Raimundo Silvak Maria Sarari telefonoz ez deitzeko eduki zuen arrazoia xumea eta bihurria zen, aldi berean, eta hau arrazoi horrek zehaztasunari gutxi zor ziola esateko modu bat baizik ez da, zeren adjektibo hauek arrazoi hori eratzeko erabili zen gogoeta-bideari beste zorroztasun batez aplikatuko baitzitzaizkion. Nobela poliziako klasikoetan bezala, auziaren muina denbora-faktorea zen, hau da, Maria Sarak dei egin zuela Raimundo Silva bere etxean ez zegoenean, ordu ezazagun batean, berdin izan zitekeena gizona etxetik atera eta ondorengo minutuko ordua, nola neskamea joan baino lehenagoko minutukoa, ordu hau ere ezezaguna delarik, bi muturreko minutu horiek baizik ez aipatzeagatik. Lehen kasuan, lau ordu baino gehiago joango ziren Raimundo Silvak dei-gaztigua jaso zuen arte, bigarren kasuan, ohituraren arabera kalkulatuz, hiru bat ordu. Dena ongi neurtuz gero, honek esan nahi du Maria Sarak, bere deiari erantzungo zion beste deiaren zain gelditu bazen, nahikoa denbora eduki zuela pentsatzeko agian Raimundo Silva oso berandu etxeratuko zela, inoren etxera deitzea beranduegi zen orduan, are eta gutxiago gaixo baten etxera. Nahiz eta, ironiarik gabe baina gauza bere tamainan uzte aldera esanda, gaixotasuna hain larria ez zen izango, baldin eta bere eskuaz eta bere ahotsaz deitzen ahal izan bazuen gaztelu ondoko etxera, non Raimundo Silvak bilatzen duen eta ez duen aurkitzen galdera funtsezkoaren erantzuna, Zertarako deituko ote zidan. Ohera baino lehen gelditzen zitzaion arrats eta gau zatia gai horri buruzko bariazio zenbakaitzak garatzen pasatu zuen, xumetik nahasira joanik, orokorretik partikularrera, zirkunstantziak ikusirik absurdua izango zen informazio-eske arrunt batetik, are absurdu handiago batetaraino, alegia, tentazio goxoari eutsi ezin dionaren antzera, besteak telefonoz bere amodioa deklaratu nahi izango ziolako absurdu oraindik handiagoraino. Bere buruarekin haserretu zen gogoeta zoro batek hipotesi honetaraino eraman zuelako, eta haserrea hain izan zen handia non, amorru keinu batez, arrosa zuria bakar-bakarrik zimeltzen zen tokira joan, eta zakarrontzira bota baitzuen, zakarrontziko tapakian kolpe indartsua emanez, keinu hau azken epaia balitz bezala, Ergela naiz, esan zuen ozen, baina ez zuen azaldu ergela ote zen bere gogoetei horren urrutira joan zitezen utzi zielako edo eta zenbait egunez oparo iraun zuen lore errugabe hari horrelako tratu txarra eman ziolako, loreak mereziko ez bailuen bere kasa iraungitzea, urberatasun bigun batez zimeltzea, bihotz intimoan gorderiko lurrinaren hondar eta azken zuritasun ezkutu batez. Alabaina, gaineratu behar da ezen, gaua aurrera joandakoan, lokartu ezinik ohean zegoela, Raimundo Silva jaiki eta sukaldera joan zela, zakarrontzia tximinia azpitik erakarri, ireki eta arrosa orbandua jaso zuela, ur-hari baten pean garbitu zuela bere petalo hauskorrei kalterik ez eragiteko, eta, hau egin eta gero, lorontzitxoan paratu zuela berriz, korola eroriari bata bestearen gainean jarririko liburu-meta batek eusten ziola, metako azkena zelarik, hau halabehar interesgarria, Lisboako Setioaren Historia, merkatutik kanpoko alea. Raimundo Silvak lo gelditu baino lehen eduki zuen azken pentsamendua honako hau izan zen, Bihar deitu egingo dut, premiazko aldarrikapena, bera bezalako nortasun zalantzakor batek ez, eta nortasun erabakiorrago batek egiazko deliberamenduaz egindako agindua dirudiena, kontua da ezin daitekeela dena gaur egin, nahikoa irmotasun erakusten dugu etzirako uzten ez dugunean.
Biharamunean, Raimundo Silvak, iratzarri zenean, ideia oso garbiak zituen osteak, eraso egiteko, eremutik zehar paratzeko moduari dagokionez, bere uztatik gaineratutako xehetasun taktiko batzuk ere barne. Loak, sakon etorri zenak, amets lagungarriak ekarri zituen, eta amets hauek larritzen zuten zalantzak argitu zituzten, zalantzan ibiltzea, bestalde, ez zen harritzekoa, bera ez baitzegoen egiazko gerra batek dakartzan gorabeherez eta arriskuez ikasia, are gutxiago agintaritza mailako erantzukizunak, eta ez txikiak, hartzeko prestatua. Bestalde, begi bistakoa da ezingo zela jada lortu ustekabe-efektua deitzen dena, pertsonak, kasu honetan setiatuak, ezer egiteko edo erantzuteko gaitasunik gabe uzten dituena, ulertzen dutelarik aldez aurretik ez zekitela ondoren jakingo zutena, eta ordurako beranduegi zela jakin behar zena jakiteko. Indar-erakustaldi honekin, mandatarien joan-etorri honekin, inguratzeko maniobra hauekin guztiekin, mairuek ederki asko jakin behar dute zer datorkien, eta, horren frogagarri, hor daude borrokariz beteriko terraza horiek, lantzazko triku bihurturiko harresi horiek. Raimundo Silva egoera interesgarrian dago, bere buruaren aurka xake-partida jokatzen ari dena bezala, partida nola bukatuko den aldez aurretik jakin eta hala ere partida nola bukatuko den ez baleki bezala jokatzen tematzen dena, eta are gehiago, auzian dauden bi parteetako ezein ez du aldeztu nahi, kontzienteki bederen, beltzak eta zuriak, kasu honetan mairuak eta kristauak, koloreen arabera. Eta ederki asko frogatu du hau honela dela, ikus bedi bestela zer begiko dituen fedegabeak, estimua diela esan liteke, almuedanoari batez ere, hiriko bozeramaileaz hitz egitean ageri zuen begirunea ez aipatzeagatik, hura tonua, berea, hura zintzotasuna, haren aldean kristauen mintzaldietan beti ageri dira nolabaiteko lehortasuna, nolabaiteko pazientzia falta, are eta ironia ere. Ez bedi hemendik Raimundo Silvaren jaidura guztiak mairuen aldekoak direlako ondorioa atera, uler dezagun berezko errukiaren agerpena dela, zeren, azken finean, ahazten saiatzen bazen ere, ez baitzuen ahaztuko mairuak garaituak izango direla, baina batez ere zeren, bera ere kristaua delarik, nahiz eta praktikantea ez izan, zenbait hipokresiak, hainbat bekaizkeriak, beretarren artean bidea libre duten zenbait infamiak bere onetatik ateratzen baitute. Tira, jokua mahai gainean dago, oraingoz peoiak eta zaldi batzuk baizik ez dira mugitu, eta Raimundo Silvaren iritzi adituaren arabera, aldi berean jo beharko litzateke erasoa bost ateetan —Lisboak Tebasek baino bi gutxiago ditu—, setiatuen indarrak frogatu ahal izateko, zeren, zortea lagun, agian ate horietako batean dagoen batailoia izubera izango baita, eta hala balitz gatazka denbora laburrean irabazita legoke, eta alde bateko zein besteko errugabe gutxiren bizia galdurik.
Guztiarekin ere, enpresa handiari ekin baino lehen telefonoz hots egin beharra dago. Isiltasuna egun bat gehiago luzatzeak, gizabidezkoa ez izateaz landa, etorkizuneko harremanetan zailtasunak sortzea baizik ez luke ekarriko, etorkizuneko harreman profesionalaz ari gara, noski. Beraz, Raimundo Silvak deitu egingo du. Hala ere, lehen argitaletxera deituko du, gerta daitekeelako, are, oso litekeena delako Maria Sara, osasunean izandako gorabehera laburraz sendaturik, gaur lanean izatea, are, ez da bazterrera utzi beharrekoa neskameak jaso duen deiaren arrazoia horixe bera izatea, adibidez, hurrengo egunean argitaletxera joateko eskatzea, denbora gehiago galdu gabe beste zuzenketa-lan batean jarduteko. Raimundo Silva sinetsita dago horrela izango dela, eta hain dago sinetsita non, telefonistak doktorea ez dagoela esaten dionean —Gaixo dago, Silva jauna, ez al zara gogoratzen atzo bertan esan nizula—, erantzuten baitio, Seguru al zaude gaur ere ez dela joan, begira ezazu, eta telefonistak, arduratsu, Ederki dakit nor etorri den eta nor ez den etorri, Agian sartu da eta zu ez zara konturatu, Ni guztiaz konturatzen naiz, Silva jauna, guztiaz, eta Raimundo Silva ikaratu egin zen hitz sibilino hauek entzun zituenean, mehatxagarriak iruditu zitzaizkion, honako hau esango bailuen, esaterako, Ez pentsa ziria sakatuko didazunik, edo eta, Zer uste duzu ba, ni ez naiz atzo goizean jaioa, ez zuen jakin nahi izan esaldiaren iradokizunaren norainokoa, telefonista baretzeko esaldi lasaigarria bota, tirriki-tarraka, eta eskegi egin zuen. On Afonso Henriquesek Monte da Graçan bilduriko soldaduak hitzez adoretzen ditu, aberriaz mintzatzen zaie, jaioterriaz, zain daukagun etorkizunaz, ordurako gauzak halaxe zeuden jada, ez zen arbasoez mintzatu orduan ez zegoelako arbasorik, ia-ia, eta hauxe esan zuen, Kontuan har ezazue gerra hau irabazten ez badugu Portugal finituko dela hasi aitzin, eta etorkizun dauden hainbat errege ezingo direla portugaldarrak izan, eta berdin hainbat lehendakari, hainbat militar, santu eta poeta, ministro eta aitzurlari, gotzain eta marinel, eta artista, eta langile, eta bulegari, eta fraide, eta zuzendari, gizonezkoak izan edo emakumezkoak izan, ez pentsa emakumeez ahazten naizenik, baina gure historian zehar hori guztia edukitzera iristeko, hori guztia eta mintzaldia luzeegi ez egitearren zein gaur egun den-dena ezin baitaiteke jakin isilduko ditudan beste anitz gauza edukitzera iristeko, egin behar dugun lehen gauza Lisboa gureganatzea da, eta, hortaz, goazen gure egitera. Soldadu-osteak erregea oihuka eta bibaka agurtu zuen, eta ondoren, alferiz eta kapitainen agindura, nor bere posizioa betetzera abiatu zen, buruek argibide larderiatsuak zeramatzatelarik, hurrengo egunean, eguerdian, mairuak otoitz egiten ari zirenean, bost fronteetan batera erasoa jotzekoak, eta Jainkoak babes gaitzala, bere zerbitzura goaz eta.
Hori bezalako erregua xuxurlatuko zuen, lehen pertsonara pasatu eta gero, Raimundo Silvak, telefonoan zenbakia markatu duenean, baina hain bere kolkorako xuxurlatu du non ahotik kanpo ez baitzaio entzun, ahoak dar-dar dagi, gaztetxo bat balitz bezala, orain badu zertan pentsatu gehiagorik, baldin eta pentsatzen badu, baldin eta ez bada, bere osoan, tinpano erraldoi bat, non telefonoaren txirrinak durundi egiten baitu, tira, txirrina ez, seinale elektronikoa baizik, deia bat-batean etetearen zain, ahots batek Esan, edo Bai, edo Nor da edo agian Allo esatearen zain, edo beharbada Zein da, ohiko formulak eta aldaera modernoak aintzat harturik ez da aukerarik falta, baina Raimundo Silva zeharo zurturik zegoen, eta ez zuen ulertu esan ziotena, ozta-ozta konturatu zen emakume bat zela, eta orduan galdetu zuen, gizabidea eta molde ona gehiegi zaindu gabe, Maria Sara doktorea al zara, ez, ez zen, Noren partez, horixe jakin nahi izan zuen ahotsak, Argitaletxeko Raimundo Silvaren partez, hau ez zen egia eztabaidaezina, baina nor zen laburbiltzeko balio zuen, inork ez zuen normaltzat hartuko esatea, adibidez, Raimundo Benvindo Silva, proba-zuzentzailea, nire etxean lan egiten dut, eta normaltzat hartu edo ez ondorengo hitzak berberak izango lirateke, Itxaron momentu bat, mesedez, Maria Sara doktoreak telefonoa har dezakeen ikustera noa, ez da sekula hori bezain momentu laburrik izan, Itxaron, telefonoa pasatuko diot, ondoren isiltasuna. Raimundo Silvak egoera imajinatzen du, emakumea neskamea izango da, noski, telefonoa orain dagoen hartunetik deskonektatzen du, gero badarama bi eskuez atxikirik, bularrean babestua, horrela imajinatzen zuen, zozoki, emakumea argitzalean dagoen gela batean sartu da, gero makurtu da telefonoa beste hartune batean konektatzeko, Zer moduz, ahotsak ustekabean harrapatu zuen, Raimundo Silvak uste baitzuen neskameak zerbait gaineratuko zuela oraindik, Oraintxe pasatuko zaitut doktore andrearekin, esaterako, horrela hiruzpalau segundotako gerorapena edukiko zuen oraino, baina horrelakorik ez eta galdera zuzena, Zer moduz, egoeraren logika itzulipurdikatuz, Raimundo Silvari baitzegokion gaixoa zer moduz zegoen galdetzea, Ni ongi nago, eskerrik asko, eta gero gaineratu zuen, agudo, Zu hobeki ote zauden jakin nahi nuen, Eta nola jakin duzu gaixorik nagoela, Argitaletxean, Noiz, Atzo goizean, Orduan zer moduz nagoen jakiteko deitzea erabaki duzu, Bai, Eskerrik asko, nire gaixotasunaz arduratu den zuzentzaile bakarra zara, Tira, egoki iruditu zait, gaizki ez duzula hartuko espero dut, Ez horixe, alderantziz, eskertu egiten dizut, hobeki nago, bihar edo etzi lanera joateko moduan izango naizela uste dut, Ez zaitut gehiago nekarazi nahi, laster sendatzea opa dizut, Galdera bat eskegi baino lehen, nola jakin duzu nire telefono-zenbakia, Saritak eman zidan, Besteak, Bai, telefonistak, Eta noiz eman zizun, Esan dizut ba, atzo goizean, Eta gaur arte ez didazu deitu, Gogaituko ote zintudan beldur nintzen, Baina beldurra gainditu duzu, Hala dirudi, zurekin ari naizela da horren froga garbia, Baina esango zizuten nik ere zurekin hitz egin nahi nuela. Bi segundoz, Raimundo Silvak pentsatu zuen mandatua jaso ez zuelako itxurak egitea, baina azkenik, hirugarren segundoa agortu eta gero, esan zuen, Bai, Beraz ondorioa da deitu didazula beste erremediorik ez zenuelako, neronek deitu bainizun, Nahi duzun ondorioa atera ezazu, zure eskubidea da, baina ohartu zaitez nik telefonistari eskatu niola zenbakia, eta hala egin banuen ez zen izan telefonoa sakelean gordetzeko ez dakit noiz arte, ez dakit zeren zain, Ez-dakit-zeren-zain horren zain gelditu zinen, Arrazoia beste bat izan da, Zein, Kemen falta, besterik gabe, Zure kemena, nonbait, ahotan hartuta izatea gorrotatzen duzun zuzenketa hartako gertaera hartan ahitu zen, Begira, zer moduz zauden osasunez eta hobe zaitezen opatzeko deitu dizut, bakarrik, Eta ez al duzu uste garaia dela galdetzeko ea zergatik deitu nizun nik, Zergatik deitu zenidan, Ez dakit tonu hori atsegin zaidan, Garrantzia dutenak hitzak dira, ez tonua, Zuzentzaile lanbidean duzun eskarmentuak hitzak tonurik gabe ez direla ezer erakutsiko zizula uste nuen, Idatitza dagoen hitza hitz mutua da, Irakurketak ematen dio tonua, Buruz irakurtzen ez bada behintzat, Baita buruz irakurtzen denean ere, ala uste al du Raimundo Silva jaunak garuna organo isila dela, Ni zuzentzaile bat baizik ez naiz, zapatariak egiten duena egiten dut nik ere, alegia, zapataz baizik ez arduratu, nire garunak jakingo du nitaz, baina nik ez dakit ezer nire garunaz, Hori komentario ineteresgarria, Oraindik ez duzu nire galdera erantzun, Zer galdera, Zergatik deitu zenidan, Orain ez dakit esateko gogoa ote dudan, Ni ez naiz koldar bakarra, antza, Ez dut uste koldarkeriaz hitz egin dudanik, Kemen faltaz bai, ordea, Ez da gauza bera, Txanpon bateko aurkia eta ifrentzua ezberdinak dira, baina txanpona beti bat eta bera da, Kemena alde bakarrean da soilik, Ez dut elkarrizketa hau ulertzen, eta uste dut eten behar dugula, gainera ez da oso zuhurra, ez da ahaztu behar gaixo zaudela, Zinismoarekin ez duzu ongi ematen, Ez naiz zinikoa, Badakit, beraz ez zaitez ibili itxurak egiten, Benetan, uste dut honez gero ez dakigula zer esaten ari garen, Nik ederki asko dakit, Orduan azal iezadazu, Ez duzu azalpen beharrik, Auziari itzuri egiten diozu, Zeu zara auziari itzuri egiten diona, zeure buruaren atzean ezkutatzen zara, jadanik badakizuna nik esatea nahi duzu, Mesedez, Mesedez zer, Hobe dugu gauzak bere horretan uztea, elkarrizketa hau gaizkiulertu bat da, ia, Zuk alde horretara bultzatzen duzulako, Nik, Bai, Oso oker zaude, niri gauzak garbi ulertzea gustatzen zait, Orduan garbi mintza zaitez, esaidazu zergatik zaren oldarkorra nirekin hitz egiten duzunean, Ni ez naiz oldarkorra inorekin, ez daukat kualitate moderno hori, Nirekin oldarkorra zara, zergatik, Ez, ez naiz, Oldarkorra zara nirekin elkar ezagutu genuen egunetik, ahaztu baduzu gogoraraziko dizut, Zirkunstantziak, Baina zirkunstantziak gero aldatu egin ziren, eta oldarkortasunak iraun zuen, Barkatu, nire asmoa ez da hori sekula izan, Orain neronek eskatu beharko dizut, mesedez, alferreko hitzik ez erabiltzeko, Isildu egingo naiz, Ba, begira, deitu nizun bakarrik sentitzen nintzelako, lanean ari ote zinen jakinminez nengoelako, zuk niri senda nendin opatzea nahi nuelako, Maria Sara, Ez ezazu nire izena modu horretan esan, Maria Sara, zu nire gustukoa zara, isilaldi luzea, Egia al da hori, Egia da, Kostatu zaizu, bada, esatea, Eta agian ez nizukeen sekula esango, Zergatik, Ezberdinak garelako, mundu ezberdinetakoak garelako, Zuk zer dakizu ezberdintasun horietaz, gure artekoez eta gure munduez, Irudikatu egiten dut, eta ikusi, eta ondorioak ateratzen ditut, Hiru eragiketa horiek egiara eraman dezakete, baina baita okerrera ere, Bai, hala da, eta okerrik handiena, une honetan, nire gustukoa zarela esatea izan da, Zergatik, Ez dakit ezer zure bizitzaz, adibidez, Adibidez ezkonduta ote nagoen, Adibidez, Edo konprometitua, behiala esaten zen bezala, Horixe, Demagun ezkonduta nagoela, edo nolabait konprometitua, horrek galaraziko al luke ni zure gustukoa izatea, Ez, Eta ni ezkonduta banengo edo beste inolako konpromisorik baneuka, uste duzu horrek galaraziko lukeela zu nire gustukoa izatea, horrek gertatu beharko balu, Ez dakit, Orduan, esanda dago, nire gustukoa zara, isilaldi luzea, Egia al da hori, Egia da, Aizu Maria Sara, Esan, Raimundo, baina ezer esan baino lehen jakin behar duzu orain hiru urte dibortziatu nintzela, orain hiru hilabete eten dudala beste harreman bat, eta harrezkero ez dudala beste bat hasi, ez dudala seme-alabarik, eduki nahi dudala, nire anaiaren etxean bizi naizela, telefonoa hartu duen emakumea nire koinata dela, eta zuk ez didazula azaldu behar nor den nire mandatua hartu zuen pertsona, badakidalako zure neskamea dela, eta orain bai, orain hitz egin dezakezu, zuzentzaile jauna, ez iezadazu jaramonik egin, pozez lehertzen nago, ia, Zergatik naiz zure gustukoa, esaidazu, Ez dakit, baina nire gustukoa zara, Eta jakiten hasten zarenean agian zure gustukoa ez izaten hasiko ote naizen beldur ez al zara, Batzuetan hori gertatzen da, askotan, egia esan, Orduan, Orduan, ezer ez, gerokoak gero, Nire gustukoa zara, benetan, Baietz uste dut, zure gustukoa naizela, alegia, Noiz ikusiko dugu elkar, Oinazezko etzantoki honetatik jaikitzen naizen bezain agudo, Non, Toki guztietan, Orain galdetzen ahal dizut zer gaixotasun daukazun, Garrantzirik gabekoa da, edo, hobeto esanda, nire bizitzako griperik garrantzizkoena da, Zauden tokitik ezin nazakezu ikus, baina irribarrez ari naiz, Hori bai gauza handia, oraindik ez dizut sekula irribarrea ezpainetan ikusi, Maite zaitudala esaten ahal dut, Ez, esazu bakarrik zure gustukoa naizela, Hori esan dizut jada, Orduan gainerakoa gorde egia izango den egunerako, baldin eta egun hori iristen bada, Iritsiko da, Ez dezagun etorkizunaren gainean zin egin, etorkizunak ezagutzen ote gaituen ikusi arte itxaron dezagun, eta orain, sukarrak jotako emakume ahul honek atseden hartzen utz diezaioten eskatu nahi du, indarrak berreskuratu nahi ditu, ausaz inor telefonoz deitzeaz gogoratuko da gaur, Zuri deitzeaz gogoratuko, Edo zuri, esaldiaren esanahiak bi hartzaile onartzen ditu, auskalo, Anbiguotasuna ez da beti akatsa, Gero arte, Musu bat agurtzeko, uzten badidazu, Musuen garaia iristen ari da, Ni berantesten hasia nintzen, Azken galdera bat baizik ez, Esan, Hasi al zara Lisboako Setioaren Historia idazten, Bai, Eskerrak, ez dakit nire gustukoa zinatekeen ezetz esan izan bazenit, adio.
Adio, horixe izan zen hitza. Bere logelan, etzanik, Maria Sarak aurikularra eskegitzen du, poliki, Raimundo Silvak, bere mahai aurrean eseririk, aurikularra poliki eskegitzen duen aldi berean. Emakumea maindireen artean murgiltzen da, nagi, uhinen antzerako mugimenduaz, gizona, abandonoaz, jesarlekuko bizkarrean bermatzen den bitartean. Biak zoriontsu daude, eta hain daude zoriontsu ezen bidegabekeria handia bailitzateke batarengandik bereiztea besteaz mintzatzeko, nahiz horrelako zerbait egin beharko dugun, zeren, beste narrazio fantasia handiagoko batean frogaturik gelditu zen bezala, bi pertsonaien aldi bereko ekintzak deskribatzea ezinezkoa baita, fisikoki eta mentalki, batez ere elkarrengandik urrun daudenean, narratzaile baten apeta eta nahikeriaren menpeko, jakina delarik, gainera, narratzaile hori kezkatuago egon ohi dela bere kontakizunaren interes objektiboak irizten dien horiekin, honako edo bestelako bigarren mailako pertsonaiaren esperantza ez zilegirekin baino, alegia, beti nahiago izango dituela heroi eta protagonisten ekintzak eta hitzak bigarren mailakoaren esan-egin apalak baino. Eta heroiez ari garenez, aipa ditzagun adibide gisa Mahai Biribileko zaldunek edo Graal Santuko zaldunek eremutar jakintsuekin edo bidera ateratzen zitzaizkien dontzeila misteriotsuekin izaten zituzten topaketak, zeinen ondorioz, ikasgaia eta alegia iristen zirelarik, zaldunak abiatzen baitziren mentura eta topaketa berrien bila, eta gu, nahitaez, haiekin, orrietan abandonaturik gelditzen zirelarik, ez gutxitan erabat eta betiko, eremutarra orri batean, dontzeila beste batean, guk ordea nahiago genuke jakin zer patu eduki zuten azken hauek, erregina batek, amodioaren amodioz, atera ote zuen eremutarra bere eremutik, dontzeila, basoan hurrengo zaldun galduaren zain gelditu ordez, ez ote zen mundutik barna abiatu gizon baten bila. Maria Sara eta Raimundo Silvaren kasu honetan, gauza biziki korapilatzen da, ikusirik biak direla pertsonaia nagusiak, nagusiak izaten ari diren bezala euren keinu eta gogoetak, finean, zailtasuna ezin gaindituzkoa dela iritzirik, keinu eta gogoeta horietan oinarrizkoa dena aukeratu beharko dugu, irakurlearen irizpideak oinarrizkotzat onartuko duen zerbait, adibidez, Maria Sarari dagokionez, lehen bakarrik nagitzat hartu dugun mugimenduan boluptuositatezko zerbait ere egon zela ohartaraztea, eta, Raimundo Silvari dagokionez, ezpainak idor dituela esatea, bat-batean bere gorputzean ustekabeko sukar bortitz bat sartu izan balitz bezala, dardara batean dago, urduritasunak utzitako ajea da, elkarrizketa bitartean kirioak atezuan egon da, agur esateko lipar laburrean engainagarrikiro baretuak, orain burrunbaka ari dira alanbre tenkatuak bailiran, edo, edertasuna eta hunkidurari begirunea erakustearren, esan dezagun harpa eoliko bihurtu direla, haizeak, ziklonikoa den arren, bibrarazten duen harpa eolikoa. Esan bedi, halaber, Maria Sararen irribarreak hainbeste iraun zuenez, eta Raimundo Silvaren aurpegiko keinua hain zinez zoriontsua zenez edo zirudienez, koinatak galdetu zuela, jakinminez, Nor da egoera horretan jarri zaituen Raimundo Silva hori, eta Maria Sarak, irribarrea egiteari utzi gabe, erantzun zuen, Oraindik ez dakit. Raimundo Silvak ez du norekin mintzatu, bakarka egiten du irribarre, baretasuna poliki-poliki itzultzen ari dela profitatuz zutitu egin da, azkenik, bulegotik atera eta logelara abiatzen den gizona beste gizon bat da, eraberritua, mirailean begiratzen dio bere buruari, ez, ez du ezagutzen, hala ere, hemen dagoen hau bera dela hain kontzienteki daki non, ileen erroetako lerro zuriari erreparatzen dionean, bizkarra uzkurtzen baitu, egiazkoa den indiferentziaz, apika egonarri pixka bat falta du, beharbada egiak emeki-emeki baizik ez duelako aurrera egiten, Maria Sarak zer ordu den begiratzen du eskumuturreko erlojuan, goiz da oraindik telefonoak berriz jotzeko edo berak berriz deitzea erabakitzeko, sentimenduek ere denbora administratzen jakin behar dutela konturatzea jakinduriaren froga nagusia da. Raimundo Silvak ordua begiratzen du erlojuan, gero atera egiten da. Behin kalean, loradendara joan eta lau arrosa erosteko behar zuen denbora baino gehiago ez zuen eman, loradendako zurien eta beratzenak erosi zituen. Halako elkarrizketa bizia eduki zuen saltzailearekin, erosketaz aparte lortu nahi zuena lortu ahal izateko, horretarako normala dena baino eskupeko handiagoa eman behar izan zuen, berak usatzen zuena eta are handiagoa, erabili zituen argudioek ez baitzuten saltzailea limurtu, lehen argudioa izan zen hamabi arrosaren eta bi arrosaren arteko diferentzia aritmetikoa dela, eta ez baliokoa, azkena izan zen promes bat betetzeari buruzko zehar-aipamen lauso eta misteriotsua, azalduz, baita ere, promes horren gaineko zin solemne batek ez ziola beroni buruzko azalpen gehiago ematen uzten, Zure pazientziak eta adeitasunak mereziko luketen bezala. Behin eskupeko bizigarria laneko bataren sakelan gorderik, saltzailea hunkiberago agertu zen, eta, solasarekin jarraituz, azkenean ez zen harritzekoa izango inork pentsatzea diruak ez zuela zerikusirik izan saltzaileak erakutsi zuen jarrera berrian, zeinaren arabera entusiasmoz aldeztu baitzuen bezeroaren eskaera ezohikoa, ezohikoa, noski, zeren, nahi diren buelta guztiak emanik ere, bi arrosa ez dira hamabi arrosa, eta ez dira orkidea bat, ezta ere, orkidea bakar bat berez nahikoa da, saltzaileak nahiago izaten du, gainera. Etxetik kanpo harrapatua ez izateko, hutsa bi aldiz frustratzaileago izango baitzen, Raimundo Silva taxiz itzuli zen etxera, eskailerak lasterka igo zituen, balentria gimnastiko honek zenbait minutuz arnasestuka eduki zuen, Erokeria, pentsatu zuen, nire adinean ez da Calçada de la Gloria modu honetan igo behar, gloria hitza pentsatu gabe esan zuen, gero, bere gehiegikeria fisikoek eta hiztegi mailakoek libertiturik, lorontziko lore zimeldua kendu, ura aldatu eta bertan paratu zituen, japoniarren arte eta geldotasunaz, ekarritako bi arrosak.
Gelako leihotik arratseko zeru ubelean emeki-emeki pasatzen ziren hodeiak ikusten ziren, nabarrak, pisuak. Aurreratuta bazetorren ere, udaberriak ez zion oraindik beroari, lepoak laxatzera eta mahukak altxatzera daraman Austro epelari, atea ireki, nolabait esateko Raimundo Silva bi denbora eta bi urtaro bizitzen ari da, Lisboa setiatzen duten armak dirdirarazten eta sutzen dituen uztail ezin gartsuagoa, eta apiril heze eta gris hau, zeinean eguzkiaren txinpartak, batzuetan, argiari tonu latz bat ematen baitio, diamante leun eta itxia bailitzan. Leihoa ireki zuen, ukondoak eskudelean bermatu zituen, ongi sentitzen zen, eguraldia zakar samarra izanik ere, etxeak bizkarra ematen dio Boreasi, hau da, une honetan bat-bateko bolada txikietan putz egiten duen haizeari, haize-boladak etxeko kantoia inguratu eta aurpegia igurtzitzen dioten fereka hotzak dira. Handik gutxira hotzak dago, eta barrura joateko tenorea dela pentsatzen du, eta halako batean jota gelditzen da, jota baina, konturatzen delarik dagoen tokitik ez lukeela telefonoa entzungo hots egingo balu. Agudo sartu zen etxera, eta arrapaladan joan zen bulegorantz, azken bibrazioak entzun nahiko bailituen, telefonoa han dago, geldirik, beltza, beti bezala, baina jada ez zen animalia mehatxagarria, jada ez zen eztenez eta arantzez korazaturiko intsektua, are, bere beroaren baitan bildurik eta lo dagoen katu batekin konpara daiteke, zeinak, iratzartzean, ez baitu mehatxurik egingo basapizti txiki eta zenbat aldiz hilkorraren azkazalekin, baizik eta, alderantziz, hurbiltzen den eskuaren zain geldituko baita bere kontra igurtzitzeko, boluptuoso eta konplize. Raimundo Silva gelara itzuli zen, mahaitxoaren aurrean eseri zen, leihoaren ondoan, argia piztu gabe, zain. Kopeta eskuen artean bermatu zuen, oso berea zuen keinu hura, hatz puntekin ileetako erroak doi-doi ukitzen zituen bestela bezala, han beste historia bat egon zen idatzirik, zeren, oraingo hau, orain hasi den hau, begiak irekirik eta erne zeuzkanak baizik ezin baitzuen irakurri, eta ez itsu batek, zeinaren hatzek, ukimena izugarri garaturik edukitzeagatik, ez baitzioten esango ile horiek daukaten kolore hori, berria, zein den. Arratsa erortzen ari den arren, gelako argiluna ez litzateke hain trinkoa izango alpendearengatik ez balitz, alpendeak argi zenitalari bidea ixten dio, baita egun argietan ere, eta une honetan gela barruan gaua jaioarazten du, kanpoan, bitartean, hodeien urratu geldoen artean, zeru hurbilak oraindik uzten dio eguzkiari bere azken printzek, eguzkiak itsaso atzetik pasatuz, espazioko goiko eremuetara jaurtitzen dituen azken printzek, eguratsa blai dezaten. Lorontzi estuan zut, bi arrosek tanto zuriak ipintzen dizkiote gelako urdin ilunari, Raimundo Silvaren eskuak idatzi duen azken orriaren gainean pausatzen dira, ezin irakur daitezkeen lerro beltz batzuk, agian arabierazkoak, ez genion arreta jarri almuedanoaren ahotsari, alferrik egin zuen oihu, eguzkia minutu luze bat geroratu zen oraindik, hodeiertz garbiaren gainean pausaturik, zain, gero hondoratu zen, orain edozein hitz beranduegi iritsiko litzateke. Raimundo Silvaren zilueta itzal lodiekin nahasten da poliki-poliki, arrosek oraindik biltzen dute leihoko kristaletan atxikirik gelditu den argi ia atzemanezina, argi horretan bainatzen dira, koroletako sakoneko bihotzetik ustekabeko lurrina jariatzen dutenarekin batera. Raimundo Silvaren eskuak poliki altxatu eta arrosak ukitzera doaz, bata, bestea, bi masail ukitzen ariko bailiran, bata, bestea, ondoren datorren mugimendurako sarrera, emeki-emeki hurbiltzen diren bi ezpain horiek, lorearen petaloak, lorearen aho anitza, doi-doi igurtzi arte. Ez dezala telefonoak orain hots egin, ezerk ez dezala une hau eten berez bukatzen den arte, bihar, Monte da Graçan bilduriko soldaduek orriken antzera egingo dute aurrera, ekialderantz eta mendebalderantz, ibaiko ertza topatu arte, Raimundo Silvaren aurretik pasatuko dira, bera Porta de Alfofako iparreko dorrean bizi baita, eta berak burua agertuko duenean terrazan, jakinminez, eskuan arrosa bat duela, edo bi, behetik oihukatuko diote beranduegi dela, arrosen garaia joan dela, eta heriotzarena zein azken odolarena etorri. Alde honetatik, Porta de Ferrorantz, Mem Ramires kapitainak agintzen duen soldadu-ostea jaitsiko da, tropelean Mogueime doa, bere buruzagiak ikusi egin du azkenik, eta ezagutu, alturarengatik seguru asko, aurpegia bizarduna baita, guztiona bezalakoa, eta oihu egingo dio, irri laño eta erdi aroko batekin, E, gizona, altuegi dira harresi hauek ni berriz zure sorbalda gainean igo eta eskala bota ahal izateko, Santaremen egin genuen bezala, ederki asko atera zitzaigun jokaldia, baita errege gure jaunari ere, eta Mogueimek, konfiantza eman zaion arren, bere ofizialak jada ospetsu den giza-eskailereko parteen kokapen erlatiboari buruz eman duen bertsioari aurka egitea burutik pasatzen ez zaionez, gerrara doan soldaduak jeep baten gainean doan jeneralari erantzuten dion filosofiaz erantzungo dio, Hor barruan berriz elkar ikusten badugu, biok gerra irabazi dugun seinale izango da, baina gu biotako bat ez badago, horrek gerra galdurik dauka, eta orain, altxa beza jaun horrek bere ezkutua, hor gezi-zaparrada bat dator eta. Raimundo Silvak mahaiko lanpara piztu zuen, argi azkarrak arrosak itzaltzen zituela eman zuen une batez, gero arrosak agertu ziren atzera berriz, haiek beraiek beren burua berrosatu izan bailuten, baina aura eta misteriorik gabe, uste ohi denaren aurka botaniko batek asmatu zuen harako esaldi famatu hura, Arrosa bat arrosa bat da, arrosa bat da, poetak Arrosa bat esango zukeen, besterik gabe, gainerakoa arrosari so egotearen isiltasunaren barruan kabituko zen.
Azkenik, telefonoa. Jauzi batez, Raimundo Silva zutitu da, aulkia, bultzada dela-ta, une batez balantzaka egon eta gero atzera erori da, bera jada pasabidetik barna dabil, ironia leun batez irribarre egiten duen eta Silva behatzen duen norbaiten aurretik, Nork esan behar zuen, adiskide laztana, holakorik gertatuko zitzaigunik, ez, ez erantzun, galdera erretorikoei erantzutea denbora alferrik galtzea da, hainbestetan ibili dugu gai hori, zoaz, zoaz, nik atzetik jarraituko dizut, nik inoiz ez dut presarik, egunen batean zurea izan behar duena, nirea ere izango da, ni naiz beti gero iristen den hura, zuk bizi duzun edozein une oroimenean gordetzen den arrosa-lurrin bat zuregandik arnastuko banu bezala bizitzen dut, edo, hain poetikoki ez esatearren, zure ortuari eta baba zurietako platera, non uneoro zure haurtzaroa berriz jaiotzen den, eta zu ez zara konturatzen, eta esango banizu ez zenuke sinetsi nahiko. Raimundo Silvak telefonorantz jauzi egin zuen, segundo batez zalantza eduki zuen, Eta bera ez bada, baina bera zen, Maria Sara, eta hauxe esaten zion, Ez zenuen egin behar, Zergatik, galdetu zuen, berak, nahasirik, Gaurko egunetik aurrera ezin izango naizelako arrosarik egunero jaso gabe egon, Ez dut inoiz arrosekin huts egingo, Ez naiz arrosaz-arrosaz ari, Orduan, Inork ez luke behin eman zuena baino gutxiago eman behar, sekula, ezin daiteke gaur arrosarik eman bihar basamortua emateko, Ez da basamorturik izango, Hori promes bat baizik ez da, ez dakigun gauza da, Egia da, ez dakiguna da, nik ere ez nekien bi arrosa igorriko nizkizula, eta zuk, Maria Sara, zure aldetik, oraindik ez dakizuna da hemen badirela zureak bezalako beste bi arrosa, lorontzi batean, sekula gertatu ez zen setio bat kontatzen duten orri batzuen ondoan, mahaitxo baten gainean, neronek ikusten dudan bezala existitzen ez den hirira zabaltzen den leiho baten ondoan, Zure etxea ezagutu nahi dut, Ez zaizu gustatuko, ausaz, Zergatik, Ez dakit nola adierazi, etxe xumea da, ez, okerrago, edertasunik gabea da, ni eta altzari batzuk hemen elkartu gara, liburu asko dago, liburuetatik bizi naiz, baina ni beti kanpoko aldean nagoena naiz, baita egilearen okerra edo oker tipografikoa zuzentzen dudanean ere, ni ez naiz lorategi batean hosto bat, garbitasunaren alde, zorutik jasotzen duen ibiltaria besterik, gero, non utzi ez dakiela, bere sakelan gordetzen duena, eta horixe da nirekin daramadan guztia, hosto idorrak, zimelduak, haien artean ez da ahoratzeko ona den fruiturik, Bisita egitera joango natzaizu, Ez da munduan hori baino gehiago desio dudan beste gauzarik, eten egin zuen une batez, eta gero gaineratu zuen, Oraingoz, baina esan berriaz damuturik, edo batere egokia ez zela deliberaturik, zuzendu egin zuen, Barkatu, ez zen hori nire asmoa, eta emakumeak isilik segitzen zuenez, sekula ahoskatzerik pentsatu ez zituen hitz zuzen, egiatiak, berez eta ez insinuaziozko jolas zuhur batez adierazkorrak ziren hitzak askatu zituen, Bai, horixe zen nire asmoa, horixe, eta ez dizut barkamenik eskatuko. Maria Sarak irri egin zuen, eta eztul txiki bat bota, Nire arazoa, egoera honetan, lehen gorritu behar ote nuen edo oraintxe gorritu behar ote dudan jakitea da, Gogoan dut behin lotsagorriturik ikusi zintudala, Noiz, Zure bulegoan zegoen arrosa ukitu nuenean, Emakumezkoak gizonezkoak baino aiseago lotsagorritzen dira, sexu ahulekoak gara, Biok gara sexu ahulekoak, ni ere lotsagorritu nintzen, Sexuen ahultasunaz asko dakizu, Nire ahultasunaz asko dakit, eta besterenaz ere pixka bat, baldin eta liburuek badakite hitz egiten dutenaz, Raimundo, Esan, Etxetik ateratzen ahal naizen bezain pronto zu ikustera joango naiz, baina, Zain naukazu, Hitz horiek onak dira, Ez dut ulertzen, Hor nagoenean ere, nire zain segitu beharko duzu, eta ni ere zure zain egongo naiz, ez zuk, ez nik ere, biotako inork ez baitaki bestea noiz iritsiko den, Itxaron egingo dut, Laster arte, Raimundo, Ez zaitez beranduegi etor, Zer egingo duzu telefonoa eskegi eta gero, Kanpamentua jarri Porta de Ferroren aurrez aurre, eta otoitz egin Andredena Mariari mairuek ez diezaguten eraso gauaren isila profitatuz, Beldur al zara, Izulaborriak dardara batean nauka, Hainbesterako al da, Gerra honetara etorri baino lehen, ni proba-zuzentzailea baino ez nintzen, nire ardura nagusia deleatur bat egoki trazatzea zen, eta gero egileari horren zergatia azaldu, Badirudi telefono-linean interferentziak daudela, Entzuten duzuna mairuen oihuak dira, almenetatik mehatxuka ari dira, Kontuz ibili, Ez naiz hain urrutitik etorri Lisboako harresien aurrean hiltzeko.
© José Saramago
© itzulpenarena: Jon Alonso