Erregeak gaizki lo egin zuen, behin eta berriz eteten zen baina era berean astuna eta beltza ere bazen lo artegarekin, lo hartatik ez zela sekula iratzartzen ahalko ematen zuen, eta ametsik edo amesgaiztorik gabeko loa izan zen, ez zen mirakulu leuna iragarriko zuen agure beneragarririk agertu, Hemen nago, ez eta oihuka ari zen emakumerik, Ez nazazu jo, zure ama naiz eta, bihotza bildu eta itsutu egiten zuen belztasun lodi eta esplikagaitz bat baizik ez zen. Egarriz iratzartzen zen eta ura eskatzen zuen, zanga-zanga edaten zuen, eta dendaren sarrerara etortzen zen gaua zelatatzeko, egonarria galdurik astroak geldo-geldo higitzen zirelako. Mundua mamu bihurtzen duen ilbete horietakoa zen, gauza guztiek, bizidunek eta bizigabeek, errebelazio misteriotsuak xuxurlatzen dituzten horietakoa, nahiz gauza bakoitzak berea esaten duen eta errebelazio guztientzako topagunerik ez dagoen, horregatik ezin izaten ditugu ulertu, eta ia jakitera iritsi baina hala ere jakin gabe gelditzen gareneko atsekabea pairatzen dugu. Estuarioak dir-dir egiten zuen muinoen artean, ibaiko ura dirdira hutsa zen, hala gazteluko terrazetan hauspotzen ziren suak nola gurutzatuen itsasontzietako bakoitza seinalatzen zuten kandela handiak su zurbilak bezalakoak ziren iluntasun argitsuaren erdian. Erregeak alde batera so egiten zuen, gero beste aldera, mairu horiek eta franko horiek portugaldarren kanpamentuko suteei begira egongo zirela imajinatzen zuen, haiek pentsamenduak, haiek beldurrak eta arbuioak, haiek batailarako planak, haiek erabakiak. Kamainan etzaten zen berriro, beti lo egiten zuen hartza-larruaren gainean, eta loaren zain gelditzen zen. Erronda-ahotsak entzuten ziren, armek sortu zenbait zurrumurru, denda barruko kriseiluak itzalak dantzan jartzen zituen, gero erregea isiltasunean eta beltz infinituan sartzen zen, lo gelditzen zen.
Orduak pasatu ziren, ilargia jaitsi eta azkenik desagertu egin zen. Une hartan izarrek zeru guztia estali zuten, ñir-ñir egin zuten ur gaineko islak bailiran, Done Jakueren bide zuriari tokia eginez, geroago, askoz ere geroago, goizeko lehen argia hiriaren atzeko aldetik ireki zen, poliki, hiria beltz gelditu zen kontrargian, gaztelu dorreko argimutilak iraungitzen ziren emeki emeki, eta gauden toki honetatik ikusi ezin den eguzkiak eguna urratu zuenean, muinoen artean hots egiten zuten ohiko ahotsak entzun ziren, Alaren fededunei otoitz egitera deitzen zieten almuedanoak ziren. Kristauak beranduago jaikitzen dira, itsasontzietan inor ez da higitu, eta portugaldarren kanpamentuan, burua kulunka dabiltzan zaindari nekatuez aparte, denak daude lo erraldoi batean murgilduta, zurrungek, hasperenek, zurrumurruek zipriztindutako lozorro bat da, askoz beranduagora arte, eguzkia atera eta eraiki den arte, ez dira hanka-besoak askatuko eta ahotsak epelduko, goizeroko aharrausi nagi eta urratzailea da, hezurrak krask eginarazten dituen nagiak ateratze bukaezina, egun bat gehiago, egun bat gutxiago. Suak berpizten dira, eltzeak sutan daude jada, gizonak hurbiltzen dira, nor bere azpilarekin, zaindariak badatoz, leher eginda, beste batzuk, txanda iritsi zaienak, kanpamentuan zehar barreiatzen dira, azken mokadua ahoan, aldi berean, denden ondoan, aitoren semeek beren janariak jaten dituzte, besteenak bezal-bezalakoak dira, ia-ia, haragia alde batera utzirik, horixe da ezberdintasun handiena. Zurezko plater handietatik jaten dute, haiekin batera elizgizonak daude, azken hauek jaiki eta jaten hasi bitartean meza eman dute, denek pronostikoak egiten dituzte gurutzatuek erantzungo dutenari buruz, batek dio ez direla geldituko aberastasun ukigarriagorik agintzen ez bazaie, beste batek dio agian Jainkoari zerbitzatzeko loriarekin konformatuko direla, eskupeko arrazoizkoa, nekeak direla-ta, aparte. Urrutitik itsasontziak behatzen dituzte, marinelen mugimenduak ikusirik posturak egiten dituzte, bertan gelditzeko maniobra egiten ari ote diren, edo, aitzitik, aingurak jasotzen ote dituzten, antsietatearengatik jaiotako uste funtsgabeak dira, erregeari erantzuna ematera haraino joan baino lehen itsasontziak ez baitira higituko, eta are ondoren ere, egoeraren arabera, agian marearen laguntzaren zain egon beharko dute ainguratokia finkatzeko edo itsas handirantz egiteko.
Erregea zain dago. Denda aurrean paratutako eserlekuan mugitzen da, pazientziarik gabe, armatuta dago, baina burua estali gabe, ez du fitsik ere esaten, begiratu eta itxaron egiten du, besterik ez. Goizaren erdira iritsi gara, eguzkia goian dago, izerdia ibaika jausten da armaduren azpian. Sumatu egiten da erregea ernegatuta dagoela baina ez duela ernegua kanporatu nahi. Bere gainean toldo bat eraiki dute, brisak leunki zapart eginarazten duena, errege-zutoihalarekin konpasean. Gauekoa bezalakoa ez den isiltasunak, seinale bat bezalakoa denak, estaltzen ditu hiria, ibaia, inguruko muinoak, isiltasun hura gauekoa baino are beldurgarriagoa da, egunez mugimendua eta hotsa espero izatekoak direlako. Egia da txitxarrak kantuan ari direna, baina kantu hura beste mundu batetik dator, mundu honetako oinarriak zerratzen ari den zerra ikusezinaren kirrinka da. Harresien gainean, merloien artean, mairuak ere begira daude, eta itxaroten.
Azkenik batelak mugitzen hasten dira estuarioaren sarreran ainguratuta dauden hiru itsasontzi nagusien artean, horietako bakoitzetik jendea jaisten da eta bateletan sartu, badatoz honantz, entzuten da arraunen zapla ur leunaren gainean, endaien plisti-plasta, irudi orokorrak gutxi du falta lirismo hutsa izateko, zeru oskarbi eta urdina, presarik gabe aurrera egiten duten bi batel, margolaria dugu falta hemen naturaren kolore arin hauek erregistratzeko, muinoan zehar igotzen den hiri iluna, eta han goian gaztelua, edo, behatokia aldatuz, portugaldarren kanpamentua orografia hautsi baten gainean, sakanak eta aldapak, olibadi barreiatuak, zenbait uztondo, arestian izandako suteen aztarnak. Erregea jada ez dago han, bere dendara erretiratu da, zeren, errege-jendea denez, ez baitu inoren zain egon behar, gurutzatuak bai, hementxe bilduko dira, begiramenez itxarongo dute, eta gero On Afonso Henriques atera egingo da, burutik orporaino armaturik, mezua entzuteko. Erregearekin izandako solasaldian egon ziren zenbait goi mailako gerrari hurbildu dira, begitarte itxia dakarte, barrendu ezinezkoa, guk badakigu uko egingo diotela portugaldarrei laguntza emateari, baina portugaldarrak ezjakin santuan daude oraindik, esperantza bat elikatzen dute, esan ohi denez, ezin jakin daitekeena da zer zio emango duten halako erabaki larriaren aitzakia gisa, zer edo zer esango dute, bestela kaskarin eta begiramengabeak direla leporatuko diete. Honako hauek datoz, Gil de Rolim, Ligel, Lichertes, La Corni anaiak, Jordâo, Alardo, orain arte aipatu ez den aleman bat ere badator, Henrique izena duena, Bonnen jaioa, ospe oneko eta bizitza bertutetsuko zalduna, une egokian frogatuko den bezala, eta oso eruditoa den elizgizon ingeles bat, Gilberto da bere grazia, eta, gainera, bozeramale gisa, Guilherme Vitulo, da Longa Espada, edo da Longa Seta, portugaldarren bihotzak jauzi egin zuen, seinale txartzat hartu zuten hau izatea mihia, ederki baitakite, jakin ere, zein herra gaiztoa dion erregeari, holako kasuak gertatzen dira, ageriko arrazoirik gabe begitan hartzen dugu norbait, eta inork ezin gaitu hartatik atera, Begitan hartuta daukat, begitan hartuta daukat, eta kito.
On Afonso Henriques dendatik atera zen, On Pedro Pitôes eta On Joâo Peculiar eraman zituen aholkulari, azken honek, erregearekin kontsultatu eta gero, hartu zuen hitza ordezkariei ongi etorria emateko, latinez eman zien, noski, latinezko hitzak ez baitira besteak baino itsusiagoak, eta esan zien erregeak gustuz entzungo zuela eman behar zioten arrapostua, zalantzarik gabe Jesukristo Gure Jaunaren loriaren alde onuragarriena izango zena. Formula ona da, zeren, guk ezin dugularik, bistan denez, Jainkoari probetxugarriena zer zaion jakin, bere irizpideari uzten baitiogu aukeratzeko ardura, gero aukera hori gure interesen aurka baldin badator apal izatea baizik gelditzen ez zaigula, eta, aitzitik, gure komenientziaren aldeko zerbitzu miresgarriak egitera badator, pozaren adierazpena gehiegizkoa ez izatea beste lanik ez dugula. Jainkoari baiezkoa eta ezezkoa, ona eta txarra igoal-igoal ote zaizkion posibilitatea ez da gureak bezala eginda dauden buruetan sartzen, Jainkoak, azkenik, beti balio behar duelako zer edo zertarako. Baina ez da hau halako bihurgune okertuetatik zehar nabigatzeko ordua, zeren Guilherme da Longa Espada esaten ari baita, gorde beharko zukeen begirunezko menpekotasuneko jokabidearen aurka doazen gorputz-jarrera eta imintzioekin, ezen, Portugaleko erregeak Jesukristo Gure Jaunaren laguntza hain eraginkor eta hain erraz baliatu dezakeelarik, Ouriqueko bataila izan omen zen pasadizo arriskutsuan, esaterako, ikusi zen bezala, gaizki iruditu behar zitzaiola Jainkoari berari gurutzatuek, han beste norabaiteko bidean egonda, enpresa berri hartan Bera ordezka zezaketela pentsatzea, eta horrexegatik aholku bat eman nahi zien, hartu nahi baldin bazuten edo, joan zitezela portugaldarrak bakarrik gatazkara, garaipena segurua baitzen eta Jainkoak eskertu egingo baitzuen Bere boterea erakusteko ematen zitzaion aukera hau, eta aukera hau ez ezik, zenbat aldiz eskatu eta beste hainbestetan. Guilherme Vitulo bere ama hizkuntzan mintzatu zenez, portugaldarrek ulertzen zutelako plantan entzun zioten, predikuak iraun zuen denbora guztian, honelakoetan gertatu ohi denez, burutik ez zitzaielarik pasatu ere egin erabakia beren interes eta komenientzien aurka zihoala, zeina, hala ere, ondorengo minutu zorigaiztokoan jakin baitzen, litekeen zehaztasun guztiarekin, da Longa Espadarekin zetorren fraide interpreteak itzuli zuenean, uzkur, bere ahoak hainbeste sarkasmo gordetzen zuten hitzak ahoskatzeari uko egiten baitzion, bigarren irakurketa eskatzen zuten hitzez ez mintzatzeagatik, kalumniazko zalantzaren aztarna balegokeelako Jainkoak moztu, ebaki, paratu eta erabakitzeko duen botereari buruz, garaipenak eman eta kentzeko, edo borrokalari bakar batek milari borroka irabaziarazi ahal izateko botereari buruz, gauzak kristauak kristauen aurka borrokatzen direnean baizik ez dira zailak, edo mairuak mairuen aurka, nahiz eta, bigarren kasu honetan, Alaren kontua den, hor konpon.
Erregeak isiltasunean entzun zuen, eta isilik jarraitu zuen, eskuek ezpata-sagarrari oratzen ziotela, ezpataren punta lurraren kontra tinko eta zuzen zuela, jadanik lur horren beraren jabetza hartu izan bailuen. Joâo Peculiarrek, amorru santuak suturik, probokatzailea lotsatu behar zukeen esaldia bota zuen, Ez duzu tentatuko Jauna, zure Jainkoa, denek ulertu dizute ezin hobeki, baita doktrinan makal dabiltzanek ere, egia esan Guilherme Vitulok egin zuena, portugaldarrak erdeinuz hartu baino areago, beste egoera batean eta beste hitz batzuekin Deabruak egin zuen saiakera deitoragarria errepikatzea izan zelako, Deabruak Jainkoari esan zionean, Bota ezazu zure burua hemendik behera, aingeruak laguntzera etorriko zaizkizunez, ez duzu den perilik mendrena ere, eta Jesusek erantzun zuen, Ez duzu tentatuko Jauna, zure Jainkoa. Eta honekin guztiarekin Guilhermek lotsagorritu beharko zukeen, baina ez zen horrelakorik gertatu, aitzitik, bazirudien isekazko irribarrea bihurritzen zitzaiola ahoan. Orduan On Afonso Henriquesek galdetu zuen, Hori al da Gurutzatuen erabakia, eta besteak erantzun, Bai, hau da, Orduan zoazte, eta Jainkoak lagun zaitzatela Lur Santuraino, han ezin izango duzue aitzakiarik atera borrokari itzuri egiteko, oso oker ez banaiz oraintxe egiten ari zareten bezala. Orduantxe heldu zion Guilhermek izena eman zion ezpatari, eta keinu honek ondoriorik latzenak eduki ahal izan zituzkeen, bere kideak tartean jarri izan ez balira, eta gorputzen mugimenduak baino gehiago kide horietako batek esan zituen hitzak jarri ziren tartean, Gilbertok esan zituenak, hain zuzen, bera baitzen saldo horretan guztian, interpretariek berek baino areago oraindik, latinez aise hitz egin zezakeen bakarra, eklesiastiko nagusia zenez, eta goi mailako ikasketak zituenez, eta hauxe izan zen esan zuena, Jauna, egia da Guilherme Vitulok esan berri dizuena, gurutzatuak ez direla hemen geldituko, baina ez ditu aipatu uko hori ematera eraman dituzten arrazoi materialak, tira, hor konpon, hala ere gutariko batzuek erabaki dugu hemen gelditzea, eta horiek hemen ikusten dituzunak dira, horretarako etorri gara, ordezkari, Gil de Rolim, Ligel, Lichertes, La Corni anaiak, Jordan, Alardo, Henrique, eta ni neu, denetan ezdeusen eta apalena, zure zerbitzari. Hain pozik gelditu zen On Afonso Henriques ezen bat-batean ezabatu baitzitzaion amorrua, eta, hantxe bertan aurreiritzi hierarkikoen gainetik pasatuz, Gilbertorengana joan eta besarkatu egin zuen, bide batez Guilhâo nazkagarriari bere destaina erakutsiz, horrek bai gaitzizena merezia, eta ozenki esan zuen, Erabaki hori hartu duzunez, zeu izango zara Lisboako lehen apezpikua hiria kristaua izango denean, eta zuek, nirekin gelditzea erabaki duzuen jaun horiek, seguru egon zaitezte ez duzuela nire eskuzabaltasunari buruzko kexarik izango, eta hau esanik bizkarra eman eta dendan sartu zen. Horrela bereizi ziren urak, hau da, Guilhâo anparorik gabe gelditu zen, baita bere fraideak ere hiru urrats zuhur jarri baitzituen elkarren artean, begiratzen zuelarik, mesfisdakor, ahuntzaren hankaren edo akerraren adarraren seinalerik ote zegoen astapotro ausarti eta, orain, garaitu harengan.
Benetan idatzi izan zena irudimenean baizik ez dagoenarekin elkartuz, Raimundo Silva une kritiko honetara iritsi zen, eta oso aurreratua doa, gogoan hartzen badugu, behin baino gehiagotan aitortu den bezala, probak zuzentzeko lan xehea ez den gainerakoetarako prestakuntza faltaz aparte, mantso idazten duen gizona dela, komunztadurak artoski zaintzen dituena, adjektiboekin zuhur jokatzen duena, etimologiari arretaz so egiten diona, puntuarekin eta bestelako zeinuekin zehatza dena, horrek guztiak berehala salatzen du hemen bere izenean irakurri den zatia ez dela, azken finean, bere testuaren bertsio libre bat baizik, egokipen bat, bere testuak, segurutik, antz txikia edukiko du honekin, eta, uste izatekoa da, zuhurra izango da azken lerrora arte, historia naif maite dutenen gaitasunetik kanpo. Beste alde batetik, nahikoa da ikustea eskura daukagun bertsioak hamabi orri ezin mamitsuago dituela, eta garbi dago Raimundo Silvak, idazletik ezer ez duenak, ez akatsik, ez bertuterik ere, ezin lezakeela, egun bat eta erdian, hainbat eta hain bariatu idatzi, egin duenaren meritu literarioei buruz hobe ez mintzatzea, hau historia delako, zientzia beraz, eta horretarako autoritaterik ez dugu. Prebentzio hauek guztiak gogorarazten ditugu beti eduki dezagun gogoan ez dela komeni nahastea dirudiena eta segurutik izaten ari dena, nola izaten ari den ez badakigu ere, eta, baita ere, zalantza eduki dezagun, edozein errealitateri buruz seguru gaudenean, errealitate horretatik erakusten dena zehatza eta justua ote den, ez ote den beste hainbat bertsioren arteko bat izango, edo, okerrago oraindik, bertsio bakarra eta bakartzat aldarrikatua ote den.
Arratsaldea aurrera doa, Maria Sara doktorea ikustera joateko ordua da, poesia liburuko proben zain baitago. Neskamea sukaldea txukuntzen ari da, edo arropa lisatzen, ez da nabarmentzen, hagitz diskretua da bere lanean, segurutik uste du idaztea edo idatzi dena zuzentzea erlijio kontua dela, eta Raimundo Silva, goizetik atera ez denez, galdetzera doa, Zer moduzko eguraldia dugu, sekula ez du esateko askorik izaten, eta zerbait duenean aprobetxatu egiten du, edo zerbait esateko aukerak asmatzen ditu, horregatik ez da leihora hurbildu, bere betiko eta aspaldiko ohitura den arren, eta hurbildu behar zukeen, gaur den egun berezia izanda, zalantzarik gabe honez gero badakite hirian gurutzatuak abiatzekotan daudela, espiotza ez da gerra modernoen asmaketa bat, eta Maria andreak erantzuten du, Eguraldi ona, egia esan euria ez duela ari baizik adierazten ez duen esamolde trinkoa, zeren, hain maiz esaten dugularik Eguraldi ona, baina hotza, edo eta, Eguraldi ona, baina haizetsua, ez baitugu inoiz esan ez eta esango ere Eguraldi ona, baina euria ari du. Raimundo Silvak informazio osagarria nahi du, euria izateko arriskua ote dagoen, edo haizea badabilen, atzo bezala, eta zer moduzko tenperatura daukagun. Defentsa arinekin atera daiteke, gabardina, erabat lehortuta eta txukun, oraingoan, eta dituen bi cachecoletatik, arinena, pena da ezin esatea lepoko tapakia, horrek ere ez du ongi ematen belarrian, baina tira, hemengo portugesa litzateke, eta ez frantsesa, cache-col, hori toki guztietako portugesa da, hizkuntza berria, baina prestatzen ari dena oraindik, batez ere Algarveko erresumako hondartzetan, baina jada Portugaleko erresuma inbaditzeko ahaleginetan. Sukaldera joan zen asteko kontuak egitera Maria andrearekin, emakumeak diruari begiratu eta hasperen egin zuen, beti egiten du hori, dirua jasotzea eta berari agur esaten hastea gauza bera bailitzan, hasieran Raimundo Silva urduri jartzen zen, uste zuen mimika desolatu hark gaizki ordaindutakoaren atsekabea adierazteko balio zuela, horregatik ez zuen atsedenik hartu klase ertain baxuak ordaindu ohi zituen soldatei buruzko nahikoa informazio eduki zuen arte, bera klase horretakoa delako, ondorioa izan zen nahikoa ongi ordaintzen ziola, ezin zitekeen esan, berari buruz, besteren lanaren esplotatzailea zenik, alabaina, badazpada, ordura arte ordaintzen zuen soldata handiagotu zuen, ezin izan zuen hasperenarekin bukatu, ordea.
Hiru dira Raimundo Silvaren etxea eta kristauen hiria batzen dituzten bide nagusiak; batek, Rua do Milagre de Santo Antóniori jarraiki, hautatzen den adar hirukoitzaren arabera, Caldas, Madalena edo Largo da Rosaraino zein goitik eta beheitiko inguruetara eraman dezake, edo Costa do Casteloko goren puntura, Escadinhas da Saudeko hondoetara edo eta Largo de Martim Monizera, Calzada do Santo André, Terreirinho eta Rua dos Cavaleiros zeharkatuz, beste batek Portas do Solera darama, Largo dos Lóiosetik barna, eta hirugarrenak, arruntenak, dena maldan behera, Escadinhas de S. Crispimetik zehar minutu gutxitan Porta de Ferron uzten du, han Chiadora eramango duen tranbia hartzen ahal da, bestela oinez joan daiteke Praza da Figueirara, eta han metroa hartu, horixe da gaur egin duena. Argitaletxea Avenida do Duque de Loulétik hurbil dago, urrutiegi Avenida da Liberdadetik igotzeko arratseko ordu honetan, etorbide horretatik igotzen denean gehienetan eskuineko espaloitik joaten da, bestea ez da sekula bere gustukoa izan, ez daki zergatik, gustua eta gustu ezaren sentsazioa, dena den, ez da beti berdina, gorabeherak ditu, batzuetan albo baten alde, bestetan beste alboaren alde, baina egia esan eskuineko aldean sentitzen da hobekien. Egun batez, bere buruari maniakoa deitzen zion bitartean, erabaki zuen hiriko plano batean gustatzen zitzaizkion eta gustatzen ez zitzaizkion etorbide zatiak seinalatzen joatea, eta harriduraz konturatu zen ezkerreko alboan biltzen zen zati atsegingarria luzeagoa zela, baina, hala ere, atseginaren intentsitatearen maila aintzat hartuz, eskuineko aldea nagusitzen zela, horren guztiaren ondorioa izaten zen askotan joaten zela alde jakin batetik eta beste aldeko espaloia begiratzen zuela, handik ez zihoalako damuturik. Bistan da ez dituela obsesio txiki hauek oso serio hartzen, zer edo zertarako balio izan dio zuzentzailea izateak, egun batzuk zirela, Lisboako Setioaren Historiaren egilearekin mintzatu zenean, zuzentzaileek literaturaz eta bizitzaz gauza asko ikusi dituztela argudiatu zuen, ulertu behar zen bizitzari buruzkoa ez zutela nahi izan edo ez zutela jakin literaturatik ikasten, bizitza bera arduratu zela bizitzari buruzkoa irakasteaz, batez ere tik eta manien kapituluan, mundu guztiak daki pertsonaia normalik ez dagoela, orduan ez zirelako pertsonaiak izango, uste izatekoa da, eta horrek, agian, esan nahi du Raimundo Silvak bilatu dituela, zuzendu dituen liburuetan, zenbait ezaugarri, eta ezaugarri horiek, denbora jakin baten ondoren, berezkoak ziren ezaugarriekin bat eginik, karakterra deitu ohi dugun osotasun koherente eta aldi berean kontraesankorra eratu zutela berarengan. Orain, Escadinhas de S. Crispimen dagoenean, berari begira dagoen zakurrari begira, batek galde lezake fikziozko zein pertsonaiaren antza duen, pena da animalia otsoa ez izatea, orduan berehala etorriko bailitzaiguke San Frantziskoren erreferentzia egokia, edo zerria, eta orduan San Anton izango zen, edo lehoia, eta San Markos izango zen, edo idia, eta orduan izango zen San Lukas, edo arraina, eta San Antonio izan liteke, edo arkumetxoa, eta San Juan Bataiatzailea izango zen, edo arranoa, eta Ebanjelaria litzateke, ez baita nahikoa zakurra gizonaren adiskiderik onena dela esana uztea, mundua nola dabilen kontuan harturik, agian azken adiskidea ere izatea litekeena da.
Adiskidetasuna ordainduko dioten baldintzarekin, Raimundo Silva, une honetan animalia argalaren aurrean pentsatzen ari den bezala, bestalde agerikoa da S. Crispimeko auzokoei zakurren espeziea ez zaiela laket, agian auzokoak dira, oraindik ere, garai haietako zakurrak, erlijioaren betebeharrak zirela-ta, gorroto zituzten mairuen ondorengo zuzenak, batzuk eta besteak Alarengan anai-arrebak diren arren. Zakurrak, zortzi mende baino gehiagoko tratu txarra odolean eta herentzia genetikoan, burua altxatu zuen, urrutitik, ulu luzea hasteko asmoz, ahalkerik gabeko ahots sumindua, baita esperantzarik gabea ere; jaten eskatzea, dela uluka, dela eskua luzatuz, kanpotik pairatzen den degradazioa baino gehiago barrutik iristen den ukoa da. Raimundo Silvak ez du zita-ordu jakinik, Bihar arte, esan zion Maria Sara doktoreak, baina berandu dabil, txarrena zakur hau da, bere bide berberari jarraitzen dio etengabe, uluka ibiltzetik negarrez ibiltzera pasatu da, pertsonak ez bezala, pertsonek lehenengo negar egiten dute, eta gero oihu, zakurrak eskatzen, erregutzen, arrenka ibiltzen eta berriz eskatzen duena, gizon soil hau Jainkoa bera bailitzan, ogi koskor bat da, hezur bat, gaur egun erabiltzen diren zakar-edukiontziak nekez irekitzen dira, nekez lurrera botatzen, horregatik da hain handia beharra, Jainko maitea. Aurrera egitearen eta aurrera egiteagatik edukiko duen aladuraren artean aukeratu beharrez, Raimundo Silvak etxera itzultzea erabaki du, zakur gose amikatu batek muzin egingo ez dion zerbaiten bila, eskailera igotzen duen bitartean erlojuari begiratzen dio, Berandu nabil, errepikatu zuen, ustekabean sartu zen, neskamea telebista ikusten harrapatu eta izutu zuen, baina, honi garrantzia eman gabe, sukaldera joan zen, kajoietan, eltzeetan begiratu zuen, hozkailua ireki zuen, Maria andrea ez zen galdetzera ausartu, Zer behar duzu, are eta gutxiago harritzera, nolabait bere eskubide erlatiboa litzatekeena, baina, jakina, lanerako alferkeriatan harrapatu du, bete-betean, orain okerra konpontzen saiatzen ari da, telebista itzali du eta altzariak tokiz aldatzen hasi da, zarata ateratzen du bere jardunaren sutsua adierazteko, alfer-alferrik ari da, baina, Raimundo Silvak, benetan egindako bekatuaz konturatu baldin bada, ez du horretan pentsatu ere egin, hain kezkatua zetorrenez berandu zelako eta, bilaketaren emaitza bere aurrean jartzerakoan zakurraren itxura ona egiteko ideiarekin, emaitza hori ari da orain egunkari batean biltzen, lukainka-mutur egosia, txingar koipetsu zatia, hiru ogi koskor, pena da hezur puska on bat bertan ez edukitzea, siestarako ordua iritsi bitartean, ez dago hezur bat bezalakorik, digestioa egiten joateko, listu-guruinak kitzikatzeko eta zakur baten hortz-haginak sendotzeko. Ate danbada bat entzun da. Raimundo Silva eskailera jaisten ari da, segurua da Maria andreak leihora agertuko duela burua, gero barrura itzuliko da, telebista piztuko du, berriz ere, telenobelako bost minutu galdu ditu, zer egingo zaio.
Zakurra ez zen mugitu, burua apaldu zuen, muturra lurrarekin bat eginda. Saihetsezurrak nabarmentzen zaizkio, gurutzean iltzaturiko kristori bezala, bizkarrezurreko lotuneek dar-dar egiten dute, animalia hau ergel erabatekoa da, Escadinhas de S. Crispimen bizitzen tematzen da, gose hamikatuak pasatu dituen tokian, eta Lisboa, Europa eta Munduaren oparotasuna mesprezatzen du, hauek, baina, epai errazak dira, ez da tematia, berea herabetasuna baizik ez da, kasu errespetagarria, beraz, ausartiek ez dute zailtasunik ikusten, adibidez, zer lurrikara sortuko zuen zakur honen buruan baldin eta deskubrituko balu eskailera honetako ehun eta hogeita hamalau tranko ezagunei bat-batean beste bat erantsi zaiela, ez da horrelakorik gertatu, hipotesi bat baizik ez da, zer zoritxarreko iritziko zion bere buruari animalia honek amildegi zeharkaezinaren aurrean, gogoan dugu oraindik zenbat kosta zitzaion, lehengo egunean, gizon honi jarraitzea Porta de Ferroraino, hobe da hainbat esperientzia ez errepikatzea. Hiru urrats harantzago Raimundo Silvak ikusten du egunkari zabaldurantz hurbiltzen den zakurra, orak zalantzak ditu, ez daki gizonari begiratu behar dion, etor litekeen ostikoari aurre egiteko, edo janaria harrapatzera egin behar duen, janariaren usainak erraiak bihurriarazten dizkio, basatiki, listuak gainez egiten dio hortzetan, zergatik egin duzu bizitza hain gogorra gutariko askorentzat, o zakurren jainkoa, beti izaten da horrela, hobena jainkoei leporatzen diegu, eta geu gara den-dena asmatzen eta korapilatzen dugunak, hoben horien eta beste horiek bezalakoen absoluzioak ere barne. Raimundo Silvak zakurra beldurrez dagoela ulertzen du, urrutiratu egiten da, zakurra apur bat aurreratzen da, muturra dardaraz dauka, antsietatea dela-ta, bat-batean janaria bazegoen eta jada ez zegoen, bi mugimendutan ahoratuta desagertu zen, mihi zurbil-zabalak papera blaitu duen koipea milizkatzen du. Patuak Raimundo Silvaren begiei eskaintzen dien ikuskizun hau miserablea da, Maria Sara doktorea ahaztu du, falta zen fikziozko pertsonaiarekin identifikatu da, ustekabean, zakur batek atenditu zuen San Roque harekin, hain zuzen, bazen garaia santuak mesedea mesedearen truke egin zezan, horrela ez da gezurtatzen bizitzan dena duela bere ordaina dioen baieztapena, alderantziz bada ere, hori gure ikuspegitik ikusirik, jakina, zakurren ikuspegiaz ez baitakigu ezer, zer izango da Raimundo Silva zakur honen begietan, gizon aurpegia duen bizidun bat, esan dezagun, lehen aipatu dugun animalia apokaliptikoen bilduma osatua geldi dadin, eta Raimundo Silva izan dadin falta genuen San Mateo, nola egingo dio aurre horren zama astunari.
Ez da hain zama astuna izango, berehala eskailera jaisten hasi zen bizkortasunari erreparatzen badiogu, Maria Sara doktorea gogoratu du bat-batean, bera zain egongo da, orain taxia hartuta baizik ez da iritsiko, bizitza horrelako luxuzko gastuetarako ez egon arren, deabruak eraman dezala zakurra, ni hemen samariar onarena egiten, ia segurua da ez nintzela etxera janari bila itzuliko Escadinhas de S. Crispimen janari eske zegoena atso bat izan balitz, tira, atso bat izan balitz agian bai, baina agure bat izan balitz, ezetz egingo nuke apustu, interesgarria da baieztatzea norberaren ontasuna, baldin eta horretaz mintzatzen ari bagara, inguruabarren eta objektuen arabera aldatzen dela, uneko osasunaren arabera, umorearen arabera, ontasuna, konparazio txar bat eginez, elastiko bat bezalakoa da, hedatu eta uzkurtu egiten da, gizateria guztia bil dezake, edo pertsona bakarra, berekoia, hau da, ontasunez betea bere buruarentzat, guztiarekin ere ekintza on batek beti freskatzen du arima, zakurra hantxe gelditu da, eskerronez beterik, nahiz eta, gosea hain handia izaki, jakiak hortz bateko zuloa betetzeko balio izango zion, ozta-ozta, animaliatxo errukarria, mintzatzeko modua da, ez baita hain txikia, izan ere, zer arrazatakoa den, arraza guztietakoa, nahasian, kalera sekula jaisten ez diren lotsatienena, edo jaitsiz gero uhala eta sexu-estalkiarekin jaisten direnena kenduta, zakur hau gutxienik aske da, zakur-eme askeez gozatzen du, baina gutxi gozatuko du ez bada sekula Escadinhas de S. Crispimetik ateratzen, ez bada sekula Escadinhas de S. Crispimetik ateratzen. Raimundo Silva, taxiak zeraman bitartean, pentsamendu-jario honetan abandonatu zen, eta une honetara iritsirik, eten egin zuen jarioa, ustekabeko ondoeza sentitu zuen, baina ez fisikoa, bere baitan lo zegoen norbait iratzarri balitz bezala izan zen, eta iratzarri den hori oihuka balebil bezala, iluntasun erabatekoan murgildurik egoteagatik, horregatik errepikatu zuen, ikara pasa zekion denbora hartuz, Ez bada sekula Escadinhas de S. Crispimetik ateratzen, noren gainean ari naiz, galde egin zuen, taxia Rua da Pratatik igotzen ari zen, bera barruan zegoen, bera gizonen erresumako kidea zen, ez zakurrenekoa, eta Escadinhas de S. Crispimetik ateratzen ahal zen nahi edo behar zuen bakoitzean, oraintxe bertan demostratzen ari den bezala, orain badoa argitaletxera zuzentzaileen ardura duen Maria Sara doktorearekin mintzatzera, poesia liburuko behin-betiko probak ematera doa, eta gero agian erabakiko du etxera zuzenean ez itzultzea, liburu bat bukatu du, kasik liburu itxura ez duen arren, hain meharra denez, beraz, horrelakoetan egiten duena egingo du, jatetxean bazkalduko du, zinemara joango da, nahiz eta litekeena izan hori bezalako egitarau handia betetzeko adina diru gainean ez edukitzea, kontuak ateratzen ditu buruz, taxiaren kontagailua, karteran zenbat edukiko duen gogoratu nahi du, aritmetika hauetan dabil konturatzen denean gau honetan ez dela aterako, ezin du ahaztu beste liburu bat hasi duela, ez, ez da Costaren nobela, erlojuari so egin zion, ia bostak dira, taxia Avenida do Duque de Loulétik barna igotzen ari da, semaforo batean gelditzen da, aurrera doa berriz, hortxe bertan, mesedez, eta Raimundo Silva, ordaintzeko dirua ateratzen duenean, begirada azkar batez konturatzen da jatetxera eta zinemara joateko adina diru ez duela, batera ala bestera joateko bai, baina batak besterik gabe ez du graziarik, Etxean afaldu eta horrekin segituko dut, horrekin hori Lisboako Setioaren Historia da, inoiz hitz horiek beroriek esan zituen, izenburu hori zuen liburua zuzentzen zuenean, oraindik errugabea zen garaian.
Igogailua antzinakoa eta estua da, intimitaterako egokia, ateak eta alboetako paretak gardenak ez balira, guztiarekin ere, bi atseden-tokiren arteko guneetan, alde batetik igotzen eta bestetik jaisten diren eskailerei arreta zelataria emanez, beti dago esku-jokuren bat hastea, baita musu iheskorren bat ematea ere, premiak horretara estutzen badu. Urteetako lanean, jadanik urte asko, Raimundo Silvak kaiola mekaniko hau erabili izan du, batzuetan bakarka, beste batzuetan norbaitekin, eta gaur arte, sekula ere ez diote horrelako pentsamendu asaldagarriek eraso, gutxienez ez da oroitzen, egia da hasieran eskaileretatik igotzea nahiago zuela, pazientzia faltaz igogailua berantesten zuenean, baita orduan hankak zalu eta bihotza arin zituelako ere, bulego hauetako guztietako gazteriarekin leihan ibiltzeko modukoak, argitaletxekoarekin ere barne, honetan adinaren bataz bestekoak beti gorantza egin duen arren. Ibilbidea laburra da, bi pisu besterik ez, kontuan hartu behar da, alabaina, eraikina antzinakoa denez, pisuak ia bi bider altuagoak direla gaur egun ohitura dena baino, gaur egungo pisu hauek antzekoak dira, alturari dagokionez, Casteloko bere etxe ezin zaharragokoekin, hau ez da harritzekoa, ez horixe, altuaren ondoren beti etorri da baxua, eta baxuaren ondoren altua, litekeena da hau bizitzaren legeetako bat izatea, gure aita ere behiala erraldoi iruditu zitzaigun eta orain goitik begiratzen diogu, eta urtetik urtera behera doa, gizajoa, baina isil gaitezen, gizonak isiltasunean sufritu ahal izan dezan. Raimundo Silvari absurdua iruditzen zaio igogailuan bere aita zenaz gogoratzea, noiz eta sujestio erotiko horiek eraso egin diotenean, egia da pentsatzen duenak ez ohi dakiela, ia-ia, zer pentsatzen duen, eta ez dakiela zergatik pentsatu duen, jaioz gero pentsatu egiten dugu, hala uste dut, eta ez dakigu zein izan zen gure lehen pentsamendua, ondorengo guztien sorburu izan zen hori, eta gaur arte, ondorioa da norberaren behin-betiko biografia pentsamenduen ibaitik bere jatorrizko sorbururaino atzera egitea dela, eta bizitza aldatzea, pentsamenduetatik zehar ibiltzea eta osatu duten ibaitik barna nabigatzea posible balitz, ustekabean beste pentsamendu bat eduki eta bere atzetik abiatzea litzateke, agian gaur den egunera iritsiko ginateke, beste bizitza bat aukeratzean bizitza laburragoa aukeratu ez bagenuen, bederen, eta bizitza honetako ogibidea zuzentzaile ez izanik ere, eta beste igogailu ezberdin batean igoko ginateke, beharbada Maria Sara doktorearekin ez eta beste pertsona batekin hitz egitera joateko. Gertatu zen ezen, orain dagoen igogailuan, Raimundo Silva zuzendari literarioa zuzentzaileen arduradunarekin ikusi zuen tokiaren ondoan dagoela, orain ikusten dugu espazio hutsari begiratzen diola larderiazko erdeinuarekin, han egon zen emakumeari bere jokabide ezmoralarengatik agiraka egin behar izango bailion, gauza horiek, jakin ezazu, ez direlako igogailu batean egin beharrekoak, ez dira egin behar, ez horixe, nahiz eta badakidan horrelakorik egiten duenik badabilela, horrelakorik eta okerragorik ere bai, Xirri bat izan zen, zuzentzaile jauna, musutxo bat besterik ez, zuzentzaile jauna, Berdin da, gehiegi izan zen, neuk kondenatu egiten zaituztet, nire inbidia sendaezinaren izenean, igoeraren azken zentimetroetan Raimundo Silva igogailuaren erdian jarri zen, besteak tokirik gabe utzirik, atera egin behar izan zuten, lotsak akabatuta ibiliko lirateke mundu honetan lotsarik balego, seguruena da moralista hipokritei irri egiten ariko direla, Berde daude, ez du merezi, esan zuen azeriak.
Begiratzea, ikustea eta erreparatzea ikusmena erabiltzeko modu diferenteak dira, bakoitza bere intentsitatearekin, baita bere endekapenekin ere, adibidez, ikusi gabe begiratzea, pertsona bat bere baitan bildua dagoenean, behialako nobeletan egoera ohikoa izaten zena, edo ikustea eta ez konturatzea, begiak, nekatuta edo aspertuta daudelako, gainkarga deserosoetatik defenditzen direnean. Erreparatzea bakarrik irits daiteke ikusmen bete-betea izatera, arreta poliki-poliki puntu jakin batean biltzen denean, hau berdin gertatuko da borondatearen erabaki baten ondorioz nola borondatearen fruitu ez den nolabaiteko egoera sinestesiko baten ondorioz, zeinean ikusitakoak berriz ikusia izan nahi baitu, horrela sentsazio batetik beste batera pasaraziz, begiradari eutsiz, arrastaka eramanez, irudia garuneko bi toki ezberdinetan eta segundoaren ehuneneko baten denbora-diferentziaz erreproduzitu beharko bailitzan, hasieran seinale sinplifikatua, ondoren marrazki zehatza, bernizaturiko ate ilun bateko letoizko helduleku urre-koloreko eta distirante baten bereizmen zehatz, premiazkoa, bat-batean presentzia erabateko bihurtzen dena. Hainbat eta hainbat aldiz egon izan da Raimundo Silva ate hau barrutik noiz irekiko dioten zain, itxitura elektrikoa martxan jartzen deneko klakadarekin, eta inoiz ez du izan, gaur bezala, gauzen materialtasunaren kontzientzia zorrotza, beldurra emateko modukoa ia, azalera leun eta landua soilik ez den helduleku bat, baizik eta dentsitatea duen gorputz bat, beste dentsitate batekin, egurrarenarekin topatzen den arte baieztatzen ahal den gorputz dentsitateduna, eta dena garunaren barruan sentituko, esperimentatuko, ukituko balitz bezala da, zentzumenak, orain guztiak, eta ez bakarrik ikusmena, munduaz jabetuko bailiran azkenik helduleku eta ate batez jabetu direlako. Malgukiak jauzi egin zueneko klakada entzun zen, hatzek atea bultzatu zuten, barruan argiak ezin indartsuago dirudi, eta ez da, baina Raimundo Silva erreferentziarik gabeko espazioan arraunean egingo balu bezala dago, naturaz gaindiko gauzei edo lurretik kanpoko izakien agerpenei buruzko filmeetan boladan dagoen giro horietakoa da, argitasunak gainez egiten duen giro horietako bat, volten gehiegizko gastuarekin, espero izatekoa da telefonistak ikarazko garrasia egin dezan edo estasizko trantzean sar dadin, baldin eta, jada iraungitzen ari den une batez, bere sentikortasuna bilakatu den bibrazio kaleidoskopiko sentimenezko garroen ugaritze bat bezala edo edertasun gorenezko irradiazio baten moduan agertzen bada, gorputzaren kanpoko aldetik. Baina telefonistak, telefonogunea ibiltzeaz aparte atea irekitzeko eta datorrenari harrera egiteko lana bere gain dituenak, keinu bat egiten dio hatzez, telefonoz mintzatzen bukatzen duen bitartean, eta gero, jendetsu eta batere harridurarik gabe, hauxe esaten dio, Kaixo, Silva jauna, aspaldian ezagutzen du eta ikusten duen bakoitzean joan badoan denborak eragindako diferentziak baizik ez dizkio ikusten, handik pixka batera inork galdetuko balio zer moduz aurkitu duen zuzentzailea, hauxe erantzungo luke, uste erabatekorik gabe, Ez dakit, apur bat urduri, agian, horixe esango du, gehiagorik ez, telefonista ez bide da oharmen luzekoa edo Raimundo Silva berezko egoerara itzuli da, edo kanpotik ezin zitekeen ikusi barrutik zer gertatzen zen, ez eta ohartuta ere, Maria Sara doktorearekin hitz egin nahi dut, esan zuen, eta telefonistak, bera ere Sara izena duenak, Mariarik gabe, eta kasualitate erdi horregatik oso harro dagoenak, erantzuten dio Maria Sara doktorea beste doktorearen bulegoan dagoela, beste doktorea zuzendari literarioa da, izena esan beharrik ere ez dauka, beti izan da zuzendari literarioa, beste gainerakoak, guztien zuzendariengandik Costarenganaino, oinezkoak dira, Raimundo Silvak, ohi baino zakarrago, esaten dio telefonistari galdetzeko ea hartuko duen edo poesia liburuko probak hango mahai gainean bertan uztea nahi duen, besteak badakiela zertaz ari den. Sarak entzuten du Maria Sara doktoreak esaten diona, buruaz baiezkoa egiten du, elkarrizketa laburra da, baina ateaz beste aldean eduki duen berezi ikusteko ahalmenaren itzal zurbila den ikusmen-hondar bat gelditzen zaiola, Raimundok behatzen du, hariz hari, telefonistaren ile horia, ahotz ehotuaren kolorekoa, telefonistak burua apaldurik du, ezin igarri dezake zer nolako basakeria dagoen begirada hartan, basakeria esatea gehiegikeria da, noski, gizonak ez baitu emakume harentzako txarrik nahi, begien kontua baizik ez da, gizonak zer egin behar duen esan diezaioten baizik ez du nahi, urrutitik etorri da, eta presaka, eta hantxe utzi beharko ditu probak, sarrerako mahaian, erantzunik gabeko gutuna ekarri duen edozein mandatari bailitzan, Maria Sara doktoreak bere bulegoan itxaroteko esan du, telefonistak burua goratu du, irribarre egiten dio, Eskerrik asko, Sarita, Sarita deitzen dio betidanik, horrelaxe gelditu da, ezkondua eta ondoren alargundua den arren, zorte handiko jendea badago, gehienak emakumezkoak, bistan da, gizonek, orokorrean hitz eginda, haur izateko denbora laburra eduki baitute, eta batzuk ez dira sekula haur izan, jakina den bezala eta idatzita dagoen bezala, eta beste batzuk betiko haur gelditu dira, baina ez dira esatera ausartu.
Raimundo Silvak ez zuen gehiegi itxaron behar izan, hiru, lau minutu, beharbada ezta hori ere. Zutik gelditu zen, begira, hemen lehen aldiz sartu delako inpresio arraroarekin, ez da harritzekoa, oroimenak ez zuen gorde bulego honi buruzko lehenagoko gomutarik, segurutik administrazio-zerbitzuei atxikia egongo zen azken garaietako aldaketak gertatu aitzin, oraintxe konturatzen da, harriturik, Maria Sara doktoreak deitu zioneko irudirik ere ez duela gorde, ez zen gogoratzen, esaterako, ordurako arrosa zuri bat duen lorontzi hori mahai gainean ote zegoen, eta horman erregistro-ohola ote zegoen, non, orain ikusten ahal zuen, bere izena irakurtzen baitzen, goiko lerroan, eta azpian argitaletxean lan egiten duten gainerako zuzentzaileena, guztiek dituztelarik, ondoko laukitxoan, beren titulu eta daten laburtzapenak, seinale koloreztatuak, nolabaiteko zuzentzaileen hiriaren mapa bat, sei dira bakarrik. Irudika ditzakegu, nor bere etxean, Castelon, Avenidas Novasen, Almadan edo Amadoran, agian, edo Campo de Ouriquen, edo Graçan, liburu baten proben gainean makurturik, irakurriz eta zuzenduz, eta Maria Sara doktorea haien gainean pentsatuz, data bat aldatuz, berde bat paratuz urdin bat zegoen lekuan, gutxi barru ez die izenei garrantzirik emango, bere baitan ideiak, elkarketak, erreflexuak piztuko dituzten trazadura grafikoak baizik ez dira izango, baina oraingoz, izen horietako bakoitzak bereganatu behar den informazio bat ordezkatzen du, lehen Raimundo Silva, gero Carlos Fonseca, Albertina Santos, Mário Rodrigues, Rita Pais, Rodolfo Xavier, organigrama bat denez gero normala litzateke hurrenkera alfabetikoan egotea, baina ez daude gisa horretan, ez horixe, eta horren arrazoia erraz ulertzekoa izatea litekeena da, agian koadro hura osatu zen unean bera izango zen doktorea gehien kezkatzen zuena.
Doktorea sartu da eta hauxe dio, Barkatu zain eduki izana, atearen eta hitzen hotsek Raimundo Silva asaldatu dute, bizkarrez harrapatuta, orain arineketan jiratzen da, Ez du axola, erantzun du, zera, ni etorri naiz, ez du esaldia bukatzen, aurpegi hori ere lehen aldiz ikusiko balu bezala da, egunotan hainbat aldiz pentsatu du Maria Sara doktorearengan, eta azkenik ez zen irudi bat pentsamendua betetzen ziona, izena baizik, izenak bakarrik bete zuen oroimenean zeukan toki guztia, eta poliki-poliki ilearen, begien, azpegien, eskuen keinuen lekua harrapatzen joan zen, urrutitik zetaren biguntasuna baizik ezin zuen ezagutu, ez inoiz ukitu zuelako, badakigu ezetz, eta argitu behar da zuzentzailea ez dela behialako sentsazioak erreskatatzen ari zeta hau nolakoa izan zitekeen morbidoki imajinatzeko, ezinezkoa dirudien arren Raimundo Silvak zeta honi buruzko guztia ezagutzen du, distira, ehunaren higitze goxoa, zimur aldakorrak, hondarra bezala dantzari, oraingo kolorea ordukoa ez den arren, baina kolorea ere oroimenaren lanbrotik azaleratzen da, aberriko eresia aipatzea begirune-falta ez bada. Hemen dauzkazu probak, gelditu ginen bezala, esan zuen Raimundo Silvak, eta Maria Sara doktoreak jaso zituen, iragatean bezala, nolabait esatearren, mahaira eserita dago orain, esertzeko gonbitea egin zion zuzentzaileari, baina honek honela erantzun zuen, Ez du merezi, begirada arrosa zuzirantz desbideratu zuen, hain da hurbil ezen bihotz izugarri biguina ikusten ahal baitio, eta hitzak hitza dakarrenez, behiala aztertu zuen bertso bat gogoratzen du, bertsoa arrosak irekiarazten dituen zurrumurru minaz mintzatzen zen, esaldi ederra iruditu zitzaion, poeta eskasek ere horrelako dohainak eduki ditzakete, Arrosak irekiarazten dituen zurrumurru mina, bere kautan errepikatu zuen, eta, sinesgaitza badirudi ere, petaloen igurtzi adieraztezina entzun zuen, agian maukak bularraren kurbarekin igurtzi egitean atera zuen hotsa izan zen, Jainko maitea, erruki zaitez irudikatzetik bizi diren gizonez.
Maria Sara doktoreak Oso ongi esan zuen. Hitz horiek bakarrik, gehiagorako esperantza uzten ez zuen tonuan, eta Raimundo Silvak, hitz-erdiak ere ulertzen badakienak, ulertu zuen bi horien ondoren han ez zuela zer eginik, probak ematera zen etorria, eman egin zituen, agurra esatea baizik ez zuen falta, Arratsalde on, edo galdetzea, Beste ezertarako behar al nauzu, hau oso galdera arrunta da, eta berdin balio du menpekotasunezko apaltasuna adierazteko nola frenua ezartzen zaion inpazientzia adierazteko, eta, oraingo kasu honetan, gainera, aipamen lizun ere bihur zitekeena, tonu egokia erabiliz gero, gertatzen dena da askotan esaldiaren helburua den pertsonak entzun egiten duela esaldia, baina ez dela asmoaz jabetzen, nahikoa litzateke proba tipografiko batzuk arreta profesionalaz begiratzen egotea, are eta gehiago bertsoak baziren, bertsoek arreta berezia eskatzen baitute, Ez, ez dut ezeren beharrik, erantzun zuen, eta zutitu egin zen, une honetantxe Raimundo Silvak, pentsatu eta aurretik gogoeta egin gabe, ekintza eta ekintzaren ondorioa berarekin ez balihoaz bezala, arrosa zuria bi hatzez ukitu zuen, Maria Sara doktoreak aurrez aurre begiratu zion, zeharo estonaturik, ez zen estonatuago egongo gizonak lore hau lorontzi huts batean agertarazi izan balu, edo hori bezalako balentriarik egin izan balu, baina guztiz espero ezin zitekeena zen hura bezalako emakume segurua bat-batean aurpegia gorriz tindatzeraino asaldatzea, segundo bateko kontua izan zen, baina oso nabarmena, izan ere gezurra dirudi gaur den egunean inor hola gorritu ahal izatea, oraindik ere, zer pasatuko zitzaion burutik emakumeari, baldin eta zerbait pasatu bazitzaion, gizonak, arrosa ukitzean, emakumearen baitako intimitate ezkutu bat azalerazi izan bailuen izan zen, arimaren intimitatea, baina, eta ez gorputzarena. Baina are harrigarriagoa izan zen Raimundo Silva gorritu zela, baita ere, eta emakumea baino luzaroago iraun zuen gorriturik, segurutik arras irrigarri sentitu zelako, A zer lotsa, esan zion bere buruari, edo esango dio. Hau bezalako egoeratan, ausardiarik ez dagoelarik, eta ez dezagun galdetu, Ausardia zertarako, salbazioa ihesean dago, bizirik irauteko sena aholkulari ona da, txarrena ondoren dator, hitz nazkagarriak errepikatzen ditugunean, A zer lotsa, denok pasatu ditugu hori bezalako izugarrikeriaren bat edo beste, amorruz eta umilazioz ukabilka erasotzen diogu burukoari, Nola izan nintzen horren ergela, eta ez dakigu zer erantzun, seguru asko oso adimentsua izan beharko delako ergelkeria azaldu ahal izateko, eskerrak gelako iluntasunak babesten gaituen, inork ez gaitu ikusten, dena den gauak badu, eta horregatik pizten du gugan beldur gorria, ezbehar ñimiñoena ere higuingarri eta erremedorik gabe bihurtzeko dohain maltzur bat, are eta gehiago hura bezalako ezbeharra. Raimundo Silvak bizkarra erakutsi zuen bat-batean, bere bizitzan guzti-guztia galduta zegoela eta sekula gehiago etxe hartara itzuli ezin izango zelako ideia lausoarekin, Absurdua da, absurdua, errepikatzen zuen isiltasunean, eta mila bider errepikatzen zuela iruditu zitzaion, ateari buruz ihes egiten zuen bitartean, Bi segundo barru kanpoan izango naiz, urruti izango naiz, eta azken unean Maria Sararen ahotsak geldiarazi zuen, ezustean lasai, oraintxe eta hemen gertatzen ari denarekin hain kontraesan handian, non hitzen esanahia airean galdu bailitzan izan baitzen, lotsagarrikeriaren azken muga zeharkatzeko beldurrarengatik ez balitz, Raimundo Silvak gaizki entzun zuelakoa egingo zukeen, baina emakumeak benetan esan zuena sinestea, ez zegoen besterik, Bost minutu barru aterako naiz, zuzendaritza literarioan kontu bat konpondu eta txoferko egingo dizut, nahi baduzu. Gizona, eskua ateko heldulekuari irmoki oraturik, naturaltasunaren itxura egiten saiatzen zen, etsituki, eta hala ere ez zuen horrelakorik lortzen, bere baitako zati batek agintzen zion, Zoaz, beste zati batek epaile baten modura begiratzen zion eta epai hau egiten zuen, Ez duzu beste aukerarik edukiko, lotsagorritze eta ustekabe guztiek garrantzia galdu dute Maria Sarak eman duen urratsarekin alderaturik, baina zer norabidetan eman du urratsa, Jainko santua, zer norabidetan, eta ikustekoa da gu gizakiok nola gauden eginda, sentimendu-nahasketa hartan borrokan egonagatik oraindik bazuen izpiritu-hoztasuna txoferko egingo dizut entzuteak eragin zion desatsegina identifikatzeko, egoerarekiko guztiz desegokia, arrunkeria nabarmenagatik, Maria Sarak esan zezakeen, adibidez, Nahi den tokira eramango zaitut, baina seguru asko ez zitzaion bururatu, edo hori bezalako esaldi baten zentzu bikoitza saihestu behar zuela uste izan zuen, Nahi den tokira eramango zaitut, nik nahi dudan tokira eramango zaitut, egia da estilo jasoak huts egiten digula gehien behar dugun momentuan. Raimundo Silvak atea askatu eta zutiturik iraun zuen, komentario honen gustu ona zalantzazkoa litzateke adiskidantzazko ironia baten adierazpena ez balitz, bitartean erantzunaren zain gaude, Eskerrik asko, baina ez zaitut desbideratu nahi, alabaina, hemen oso egoki dator esatea sonetoa zuzenketarekin sufritzen ari dela, zuzentzaile gaixoari mihian kosk egitea baizik ez litzaioke geldituko sakrifizioak ezertarako balioko balu, zorionez Maria Sara ez zen ohartu erantzunaren zentzu bikoitz maleziotsuaz, edo ohartu ez zelakoa egin zuen, gutxienez bere ahotsak ez zuen dardararik ageri esan zuelarik, Etorri, eser zaitez, gizonak ahaleginak egiten ditu bere ahotsak dar-dar egin ez dezan erantzuten duenean, Ez du merezi, maite dut zutik egotea, hitz horiek entzun eta gero balirudike eskaintzari uko egin ziola, baina onartu egin duela ikusten dugu. Emakumea irten da, bost minutu igaro baino lehen itzuliko da, bitartean biek arnasaren erritmoa noiz berreskuratuko zain gaude, eta hori ez ezik distantziak baloratzeko ahalmena eta pultsuaren erregularitatea, eta hau guztia ez da balentria txikia solas arriskutsu honen ondoren. Raimundo Silva arrosari so dago, ez dira bakarrik pertsonak zertarako jaio diren ez dakiten bakarrak.
Egun batez, agian abailtzen ari den arrats garbi eta hotz honetako argia gogora ekartzen duen beste argi baten eraginez, esango dute, Gogoratzen al zara, lehen autoko isilitasuna, hitz zailak, begirada tenkatua eta adi-adi, protestak eta errepikak, Utz nazazu Baixan, mesedez, tranbia hartuko dut, Ezta pentsatu ere, etxeraino eramango zaitut, ez da ezer, Baina zure bidetik aldentzen ari zara, Ni ez, autoa, Bizi naizen tokiraino igotzea ez da erosoa, Gazteluko oinetara, Badakizu, beraz, Rua do Milagre de Santo António, zure fitxan ikusi dut, nolabaiteko lasaitze artegaren ondoren, gorputza eta gogoa erdi bareturik, baina hitzak zuhurrak oraindik, Maria Sarak ondorengo hau esan zuen unera iritsi arte, Mairuen hiria izan zen lekuan gaude, eta Raimundo Silva, asmoaz ohartu ez bailitzan, Bai, halaxe da, solasaldiari beste norabide bat eman nahian, baina emakumeak berriz, Batzuetan nolakoa izango zen egiten dut gogoeta, jendea, etxeak, bizimodua, eta gizona isilik, setati isilik, oraingoan, inbaditzailea gorrotatzen den bezala gorrotatzen zuela sentituz, eta hau esatera iritsi zen, Jaitsi egingo naiz, hemen ondoan da, baina emakumeak ez zuen erantzun eta ez zen gelditu, eta falta zuten bide puska isilik joan ziren. Autoa atearen aurrean gelditu zenean, Raimundo Silvak, hura gizalegearen araberako jokabidea ote zen oso garbi jakin gabe, gora igotzera gonbidatu behar zuela uste izan zuen, eta berehala damutu zen, Delikadezia falta da, pentsatu zuen, eta ez dut ahaztu behar bere menpeko naizela, orduan emakumeak esan zuen, Beste egun batean, berandu da. Esaldi historiko honen gainean eztabaida luzea burutuko da, Raimundo Silvak zin egiten duelako orduan esan ziren hitzak beste batzuk izan zirela, hauek ere besteak bezain historikoak, Oraindik ez da une egokia.
© José Saramago
© itzulpenarena: Jon Alonso