Zuzentzaileak badu izena, Raimundo deitzen da. Bazen garaia diskreziorik gabe eta hainbat denbora hitz egiten egon eta gero, pertsona nor zen jakiteko, baldin eta izenak eta abizenek inoiz probetxu ikusgarririk erantsi ahal izan badiete ohiko erreferentzia sinalektikoei eta bestelako diseinuei, adina, altuera, pisua, tipo morfologikoa, larruaren tonua, begien eta ilearen kolorea, ilajea lisoa, kizkurra edo uhindua, edo ilaje galdua, besterik gabe, ahotsaren tinbrea, garbia edo marrantatua, keinuera karakteristikoa, ibiltzeko modua, zeren gizakien arteko harremanen esperientziak argi erakutsi baitu hori guztia badakigularik, eta are gehiago ere, dakigunak ez digula balio eta ez garela gauza falta zaiguna imajinatzeko. Agian zimur bat baizik ez zaigu falta, edo azkazalen eitea, edo eskumuturraren lodiera, edo bekainen trazoa, edo ikusten ez den behialako orbaina, edo agian, bakarrik, aipatu ez den abizena, gehien maite dena, kasu honetan Silva, izen-abizenak Raimundo Silva, honela aurkezten du bere burua horrelakorik egin behar duenean, Benvindo alde batera utzirik, ez baitzaio gustatzen. Inor ez da konforme egokitu zaion zortearekin, hau egia orokorra da, eta Raimundo Silvari, Benvindo deitzea gauza guztien gainetik maite behar zuenari, esan nahi duena esaten duelako, hain zuzen ere, ongi etorri bizitzara, ene semetxo, ez zaio bere izen hori gustatzen, ez horixe, aitabitxiek onomastikaren afera oso delikatua erabakitzeko aztura galdu da, zorionez, berak hala esaten du bederen, hala ere aitortu behar izaten du Raimundo izatea laketzen zaiola, hitzak halako oihartzun solemne edo eta antigoalekoa baitu. Gurasoek espero zuten, amabitxiaren aldetik semearen etorkizuna hornitzeko zerbait, eta horregatik, haurrari aitabitxiaren izena emateko bakarrik agintzen duen aztura alboraturik, paraninfa horren izena gehitu zitzaion, mutilentzako adieran, hori bai. Patua ez da gauza guztiez modu berean arduratzen, ongi dakigu hori, baina kasu honetan bederen nolabaiteko parekotasuna egon behar du batere etekinik ekarri ez zuten ondasunen eta izenari muzin erabatekoa egitearen artean, baina ez dugu susmatu behar, dezepzioaren eta muzin egitearen artean inolako kausa-ondorio harremana dagoenik. Raimundo Benvindo Silvaren kasuan, bere bizitzako uneren batean frustrazio herratsua gordeko zuten arrazoiak gaur egun guztiz estetikoak dira, batzuk, bi gerundioak elkarren ondoan egoteak ez diolako belarria goxatzen, eta beste batzuk etikoak eta ontologikoak, nolabait esateko, zeren, gauzak ulertzeko duen modu etsituaren arabera, ironia oso beltz batek baizik ez zuen sinestarazi nahi izango inor benetan mundu honetara ongi etorria denik, eta mundu honetan hainbat ongi instalaturik dagoelako ebidentzia ez da goian esandakoarekin kontraesanean sartzen.
Behatokia kasetoiez hornituriko egurrezko sabaiak babesten duen antzinako balkoi labur bat da, eta bertatik ibaia ikusten da, itsaso zabala da begiek, bi erradioen artean, harrapatzen dutena, zubiaren trazo gorritik Pancas eta Alcocheteko lokazti ordokietaraino. Laino mehe eta hotz batek estaltzen du hodeiertza, ia eskuaren peskizan jartzen du, alde batera ikus daitekeen hiriaren zatia murritza da, behe aldera, mendi magalaren erdian, Katedrala dago, eta hortik aurrera etxeetako teilatuak, mailakatuak, ur nabarreraino, uherreraino jaitsiz, non, itsasontzi bat arin pasatzen denean, arrasto txuri iheskorra irekitzen baita, beste itsasontzi batzuek nekez nabigatzen dute, astun, merkurio-korronte baten aurka borrokan ariko bailiran, baina konparazio hau gauez egokiago izango litzateke, ez orain. Raimundo Silva ez da ohi den bezain goiz jaiki, bart berandu arte lan egin zuen, gau luzea izan zen berea, narraz pasatakoa, eta, goizean, leihoa ireki duenean, lainoak aurpegian jo du, orduan orain eguerdian ikusten duguna baino itxiagoa, eta orain eguerdian, esaeraren arabera, eguraldiak erabaki behar du txarrera edo hobera egingo ote duen. Orduan Katedraleko dorreak zirriborro itzali bat baizik ez ziren, eta Lisboa bera ahots eta doinuen zurrumurru zehaztugabea baino askoz gehiagorik ez, leihoaren markoa, lehen teilatua, ibilgailu bakarra kale luzean. Almuedano itsuak, lehen argitsua eta oskorria, eta gero urdina izandako goiz baten espaziorantz egin zuen oihu, urdina baita hemen dagoen lurraren eta estaltzen gaituen zeruaren arteko airearen kolorea, baldin eta mundura ekarri ditugun begi ezgaiei sinesten badiegu, baina zuzentzaileak, gaur egun ia almuedanoa bezain itsu, purrustada egin zuen, gaizki lo egin eta amets nekosoetan dabilenaren antzera, setioa, ezpata erraldoi, alfanje eta habail balearrak nahasten dituen ametsetan ibili eta, iratzarri delarik, gerrarako makina horiek nola zeuden eginda gogoratu ezinik, gogaitua edo sumindua dagoenaren antzera, habailez ari gara, eta ametsetan zeudenen elkarrizketa sakonez ere ari gintezke, baina ez gaitezen gertaerak aurreratzeko tentazioan eror, orain aipatu habail horiek zer nolako makinak ziren jakiteko galdu dugun aukeraz damutuko gara, nola armatzen ziren eta nola egiten zuten tiro, ez baita horren arraroa ametsetan, gisa honetan, misterio handiak argi daitezen, eta misterio horien artean ez dugu loteriaren zenbakia sartuko, hau hutsalkeriarik gorena baita, bere burua errespetatzen duen edozein ameslarirentzako lotsagarri. Ohean oraindik, Raimundo Silvak galdetzen zion bere buruari, harriturik, zergatik segitzen zuen hausnarrean habail balearrekin, fundibuloekin, alegia, horrela ere deitzen baitira, horrela deitzea ere egoki baita, Balearrek ez bide dute zerikusirik izen bereko irlekin, kasu honetan bala hitzetik etorri behar du, eta balak zer diren badakigu, jaurtigaiak, makinek hormen aurka eta hormen gainetik jaurtiko zituzten harriak, etxeen gainera eta etxe barruko jende izutuaren gainera erortzeko, baina bala ez da garai hartako hitza, hitzak ezin daitezke harat-honat, batetik bestera arinkeriaz garraiatu, kontuz, beti azaltzen baita Ez dut ulertzen esaten duen baten bat. Erdi lo gelditu zen, hamar minutuz iraun zuen horrela, eta berriz iratzarri zenean, orain buru argi, itzultzen tematzen ziren makinak uxatu zituen bere pentsamenduetatik, eta ezpatek eta zimitarrek bete zuten bere gogoa, arriskutsuki, gelako argitzalean irribarre egin zuen, jakin bazekielako begibistako sinbolo falikoak zirela, Lisboako Setioaren Historiak ametsera ekarriak, noski, baina sinbolo sustraituak, zalantzarik ez, baldin eta punta eta ahodun armek sustrairik badute; iltzatuak bai, iltzatuak egongo dira, bere ondoan zegoen ohe hutsa begiratzea nahikoa dena ulertzeko. Bizkarraren gainean etzanik, begien aurrean gurutzatu zituen besoak, eta zera murmuriatu zuen, batere originaltasunik gabe, Beste egun bat, ez zion almuedanoari entzun, nola moldatuko zen erlijio hartan mairu gor bat bere otoitz-beharrak betetzeko, batez ere goizean, auzokoren bati eskatuko zion, Alaren izenean, jo ezazu atea indarrez, eta segi atea jotzen irekitzera natorren arte. Bertutea ez da bizioa bezain erraza, baina laguntzen ahal zaio.
Etxe honetan ez da emakumerik bizi. Astean bi aldiz etortzen da bat kanpotik, baina inork ez beza uste ohean dagoen toki huts horrek zerikusirik duenik astean bi aldiz izaten duen bisitarekin, gauza diferenteak dira, eta azal dezagun oraintxetik bertatik haragiaren premia gogorrenei aurre egiteko zuzentzailea hirira jaisten dela, kontratatu egiten duela, ase eta ordaindu egiten duela, ordaindu behar izan du beti, ze erremedio, baita asea erabatekoa izan ez denean ere, ase aditzak ez baitu esanahi bakarra, normalean sinetsi ohi denez. Kanpotik etorri ohi den emakumea neskamea deitzen duguna da, arropa zaintzen dio, etxeko gauzarik oinarrizkoenak ordenatu eta garbitzen dizkio, sutan jartzen du eltzekada zopa handi bat, beti berdina, babarrun txuria eta ortuariak, hainbat egunetarako badu, ez da zuzentzaileak bestelako litxarreriak ere maite ez dituelako, baina horiek jatetxerako uzten ditu, jatetxera joaten baita noizbehinka, gehiegizko maiztasunik gabe. Etxe honetan, beraz, ez da emakumerik, eta ez da inoiz izan. Raimundo Benvindo Silva zuzentzailea ezkongabea da eta ez du ezkontzeko asmorik, Berrogeita hamar urte baino gehiago ditut, esaten du, nork maiteko nau orain, edo nor maiteko nuke nik, nahiz eta, edonork dakien bezala, askoz errazagoa izan maitatzea maitatua izatea baino, eta azken komentario hau, iraganeko min baten oihartzuna dirudiena, orain fidakorren irakasgaia izateko sententzia bihurturik, azken komentario hau, baita hori baino lehen egindako galdera ere, bere kautan egiten ditu, hitz gutxiko gizona delako, eta ez lagun eta ezagunen aurrean bere bihotza barreiatzen ibili zalea, lagunak eta ezagunak izanik ere, alabaina ez da beharrezkoa izango berauek kontaketa honetara gonbidatzea, kontaketa nola doan ikusirik. Anai-arrebarik ez du, bere gurasoak hil ziren, ez goizegi, ez beranduegi, familia, familiarik gelditzen bazaio, barreiatuta dago, familiaren berririk iristeak, iristen bada, lasaitasun gutxi ekartzen du, aldez aurretik lasaitasunik ez badago, alaitasuna joan zen, doluak ez du merezi, eta benetan berarengandik hurbil sentitzen dituen gauza bakarrak irakurtzen ari den probak dira, dirauten bitartean, maskara kendu beharreko okerra, eta baita ere, batzuetan, berea izan beharko ez zuen kezkaren bat, hor konpon egileak, ohorea beti haientzat da-ta, eta horrelakoa da oraintxe habail balearrekin duen kezka, berriro gogora itzuli zaiona eta bertatik alde egin nahi ez duena. Raimundo Silva jaiki zen, azkenik, oinez bilatu zituen babutxak, Chinelos, chinelos, hitz kristaua da, Genoatik etorria, portugesez maskulinoan jarrita, eta bulegoan sartu zen bata pijamaren gainean janzten zuelarik. Oso noizean behin, neskameak liburuen hautsa garbitzea beharrezkoa zelako aldarrikapen solemnea egiten zion, batez ere goiko apalategian, non oso bakanetan baizik kontsultatzen ez ziren liburuak lerrokatzen baitziren, mendeen metatzearen gordetegi alubiala irudi, hauts beltza, hausterrea bezalakoa, nondik datorren jakiterik ez dago, tabakotik ezin daiteke izan, zuzentzaileak aspaldi utzi baitzion erretzeari, denboraren hautsa da, eta horrekin dena esana dago. Ongi jakin gabe zergatik, garbiketa geroko uzten da beti, eta honek, uste izatekoa da, ez du neskamea atsekabetzen, asmoak absolbiturik kausitzen baitu bere burua, eta aukera duen bakoitzean esaten baitu, Ongi da, baina egizu kontu errua ez dela nirea.
Raimundo Silvak hiztegietan eta entziklopedietan bilatzen du, Armak izenekoan begiratzen du, eta Erdi Aroan, Gerrako Makinak ere astintzen du, eta garaiko armategiaren deskribapen arrunta aurkitzen du, armategi eskasa, nahikoa esatea garai haietan, aukeratutako gizona berrehun urratsera bazegoen ez zegoela hura hiltzeko modurik, ez eta antzekorik ere, hori galera, eta ehizarako ere, eskueran arkurik edo baleztarik ez bazen, ehiztariak hartzaren besoetara, oreinaren adarretara edota basurdearen hortzetara hurbildu beharra zeukan, zezenketa da, egun, horrelako abentura arriskutsuekin antzekotasunik gordetzen duena, toreatzaileak antzinateko azken gizonak dira. Liburuki potente hauetako inon ez da azaltzen, mairuak hain beldur jartzen zituen fabrika hilkor horren gutxi gorabeherako ideiarik ematen duen marrazkirik ez dago, baina informazio falta hau ez da berria Raimundo Silvarentzat, berak orain jakin nahi duena da zergatik deitzen zitzaion balearra habailari, liburutik liburura dabil, bila eta bila, pazientzia galtzen du, harik eta, azkenik, Bouillet baliotsuak, estimagaitzak, erakusten dion arte Baleareetako biztanleak, Antzinatean, ezagutzen zen mundu-zatiko habailari hoberentzat joak zirela, ezagutzen zen mundu-zatia zelarik, bistan denez, mundu osoa, eta hortik hartu zutela irlek bere izena, grekeraz tiro egin ballô esaten baita, ezin garbiago dago, edozein zuzentzaile xumek ikus dezake ballô Baleareekin lotzen duen lerro etimologiko zuzena, hutsegitea, habailari dagokionez, balearra idaztean datza, zuzena balearikoa izango zelako, egile jauna. Baina Raimundo Silvak ez du ezer zuzenduko, erabilerak zenbait lege ezartzen baitu, agian guztiak, eta, oroz gain, santutasuna irabazi nahi duen zuzentzailearen dekalogoko lehen aginduak dio, ez dira egileak laidoen pisuarekin zamatu behar. Liburua bere tokian utzi, leihoa ireki eta orduantxe jo zuen lainoak aurpegian, trinko, ezin itxiago, Katedraleko dorreak egon beharrean meskita nagusiko alminarra egon izan balitz, ez zuen ikusten ahalko, zen bezain meharra izanik, aereoa, ezin neurtuzkoa kasik, eta orduan, huraxe balitz ordua, almuedanoaren ahotsa zeru zuritik jaitsiko zen, Alarengandik zuzenean, behingoz bere kausaren aldeko laudorio-egilea, erabat gaitzetsi ezin izango geniokeena, zeren, dena dela, seguru baita ongi ezagutzen duela bere burua.
Goizaren erdia joana zen telefonoak jo zuenean. Argitaletxetik deitzen zioten, zuzenketa zertan zen jakin nahi zuten, Monica, Produkziokoa, izan zen hizketan hasi zitzaiona, Monicak badauka, arlo horretan lan egiten duten guztiek bezala, aipamen maiestatikoaren ohitura, eta horrela, Silva jauna, esan zuen, Produkzioak galdetzen du, Errege Jaun Txit Gorenak jakin nahi du entzuten ari garela dirudi, eta errepikatu egiten du heraldoek errepikatzen zuten bezala, Produkzioak zuzenketa zertan den jakin nahi du, bukatzeko asko falta ote den, baina Monicak ez du oraindik ulertu, partez, nolabait esan, elkarrekin bizi izan diren hainbeste denbora pasa eta gero, Raimundo Silvak gorrotatzen duela Silva, besterik gabe, dei diezaioten, eta ez da abizenaren arrunkeria gogaikarria iruditzen zaiola, Santos edo Sousa abizenen antzerakoa izaki, Raimundo behar duela baizik, eta horregatik erantzun zuen, lehor, Monica den pertsona delikatua bidegabeki zaurituz, Esaiezu bihar egongo dela lana bukatuta, Esango diet, Silva jauna, esango diet, eta ez zuen beste ezer gehiago esan beste pertsona batek hartu zuelako telefonoa bat-batean, Costa naiz, Hemen Raimundo Silva, erantzun ahal izan zuen zuzentzaileak, Badakit, kontua da zuzenketak gaurko behar ditudala, programazioa geldirik daukat, bihar ez badut liburu hori inprentan sartzen kristorenak eta bi gertatuko dira, eta dena proba-zuzenketarengatik, Hau bezalako liburu batentzat, gai horrekin, dituen orriekin, zuzenketarako denbora bataz bestekoaren barruan dago, Ez niri etorri bataz bestekoaren matrakarekin, lana bukatua nahi dut, Costaren ahotsaren tonua igo egin zen, bururen bat hurbil zegoela seinale, zuzendariren bat, agian, ugazaba bera, ausaz. Raimundo Silvak sakon hartu zuen arnasa, argudioak eman zituen, Azkar egiten diren zuzenketak akastunak izaten dira, Eta liburua atzeratzen denean galerak datoz, ugazaba bertan dago, zalantzarik gabe, baina Costak honako hau gaineratzen du, Nahiago bi akats salmenta-egun bat galtzea baino, ea enteratzen zaren behingoz, ez, ugazaba ez dago, zuzendaria ere ez, ezta burua ere, Costak ez zuen onartuko hain erraz zuzenketa akastuna izatea azkartasunaren mesedetan, Irizpideen araberakoa da, erantzun zuen Raimundo Silvak, eta Costak, gupidagabe, Ez hasi irizpideen aferarekin, zurea behintzat ongi ezagutzen dut, nirea oso erraza da, proba horiek biharko behar ditut, faltarik gabe, nahi duzun bezala molda zaitez, ardura zurea da, Esan diot, ba, Monicari, lana biharko prest egongo dela, Bihar makinetan sartu behar da, Sartu egingo da, bidal ezazu norbait bila, zortzietan, Goizegi da, ordu horretan hau oraindik itxita dago, Orduan, bidal ezazu norbait nahi duzun orduan, nik ezin dut denbora gehiago galdu, eta telefonoa eskegi zuen. Raimundo Silva ohiturik dago, ez ditu Costaren purrustadak oso bihotzez hartzen, gaiztakeriarik gabeko baldarkeriak dira, Costa gizajoa, beti Produkzioa ahotan, hoben guztiak Produkzioari leporatzen dizkiote, horixe esaten du, bai jauna, egileek, itzultzaileek, zuzentzaileek, azala-egileek, baina Produkzioarengatik ez balitz, hainbeste jakinduria zakurraren putza, argitaletxe bat futbol-taldea bezalakoa da, aurre aldean tontakeria asko, pase ugari, iskin egitea, ez gutxi, burukada dezente, baina atezaina erreumak jota badago edo elbarria bada, akabo taldea, agur txapelketari, eta Costak laburbildu egiten du, oraingo honetan algebraikoki, Atea futbol-taldearentzat zer den, horixe da Produkzioa argitaletxearentzat. Costak arrazoi du.
Bazkaltzeko ordua iristen denean, Raimundo Silvak hiru arrautzako tortila txorizoarekin prestatuko du, gibelak oraindik eramaten duen gehiegikeria dietetikoa. Platerkada zopa, laranja eta baso bat ardo, kafea bukatzeko, halako bizimodu egonekoa daramanak ez du gehiagorik behar. Platerak artaz garbitu zituen, behar dena baino ur eta garbikari gehiago erabili ohi ditu, lehortu eta sukaldeko armairuan sartu zituen, gizon ordenatua da, zuzentzailea inondik ere, hitzaren esanahirik absolutuenean, baldin eta bada eta izaten segitzen ahal badu esanahi absolutua duen hitza, betikoa, absolutuak ez baitu gutxiagorik eskatzen. Lanera itzuli baino lehen eguraldia zer moduz zegoen behatu zuen, apur bat hobetu da, ibaiaz bestaldekoa ikuskor izaten hasi da, marra ilun bat baizik ez, ziriborro luze bat, ez dirudi hotza arindu denik. Mahai gainean proben laurehun eta hogeita hamazazpi orriak daude, berrehun eta laurogeita hamahiru zuzendu ditu, falta dena ez da izutzeko modukoa, zuzentzaileak badu arratsalde osoa, eta gaua, bai, gaua ere bai, beti azken irakurketa egiteko zintzotasun profesionala baduelako, irakurketa segidakoa, irakurle arrunta bailitzan, finean era librean, askean, mesfidantzarik gabekoan ulertzearen gozamena eta zoriona, arrazoi osoa zuen egun batez ondorengo hau galdetu zuen egileak, Nolakoa izango zen Julietaren larrua belatzaren begientzat, alabaina, zuzentzailea, bere eginbehar zorrotza dela-ta, belatza da, hain zuzen ere, nahiz eta ikusmena gero eta nekatuago duen, baina azken irakurketa egiteko ordua iristen denean, Romeo da, Julietari so egin zion lehen aldi hartan bezalakoa, errugabea, amodioak alderik alde urratua.
Lisboako Setioaren Historia honetan, Romeok badaki honez gero ez duela zorabiatzeko arrazoi askorik aurkituko, Raimundo Silvak, hutsegiteen zuzentzeaz eta zuzenketen hutsegiteaz aldez aurretik eduki zuen elkarrizketa labirintiko samarrean, egileari liburua atsegin zitzaiola esan zion arren, eta, benetan, ez zuen gezurrik esan. Baina, zer da zerbait atsegin izatea, diogu guk, izugarri atsegin izatearen eta batere atsegin ez izatearen artean badira, bederen, gutxiago atsegin izatea eta pixka bat atsegin izatea, eta ez da nahikoa liburua idaztea jakiteko berorretan zer zatiri emango zaion baiezkoa, zer zatiri ezezkoa eta zeri agianezkoa, horretarako beharrezkoa litzateke ozenki ahoskatzea, entzumenak azken bibrazioa atzematen baitu, beti atzematen baitu, eta geure burua engainatzen dugunean edo engaina gaitzaten uzten dugunean entzumenari nahikoa entzun ez geniolako izaten da. Aitor bedi, hala ere, elkarrizketa hura ez zela engainagarria izan atsegin izateari dagokionean, berehala nabarmendu zen atsegin izate hori kolore gabekoa zela, alienatua, Raimundo Silvak esaera epel hori esan zuen, Atsegin zait, eta esaten bukatu orduko esaera hotz geratu zen. Laurehun eta hogeita hamazazpi orrietan ez du gertaera berririk kausitu, edo intrepretazio polemikorik, edo agiri ordura arte ezezagunik, ez eta berrirakurketarik ere. Mila bider kontatu diren setioaren historien beste errepikapen bat baizik ez, errege-jendearen esan-eginen eta egondako tokien deskribapena, gurutzatuak Portora iritsi zirenekoa, nabigazioa Tajon sartu ziren arte, S. Pedro eguneko gertaerak, hiriari egin zioten ultimatuma, setioaren lanak, eraso eta borrokaldiak, errendizioa, azkenik arpilaketa, die vero quo omnium sanctorum celebratur ad laudem et honorem nominis Christi et sanctissimae ejus genitricis purificatum est templum, idatzi omen zuen Osbernok, letren hilezkortasunean sartuz, Lisboa setiatu eta hartu izanari nola gertaera hauei buruz kontatu ziren historiei esker, latin honek, dakienaren bizkarraren gainetik itzulirik, esan nahi duelarik ezen Santu Guztien egunean meskita usteldua eliza katoliko aratz izatera pasatu zela, eta orain bai, orain almuedanoak ezin izango du sekula gehiago sinestunak Alaren alde otoitz egitera deitu, ordezkatu egingo dute, eta bere ordez kanpaia edo kanpaitxoa ezarriko dute, jainko baten ordez beste bat jarri eta gero, joaten utzi izan baliote zorionekoa zatekeen, Itsu da, koitadua, non eta ez bazen Osberno gurutzatua sumin odoltsuak itsuturik zebilena, hain zuzen, gurutzatua izenez bakarrik, bere ezpataren aurrean ihes egiteko ere indarrik ez zuen mairu zahar bat ikusi zuena, beharbada, han lurrean zilipurdika, hanka-besoak astinduz, lurpean ezkutatu nahi izango bailuen, egiazko beldurrez, eta ez bestez, imajinarioez, akabatzen, eta lurpean ezkutatzea lortuko du, bai, oraino bizirik dagoela bezain seguru, bizirik baina ez askoz denbora luzeagorako, diogu guk, eta bera bakarrik ezin izango da lurpean sartu, ordurako hilik egongo baita, pentsatu zuen zuzentzaileak, baina bitartean hobi komunak zulatzen ari dira. Tarteka, ibaitik, sirenaren marruma erlatsa entzuten da, goizetik entzuten ari da, itsasontzei gaztigatzeko, baina une horretara arte ez da Raimundo Silva konturatu, beharbada bere baitaren baitan bat-bateko isiltasun handia egin delako.
Urtarrila da, gaua azkar dator. Bulegoko giroa astuna da, itogarria. Ateak itxirik daude. Zuzentzaileak tapakia du belaun gainean, hotzari aurre egiteko, eta berogailua mahai ondoan, orkatilak kiskaltzen dizkiola, ia. Esana dago, dagoeneko, etxea zaharra dela, erosotasunik gabea, garai espartano eta latz batekoa, zeinetan, kalera ateratzea erremediorik onena baitzen, gorputza berotzeko pasabide izoztu batean zehar ibilera txikiak egitea baizik ez zuenarentzat, hotz minetan. Baina Lisboako Setioaren Historia horretako azken orrian aurki dezake Raimundo Silvak abertzaletasun bizkor baten adierazpen sutsua, segurutik bereganatuko duena, baldin eta bizitza monotono eta arruntak ez badu berea epeldu, orain dardaraz hasiko da, bai, baina heroien arimatik datorren hats paregabeak hartaraturik, ikusi bestela zer idatzi zuen historialariak, Gazteluaren goi aldean musulmanen ilgora jaitsi zen azkeneko aldiz, behin-betiko, hiri kristau berriaren bataio santua munduari iragartzen zion gurutzearen ondoan, argiak musukatua, haize leunak kulunkatua, garaipenaren harrotasunak irabazle hedatua, eguratsa urdinean Afonso Henriquesen ikurra eraiki zen, poliki-poliki, hots, Portugaleko armarria, Portugaleko quinak, alegia, kakazaharra, eta inork ez dezala uste zuzentzaileak iraina ikur nazionalari egiten dionik, lasaitua, lasaitu zilegi baizik ez da, zeren, imajinazioaren oker inozoengatik arrazoirik gabe agiraka egin dioten horrek, bereak ez diren beste oker batzuk hantxe geldi daitezela onartu beharko baitu, orain gogoak agintzen diona delarik, eta justizia guztiarekin, paperaren ertzetara deleatur suminen uholde bat botatzea, baina badakigu ez duela egingo, honelako zuzenketa batek egilea irainduko lukeelako, Zapataria oinbularraz hitz egitearekin konforma dadila, horretarako ordaintzen diote-ta, horiexek izan ziren Apelesen hitz pazientziagabeak, hitz behin-betikoak. Alabaina, oker hau ez da habailena bezalakoa, agian bai eta agian ez arteko huskeria baizik ez, izan ere zer inporta digu, gaur egun, balear edo baleariko deitzen ote zieten, baina inolaz ere onartu beharko ez litzatekeena da Afonso Lehenaren garaian quina horiei buruz hitz egitea, quina horiek ez baitzuten toki bat izan banderan bere semea Sancho errege izan zen arte, eta orduan ere auskalo nola ezarririk, gurutzatuak edo erdian, edo quina bat hor eta gainerakoak, bakoitza bere zokoan, edo zelai guztia betez, azken hau delarik, aditu serioenen arabera, hipotesirik zentzuzkoena. Oker larria, baina ez bakarra, denetako eta betiko Lisboako Setioaren Historia horren azken orria orbanduko duena, gainerakoan tuba burrunbariez, danborren hotsez oparo hornitua, hainbeste liluramendu erretorikoz hornitua, soldadu-osteak paradan formatuak, horrelaxe irudikatzen ditugu, infanteak eta zaldunak oina lurrean, ikur nazkagarriaren jaitsierari eta ikur kristauaren zein lusitanoaren eraikitzeari begira, ahots bakarraz oihu egiten dutela Gora Portugal, ezpatarekin ezkutuen kontra danbatekoak emanez, algara militar kementsuaz, eta ondoren erregearen aurreko desfilea, erregea bere oinekin zanpatzen ari da, mendekatzaile, mairuen odolaz gain, musulmanen ilgora, eta hau da bigarren okerra, burugabekeriarik gorena, bandera hori ez baitzen sekula Lisboako hormen gainean jaso, zeren historialariak jakin beharko lukeen bezala, banderan ilgora jartzearena otomanoen inperioaren asmazioa izan baitzen, bi edo hiru mende geroago. Haatik, Raimundo Silvak boligrafoaren punta quina horien gainean pausatu zuen, baina berehala pentsatu zuen handik kentzen bazituen, eta haiekin batera ilgora ere bai, orri osoan lurrikara bat nabarituko zela, dena amilduko zela, uneko handitasunak merezi zuen erremate duinik gabeko historia izango zela, eta ikasgai hau oso egokia da jendeak ikas dezan zer-nolako garrantzia duen lehen begi-kolpeaz kolore bakarreko edo anitzeko oihal-zatia baizik ez denak, hainbat modutara koloreztatuak diren irudi ebakiak ere badituena, irudi hauek izan daitezkeelarik gazteluak eta izarrak, edo lehoiak, edo adarbakarrak, edo arranoak, edo eguzkiak, edo higitaiak, edo mailuak, edo zauriak, edo arrosak, edo sableak, edo aihotzak, edo konpasak, edo gurpilak, edo zedroak, edo elefanteak, edo idiak, edo bonetak, edo palmondoak, edo zaldiak, edo argimutilak, batek daki, katalogorik eduki ezean bat galdu egiten da museo horretan, are okerragoa da banderei blasoiak gaineratzen bazaizkie, hauek ere familia berekoak, orduan zerrenda bukaezina da, lisloreak, oskolak, gerrikoaren belarriak, lehoinabarrak, erleak, armak, zuhaitzak, makuluak, mitrak, galburuak, hartzak, arrabioak, lertxunak, eraztunak, ahateak, usoak, basurdeak, birjinak, zubiak, beleak eta karabelak, lantzak, liburuak, bai, baita liburuak ere, Biblia, Korana, Kapitala, ahal duenak igar beza, eta halako gehiago eta gehiago, atera daitekeen ondorioa delarik gizonek ezin dezaketela esan nortzuk diren beste gauza bat direla ezin badute alegatu, eta hau arrazoi nahikoa da banderen asuntua, jaitsiarena eta eraikiarena, bere hartan utz dezagun, baina jakinik, haatik, dena gezurra zela, gezur erabilgarria puntu batetaraino, hau lotsarik handiena, gezurra zuzentzeko kemena ez baikenuen izan, eta bere ordez funtsezko egia jartzen ez baikenuen jakingo, hau delarik gehiegizko xedea, baina xede iraungiezina, Ala erruki dakigula.
Ofizioan hainbeste urte, eta hain zorrotz pasa eta gero, Raimundo Silvak ez du liburu baten azken irakurketa osoa egingo. Oharrez josiriko laurehun eta hogeita hamazazpi orri dira, lehen ere esan den bezala, dena irakurtzeko gau osoa lorik egin gabe pasatu beharko luke, edo ia, eta ez du martirioa jasan nahi, begitan hartu ditu egilea eta bere obra, bihar irakurle ohargabeek esango dute, eta eskoletako gazteriak errepikatuko euliak lau hanka dituela, Aristotelek hala esan zuelako, eta mairuei Lisboa kendu zieteneko hurrengo ehungarren urtemugan, bi mila ta berrogeita zazpigarren urtean, Lisboa oraindik bada eta bertan portugaldarrak badira, ez da ordu goren hura gogoratuko duen lehendakaria faltako, quina horiek, garaipenaren harrotasunean txalogarri, gure hiri ederraren zeru urdinean ilgora fedegabearen tokia hartu zuteneko ordu goren hura.
Bitartean, kontzientzia profesionalak eskatzen dio, gutxienez, orriak poliki-poliki pasatzea, begi adituak hitzen gainean noraezean bezala galduz, horrela, arreta-maila aldatuz, munta txikiagoko edozein hutsegite ustekabean harrapatuko zuelako esperantzan, argi-fokoa bat-batean mugitzeak tokiz aldatu duen itzala balitz bezala, edo zeharkako begirada ezagunak ihesean doan irudia, azken unean, atzematen duen bezala. Gutxienekoa da jakitea Raimundo Silvak orri gogaikarriak erabat garbitzea lortu ote zuen, merezi duena da berari begira gelditzea On Afonso Henriquesek gurutzatuei egin zien diskurtsoa berrirakurtzen duenean, Osbernorena deitzen den aldaeraren arabera, Setioaren egileak berak hantxe bertan latinetik itzulia, ez baita besteren ikasgaiez fio, are gutxiago horrelako erantzukizun handiko gai batean, gure errege fundatzaileari aurkitu zaion lehen diskurtsoa, ez gehiago, ez gutxiago, adituek ontzat ematen duten beste diskurtsorik, gainerakoan, ez delako ezagutzen. Raimundo Silvaren aburuz, diskurtso guzti-guztia, alderik alde, absurdua da, ez da itzulpenaren zehaztasunaz duda egiten duela, bera bezalako zuzentzaile arrunta latinez urri baitabil, baizik eta ezin daitekeelako, benetan ezin daitekeelako sinetsi klerigoa izan ez zen Afonso errege honen ahotik halako harenga korapilotsua atera zitekeenik, harenga horrek antz handiagoa daukalako fraideek handik sei edo zazpi mendetara botako dituzten prediku bihurriekin, orduan doi-doi zezeltzen hasten zen hizkuntza baten ahalmen laburrak eskain zezakeenarekin baino. Halaxe zegoen zuzentzailea, irribarre sarkastikoa ezpainetan zuela, eta halako batean bere bihotzak jauzi egin zuen, zeren, Egas Moniz analek esaten duten bezain haurtzain ona izan bazen, ez bazen jaio infante elbarria Carquerera eramateko bakarrik, edo, geroago, Toledora joateko lepoan soka zuela, bere ardurapeko infanteak ez zituzkeen falta izango nahikoa erranairu kristau eta politiko, eta, latina zelarik, berez, perfekzionamendu hauen garraiatzailea, uste izatekoa da errege-haurrak, galegoz berezkotasun osoz mintzatzeaz aparte, latinez botako zuela quantum satis, deklamatu ahal izateko, une egokian, atzerriko hainbat eta hainbat gurutzatuen aurrean, goian aipatu den harenga, zeren gainerako horiek, hizkuntzei dagokienean, norberak sehaskan ikasitakoa baizik ez baitzuten ulertuko, eta bestean oinarrizkoa izango zena baizik ez, eta hori fraide interpretarien laguntzari esker. On Afonso Henriquesek latinez jakingo zuen, beraz, eta beste inork ez zuen haren ordez mintzatu beharko asanblada historiko hartan, are, baliteke bera izatea hitz famatu horien egilea, oso litekeena zen, berberak idatzi baitzuen, bere eskuaz eta latinez, Santarem Konkistatu Zutenekoa, Barbosa Machadok bere Bibliotheca Lusitana izenekoan larderiatsu azaltzen digun bezala, eskuizkribua, garai haietan, Alcobaçako Erret Komentuko artxibategian gordetzen zela ere adierazten digularik, S. Fulgênciori buruzko liburu baten bukaeran. Esan behar da zuzentzaileak ez duela, bere begiak ikusten ari diren guztietan, hitz bakar bat ere sinesten, gainez egiten dio eszeptizismoak, berak esana du dagoeneko, eta honekin guztiarekin bukatzeko, eta irakurketa derrigorrezko honek eragiten zion haserrea ahazteko ere bai, Historiografia modernoen iturri garbira jo zuen, bilatu eta aurkitu egin zuen, banengoen ba, Machadok, sineskor, Fray Bernardo de Britok eta Fray António Brandâok idatzi zutena kopiatu zuen, baieztapenik egin gabe, eta honelaxe egokitzen dira errakuntza historikoak, Urliak dio Sandiak dioela Berendiak aditu zuela, eta hori bezalako hiru aditurekin historia bat asmatzen da, azkenik egia dena da Santarem Konkistatu Zutenekoa Coimbrako Guruzte Santuko kanonigo batek idatzi zuela, eta ez da kanonigo horren izenik gelditu, ez eta liburutegian justiziaz dagokion tokia bete ere, bide batez errege usurpatzailearena kendu ahal izateko.
Raimundo Silva zutik dago, tapakia bizkar gainean du, baina higitzen denean punta bat zoruan arrastaka doa, eta ozen irakurtzen du, bere aldarriak botatzen ari den heraldoa bailitzan, gisa honetan, errege gure jaunak gurutzatuei bota zien mintzaldia, Jakin badakigu, gure begiez ikusten dugu oraintxe, gizon indartsu, kementsu eta iaioak zaretela, eta zinez, zuen presentziak ez du txiki utzi, gure aburuz, ospeak zuetaz esaten zuena. Ez zaituztegu hemen bildu jakiteko zenbat agindu beharko genizuekeen, aberastasunez oparo zareten horiei, gure opariek areago aberasturik, gurekin hiri hau setiatzeko geldi zintezten. Beti mairuek xaxaturik, ezin izan dugu inoiz altxorrik metatu, altxorrak metatuz gero, maiz, ezin daitekeelako segurtasunez bizi. Baina gure baliabideak eta gure zuekiko asmoak zeintzuk diren jakin dezazuen nahi dugunez, uste dugu gure promesa ez duzuela mesprezatu behar, gure lurrak duen guztia zuen jabetzaren menpe dagoela deritzogulako. Gauza bat bederen ziur dakigu, errukiak bultzatuko zaituztela lan hau egitera, hau bezalako ekintza handi egin nahi izatera, gure diruaren eta gure ordainaren promesak baino areago. Alabaina, zuen gizonen kalapitak esan behar dizuedana estal ez dezan, nahi duzuena aukera ezazue, batzuk eta besteak aparte jarririk, onez eta lasaiki gure promesaren zioa elkarrekin zehatz dezagun, eta adierazi dizuegun auzi honetaz ebatz dezagun, ondoren gure ondorioak zeintzuk izan diren guztiei adierazteko, eta horrela, bi aldeak ados jarririk, zin eginda eta berme egokiak emanda berres dezagun, Jainkoaren amoreagatik.
Ez, errege hasiberri batek ezin dezake halako diskurtsorik egin, diplomazian eskarmentua ez duen batek ez dezake burutu, hemen eklesiastiko nagusiren batek sartu behar izan du hatza, eskua, burua, apika Portoko gotzainak, Pedro Pitôesek, eta segurutik Bragako artzapezpikuak, Joâo Peculiarrek, elkar harturik eta elkarri hitz emanda Duero aldean zebiltzan gurutzatuak komentzitu zituztenak Tajora jaitsi eta konkista hartan laguntzeko, esanez, adibidez, Gutxienez entzun ezazue zuek laguntza eman dezazuen dauzkagun arrazoiak, erosgaia ikusirik. Portotik Lisboarako bidaiak hiru egun iraun zuelarik, ez da izugarrizko imajinazioa eduki behar pentsatzeko bi artzainek, bidean zihoazela, eta lana aurreratze aldera, zirriborroa prestatuko zutela, argudioak neurtuz, iradokizun asko sartuz, ahal zena aurreikusiz, promesa ezin liberalagoak buruko zuhurtzietan bilduz, lausengua ahaztu gabe, honek banitatea puzten du eta fruitu-ale baten trukean mila ematen ditu, lurra antzua eta ereilea dorpea izanik ere. Raimundo Silvak, beroturik, tapakia erortzen utzi du, antzerkiari dagokion keinuaz, alaitasunik gabeko irribarre egiten du, Ez dago diskurtso hau sinetsiko duen ama-semerik, Shakespeareren pasartea dirudi herriko gotzaien idatzia baino gehiago, eta mahaira itzultzen da, eseri egiten da, burua astintzen du, bentzuturik, Latza da pentsatzea inoiz ez dugula jakingo On Afonso Henriquesek gurutzatuei benetan zer esan zien, egun on behintzat esango zuen, eta zer gehiago, zer gehiago, eta ebidentzia honen argi itsugarria, sekula ez duela jakingo konturatzea, zoritxarraren moduan agertzen zaio, zerbaiti uko egiteko prest legoke, zeri edo zenbati ez daki, arimari, halakorik bada, ondasunei, edukiko balitu, baina zerbaiti uko egiteko prest legoke aurkitzeko, ahal dela bizi den Lisboako parte honetan, hain zuzen garai haietan hiri osoa zen parte honetan, pergamino bat, papiro bat, paper solte bat, egunkari-zati bat, grabaketa bat ahal balitz, edo hilarri zizelkatu bat, egiazko diskurtsoa duena, jatorrizkoa, nolabait esateko, agian ez bertsio maritxu hau bezain dotorea dialektikaren arteari dagokionez, bertsio honek falta baititu, hain justu, uneari egoki zitzaizkion hitz gogorrak.
Afari arina egin zuen, bazkaria bera baino arinagoa, baina Raimundo Silvak bi kafe-kikaratxo edan zituen baten ordez, laster mehatxatuko zuen logurari aurre egiteko, aurreko gauean loaldi eskasa egin zuela kontuan harturik. Orriak tokiz aldatzen dira erritmo seguruaz, pasarteak eta koadroak badoaz bata bestearen ondotik, orain historialariak banderaz bildu du bere estiloa, erregearen harengaren ondoren gurutzatuen artean sortu zen desadostasun bortitzaz aritzeko, gure portugaldarrei Lisboa hartzen lagundu behar ote zieten edo ez, hemen geldituko ote ziren edo aurrera segituko zuten, aurreikusitakoaren arabera, Lur Santu aldera, non Jesukristo Gure Jauna zain baitzeukaten, turkoen burdinen azpian. Gelditzeko ideia limurtzailea iruditzen zitzaienek ematen zuten argudioa zen mairuak hiri honetatik kanpo egoztea eta hiria kristautzea Jainkoaren aldeko zerbitzua zela, baita ere, eta kontrakoek erantzuten zuten hori Jainkoaren aldeko zerbitzua baldin bazen, zerbitzu txikiagoa izango zela, eta han biltzen ziren zaldunek beren buruari hain printzipal irizten bazioten, irizten zioten bezala, eginbeharra nekosoenen zen tokira joateko beharra zeukatela, eta ez munduko ipurtzulo honetan gelditu, nekazari eta ezkabiadun haien artean, nekazariak mairuak izango ziren eta portugaldarrak ezkabiadunak, edo alderantziz, historialariak ez zuen zehazten, agian ez zuelako merezi bi irainen artean aukeratzea. Gerrariek demonio guztiek hartuta egiten zuten oihu, Jainkoak barka nazala, biolentoak hitzetan eta zirkinetan, eta leku santuetarako bidaiarekin jarraitzeko ideiaren aldekoek esaten zuten Espainiako edo Afrikako itsasoan aurkituko zituzten naoei dirua eta salgaiak estortsionatuz probetxu eta irabazi handiagoak egingo zituztela, anakronismo honetaz historialariari baizik ezin zaio konturik eskatu, hamabigarren mendean naoez mintzatzea, Lisboa hartzen gelditzen baziren baino, bizia hainbeste arriskatu gabe, gainera, harresiak altuak baitira eta mairu anitz baitago. Bete-betean asmatu du On Afonsok esan duenean bere proposamena aztertzea sekulako kalapitarekin bukatuko zela, edo sekulako algazaraz, arabiarrek esaten duten bezala, nahiz eta renanoen, flamenkoen, boloñatarren, bretoien, eskoziarren, normandiarren edota horiek guztien oihuak eta kalapitak izendatzeko balio duen. Tira, hor jarri ziren konforme aurkako aldeak, S. Pedro egun osoan zehar luzatu zen ahozko eztabaida baten ondoren, eta hurrengo goizean, hau da, ekainaren hogeita hamarrean, gurutzatuen ordezkariak badoaz, konformidadean, erregeari esatera baietz ba, Lisboa hartzen lagunduko diotela, etsaien ondasunen truke, harresiez beste aldetik begiratzen dieten horienen truke, hain justu, baita beste zenbait zuzeneko eta zeharkako pizgarriren truke ere.
Badira bi minutu Raimundo Silva Historiako gertaera tinko hauek jasotzen dituen orriari begira dagoela, hain finko du begirada ezen bai baitirudi ez duela inora begiratzen, eta ez da orrian okerren bat ezkutatzen dela uste duelako, ez da perpaus gramatikal bihurriren baten tolesduretan ezkutatzeko modua aurkitu duen hutsegite gaiztorik egon, eta orain, artifizioz, probokatzen duela, ikusmena nekatua duela eta bere baitan sartu den logurak baldarturik dagoela profitatuz. Bere baitan sartu zela eta baldarturik zegoela izango lirateke aditz-denbora egokiak. Zeren eta, duela hiru minutu, Raimundo Silva benzendrina-pilula bat irentsi izan balu bezain erne baitago, eta eduki badu, baten bat gelditzen zaio, liburuen atzean, mediku ergel batek egin errezetaren sobrantea. Liluraturik bezala dago, irakurri eta berriz irakurri egiten du, berriz irakurtzen du lerro bera, gurutzatuek portugaldarrei Lisboa hartzen lagunduko dietela behin eta berriz eta inolako ezbairik gabe baieztatzen duen huraxe. Halabeharrak nahi izan zuen, edo beharbada zoritxarrak, hitz uniboko hauek lerro bakarrean elkar zitezen, modu honetan legenda baten indarrarekin aurkezten direlarik, distiko bat bezalakoak dira, erranairu erantzunezina bezalakoak, baina probokatzaileak ere badira, ironiaz honako hau esango bailuten, Egizu nirekin beste zerbait, horretarako gauza bazara. Tentsioa hain handia izatera iritsi zen non, bat-batean, Raimundo Silvak ezin baitzuen gehiago jasan, eta altxatu egin zen, eserlekua atzerantz bultzatuz, eta orain oinez dabil asaldaturik, batetik bestera, apalategiek, sofak eta idazteko mahaiak uzten dioten leku txikian, eta esaten du, eta errepikatu egiten du, Hau burugabekeria, hau burugabekeria, eta berriz hartu zuen orria, iritzi muturreko hau baieztatu beharko bailuen, eta horri esker gu orain seguru egon gaitezke, lehen zalantzak eduki genitzakeelako, ez dagoela halako burugabekeriarik, han oso garbi esaten dela gurutzatuek portugaldarrei Lisboa hartzen lagunduko dietela, eta horren erakusgarri hurrengo orrietan aurkituko genuke, horietan deskribatzen dira setioa, harresien aurkako oldarra, kaleetako borroka, eta etxeetakoa, gehiegizko hildakoak, arpilatzea, Mesedez, esan beza zuzentzaileak non ikusten duen burugabekeria, edo ihes egiten ari zaigun errakuntza, normala da, ez dugu zuzentzaileak duen esperientzia handia, batzuetan begiratu egiten dugu baina ez dugu ikusten, baina irakurtzen behintzat badakigu, zuzentzaileak arrazoi zuela uste zuen, baina, guk ez dugu beti dena ulertzen, aise da jakitea zergatik, prestakuntza teknikoa falta, zuzentzaile jauna, prestakuntza teknikoa, eta batzuetan, aitor dezagun, nagiak gara hiztegietan esanahien bila ibiltzeko, hori ere bai, eta horrek kalte besterik ez digu egiten. Burugabekeria da, esaten du berriz Raimundo Silvak, erantzungo baligu bezala, ez dut horrelakorik egingo, zergatik egingo zuen bada, zuzentzaile bat lanean serio jokatzen duen pertsona da, ez dabil jolasetan, ez da prestidigitadorea, gramatikek eta eskuliburuek ezartzen dutena errespetatzen du, arauak ditu gidari, eta ez ditu aldatzen, idatzi gabeko kode deontologiko larderiatsu bati egiten dio men, komenientziek behartuta bere boluptuositateak gordetzen dituen kontserbatzailea da, zalantzak, inoiz zalantzarik badu, beretzat gordetzen ditu, ez zaio inolaz ere burutik pasatuko ez bat jartzea egileak bai bat jarri zuen tokian, zuzentzaile honek ez du horrelakorik egingo. Jekill doktoreak esan berri dituen hitz hauek entzuten ez ditugun beste hainbat hitzen aurka esan dira, bigarren horiek Hydek esan ditu, ez da beharrezkoa izango bi izen hauek aipatzea ohartzeko Castillo auzoko etxe zahar honetan, berriz ere, aingeruen txapeldunaren eta deabruen txapeldunaren arteko gatazka berritzen ari dela gure aurrean, izaki guztiak zatitzen eta osatzen dituzten bi indar horiek, giza izakiez ari gara, zuzentzaileak ere barne. Baina Hyde jaunak irabaziko du gatazka hau, zoritxarrez, horretaz konturatzeko Raimundo Silva oraintxe irribarrea nola egiten ari den ikustea nahiko, berarengandik espero ez genukeen espresioarekin, zinez espresio gaizto-gaiztoarekin, Jekill doktorearen azpegiak desagertu zaizkio aurpegitik, begi bistakoa da erabaki bat hartu berri duela, erabaki gaiztoa, esku tinkoaz boligrafoari oratu dio eta orriari hitz bat gaineratu dio, historialariak idatzi ez zuen hitz bat, egia historikoaren izenean sekula ezin idatziko zuen hitz bat, hitza hauxe da, Ez, orain liburuak dio gurutzatuek Ez dietela lagunduko portugaldarrei Lisboa hartzen, orain horrela dago idatzirik, eta, ondorioz, egia izatera pasatu da, egia desberdina den arren, faltsua deitzen dugun hori nagusi da egia deitzen dugunaren aldean, bere tokia bete du, norbaitek etorri beharko luke historia berria kontatzera, eta nola.
Urte luzeetako bizitza profesional eta zintzoan, Raimundo Silva ez zen sekula ausartu, konzientzia beteaz, zuzentzailearen ekintzak egilearen ideia eta iritziarekikoei buruzkoetan arautzen dituen eta lehen ere aipatu den idatzi gabeko kode deontologikoa urratzen. Bere tokia zein den dakien zuzentzailearentzat, egilea, berez, hutsezina da. Gauza jakina da, adibidez, Nietzscheren zuzentzaileak, fededun sutsua izaki, orri jakin batean Ez hitza sartzeko tentazioari eutsi ziola, berak ere, eta horri esker ez zuen filosofoaren Jainkoa hil da Jainkoa ez da hil bilakatu. Zuzentzaileek, ahal balute, kode penalak berak baino gehiago agintzen duen debeku-multzo batek esku eta hankaloturik ez baleude, munduaren aurpegia aldatzen asmatuko lukete, zorion unibertsalaren erresuma ezarriko lukete, egarriak dagoenari edaten emango liokete, goseak dagoenari jaten, asaldaturik bizi direnei bakea, tristeei bozkarioa, bakartiei lagunartea, esperantza esperantza galdu duenari, miseriak eta krimenak desagertarazteaz mintzatzen ez hasteagatik, dena egingo bailukete hitz-trukaketa soil batez, eta inork zalantzarik badu demiurgia berri hauei buruz, mundua eta gizona bera horrelaxe egin zirela gogoratzea baino ez dauka, hitzez, alegia, hitz batzuez eta ez beste batzuez, gelditu ziren bezala geldi zitezen, eta ez beste modu batez. Egin bedi, esan zuen Jainkoak, eta segituan eginik zegoen.
Raimundo Silvak ez du irakurtzen segituko. Nekatuta dago, indar guztiak Ez horretan xahutu ditu, Ez horretan jokatzen zuen ongi merezitako ospe orbaingabea ez ezik, kontzientzia bakean edukitzeko lasaitasuna. Gaurtik aurrera oker horren kontu eske etorriko zaion unearen zain biziko da, goiz edo berandu gertatuko da, baina ezinbestez gertatu egingo da, agian egile haserrea bera izango da, edo kritikari ironiko eta gupidagabea, edo argitaletxeari gutuna egiten dion irakurle artatsua, edo, agian bihar bertan, Costa, proben bila datorrenean, berbera etortzeko gauza da, bai horixe, aire heroiko eta sakrifikatuarekin, Nik neuk etorri behar izan dut, hobe izaten da beti nork bere eginbeharra dena baino gehiago egitea. Eta Costak probak gainetik irakurtzeko gogoa badu bere karteran sartu baino lehen, une hartan gezurrak zikindu duen orriak bere begien aurrean jauzi egiten badu, laugarrenak diren proba horietan hitz berri bat agertzeak asaldatzen badu, irakurtzeko lana hartzen badu eta orain idatzirik dagoena zer den ulertzera iristen bada, mundua, orduantxe berriz lehengora itzulirik, oso une labur batez baizik ez da desberdin biziko, Costak hauxe esango du, duda izpi batez, Silva jauna, uste dut hemen oker bat dagoela, eta berak begiratzen duelako planta egin eta baietz esango du, ezinbestez, Hau hankasartzea, nirea, ez dakit nola gertatu ahal izan den honelakorik, logurarengatik izango zen, edo auskalo zergatik. Hitz zitala ezabatzeko ez da beharrezkoa izango deleatur bat egitea, gainean zirriborro bat egitea nahikoa izango da, besterik gabe, haur batek egingo lukeen legez, mundua bere betiko orbita lasaira itzuliko da, beti izan zenak izaten segituko du, eta aurrerakoan, Costak, gertaera arraro honetaz beste inoiz hitz egingo ez badu ere, beste arrazoi bat edukiko du aldarrikatzeko Produkzioa gauza guztien gainetik dagoela.
Raimundo Silva lotara joan da. Bizkarraren gainean etzan da, eskuak garondoren azpian gurutzatu ditu, ez du oraindik hotzik sentitzen. Zailtasunak ditu egin duenaz gogoeta egiteko, batez ere ez da bere ekintzaren larritasunaz konturatzeko gauza, eta are, harritu egiten da aztertu zituen beste hainbat libururen esanahia aldatzeko ideia lehenago bururatu ez zitzaiolako. Une jakin batean iruditzen zaio bikoizten ari dela, bere baitatik urruntzen ari dela, bere burua ikusten du, hausnarrean, izutzen da pixka bat. Gero bizkarrak uzkurtu ditu, bere izpirituan ernetzen hasi den kezka geroratu du, Ikusiko dugu, bihar erabakiko dut hitza uzten edo kentzen dudan. Eskuin aldera jiratzekotan zegoen, ohearen zati hutsari bizkarra emanez, eta orduan konturatu da sirena-hotsa isildu dela, auskalo noiztik dagoen mutu, Ez, erregearen diskurtsoa ahoskatzen ari zenean entzun egin zuen, zehatz-mehatz gogoratzen naiz, bi esaldiren artean, marruma erlatsa, lainoen artean galdu den zezenarena bezalakoa, zeru zuriari orro eginik, zezen-saldotik urrun, harritzekoa da ez egotea itsasoaren zabala beren ahotsez betetzen duten itsasoko animaliarik, edo ibai zabal hau, zerua nola dagoen ikustera noa. Jaiki egin zen, neguan, beti, oheko tapakien gainean paratzen duen artile lodizko batarekin estali zen. Lainoa desagerturik zen, gezurra zirudien laino barruan hainbeste dirdira ezkutatzeak, argiak mendi magaletik behera, besteak beste aldean, horiak eta zuriak, ur-azalean proiektatzen diren su dardartiak bezalakoak. Hoztu du. Raimundo Silvak pentsatu zuen, Pessoa txiki baten antzera, Erreko banu, zigarroa piztuko nuke, ibaiari begira, dena lausoa eta anitza dela pentsatuz, baina erretzen ez dudanez, dena, benetan, lausoa eta anitza dela baizik ez dut pentsatuko, baina zigarrorik gabe, nahiz eta zigarroak berak, halakorik erreko banu, adieraziko lituzkeen, berez, gauza guztien lausotasuna eta aniztasuna, dena kea bezalakoa dela, erreko banu. Zuzentzailea leihoan gelditzen da pixka batean, inork ez dio deituko, Zatoz barrura, hoztu egingo zara hor, eta berak irudikatzen du goxoki deitzen diotela, baina minutu batez hausnarrean gelditzen da, lauso eta anitz, eta azkenik, beste behin deitu izan bailioten, Zatoz barrura, mesedez, amore ematen du, leihoa itxi eta ohera itzultzen da, eta eskuineko saihets gainean etzaten da, zain. Loaren.
© José Saramago
© itzulpenarena: Jon Alonso