Azken egunotan, almuedanoaren loa oso sakona izanagatik ere, zalantzarik gabe zurrumurruak iratzarriko zuen, zumurru horrek berak loa erabat galarazten ez bazion, behintzat, alerta egoeran bizi zen hiri oso baten zurrumurruak, alegia, dorre eta gotorlekuko atze aldeko bideetatik dabilen armadun jendearekin, herri xehea isiltzen ez den bitartean, karriketan eta azoketan bildurik, frankoak eta galiziarrak ba ote datozen galdezka. Beren biziaz eta ondasunez kezkatzen dira, jakina, baina atsekabetuenak beren etxeak hustu behar izan dituztenak dira, etxeak hesitik kanpo baitaude; oraingoz armadak zaintzen ditu, baina hortxe borrokatuko dira lehen gatazkak, horixe bada Alaren borondatea, loriatua bedi, eta, Lisboak armada kanpotarra garaiturik ere, aldiri oparo eta erosoa suntsiturik geldituko da. Meskita nagusiko alminar gainetik, egunero bezala, almuedanoak oihu egin zuen, karrankari, jakinik honez gero ez duela inor ere iratzarriko, gehienez ere haur errugabeak egongo dira lo, eta, ohi ez bezala, otoitz egiteko deiaren azken oihartzuna oraindik airean dagoelarik, hiriaren otoitzaren xuxurla entzuten hasten da, izan ere nekez aterako zen hiria loaren erresumatik loaren erresumara ozta-ozta baizik sartu ez bazen. Goizak uztailaren edertasuna du, brisa arin eta leuna dabil, eta eskarmentuak engainatzen ez badu, gaur bero zakarra izango dugu. Otoitza bukaturik, almuedanoa jaisteko prestatzen da, eta bat-batean behetik alarau bat eraikitzen da, hain ordenarik gabea eta harrigarria non itsuak uste baitu, lehenbizi, dorrea amiltzen ari dela, gero kristau madarikatuek harresien aurkako erasoa hasi dutela, eta azkenik antzematen du garrasiek bozkarioa adierazten dutela, halako dirdira bezalako bat hedatzen dute hiri gainean, orain esan dezake ezagutu duela argia zer den, baldin eta argiak ikusten duenaren begietan egiten duen efektua, soinu alai hauek bere belarrietan egiten dutena bezalakoa bada. Baina, zein da arrazoia. Agian Alak, herriaren arren suharrek hunkiturik, bere hilobiko aingeruak, Munkar eta Nakir, kristauak suntsitzera bidali ditu, agian erorarazi du kristauen armadaren gainean zeruko su iraungiezina, agian, era mundutarragoan, Evorako erregeak, bere Lisboako anai-arrebak mehatxatzen dituzten arriskuez oharturik, mezulari bat igorri du mandatu honekin, Eutsi hor, eutsi fedegabe gaiztoei, dagoeneko nire Alentejoko armada bidean da, honela esaten dugu jende hori Tajoz beste aldetik zetorrelako, aldi berean frogaturik uzten dugularik alentejotarrak bazirela, izan, portugaldarrak izan baino lehenago. Hezur hauskorrak mailadien kontra xehe-xehe eginda uzteko arriskuarekin, almuedanoak ziztu bizian jaisten du espiral estua, eta behera iristen delarik zorabioak jota erortzen da, berriz lurpean sartu nahi duela dirudien agure gaixoa baizik ez da, hau lehenagoko adibideen arabera jaio zaigun ilusioa da, orain ikus daiteke bere ahalegin guztia ez dela azpiratzeko, altxatzeko baizik, eta bitartean inguruko iluntasunari galdetzen dio, Zer gertatu da, esaidazue zer gertatu den. Ondorengo unean jada badira zutitzen laguntzen dioten besoak, eta ahots gazte eta indartsu batek ia oihuka dio, Gurutzatuak badoaz, gurutzatuak aldentzen hasiak dira. Fedeak eta hunkidurak hartaratua almuedanoa belauniko jausi zen, baina gauza bakoitza bere garaian, Ala ez da asaldatuko zor zaizkion eskerronak apurtxo bat geroratzen badira, esker emateak baino lehen pozak hedatu behar du. Samariar onak agurea pultsoz jaso, behingoz zutik jarri, ziztuan jaistearekin eta erorikoarekin mugitutako turbantea bere tokira itzuli, eta esan zuen, Utzazu hori orain, goazen harresira fedegabeen anabasa ikustera, alabaina, hitz hauek gaiztoz esan ez direnez, azalpen bakarra almuedanoaren itsutasuna amaurosia izatean datza, hau da, begiratzen ari zaigu, alegia, begiak gu gauden tokirantz iltzaturik dauzka eta ezin gaitzake ikus, hau tristura, nekez sinets liteke gardentasun eta garbitasun horiek guztiak, azken finean, erabateko opazitatearen azala baizik ez izatea. Almuedanoak eskuak altxatu eta begiak ukitzen ditu, Nik ez dut ikusten, baina, eta une hartan gizonak ezagutzen du, Jakina, almuedanoa zara, eta urrutiratzeko keinua egiten du, nahiz berehalakoan keinua zuzendu, Ez du axola, zatoz nirekin harresira, neronek kontatuko dizut zer gertatzen den, hau bezalako jarrera ederrei geuk karitate kristaua deitzen diegu, honek berak adierazten du berriz ere hitzak noraino dauden ideologikoki desbideratuak.

        Gizonak bidea ireki zuen harresira zihoan eskailera batean estutzen zen jendetzaren artean, Utziozue pasatzen almuedanoari, eskatzen zuen, eta jendeak, anaitasunaren anaitasunez, pasatzen utzi eta irribarre egiten zuen, baina dena arrosa izan ez dadin, edo dena arrosak ez direlako, obra ona hondatu zuen mesfidati bat izan zen, aurpegia erakusteko kemenik ez zuela izan egia bada ere, baina atzeko lerroetatik bota zuen, Kontuz lotsagaldu horrekin, ez du bere txanda izan arte itxaron nahi, eta almuedanoak, ederki zekien hori ez zela egia, honela mintzatu zen ahotsa zetorren alderantz, Alak zigor zaitzala zure gaiztakeriagatik, eta Alak ongi hartu bide zuen oharra, nonbait, kalumniatzailea izango delako Lisboako setioan hilko den lehena, edozein kristau baino lehenago, eta honek asko erakusten du Goienekoaren haserrearen nolakoari buruz. Iritsi ziren gora, beraz, zaharra eta bere babeslea, beti modu berean, salbuespen gehiagorik gabe jendeak modu hori ontzat eman baitzuen, hau da, gaztigua lehenbizi eta ondoren eskaera eginda, lehen kategoriako kamarotean hartu ahal izan zuten tokia, estuarioaren gaineko ikuspegi zabalarekin, ibai oparoa, itsaso mugagabea, baina ez zen handitasun hau izan gizonari botarazi ziona, Hau da hau, zoragarria, ondoren azaldu zuena baizik, Almuedano, nire begiak emango nizkizuke ikusten ari naizena ikus zenezan, gurutzatuen armada ibaitik behera, ura leun eta dirdiratsu, ura baizik izan ezin daitekeen moduan, guztiz urdina, berau estaltzen duen zerua bezain, arraunak konpasean igo eta jaisten dira, itsasontziek behetik hegan egiten ari den eta aldi berean edaten ari den hegazti-saldoa dirudite, hegaldatzen ari diren berrehun hegazti, galera, batel edo galeota izenekoak, eta beste hainbat izen gehiago ere, nik ezagutzen ez ditudanak, lehorrekoa bainaiz, eta ez itsasokoa, azkar asko dabiltza, arraunek eta mareak bultzatuta, mareagatik iratzarri dira horren goiz, eta badoaz, orain aurrekoek haizea sentitu bide dute, belak altxatzen ari baitira, beste gauza miresgarri bat izango litzateke zuriak izatea, gaur jai eguna da, almuedano, gainera, ibaiaz beste aldean Almadako gure anaiak daude, keinuka, gu bezain pozik, Alaren borondateak salbaturik, haiek ere, Hura, Goienena, Urrikalkorra, Berez sortua, Biziduna, Kontsolagarria, Errukiorra, Zeinari esker askatu baikara barratik ateratzen ari diren zakur horien mehatxu izugarritik, gurutzatuak dira eta zeharkatuak bitez, euren anabasaren edertasunaren gomuta eurekin hil eta ahantz bedi, eta Malikek, infernuaren zaindariak, bertan atxiki bitza betiko, eta zigor. Inguruko guztiek txalotu zuten azken madarikazioa, denek almuedanoak izan ezik, eta ez ados ez zegoelako, baizik eta lehenago bete zuelako zegokion zaindari-lana, mesfidakor ausartaren zigorra eskatu zuenean, hain justu, eta itsusia baita, itsusia denez, anai-arreben komunitatea otoitz egitera deitzeko ogibidea duena madarikazioka ibiltzea, egunean behin zigorra ezartzea nahikoa eta sobra da gizaki batentzat, Jainkoak berak ardura itzel horri betiko eutsiko ote dion ez dakiguna da. Horregatik almuedanoak mutu jarraitu zuen, horregatik eta beste arrazoi batengatik, bigarrena zen itsua zenez ez zekiela erabat pozik egoteko arrazoirik ote zegoen, Denak joan al dira, galdetu zuen, eta bere babesleak erantzun zuen, ziur jakiteko hartu zuen isilaldi baten ondoren, Itsasontziak bai, Esan garbi, zer gehiago dago itsasontziez aparte, Kontua da batzuk hor daudela, ibaiertzean, orain badoaz galiziarraren zelairantz, itsasontzitik jaitsi diren ehunen bat izango dira, armak eta ekipajeak daramatzate, hemendik ez da erraz haien zenbatzea, baina ez dira ehun baino gehiago izango. Almuedanoak esan zuen, Horiek gelditu badira, gurutzadetara joateari uko eginez, besterik gabe, eta beren lurren trukean hauek hartu baldin badituzte, Ibn Arrinque gure aurka datorrenean, setioa eta gatazka baldin badira, berarekin elkartuko dira, Zuk uste duzu, almuedano, bere jendea gutxi izanik eta elkartzen ahal zaion beste hau are eta gutxiago, Ibn Arrinquek, madarikatua bedi bera eta bere odoletik sortutakoak oro, Lisboa setiatuko duela, Behin saiatu zen gurutzatuekin, eta huts egin zuen, orain frogatu nahiko du ez zituela behar, gurutzatuak berak lekuko direla, Espioiek diote galiziarrak hamabi mila soldadu baizik ez dituela, ez da nahikoa hiria inguratu eta setioa estutzeko, Agian ez, gu geu goseak estutzen ez bagaitu, Etorkizuna beltz ikusten duzu, almuedano, Ikusten dut, itsua naiz. Une honetan, han beraiekin zegoen beste gizon batek besoa luzatu zuen, seinalatuz, Kristauen zelaian mugimendua dago, galiziarrak badoaz, Okertu egin zara, nonbait, esan zuen almuedanoaren babesleak, Zu zeu niregana etorri eta inguratzen zaituen lurraren biribiltasun guztian ez dela soldadu kristaurik ikusten esango didazunean jakingo dut okertu naizela, Hementxe geldituko naiz zain, eta gero meskitara joango naiz berria ematera, Musulman ona zara, Alak eman diezazula, bai bizitza honetan, baita behin-betikoan ere, merezi duzun saria. Esan dezagun guk gure aldetik, gauza aurreratuz, Alak, berriz ere, almuedanoak esandakoa aintzat hartu zuela, zeren, bizitza honi dagokionez, bai baitakigu inolako egokierarik gabe Samariar Ona deitzen dugun mairu hau izango dela setioan hilko den azken aurrekoa, eta behin betiko bizitzari dagokionez, gu baino informatuago den norbait, une egokian, sari hura zein izan zen eta zertarako esatera datorkigun arte itxarotea baino ez dugu. Gure aldetik, aukera profitatuko dugu erakusteko ez garela beste edozein baino gutxiago ontasun, karitate eta anaitasun kontuetan, orain, almuedanoak galdetu duenean, Nork lagunduko dit eskailera jaisten.

        Raimundo Silva zuzentzaileak ere laguntza beharko du azaldu ahal izateko, gurutzatuak ez zirela setioan gelditu idatzi eta gero, nondik atera diren orain lehorreratu direnak, ehunen bat gutxi gorabehera, mairuen kalkulua, urrutitik eta begi kolpeaz egina, sinesten badugu. Egia da hau ez dela guretzat erabat berria, bagenekielako, Guilhâo da Longa Espadak erregeari zakar hitz egin zionetik, zenbait aitoren seme atzerritarrek bertan adierazi zutela guri laguntzeko prest zeudela, baina une hartan aitoren semeek ez zuten azaldu bere erabakiaren zioa, eta On Afonso Henriquesek ez zuen zioa ezagutzeko gogorik agertu, eta, pribatuki bere arrazoiak azaldu bazizkioten, dena kontu pribatu gisa gelditu zen, ez da inon jaso, eta gainera esku artean darabilgun kasurako berdin da. Edonola delarik ere, Raimundo Silvak ezin dezake bere historiarekin segi, hau da, gurutzatu bakar batek ere ez zuela erregearekin traturik egin nahi izan dioen historiarekin, hortxe baitago Historia Egiaztatua, zeinak esaten baitigu ezen, ezagutzen ez dugun salbuespenen bat alde batera utzirik, jaun horiek aberastasun handiak lortu zituztela Portugaleko lurraldean, nahikoa izango da gogoraraztea, inork ez dezala pentsa funtsik gabe mintzatzen garenik, eta Eguzkia non zapiak han dioen esaera gezurtaturik ez ikusteko, nahikoa izango da gogoraraztea gure errege onak eman ziola On Alardori, frantziarra berau, Vila Verde, eta On Jordani, hau ere frantziarra, Lourinha, eta La Corni anaiei, denborarekin izena aldatu eta Correia bihurtu zirenei, Atouguia, nahasketarik ordea bada Azambujan, ez baita jakiterik orduantxe bertan eman ote zitzaion Gil de Rolimi, ala geroago bere izen bereko semeari, kasu honetan hutsa ez da albistea ez dela jaso, jaso dena jaso den bezala jaso dela baizik. Alabaina, jende honek eta beste hainbatek euren prebendak kobratu ahal izateko, beharrezkoa zen, lehengoz eta behin, lehorreraztea, eta hortxe dauzkagu prebenda horiek armez merezi izateko prest, eta modu honetan uztartzen dira, gutxi gorabehera, zuzentzailearen Ez hori eta aberriaren historia josi duten Bai, Agian edo eta Hala Ere horiek. Esango da aipatu diren guztiak eta aipatu ez diren beste gutxi batzuk, denak elkarturik, ez direla dozena erdia baino gehiago, eta askoz ere gehiago direla oinez kanpamenturantz datozenak, eta hortaz, jakinmina izatea berezkoa da, jakiteko zeintzuk diren eta hauek ere beren lanen truke lurrak eta jabegoak jaso ote zituzten. Tokiz kanpoko gauza da, besterik gabe bertan behera utzi beharko litzatekeena, baina errurik gabeko ezjakintasunaren aurrean tolerante izatea zein ausarkeriaren aurrean jasankorra izatea prestakuntza moral onaren seinalea da, horregatik argituko dugu hauetatik gehienak, jaunen soldatapeko arma-gizon batzuk bazter utzirik, morroiak direla, zama eta hustutze-operazioetarako etorriak, baita agintzen zaien beste guztirako ere, badaudelarik ere, hiru aitoren semeren zerbitzu partikularrean ari diren beste hainbeste ohaide edo ohekide, horietako bat abiapuntutik etorria, beste biak atsedena eta ura hartzeko lehorreratzeetan hartuak, izan ere, ez baita hau baino fruitu hoberik egundo atzeman, eta mundu ezezagunetan halakorik hazten denik ere ez da inon jaso.

        Raimundo Silvak boligrafoa pausatu zuen, boligrafoaren ertzak markaturiko hatzak igurtzi zituen, gero, nekea adierazten zuen mugimendu geldoaz, jezarlekuan bermatu zen. Lo egiten duen gelan dago, leiho ondoan jarri zuen mahai txiki baten aurrean eseririk, ezkerretara begiratzen duenean auzoko teilatuak ikusten ditu, baita, tarteka, fatxada konkortuen artean, ibaia ere. Besteren lana zuzentzeko barruko bulegoa erabiliko zuela erabaki zuen, baina idazten ari den hau, Lisboako setioaren historia izatera iritsi edo ez, argitan egingo du, bere esku gainean eta paper orrien gainean berezko argia erortzen dela, berezko argia halaber jaiotzen eta gelditzen diren hitzen gainean, jaiotzen diren guztiak ez baitira gelditzen, hitzek ere, beren aldetik, gauzak ulertze aldera argia egingo dutela, ahal den punturaino, hitzik ez balitz ezin irits litzatekeen punturaino. Pentsamendu hau paper solte batean idatzi zuen, pentsamendua deitzen ahal bazaio honi, geroago erabiltzeko asmoarekin, beharrezkoa izatera, idazketaren misterioari buruzko gogoetaren batean, ausaz, aldarrikapen zehatz eta zuhur batez bururatuko dena, poetaren behin-betiko irakaspenari jarraiki, honako hau, hain zuzen, idazketaren misterioa dela idazketak ez duela inolako misteriorik; handik aurrera, egiaztapen hau onartuz gero, aterako dugun ondorioa da idazketan inolako misteriorik ez badago, idazlearengan ere ez dagoela inolako misteriorik. Raimundo Silva libertitzen da gogoeta sakonaren imitazio honekin, bere zuzentzaile-oroimena bertsoz eta prosaz beteta dago, puskak, zatiak dira, baita esaldi osoak ere, esanahidunak, beste munduetatik etorririko zelula geldi eta dirdiratsuak bailiran oroimenean ilkatzen direnak, sentsazioa da kosmosaren azal gainean egotea, gauza guztien esanahi zehatzaren jabe, misteriorik gabe. Raimundo Silvak lerrokatu ahalko balitu, ordena bati jarraiki, bere oroimenean dauden hitz eta esaldi solte guztiak, nahikoa litzateke diktatzea, kasete batean erregistratzea, eta hala lortuko luke, idazteko ariketa nekagarrian akitu gabe, oraindik bilatzen ari den Lisboako Setioaren Historiaren kontakizuna, eta ordena, hurrenkera, beste bat izanik, kontakizuna ere beste bat izango litzateke, setioa ere beste bat, beste bat Lisboa ere, infinituki.

        Badoaz gurutzatuak, itsaso handira, hamahiru mila figuranteren presentzia deseroso eta eskakizun-maila handikoaz askatzen gaituztela, baina Raimundo Silvaren lana ez zen gehiegi erraztu, beste hainbeste portugaldar dagoelako, gutxienez, eta batzuen zein besteen gehiketa baino askozaz ere gehiago hiri barruko mairuak, Santaremetik ihesean hona etorri zirenak ere barne, harresi hauen barne aldean babesa aurkituko zutelako ustean, gizajoak, zaurituak eta kolpatuak. Nola gobernatuko du jende hau guztia Raimundo Silvak, horra galdera. Bere gustuagatik balitz, uste izatekoa da banan banan hartuko lituzkeela, bakoitzaren bizitza aztertuko luke, bizitza horren aurrekoak eta ondorengoak, amodioak, liskarrak, bertan izan zen ontasun eta gaiztakeria, eta batez ere arduratuko litzateke laster hilko diren horietaz, ez baita uste izatekoa garai hurbilagoetan izan zirena eta egin zutena idatziz jasota geratzeko aukera handiagoa egongo denik. Garbi ikusten du Raimundo Silvak bere dohain mugatuak ezin direla horren urrutira iritsi, lehenbizi ez delako Jainkoa, eta Jainkoa izan zenak, bera izan edo beste bat izan, ospea eta guzti, ez zuen asmo honekin parekatzeko modukorik erdietsi, bigarrenik ez delako historialaria, hau delarik, begiratzeko modua dela-ta, jainkoa izatera gehien hurbiltzen den giza kategoria, eta hirugarrenik, hasierako aitorpena, sormen literarioa ez zelako sekula bere dohanik garatuena izan, eta, bistan da, ahulezia honek galaraziko dio asmaziozko fabulazioa —zeinean denok, nork gehiago nork gutxiago, hartzen baitugu parte—, sinesgarriki erabiltzea. Mairuen aldetik, orain arteko lorpenik aipagarriena noizean behin agertzen den almuedanoa da, litekeen jarrerarik txarrenean dagoena, figurante bat baino pixkatxo bat gehiago delarik, ez baita benetako pertsonaia izateko nahikoa. Portugaldarren aldetik, erregea, artzapezpikua, apezpikua eta aitoren seme ezagun sorta bat alde batera utzirik, eta azken hauek izena eramateko baizik parte hartzen ez dutela, nabarmenki dagoena da berezi gabeko aurpegi-nahaste izugarria, norenak diren ez dakigun aurpegiak, Jainkoak bakarrik dakien moduan hitz egingo duten hamahiru mila gizon, beren sentimenduak edukiko dituztenak, nola ez, baina sentimenduok hain guk ez bezala adieraziko dituztenak, gure eratik hain urrun, non elkar ulertze kontu horretan hurbilago egongo baitira beren etsaiengandik, mairuengandik, guregandik baino, haien ondorengotzaren bandera eta titulua geuk eramaten ditugun arren.

        Raimundo Silva zutitu da eta leihoa ireki. Hemendik, eta zuzendu zuen Lisboako Setioaren Historiak ematen dituen informazioak gezurrezkoak ez badira, inglesek, akitaniarrek eta bretoiek kanpamentua egin zuten lekua ikus daiteke, Trindade aldapatik harantzago, hego alderantz, Calçada de S. Francisco sakaneraino, metro bat gehiago, metro bat gutxiago, han Martirien eliza dago, gezurrik esaten uzten ez duena. Orain, Historia Berrian, portugaldarren kanpamentua da, oraingoz denok elkarrekin, erregeak zer erabakiko zain, geldituko ote edo joango ote garen, ikusi egin beharko. Hiria eta lusitaniarren kanpamentuaren artean, lusitaniarrak diogu haiek euren buruari artean ematen ez zioten izena den arren, estuario zabala ikusten dugu, hain zabala non, lurretik barna oinez buelta emateko pasatu beharko bailitzateke, ekialdeko adarrean, Rua da Palma hasten den tokitik, eta mendebaleko adarrean, Rua das Pretaseko gainetatik, ibilaldi ez nolanahikoa atzo oraindik mimoz tratatzen zituzten zelaietatik zehar, eta gaur, jangarri den orotik arpilatuta egoetaz landa, zapalduak eta erreak Apokalipsiko zalditeria beren suzko apatxekin bertatik pasatu izan balitz bezala. Mairuak esan zuen portugaldarren kanpamentua mugitzen hasia zela, eta hala zen, baina handik gutxira gelditu egin ziren berriz, On Afonso Henriquesek bere armada guztia bertan zeukala egin nahi izan baitzion harrera lehorreratu eta hurbiltzen ari zen jende multzo murriztuari, jaun gurutzatuak denen buru, harrera honekin berauek bereziki ohoratuz, are eta gehiago bestek alde egin izanak sutan jarri zuela. Odolez eta boterez nagusi den jende honen topaketak eta elkarretaratzeak aski ezagutzen ditugunez, garaia da nor gehiago dagoen jakiteko, zeintzuk diren soldadu hauek, gureak, Carmo eta Trindadearen artean barreiaturik, aginduen zain, zigarro bat erreaz entretenitu ezinik, hor barna daude eseririk edo geldirik, zutik, edo lagun artean, paseoan, olibondoen itzalean, eguraldia ona izan da eta denda gutxi eraiki da, jenderik gehienak izarpean egin du lo, burua ezkutuaren gainean, gauez, denbora labu-rrez, lurraren beroa sentituz, eta gero haiek bere gorputzez lurra berotuz, batzuen hotza bestearen hotzarekin elkartuko diren egunera arte, eta hau berandu gerta dadila. Pisuzko arrazoiak dauzkagu gizon hauei begiratzeko, zabarki armaturik Bond, Rambo and Companyren armategiarekin alderatuz gero, eta pisuzko arrazoia da Raimundo Silvarentzat pertsonaia izan daitekeen inor hemen aurkitzea, berau, herabea berez eta nortasunez, jendetzaren erdian ibiltzeko uzkur, Rua do Milagre de Santo Antónioko bere leihoan gelditu baitzen kalera jaisten ausartu gabe, eta gaizki egin zuen, bakarrik azaltzeko gauza ez bazen laguntza eska ziezaiokeen Maria Sara doktoreari, dagoeneko ikusi dugu zirt edo zartekoa dela, emakumea, edo bestela, bakardadearen aztarna erromantikoago edo interesgarriagoa, edo agian itsukeriaren aztarna, ekar zezala S. Crispimeko zakurra, irudi ezin ederragoa litzateke arraun-bateltxoa estuario geldoa zeharkatuz, inorena ez den uraren erdian, eta zuzentzaileak arraunei eraginez, bitartean zakurrak, txopan eseririk, burua tente darama, eta tarteetan, beren parte sentiberenetan eztena ziztatzen dioten arkakusoei ahalik eta diskretuenen ausiki eginez. Utz dezagun bakean, beraz, bere ogibidea berrikustea den arren, ikusteko oraindik erabat prest ez dagoen gizon hau, inoiz behin baizik, nahaste psikologiko iragankorraren kausaz, gauzei erreparatzen ez diena, eta bila diezaiogun berezkotasun osoz narrazioan bere tokia bete dezakeen norbait, ez hainbeste bere merezimenduengatik, beste alde batetik beti eztabaidagarriak, baizik eta predestinazio egokiarengatik, hain berez ezen gero esango baita, kasualitate begibistako baten aurrean esaten den bezala, elkarrentzat jaio zirela. Hala ere, ez da erraza. Gauza bat da gizon bat hartu eta jendetzaren artera eramatea, beste hainbat kasutan ikusi den bezala, eta beste gauza bat da jendetzaren artean gizon bat aukeratzea, eta ikustearekin batera esatea, Hau da. Ia-ia ez dago zaharrik kanpamentuan, asko eta goiz hiltzen den garaian gaude, ez esategatik borroka egiteko hankak nagi edukiko zituztela, eta besoak ahul, eta denek ezin dezakete Gonzalo Mendes de Maiak, O Lidadorek, bezainbeste iraun, honek orain hirurogeita hamar urte ditu eta sasoi betean dago, are, laurogeita hamarretan, oraindik ere, ezpatakadaka ibiliko da Tangerreko erregearen aurkako gatazkan, eta azkenik hil egingo da. Bila gabiltza, eta entzun egiten dugu, a zer hizkuntza bitxian mintzatzen den gure jendea, hau ere gainerako guztiei eransten zaion beste zailtasun bat da, nekez ulertzen dugula elkar, nahiz eta denok Portugal aberrikoak izan, azken buruan, gaur egun belaunaldien arteko gatazka deitzen dugun hori beharbada mintzaeren arteko ezberdintasun kontua da, ideia bat baizik ez da. Hemen lurrean jarri den gizon saldo bat badago, olibondo hostotsu baten azpian, olibondoaren enbor bihurriari eta zaharkitu-itxurari erreparaturik, gutxienez O Lidadoren urteen bikoitza bider bi eduki behar ditu, eta O Lidadorek zauritu eta hiltzen duen gisa berean, honek olioa ekoiztearekin nahikoa du, norbera jaiotzen den horretarako jaiotzen da, nahiz eta esaera hau olibondoentzat asmatu zen, eta ez gizonentzat. Jarririk dauden hauek, oraingoz, bizar motzeko gazte lerden ile beltz bati adi daude. Batzuek, jartzen duten aurpegiari erreparatuta hala ematen du, historioa mila aldiz entzun dute, baina ez dira aspertzen, Santarem hiria hartu zuten egun gogoangarri hartan bertan egon ziren soldaduak dira, besteak aldiz, historioari jartzen dioten arreta ikusirik, berehala ikusten da sartu berriak direla, bidean sartu dira armadan, hiru hileko soldatarekin, besteak bezala, ez ahaztu soldatatik eratortzen dela soldadu, eta, gerra hasten ez den bitartean, norberaren loria-egarria besteren loriaren balentriekin asetzen dute. Izenen bat eman beharko zaio gizon honi, gizon honek, gutako beste edozeinek bezala, izena baitu, zalantzarik gabe, baina arazoa da aukeratu beharko dugula ustez berea denaren —Mogueime— eta geroago emango diotenaren artean, Moigema, ez pentsa gero horrelako nahasketak behialako garai basatietan gertatzen zirenik, bakarrik, mende honetako bati buruz jakin genuen hogeita hamar urtez esan zuela Diego Luciano zuela izena, harik eta, paperak erakutsi behar ziren eguna iritsirik, Diocleciano baizik ez zela jakin genuen arte, eta izena aldaturik ez zuen askorik irabazi, izena enperadore batena bazen ere. Izenen kontu hau ez da garrantzirik gabea, Raimundo ezin daiteke Jose izan, Maria Sarak ez luke Carlota izan nahi, eta Mogueimek ez du merezi Moigema dei diezaiogun. Eta orain hurbiltzen ahal garenez, gogoa ematen du eseri eta entzuteko.

        Mogueimek dio, gauaren isilean izan zen, egunsentira arte zain egon ginen, sakan estali eta ezkutuan, hiritik hain gertu non harresiko zaindarien oihuak entzuten baikenituen, zaldiak uhaletatik heldurik geneuzkan, irrintzirik egin ez zezaten, eta ilargiaren aldia iritsi zenean, kapitainek ulertu zutelarik zaindariak erdi lo zeudela, denok lekuak hustu genituen, sakanean morroiak zaldiekin baizik ez ziren gelditu, eta bidexka harturik Atamarmako iturriraino iritsi ginen, iturriari izen hau eman zioten bere ura goxoa delako, eta pixka bat harantzago joanez harresira hurbildu ginen, baina justu une hartan erronda pasatzen ari zen, eta ezinbestean geldi geratu behar izan genuen, berriz ere, isil-isilik gari alor batean, eta nirekin zeuden guztien buru egiten zuen Mem Ramiresi ongi iruditu zitzaionean, malda igotzen hasi ginen, azkar-azkar, gure asmoa zen zurubi bat lantza baten gainean para eta harresian erantsi, baina zorte txarra eduki genuen, edo Txerrenak hala oztopatu nahi izan zuen gure lana, zeren zurubiak zirrist egin baitzuen, hots handia atereaz, eta eltzegile baten teilatu gainean erori zen, gu guztiok atsekabeturik eta larriturik utziz, zandariak iratzartzen baziren ekintza galduko baitzen, kizkurtu ginen, harresiaren itzalari josiak, eta gero, mairuek fitsik ere ateratzen ez zutenez, Mem Ramiresek dei egin zidan, ni bainintzen denetan altuena, eta agindu zidan bere sorbalda gainean igo nendin, neronek erantsi nuen zurubia han goian, gero bera igo zen, ni berarekin, eta gero beste bat, eta besteak noiz igoko zain geundenean zaindariak iratzarri ziren, eta horietako batek galdetu zuen, Menfu, esan nahi baita, Nor dabil hor, eta Mem Ramiresek, arabieraz mintzatzen dena mairua bailitzan, esan zuen errondakoak ginela eta atzera itzuliak ginela hala agindu zigutelako, eta mairua dorretik jaitsi baitzen, burua moztu zion, eta burua kanpora bota genuen, guretarrek seguru jakin zezaten plaza barruan geundela, baina bigarren zaindaria konturatu zen nortzuk ginen eta deiadarka hasi zen, Anauchara, anauchara, beren hizkuntzan Kristauen segada esan nahi duena, ordurako hamar ginen harresi gainean, orduan erronda etorri zen, arineketan, eta alde bietatik labankadak hasi ziren, Mem Ramiresek oihu egiten zuen Espainiako patroia den Santiagoren laguntza eske, eta Afonso erregeak, kanpotik, garrasika erantzuten zuen, esanez, Santiago eta Andredena Maria, lagun iezaguzue, eta hau ez ezik beste hau ere esaten zuen, Hil itzazue denak, ez dezala bakar batek ihes egin, tira, betiko oihuak, bitartean beste aldetik beste hogeita bost guretar igo ziren, ateetara jo zuten hauek irekitzeko asmoz, baina ez zuten lortu kanpotik burdinazko borra bat jaulki zieten arte, horrekin hautsi zituzten sarrailak eta maratilak, eta orduan sartu ziren erregea eta bere gizonak, erregea belauniko erori zen atearen erdian eta Jainkoari eskerrak ematen hasi zen, baina laster asko zutitu zen, mairuak bazetozelako atea defenditzera, baina hiltzeko tenorea iritsia zitzaien, guretarrek, arrabolaren moduan aurrera eginez, hil baitzituzten, eta horiek ez ezik emakume eta haur asko, baita azienda ugari ere, eta isuri zen odolak ibai bat osatu zuen kaleetan zehar, eta honelaxe irabazi genuen Santarem, bertan izan nintzen, baita hemen nirekin dauden beste batzuk ere. Aipatutako batzuek baietz egin zuten buruaz, zalantzarik gabe edukiko zuten haiek ere zer kontatua, baina beti hitza falta duten horietakoak izanik, lehenbizi nahikoa hitz ez dutelako ezagutzen, eta bigarrenik etortzeko eskatzen dietenean ez direlako etortzen, zeuden bezala gelditu ziren, hau da, isilik eta portugesez mintzatzeko artean beraiek baino trebeagoa zenari adi, eta barkatu gehiegikeria, munduko hizkuntzarik aurreratuena edukiko baikenuke baldin eta, orain zortzi mende eta erdi, graduaziorik gabeko militar soil batek eratu ahal izan balu halako mintzaldi garbia, zeinean aurkikuntza narratibo zoriontsuak ere badiren, luzea eta laburra tartekatzea, bat-bateko etena, plano-aldaketa, suspentsioa, are eta ironia poxi bat begirune gabea ere, erregea otoitzetik atera eta zutiaraztean ikusten den bezala, alfanjea amena baino lehenago iritsiko ote zen beldurrez, edo herri jakinduriaren altxor amaigabea milagarren aldiz aintzat hartzeagatik, fio hadi Amabirjinaz eta ez ezak lasterka egin, ikusiko duk zer jazotzen den, uste izatekoa da ez dela gauza gozorik izango. Erreklutetako batek, gerrako esperientzia bakartzat armada pasatzen ikustea zuenak, baina zorrotza eta zentzudunak, goardia zaharreko inork ez zuela mintzatu nahi ulerturik, esan zuen seguru asko denak pentsatzen ari zirena, Nik uste dut Lisboa hezur gogorragoa izango dela, metafora interesgarria, berriz zakurra eta zakurrak harira dakartzana, zakur asko beharko da, asko baina, handik goitik erronka egiten diguten harresi garai eta kementsuei, non armen dirdira eta albornozen zuria antzematen baita, hortza sartu ahal izateko. Gaztiguak armakideen gogoa adur txarrez belztu zuen, gerra kontuan ez baita jakiterik nor hilko den, izan ere badira behin baizik jazotzen ez diren gertaerak, guztiz zoraturik egongo ziren Lisboako mairuak baldin eta ordu saihestezina iristen ari zenean lotara joango balira, postura egin genezake oraingoan ezein zaindarik Menfu oihu egin beharrik ezetz, ederki baitakite nortzuk dauden euren aurrean eta zer nahi duten. Zorionez, malenkoniazko une honetan bazeuden bi morroi, Santaremeko sakan estali eta ezkutu hartan zaldien zain gelditu zirenetako bi, eta irri algaraka hasi ziren, gogora ekarriz zer egin zieten haiek eta gainontzekoek, hiritik ihesi zihoazela, patuak harantz bideratu zituen hainbat emakumezkori, destinu petrala, indarrez hartu baitzituzten behin eta berriz, eta ondoren hil egin zituzten dolurik gabe, mairu fedegabeei dagokien bezala. Mogueimek aurka hitz egin zien, lehen lerroko borrokalariaren larderiaz baliatuz, esanez ongi zegoela, gatazkaren beroaren erdian, hiltzea nor hiltzen den begiratu gabe, baina hala hiltzea, beren gorputzez gozatu eta gero, ez zela zilegi, kristauen jokabidea zatekeela joaten uztea, aldarrikapen humanitarioa, zeinari morroiek erantzun baitzioten argudiatuz ezen, izorratuta edo ez, hiltzea behar-beharrezkoa dela, mairu zital eta amorratu gehiagoz erdi ez zitezen. Irudi zuen Mogueimek ez zuela jakingo halako arrazoi erradikalari erantzuten, baina adimenaren plegu ezkutu batetik hitz gutxi batzuk atera zituen, morroiak mutu uzteko nahikoak, Agian haiek hiltzean haien barruan kristauen seme-alabak hil dituzue, kontua izan zen morroiek ere hitza falta eduki zutela, aise erantzun zezaketen kristauaren seme-alaba izateko ama ere kristaua izatea beharrezkoa dela, mutu utzi bide zituena bat-batean hartu zuten apostolu-kontzientzia izango zen, beren hazia uzten duten toki guztietan kristautasunaren seinalea uzten dutelako kontzientzia. Hortik une hartan, halabeharrez, apaizen bat igaro baledi, kaperau militar bat, kasu, gaia ebatz zezakeen behin betiko, arima zalantzatik aske utzirik eta fedea zein arrazoiak indartuak, baina apaiz jende guztia erregearekin dago, atzerriko aitoren semeen zain, hauek oraintxe iritsi bide dira, aldarriak horren seinale dira, nork ahal duen festa egiten du, beti ere zilegi denaren barruan, kasu honetan festa handia arrazoia txikia izaki.

        Raimundo Silvari gehien inporta zaiona da gurutzatuek Lisboa konkistatzen laguntzeari uko egin ziotelako tesi heterodoxoa defendatzea, ahalik eta hobekien, eta berdin zaio pertsonaia bat edo beste bat, nahiz eta, jakina, bulkadako pertsona izaki, ezin ditzakeen bat-bateko sinpatia edo arbuiozko mugimenduak galarazi, kuestioen gakoarekiko periferikoak, nolabait esateko; mugimendu hauek, ez gutxitan, nahiagotasun akritikoaren edo arbuio pertsonalen araberako bihurtzen dute arrazoiaren datuen araberakoa izan beharko lukeena, gure kasuan, historiaren araberakoa. Mogueimerengan hizketarako errataztasuna du maite, are Santarem hartu zutenekoa kontatzeko erakutsi duen gatza ere, baina, bertute literarioez haratago, maite du erakutsi duen bulkada humanitarioa, ongi osaturiko arimaren erakusgarri, edo inguruaren eragin negatiboetatik berez askea den arimaren, bulkada humanitarioak eraman du zorigaiztoko emakume mairuez errukitzera, eta ez Ebaren alabak gustuko ez dituelako, fedegabeak izanik ere, bera egon izan balitz sakan hartan senarren aurka labankadaka ibili ordez, haragia olgatuko zukeen bestek olgatu zuketen bezainbeste eta bezain nasai, baina une bat lehenago plazerrez ausiki eta musukatu zuen lepoa moztea, hori ez. Raimundo Silvak onartzen du Mogueime pertsonaiatzat, horrenbestez, baina uste du zenbait puntu argitu behar dela aldez aurretik, geroago, egilearen eta bere munduaren artean ezinbestez finkatzen diren afektuzko loturak haustezin bihurtu direnean, gaizkiulertu kaltegarriak ez daitezen sor, gaizkiulertuek, geroago, kausen eta ondorioen bereganatze erabatekoa ez dezaten honda, eta aitzitik, korapiloa beharraren eta patuaren indar bikoitzaz estu dezaten. Beharrezkoa da jakitea, noski, hemen nork esaten duen gezurra eta nork egia, eta une honetan ez gara izenaz ari, Mogueime edo Moqueime ote den, Moigema deitzen dionik ere ez da falta, esana dagoen bezala, egia da izenak garrantzizkoak direla, baina ezagutu eta gero iristen dira benetan garrantzizkoak izatera, hori baino lehen pertsona bat pertsona bat baizik ez da, kitto, begiratu egiten dugu, han dago, beste toki batean ikusiz gero berriz ezagutuko dugu, ezagutzen dut, horixe esaten dugu, eta kitto. Eta, azkenean, zer izen duen jakitera iristen bagara, seguruenik izen-multzotik, identifikazio zehatzagorako, zati bat aukeratuko dugu, eta honek frogatzen du ezen, izena garrantzizkoa izanik ere, izenaren zati guztiek ez dutela berdin balio, Einstein Alberto izateak ez digu asko ardura, ez zaigu inporta, ezta ere, Homerok beste izenik ba ote zuen. Raimundo Silvak jakin nahiko zuen, ordea, Atamarmako iturriko urak benetan goxoak ote ziren, Mogueimek baieztatu zuen bezala, Crónica dos Cinco Reis de Portugaleko etorkizuneko ikasgaia aurreratuz, edo, aitzitik, mingotsak ote ziren, hainbestetan aipatu dugun Fray António Brandâok bere Crónica de Don Afonso Henriques estimatuan berariaz aitortzen duen bezala, zeina iristen baita esatera ezen urak mingotsak zirelako deitzen ziotela iturriari Atamarmako iturria, hitz honek, portugesez eta ulertzeko moduan paraturik, horixe esan nahi baitu, eta ez besterik, Ur Mingotseko Iturria. Nahiz eta ez den aparteko garrantzirik duen afera, Raimundo Silvak gogoeta egiteari ekin zion, eta nahikoa gogoeta egin zuen ondorio batera heltzeko, hau da, logikoki, bestalde badakigun arren errealitateak ez diola beti logikaren bide zuzenari segitzen, ez lukeela zentzurik, lehorreko urak gehienetan gozoak izanik, iturri bat nabarmentzea iturri guztien ezaugarria den tasun batengatik, iturri-belarrez inguratua legokeen iturria garo-iturri deituko ez litzatekeen modu berean, orduan pentsatu zuen, beste iturri batzuetan egiaztatu arte, historikoak eta dokumentalak azken hauek, Atamarmako urak mingotsak izango zirela, eta pentsamenduei jarraiki, egunen batean modu praktikoan jakitera iritsiko dela, hau da, bertatik edanez, eta horrela lortuko duen behin betiko ondorioa esperimentala izango dela, eta ondorioa izango da, nonbait, urak gazikarak direla, eta horrela mundu guztia aseko du, gazikara gozoaren eta mingotsaren erdibidean baita.

        Hala ere, Raimundo Silva ez da dirudien bezainbeste arduratzen izenez eta ahogozoez, nahiz eta arestiko gogoetak luze jo, agian honek guztiak Maria Sara doktoreak, oraindik gutxi ezagutzeagatik, berarengan atzeman bide zuen zeharkako pentsamendua frogatzeko baizik ez du balio. Zuzentzailea benetan kezkatzen duena, behin Mogueime pertsonaiatzat onartuz gero, pertsonaia kontraesanean harrapatzea da, are gezur biribilean ere, eta egoera horretarako aukera bakarra egia da, hemen ez baita tokirik gelditu badiren eta ez diren urak, bakegile, eskaintzen dituen beste Atamarmako iturri batentzat. Mogueimek esan zuen, eta argi-argi azaldu, Mem Ramiresen sorbalda gainean igo zela zurubia mairuen almenetan eransteko, zeinak frogatuko bailuke, gertaera historikoaren bidetik, garai horiek zer nolakoak ziren imajina genezakeela oraindik, urrezko arotik hain hurbil non aro horretatik zenbait ekintzatako distira gordetzen baitzuten, kasu honetan On Afonsoren gorteko aitoren seme batek bere gorputz preziatua eskaintzea itxuraz besteak baino haziago izatea beste merezimendurik ez zuen soldadu baten oin izugarri plebeioen euskarri, plinto eta oinarria izan zedin. Baina Mogueimek esan zuena, bestaldetik Fray António Brandâok baieztatzen duena, zaharragoa den Crónica dos Cinco Reis-eko testuak gezurtatzen du, zeinak esaten baitu, ezer kendu edo gaineratu gabe, que Don Mendo ouue gram dor em seu coraçâo se por uentura se espantassê as vellas pello som e amergeosse e esteue quedo hû pouco & depois fez lançar curuo hû mancebo Mogueime e sobio açima com asina delrey e por cima delle fez lançar a escada ao muro kontua argi eta garbi gelditzen da, lexikoa eta ortografiaren berezitasunak gorabehera, irakurtzen dena da Mogueime konkortu zela Mem Ramires bere gainera igo zedin, eta honek hala aginduta konkortu zela, ez da beste irakurketarik zilegi egiten duten bestelako hizkuntza-kasuistikarik, ez interpretazio mailako prestidigitaziorik. Raimundo Silvak bi testuak dauzka bere aurrean, konparatu egiten ditu, ez dago zalantzarako tokirik, Mogueime gezurretan ari da, inondik ere, bai egoera jerarkikoari darion logikaren ikuspegitik, alegia, bata soldadua, bestea kapitaina, baita Crónica dos Cinco Reis-eko testua zaharragoa izateak ematen duen aparteko larderiaren ikuspegitik ere. Sintesi historiko erraldoia beste interesik ez duten pertsonei auzi hauek guztiak irrigarriak irudituko zaizkie, ezinbestez, baina guk Raimundo Silvari egin behar diogu jaramon, eta Raimundo Silvak eginkizun bat bete behar du, eta hasiera-hasieratik hau bezalako pertsonaia zalantzakorrarekin bizitzeko zailtasunari egin behar dio aurre, Mogueime, Moqueime edo Mogeima hau, zeina, bera nor den zehazki ez dakiela adierazteaz aparte, ausaz egiari tratu txarra ematen ari baitzaio, gertaeren lekuko izanik, egia begiratu eta zaindu behar zuenean, eta etorriko direnei, hau da, geuri, transmititu.

        Alabaina, esan zuen besteak, bekaturik gabeak bota dezala lehen harria. Izan ere, akusatzea askoz errazagoa da, Mogueime gezurretan ari da, Mogueimek gezurra esan zuen, baina guk, hemen, azken hogei mendeetako gezurrek eta egiek eskolatuok, psikologiak arimak goldez lantzen dituen bitartean, gaizki itzulitako psikoanalisiarekin, gehi gainerako guztia —aipatzeko bakarrik berrogeita hamar orri beharko genituzkeen gainerako guztia—, guk ez genituzke besteren akatsak ezpataren gogorkeriaz epaitu beharko, geure akatsekin hain barkabera jokatzen dugunean, horren froga da inor ez dela gogoratzen beste norbaitek, beronek eginikoen epaile zorrotz eta larderiatsu, gogo exekutatzailea bere burua harrikatzeko punturaino eraman duenik. Beste alde batetik, iragan ebanjelikora itzuliz, zilegi zaigu duda egitea mundua, garai hartan, bere burua salbatzeko Jainko baten Semea behar izateko bezain bizioz josia ote zegoen, emakume adulteroaren pasadizoak berak erakusten baitigu gauzak ez zeudela horren gaizki Palestinan, orain bai, orain latz daude, ikus bedi behialako egun hartan ez zela harri bat gehiago jaurti emakume errukarriaren aurka, Jesusek hitz fatalak esan eta esku erasotzaile guztiak gelditzea, dena izan zen bat, eta horrelaxe esku horien jabeek adierazi, aitortu eta are aldarrikatu zuten ezen, bai jauna, Jesusek zeukala arrazoi, bekatuan zeudela. Alabaina, bere burua jende aurrean errudun aitortu zuen jende bat, inplizitoki izan bazen ere, ez zen erabat galdurik, bazeukan bere baitan ontasun punttu bat ukitu gabe, beraz zilegi zaigu ondorioztatzea, errakuntza egiteko arriskurik txikienarekin, agian Salbatzailearen etorrera hura azkarregi gertatu zela. Gaur egun bai, gaur merezi zuen, eta ez bakarrik ustelak tematzen direlako beren ustelkeriazko bidean, baizik eta gero eta zailagoa delako hasita dagoen harrikatze bat geldiaraztea.

        Lehen begi-kolpean ez dirudi digresio moralizatzaile hauek nahikoa zerikusirik dutenik Raimundo Silvak Mogueime pertsonaiatzat onartzeko eduki dituen erresistentziekin, baina laster ikusiko da gogoeta hauen erabilgarritasuna, gogoratuko garenean Raimundo Silvak, falta larrietatik libre dagoela suposaturik, ohiko erruak badituela beste alor batean, alor ez garrantzi gutxikoa, nahiz eta oso toleratua mundu guztian oso hedatua dagoelako eta edonoren eskura dagoelako, itxurakeriaren alorrean, hain zuzen. Ederki asko daki berak ez dagoela halako ezberdintasun izugarririk nor noren bizkarrean igo zen —ni Mem Ramiresen bizkarrean edo Mem Ramires nirean— kontatzean gezurra esatearen eta, adibide txiki bat baizik ez emateagatik, ilea tindatzearen artean, dena da, azken finean, banitate kontua, ongi emateko nahia, bai alderdi fisikoan eta bai alderdi moralean ere, oraindik bertatik imajina daiteke etorkizuneko garaia, non giza-jokabidea izango baita, oso-osorik, artifizios, sintzeritatea, berezkotasuna eta xalotasuna, nortasunaren kualitate eder eta argitsu horiek, gezurra asmatu genuela jakitun izanagatik egia bizi genezakeela uste genuen behialako garaietan definitzeko eta praktikatzen saiatzeko horrenbeste lan eman zuten bertute horiek azkenetsiko direlarik besterik gabe.

        Arratsalde erdian, setioaren zailtasunen eta argitaletxea itxaroten dagoen nobelaren huskerien artean harturiko atsedenaldi batean, Raimundo Silva kalera irten zen haize pixka bat hartzera. Ez zuen besterik buruan, bueltatxoa eman, distraitu, ideiak ordenatzea. Baina loredenda baten paretik pasatu baitzen, bertara sartu eta arrosa bat erosi zuen. Zuria. Eta orain etxera itzultzen da, apur bat lotsaturik eskuan lore bat daramalako.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia