Naturak eman dezakeenak baino mila bider zorrotzago den ikusmenak baizik ezin desberdinduko zuenean, ekialdean, gaua eta egunsentia bereizten dituen hasierako diferentzia, almuedanoa iratzarri zen. Beti iratzartzen zen ordu hartan, eguzkiarekin batera, uda izan edo negua izan, eta ez zuen denbora neurtzeko inolako gailurik behar, gelako iluntasunean gertatzen zen mudantza infinitesimala nahikoa zitzaion, bekain gainean putz arin gisara pasatzen den argiaren susmoa, kopetaren larruan igarri baizik egiten ez dena, edo eta Mahomaren paradisuan sinestunen zain dauden huri ezin ederrago horietako baten lehen fereka zehaztezina, zeina, jakiten edo uste denaren arabera, egundo errebelatu gabeko beren arte esklusiboa eta sekretua baita. Sekretua da, halaber, baita prodijioa ere, edo misterio ezagutezina, birjintasuna, galdu eta berehala, berriz osatzeko duten bertutea, zorionbiderik gorena bizitza eternoan, agi denez, behin-betiko demostratzen duena bizitza honetan ez direla bukatzen norberaren eta besteren lanak, ez eta merezi gabeko sufrimenduak ere. Almuedanoak ez zituen begiak ireki. Etzanik segitzen ahal zuen denbora apur batez oraino, eguzkia, oso poliki, lurraren horizontetik hurbiltzen zen bitartean; hurbiltzen, bai, baina ailegatzetik hain urruti non hiriko ezein oilarrek ez baitzuen oraindik burua altxatu goizaren mugimenduak aztertzeko. Egia da zakur batek zaunka egin zuela, emaitzarik gabe ordea, gainerakoak lo baitziren, ametsetan zaunka egiten zutela amestuz, agian. Ametsetan ari gara, pentsatuko zuten, eta lo jarraituko zuten, usain dudarik gabe estimulagarriez beteriko munduak inguraturik, usain estimulagarriak, bai, baina ez bat-batean iratzarrarazteko bezain premiazkoak, ez mehatxua edo izuaren usain nahastezinak bezain premiazkoak, esatera, bi adibide funtsezko baizik ez emateagatik. Almuedanoa jaiki zen itsumustuka iluntasunaren erdian, arropa aurkitu eta jantzi zuen eta gelatik atera zen. Meskita isiltasunean zegoen, urrats dudatsuek baizik ez zuten hotsik ateratzen arkupean, oin arduratsuak arrastaka eramaten direlako hotsa zen, zoruak irentsiko zituen beldurrez bezala. Egun edo gaueko beste edozein ordutan ez zuen ikusezinaren aurreko etsipen hura sumatzen, egunsentiko une honetan bakarrik, une honetantxe, fededunak lehen otoitzera deitzeko alminarreko eskailera igotzera joaten zen honetan. Zalantza superstizioso batek egiten zion ausiki kontzientzian irudikatzen zuenean eguzkia ibaiaren gainean zegoenean biztanleek lo jarraitzen zutela bere erruz, eta, bat-batean iratzarririk, argiak zorabiaturik, galdetzen zutela oihuka non zegoen behar zen orduan bere deiadarra egin ez zuen almuedanoa, errukiberagoak esango zuen, Gaixo egongo da, bere zoritxarrerako, eta ez zen egia, desagerturik baitzen, bai, baina iluntasun nagusien iratxo batek lurreko barru aldera eramanda. Eskailera kiribila zen, eta igotzeko nekeza, are eta gehiago dagoeneko zaharra zen almuedano honentzat, beharrik ez zizkioten begiak estali behar, norietako mandoei bezala, zorabia ez daitezen. Gora iritsi zelarik goizaren freskotasuna sentitu zuen aurpegian, eta egunsentiko argi oraindik kolorerik gabearen bibrazioa, eguna iritsi baino lehenagoko argitasun huts horrek ezin baitu kolorerik eduki; argitasun huts horrek larrua ukitzen du, hatz ikusezinak bailiran, eta larruak ikara zolia eduki ohi du, inpresio konparaezina, pentsarazten duena jainkoen kreazio desakreditatua ez ote den izango, eszeptiko eta ateoen laidorako, historiaren gertaera ironiko bat. Almuedanoak eskua mugitu zuen karel zirkularrean zehar, Meka hiri santuaren norabidea seinalatzen zuen marka, harrian zizelatua, aurkitu arte. Prest zegoen. Une bat gehiago baizik ez, eguzkiari denbora emateko bere lehen aura lurreko balkoietan agertzen hasteko, eta ahotsa garbitzeko, almuedanoaren aldarrikatzeko jakinduria lehen oihutik beretik frogatu behar baita, eta lehen oihu horretan ageri behar baita jakinduria hori, hain zuzen, eta ez zintzurra, hitz egiteko lanaren zein janariaren kontsolamenduaren poderioz, leundu denean. Almuedanoaren oinetan hiria dago, eta harantzago ibaia, eta dena lo dago oraindik, baina lo artegan. Goiza etxeen gainean mugitzen hasi da, uraren larruazala zeruaren ispilu bihurtzen ari da, eta orduan almuedanoak arnasa hartzen du, sakon, eta oihu egin, ikaragarri zorrotz, Allahu akbar, Jainkoaren nagusitasun guztien gaineko nagusitasuna aire zabalean aldarrikatuz, eta estasizko kantuan errepikatu egiten du, gero hurrengo formulak oihukatuko eta errepikatuko dituen moduan, mundua lekuko, Ala beste Jainkorik ez dagoela, eta Mahoma dela Alak igorritakoa, eta behin oinarrizko egia hauek esanda, otoitz egitera joateko deia egingo du, Etor zaitezte azalára, baina, sekula lo egiten ez duen Haren boterearekin sinetsirik ere, gizonak berez nagiak direnez, almuedanoak agiraka egingo die, errukibera, betazalak astun eta oraindik lo dauden horiei, Otoitza loa baino hobea da, As-salatu jay-run min an-nawn, hizkuntza hau ulertzen dutenentzat, Alá Jainko bakarra dela aldarrikapenarekin bukatzeko, La ilaha illa llah, oraingoan behin bakarrik esanez, behin esatea nahikoa baita egia erabatekoak esan behar direnean. Hiriak otoitzak murmurikatzen ditu, eguzkiak terrazak argitzen ditu, laster agertuko dira patioetako biztanleak. Alminarra argi betean dago iada. Almuedanoa itsua da.

        Historialariak ez du horrela deskribatu bere liburuan. Almuedanoa minaretera igo eta bertatik sinestunak meskitan otoitz egitera joateko deitu zituela baizik ez du esaten, inguruabarrak azaldu gabe, goiz edo eguerdia ote zen, edo eguzkia etzaten ari ote zen, zeren, enura gabe, bere iritzian, gorabehera xehe horiek ez baitiote historiari eragiten, oharrak egileak denbora hartako gauzen berri baduela irakurleari jakinarazteko baizik ez du balio, gauza horiek arduratsu aritzeko beste ezagutzen zituela jakinarazteko baizik ez. Eta eskertu egin beharko genioke hau, bere gaia gerra eta setioa delako, hau da, gizontasunaren goren agerpena, eta gaia hau delarik otoitzaren delikueszentzia barkatuta legoke, otoitza baita egoera guztietan estuena, otoizlariak borrokan egin gabe ematen baitu amore, behingoz etsiturik. Nahiz eta, gerraren eta otoitzaren arteko aurkakotasun honi aurka egiten dion guztia azterketarik gabe geldi ez dadin, hemen gogoratu ahalko zen, denboraz hurbil dagoelako, baita hainbat lekukotasun bizi eta hain ospetsu ere badaudelako, hemen gogoratu ahalko zen, berriz esango dugu, Ourique-ko mirakulu hura, ezin famatuagoa, Kristo Portugaleko erregeari agertu zitzaioneko hura, erregeak oihu egin ziola, armada zoruan belaunikaturik eta negarrez zegoelarik, Fedegabeei, Jauna, fedegabeei eta ez niri, nik sinesten baitut ahalguztidun zarela, baina Kristok ez zuen mairuen aurrean agertu nahi izan, ordu txarrean, bestela, gaur, anal hauetan, borroka ezin ankerrago beharrean, azkenik han bizia galdu zuten ehun eta berrogeita hamar mila fedegabe horien konbertsio zoragarria egiaztatu ahalko genuke, hura zeruari kontuak eskatzeko moduko arima-galera, hura. Hala da, ezin ohi dira zoritxarrak oro saihestu, eta ez dugu Jainkoaren aurkako bekaturik egiten gure aholku onarekin, baina patuak baditu bere lege irmoak, askotan efektu ustekabeko eta artistikodunak, kasu honetan bezala, Camoens-ek profitatzen ahal izan baitzuen oihu sutsua, eta, bere hartan, bi bertso hilezkorretan para. Guztiz egia da naturan ezer ez dela sortzen, eta ezer ez dela galtzen, dena aprobetxatzen dela.

        Garai onak ziren, haiek, asebete ahal izateko hitz egokiekin eskatzea baizik ez genuen garai horiek, baita kasu zailetan ere, nolabait esateko, eria erremediorik eta esperantzarik gabea zenean ere. Honen adibidea errege hau bera da, hanka kuzkurturik jaio zelarik, edo hanka atrofiaturik, orain esaten den bezala, aparteko sendaketa eduki baitzuen, ezein medikuk eskua gainean paratu gabe, eta paratu bazion, ezertarako ez zuen balio izan. Are, errege-kastakoa izatera deitua izateagatik zalantzarik gabe, ez dirudi goiko agintariak nekarazi behar izan zirenik, esan nahi baita, Amabirjina eta Jainkoa, ez eta seigarren hierarkiako aingeruak ere, gertaera osasungarria jazotzen ahal zedin, eta gertaera horri esker, orain badakigu, lortu zuen agian Portugalek bere independentzia. Kasua izan zen ezen On Egas Moniz, Afonso haurraren haurtzaina, bere ohean zetzala, lo, eta Andredena Maria agertu zela bere aurrean, begitazioan, eta esan zuen, On Egas Moniz, lo al zaude, eta honek, amets egiten ari ote zen edo esna ote zegoen ez zekiela, galdetu zuen, ziur izateko, Andrea, nor zara zu, eta andreak arrapostu, onez, Ni Amabirjina naiz, eta agintzen dizut Resendeko kontseiluan dagoen Carquerera joateko, eta han zaudela egizu zuloa aitzurrarekin, eta behiala nire izenean eraikitzen hasi zen eliza bat topatuko duzu, eta nire irudi bat ere topatuko duzu, eta irudia zaharberrituko duzu, beharrezkoa izango du-ta abandono tristearen ondoren, eta gero hantxe egingo duzu bijilia, eta haurra aldarean ipiniko duzu, eta jakin ezazu une hartantxe guztiz sendaturik eta osasuntsu geldituko dela, eta gero artoski zaindu ezazu, bai baitakit nire Semeak fedearen etsaiak sunsitzeko mandatua emateko asmoa duela, eta bistan da ezin izango zuela horrelakorik egin hanka elbarri horiekin. Pozarren iratzarri zen On Egas Moniz, langile-jendea bildu zuen, eta, mando gainean, Carquerera abiatu zen, eta Amabirjinak esaniko tokian aitzurtu zezatela agindu zuen, eta han zegoen eliza, baina benetako ustekabea gurea da, ez haiena, garai bedeinkatu haietan goitik zetozen gaztiguak ez zirelako inoiz engainagarriak, ez eta alferrekoak ere. Egia da On Egasek ez zituela Amabirjinaren aginduak zehatz-mehatz bete, nahikoa azaldurik gelditu da Amabirjinak agindu ziola hantxe zulo egiteko aitzurrarekin, gure ustez berak bere eskuez zulo egiteko, alegia, eta hara bestea, zer egingo, eta, besteri agindua eman aitzur zezaten, beste horiek glebako jopuak izango ziren, noski, garai haietan jada bazen halako klase-diferentziarik. Eskertu beharrekoa da Amabirjina ez zela kakapirria izan, ez behintzat Afonso haurtxoaren hankak berriz kuzkurtzeko beste, zeren, onerako mirakuluak badiren bezala, txarrerakoak ere izan baitira, horren lekuko Eskrituretako zerri dohakabe horiek, amildegitik behera amildu zirenak Jesus Guztiz Onak gorputzean sartu zizkienean deabruak hartutakoaren gorputzean zeuden txerrenak, animalia errugabeek martirioa jasan zutelako emaitzarekin, eta horiek bakarrik, eta askoz amiltze handiagoa izan baitzen aingeru matxinatu horiek, gero deabruak, erori zirenekoa, matxinadarena gertatu zenean, eta, dakigularik, bakar bat ere ez zen hil, eta barkaezina da Gure Goiko Jaunaren aurreikuspen falta, arreta falta horregatik arraza horrekin behin-betikoz bukatzeko aukera galdu baitzuen, Etsaia barkatzen duena bere eskutik hilko da gaztigatzen duen erranairuaren aholku onari jaramonik egin gabe, ea Jainkoak ez ote duen halako batean hartaz damutu beharko, orduan berandu izan baitaiteke. Guztiarekin ere, zorigaiztoko une hartan bere iraganeko bizitza gogoratzeko denbora baldin badu, espero dezagun argia egin dadin bere izpirituan, eta ulertu ahal dezan gu guztioi, zerri hauskorrei eta gizakioi, Etsaiaren marka eta obra omen diren bizioak, bekatuak eta asetzeko ezintasunaren ondorio diren sufrimenduak aurreztu behar ziezazkigukeela. Mailuaren eta ingudearen arteko burdina goria gara, kolpea kolpearen ondoren jasatearen poderioz amatatu egiten dena.

        Oraingoz nahikoa dugu historia sakratutik. Alabaina, komeniko litzateke jakitea nor izan zen Lisboako egunsenti hartako almuedanoaren iratzartzearen pasadizoa idatzi zuena, bertan egondako lekukoaren obra iruditzerainoko beste xehetasun errealistekin idatzi ere, edo, bederen, garaiko agiriren bat trebeki profitaturik, eta ez ezinbestez Lisboari dagokion agiria, zeren, kasurako, nahikoa bailirateke hiria, ibaia eta goiz argia, konposizio hutsala halakorik bada, dakigunez. Erantzuna, erantzun harrigarria, hauxe da, inork ez zuela idatzi, idatzita dagoela dirudien arren, ez dagoela idatzita, hori guztia zuzentzailearen buruan sortu ziren pentsamendu lausoak baizik ez ziren izan, lehen eta bigarren probak zuzentzerakoan ustekabean pasatu zitzaizkion hutsak ikusi eta zuzendu bitartean sortuak. Zuzentzaileak bikoizteko dohain azpimarragarria du, deleatur bat marraztu edo koma eztabaidaezina sartzen du, eta, aldi berean, neologismoa onar dezagun, heteronomizatu egiten da, irudi, konparazio edo metafora batek iradokitzen duen bideari segitzeko gauza da, are, ez da arraroa ahopeka errepikaturiko hitz baten soinuak, asoziazioaz, ahozko eraikin polifonikoak eratzera eraman dezan, halako moldez non bere idaz-leku txikia bere buruaz biderkaturiko espazio bihurtzen baita, honek zer esan nahi duen azaltzea, era arruntean, oso zaila den arren. Kasu horretan iruditzen zaio informazioa urria dela, halako epai ausartegirik egiterik bada, historialariak muezina eta minaretea aipatzen dituela etsaiaren zelaian kolore lokala eta ñabardura historikoren bat sartzeko, baina arineketan zuzendu behar da zehazgabetasun semantikoa, zelaia setiatzaileena baita, ez setiatuena, setiatuak nahiko eroso instalaturik baitaude, oraindik, hirian, zazpiehun eta hamalaugarren urteaz gero, intermitentziaren bat gorabehera, berea den hirian, hori kristauen kontuak erabiliz, zeren, jakina denez, mairuenak bestelakoak baitira. Zuzentzaileak berak egin zuen zuzenketa hau, egutegi kontuan zientzia egokia baitu, Hegira, Datak Baieztatzeko Artea deritzon liburuaren ikasbidearen arabera, Kristo ondorengo seiehun eta hogeita biko uztailaren hamaseian hasi zela baitaki, K. O. laburtzapena erabiltzen bada, ahaztu gabe, alabaina, ilargiak gobernatzen duela musulmanen urtea, eta eguzkiak gobernatzen duen kristauena baino laburragoa dela, eta, hortaz, beti dela beharrezkoa hiru urte gutxiago kontatzea ibili den mende bakoitzeko. Zuzentzaile bikaina izango litzateke, hain eskrupulosoa izanik, gainera fabulazioetarako joera —askotan arduragabea—, erakusten duen pentsamoldeari hegoak ebakiko balizkio, hemen bekatua izan da errazagotu nahi izatea, horrek oker begibistakoak eta baieztapen dudamudazkoak eragin ditu, hiru, antza denez, eta hala dela frogatzen bada garbi geldituko da historialariak ez zuela batere arrazoirik historiara dedikatzeko aholku arina eman zionean. Filosofiara dedikatzeaz denaz bezainbatean, Jainkoak libra gaitzala.

        Kontaketaren hurrenkera alderantzizkatuaren arabera, lehen puntu susmagarria hauxe da: alminarretako kareleko harrian Mekarantz seinalatzen duten seinaleak —gezi-eitedunak, hain segur— badirelako ideia xelebrea. Arabiarren eta beste hainbat mairuren zientzia geografikoa eta lur-neurtzailea, garai haietan, nahi den aurreratuen egonik ere, ez dago sinesterik planetako lur-azalean caaba baten kokapena mugatzen jakingo zutenik, iradokitzen den zehaztasunarekin, planetan harri anitz baita, batzuk besteak baino sakratugoak. Gauza hauek guztiak, hau da, erreberentziak, belaunikaldiak, beherako zein gorako begiradak, hurbilketaz idazten dira, senez, hauek bezalako halamoduzko esaerak zilegi bazaizkigu, zeren, azken finean, inportantea dena Jainkoak edo Alak bihotzetan irakur dezaketela baita, eta ez dezatela txarrera har, ezjakintasuna dela medio, guk haiei bizkarra itzultzea, eta ezjakintasunaz mintzo garenean gureaz bezainbestean haienaz ari gara, ez baitira beti hitz eman zuten tokian egoten. Zuzentzailea gaur egungo gizona da, errepideetako seinaleekin fio izatera eta irmoki sinestera ohitu zuten, horregatik ez da arraroa tentazio anakroniko honetan erori izana, errukiak bultzaturik, agian, almuedanoa itsua dela kontuan harturik. Gauza jakina da ez dela oihalaren kalitatea zikinak saihesten dituena, are gehiago, esan ohi da oihalik onenean ere zikina erori egiten dela, eta esan ohi da, halaber, bat dagoenean bi ere egoten direla, eta hor daukagu bigarren puntu susmagarria, bigarren errakuntza, hau oso larria, bai horixe, bigarren honek, idatzirik balego, eta zorionez ez dago, eramango baitzuen irakurle ohartugabea almuedanoak iratzarri eta gero egin dituen ekintzen deskribapena zuzentzat jotzera, bizimodu musulmanaren azturen araberakotzat hartzera. Badago errakuntza, esaten ari gara, muezinak, historialariak hitz hau nahiago du, ez baitzituen bezeroak otoitz egitera deitu baino lehenagoko garbiketa erritualak egin, eta, hortaz, lohiturik zegoen, eta egoera horretan egotea oso nekez sinestekoa da, kontuan hartzen badugu zein hurbil gauden, denboraz, Islam-aren lehen iturburutik, lau mende eta koska baizik ez, lau mende eta apur bat gehiago bere sehaskatik, nolabait esateko. Aurrerago utzikeriak, bat-bateko barau-desagertzeak, eta garbi diruditen arauen interpretazio zalantzazkoak ez dira faltako, pertsona nekatzeko printzipioak zehatz-mehatz gordetzea bezalakorik ez baitago, haragiak amore eman baino lehen izpiritua makaltzen baita, baina izpirituari ez diote konturik eskatuko, haragi errukarria izango da irainez estaliko dutena, bera irainduko dute, eta kalumniatuko. Oraindik erabateko fedearen garaian bizi da, almuedanoa gizon guztietan azkena izango litzateke baldin eta alminarrera bihotza aratz eta eskuak garbi izan gabe igoko balitz, eta modu honetan zuzentzailearen arinkeria barkagaitzak leporatu zion hoben horretatik libre dela aldarrikatzen dugu. Historialariarekin eduki zuen mintzaldian gaitasun profesionalarekin mintzo zela ikusi bagenuen ere, garaia da lehen zalantza bat sar dezagun, Lisboako Setioaren Historia liburuaren egileak egin zion konfiantzaren ondorioei buruzkoa, baimena eman zuenean proben azken irakurketa deleaturren teknikariaren kontura izateko, erabat, fiskalizaziorik gabe, agian axolagabekeria nekatuaren orduetan edo eta hurrengo bidaiaren kezka buruan zuela egin zion konfiantza. Dardara batean jartzen gara pentsatze hutsarekin almuedanoaren egunsentiaren deskribapen horrek gehiegizko tokia har lezakeela egilearen testu zientifikoan, biak direlarik, bai egilea eta bai testua ere, azterketa zehatzen, ikerketa sakonen eta erkatze zorrotzen fruitu. Zalantza edukitzeko modukoa da, esaterako, norberaren zalantzaz zalantza edukitzea zuhurtzia onaren ondorioa den arren, historialariak bere narrazioan zakurren zaunka aipatu izana, eta are zakurrak berak ere, zuzentzaileak jakin baitaki zakurra, arabiarrentzat, animalia lohia dela, zerria bera den bezala, eta hortaz ezjakintasun itzelaren agerpidea dela pentsaztea ezen Lisboako mairuak, hain saiatuak izaki, zakur-saldoaren ondo-ondoan biziko zirela. Ate ondoko zakur-zuloa, artzakurrarentzako etxolatxoa edo eta zakur gonazalearentzako saskitxoa kristauen asmazioak dira, eta ez da kasualitatea, ez horixe, musulmanek gurutzearen aldeko gerrariak zakurrak deitzea, gaitzerdi zerriak deitzen ez bazieten, gutxienez halakorik ez da jaso. Hala ere, eta aurreko guztia horrela bada, aitortu behar da pena dela ilargiari zaunka edo kaparrek hilduraturiko belarriari hazka egiten dion zakurraren grazia falta izatea, baina egia, azkenik aurkitzen badugu bederik, aldeko zein aurkako beste edozein kontsiderazioren gainetik ipini behar da, eta horregatik, hementxe bertan, Lisboako azken egunsenti baketsua deskribatu zuten hitzak ez zirela sekula idatzi argi aldarrikatu beharko genuke, baldin eta ez bageneki, dakigun bezala, diskurtso faltsu —eta hau da arriskurik handiena— baina koherente hura, ez zela sekula zuzentzailearen burutik haratago atera, ez zela bere aldrebeskeria fabulatzaile eta irrigarria baizik izan.

        Frogaturik dago, beraz, zuzentzaileak huts egin zuela, eta huts egin ez bazuen nahastu egin zela, eta nahastu ez bazen imajinatu egin zuela, baina bihoa lehen harrikada botatzera sekula huts egin, nahastu edo imajinatu ez duena. Huts egitea, zekienak esan zuen, gizonari dagokio, eta honek esan nahi du, esaera hitzez hitz hartzea errakuntza ez bada, huts egingo ez lukeena ez litzatekeela egiazko gizona. Alabaina, ezin da goi mailako erranairu hau gu guztiok judizio herren eta iritzi besobakarretatik absolbituko gintuzkeen barkamen unibertsaltzat hartu. Ez dakienak galdetu beharra dauka, apaltasun hori eduki behar du, eta zuzentzaileak beti presente eduki beharko luke hau bezalako arreta oinarrizkoa, are eta gehiago etxetik atera behar ez duenean, oraintxe lan egiten ari den bulegotik atera behar ez duenean, hemen ez baitu falta izango argituko lukeen libururik, baldin eta ustez dakien hori itsuki ez sinesteko zuhurtzia eta prudentzia eduki izan balitu, hortik eratortzen baitira engainurik txarrenak, eta ez ezjakintasunetik. Apalategi zamatu hauetan milaka eta milaka orrik itxaroten dute hasierako jakinmin baten dirdira, edo eta bere irtenbidea bilatzen duen zalantza bezalako argi indartsua. Sar dezagun, azkenik, zuzentzailearen hartzekoan, bizitza oso batean zehar bildu dituen hainbat eta hainbat iturri, eta hain askotarikoak, nahiz eta begi kolpe bakar batek berehala erakusten digun bere erregistroan informatikaren teknologiak falta dituela, baina, zoritxarrez, ez da denetarako dirurik, eta ogibide hau, esateko tenorea heldu da, ludi osoan okerren ordaintzen direnen artean dago. Egunen batean, Ala handia da, edozein liburu-zuzentzailek ordenagailu bat edukiko du, eta ordenagailu honek edukiko du loturik, gau eta egun, zilbor hesteak bezala, datu-banku zentralarekin, eta orduan, bai berak eta bai guk, erabateko jakintza osoaren datu horien artean, deabrua komentuan bezala, errakuntza tentagarria sar ez dadin beste kezkarik ez dugu edukiko.

        Nolanahi delarik ere, egun hori iristen ez den bitartean, liburuak hemen daude, galaxia ezkutu bat bezala, eta hitzak, berorietan, harat-honat dabilen izarren hautsa dira, zentzu batean finkatuko dituen begiradaren zain, edo beren baitan zentzu berria bilatuko duen begiradaren zain, zeren, unibertsoari buruz ematen diren azalpenak aldatu diren bezala, lehen betiko eta denetarako aldagaitza ematen zuen esaerak, bat-batean, beste interpretazio bat eskaintzen baitu, edo kontraesan ezkutuaren posibilitatea, edo okerra zelako ebidentzia. Hemen, egia maskara aldakor infinituen gainean ezartzen den aurpegi bat baizik ezin izaten den bulego honetan, ohiko hizkuntzaren hiztegiak eta hitz-zerrendak daude, Morais eta Aurélios, Morenos eta Torrinhas, zenbait gramatika, Zuzentzaile Onaren Eskuliburua, ogibide honetakoen vademecuma, baina Artearen historiak ere badaude, Mundu osokoa, Erromatarrena, Persiarrena, Greziarrena, Txinatarrena, Eslaboiarrena, Portugaldarrena, hau da, ia herri eta nazio partikularra den ororena, eta Zientziaren historiak ere badaude, eta Literaturena, Musikarena, Erlijioena, Filosofiarena, Zibilizazioena, Larousse txikia, Quillet laburtua, Robert zehaztua, Entziklopedia Politikoa, Luso-Brasildarra, Britainiarra, osatu gabea, Historia eta Geografiari buruzko Hiztegia, bi gai hauei buruzko Atlas unibertsala, Joâo Soaresena, zaharra, Urtekari Historikoak, Garaikideen Hiztegia, Biografia Unibertsala, Liburu-saltzailearen Eskuliburua, Fabulen Hiztegia, Biografia Mitologikoa, Liburutegi Lusitaniarra, Geografia Konparatuaren Hiztegia, Antzin Arokoa, Erdi Arokoa eta Modernoa, Ikerketa Garaikideen Atlas Historikoa, Letren Hiztegi Orokorra, Arte Ederretakoena eta Zientzia Moral eta Politikoena, eta bukatzeko ez inbentario orokorra, begi bistatik hurbilen dagoenarena baizik, Biografiari eta Historiari buruzko Hiztegi Orokorra, Mitologiari buruzkoa, Antzinako eta Gaurko Geografiari buruzkoa, Antzinako gauzei buruzkoa, eta Erakunde Greziar, Erromatar, Frantziar eta Atzerritarrei buruzkoa, Arrarotasun, Itxuragabetasun eta Bitxikeriei buruzkoa ahaztu gabe, non, horra hor narrazio honi ezin egokiago datorkion koinzidentzia, Aristotele jakintsuak etxeko euli arruntak lau hanka dituelako egin baieztapena errakuntzaren adibidetzat ematen baita, ondorengo egileek mendetik mendera errepikatu zuten gutxiagotze aritmetikoa, haurtxoek berek bazekitenean, ankertasunaz eta esperimentazioaz, euliak sei hanka dituela, Aristotelen garaietatik erauzi egiten zizkielako, boluptuosoki zenbatzen zituztela, bat, bi, hiru, lau, bost, sei, baina haur horiek berek, hazten zirelarik eta Greziako jakintsua irakurtzera joaten zirenean, elkarri esaten zioten, Euliak lau hanka ditu, horrenbestekoa baita maisuaren agintea, eta horrenbeste sufritzen baitu egiak berari buruz ematen diguten irakaspenarekin.

        Entomologiaren mugetatik barna eginiko ustekabeko sartu-irten honek erakusten digu, inolako ezbairik gabe, zuzentzaileari egotzi zaizkion hutsegiteak ez direla bereak, azken finean, baizik eta liburu hauenak, obra zaharragoak errepikatu zituztenenak, erkaketarik egin gabe, eta hau honela, erruki gaitezen, norberaren fede onaren eta besteren errakuntzaren biktima errugabea izan denaz. Egia da ezen, horrenbesteraino amore emanez gero, berriz eroriko ginatekeela lehen ere arbuiatu dugun barkamen unibertsalean, baina aurretik baldintza bat jarriz baizik ez dugu horrelakorik egingo, honako hau, hain zuzen, zuzentzaileak aintzat har dezala, bere onerako, Baconek —beste jakintsu batek—, Novum Organum deitzen den liburuan errakuntzei buruz eman zuen ikasgaia. Baconek errakuntzak lau kategoriatan sailkatzen ditu, ondorengo hauek, alegia, idola tribus, edo eta giza-izaeraren errakuntzak, idola specus, edo norberaren errakuntzak, idola fori, edo mintzairaren errakuntzak, eta azkenik idola theatri, hau da, sistemen errakuntzak. Lehen kasuan, errakuntza hauen sorburuak zentzumenen inperfezioak dira, aurreiritzi eta grinen eragina, guztia aurrez hartutako ideien arabera juzgatzeko ohitura, gure jakinminaren ezinasea, gure izpirituari mugak ezartzen zaizkion arren, gauzen artean egiatan dauden analogiak baino analogia gehiago aurkitzera eramaten gaituen jaidura. Bigarren kasuan, errakuntzen sorburua izpirituen arteko desberdintasuna da, batzuk xehetasunetan galtzen direlako, beste batzuk orokorkeria zabaletan, eta baita zenbait zientzia nahiago izaten dugulako, eta honek gauza guztiak zientzia horien arabera murriztera eramaten gaituelako. Hirugarren kasuari dagokionez, hau da, mintzairaren errakuntzei dagokienez, gaitza izaten da askotan hitzek ez dutela zentzurik, edo zentzu zehaztugabea dutela, edo hainbat adieratan uler daitezkeela, eta, azkenik, laugarren kasuan, sistemen errakuntzak hain dira ugari ezen hemen aipatzen hasiz gero ez baikenuke inoiz bukatuko. Balia dezala, beraz, zuzentzaileak, katalogo hau, eta aurrera egingo du, eta Senecaren esaera haren onurak ere balia ditzala, esaera mesfidatia, gaurko egunari egoki zaion moduan, zeinak esaten baitu, Onerat discentem turba, non instruit, hilarri-hizkerako erranairua berau, zuzentzailearen amak, urte asko direla, latinik batere jakin gabe eta berezko hizkuntza ere hagitz gutxi jakinik, berezko eszeptizismoaz modu honetan itzultzen zuena, Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gutxiago jakin.

        Baina zerbait salbatzen ari da azterketa honetan, baiezta dadila ez zela izan hutsegitea idaztea, zeren, azkenik, idatzirik baita, itsua zela almuedanoa. Historialariak, minareteaz eta muezinaz baizik hitz egiten ez duenak, agian ez daki denbora haietan eta baita geroago ere, denbora luzez, ia almuedano gehienak itsuak zirela. Eta baldin badaki, agian uste du otoitz egitea ezintasun horren bokazio partikularra zela, edo eta mairuen komunitateek horrela bilatzen ziotela irtenbidea, partzialki, beti egin izan denez eta egingo denez, ikusmenaren dohain preziatuaren faltan dagoen jendeari lana emateko arazoari. Huts egiten du, orain, eta oraingoan denak ukitzen ditu hutsegiteak. Egia historikoa da, eta ikas dezala, almuedanoak itsuen artetik aukeratzen zituztela, ez enplegu-politika gizabidetsuagatik edo fisiologikoki egokia den bideratze profesionalagatik, baizik eta ezin iker zezaten alminarraren gainetik enblematikoki menderatzen zituzten patio eta terrazen intimitatea. Zuzentzaileak ez dauka gogoan, honez gero, nola jakin zuen hau, segurutik denborak zuzendu ez duen konfiantzazko liburu batean irakurriko zuen, horregatik orain lasai asko esan dezake almuedanoak itsuak zirela, bai horixe. Ia denak. Nahiz eta, horretaz pentsatzeko gogoa duenean, zalantza bat ezin izaten duen bere baitatik egotzi, gizon horiei ez ote zizkieten begi ikusmendunak erauziko, urretxindorrei garai batean, eta agian gaur ere, erauzten zizkieten bezala, ilunpean entzuten zuten ahotsa izan zedin ezagutzen zuten argiaren adierazpen bakarra, bere ahotsa, hain zuzen, edo, agian, Beste Horrena, asmatzen ditugun hitzak, dena esateko baliatu nahi ditugun hitzak errepikatzen baizik ez dakien horrena, dena esateko baliatu nahi ditugunak, hala bedeinkapena nola madarikazioa, baita sekula izenik izango ez duena ere, izendaezina.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia