V. kapitulua

 

        Bi ibilaldi horien artean, Mallorcan egin genituen lehenengo ibilaldiaren eta azkenaren artean alegia, beste hainbat ere egin genituen, baina ez ditut hemen gogoratuko, irakurleari ez erakustearren alde guztietan ederra eta alde guztietan etxe ezin pintoreskoagoez, txabolez, jauregiez, elizez eta monasterioez betea zen izadi harenganako lilura monotonoa. Gure paisajista handietako batek inoiz Mallorcara joatea erabakiko balu, biziki gomendatzen diot Granja de Fortuñyko landetxea, marmolezko zutabeen aurrean zabaltzen den garraiskazko haran txikiarekin eta hara iristeko bidearekin. Baina haraino iritsi gabe ere ezin izango du uharte miragarri hartan hamar urrats egin bide ertzean gelditu gabe, orain palmondo arteko biltegi arabiarraren aurrean, gero XV. mendeko harrizko gurutze finaren aurrean edo olibondozko sail baten mugan.

        Ezer ez dago olibondoen, hau da Mallorcaren gurasorde antzinakoen, indarra eta forma bitxia berdin dezakeenik. Mallorcarrek berrikien landatutako olibondoak uhartea erromatarren esku egon zen garaikoak direla diote. Ez diet ezetzik esango, hala egin nahi izanez gero ez bainuke jakingo kontrakoa frogatzeko biderik ba ote den, eta aitortu behar dut ez dudala, gainera, hori egiteko inolako asmorik. Zuhaitz misteriotsu horien itxura osasuntsua, lodiera neurriz gaindikoa eta jarrera suminkorra direla medio, nire irudimenak aise onartu zituen Anibalen garaikidetzat. Arratsean olibondo artean ibiltzen garenean zuhaitzak direla ekarri behar izaten dugu gogora, gure begiei edo irudimenari bakarrik jaramon eginez gero izuak hartuko baikintuzke munstro fantastiko haien artean; batzuk herensuge izugarriak bezala makurtzen dira gure gainera, ahoa zabalik eta hegalak hedaturik, beren gorputzaren gainean makurtzen dira besteak boa lotiak balira bezala, eta borrokalari erraldoiak bezala elkar besarkatzen dute beste batzuk. Zentauro bat doa hemen, trostan, ez dakit zein zimino eme izugarri daramala bizkar gainean, izen gabeko narrasti bat ari da han orein pilpirati bat jaten, satiro bat dantzan ari da harantzago, bera baino ederragoa den aker batekin; eta askotan hamar zuhaitz desberdineko taldetzat hartzen dugu zuhaitz barne-huts bakar bat, adabegiz beteriko zuhaitz bat, makurra eta konkorduna, eta zuhaitz bakar hori da munstro horiek guztiak irudikatu eta buru bakar batean biltzen dena azkenik, Indiako fetitxeak bezain buru itsusi baten gisara, adar berde bakarrak buru ematen diola. Laurens jaunaren irudiei begiratu bat egiten dioten jende ikusnahiek ez bezate pentsa irudi horietan marraztu dituen olibondoen fisonomia dena baino beldurgarriagoa irudikatu duenik berak. Are eta adibide izugarriagoak ere hauta zitzakeen, eta itxaropena dut Magasin pittoresque artearen eta izadiaren mirarien plazaratzaile nekaezin eta dibertigarri hori egunen batean jarriko dela erakusgarri bikainenak guri eskaintzeko bidean.

        Hala ere, zuhaitz sakratu haiek, zeinetatik bai baitirudi ahots igarleak atera behar dutela, eta haien isla zakarra garbi-garbi ebakitzen duen zeru itsugarri hori irudikatzeko Rousseauren pintzel ausart eta handia beharko litzateke, ez gehiago ez gutxiago. Anbuluak eta mirtoak islatzen diren urek Dupréren beharra lukete. Beste atal txukunago batzuek, izadiak, aske izan arren, arazeria gehiegiaz aire klasiko eta harroa hartzen duten beste atal batzuek, ongi hartuko lukete Corot zorrotza. Hala ere, Hueten ziria izan nahiko nukeen nik eskura, patrikan neramakeen makila magiko baten modura, hango nahas-mahas miresgarria adierazteko, zikoina bere zango luzeak bustitzera hurbiltzen den iturri miteriotsu horren beraren gainera makurtzen den lastodunez, basaloreez, enbor zaharrez eta girlanda saminduez beteriko mundu hori adierazteko.

        Zenbat aldiz ez ote nintzen Decampsekin oroitu mallorcar zaldun zaharra bere jauregi horitu eta erdi hondatuaren atarian ikusirik! Zenbat aldiz ez ote nintzen oroitu karikatura larri eta pintura historikoaren mailara jasotakoaren maisu handiaz, hormei ere izpiritua, poza eta poesia, hitz batean bizitza, ematen dakien gizon burutsu hortaz! Gure klaustroan fraide jantzian jolasean aritzen ziren haur beltzaran ederrak dibertigarriak irudituko zitzaizkion hari. Nahi adina zimino izango zituen han, eta aingeruak ziminoen alboan, giza aurpegiko zerriak, eta gero kerubinak zerriekin nahasturik eta ez hauek baino garbiago gainera; Perica, Galatea bezain ederra, ur zakur bat bezala buztinez lohi eta Eguzkiari barrezka, Lurrean eder den oro bezala.

        Baina zeu zara, Eugenio, nire adiskide zaharra, nire artista maitea, gauez mendira eraman nahi izango nukeena, ilargiak uholde ubela argitzen zuenean.

        Ekinaldi ederra izan zen; hamalau urteko semearekin itotzeko arriskuan egon nintzen arren, semeak ez zuen une batez ere kemena galdu eta nik ez nuen galdu gau hartan izadia erromantiko okitua, ero okitua eta eder okitua bihurtu zela ikusteko ahalmena ere. Neguko euritan abiatu ginen Valldemossatik haurra eta biak, Palmako aduanazain maltzurrei Pleyel pianinoa kentzera. Goiz oskarbi samarra genuen eta bideak zabalik ziren; baina hirian hara-hona genbiltzanean, goian behean hasi zuen euria. Hemen euriaz kexu izaten gara, baina ez dakigu euria benetan zer den: gure eurite luzeenek ez dute bi ordu irauten; hodeiak bata bestearen atzetik igarotzen dira, eta bataren eta hurrengoaren artean tarte txiki bat izaten da beti. Mallorcan, aldiz, hodei iraunkor batek estaltzen du uharte guztia eta hantxe gelditzen da harik eta erabat agortzen den arte; berrogei edo berrogeita hamar orduko tartea izaten da, are lau edo bost egunekoa ere, eta inolako etenik gabe eta beti gogortasun berberaz aritzen du euria.

        Arratsean hartu genuen berriro birlochoa, kartujara hiru ordutan iritsiko ginelakoan. Zazpi behar izan genituen eta ustekabeko aintzira batean igelekin etzateko zorian egon ginen. Birlochoaren gidaria sutan zegoen; mila oztopo jarri zizkigun bidaian ez abiatzearren: zaldia ferratu gabe zuela, mandoa herren zegoela, ardatza hautsi zitzaiola, nik al dakit! Ordurako, baina, nahiko ongi ezagutzen genituen mallorcarrak haren jardunaren aurrean amore emateko, eta azkenean bere eserlekura igotzera behartu genuen; lehenengo orduetan kopetilun joan zen. Ez zuen kantatzen, ez zituen guk eskainitako zigarroak onartzen; ez zion mandoari biraorik ere egiten, eta hori oso seinale txarra zen; heriotza zeraman ariman. Ezagutzen zituen zazpi bideetan okerrena hartu zuen hasteko, beldurtu egingo ginelakoan. Bide hori gero eta gehiago hondoratzen zenez, berehala aurkitu genuen uharra, eta berehala sartu ginen bertan, baina ez ginen gehiago atera. Uhar zintzoa, bere ibilguan gustura ez nonbait eta bidera atera zen; jadanik ez zen biderik, baizik eta ibai bat, eta ibai hartako ur uherrak aurrez-aurre zetozkigun zarata handia atereaz eta trumilka.

        Birlocho maltzurrak txepel inozo batzuk ginela uste izan zuen, baina erabakia hartuta genuela ikusi zuenean, odol hotza berotu zitzaion eta zeruko ganga dardarazteko moduko biraoak eta hitz gorriak esaten hasi zen. Iturburuetako hura hiriraino eramaten duten harlanduzko ubideak hain zihoazen urez gainezka, ezen alegiako igela bezala lehertu baitziren halako batean. Gero, noraezean ibiliaren poderioz, putzuak eratu zituzten, eta padurak ondoren, eta aintzirak geroago eta azkenik, ibaiadarrak landa guztian zehar. Handik gutxira, gidariak ez zekien ez zein santuri erregutu ez zein deabruri amore eman. Zangoak busti zituen, ongi merezitako bustialdian, eta ez gintuen hari errukirik izateko tenorean aurkitu. Gurdia oso ongi itxita zegoen, eta gu lehor ginen artean; baina unetik unera, itsasgora zetorren, nire semearen hitzetan, noraezean gindoazen, izugarrizko astinaldiak hartuz, eta zuloetan sartuz etengabe; azken zuloa hilobi izango genuela iruditzen zitzaigun beti. Azkenik, hainbeste okertu ginen, ezen mandoa gelditu egin baitzen, arima utzi aurretik bere baitara biltzeko bezala; gurdizaina zutitu egin zen eta bideko ezpondara igotzen tematu zen, baina ezponda buruaren parean zuen; bere asmoa bertan behera utzi zuen ilunabarreko argitan ikusi zuelarik ezponda hura Valldemossako ubidea bera zela, baina ibai bihurtuta, eta tarteka gure bidexkara —hau ere ibai bihurtuta, apalagoko maila batean— jauzika erortzen zela.

        Une tragikomikoa izan zen benetan. Beldur pixka bat banuen neuregatik, eta izugarrizko beldurra nire semeagatik. Begiratu egin nion; gurdizainaren itxuragatik barrez ari zen. Gurdizaina zutik zegoen, oinak bere eserlekuaren alde banatara jarrita, eta amildegia neurtzen ari zen, gure kontura batere dibertitzeko asmorik gabe. Nire semea hain lasai eta pozik ikusi nuenean Jainkoaganako konfiantza berreskuratu nuen. Bere patuaren sena bere baitan zeramala sentitu nuen eta haurrek ezin adierazi duten baina beren kopetan hodei bat edo eguzki izpi bat bezala hedatzen den bihozkada hari lotu nintzaion.

        Gurdizaina, ordurako gure patu tristearen esku uzterik ez zuela izango konturatuta, berak ere gure patuarekin bat egin zuen, eta bat-batean itzaltsu bihurturik, esan zuen: «Egon lasai, umeak!», esan zigun aitak erabili ohi duen doinuan. Gero oihu ozen bat bota eta mandoa zigortu zuen; mandoak estropozo egin, irristatu, berriro zutitu, atzera estropozo egin eta erdi itota altxa zen azkenik. Gurdia hondoratu egin zen alde batetik: «Hara!», eta bestetik hondoratu zen gero: «Tira, goazen berriro ere!». Karraska misteriotsuak atera zituen, jauzi miresgarriak egin zituen, eta azkenik garaile atera zen froga hartatik, kroskoa hautsi gabe harkaitzak ukitu dituen ontzi bat bailitzan.

        Salbatuta geunden, lehor geunden; baina mendira iritsi aurretik dozena bat bider ekin behar izan genion berriro gurdi bidezko itsas bidaldi moduko hari. Behingoan iritsi ginen maldara; baina mandoa amildegian atzera egiten hasi zen han, leher eginda baitzegoen, batetik, eta beldurrak airean baitzen, bestetik, uharraren eta mendian zebilen haizearen zarata zela eta. Gurditik jaitsi egin ginen, bakoitzak gurpil batetik bultza egiteko; gurdizainak maisu Oliboroni belarrietatik tira egiten zion bitartean. Horrela jaitsi ginen gurditik ez dakit zenbat aldiz; eta legoa erdia ere bete gabe bidean gora bi ordu egin ondoren, mandoa dardar batean zubiaren bazter batean gelditu zen tokian erabaki genuen gizona, gurdia eta piztia hantxe utzi eta kartujaraino oinez igoko ginela.

        Ez zen lan erraza. Bidexka bizkorra izandakoa ur uhar indar handikoa zen, eta zangoetako indar guztiaz egin behar zitzaion aurre uraren indarrari. Beste uhar batzuk, txikiagoak, bat-batekoak, harkaitz artean jausten ziren zarata handiz eta gure eskuinean hustutzen ziren ustekabean, eta sarritan beste aldera jo behar izaten genuen uharretara iritsi aurretik edo arrisku handiz gurutzatu behar izaten genituen, edozein unetan haietan aurrera ezin egingo genuen beldur. Uholdeka ari zuen euria, tinta baino hodei beltzagoek estaltzen zuten noiznahi ilargiaren aurpegia eta, orduan, lanbro gris ezin iragankorrez inguratuta, haize indartsuak makurtuta, pinuen karraska hotsa eta gure inguruan harrien talkak entzunez, zain gelditu behar izaten genuen, olerkari isekari batek zioen bezala, Jupiterrek kandelari mukia kendu artean.

        Argi eta ilunezko tarte haietan, Eugenio, zeru lurrak diren dizdira eta itzal misteriotsu eta bitxienez zurbiltzen eta berriro argitzen ikusiko zenituen etengabe. Ilargiak bere distira berreskuratu eta haizeak haren aurrean garbituriko zeru tarte batean nagusi izan nahi zuela agertu orduko, han iristen ziren hodei ilunak, ilargia beren mantuen tolesetan estaltzeko irrikitan dauden mamu gaizki nahiak balira bezala. Haren gainetik igarotzen ziren eta batzuetan urratu egiten ziren, Ilargia are eta ederragoa eta errukitsuagoa erakutsi nahiko baligute bezala. Orduan mendiak, urjauziz blai, eta ekaitzek errotik ateratako zuhaitzek kaosaren irudia ematen ziguten. Ez dakit zein ametsetan ikusi eta Flegetongo eta Ereboko uhin gorri-urdinetan bustitako ez dakit zein pintzelekin margotu zenuen akelarre hartan pentsatu genuen. Eta gure aurrean errealitatea balitz bezala agertzen zen infernuko koadro hori ikusi orduko, han desagertzen zen Ilargia, aireko munstroek irentsita, eta oinak non jartzen genituen ere ikusi ezin genuenez, gu geu hodeiak bagina bezala erabiltzen gintuzten linbo urdinxketan uzten gintuen.

        Iritsi genuen noizbait azken mendiko harrizko bidea eta arriskutik kanpo gelditu ginen ur ibilgutik aldendu ginenean. Nekeak akituta geunden, oinutsik, edo hala bageunde bezalaxe; hiru ordu behar izan genituen azkeneko legoa hura egiteko.

        Baina eguraldi ona etorri zen berriro, eta lurrunontzi mallorcarra Bartzelonarako asteroko bidaia egiten hasi zen atzera. Gure gaixoak ezin jasango zuen bidaldi hura, baina Mallorcan aste bat gehiago igarotzea are jasanezinagoa zitzaion. Egoera tamalgarria zen hura; batzuetan itxaropen eta kemen guztia galtzen nuen. Gure samina arintzeko Maria Antoniak eta bere solaskideek etorkizuneko bizitzari buruzko hitzaldirik onbidetsuenak esaten zituzten denek batera. «Hetiko hau, zioten, infernura joango da, hetikak jota dagoelako eta konfesatzen ez delako. —Horrela gertatzen bada, hil ondoren ez dugu lur santuan lurperatuko, eta inork lur eman nahiko ez dionez, hor konpon bere lagunak. Ikusiko dugu nola irteten diren trantze horretatik; niri dagokidanez, ez dut ezer egiteko asmorik. —Ezta neuk ere. —Ezta neuk ere; eta amen!»

        Azkenean alde egin genuen, eta lehenago ere esan dut nolako konpainia eta adeitasuna aurkitu genuen ontzi mallorcar hartan.

        Bartzelonan sartu ginenean, halako presa genuen arraza anker harekikoak behin betiko amaitzeko, ezen ez bainuen izan lurra hartzea amaitu arte itxaroteko egonarririk. Ohar bat idatzi nion estazioko komandanteari, Belvès jaunari, eta txalupa batean bidali nuen. Handik gutxira etorri zen gure bila bere txanelean eta Méléagre ontzira igo ginen.

        Gerrako brick eder hura saloi bat bezain txukun eta dotore zegoen, eta oina han jarri orduko, aurpegi zoli eta adeitsuez inguratuta aurkitu ginen; komandateak, medikuak, ofizialek eta eskifaia guztiak bere laguntasun eskuzabal eta adikorra eskaini zigun; Gautier d'Arc Frantziako kontsul bikain eta espiritualari eskua eman genion eta zubian pozez saltoka hasi ginen, barru-barrutik oihukatuz: «Vive la France!».

        Munduari bira eman eta Polinesiako basatiak utzita berriro zibilizazioan sartu bagina bezala sentitzen ginen.

        Eta kontakizun honen irakaspena da, xumea agian baina bene-benetakoa, gizona ez dela zuhaitzekin, harriekin, zeru garbiarekin, itsaso urdinarekin, lore eta mendiekin bizitzeko sortu, baizik eta gizakiekin, hau da bere kidekoekin, bizitzeko.

        Gaztaroko egun nahasietan bakardadea hartzen dugu erasoen kontrako babeslekutzat, borrokan harturiko zaurien kontrako erremediotzat; baina akats handia da hori, eta bizitzaren esperientziak erakusten digu gure kidekoekin bakean ezin bizi garenean ez dagoela ez lilura poetikorik, ez atsegin artistikorik, arimaren barruan sortzen den arrakala beteko duenik.

        Nik beti amets egin nuen basamortuko bizitzarekin, eta ameslari orok aitortuko du fantasia hori bera izana inoiz. Baina sinetsidazue, anaiak, gure bihotza maitatzen ohituta dago, hain ohituta ere ezen ezin baikara batzuk besteak gabe bizi; eta egin dezakegun gauzarik onena elkar eramatea dugu; izan ere, bular beretik edoskitzen duten haurrak bezalakoak gara: elkarri traba egin, elkarrekin borrokatu eta are elkar jo arren, ezin sekula elkarrengandik aldendu.

 

AMAIERA

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia