Japoniarren hegazkinek ohar edo gaztigurik gabe, ezkutuan, jo zuten erasoa Pearl Harbourren obra biziak leheneratzen ari zen ontzidi estatubatuarraren aurka, gauza jakina da han izan zen txikizioa, jende-galeraz ertaina, batez ere Hiroshima eta Nagasakirekin alderatzen badugu, baina ondorio itzelak eduki zituena ondasun materialei dagokienez, korazatuak, hegazkinuntziak, destruktoreak, eta gainerakoa, finantzak hankaz gora uzteko moduko kaltea izan zen, denetara hamahiru izan ziren hondora joan ziren ontziak, eta hondora joan ziren behin ere serioki tirorik egin gabe, ariketak-eta alde batera utzirik. Ontzi-hondamenaren zio urruna izan zen ordurako galdurik zela, sekretuak gordetzen dituen denboraren gaueko orduren batean edo, gerrak aldez aurretik eta hiru eguneko epearekin gaztigatzeko aztura gizabidetsua, etsaiak bere burua prestatzeko astia eduki zezan balio zuena, edo, hala nahiago bazuen, toki seguruan jartzeko, baita menia haustea erabaki zuenaren gainera ohore militarrari desleial izan zelako orban doilorra eror ez zedin ere. Garai horiek betiko joan ziren eta ez dira sekula itzuliko. Zeren, azken finean, gauza bat baita gauaren isila aprobetxatuz erasoa jotzea, tronpeta eta danborrik gabe, baina aldez aurretik mandatua bidali delarik, eta beste bat baitzatekeen gaztigu eta oharrik egin gabe, katuen antzera eta armak prest ibiliz, zaindu gabeko ateetaraino iristea eta bertan sartzea, hiltzera. Jakin badakigu inork ezin diola itzuri egin bere patuari, eta oso garbi dago Santaremeko emakumeak eta haurrak patuak markatuta zeudela gau hartan heriotza jasateko, mairuen Ala eta kristauen Jainkoa adostasunera iritsi baitziren puntu horri dagokionez, baina gutxienez gizajoek ezin zitezkeen kexatu gaztigurik jaso ez zutelako, han gelditu baziren hala nahi izan zutelako izan zen, zeren gure errege onak Martim Moab eta beste bi kide bidali baitzituen Santaremera, handik hiru egunetara gerrari ekingo ziotela mairuei gaztigatzera, eta hortaz On Afonso Henriquesek ez zuen hobenik, ez kontzientzian eta ez errealitatean ere, esan zuenean, gatazka hasi baino lehen, Ez barkatu sexurik, ez adinik ere, hil bedi haurra bere amaren besoetan, eta egunez zamaturiko zaharra, eta dontzeila gaztea, eta atso zimurtua, pentsatzen zuelako, kodeak ezartzen duen kautela erabili zuenez, borrokalari mairuak baizik ez zituela zain izango enbatari eusteko, denak gizonezkoak eta denak sasoikoak.

        Alabaina, aintzat hartzen ari garen kasu honetan, Lisboako setioan, edozein gaztigu errepikakor gertatuko zen, ez bakarrik, nolabait esatearren, Santarem hartu zenetik bakea hautsita dagoelako, baizik eta begibistakoak eta agerikoak direlako muinoez bestaldean hain armada jendetsua bildu duenaren asmoak, are, ez badu oraindik ere armada handiagoa bildu errakuntza tipografiko batengatik izan da, zeinari gero banitate zauritu eta hisizko sentimenduak gaineratu baitzaizkio. Haatik, guztiarekin ere, formalitateak bete eta zaindu behar dira, kasu bakoitzari egokituz, eta horregatik erregeak agindu zuen On Joâo Peculiar eta On Pedro Pitôes hiriko gobernadorearekin mintzatzera joan zitezen, zenbait aitoren semek eta, sekitoaren tamaina zenbateko, hainbat armadun gizonek lagundurik, bai luzitzeko eta bai segurtasuna bermatzeko ere. Traizio konpondu ezin baten ustekabea saihesteko, ez ziren estuariotik joan, ez baita beharrezkoa Napoleon edo Clausewitz bezalako estratega izatea konturatzeko ezen, mairuek mezulariei eskua eransteko gogoa edukiz gero, eta hauek ospa egin nahi izatera, estuarioa hor egongo zela agudo atzera egiteko edozein saio mozteko, baldin eta, bitartean, moriskoen oldar-brigadek, inguratze-mugimendua eginez, ez bazituzten lehorreratzeko gabarrak hondatzen. Guretarrek, beraz, buelta osoa eman zuten, buelta emateko egokia zela esan den tokitik, Rua das Taipas jarraituz Salitreraino, ondoren, etsaiaren terrenoan sartzen denarengan berezko den beldurrez, lokatzetan irrist eginez Rua das Pretas aldera, gero maldan gora eta maldan behera, lehen Santa Ana Mendia, gero Rua de San Lázaro dator, Almirante Reisetik datorren erreka ibitik igaroz, ondoren atzera berriz gora eginez, nekez, hau da hau ideia xelebrea, dena gora eta behera den hiri bat konkistatzera etortzea, berriz gora eginez Rua Dos Cavaleiros eta Calçada de Santo Andrétik, egun, arrazoi berezirik gabe, Martim Monizen atea deitzen den atearen ondora iritsi arte. Ibilaldia luzea izan zen, are eta okerragoa bero honekin, nahiz eta goizean goiz abiatu ziren, mandoek aparrez zipatua dute ilajea, zaldiak, hauek gutxi, egoera berean doaz, edo okerrago, ez dutelako hibridoek ohi duten eramana, animalia delikatuagoak dira. Infanteriari dagokionez, izerdia idolaz dariela alde batera utzirik, ez dira kexatzen; baina, hala ere, denak atea noiz irekiko zain dauden bitartean, oinezkoek hauxe pentsatzen dute, alegia, horrenbeste neke eta gero, lasterbidez ibiliz, gaitza litzatekeela gainera borrokan egin behar izatea apurtxo bat. Mogueime hemen dago, destakamenduan joatea egokitu zaio, eta aurrean, artzapezpikuaren ondoan, Mem Ramires ere ikusten ahal dugu, kasualitate interesgarria da Santaremeko gertaerako bi protagonista nagusiak elkartu izana une historiko honetan ere, biak garrantzi berekoak gertaera haren bukatzeko moduan, bietatik zeini egokitu zitzaion bestearen astoarena egitea behin betiko jakiten ez dugun artean bederen. Mintzaldi honetara etorri den jende guztia portugaldarra da, erregeari ez zaio ongi iruditu ultimatuma ematera joateko atzerriko jendeaz baliatzea indarra areagotzeko, nahiz eta, bide batez esan dezagun, zalantza handiak dauden Bragako artzapezpikua gure odol lusitaniarrekoa zenaz bezainbatean, baina, tira, garai haietan ere hasia zen gaur den egunera arte gorde dugun fama, kanpoko jendea atseginez hartzearena, alegia, eta haien artean karguak eta prebendak banatzearena, eta On Joâo Peculiarrek, bere aldetik, hartua biderkaturik ordaindu zuen, aberriari eginiko zerbitzuetan. Eta, esaten ere den bezala, portugaldarra baldin bazen, Coimbrakoa, gure jaidura migratorioaren aitzindari bezala ikus dezagun, diaspora itzelaren aitzindari, bere gaztaro guztia Frantzian pasatu baitzuen, ikasten, puntu honetan ohartarazi behar da herri hartaranzko gure emigrazioaren joeran aldaketa handia eman dela ordutik gaurko egunera arte, egun plûtot lotuago dago lan zikin eta nekagarriekin. Zalantzarik gabe atzerritarra dena, baina aparte kontatua mandatu bereziarekin datorrelako, ez baita ez parlamentarioa ez eta gerra-gizona ere, fraide ilehori eta oreztadun hura da, oraintxe bertan Rogeiro deitzen dutela entzun dugun huraxe, nahiz eta bere egiazko izena Roger den, honek irekirik utziko zuen afera hau, Ingalaterrakoa edo Normandiakoa ote den, baina gure gaiaren ikuspegitik honek ez du axola. Portoko apezpikuak gaztigatu dio idazteko gertu egon dadin, esan nahi baita Roger edo Rogeiro hau kronikagile etorri dela, hori oraintxe nabarmen gelditzen da, anekatik idazteko materialak ateratzen dituenean, estileteak eta oholtxoak bakarrik, bestela mandoaren tran-tranarekin tinta isuri eta letra barreiatuko litzateke; hau guztia, gauza jakina da, sinesgarritasunaz egiaz baino gehiago arduratzen den kontalari baten usteak dira, egia harrapaezina dela uste duenez. Rogeiro honek ez daki fitsik ere Arabiako hizkuntzaz edo galizieraz, baina kasu honetan ezjakintasuna ez da kaltegarria izango, eztabaida guztia, hau edonolakoa delarik ere, latinez egingo baita, interprete eta bat-bateko itzultzaileen bidez. Bragako artzapezpikuak latinez hitz egingo du, etorri den fraide horietako batek arabieraz paratuko du, horretarako nahikoa gaitasun erakutsi duen Mem Ramiresez, armada ilustratuaren ordezkariaz, baliatzea nahiago ez bada, ondoren mairuak bere hizkuntzan erantzungo du, lehengo fraide berberak edo beste fraide batek paratu du mintzaldia latinez, eta hala, ez dakiguna da hemen inor arduratuko ote den esaten den guztiaren laburpena galizieraz paratzeaz, portugaldar elebakarrak eztabaidaren nondik norakoaz jabe daitezen. Egia dena da ezen, geroratze hauekin guztiekin, eta mintzaldiek luze jotzen badute, hemen pasatu beharko dugula arratsalde osoa.

        Zabaltzak, almenak eta alkazarreko erronda-bideak, denak daude mairu ilun eta bizardunez beterik, zemai-keinuak egiten dituzte, baina isilik daude, hitzak aurreztuz, kristauek agian atzera egingo baitute, orain bost urte egin zuten bezala, eta hala balitz, mehatxuak alferrekoak izango bailirateke. Iltzez eta burdinazko atalagaz sendoturiko atearen bi orriak ireki ziren alderik alde, eta handik mairu batzuk irten ziren, poliki ibiliz, horietako bat, urteetan aurrera joandakoa, gobernadorea izan liteke, gobernadore-tituluak edozertarako balio du, batez ere kasu honetan, ez dakigularik titulu zehatz, berezko eta doia zein izango zen, eta aipatu ere ez dugu egin zaila delako asmatzea litezkeen bizpahiruren artean, alde batera uztekoa ez dela, gainera, barrutik negoziatzera bidali izana, demagun, alfaquí bat, edo cadí bat, edo emir bat, are muftí bat ere, datozen gehienak funtzionarioak edo arma-gizonak dira, kanpoan zenbat portugaldar dagoen, beste hainbeste mairu, ez bat gehiago, ez eta bat gutxiago ere, horregatik kostako zitzaien mairuei irtetea, aldez aurretik destakamentua eratu behar baitzen. Orokorrean, batek imajinatzen du behialako agintari zibilak, militarrak edo eta elizakoak, guzti-guztiak, urrutitik entzunarazteko moduko aho-organo burrunbatsuez hornituta zeudela, hain da hala non, kontakizun historikoetan, buruzagiren batek bere armadako jendea edo beste hainbat jende-multzo adoretu behar duenean, inor ez baita harritzen ehundaka eta are milaka entzule xuxurlarik eta askotan asaldatuk entzun zezaten, eta hori gaur egun badakigularik elektronikak paratzeak eta doitzeak zenbat lan ematen duen, soinua azken lerroetako entzulegoari makalaldi akustikorik gabe iristea nahi izanez gero, distortsiorik eta zaborrarik gabe, zentzumenetan eragin eta esanahiak aldatuko liratekeelako. Beraz, ohitura eta konbentzioaren aurka eginez, eta zinez penaturik ikuskizun hauen tradizio guztiz txalotuak eta eszenografia historikoak gezurtatu beharraz, aitor dezagun, egiaren amoreagatik, alde bateko zein besteko mezulariak urrats gutxiko luze-laburrera gelditu zirela, eta hurbiletik mintzatu zirela, horixe baitzen beren mintzoa entzunarazteko modu bakarra, ingurukoak, bai gazteluko mairuak eta bai portugaldarren taldea ere, mintzaldi diplomatikoa nola bukatuko zain gelditzen ziren bitartean, edo eta, gehienez ere, eztabaidak iraun bitartean, albiste-emaileek mintzaldiaz esango zutenaren zain: esaldi zati batzuk, beroaldi erretoriko batzuk, bat-bateko arrengurak, zenbait esperantza duda-mudazko. Horrela jakingo dugu behin betiko eztabaidaren oihartzunek ez zutela ibarren gainean durundatu, eta ez zutela mendirik mendi jauzi egin, eta zeruak ez zirela inarrosi, lurrak ez zuela ikaraz dar-dar egin, ibaia ez zela atzera itzuli, eta egia dena da gizonen hitzek ez dutela egundo hainbeste lortu, ez eta, oraingo honetan bezala, mehatxu eta gerra hitzak direnean ere, epikoen gehiegikeriei inozoki fede emanez uste genuenaz oso bestela.

        Artzapezpikuak esan zuen, eta Rogeirok gero era laburrean, takigrafikoki, erregistratu zuen, geroagoko utziz Osberno —Osberno hau nahi den tokian egonik eta izan dena izan dela ere— izeneko hitz-jasotzaileak sartuko dituen mintza-jarioaren edergailuak, nahiz eta jada badoan bere uztako biribiltzeak sartzen, inspirazioa eragitearen ondorioz, Adiskidetzeko etorri gara hona, hasi zen artzapezpikua, pentsatu dugulako ezen zuek eta guk, denok, natura beraren eta printzipio beraren semeak izanik, gaizki dagoela desatsegina baino gehiago den gatazka honekin jarraitzea, eta nahiko genuke zuek konturatzea ez garela hona etorri hiria konkistatzera edo zuen eskuetatik erauztera, eta horretan bertan has zaitezkete ikusten kristau guztien ontasunaren nolakoa, zeinek, berea dena eskatzen dutenean ere, ez baitute besterena lapurtzen, eta esango bazenute justu horretara etorri garela, erantzungo genuke hiri honen jabetza guri dagokigula, eta zuengan berezko justiziaren printzipioaren aztarrenik txikienik ere baldin balego, besterik gabe, zuen ekipaje, dirua eta ondasunak bildu, zuen emazteak eta seme-alabak hartu, eta hanka egingo zenukete aberri mairurantz, nondik ordu txarrean etorri baitzineten, guretzat utziz gurea dena, ez, utzidazue bukatzen, ederki ikusten dut burua alde batetik bestera mugitzen ari zaretela, keinuz adieraziz ahoak oraindik esan ez duena, egin ezazue kontu zuek, mairu eta moabiten arrazakook iruzurrez lapurtu zenietela Lusitaniako erresuma zuen erresumari eta gure erresumari, gaur den egunera arte hiri, herri eta elizak suntsituz, hirurehun eta berrogeita hamazortzi urte baino gehiago badira gure hiriak eta gure lurren jabetza bidegabeki dauzkazuela, baina, tira, ikusirik horren luze jo duela Lisboan zaudeteneko epeak, eta bertan jaioak zaretela, zuekin ere erabiliko dugu gure ohiko ontasuna, eta eskatzen dizuegun gauza bakarra da zuen gazteluko gotorlekua eman diezaguzuen, gero zuetako bakoitzak bere lehengo askatasuna gordeko duela, ez zaituztegulako zuen etxeetatik kanporatu nahi, bertan zuen ohiturei atxikiz bizi ahalko zaretelarik, ez bada konbertsioz, libreki, Jainkoaren Eliza, egiazko bakarra, handiagotzera etorri nahi duzuela, lagun gisa ari natzaizue gaztigua ematen, Lisboa bezalako hiri batek anitzen askonahia biltzen du bere baitara, hain aberatsa izanik, dakigun bezala, eta ematen duen bezain zoriontsu ematen duela, ikus itzazue kanpamentuak, itsasontziak, zeuen aurka zin egindako gizon-multzo handia, horregatik arrenka ari natzaizue, alor eta fruituen hondamena galeraz ezazue, erruki zaitezte zeuen aberastasunez, erruki halaber zeuen odolaz, onar ezazue eskaintzen dizuegun bakea zeuenganako aldarte onak dirauen bitartean, ederki asko dakizue hobe dela borrokarik gabe lortzen den bakea odol asko isuriz lortzen dena baino, sekula galdu ez den osasuna indarrez eta behartuta gaixotasun larriak eta are heriotza-mehatxukoak gainditzen dituen osasuna baino hobea den gisa berean, eta ez naiz zer-gerta-ere ari, ohar zaitezte zein larri eta arriskugarri den erasotzen dizuen gaixotasuna, ez baduzue zuen osasunaren aldeko erabakia hartzen, bietako bat gertatuko zaizue, ala gaitza garaituko duzue, ala gaitzak garaituko zaituzte, eta ez ezazue nekerik har hirugarren aukerarik edo biderik bilatzen, hori baino hobe duzue zuhur jokatzea, zuen azkenera iritsi baitzarete, zaindu ezazue osasuna, beraz, horretarako denbora den bitartean, gogoan har erromatarren esaera, Harean ematen dio gladiadoreak bere buruari aholku, eta ez iezadazue erantzun zuek mairuak zaretela eta ez erromatarrak, nik esango nizueke esaera zuei ere haiei bezain egoki datorkizuela, hiltzera zoaztenez, eta hau esanda, ez dut zuekin listu gehiago gastatzeko asmorik, ezer esateko gogoa badaukazue, bota, eta labur.

        Hitzok ez ziruditen arima-zaindari batek esanak, lausengua eta koipearen azpian lehortasun hotza igartzen da, azkenik agindu larderiatsu bezala lehertzen dena, baina, aurrera baino lehen, aipa dezagun berriz ere, afera azpimarratuz oraingoan, halakorik espero izateko arrazoi gutxi izanik ere, onartu egin dela hemen dagoen jende guztia, kristau zein mairu, jende guztia natura eta printzipio beraren seme-alabak direla, horrek esan nahiko du, hala uste dugu bederen, Jainkoa, naturaren aita eta printzipioen jatorria den printzipioaren egile bakarra, hots, Jainkoa dela, zalantzarik gabe, mokoka dauden seme hauen guztien aita eta egilea; eta seme hauek, elkarren aurka borroka egitean, elkarren aitatasuna larriki iraintzen dute banatu gabeko maitasuna dela-ta, halako moldez non esan bailiteke, gehiegikeriatan erori gabe, Jainko zaharraren gorputz babesik gabearen gainean egiten dutela borrokan beronek sortutako izakiek, bere semeek, heriotzaraino. Hitz horiek esatean Bragako artzapezpikuak argi utzi zuen bazekiela Jainkoa eta Ala gauza bera direla, eta ezerk zein inork izenik ez zuen garaietara atzera eginez, orduan ez litzatekeela diferentziarik aurkituko mairuen eta kristauen artean, gizon baten eta beste gizon baten artean aurkitzen ahal direnez landa, hau da, kolorea, gorpuzkera, fisonomia, baina agian artzapezpikuak pentsatu ez zuena, eta hainbeste eskatzeko eskubiderik ez dugu, garai haietako atzerapen intelektuala eta analfabetismo orokorra kontuan hartuz, honako hau da, arazoak hasten direla Jainkoaren bitartekariak eszenatokian sartzen direnean, hauek Jesus izan edo Mahoma izan, profetak eta bestelako iragarle txikiagoen gainean mintzatzen ez hasteagatik. Zinez eskertzekoa da armaturik eta gerrarako prestaturik den Bragako artzapezpiku bat hain aurrera barneratzea espekulazio teologikoaren bidean, bere kota, mandoko zelaren aurreko egurretik eskegitako ezpatatzar eta sudur-babesle duen kasketarekin dagoela kontuan hartuz, agian daramatzan armek berek ez diote logika humanitariozko ondorioetara iristen uzten, ordurako ikusten ahal zen gerrarako tresnek noraino eraman dezaketen gizon bat beste modu batez pentsatzera, gaur egun askoz hobeki dakigu hori, baina ez, nonbait, orokorrean armak zerebro bakartzat erabiltzen dituenari berauek kentzeko bezain ongi. Baina urrun bedi gure izpiritutik gizon horiek iraintzeko asmoa, oraindik oso portugaldarrak ez ziren gizon horiek, balioko dien aberri bat sortzeko borrokan ari direnak, zelai betean beharrezkoa izatera, eta traizioz, komeni denean; horrela jaio eta gauzatu ziren aberriak, guztiak baina, horregatik, guztietan erori zelarik, orbana apaingarritzat har daiteke, eta are elkarren absoluzio seinaletzat ere.

        Kontsiderazio ziurraski arriskutsu hauetatik zehar labaintzen ari garela, gobernadore mairuaren erantzunaren hasiera galdu dugu, eta pena da, zeren berak, albiste-emaileak entzun eta laburtzen ahal izan zuenaren arabera, zalantza batzuk adieraziz hasi omen baitzuen, Lusitaniako erresumarekiko eskubideei eta are erresuma hura ahotan hartzeko egokitasun geografikoari buruzkoak. Pena izan zen, bai, berriz diogu, zeren mugaren auzi eztabaidatuak, are eta gehiago, gu guztiok lusitaniar famatu haien ondorengo historikoak ote gareneko auziak, hartuko baitzuketen argitasunen bat, agian, garai haietan hain jende ilustratu ziren mairu ikasi horien argudioetatik, nahiz eta azkenean, bere odolean Viriatoren odolaren bi edo hiru tanto gutxienik eduki ezean bere burua bizirik ikusten ez duenaren harrotasunak eta presuntzio abertzaleak argudiook errefusatuko zituzketen, aldekoak ez zirenez. Eta are litekeena da, baita ere, ezen, Lusitaniatik hori baino gutxiago daukagula frogaturik bukatuz, eta horren ondorioz André de Resendek Luso berbatik lusíada berba ateratzeko gogo gutxiago edukiko zuela kontsideratuz, are litekeena da, esaten ari gara, ezen, Camoensek bere liburuari, hutsalki, Os Portugueses deitzea beste irtenbiderik ez zukeela aurkitu. Eta portugaldarrak geu gara, eta hortik probetxu gutxi. Eta orain bai, mintzaldiaren gainerakoa galdu baino lehen, adi diezaiogun arretaz mairuen gobernadoreari, bere ahotsa lasai ateratzen dela sumatuz, begibistako datu batzuei buruz gogoeta egiten ari denaren tonua da, bare-bare, begibistako datu horietatik aldentzeko batere asmorik ez du, Nola nahi duzue guk sinestea, galdetzen zuen, gure gazteluko gotorlekua errenditzea besterik nahi ez duzuelako hori, eta aske geldituko garelakoa, eta gure etxetik botako ez gaituzuelakoa, nola nahi duzue hori guztia sinestea Santaremen egin duzuenaren adibideak dena gezurtatzen duenean, Santaremen heriotza ankerrenez lapurtu zenieten, baita zaharrei ere, gelditzen zitzaien bizi apurra, eta emakume babesgabeei zintzurra moztu zenieten arkume errugabe bailiran, eta haurrak laurdendu zenituzten, eta beren aldarri ahulak ez zizuen bihotza urratu, ez esan orain gertaera triste horiek zuen oroimenetan iraungi direnik, ezen, egia izanik ere ezin ditzakegula Santaremeko hildako guztiak hona ekarri, dei ditzakegu, bai horixe, elbarri eta kolpatu izanik ere gure hiriaren babesera biltzera etortzeko indarrik eduki zuten guztiak, orain kolpe batez garbitu nahi dituzuen horiek beroriek, eta gu ere haiekin, ez duzuelako nahikoa izan lehen sarraskiarekin, ez zaitezte engaina, beraz, ez zaigu sekula burutik pasatu Lisboa baketsuki zuei ematea eta zuen menpe uztea, gu bertan gelditurik, eta onar ezazue inozokeria handia litzatekeela, gure aldetik, horren gutxi balio duen hitz horretaz fio izatea, benetakoa benetakoa ez denaren truke ematea, segurua zalantzazkoaren truke. Portoko apezpikuak keinu bortitza egin zuen, mairuaren jarioa etetera zihoalako plantan, baina artzapezpikuak seko moztu zuen asaldura, Egon eta entzun dezagun bukaera, azken hitza zure izango da. Mairuak aurrera segitzen zuen, Hiri hau behiala zuena izan zen, eta etorkizunean ere hala izango da, agian, hori Jainkoak baizik ez daki, berak eman baitzigun hala nahi izan zuenean eta berak kenduko baitigu gogoa duenean, ez dago bere borondatearen deliberoei aurre egingo dien harresirik, hala uste izan dugu guk beti, Jainkoaren gustukoa dena baizik ez dugulako nahi, berak salbatu baitu hainbat aldiz gure odola zeuen eskuetatik, eta hortaz, eta arrazoi osoz, miretsi egiten dugu, baita bere xede ezeztaezinak ere, ez bakarrik gaitz guztiak bere ahalguztiduntasunaren menpe daudelako, baizik eta, baita ere, bere gorengo arrazoiaz, zoritxarren, oinazeen eta irainen menpe jartzen gaituelako, eta, hitz batez, zoazte hemendik, burdinaz baizik ez direlako Lisboako ateak irekiko, eta agintzen dizkiguzuen zoritxar saihestezin horiei dagokienez, gertatu beharko ote duten, geroak esango, eta etorkizun dagoenarengatik geure burua hilduratzea eromena baizik ez da, eta miseriak nahita erakartzea. Mairua isildu zen une batez beste hainbat arrazoiren bila bailebilen, baina alferrik zela iritzirik, bizkarra uzkurtu zuen, eta bukatu, Ez ezazue denbora gehiago gal, ahal duzuena egin ezazue, guk Jainkoaren borondatea beteko dugu.

        Hitz neurtu hauek ongi erori ziren Raimundo Silvaren gogoan, ez Jainkoari ematen zitzaiolako gizonek elkarren aurkako borrokan jartzen dituzten desadostasunen erabakia, are gutxiago aintzat hartuz desadostasun hauek Jainkoaren izenean eta Jainkoaren kariaz gertatzen direla, hain zuzen, baizik eta erabateko baretasuna erakusten zutelako heriotza oso gertagarriaren aurrean, heriotza beti segurua da, baina gertagarritasun handiz jantzirik datorrelarik izugarria da, nolabait esan, honek kontraesana ematen du, baina nahikoa da pixka bat pentsatzea. Bi mintzaldiak alderatu eta gero zuzentzaileak min eduki zuen ikusirik fede egiazkoaren argiak falta zituen mairu xume batek, gobernadore karguaz apaindurik, hori bai, jakin zuela, zuhurtasunean eta adierazgarritasunean, Bragako artzapezpikuak baino altuago hegaldatzen, artzapezpikua kontzilio, bula eta dotrinetan aditua izanagatik. Oso berezkoa da gugan haztea denetan guretarrek irabazteko desioa, eta Raimundo Silvari, kide den nazioaren gorputzean mairuen odol gehiago dagoela ario lusitaniarrena baino susmaturik ere, gustatu zitzaiokeen On Jôao Peculiarren dialektika txalotzea, historian izenik utzi ez zuen fedegabe baten mintzaldi eredugarriaren aurrean intelektualki apaldu beharrean. Alabaina, oraindik badugu aukera mintzaldi leihaketa honetan etsaia gainditzeko, orain hartzen baitu hitza Portoko apezpikuak, hau ere armatua, eskua paratzen du ezpatatzarraren heldulekuan, han dagoen gurutzearen gainean, eta hauxe esaten du, Onez mintzatu gatzaizkizue, zuek onez entzungo zenutelako ustean, baina txarrez entzun badiguzue, garaia da gu ere txarrez mintzatzeko, jakizue beraz zer nolako erdeinua sentitzen dugun etorriko zaizkigun gaitzen eta gertaeren zain egoteko zuen ohitura horren aurrean, argi frogaturik dagoenean norberaren ausardiaren konfiantzan ez, eta besteren zoritxarrean oinarritzen den esperantza makala eta hauskorra dela, aldez aurretik garaituak izango zaretela etsi bazenute bezala da, eta ezezagunaz zein etorkizunaz mintzatu zaretenez, ikas ezazue ezen, zenbat eta gehiagotan izan ekimen baten emaitza gure aurkakoa, orduan eta gehiagotan saiatu behar dugula emaitza gure aldekoa izan dadin, eta orain arte zuen aurka egin ditugun saio guztiak alferrekoak izan direlarik, hemen gaude berriro, berriro saiatzeko, bizi dezazuen zain daukazuen patuaren nolakoa orain ireki nahi ez dizkiguzuen ate horiek zeharkatzen ditugunean, bai, bete ezazue Jainkoaren borondatea, borondate horri berari esker garaile aterako baikara, eta beste ezer zuei esatea alferrik dela iritzirik, bagoaz zuei diosalik egin gabe, zuen agurrik ere ez genuke onartuko. Despedidarako hitz iraingarri hauek esanez, Portoko apezpikuak bere zaldiaren uhalak beste aldera zuzendu zituen, nahiz eta hierarkiaren arabera ez zegokion horrelako erabakirik hartzea, bere izpiritu haserrearen bultzada batek mugitu baitzuen, eta talde guztiak atzetik jarraitu zion, orduan ustekabean mairuaren ahotsa altxatu zen, apaiza bere onetatik atera zuen etsipen ozar horren izpirik gabe, orain ozar eta harro hitz egiten zuen, honako hau esan zuen, Errakuntza arriskutsua da zuena, baldin eta gure eramana herabetasunarekin eta hiltzeko beldurrarekin nahasten baduzue, kontura zaitezte zuen aitek eta aitonek ez zutela horrelako errakuntzarik egin, horiek behin eta mila gehiagotan garaitu genituen, armen indarrez, Espainia guztian zehar, zapaltzen ari zareten lur horren azpian dautza gure larderiari kontra egiten ahal zutela uste izan zuten zenbaitzuk, ez ezazue uste, beraz, zuen galerak bukatu direnik, harresi hauen aurka hautsiko dira zuen hezurrak, hemen moztuko ditugu zuen esku irrikitsuak, zoazte, eta hiltzeko prestatu, gu, honez gero badakizue, beti gaude hiltzeko prest.

        Zeruan ez da hodei bakar bat, eguzkia goian da, begi zorrotz, enara saldo bat badoa eta badator, bi etsaien buruen gainean hegaldatzen dira, oihu egiten dute, latz. Mogueimek zerua begiratzen du, ikara bat sentitzen du, agian hegaztien oihu zoroa da ikararen arrazoia, agian mairuaren mehatxua, eguzkiaren beroak ez du berorik ematen, hortzek hortzen aurka egiten dute topo, hotz arrotz baten kariaz, lotsagarria, gero, zurubi batez Santarem erorarazi zuen gizon batentzat.

        Isiltasunaren erdian Bragako artzapezpikuaren ahotsa entzun zen, eskribauari ematen zion agindua zen, Fray Rogeiro, ez ezazu jaso mairu horren esana, haizeari botatako hitzak izan dira, gu ez baikeunden jada hemen, ordurako Santo Andréko maldan behera gindoazen, erregea gure zain dagoen tokira bidean, erregeak ikusiko du, guk ezpatak zorrotik atereaz eta eguzkitan dirdiraraziz, gatazka hasia dela, hau bai, hau idatz dezakezu.

        Urteetan zehar denbora joanaren hondamendia ezkutatu zuten tindagaiak bota eta ondorengo egunetan, Raimundo Silvak, lehen zurtoina noiz azalduko zain dagoen hazi-ereile inozoa bailitzan, arreta obsesiboaz behatzen zuen, goizetik gauera, bere ileen erroa, bere biloen egia azaltzeak, artifizioz biluzturik, eragingo zion kolpearen espektatiba morbidoki dastatuz. Baina, dela ilea, adin batetik aurrera, oso geldo hazten delako, dela tindatu zuen azkenean tindagaiak larru azpiko geruzak ere tindatu zituelako —esan bedi bide batez hau guztia azken batez inportantzia oso txikia baizik ez duena azaldu nahi izateko egiten den suposizioa baizik ez dela—, Raimundo Silvak gero eta garrantzi txikiagoa ematen zion aferari, eta azkenean orrazia sartzen zuen ilajean bere lehen gaztaroan egongo balitz bezain arduragabe, oharrarazi behar delarik, alabaina, jarrera honetan fede txar pittin bat bazegoela, bere buruaren faltsifikazio bezalako bat edo, gutxi gorabehera adieraz genezakeena esan eta pentsatu ez zen esaldi baten bidez, Ez dut ikusten nola naizen gauza ikusten ez dudalako planta egiteko, hau azkenik itxurazko uste sendo bihurtu da, are eta gutxiago esan dena, esan ez dena gutxiago esatea posible bada, eta irrazional, honako hau, hain zuzen, azken tindatzea behin betikoa izan zela, patuak horrela saritu nahi izan bailion munduko hutsalkeriak alde batera uzteko erabakia hartu izana. Gaur, ordea, argitaletxera joan behar du, jadanik irakurri duen eta inprentan sartzeko listo dagoen nobela eramatera, eta Raimundo Silvak, bainugelan sartu delarik, aurpegia mirailerantz hurbildu du poliki, hatz arduratsuez kopeta-ileak gorantz bultzatu ditu, eta ez du sinetsi nahi izan bere begiek ikusten dutena, han daude erro zuriak, hain zuri non kolorearen kontrasteak indar izugarriaren itxura ematen baitie, eta ezuste-antza bezalako bat dute, hala esaterik badago, gauetik goizera sortu bailiran, hazi-ereilea, nekearen nekez, lo gelditu zen bitartean. Orduantxe damutu zen Raimundo Silva hartutako erabakiaz, hau da, ez zen damutzera iritsi, baina erabakia zenbait denbora geroratzen ahal izan zuela pentsatu zuen, egokiera txarrena aukeratu baitzuen, eta sentitu zuen atsekabea hain izan zen handia non imajinatu baitzuen agian edukiko zuela hor nonbait flasko ahantziren bat, hondoan tindagai-hondarrik bazukeena, gaurkoa egiteko bederen, bihar aldez aurreko erabaki irmoetara itzuliko naiz. Hala eta guztiz ere, ez zen bilatzen hasi, partez bazekielako dena bota zuela, partez, ezer aurkitzera, berriz erabaki beharrean egongo zelako, eta kasu horretan bazitekeen hartu zuenaren aurkako erabakia hartzea, eta orduan nahikoa indartsua izan gabe bere baitan atzematen duen ahuleziari behin betiko amore ematerari uko egiten dion borondatearen joan-etorriko jolas honetan jarraituko zuen.

        Raimundo Silvak eskumuturrean erloju bat eraman zuen lehen aldian, orain dela urte mordo bat, artean gaztetxo bat baizik ez zela, zorteak Lisboatik barna berrikuntza ederrarekin paseoan ibiltzearen banitate izugarriari fereka egin nahi izan zion, bere bidean zer ordu zen jakiteko irrikaz zeuden lau pertsona, lau, jarriz, Zer ordu da, galdetzen zioten, eta berak eskuzabal, bazekien zer ordu zen eta esan egiten zuen. Mauka atzeratzeko eta erloju ederra edonoren begibistan uzteko egin behar izan zuen besoa luzatzeko mugimenduak, gero sekula gehiago sentituko ez zuen garrantzi-sentimendua sentituarazi zion. Gero sekula ez, eta orain, etxetik argitaletxera doalarik, inoiz baino gutxiago, orain kalean edo autobuseko bidaiarien artean oharkabean pasatzen saiatzen da, ordua jakin nahiko zukeen inoren arreta deitzeko balio lezakeen edozein keinu ezkutatzen du, bestela delako hori kopeta gaineko muga-lerro saihestezin eta zuriari so geldituko zen, begitarte trufariarekin, itxaroten zuen bitartean Raimundo Silvak jaso zitzan gaur erlojua estaltzen duten hiru maukak, atorra, jaka eta gabardinarena, Hamar t'erdiak dira, erantzuten du azkenik, haserre eta iraindua. Kapelua ongi etorriko litzaioke, agian, baina zuzentzaileak ez du egundo kapelurik erabili, eta erabiliko balu ere, kapeluak arazoaren parte bat baizik ez luke konponduko, esaterako ezin sartuko zen argitaletxean kapelua bekainetaraino ilkaturik, Kaixo, zer moduz, gero Maria Sara doktorearen bulegora pasatzeko, Hemen daukazu nobela, onena izango da, noski, dena berezkoa balitz bezala jokatzea, zuria, beltza, tindatua, behin begiratzen zaio horri, bigarrenean ez zaio begiratzen, hirugarrenean inor ez da konturatu ere egiten. Baina gauza bat da hau guztia intelektualki geureganatzea, auzia ezberdintasun guztiak adosten dituen erlatibotasunaren bitartez aztertzea, nork bere buruari galdetzea, esaterako, eskuzabaltasun estoikoarekin, zer da ile urdindu bat lurrean Artizarretik begiraturik, eta beste gauza bat da, izugarria gero, telefonistari aurre egitea, bere begirada lotsagabea jasatea, datozen egunetako aisialdietako elikagaia izango diren irriñoak eta zurrumurruak irudikatzea, Silvak utzi dio ilea tindatzeari, guztiz barregarri dago, lehen irri egin zuten ilea tindatzeari ekin ziolako, zenbaitek denetan ikusten du isekarako zioa. Eta, bat-batean, kezka erridikulo hauek guztiak gogotik erori zitzaizkion Sara telefonista esaten ari zitzaiolako, Maria Sara doktorea ez dago, gaixorik dago, azken bi egunotan ez da etorri, hauek bezalako hitz xumeek bi sentimenduren artean erdibitu zuten Raimundo Silva, bata bozkariozkoa zen, Maria Sarak ezingo zuelako ikusi sortzen ari zen ile zuria, bestea atsekabe alimalezkoa, gaixotasunetik ez zetorrena, izan ere ez zekien ezer gaixotasunaren larritasunari buruz, gripe soil bat izan zitekeen, edo bat-bateko ondoeza, emakumeen gauzak, esaterako, baina bat-batean galduta bezala ikusi zuen bere burua, batek arriskatu egiten du, umiliazioaren pean jartzen da, dena nobela baten jatorrizkoa eskura eman ahal izateko, eta eskua ez dago han, agian atseden hartzen ari da burukoaren gainean, aurpegi zurbilaren ondoan, non, noiz arte. Raimundo Silvak ulertu du, segundo batez, lan-ematea atzeratu zuela, boluptuositate inkontzienteaz, orain ihes egiten ari zaion une bateko itxaronaldia dastatu ahal izateko, Maria Sara doktorea ez dago, horixe esan zuen telefonistak, eta bera kanpo alderantz abiatu zen, baina gero konturatu zen jatorrizko testua norbaiti eman beharko ziola, Costari, noski, Eta Costa jauna hemen al da, galdetu zuen, une horretan konturatu zen telefonistari soslaia emanez jarri zela, haren aurrez-aurreko begiradari ihes egiteko, bistan denez, eta bere ahultasunak berak nazkaturik oinetako hezurren gainean jiratu zen, munduko jakinmin guztiei aurre egiteko prest, baina Saritak begiratu ere ez zion egin, modelo zaharrekoa zen zentralean klabijak sartu eta atera ziharduen, eta baietz egin zuen keinuz, buruko mugimendu noragabe batez sarrerako pasiloa seinalatzen zuen bitartean, horrek guztiak esan nahi zuen Costa han zegoela, eta ez zela beharrezkoa Costari bisita honen berri ematea, eta hori Raimundo Silvak ederki zekien gauza zen, zeren Maria Sara doktorea argitaletxean lanean hasi baino lehen sartu eta Costaren bila abiatzen baitzen, eta Costa Produkzioa zenez, edozein bulegotan egon zitekeen, zerbait eskatuz, erreklamatuz, protesta eginez, edo, besterik gabe, administrazioan barkamena eskatuz, programan zerbaitek huts egiten zuenean beti egin behar izaten zuen bezala, bere ardurapeko kontua izan edo ez.

        Maria Sara doktorearen bulegoko atea itxirik dago. Raimundo Silvak ireki egiten du, barrurantz begiratu eta diafragman zanpatuko balute bezala sentitzen du, eta ez ausentziarengatik berarengatik, hutsaren, azken abandonoaren inpresio samingarri batengatik baizik, objektuen taxukeraren zorrotzak iradokitua, agian, zorroztasun hori, pentsatu zuen inoiz, jasangarria da bakarrik gizakiren baten presentziak hausten duenean. Arrosa zuri eta erori bat mahaiaren gainean makurtzen da, ordurako bi petalo jausiak ziren. Urduri, Raimundo Silvak atea itxi zuen, ezin zezakeen hor segi, inor agertuko ote zen beldurrez, baina bulego huts horrek, non bizitza bakarra, arrosarena, emeki-emeki zimurtzen baitzen, heriotzarantz eraldatuz zelulen margultze luzearen bidez, bulego huts horrek sortu inpresioak aieru txarrez, susmo beltzez bete zuen, dena guztiz tokitik kanpo, pentsatuko du pixka bat geroago, Zerikusirik ba al daukat nik andre honekin, ala, baina interes falta gezurrezko honek ere ez du lasaituko. Costak gizabidez hartu zuen, Bai, Maria Sara doktorea gaixo dago, testua nire kontu, hitz alferrekoak, guzti-guztiak, Raimundo Silvak bazekien Maria Sara eri zegoela, Costa jatorrizko testuaz arduratuko zelakoa ere aldez aurretik pentsatzeko modukoa zen, eta, gainerakoari dagokionez, berdin zitzaion, nobelaren patu hurbilak edo urrunak ez zion axola, berak nahi zuena informazioa eskuratzea zen, baina inork ez zion informaziorik emango, noski, berak eskatu ezean, gaixotu den enplegatu batengatik etxeak ez du orduoro parte medikurik argitaratuko. Erakusten zuen interesa zela-ta Costaren harridura ikusteko arriskua bere eginez, Raimundo Silva ausartu egin zen galdetzera, Larria al da, Larria, zer, galdetu zuen, bere aldetik, besteak, ez baitzuen ulertu galderaren nondik norakoa, Gaixotasuna, Maria Sara doktorearena, orain Raimundo Silva larri da agian gorritzen ari dela pentsatzen duelako, A, ezetz uste dut, eta gaia bere kezka profesionaletako eremura eramanez, ez zegoen doktorearentzat nola bazegoen zuzentzailearentzat balio zuen ironia-aire amiñi bat sartuz, hauxe esan zuen, Ez zaitez kezkatu, eritasuna luzea izanik ere, argitaletxearen lana ez da geldituko. Une hartan Costak begirada apur bat desbideratu zuen, maleziazko irriño batek argitu zuen bere betartea. Raimundo Silvak bat-batean bekokia zimurtu zuen eta bestearen esanaren aiduru gelditu, baina Costak nobelara itzuli zuen bere arreta, orriak pasatzen zituen definitzen ez zekien zerbaiten bila ariko bailitzan, hala ere, jarrera, sumatzekoa zen, ez zen erabat kontzientea, eta orduan zuzentzailea izan zen irribarre egin zuena, Costak beste liburu bateko orriak pasatu zituen eguna gogoratuz, Lisboako Setioaren Historia izeneko liburuaren proba erratuek osatzen zuten liburuko orriak, azkenean zapuztu zen faltsifikazio haren ondorioak ziren aldaketa hauek guztiak, eraberritze alaiok, beste setio bat, inork aurreikusi ezin zezakeen topaketa bat, geldikiro, merkuriozko itsasoko olatu pisuen antzera mugitzen hasten ziren sentimendu batzuk. Bat-batean Costa konturatu zen bestea begira zeukala, behaketaren zergatia ulertzen zuela uste izan zuen, eta mendeku geroratu bat bururatzen duenaren antzera, hauxe galdetu zuen, Hemen ere ez bat edo beste sartu al duzu, eta Raimundo Silvak erantzun zuen ironia lasaiaz, Trankil egon zaitezke, orain bai bat sartu dut. Costak proba-piloa kolpe batez utzi zuen, eta hauxe esan zuen, lehor, Beste ezer ez baduzu nirekin hitz egiteko, susmo ikusezinez zipriztinduriko esaldia airean eskegita utzi zuen, bukatu gabe, baina Raimundo Silvak, zuzentzaile-ogibidean zeukan eskarmentu luzeari esker, ez zuen besterik behar alde egin behar zuela konprenitzeko.

        Sarita etenaldi bat profitatzen ari da minutu batzuk lehenago infernuko klabija-mataza hartan hautsi zaion azkazal bat arta ezin handiagoaz konpontzeko, haustura berdindu du dagoeneko, orain karraskaz leuntzen du, zolitasunez, jardunean guztiz sartua da, segurua da ez diola Raimundo Silvari honek nahiko lukeen bezala erantzungo, galdera egiteko ideia eduki baitu pasabidetik barna zetorrela, Costarekin eduki duen duelo dialektikoak lagundurik apika, horiexek dira ariketa gimnastiko intelektualaren abantailak, baina orain ikusiko da zer edo zertarako balioko duen, honako hau da galdera, Ba al dakizu Maria Sara doktorea deiak jasotzeko moduan ote dagoen, lan-kontu bat aipatu behar diot, hau ere bukatu gabeko esaldia da, begirada irrikatsua da, unea ezin zitekeen txarragoa izan, izan ere, azkazal luze eta obalatu bat hautsi berri duenaren narritadura saihestezina ulertzekoa baita, eta gainera telefono-zerrendan bilatu beharko du zenbakia, baldin eta telefonista zerrenda emateko gertu badago, Zorte txarra, pentsatu du Raimundo Silvak, niri gertatu behar zitzaidan, azkazala, karraska, Hara, Silva jauna, ez dakizu azkazal hauek zenbat lan ematen didaten, ea noiz kentzen didaten traste zahar hau eta noiz paratzen didaten zentral modernoa, botoiak dituen horietakoa, elektronikoa, deiak jasotzeko moduan ote dagoen, hori ez dakit, baina zenbakia emango dizut, idatz ezazu. Buruz zekien, zenbat eta zenbaki gehiago buruz gogoratu, orduan eta harroago egoten zen, oroimena erakusteaz harro, oso oroimen ona du, Sara honek, eta beharrik, zenbakia bi aldiz errepikatu behar izan zuelako, hain nahasirik baitzebilen Raimundo Silva, lehen ez zuen non idatzi aurkitu, gero zifrak hartzean okertu zen, seia paratuz hirua zen tokian, garunak egiten ari zitzaion zalantza bat aztertzen ziharduen bitartean, geroxeago adierazi zuen zalantza hori, gauzari garrantzirik ematen ez dionaren tonuan, Baina hemendik ez badiozue hots egin deirik jaso ezin duelako izango da, noski, Nik ez diot hots egin, baina agian zuzendaritzatik bai, telefono zuzenaren bidez, telefono zuzena ez da telefonistarengandik pasatzen, telefono zuzenen bidez lasai asko hitz egin daiteke, Raimundo Silvak uste du gogoratzen duela zuzendari literarioaren bulegoan dagoen telefono zuzen bat. Saritak bukatutzat eman ditu azkazalaren konponketa, emaitza kritikoki behatzen du, kaltearen larritasuna kontuan hartuta, ahal duena egin du, are, pozik samar gelditu da, beharbada horregatik galdetu du, Nahi baduzu, hemendik hots egingo diot, orain, eta Raimundo Silva zer esan ez zekiela gelditu zen, burua indarrez mugitu zuen ezetz esateko, keinuz, eta une horretan, Jainkoaren probidentzia, zentralak dei bat jaso delako seinalea egin zuen, bi seinale ia batera, mundua bere ohiko orbitan sartu zen, hala irudituko zitzaion, bederen, Raimundo Silvak sakelan Maria Sararen telefonoa zeramala ez zekien edonori, eta horixe da, hain zuzen, unibertsoan eragin den aldaketa izugarria.

        Etxera taxiz itzuli zen, ohitura diru-aurrezaleak dituen gizona izanik ere, ez zen gutxiagorako, lehenbailehen nahi zuelako bere mahai aurrean eseri, telefonoa hartu eta Maria Sararen zenbakia markatu, eta esan, Jakin dut gaixo zaudela, ezer larririk ez izatea espero dut, nobela Costari eman diot, sendatzea opa dizut, arrazoi duzu, gaixotu ahal izateko aurretik osasuna eduki behar da, esaldia zeharo ergela da, zer egingo diogu, esaten dugun guztiaren erdia, gutxienez, adimen gutxikoa da, ez, Costak ez dit beste lanik eman, berdin da, ez du axolarik, atseden hartzeko aprobetxatuko dut, bai, atseden hartzeko, paperak ordenatu, nire bizitzaren balantzea egingo dut, hitz egiteko modu bat da, bistan da, bizitzari buruz pentsatzen ari naizela pentsatzen dut, eta benetan ez naiz ezertaz ere pentsatzen ari, baina ez dizut deitu nire arazo eta zailtasunekin aspertzeko, nire bizitzako arazo eta zailtasunekin, jakina, laster sendatzea opa dizut, argitaletxean laster ikusiko zaitudala espero dut, agur. Baina Maria andrea, bere eguna ez den arren, lanera etorri da, bihar iloba medikuarenera eraman behar duela azaldu du, bihar, bihar bai, egon beharko zuela hemen, eta ezin zenez, gaur etortzea hobe zela pentsatu duela, Raimundo Silvak ez zekien neskameak ilobarik zuenik, Nire ahizpak ezin du lanera huts egin, Ongi, berdin da, eta bulego barruan itxi zen telefonoz hots egiteko. Baina kemena han bukatu zitzaion. Azken finean, baita atea itxirik eduki arren, ez zen gustura egongo, ez eta horrelako solas xumea, hierarkian gorago dagoen baten osasun-egoeraz informatzea, egiteko ere, Zer moduz zaude, doktore andrea, doktore andrea izan beharrean doktore jauna balitz ezberdina izango zen, errazagoa, dudarik gabe, nahiz eta, Raimundo Silvak aitortu beharko luke epaiketa batean hala eskatuko baliote, zenbait zuzendari, hainbat urtetan, gaixorik egon ziren guztietan, zuzentzaileak ez zuen behin ere euren etxeetara deitu beren osasun preziatuen berri jakiteko. Bukatzen joateko, laburbilduz, arrazoi ilunen bat tarteko, edo alderantziz, arrazoi oso garbi bat tarteko, kontuan hartzen baldin badugu gizon honen nortasuna zalantzakor eta herabe agertzen ari zaigula, Raimundo Silvak nahi ez zuena zen Maria andrea konturatzea bere ugazaba emakume bati deitzen ari zitzaiola. Gatazka absurdu honen emaitza izango da eskatuko duela bazkaria sukaldeko mahaian eman diezaion, eta ondoren aterako dela bi presentzia temati horietatik askatzeko, telefonoarenetik eta Maria andrearenetik, biak errugabeak, noski, eta zer gerratan zeuden sartuta ez dakitenak. Raimundo Silva ohiko babarrun eta ortuari-zopa jaten ari da, eltzean patata gisatua, haragi pixka batekin, itxaroten ari den bitartean, eta hor barrutik Maria andrearen ahotsa entzuten da, galdezka, Arrosa hau botako al dut, histu da, eta zuzentzaileak, izu-laborrian ia, erantzuten du, Ez, ez, utzi, neronek botako dut, neskameak elkarrizketa bukatzeko zer esan zuen ez zen entzun, baina zerbait esan zuen, hitzak, hisizkoak ez baziren, hisia imitatzen zuten ederki asko, ahaztu gabe, berriz ere, ezinezkoa dela emakume bat benetan engainatzea, neskamea izanik ere, baldin eta aurretik lore bat lorontzian sartuta sekula ikusi ez den gizonaren etxean arrosa bat agertzen bada, zuria, gainera, oso litekeena da Maria andreak esan izana, adibidez, Bada mairurik kostaldean, errotikako konfiantza falta baten herri-esapide historikoa, mairuak, ordurako Portugaleko lurraldetik eskobaturik, gure kostaldea eta bertako herriak suntsitzera etortzen zirenean jaio zena, gaur egun hondar erretorikoa baino ez dena, erabilgarritasun apur bat baduen arren, arestian ikusi dugunez.

        Gurutzatuen laguntzarik gabe, dagoeneko itsasoan barrena badoazelako, Raimundo Silvak falta du hamabi mila gizon horien pisu militarra, zeinean gure esperantzaren zati handi bat jarria baikenuen, orain Raimundo Silvari, gutxi gorabehera, beste hainbeste portugaldar bazik ez zaio gelditzen, ez dira nahikoa etenik gabeko fronte oso bat setiatzeko, gainera, mairuen begiradapean uneoro egonik, ezin izango dira denak batera mugitu, ate batean erasoa jotzeko, esate batera, hala egitera barrukoak berehala konturatuko dira, eta denbora luzeago edukiko dute barrukoek eraso-puntua irmo babesteko kanpokoak mendirik mendi eta ibarrik ibar ibiltzeko baino, tartean ura ere badela ahaztu gabe, eta ez gutxi. Beharrezkoa da, beraz, estrategia guztia berriz pentsatzea, eta operazioen gunea tokian bertan aztertzeko, Raimundo Silva berriz igotzen da gaztelura, gazteluko dorre garaietatik begiek oso-osorik ikus dezakete xake-taula, peoiek eta zaldunek, objetiboki mintzatuz, borrokan egingo duten toki zabala, erregearen eta gotzainen begiraden pean, agian eraiki diren beste dorre batzuen laguntzarekin, gurekin gelditu den kanpotar baten iradokizuna aintzat hartu bada, Harresiaren altuerakoak egingo ditugu, eta gero bultzaka harresietaraino eramango, gero barrura jauzi egin eta fedegabeak akabatzea baino ez da falta, Horrela esanda erraza dirudi, erantzun zuen erregeak, ikusi behar da, ostera, nahikoa zurgin ote dugun, Horretan ez da dudarik, erantzun zuen besteak, Henrique izenez eta debozio handikoa izanaz, bizi garen garai honetan, zorionez, edozein gizonek badaki denetarik egiten, laborea ereiten, segatzen, alea ehotzen, labean erretzen, eta azkenik ogia jaten ere bai, hori baino lehen hil ez bada, edo, kasu honetan bezala, egurrezko dorre bat eraikitzen eta bertara igotzen ezpata eskuan mairuak hiltzeko, edo mairuek hilda izateko.

        Eztabaidak aurrera egiten duen bitartean, oraindik ondorio erabatekorik gabea baina jadanik galeraren aurreikuspena eginda, Raimundo Silvak buruz errepasatzen ditu ateak zeuden tokiak, Alfofakoa, zeinaren harresiaren gainean bizi baita, Ferrokoa, Alfamakoa, Solekoa, horiek denak zuzenean irekitzen dira hirirantz, eta Martim Moniz deitzen dutena, hau da zelairantz irekitzen den bakarra. Garbi dago, beraz, Afonso erregearen hamabi mila soldaduak bost taldetan banatu beharko direla, eta bost esaten duenak sei esan beharko luke, ezin dugulako itsasoa ahaztu, egiazko itsasoa ez den arren, ibaia da berez, baina erabilerak lege egiten du, mairuek itsaso deitu zioten, eta guk ere, gaur arte, halaxe deitu izan diogu, baina hariari lotuz, taldeei dagokienez, zer da daukaguna, irri eragingarria da, bi mila gizon gatazka-fronte bakoitzean. Estuarioak dakarren arazoa, Jainkoak lagun gaitzala, aipatu gabe. Alfamako atea, toki zelaian dagoenez salbuespena dena, alde batera utzirik, gainerakoen sarrerak malkarrak dira, eta hori gutxi balitz, gainera hor dago estuarioa, gizon-osteen mugimenduak gehiago korapilatzeko, berez nahikoa korapilotsuak ez bailiran; oraingoz osteak San Franciscoko mendiko gain eta maldetan barreiaturik daude, atsedenean, indarraz metatuz itzal biguinetan, baina urrunera hartatik ezin badaiteke erasorik jo, eta armen tiro-ahalmenetik kanpo badago, are eta gutxiago mereziko luke honek setio izena estuarioa hor behean egonik, babesgabe, Beste Aldetik letozkeen errefortzu eta horniduretarako bide zabala utzirik, ezar litekeen itsas blokeoa ez zen oztopo iraunkorra izango haientzat. Hau honela, badirudi irtenbide bakarra dela lau mila gizon beste aldera pasatzea, gainerakoak Joâo Peculiar eta Pedro Pitôes parlamentariek hartu zuten bidetik inguratzera joango diren bitartean, azkenik jartzeko iparrera eta ekialdera ematen duten hiru ateei begira, alegia, Martim Moniz, Sol eta Alfamako ateei begira, lehen ere azaldu den bezala, eta orain errepikatu denez, irakurlearen erosotasunerako eta diskurtsoaren biribiltzeko. On Afonso Henriquesen zalantzazko esaldira itzuliz, horrela esanda erraza dirudi, baina berehala ikusiko dugu, mapari gaingiroki begiratze hutsarekin, ekuazioan sartu eta irtenbidea aurkitu beharreko intendentzia eta logistika-arazoak oso latzak direla. Lehenbizikoak zerikusi zuzena du dauden itsaso-baliabideekin, urriak direnak, hementxe nabarituko dugu, batez ere, zein beharrezkoak ziren gurutzatuak, beren itsasontzi guztiekin eta ehundaka batel eta txalupa lagungarriekin, zeren, gurutzatuak hemen baleude, begi-klikada batean garraiatuko bailituzkete soldaduak aurrera-fronte izugarri zabalean, mairuak ertzean zehar barreiaraziz, eta, ondorioz, defentsa ahulduz. Bigarren arazoa, orain erabakiorra, berebiziko garrantzia duena, lehorreratzeko tokia edo tokiak aukeratzea izango da, kontuan hartu behar baitira ez bakarrik ateetarainoko luze-laburra, baizik eta, baita ere, estuarioko ahoko lokatzetatik Porta de Alfofako sarrera hegoaldetik defenditzen duten malda malkartsuetaraino lurrak jartzen dituen oztopoak. Segi genezake hirugarren, laugarren, bosgarren arazoekin, baita seigarren eta zazpigarrenarekin ere, baina denak dira, gutxiago edo gehiago, hasieran aipatu diren bi horien ondorio, horregatik beste gorabehera bat esatearekin konformatuko gara, narrazio hau beste hainbat arlotan ere zein egiazkoa den oso agerian uzten duena, geroxeago ikusiko dugunez, eta gorabehera da estuarioko ertzetik Porta de Ferrora oso distantzia laburra dagoela, ez ehun urrats baino gehiago, edo, neurri modernoetan paraturik, laurogei bat metro, distantziaren laburrak galarazten du hemen lehorrereratzea, zeren txalupen multzoa etorriko baitzen arraunean, arraunketa nekosoan oraino estuarioaren erdian, armez eta gizonez astun zamaturik, eta ordurako hiriko harresiak soldaduz mukuru babesturik egongo ziren, eta beste batzuk, zutik, uraren ondoan, portugaldarrak noiz hurbilduko zain egongo ziren, geziez josteko. On Afonso Henriquesek hauxe esango dio, beraz, bere estatu nagusiari, Egia esan, ez da erraza, eta beste aldaera taktiko batzuk eztabaidatzen dituzten bitartean, gogora dezagun A Graciosa goxotegiko emakume potolo hura, gertaera hauek hasi zirenean gurutzatuen aurreratze hartatik ihes iristen zirenen egoera penagarriaz mintzatzen zena, esan zuen Porta de Ferrotik odola zeriela sartzen ikusi zituela, eta une hartan guztiei egia biribila iruditu zitzaien, gertaeren lekuko batek jakinarazten zuen ber. Hala ere, logikaren arabera joka dezagun. Bistan da ezen, estuarioko ertzetik hain gertu egonik, Porta de Ferrok balio behar zuela, batez ere, pertsona eta merkantzien ibai-garraiorako, zeina, agerikoa denez, ez bailitzateke oztopo bertatik errefuxiatuak sar zitezen, baldin eta ate hori ez balego, nolabait esan, harresiko hego-muturrean, hau da, Santaremetik zein iparretik ihes zetozenentzako urrunenen zegoen atea ez balitz. Zenbait gizajo, Cascais eta Sintraren artetik uxaturik, estuarioan bukatzen ziren bideetatik hirira iristea lortzea, eta behin han, ertz honetara eramango zituzten txalupariak aurkitzea, oso litekeena da. Hala eta guztiz ere, kasuak ez ziren hainbeste izango, ez behintzat emakume potoloak Porta de Ferrori buruzko aipamen berezia egin zezan zilegi egiteko moduan, are eta gutxiago bera, emakume potoloa, Porta de Alfofatik hain hurbil egonik, zeina baita, Sol eta Alfamakoarekin batera, elemenia tristea hartzeko egokiena, mapa eta topografiaren behatzailerik baldarrenak ere aitortuko duen bezala. Eta bitxiena zen bertan zeuden gainerako pertsonetako inork ez zuela gertaeren bertsio zehaztugabe hau baliogabetu, hau guztia berresteko urrats gutxi batzuk ematea aski zuten arren, azken finean honek frogatzen du noraino irits daitezkeen jakinmin falta eta nagikeria intelektuala premiazko edozein baieztapenen aurrean, datorren tokitik datorrela, baiezten duen autoritatea edozein izanik ere, dela emakume potoloa, dela Ala, beste hainbat iturri ezagun ez aipatzeagatik.

        Erregeak esan zuen, Zuen iritzi baliotsuak entzunik, eta proposatu diren planen alde on eta txarrak neurtu eta gero, nire errege-borondatea da armada guztia mugi dadin hemendik hiria gertuagotik setiatzera joateko, gauden tokitik ez genuke garaipena erdietsiko ez eta mundua bukatzen den arte zain egonik ere, eta berehala esango dizuedan moduan jokatuko dugu, txalupetan mila gizon nabigazio-zale joango dira, ez genuke nahikoa ontzi jende gehiago sartzeko, mairuek harresitik barrura eraman edo hondatu ezin zituzten ontziak geuk atzeman eta baliatu ahalko bagenitu ere, eta gizon horien egitekoa izango da itsaso bidezko komunikazio guztia etetea, inor ez bedi itsasotik barna sar edo irten, gainontzeko ostearen zati nagusia Monte da Graçan elkarretaratuko da, han banatu egingo gara berriz, bi bosten ekialde aldeko ateetara joango da, beste bi bosten mendebaldeko ateetara, gainerako guztiak hantxe geldituko dira iparreko atea zaintzeko. Une hartan Mem Ramiresek hitza eskatu zuen, ohartarazteko ezen, Alfofa eta Ferroko ateen aurka eraso egitera joango ziren soldaduen lana askozaz nekagarri eta arriskutsuago izango zenez, geldituko liratekeelako, nolabait esan, hiria eta estuarioaren artean, zuhur izango zela hauek errefortzatzea, posizioak tinkoagotzeko beharrezkoa izango zen denboran zehar gutxienik, hondamendi handia izan baitzitekeen mairuek, irtenaldi azkar bat eginez eta erresistentzia gutxi aurkituz, portugaldarrak bultza balitzate uretara, non aukera bakarrak izango baitziren itotzea edo lepo egitea, alegia, eta esateko modu bat baizik ez da, lapikoaren eta alfanjearen artean geldituko baitziren. Erregeari hagitz ona iruditu zitzaion aholkua, eta hantxe bertan izendatu zuen Mem Ramires mendebaldeko fronteko kapitain, gainerako buruzagien izendapena geroko utziz, Niri dagokidanez, errege naizen aldetik, berezkoa eta beharrezkoa denez, zuen guztien burua naizenez, armada-zati bat nire aginte zuzenaren pean hartuko dut, Monte da Graçan geldituko denarena, hain zuzen, hantxe paratuko baita kaserna nagusia. Joâo Peculiar artzapezpikuaren txanda iritsi zen orduan, zeinak hitza hartu baitzuen esateko Jainkoari ez litzaiokeela ongi irudituko Lisboa hiria hartzeko egingo zen gatazka hartako hildakoak mendi eta ibarretan nolanahi lurperatzea, eta, aitzitik, kanposantuan eta kristauki lurperatu beharko zirela, eta, hara heldu eta gero zenbaitzuk hilak zirenez, gaixotasun edo liskarren bat zela medio, eta hortik zehar lurperaturik zeudenez, kanpamentutik kanpo, egokia zela hilerria leku honetan bertan sagaratzea, izan ere hilerrirako erabiltzen hasia baitzen. Orduan Gilberto inglesak hitz egin zuen, kanpotarren izenean, argudio hau emateko, alegia, ez zela duin izango, nahasia baizik, aipatu hilerri horretan portugaldarrak eta gurutzatuak elkarren ondoan ehortzea, zeren gurutzatuek, Jainkoaren borondatea bazen bertan bizia ematea, martiri titulua mereziko baitzuten inondik ere, orain itsasotik zehar Lur Santura abiatzen zirenen artean hilko zirenek martiritza agindurik zeukaten gisa berean, eta horregatik, bere iritzian, ez zen hilerri bat sagaratu behar, baizik eta bi, hildako bakoitza bere pareko defuntuaren ondoan geldituz. Erregeak ongi iritzi zion proposamenari, portugaldarren artean amorraziozko marmarrak entzun baziren ere, hilik ere martiritzaren loriak ukatzen zizkietelako, eta hurrengo minutuan, denak kanpoan zeudela, bi hilerrietako behin-behineko mugak zedarritu ziren, bien lurrak sagaratzea bizirik zeuden bekatari hauek lekuak husten zituztenerako utziz, eta hasierako hildako urratu horiek lurpetik atera eta gero, une egokian, berriz lurperatzeko aginduak eman ziren, kasualitatez denak portugaldarrak ziren. Erregeak, lur-neurtze lanak finiturik, bilkura itxi zuen, berau jasoa geldi zedin dagokion bilkura-akta idatzi zen, eta Raimundo Silva etxerantz itzuli zen, arratsa aurreratuta zegoen eta.

        Maria andrea lekutua zen, honek Raimundo Silva haserretu zuen, eta ez neskameak bere egitekoak laburtu zituelako, baldin eta laburtu bazituen, baizik eta orain ez zegoelako inor bera eta telefonoaren artean, ez zegoelako bere koldarkeria barka zezakeen inolako lekuko indiskreturik, bere koldarkeria edo, nahiago bada, bere herabetasuna, azken hitzezko aukera hau leunagoa da, kontua da koldarkeriak, herabeak, edo nahi denak garaitu zuela Maria Sara doktorearen telefono zenbakia azerikeria azkarraz argitaletxeko telefonistari erauzi zion bere beste nia, ikusi ahal izan den bezala Maria Sara doktorearen telefono zenbakia unibertsoan hobekien gordetzen den sekretuetako bat den arren. Baina beste Raimundo Silva hori ez da beti azaltzen den laguna, egunak ditu, edo gutxiago oraindik, orduak eta segundoak, batzuetan munduak, barrukoak zein kanpokoak, inarrosteko gauza izango dela dirudiela oldarka sartzen da, baina ez du luze irauten, azkar asko baitator berehala beste zatia, piztu orduko iraungi den sua da. Hemen telefonoaren aurrean dagoen Raimundo Silva hau, aurikularra altxa eta zenbaki bat markatzeko gauza ez den hau, gauza izan zen, gaztelu gainetik, hiria bere oinetan zuela, gauza izan zen, esaten ari ginen, Lisboa setiatu eta konkistatzeko lan izugarriari egokien zaizkion taktikak prestatzeko, baina orain gutxi falta du bere beste niaren borondatearen ausardia eroari men egin zion uneaz damutzeko, halako moldez non sakeletan bilatzen baitu zenbakia idatzi zuen papera, eta ez erabiltzeko asmoz, baizik eta galdu duelako esperantzan. Baina ez du galdu, hor dago, eskuahur irekian, zimurtua, denbora guztian bilatzen eta ukitzen ibili balitz bezala, galtzeko beldurrez edo, eta halaxe izan da, izan ere, Raimundo Silva horretaz gogoratzen ez den arren. Mahai aurrean eseririk, telefonoa aldamenean duela, Raimundo Silvak imajinatzen du zer gertatzen ahalko litzatekeen zenbakia markatzea erabakiko balu, zer elkarrizketa txirikordatuko zen, lehen asmatu duena ez bezalakoa, eta dauden aukeren zerrenda aztertzen ari denean gogora etortzen zaio, eta absurdua da ordura arte gogora etorri ez izana, ez dakiela ezer Maria Sararen bizitza partikularrari buruz, ezkondua, alarguna, ezkongabea edo dibortziatua ote den, seme-alabarik duen, bere gurasoekin bizi ote den edo bietako batekin bakarrik, edo bietako inorekin ez, eta ezagutzen ez duen errealitate hori mehatxagarri bihurtzen da, zenbait aste direla inolako tinkotasunik gabeko hondarrezko zoru gainean eraiki ametsezko arkitekturak zein esperantza ergela inarrosi eta jausi egiten ditu, Eman dezagun zenbakia markatu eta gizonezko ahots batek esaten didala ezin duela telefonoa hartu, ohean dagoela, baina esan dezadan nik zer nahi dudan, mandaturik utzi nahi ote dudan, edo galdetu edo informazioa eskatu nahi dudan, edo zer, ezetz, Maria Sara doktorea hobeki dagoenentz baizik ez nuela jakin nahi, bai, lankide bat, eta esaten ari nintzen bitartean nire buruari galdetuko nion, berriz ere, lankide hitza kasu honi aplika ote dakiokeen, zuzentzailearen eta bere nagusiaren arteko harreman profesionalaz ari garelarik kasu honetan, eta elkarrizketa bere amaierara iritsirik, neuk galdetuko nuen, Norekin ari naiz, eta besteak erantzungo zuen, Bere senarra naiz, berak ez duela ezkontza-eraztunik egia den arren, baina horrek ez du ezer esan nahi, hortik zehar badira horrelakorik erabiltzen ez duten senar eta emazteak, eta horregatik ez dute beren burua dohakabeagotzat jotzen, edo ez dira dohakabeagoak, berdin da, bestalde, gizonaren erantzuna edozein kasutan berbera izango zen, Bere senarra naiz, horixe esango zuen, senarra ez balitz ere, gauza segurua da ez zidala erantzungo, Bere mutil-laguna naiz, mutil-laguna jada ez da erabiltzen, are gutxiago esango zidan, Berarekin bizi den gizona naiz, inork ez luke gauza horren zakar adieraziko, baina Maria Sarak badu zerbait, eta zerbait horrek esaten dit ez dagoela ezkonduta, ez da bakarrik eraztunaren kontua, definigaitza den zerbait da, hitz egiteko modua, gauzei arreta jartzeko era, uneoro beste nonbaitera ihes egin nahi duela ematen duela, eta ezkonduta hitza erabiltzen dudanean berdin esan nezake gizon batekin bizitzea, edo gizon bat edukitzea nahiz eta berarekin bizi ez, horri harremana deitu ohi zaio, edo ligea, ligeak konpromisorik gabeak eta ondoriorik gabeak izaten dira, gaur den egunean gehien aurkitzen dena da, nik ezin nezake esan halako dohatsutasunetan esperientzia handirik dudanik, munduari behatu eta dakienarengandik ikasi baizik ez dut nik egiten, edo ez askoz gehiago bederen, ustez dauzkagun jakintzen ehuneko laurogeita hamarra hortik etortzen zaizkigu, eta ez gure bizipenetatik, eta horretaz aparte aierua dago, formarik gabeko hodeia, non, batzuetan, bat-bateko argi batek egiten baitu dir-dir, intuizioa deitzen duguna, alabaina, nire aierua da, nire intuizioak esaten dit Maria Sararen bizitzan ez dagoela gizonik, hain polita izanda ezinezkoa dirudien arren, ez da izango goreneko edertasun bat, baina polita da, aurpegiz eta irudiz, eta gorputzari dagokionez, tira, gorputz batek zenbat balio duen biluzik dagoenean baizik ezin daiteke jakin, hau da zientziarik onena, ebidentziarena, are eta hobeagoa ondoren, estalita dagoena ezagutu denean, eta gozatu.

        Itzelak dira, inondik ere, imajinazioaren ahalmenak, kasu honetan berriz ere ikusi ahal izan den bezala, Raimundo Silva bere gorputza sentitzen hasi zenean, bere gorputzean gertatzen ari zena sentitzen hasi zen, lehen lurrikara geldo baten mugimendua, antzeman ezina ia, gero taupada latz, errepikakor, premiazkoa, Raimundo Silva egonean dago, prozesuari jarraitzen dio begiak ñarrotuta, orrialde ezagun bat gogoratuko balu bezala, eta geldi-geldi dago, zain, odolak, harpe bat hustutzen duen marea bailitzan, berriz ere atzera egiten duen arte, poliki-poliki, noizbehinka olatuak erasora bidaliz oraindik ere, baina alferrik da, marea jaisten ari da, azken oldarrak dira, azkenerako ez dago ezer, ur-hari batzuen jario barea baizik ez, algak harrien gainean pausatzen dira, barreiatuta, karramarro txiki eta izutu batzuek harrien azpian bilatu dute aterpe, hondar bustiaren gainean apenas antzematen diren zantzuak utzi eta gero. Orain, borondatezko baldartasun nagi baten erdian, Raimundo Silvak galdetzen dio bere buruari nondik datozen eta zer esan nahi duten animaliatxo zantar horiek, ibiltzeko modu bakandu, kezkagarri horrekin, naturak beraiengandik hasi bailuen aldez aurretik susmatezkoa zen nahasmen orokorra, Etorkizunean denok karramarroak izango gara, pentsatu zuen, eta berehala imajinazioak Mogueime soldadua erakutsi zion, estuarioko ertzean, odolez zikinduriko eskuak garbituz eta garai haietako karramarroei so, karramarroek ihes egiten zuten, zuzen-zuzen, beheko hondoetara, beren lurrezko kolorea eta uraren itzala bat egiten zutela. Irudia azkar desagertu zen, beste bat etorri zen, pasatzen diren diapositibak bailiren, estuarioan zen berriz ere, baina orain arropa garbitzen ari zen emakume bat zegoen, Raimundo Silvak eta Mogueimek bazekiten nor zen, esan zieten Bonneko alemaniarra zen Henrique zaldun delako horren ohaidea zela, Galizian bahitua gurutzatu batzuk han lehorreratu zirenean urketa egiteko, morroi batek harrapatu zuen, baina bai morroia eta baita morroi horren jauna ere borrokan hil ziren, eta emakumea orain hortik zehar dabil, gutxi gorabehera nahi duenarekin, gutxi gorabehera diogu, baina zuhur beti ere, hainbatetan borondatez kontra hartu dutelako, hori egin zuten bi hilik agertu ziren handik egun batzuetara, labankadaka, hiltzailea nor izan zen ez zen argitu, horrenbeste gizon elkartzen direnean saihetsezinak dira nahasketak eta liskarrak, isilean eta fede txarrez zauritu zituztenena kanpamentuan infiltratu ziren mairuen satorren lana izan zitekeela ahaztu gabe. Mogueime emakumearenganantz hurbildu zen zenbait urrats, harri baten gainean eseri zen, so egin zion. Emakumea ez zen itzuli, hurbiltzen zelarik ikusi zuen, zeharka, irudia eta irudiaren araberako ibilerarengatik ezagutzen zuen, ez zekien oraindik zer izen zuen, portugaldarra zela baizik ez, behin galegoz mintzatzen zela entzun baitzuen. Emakumearen aldaken mugimendu kadentziadunak Mogueime aztoratzen zuen. Zalduna hil zenetik begiz jota zeukan, gainera, baita lehenagotik ere, baina soldadu soil bat, are eta gehiago Erdi Aroko soldadua izanik, ez zen besteren emakumearekin sartzen ausartuko, bere ohaidea baizik ez izanik ere. Amorrua eta tristura jabetu ziren Mogueimez, ikusi zuenean gero beste batzuek eraman zutela, baina emakumea ez zen inorekin gelditu, nahiz askok beretzat nahi zuten, labankadaka hil zirenek, kasurako, hauek hain biziki nahi zuten non bortxatzen saiatu baitziren. Mogueimek ez zuen emakumea behartzeko asmorik, are eta gutxiago zeuden toki soil honetan, jendea inguruan zegoela, adibidez atseden hartzen ari ziren hainbat soldadu, beren jabeen mandoak garbitzen ari ziren morroi batzuk, eszena guztiz baketsua zen, ez zirudien setioa edo konkista-saiakera bat, batez ere baldin eta, orain egiten ari garen bezala, hiria eta gazteluari bizkar eman eta gure begi aurrean estuarioko uren azalera bareari begiratzen badiogu, urak hemen hain daude lehorrean sartuta non ibaiaren uhin zabalen eragina ez baita iristen, eta aurrean muinoak dauzkagu, zuhaitz barreiatuekin, lurra batzuetan horikara da eta beste batzuetan berde iluna, mantu iraunkorrak edo udak idortutako belazeak estaltzen duen. Bero da, eguerdiko orduak dira, begiak uretatik desbideratu behar dira eguzkiaren dirdira finkoak itsuturik ez gelditzeko, ez Mogueimeren begiak, noski, hauek ez dira emakumearengandik apartatzen. Orain emakumeak gorputza tentetu du, besoa gora eta behera darabil arropa astintzeko, kolpearen hotsak ur gainean korritzen du, hots konfundigaitza da, beste kolpe bat, eta beste bat, eta gero isiltasuna dator, emakumeak, atseden hartzeko, bi eskuak pausatzen ditu harri zuriaren gainean, harria erromatarren hilarri zahar bat da, Mogueimek begiratzen dio eta ez da mugitzen, orduan haizeak almuedano baten oihu zorrotza dakar, distantziak itoa ia, baina ulergarria hala ere, arabiera ezagutu ez arren, duela hilabetetik egunean hiru aldiz entzun dituenarentzat. Emakumeak burua ezkerrerantz jiratzen du poliki, deiadarra hobeki entzuteko bezala, Mogueime dagoen aldera jiratu du burua, pixka bat atzerago dago, guztiz ezinezkoa zatekeen gizonaren begiek eta emakumearen begiek elkarrekin topo ez egitea. Mogueimeren desio fisiko guztia ziztu batean iraungi zen, bihotza jauzika hasi zitzaion laborri bezalako batean, egoeraren azterketa urrutiagora eramatea zaila da, kontuan hartu behar baita garaiak eta sentimenduak oso primitiboak zirela, anakronismoan erortzeko arriskua dago, burdinazko koroetan diamanteak jartzea, esaterako, edo hasieratik azkar hasiz bukaerara zuzen joatearekin konformatzen diren gorputzetan erotismo finduaren zolitasunak asmatzea. Baina Mogueime izeneko soldadu honek, Santaremeko konkistari buruzko eta emakume mairuen bortxaketa eta lepo egiteari buruzko eztabaidan erakutsi du, dagoeneko, ez dela erabat besteak bezalakoa, eta egia bada orduan fantasia eroaren tentaziorako jaidura erakutsi zuela, beharbada horregatik beragatik, eta hau kontraesana da, egiak aurretik joan behar baitu, horregatik beragatik zalantzan aurkitzen ahal dugu besteak ez bezalakoa izatearen erroa, zalantzan, gertaera bat ondoren berrantolatzeko gaitasunean, arrazoiak zeharka ikertu nahi izatean, gutariko bakoitzak, batere jakin gabe, eta ekintzen egile osoa dela uste duena nahita mesprezatuz, besteren ekintzetan duen eraginari buruzko galdera inozoa egite horretan. Oin ortozak hondar lodi eta hezean dituela, Mogueimek bere gorputz osoaren pisua sentitzen du, eseririk dagoen harriaren parte izatera pasatu izan bailitzan, orain erregearen turutek erasora deituko balute oso litekeena izango litzateke Mogueimek ezer ere ez entzutea, buru barruan oihartzun egiten duena almuedanoaren oihua da, oihua entzuten segitzen du emakumeari begiratzen dionean, eta emakumeak, azkenik, begiak desbideratzen dituenean isiltasuna erabateko bihurtzen da, egia da inguruan hotsak aditzen direla, baina beste mundu batekoak dira, ur-emaria estuariora dakarren ur gezazko errekan edaten duten mandoen arnasotsa, eta ausaz, egin behar denari hasiera emateko modu hoberik izango ez zenez, Mogueimek galdetu dio emakumeari, Nola duzu izena, zenbat aldiz galdetuko genion elkarri, munduaren hasieratik, Nola duzu izena, batzuetan gure izena gaineratuz gero, Ni Mogueime naiz, bide bat irekitzeko, emateko hartu baino lehen, eta gero erantzunaren zain gelditzen gara, erantzunik dagoenean, isiltasunaz erantzuten ez digutenean, baina oraingo honetan ez da halakorik gertatu, Ouroana dut izena, esan zuen emakumeak.

        Telefono zenbakia duen papera han dago oraindik, mahaiaren gainean, sei digitoak markatzea baino gauza errazagorik ez dago, eta hariaren beste aldetik, hainbat kilometrotako urruneratik, ahots bat entzungo da, hori bezain erraza da, ez digu axola Maria Sararena edo bere senarrarena izango ote den, orain ohartu behar dugu zer nolako diferentziak dauden garai haien eta gurearen artean, orduan, hitz egiteko, hiltzeko bezala, hurbildu beharra zegoen, horixe da Mogueimek eta Ouroanak egin zutena, emakumea Galiziatik etorri zen setio honetara, indarrez ekarria, jadanik hila den gurutzatu baten ohaidea zen, eta orain aitoren semeen mirabe eta arropa-garbitzaile bihurtu da jaten duena merezi ahal izateko, eta gizona, Santarem konkistatu eta gero, loria handiago baten bila etorri zen Lisboako harresi erraldoien aurrera. Raimundo Silvak bost digito markatzen ditu, bat baizik ez du falta, baina ez da ausartzen, gustu baten aurrerapena dastatzen duenaren planta egiten du, beldur baten ikararena, bere buruari esaten dio nahi izanez gero zenbakia osatuko lukeela, keinu bat baino ez da, baina ez du nahi, Ezin dut, xuxurlatzen du, eta aurikularra lagatzen du zanpatu behar zuen zama bat-batean uzten duenaren antzera. Zutitu egiten da, Egarri naiz, pentsatzen du, sukaldera doa. Baso bat betetzen du txorrota azpian, poliki edaten du, uraren freskoa gozatzen du, plazer xumea da, agian plazerrik xumeena, baso bat ur egarri denarentzat, edan bitartean estuariorantz lasterka doan erreka imajinatzen du, eta mandoek muturrarekin korrontearen lorea doi-doi ukitzen dutela, orain zazpiehun eta berrogei urte, morroiek ziztuka mugiarazten dituzte, egia da ez dagoela benetan berririk denik eguzkiaren begiaren azpian, Salomon erregeak berak ere ez zekien noraino zuen arrazoi. Raimundo Silvak basoa pausatu zuen, jiratu egin zen, sukaldeko mahaiaren gainean papertxo bat zegoen, neskamearen betiko azalpen ez beharrezkoa, Banoa, dena ordenatuta utzi dut, baina oraingo honetan ez da horrelakorik, ez du bere egitekoez hitz bakar bat ere idatzi, beste mandatu bat da, Andre batek deitu dizu, zenbaki honetara deitzeko esan du, eta Raimundo Silvak ez du bulegoraino lasterka joan behar jakiteko Maria andreak idatzitako zenbakia berak paper zimurtuan idatzi duen zenbakia dela, nekearen nekez aurkitu zuen huraxe. Nekearen nekez galdu ez zuena.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia