HITZAURREA

 

        Idazlea

        José Saramago Portugaleko Azinhaga herrian jaio zen 1922. urtean. Gazterik hasi zen bere obra literarioa idazten, urratsez urrats, adreiluz adreilu eraikitzen den etxea balitz bezala, bizimodua aurrera ateratzeko hainbat lanetan ziharduenarekin batera; orain hamabost-hogei urte nazioarteko gizarte literarioa hasi zen beronen obraz benetan interesatzen, eta une hartatik aurrera Saramagoren ospea beti joan da goraka, poliki-poliki bada ere; 1998. urtean bere ibilbide literario luze eta oparoa saritu zuten, urte hartan Nobel saria irabazi zuelako. Harrezkero José Saramago mundu guztian da ezaguna.

        Aho batez onartzen den idazle handia izanagatik, José Saramago, batez ere, gizona da, eta gizona den aldetik, ez du inoiz gizakiak eta mundua inarrosten dituzten arazoen aurrean bere burua ezkutatu.

 

        José Saramagoren obra

        Saramagoren obraren ezaugarriren bat azpimarratu beharko bagenu, ezaugarri hori koherentzia izango litzateke. Azken hogei urte hauetan idatzi dituen nobelak behiala ernatu zen proiektu literario erraldoi baten fruituak dira. Saramagoren nobela bakoitza autonomoa da, gainerakoekin zerikusirik ez duena, itxuraz, eta hala ere, hari fin batek elkarlotzen ditu guztiak, halako moldez non denak elkarren osagarri direla esan daitekeen, bere obra, multzo bezala hartuta, esanahi orokorragoa eta osatuagoa erdiesteraino. Batek ez du entzun Saramagok esateko duen den-dena bere nobela guztiak irakurri arte, eta puzzlea osatu duelarik aurkituko duena munduari eta gizakiari buruzko gogoeta oso eta sakona da. Gizakiaren gaineko beste ikuspegi bat, nolabait esan. Honela laburbil litekeena: gizabanakoak, banan banan harturik, izen trukagarrizko itzal hutsalak dira, eta multzoan bildurik, espezie kategoria harrapatzen dutenean baizik ez dira benetan garrantzizkoak. Gizakia munduko gainazalean itsumandoka dabilen espeziea baizik ez da. Agian horregatik, bere obra ezagutzen duenak ikara txiki bat sentitzen du gizateriaren gainean azken garaiotan egin dituen aldarri ezkorrak entzuten dituenean.

        Saramago kezkatzen duten gai nagusiak bere nobela guztietan daude, baina nobela bakoitzak gai horietako bat izaten du ardatz. Poetaren, idazlearen eta are artistaren engaiamendua —bai bere arteari buruz, baita bizi den gizarteari buruz ere—, litzateke Manual de Pintura e Caligrafía (1977) izenekoaren ardatza; O Ano da Morte de Ricardo Reis (1984) nobelak, bere aldetik, aurreko gai hori erabat alde batera utzi gabe, tradizio literarioari buruzko kezka oso kontuan hartzen du; O Evangelho segundo Jesus Cristo (1991) liburuak Saramagok erlijioarekin, eta batez ere erlijioaren erabilera lo-eragingarri eta alienantearekin duen kezka biziari buruz jarduteko balio izan zuen; Ensaio sobre a Cegueira (1995) gizakion arimaren gaineko azterketa zorrotza da; Todos os Nomes (1997), oraingoz idatzi duen azkenak, gure izatearen hutsalaz dihardu. Eta honela segi genezake bere nobeletako bakoitzarekin, azkenean konturatzeko guztietan agertzen direla idazlearen gai nagusien aztarnak, batzuetan apunte txikien moduan, ereindako haziak bailiran; hurrengo batean lore, zuhaitz, fruitu bihurtuko diren haziak. Edo, beste batzuetan, aurreko liburu batean landaturiko lorategia osatu eta biribilduko duten lore berriak bailiran.

        Gaien ikuspegitik Saramagoren nobelagintza koherentea baldin bada, beste hainbeste esan daiteke bere idazkera edo estiloari buruz. Aipatu Manual de Pintura e Caligrafía hartan jada antzematen dira Saramagoren idazkeraren ezaugarri nagusiak diren joritasuna eta perpausa bihurritzeko joera, baina oraingoz, nolabait esan, bide baten hasieran gaudela konturatzen gara, egileak bide hartan barneratu ahala erdietsiko zituen lorpenen iragarkia balitz bezala. Esan liteke 80-90 urteen artean idatzi dituen nobeletan estilo horrek harrapatu duela bere gailurra sofistikazioari eta inplizituki zeuzkan ahalbideen garapenari dagokienez; 96an eta 97an idatzi dituen nobeletan, aldiz, estilo oparo eta emankor horren dekantazio moduko bat antzematen da, soiltze aldera egindako ahalegin bat, baina estilo horren nortasun-agergarri funtsezkoenak galdu gabe, noski; horretan ikusten da, hogei bat urteko epean, Saramagoren idazkerak ziklo oso bat bete duela.

 

        Lisboako Setioaren Historia idazlearen obraren barruan

        Orain eskuen artean duzun Lisboako Setioaren Historia hau 1989koa da; Saramagoren idazkeraren dirdirak gaina jotzen duen garaiko liburua duzu. Perpausak kadentzia baten arabera txirikordatu eta lotzeko gaitasunak su-festa baten antzera egiten digu eztanda begien aurrean, baina gaitasun hau bi aldiz mirestekoa da, ahalegina ez baitago asmo narzisista baten menpean, kontatzeko tekniken eraberritzearen alde dagoen ber; liburu honetan ongi agerian gelditzen dira Saramagoren estiloaren aurkikuntzarik onenak, hala pertsonaien arteko elkarrizketak lotzeko modu berezia, nola koma xume eta soil baten bidez zortzi mendeko jauzia egin ahal izatekoa, halako moldez non irakurlea Saramagok proposatzen dituen bi historien artean —bata orain mende asko gertatzen dena, setio garaian, alegia, bestea gaur egun gertatzen dena— kulunkatzen baita, nobelako pasarte jakin batera zer bide ezkututik eraman duten konturatu ere egin gabe, denborari buruzko konbentzio guztiak puskatu baitira, denbora bera nahi duen aldera —eta ez beti aurrera— mugitzen den dimentsioa dela iradokitzeraino. Lisboako Setio honen birtuosismo teknikoa tesi asko eragiteko modukoa da, dudarik gabe.

        Gaiari dagokionez, Historia da idazle portugaldarrak aztergai aukeratzen duena. Historiaren transgresioaren istorioa da Lisboako Setioaren Historia. Historia literatura da, Historia berau egiten duenak Bai edo Ez idatziko duen menpean dago. Dena Bai ala Ez idazteko ahalmena dutenen araberakoa da. Edonork ezin dezake Historia idatzi. Historia berau idazteko ahalmena dutenen adostasunaren produktua da. Eta begibistakoa da idazteko ahalmena esku batzuetatik beste esku batzuetara pasatzen denean, adostasuna ere aldatzen dela. Eta halaxe pasatzen gara Baitik Ezera, eta Ezetik Baira. Eta gu hantxe: «...gizon gehienei gertatzen zaien bezala, gehienak bizi eta hiltzen baitira errugabetasunean, baietz edo ezetz besteren kontura esaten, baina kontuak norberarenak bailiran ordainduz». Eta, bitartean, «...lur honetako erresuma ezetza baietzaren zerbitzuan jartzeko talentua dutenena da, edo eta, ezetz baten egileak izan direnean, arin bai arin ezetz hura ezabatu eta baietz bat jartzen dutenena». Tira, ez da beste askok ez dakiten gauza, baina inork ez du hori azaltzeko hau bezalako arte obrarik egin.

        Horretaz aparte, Lisboako Setioaren Historia honek sormen literarioari buruzko ohar jakingarriak eskaintzen ditu —ikusi denez, idazlearen betiko kezka bat—, agian ondorengo esaldi honetan laburbil litezkeenak: hitzak, hitz guztiak, airean dira, hartu eta erabiliko dituenaren zain. Hori dela eta, José Saramagok ederki erakusten digu bere hitzarekiko ardura noraino iristen den. Berak aitortzen duen bezala, hitzaren atzean usnaka ari den ehiza-zakurra da, eta hitzaren atzean ibiltze honetan, denetariko aleak harrapatzen ditu. Horregatik, Portugaleko herri-literaturako esaerek, hala idazle klasikoen nola Europako, Portugaleko zein mundu guztiko tradizio modernoaren erreferentziek, Bibliako aipuak eta Koraneko surek, horiek guztiek leku bat aurkitzen dute bere prosaren barruan, ez aipu bereizien antzera, baizik eta bere prosa labainkor eta jorian txertaturik. Testuartekotasun aberats hau dela-ta nazioarteko kritikak agurtu zuen liburu hau, bere garaian, posmodernismo literarioaren adibiderik gorena bezala.

        Lisboako Setioaren Historiak badu, gainera, —Saramagoren liburu gehienek bezala—, maitasun istorio bat —edo agian bi, funtsean bakarra diren arren, edo agian, horregatik, maitasun istorio guztiak—, eta badu gauza guztien gainean ipintzen duen ukitu ironikoa. Eta badu, baita ere, Lisboa hiria jendaurrean aurkeztu nahia; Lisboako Setioaren Historia Lisboa ezagutzeko gonbite bat da, baita ere, hainbeste non ezagutzen ez duenari ongi etorriko baitzaio hiri hartako planoa eskuratzea, Raimundo Silvaren, Maria Sararen, gurutzatuen eta mairuen, Mogueimeren eta Ouroanaren joan-etorrien nondik norakoa behar bezala segitu ahal izateko.

        Eta, azkenik, liburu honek, egile honen beraren guztiek bezala, badu gogoetarako eta gozamenerako beste makina bat zoko ezkutu eta harrigarri ere. Norbera testu trinkoak exigitzen duen arreta emateko prest egotea dela baldintza bakarra.

 

        Lisboako Setioaren Historia euskaraz. Gidaliburua

        Ondorengo lerro hauen asmoa liburu hau irakurri nahi duenari laguntza pixka bat ematea da. Irakurleari gomendatuko nioke —beti ere nire gomendiorik onartuko ez duena irakurlerik onena dela kontuan hartuta—, arreta handiz irakurtzea lehen zatia, bertan adierazten baita, funtsean, ondoren etorriko den guztiaren programa; Saramagoren obra guztia koherentea da, baina obra horretako ale —nobela— bakoitza, bere hartan, koherentea delako, baita ere. Bigarren zatiak Lisboako setioaren garai hartara garamatza, lehen aldiz; hirugarrenak nobelari funtsa ematen dion legehaustea —transgresioa— kontatzen du. Laugarrenetik zazpigarrenera, legehaustearen ondorio zuzenen nolakoa adierazten zaigu; hau xake-partida balitz, zuriekin jokatzen duen jokalariak dama taularen erdira ateratzeko egiten dituen ahaleginekin konpara liteke. Zapigarrenetik hamaikagarrenera, Lisboako setioko garaietara goaz, berriz ere, Raimundo Silvaren zalantzak eta guzti; hamabigarrenetik hamabosgarrenera Raimundo Silvaren eta Mari Sararen artekoak hartzen du protagonismo nagusia. Azken hiru zatietan kontatzen ari zaizkigun aldi bereko bi istorioak bukaerara iristen dira.

        Hizkuntzarekiko hainbat ausarkeria eta Saramagok sekula jartzen ez duen puntu eta koma —hemeretzi— sartu izana, itzultzailearen kontura.

        Irakurle hori, liburu honekin engaiatzen bazara, pentsa ezazu idaztea, irakurtzea eta itzultzea ere maitasunezko jarduerak direla.

 

Jon Alonso

 

 

 

© Jon Alonso

 

 

"Josť Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia