharkatuko dute estuarioa, baldin eta aldez aurretik zeharkatu bazuten, zeren, setioa bere hasieretan dagoenez, beren umore sekretuak arindu ez dituzten gizonak ez baitira falta, hauek inork baliatu ezingo duen biziaz beterik sartu ziren heriotzan. Haiekin batera, txaluparen hondoan etzanik, tokiaren estuak hertsaturik, beste honako hauek ere joango dira, Diogo, Gonçalo, Fernâo, Martinho, Mendo, Garcia, Lourenço, Pêro, Sancho, Álvaro, Moço, Godinho, Fuas, Arnaldo, Soeiro, eta kontua osatzeko falta direnak, batzuk izen berekoak, baina hemen ez ditugu aipatuko, inork hau bezalako protestarik egin ez dezan, Horretaz lehen ere mintzatu zara, eta ez litzateke egia, zeren, aise asko idatz baikenezake, Bernardo txalupan doa, eta izen bakarreko hogeita hamar hildako izango lirateke, ez gara sekula aspertuko ondorengo hau errepikatzen, Izen bat ez da ezer, horren frogarik argiena Ala bera da, zeinak, laurogeita hemeretzi izen izanik ere, Jainkoa izatea baizik ez baitu lortu.

        Mogueime txalupan doa, baina bizirik. Minik gabe atera da erasotik, ez du urratu bat bera ere, eta ez borroka egiteari muzin egin diolako, ez horixe, aitzitik, zin egin daiteke uneoro suaren lehen lerroan jardun duela, arieteetan aritu da, Galindo bezala, baina honek ez zuen zorterik izan. Hiletara bidalia izateak, beraz, aipamen bereziak balioko lukeen beste balio du, edo lausengu batek osteak paradan daudela, atseden hartzeko eguna edukiko dute, sarjentuak ederki daki bere gizonak zertan arituko diren joan eta etorriaren arteko denboran, pena handia du beraiekin joan ezin delako, baina Mem Ramires kapitainarekin joan behar du printzearen kanpamentura, buruzagiak hara deitu dituzte balantzea egiteko, balantze ezkorra izango da, noski, hau bezalakoetan ikusten da goi mailakoen bizitza ez dela beti arrosen bidea, esaten ez hasteagatik oso litekeena dela erregeak galeraren errua kapitainei egoztea, eta hauek, beren aldetik, sarjentuei egotziko diete, eta hauek, gizajoek, ezin izango dute euren burua zuritu soldaduen koldarkeria aipatuz, gauza jakina baita soldadu batek balio duena sarjentuari zor zaiola. Hau gertatzen bada, uste izatekoa da hiletetara joateko hurrengo baimenak bertan behera geldituko direla, zehar bezate estuarioa hildakoek bakarrik, azken finean norabide bakarra daukate, eta garaia da itsasontzi fantasmen historiak has daitezen. Aurreko ertzetik, emakumeak, langetako sarreretan, beren hilotz eta desio-zamarekin hurbiltzen diren txalupei so daude, eta teilatupean gizon batekin dabilenik baldin bada, leialtasunik gabe inarrosiko du bere burua gizonarengandik lehenbailehen libratzeko, gondola funerarioetako soldadu hauek, agian heriotzaren fatalitatea biziaren eskubideekin orekatzeko behar inkontzienteagatik, askoz ere sutsuagoak baitira errutinazko ekintzetan dabilen edozein zibil edo militar baino, eta gauza jakina baita sua amatatzeko orduko asearen proportzioan handitzen dela eskuzabaltasuna. Izen batek oso gutxi balio izanagatik, emakume hauek ere badute berea, eman ohi zaien orokorraz, putak, alegia, aparte, eta Tareja dira, erregearen ama bezala, edo Mafalda, joan den urtean Saboiatik etorri zen erregina bezala, edo Sancha, edo Maiores, edo Elvira, edo Dórdias, edo Enderquina, edo Urraca, edo Doroteia, edo Leonor, eta haietako bik oso izen ederrak dauzkate, batak izena du Chamoa, besteak Moninha, gogoa etortzen zaio bati bizitzatik atera eta etxera eramateko, ez Raimundo Silvak Escadinhas de S. Crispimeko zakurrarekin egin zukeen bezala, errukiaz, baizik eta jakiteko zer sekretuk lotzen dituen pertsona eta bere izena, pertsonak izenak berak baino gutxiago balio duela ematen duen arren.

        Mogueimek, zeharkaldi honetan, bi helburu publiko ditu, eta beste bat pribatua. Helburu publikoez nahiko jardun da, hor daude hobiak, irekirik hildakoak hartzeko, hor daude emakumeak, irekirik ere, biziak hartzeko. Lur beltza eta freskoak eskuak oraindik zikindurik, Mogueimek prakak askatuko ditu, eta ator luzea altxaturik, besterik kendu gabe, aukeratu duen emakumearengana hurbilduko da, emakumeak ere jantzi luzea altxatu eta sabelaren inguruan bildurik edukiko du, konkistatu berri diren lur hauetan dena dago asmatzeko amodioaren arteari dagokionez, mairuek berekin eraman dute arte honetaz zekiten guztia, asko omen zena, eta pailarda hauetako bat, kasualitateak edo bizitzaren halabeharrak nazioarteko tratura ekarria, jatorriz mairua bada, bere arrazakoaren trebetasunak isilduko ditu, berrikuntzak salneurri hobean saltzen hasten ahal den arte. Bistan da, bestalde, portugaldarrak ez direla erabat basa gai honi dagokionez, azken finean aukerak jende guztiaren eskura dauden baliabideen araberakoak baitira, baina falta dituzte, hau ere bistakoa da, dotorezia eta imajinazioa, mugimendu fina egiteko talentua, suspentsio jakintsurako trebezia, hitz batez, zibilizazioa eta kultura. Inork ez beza pentsa Mogueime, historia honetako heroia izate hutsagatik, beste edozein baino trebeagoa eta artistagoa denik. Aldamenean Lorençok plazerrezko marrumak eta Elvirak oihu egin bazuten, hemen, bi hauek, besteak bezain sutsu ibiliko dira, are, Doroteak bihotzez hartu du bestearen atzean ez gelditzekoa, oparotasun eta jolasteko grinari dagokionez, eta Mogueimek, gustura dagoenez, ez du isilik irauteko arrazoirik. D. Dinis poeta errege izatera iristen ez den artean, dagoenarekin konforma gaitezen.

        Txalupak beste aldera itzuliko direnean, askoz ere arinago, Mogueime ez da bertan joango, eta ez desertatzea erabaki duelako, horrelako ideiarik ez baitzizaion burutik pasatu ere egingo, are eta gutxiago bera bezalako batek duen izena edukita, eta Portugaleko Historia Nagusian tokia edukita, horrelako gauzak ez dira arinkeria hutsez edo kasketa batez galtzen, bera Mogueime da, eta Santarem hartu zutenean bertan egon zen, eta kito. Bere arrazoi ezkutua, Galindori berari ere aitortuko ez ziona, honako hau da, hots, hemendik joatea, armada Monte de San Franciscotik Monte de Graçara joan zenean azaldu ziren bideetatik barna, erregearen kanpamenturaino, non jakina denez gurutzatuen kanpadendak bereiz daude, ea halabehar hutsez, kantoi bat pasatzean, alemaniarraren ohaidearekin topo egiten duen. Ouroana du izena, eta emakume horretaz pentsatzen du etengabe, nahiz eta ez duen ilusio handirik egiten, hura ez da bere hortzentzako mokadua izango, gradurik gabeko soldaduak denentzako putak baizik ezin ditzake eskura, ohaide esklusiboa izatea jaunen plazer eta eskubidea da, gehienez ere trukea egin liteke, baina berdinen arteko trukea, ongi uler bedi. Egia esan, ez du uste ikusteko zoria izango duenik, baina gustuz entzungo luke berriz bi aldiz entzun zuen urdailaren ahoko kolpe hura, guztiarekin ezin da arranguratu, araldi betean dauden hainbeste ar amorratuen artean, emeak, orokorrean, ongi gordeta daude, batez ere aire hartzera ateratzen direnean, horren froga da Ouroanak laguntzailea zuela bere ondoan, Henrique zaldunaren morroi bat, borrokan sartu behar balu bezala armaturik, barne zerbitzukoa zen arren.

        Handiak dira bakearen eta gerraren arteko ezberdintasunak. Soldaduek kanpamentua hemen eduki zuten bitartean, gurutzatuek gelditzen ziren edo ez erabakitzen zuten bitartean, eta, borrokari dagokionez, gehienez ere, liskar azkarrik, gezien airetiko trukaketarik eta irain-gurpilik bazegoenean, Lisboak ematen zuen, nolabait esatearren, mendi-magalean bermaturiko bitxi bat, bere burua eguzkiaren boluptuositateari eskaintzen ziona, dena dirdaizez estalia, hor goian gazteluko meskitak hiria bururatzen zuela, mosaiko berdez eta urdinez distira eginik, eta beste alde honetara ematen duen magalean, aldiria zegoen, orduan jendeak artean hustu gabea, hiria zerbaitekin konparatuz gero paradisuaren gelaurrearekin konparatu beharko zen. Orain, harresietatik kanpo, etxe erreak eta pareta amilduak daude, eta urrutitik begiraturik ere, hondamendiaren ibilera ikusten ahal da, armada portugaldarra inurri zurien multzoa bezalakoa da, lan latz horretan aritzearen ondorioz hortzak edo biziaren haria hautsiagatik egurra bezala harria ere marraskatzen ahal duena, ikusi den bezala, eta gauza ez da hemen geldituko. Mogueimek ez daki hiltzeko beldurrez ote dagoen. Oso berezkoa iruditzen zaio besteren heriotza, gerretan halaxe gertatu ohi da, hori gertatzeko egiten dira gerrak, hain justu, baina egunotan zeren beldur den bere buruari galdetzeko gauza balitz, agian esango luke ez dela hainbeste hiltzeko posibilitatearen beldur, batek daki hurrengo erasoan bertan ez ote den gertatuko, baizik eta beste gauza baten beldur, galera edo deituko duguna, ez biziaren galera, doi, baizik eta bizitzan gertatzen diren gauzen galera; esaterako, etzi Ouroana berea izaten ahal bazen, patuak edo Gure Jainkoaren borondateak nahi izatea bera etzira ez iristea, bihar bertan hil behar duelako. Jakin badakigu Mogueimek ezin dezakeela hau bezalako pentsamendurik eduki, bera bide zuzenagotik doa, datorrela berandu heriotza, datorrela agudo Ouroana, eta emakumea iristen den eta gizona joango den orduen artean dagoela bizia, baina pentsamendu hau ere biziki konplexua da, beraz, amore eman dezagun, ez dakigu Mogueimek benetan zer pentsatzen duen, gertaeren argitasun zoragarriari egin diezaiogun men, izan ere, gertaerak pentsamendu itzuliak baitira, pentsamenduetatik gertaeretara pasatzean hainbat gauza kendu eta beste hainbat gehitzen badira ere, eta honek azken finean esan nahi du oso gutxi dakigula gure pentsamenduei buruz, eta beste hainbeste egiten dugunari buruz. Eguzkia goian dago, laster iritsiko da eguerdia, mairuak kanpamentuan zer mugimendu dagoen begiratzen ari direla gauza segurua da, atzo bezala, almuedanoak otoitz egitera deitzen duenean galiziarrek erasoa joko ote duten ikusi nahiko dute, horretan bertan ikusten da zer begiramen gutxi dioten arimagabe hauek besteren fedeari. Mogueime, bidea laburtzeko, estuarioa Praça dos Restauradores pareko uberatik zeharkatzen du, marea behera dagoela aprobetxatuz. Inguru honetan Porta de Alfofaren aurka ari diren soldaduetako batzuk daude, beldurrak askatzeko eta itsaskitan saiatzeko xedez, urrutitik etorri ziren, ez da dudarik, orduan ere esaten zen, Begitik urruti, bihotzetik ere bai, orain gauza ez da norberaren grinaren kontua, orain kontua da astia pasatzea gerrako antzokitik urruti, borrokaren sukarraren ondoren, delikatuenek ezin baitute jasan aipatu antzokia ikustea. Eta delikatu hauek ihes egin ez dezaten, kabu batzuk daude han eta hemen, kabalea zaintzen duten artzainak edo artzanorak bailiran, ez dago beste modurik, tropak abuztura arteko soldata jaso du, eta gorputza jarri beharko dio kontratuari, egunez egun, epea betetzen den arte, baldin eta aldez aurretik beste epe bat, norberaren bizitzarena, betetzen ez bada. Mogueimek ezin dezake estuarioko bigarren adarra uberatik pasa, ez eta marea behera egonik ere, sakonagoa baita, horregatik ertzetik gora igotzen ari da, ur gezazko erreketako iturrietara iritsi arte, non, egun hauetako batez, Ouroana arropa garbitzen ikusi eta galdetuko baitio, Nola duzu izena, solasari lotzeko aitzakia baizik ez da, emakume honengan Mogueimerentzat sekreturik ez duen zerbait baldin bada, hori izena da, hainbeste aldiz errepikatu eta gero, egunak ez dira bakarrik errepikatzen, oso elkarren antzekoak dira, Nola duzu izena, galdetu zion Raimundo Silvak Ouroanari, eta honek erantzun zuen, Maria Sara.

        Ia arratsaldeko zazpiak ziren Maria Sara iritsi zenean. Raimundo Silvak bostak arte idazten jardun zuen, arreta galdurik beti, bizpahiru lerro osatu, nekez, eta gero leihotik begira jartzen zen, hodeiak, bueltaka ibili eta gero eskudelaren gainean pausatu eta kristalaz bestaldetik begi gogor eta gorriaz begiratzen zion usoa, burua aldi berean azkarrak eta errazak ziren mugimenduez inarrosiz, paperentzako ontzia, bulegotik propio ekarria, orri urratuez beterik zegoen, a zer hondamena, hemendik aurrera egun guztiak honelakoak badira, historia sekula ez bukatzeko arriskua dago, portugaldarrak denboren amaiera arte geldituko direlarik Lisboa hiriaren aurrean, konkistatzeko kalipurik gabe eta konkistari uko egiteko indarrik gabe, Lisboak garaitezin iraungo du. Egunean zehar mila aldiz eutsi behar izan zion telefonoz hots egiteko tentazioari, honek are eta gehiago galarazi zion idatzi behar zuenari behar bezalako arreta jartzea, eta horren ondorioz, balio zuen lanari begira jarririk, ikusten zen orri bat baizik ez zuela egin, eta hori guztiz jasanezina ez izatea beste merezimendurik ez duena ontzat ematera eramaten gaituen borondate onari esker. Azken ordu erdia, ia osorik, balkoian pasatu zuen, bere burua behin edo beste mozorrorik gabe agertuz, zain dagoela jakingo edo maiseatuko den inporta ez zaionaren antzera, baina ia beti barne aldeko molduran bermaturik egon zen, gorputz erdia ezkutaturik, Largo dos Lóioseko aldea ezkutuka zelatatuz, han utziko baitu autoa Maria Sarak. San Antonioren axuleiuak dituen etxeko kantoian agertzen ikusi zuen, ibilera lasaiaz, ez geldoegi, ez agudoegi, gizonak ordurako ezagutzen zituen jaka eta gona jantzirik, poltsa bizkarretik zintzilik, ilea aske, dantzan, eta bat-batean desioak korapilo bat egin zion urdailaren ahoan, ez Mogueimeri bezala, honek kolpeak sentitu baitzituen. Hau, hau bai, benetako desioa zela konturatu zen, atzokoa bere izaera guztiaren bibrazio konbultsibo eta etengabea baizik ez zen izan, bere asetzea, agian, harreman fisiko petoaren bidetik aurkitu ahal izan zuena, baina harreman fisiko hura bururatu izan balitz, frustrazio seinaleak utzi zituzkeen, ausaz, edo, okerrago, xarma hautsiaren seinaleak. Atea irekitzera joan zen eta ate aurrera irten, Maria Sara igotzen ari zen, gora begira, irribarrea ezpainetan, gizonak ere irribarre egin zuen, Berandu, esan zuen, Trafikoa, badakizu, atzo egun berezia izan genuen, ordua baino lehen atera nintzen argitaletxetik, erantzun zuen emakumeak, eta aurrera eginez, musu azkar bat masailan eman eta sartu zen. Hurbilen dagoen atea, dakigunez, logelakoa da, ez luke inolako zentzurik, gauzak dauden bezala egonda, beste aterik bilatzea, are eta gehiago logela hau ez delarik bakarrik logela, badelako, baita ere, behin-behinean bederen, lantokia, hori dela-ta, beraz, berriz diogu, nolabait neutralizatua. Baina Raimundo Silvak poltsa lepotik kendu zion, poliki, biluztuko balu bezala, premeditaziorik gabeko keinua izan zen, senak zientziak ahaztuta daukanari laguntzen dion aukera horietako bat izan zen, Atzo, joatekoan, hika egin zenidan, esan zuen gizonak, Aztura kontua duk, oraindik ez nauk ohitu, erantzun zuen Maria Sarak, Bulegora joatea nahi al duzu, Ez, hemen ongi gaudek, baina hik ez daukak esertzeko tokirik, Aulki baten bila noa. Itzuli zenean, Maria Sara eskuizkribuaren azken orria irakurtzen ari zen, Gutxi aurreratu duk, esan zuen, Zergatik ote, galdetu zuen Raimundo Silvak, Bai, zergatik ote, erantzun zuen emakumeak, irribarrerik gabe oraigoan, eta erantzun baten zain dagoenaren antzera begiratzen ziola, Begira ezazu ohea, Zer du oheak, eta beste tonu bat erabiliz, Ni nauk hika ari den bakarra, Agian neu naiz ohitzeko zailatasun handienak dituena, baina berriz esango dut Begiratu ohea, Eta nik berriz erantzungo diat Zer gertatzen zaio oheari, Diferentziarik nabaritzen al dun atzotik gaurra, Ohe bera duk, Jakina, baina nik nahi dinat hik esatea ireki edo erabili ote den, emakumea haizenez, maindireen tolesdurak ukitu gabe daudela konturatuko haiz, burukoak ez duela zimurrik, bakar bat ere ez, estalkia leun-leun dagoela, zerrenda guztiak lerro-lerro, Bai, egia duk, Honelaxe utzi zinan atzo neskameak, Beraz ez duk hemen lo egin, Ez, Zergatik, non, Galderaren bigarren zatia erantzungo dinat lehen, hor barruan egin ninan lo, sofa gainean, Eta zergatik, Haurtxoa baizik ez naizelako, ilea garaiz baino lehen urdindu zaion nerabea, atzo ez nintzelako gauza izan hemen eta bakarrik lo egiteko, hori besterik ez. Maria Sarak orria mahai gainean pausatu zuen, gizonarengana hurbildu eta besarkatu egin zuen, Ez duk sekula hire gustukoa naizela esan beharko, Esango dinat, Baina ez honela, Hitzak erabiliko ditinat, Eta neuk hitzok entzun nahi ditiat, bazekiat horietako asko ahaztuko ditudala, esan hituen unea, tokia, ordua, baina ahaztu ezin izango dudana hau duk, hau eta arrosa ukitu huen unea. Elkarren besoetan zeuden, artean musukatu gabe, elkarri begiratzen zioten eta irribarre zabalak zituzten, aurpegi alaiak, gero irribarreak biltzen joan ziren emeki-emeki, lurrak xurgatzen eta dastatzen duen ura bailiran, azkenik biak serio gelditu ziren arte, elkarri begira, itzal fin eta azkar batek hegalak harrotu zituen logelan zehar, agudo etorri eta agudo alde egin zuen, eta orduan, hegal erraldoi eta boteretsuek bildu zituzten Maria Sara eta Raimundo Silva, eta gorputz bakarra bailiran estutu zituzten, eta musua hasi zen, atzo elkarri eman ziotenaz oso bestelakoa, pertsonak berberak ziren, beste pertsona batzuk ziren arren, baina hau esatea edo ezer ez esatea berdintsu da, izan ere inork ez daki musua benetan zer den, agian elkarren gorputza irenste ezinezkoa, agian komunio demoniakoa, agian heriotzaren hasiera. Ez zen Raimundo Silva izan Maria Sara ohera eraman zuena, emakumeak ez zuen gizona, ezta ere, poliki bultzatu, bestela bezala hor topatu ziren, aurrena ohe ertzean eseririk, estalki zuria zimurtuz, gero gizonak atzerantz bultzatu zuen eta musu ematen segitu zuten, emakumeak garondoa inguratzen zion besoez, gizonaren eskuin besoa emakumearen buruaren euskarria zen, baina ezker besoa zalantzan bezala zegoen, zer egin ez baleki bezala, edo jakin bai, baina ausartuko ez balitz bezala, azken segundoan azken pareta ikusezina tartekatu izan balitz bezala, finean esku jakintsuak gidatu zuen besoa, Maria Sararen gerria ukitu zuen, aldakaraino jaitsi zen, eta izterraren biribiltasunetan pausatu zen azkenik, presiorik egin gabe ia, eta gero, poliki-poliki, gorputzetik gora abiatu zen, bularreraino, orain hatzen oroimenak ezagutzen ahal du lehen aldiz ukitzen zuten blusaren oihalaren leuntasuna, sentsazioa oso arin iraungi zen, unean berean urtu zen, gizonaren esku ezdeusaren azpian bular baten mirakulua zegoela kontzientzia asaldatuak urtu zuen. Ukituak zorabiaturik, Raimundo Silvak burua altxatu zuen, han zegoen eskua benetan bere eskua zela begiratu, ikusi, sumatu, seguru jakin nahi zuen, orain bai, pareta ikusezina abailtzen ari zen, paretaz bestaldera gorputzaren hiria zegoen, kaleak eta plazak, itzalak eta argiak, ez dakigu nondik datorren kantu bat, leiho infinituak, erromesaldi etengabekoa. Maria Sarak bere eskua Raimundo Silvaren eskuaren gainean pausatu zuen, gizonak mila aldiz musukatu zuen, emakumeak eskua erretiratu zuen arte, gizonarena berearekin eramanez, eta bular tentea, estalia oraindik, musuei eskainiz. Emakumea bera izan zen botoiak askatu eta blusa ireki zuena, presarik gabe, bere mugimenduak gozatuz, larrua bularretakoaren farfail zuriaren gaineko farfail matea zen, eta titiburua arrosa kolorekoa zen, Jainko maitea, orduan Raimundo Silvaren eskua itzuli zen, goxo, bortitz, eta keinu erabakior batez titia, elastikoa eta dentsoa, bere zorrotik atera zuen. Maria Sarak auhen egin zuen gizonaren ahoak, irrikatsu, zurrupatu zuenean, ikara batek zeharkatu zion gorputza goitik behera, eta ondoren ikara sakonagoa egin zen, Raimundo Silvaren eskua bere sabelaren gainean pausatu zelako, ustekabean, gero, jada ustekaberik gabe, pubiseraino iristeko, han gakotu zen, eta gogor egin zuen, inbaditzaile. Jantzirik zeuden oraindik, emakumeak jaka eta blusa irekirik bazituen ere, Raimundo Silva izan zen bular ageria bilduarazi zuena, hain delikatuki non Maria Sararen begi harrituak malkoz hezetu baitziren. Logelako itzala bat-batean argitu zen, barra aldean arratseko hodeiak ireki zirela seinale, azken eguzkia leihotik barneratu zen, zeharka, paretako alde batean gerezi koloreko argi-bibrazioa jaurtiz, eta logelatik zehar taupada ikusezin bat barreiatuz, amatatzen ari zen argitasunak iratzarririko atomo hunkituen dardara hedatuz, hau indarrik gabeko mundu jaioberri bat bailitzan, edo mundu zahar bat, asko bizi izanaren ondorioz, indar gabetua. Maria Sara eta Raimundo Silva, ahalkearengatik edo senarengatik, ez zeuden oraindik erabat biluzik, azken pieza intimoa jantzirik zuten, emakumeak bularretakoa ere kendu gabe zeukan. Etzanik zeuden, estalirik, dardarrez. Gizonak eskuak oratu eta musu eman zion, emakumeak keinua errepikatu zuen, gorputzaren uhinezko mugimenduaz elkarrenganatu ziren, hain hurbil non bakoitzaren arnasak nahasten baitziren, ahoek elkar ukitu zuten eta musua ezpain eta mihi jate erabateko bihurtu zen, norberaren eskuek bestearen gorputza bilatzen zuten bitartean, estutzeko, bultzatzeko, fereka egiteko, orduan hitz batzuk entzuten hasi ziren, hitz solteak, etenak, hatsantuak, ene maitea, maite haut, nola gertatu da, ez zekiat, gertatu behar zuelako, besarka nazak, desio haut, antigoaleko xuxurla hori, zeinak, hitz hauekin berekin edo beste batzuekin, are goxoagoak, edo gordinak, edo zabarrak, edo basatiak, denboraren gauetik honantz irauten baitu, barka bekigu honela esatea berriz ere, adieraztezina, inefablea. Raimundo Silvaren eskua, baldar, bularretakoaren hesgailuarekin zebilen borrokan, Maria Sara izan zen ukitu doi eta lepoaren mugimendu batez askatu zena, eta titiak bere presondegitik askatu zituena, gizonaren begiei, eskuei, ahoari eskainiz. Gero, azkenik, erabat biluztu ziren, elkarri lagunduz, elkarri gorputza eskainiz, Biluztu nazan, nazak, esan zuten, eta jada biluzgorririk zeuden, baina orain elkar ukitu, haztatu, aztertu zezaketen, bat-batean Raimundo Silvak ohe-arropa atzera bota zuen, han zegoen Maria Sara, bular, sabel, pubis garai, izter luzeekin, eta bera ere bai, lotsarik gabe, beldurrik gabe, bere burua argiari erakutsiz, hau ahula bazen ere, maindire zuriak baizik ez zuen dir-dir egiten, ilargiaren argiak blaituko bailuen, gaua emeki-emeki abailtzen zen hiriaren gainera, kanpoko mundua mirakulu berri baten aiduru zegoela zirudien, baina inor ez zen konturatu mirakulua gertatu zenean, hemen, bi hauen sexuek elkarren berri eduki zuten lehen aldia, auhenaka elkarrekin ibili ziren lehen aldia, isilean oihu egin zuten lehen aldia, dilubioaren ate guztiak lur gainean eta lurreko uren gainean ireki zirenean, eta ondoren baretasuna, Tajoko estuario zabala, bi gorputz elkarren ondoan, arraunean, eskutik heldurik, batak dio, Oi, ene maitea, eta besteak, Etorkizunean deus ez dadila hau baino gutxiago izan, eta bat-batean, biak esan berri zutenaren beldur gelditu ziren, eta elkar besarkatu zuten, logela ilun zegoen, Piztu ezak argia, esan zuen emakumeak, hau guztia egia ote den jakin nahi diat.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia