III. kapitulua

 

        Ezin dut kontakizun honekin aurrera jarraitu Valldemossako eliz gertakarien azalpena egin gabe; izan ere, gurekin harremana izan zuten herritarren debozio gartsuaz hitz egiteko, ezinbestean aipatu beharrekoa dut haiek harrotasunez goresten duten santu bat, zeinaren bizileku xumea ere erakutsi baitziguten.

        «Valldemossan jaioa zen Katalina Tomas, Pio VI.a aita santuak 1792an dohatsu aitortua. Neskatxa santu haren bizitza askotan idatzi dute, Antonio Despuig kardinalak azkenekoz. Bizitza lañoa eta zintzoa izan zuen. Jainkoak, dio elezaharrak, goizik eman zion arrazoia bere zerbitzariari; barauak zorrotz betetzen zituen, Elizak agintzen duena baino gazteagoa izanik ere. Gazte-gaztetan hasi zen egunean jatordu bakarra egiten. Hain zien debozio handia Salbatzailearen pasioari eta haren Ama Santuaren oinazeei, ezen bere ibilaldietan etenik egin gabe errezatzen baitzuen arrosarioa, olibondoen eta legeltxorren hostoez baliatuz hamarrekoak kontatzeko. Viejecita, atso xaharra, ezizena jarri zioten bakardadea eta erlijio ariketak gogoko zituelako, eta dantzetatik eta jai mundutarretatik urrun bizi zelako. Bere bakartasunak eta barauak, hala ere, bazuten saririk, aingeruak eta zeruko gorte guztia etortzen baitzitzaion bisitan: Jesukristo, Ama eta santuak zerbitzari bihurtzen ziren; gaixotzen zenean Mariak zaintzen zuen; erortzen zenean San Brunok jasotzen zuen; iluntzen zuenean San Antoniok laguntzen zion, pitxerra iturrira eramanez eta beteaz; Santa Katalina bere zaindariak orrazten zuen eta laguntzen zion gauza guztietan, ama zuhur eta erneak egingo lukeen bezalaxe; deabruarekin izan zituen borroketan sortutako zauriak —neskatxaren garaipena ez baitzen borrokarik gabe lortua— San Kosmek eta San Damianek sendatu zizkioten; azkenik, San Pedro eta San Paulo albo banatara izaten zituen tentazioetan laguntzeko eta defenditzeko.

        »Katalinak Palmako Santa Madalenaren monasterioan hartu zuen San Agustinen ordena; penitenteen eredu izan zen, eta Elizak bere otoitzetan abesten duen bezala, zintzoa, pobrea, garbia eta umila izan zen. Katalinaren historialariek igarkizunaren izpiritua eta mirarien dohaina aitortzen diote. Historialari horiek diotenez, Katalinak, behin, Pio V.aren osasunagatik Mallorcan otoitz egiten ari zirela, otoitzak etenarazi eta esan omen zuen ez zela gehiago otoitz horien beharrik, aita santuak orduantxe bertan utzia zuela mundu hau; eta hala gertatu zen gertatu ere.

        »Katalina 1574ko apirilaren 5ean hil zen, Salmugilearen hitzak esaten ari zela: «Jauna, zure esku uzten dut nire izpiritua».

        »Haren heriotza ezbehar handia izan zen ororentzat; ohore handienak eskaini zitzaizkion. Mallorcako dama errukitsu batek, Juana de Pochs andreak, santua lurperatzeko hasieran hartu zuten zurezko hilkutxa aldatu zuen, eta alabastrozko hilkutxa zoragarri bat eskatu zuen Genoara; horrez gainera, dohatsuaren translazio egunerako meza bat eta Santa Katalina egunerako beste bat, hura baitzuen zaindari, agindu zituen bere testamentuan; eta eskatu zuen, orobat, santuaren hilobian beti egon zedin lanpara bat, argi egiten.

        »Gaur egun neskatxa santu haren gorpua Santa Eulalia parrokiako mojen komentuan dago; Despuig kardinalak aldare bat eta erlijio zerbitzu bat eskaini dizkio han.»

        Atsegin handiz ekarri dut hona elezahar hau, ez baita nire asmoa, inolaz ere, inoren santutasuna ukatzea: arima sutsuen egiazko eta asmo oneko santutasunaz ari naiz noski. Nahiz eta Valldemossako neskatxa nekazari haren gogo beroak eta irudipenek ez duten kristautasunaren garai zoriontsuko santuen iragarpenen eta estasien balio filosofiko berbera, hala ere, Santa Jenobeba artzaintsa poetikoaren eta Juana Arc-ekoa artzaintsa handiaren kideko da viejecita Tomasa. Erromako elizak ez ditu inoiz herriko ume apalenak baztertu ohore handieneko lekuetatik zeruetako erreinuan; baina iritsi da, aldiz, herritarrei lurreko erreinuan leku gehiago eman nahi dien apostoluak kondenatzen eta zapuzten dituen garaia. Katalina pagesa zintzo, pobre, garbi eta umila zen: Valldemossako pagès-ek ez dute onurarik atera, ordea, eredu horietatik, eta ez dute batere ulertu haien bizitza, hainbesteraino ezen egun batean nire haurrak harrikatu nahi izan zituzten nire semea komentuko hondakinak marrazten ari zelako, itsuskeria handia omen zelako. Elizak egiten zuen gauza bera egiten zuten haiek ere: esku batekin fede zigorraren sua pizten zuten, eta bestearekin, berriz, beren santuen eta beren dohatsuen irudiak intsentsatzen zituzten.

        Valldemossako herria, zeina hiri izateko eskubidea izateaz harro baitago arabiarren garaiaz geroztik, mendi magalean dago, Kartujaren maila berean; Kartujaren eranskina dela ematen du. Itsas antxeten habia pila bat da; ia ezin iritsizko paraje batean dago, eta bertako biztanle gehienak arrantzaleak dira, goizean goiz etxetik irten eta gauera arte itzultzen ez diren arrantzaleak. Egunez, beraz, herria emakumez beterik dago, munduko emakume berritsuenez beterik; etxeko atarian egoten dira senarren sareak eta frakak konpontzen, ahots betean kantari. Emakumeak gizonak bezain elizkoiak dira, baina emakumeen debozioa ez da gizonena bezain jasangaitza, zintzoagoa baita. Beste sexuarekiko duten nagusitasuna da hori, bai han eta baita munduko beste bazterretan ere. Emakumeek gurtzaren jarduerekiko duten lotura, oro har, gogo beroak, ohiturak edo sinisteak eragina da; gizonezkoengan, aldiz, handikeria edo onura kontua izaten da ia beti. Horren froga nahiko argia Frantziak erakutsi zuen, Luis XVIII.a eta Karlos X.a erregeen agindupean: administrazioko lanpostuak aitortza txartel baten edo meza baten truke lortzen ziren erreinaldi haietan.

        Mallorcarrek fraideenganako zuten atxikimenduak diruzalekeria du oinarri; eta hori ondo azaltzeko erarik egokiena Marliani jaunaren iritzia aipatzea izango dut. Iritzi horrek uste ona merezi du, eta are merezimendu handiagokoa, kontuan harturik gaur egungo Espainiako historialariak ez dutela onartzen 1836an fraideak kanporatzeko hartu zen neurria.

        «Lurjabe onberak —dio— eta beren aberastasunekiko kezka handirik gabekoak ziren, eta benetako interesak sortu zituzten beraien eta nekazarien artean; komentuaren lurrak lantzen zituzten maizterrek ez zuten zorroztasun handirik jasaten ez alokairuen zenbatekoari eta ez ordainketa maiztasunari dagokionez. Fraideek, etorkizunik ez zutenez gero, ez zuten aberastasun handirik biltzen, eta norberaren izate materialaren beharrak asetzeko ondasun nahiko biltzen zutelarik, adeitsu ziren gainerakoan. Fraideen espoliazioak min handia egin zion nekazariek alferkerian eta berekoikeriaz bizitzeko zuten asmoari: berehala ohartu ziren gobernua eta lurjabe berria familia eta gizarte ardurarik gabeko bizkarroi talde bat baino zorrotzagoak izango zirela. Jantokiaren inguruan biltzen ziren eskaleek ez zuten aurrerantzean alfer asebete haien hondarrik bilduko.»

        Nekazari mallorcarren karlismoaren funtsa materiala da soil-soilik, ez baita Espainiari buruz hark baino abertzaletasun sentimen ahulagoa duen probintziarik, ezta politikaren garrak hain gutxi asaldatzen duen biztanlerik ere. Antzinako ohiturak zuzpertzeko isilpeko botoak egiten bazituzten ere, nahasmendu ororen beldur ziren, edozein motatakoa zela ere; eta gu uhartean ginela, uhartea setio egoeran jarri zuen asaldurarekin berdin-berdin izutu ziren Karlosen aldekoak zein Isabelen aldekoak. Asaldura hark nahiko garbi erakusten du ez mallorcarren koldarkeria (ez dut zalantzan jartzen soldadu onak izateko gai direnik), baizik eta ondasunaren kezkak eta atseden zalekeriak sortzen dien ezinegona.

        Apaiz zahar batek etxean bidelapurrak sartu zitzazkiola amets egin zuen gau batez; erabat aztoraturik jaiki zen, amesgaiztoaren zirrararen ondorioz, eta bere zerbitzaria esnatu zuen. Zerbitzariak, ugazabaren izua bere eginik eta zer gertatu zen ere jakin gabe, bizilagun guztiak esnatu zituen bere oihuekin. Herri osoan zehar zabaldu zen izua, eta handik uharte osora. Karlisten gudarosteak Mallorcan lur hartu zueneko berria guztiei josi zitzaien gogoan, eta kapitain jeneralak apaizaren azalpena entzun zuen; apaizak karlistak ikusi zituela baieztatu zuen, zela atzera egiteak lotsa ematen ziolako, zela bere izpiritu beldurtua sukar ametsak hartu zuelako. Berehala hartu ziren arriskuari aurre egiteko neurri guztiak: Palma setio egoeran ezarri zuten, eta uharteko gudarostea gudarako prestatu zen.

        Baina han ez zen ezer agertu, ez zen laharrik mugitu, ez zen oin atzerritarren arrastorik gelditu itsasbazterreko hondarrean, Robinsonen uhartean bezala. Agintariek zigorra ezarri zioten apaizari, barregarri utzi zituelako, eta zoroekin egiten den bezala haizea hartzera bidali ordez, espetxera bidali zuten matxinatuekin egiten den bezala. Ez zituzten, ordea, hartutako neurriak indargabetu, eta guk Mallorca utzi genuenean, Marotoren hilketen garaian, indarrean zen oraindik setio egoera.

        Gauza benetan bitxia zen mallorcarrek Espainia aldea astintzen ari ziren nahasmenduen berri elkarri ematerakoan erabili ohi zuten halako misterio moduko hura. Inork ez zuen kontu haietaz hitz egiten, ez bazen senitartean, eta ahapeka orduan ere. Ez gaiztakeriarik, ez tiraniarik benetan ez dagoen herri batean, ezin uler daiteke nolatan den nagusi halako mesfidantza irudikorra. Ez dut irakurri Palmako egunkariko artikuluak baino gauza barregarriagorik, eta beti damutu izan zait aleren bat edo beste ez ekarri izana Mallorcako eztabaiden erakusgarri. Baina hona hemen, doi-doian, gertaera haien berri eman ondoren nolako iruzkinak egiten zituzten haien esanahiari eta egiatasunari buruz:

        «Aipatutako gertaerak egiazkotzat hartzeko modukoak irudituko zaizkie haiek onartzeko prest daudenei, baina guk gure aldetik ezin itzuri dezakegu gure irakurleei gertaerak epaitu aurretik aurrerantzean zer gertatzen den azter dezaten gomendioa egitea. Era horretako gertaeren aurrean izpirituan ernatzen diren gogoetak umotu egin behar dira zalantzan jarri nahi ez dugun baina, era berean, funtsik gabeko egiaztapenetan oinarritu nahi ez dugun egiatasun hori iritsi artean. Espainiaren etorkizuna oihal gisako baten azpian dago ezkutaturik, eta hemendik denbora gutxira kenduko zaio oihal hori, baina ez beza zuhurtziarik gabeko esku batek kendu dagokion garaia baino lehenago. Hori gertatu bitartean ez dugu gure iritzia emango eta izpiritu zentzudun guztiei aholku ematen diegu ez daitezen alderdi baten edo bestearen alde jarri harik eta egoera argitzen den arte», etab.

        Zuhurtzia eta begiramena dira mallorcarren izaeraren ezaugarri nagusiak, mallorcarren beren iritzian. Nekazariak beti erantzungo dio zure diosalari mendian haiekin topatuz gero; baina haren adiskide izan gabe hitz erdi bat gehiago egiten badiozu, ongi asko begiratuko da zuri erantzutetik, bere dialektoan hitz egiten badiozu ere. Nahikoa da atzerritar itxura izatea zure beldur izateko eta beren bidetik aldaratuko dira zurekin topo ez egitearren.

        Hala ere, jende bihoztun haiekin elkar ondo ulertuko genukeen elizara joan izan bagina. Ez zuten horregatik guri imurtxi egiteko aukerarik galduko, baina haien soroetan lasai ibili ahal izango ginatekeen, sasi artetik harri koskor bat burura jaurtiko ziguten beldurrik gabe. Zoritxarrez, hasieran ez ginen ohartu hori izango genuela jarrera zuhurrena, eta gure egonaldia ia amaituta zegoen arte ez genuen ikusi zenbateraino zitzaien gure jokabidea eramanezina. Paganoak, mahometanoak eta juduak ginela esaten ziguten, eta horixe zen haien iritziz inor izan zitekeen gauzarik txarrena. Alkateak gaitzetsi egiten gintuen bere mendekoen aurrean; ez dakit apaizaren sermoietako hizpide ote ginen. Nire alabaren alkandorak eta galtzak ere eskandalugarriak iruditzen zitzaizkien. Eta begi txarrez ikusten zuten bederatzi urteko neskatxa gazte bat gizonezkoz mozorrotuta mendian korrika ibiltzea. Eta ez ziren nekazariak izaki itxurati bakarrak.

        Igandetan, elizkizunetara berandu zihoazenei deituz herrian eta bide guztietan entzuten zen tronpeta hotsa alferrik etortzen zitzaigun Kartujara bila. Gorrak ginen, ez baikenuen hura ulertzen, eta ulertu genuenean, are gorragoak izan ginen. Orduan, Jainkoaren aintza mendekatzeko, guztiz kristaua ez zen sistema bat aurkitu zuten. Elkar hartu zuten arraina, arrautzak eta barazkiak urre prezioan bakarrik saltzeko guri. Ezin genuen ez salneurririk ez araurik eskatu. Oharrik txikiena egin orduko Ez duzu nahi erantzuten zigun pagèsak Espainiako handikien harrotasunaz, eta han sartzen zituen berriro bere tipulak eta patatak zorroan; bada ez dituzu izango. Eta harro-harro joaten zen, eta alferrik genuen hura itzularazten saiatzea elkar aditzeko. Barau egitera behartzen gintuen, tratua egin nahi izateagatik.

        Barau egin beharrean geunden, beraz. Saltzaileen artean ez zegoen ez lehiarik ez beherapenik. Lehenengoaren atzetik zetorrenak haren bikoitza eskatzen zuen, eta hirugarrenak, berriz, hirukoitza; hortaz, anakoretak bezala bizitzera beharturik geunden, eta hala ere, Parisen printzeak bezala bizitzea baino garestiagoa zen.

        Kontsularen sukaldariaren bitartez Palman hornitzeko aukera genuen; hura izan zen gure salbamena, eta Erromako enperadore izan banintz, konstelazioen zerrendan jarriko nukeen haren kotoizko txapela. Baina euria ari zuen egunetan, ezin izaten zen aurkitu eman daitekeen diru guztia emanda ere bide haietan arriskuan jarriko zen mezularirik; eta bi hilabetez aritu zenez euria, txibia baino ogi gogorragoa jan genuen eta kartujoek jaten zuten berbera afaldu behar izan genuen behin baino gehiagotan.

        Eragozpen hutsala izango zitekeen hori baldin eta gu guztiok osasuntsu egon bagina. Janariari dagokionez, neurrizkoa eta gogorra naiz ni izatez. Nire seme-alaben gose itsuak edozer gauza bihurtzen zuen jaki gozo, eta atsegingarria iruditzen zitzaien limoi berdea. Nire semea ahul eta eri iritsi zen Mallorcara, baina mirariz bezala ari zen bizkortzen eta erreuma eritasun larri batetik sendatzen hasi zen, goizetik gauera aritzen baitzen korrika, ihesi doan erbi baten antzera, mendietako landareen artetik, gerriraino busti-busti eginda. Probidentziak gaixo harengan mirariak egiteko aukera ematen zion izadi zintzoari; nahikoa genuen gaixo batekin.

        Besteak, ordea, hezetasunarekin eta urritasunarekin onera egin ordez okerrera egiten zuen, era beldurgarrian egin ere. Palmako mediku guztiek kondenatu bazuten ere, hark ez zuen eritasun sendakaitzik; baina dieta sendogarririk ezak ezin gaindituko ahuldura egoeran utzi zuen hotzeri baten ondoren. Amor eman zuen, norberak amor ematen dakien bezala, bere kabuz; eta guk ezin genuen haren ordez amor eman, eta horrela ezagutu nituen lehenengo aldiz arazo txikiek sortutako nahigabe handiak; piper beltz gehiegi duen edo zerbitzariek desagerrarazi duten salda batek sor dezakeen haserrea; inoiz iristen ez zen ogi freskoak edo mando baten gainean uhar bat zeharkatzean belaki bihurtu den ogiak sor dezakeen larritasuna. Ez dut oroitzen Pisan edo Triesten zer jan nuen, baina ehun urtetan biziko banintz ere, ez nuke inoiz ahaztuko horniduren zorroa Kartujara iristen zen unea. Zer ez nukeen emango gure eriak egunero bere katilu salda eta Bordeleko ardo pixka bat izan zezan! Mallorcako jakiek, eta batez ere gu behar bezain adi ez geundenean jaki haiek prestatzeko zuten erak izugarrizko nazka ematen zioten gure gaixoari. Nazka hori zenbateraino zen arrazoizkoa azaldu behar ote dut? Behin, oilasko ihar-ihar bat atera ziguten; oilaskoaren bizkarretik ateratzen zen ke artean maître Floh izugarriak ikusi nituen saltoka, Hoffmann-ek asmatutako izpiritu gaiztoak, baina hark saltsan jango ez zituzkeenak. Nire seme-alabak barre batean hasi ziren eta hainbeste barre egin zuten ezen mahai azpira erori ziren ia-ia.

        Mallorcako sukaldaritzaren oinarrizko osagarria zerrikia da ia beti, diren era eta itxura guztietan prestatuta. Hemen primeran letorke saboiatar txiki batek bere taberna zuloa goretsiz eta gogo beroz esan ohi zuen esaera zahar hura, han bost haragi mota hauek jan zaitezkeela alegia: zerrikia, urdekia, gizena, urdaiazpikoa eta urdaia. Jakin badakit Mallorcan bi mila jakitik gora prestatzen direla zerrikiaz, eta berrehun hestebete gutxienez, baratxuri, piper, piper beltz eta era guztietako bizigarri erregarriz gazituak, halako eran non bizia arriskuan jartzen den puska bati kosk egin orduko. Mahaian hogei jaki ikusten dituzu mota guztietako jaki kristauen antzekoak: ez zaitez fio, baina; deabruak berak maneatutako infernuko drogak dira eta. Bukatzeko, postrerako, oso itxura oneko tarta gozo bat dator, laranja azukreztatuak diruditen fruitu atalekin; zerrikizko opil bat da, eta baratxuria, tomatigas zatiak, tomateak eta piperrak ditu; gainetik gatz zuriz hautseztatua dago, baina azukrea irudituko zaizu gozoa baita itxuraz. Badaude oilaskoak jakina, baina hezur eta axal daude denak. Valldemossan, haiek gizentzeko ale bakoitza erreal batean salduko ziguten, seguru asko. Itsasotik ekartzen ziguten arraina oilaskoak bezain zapala eta lehorra zen.

        Behin, txipiroi handi bat erosi genuen, haren azterketa egiteko gogoz. Ez dut sekula hura baino animalia izugarriagorik ikusi: gorputza indioilar batek bezain lodia zuen, begiak laranjak bezain handiak, eta garroak berriz meheak eta higuingarriak, luzetxoak, lauzpabost oin luzeak. Arrantzaleek jaki bikaina zela esan ziguten. Baina animalia haren itxura ez zitzaigun batere gustatu, eta Maria Antoniari eman genion; hark oso gustura prestatu eta jan zuen.

        Txipiroi harenganako gure mirespenak jendearen barrea eragin zuen, baina handik egun batzuetara etorri zitzaigun guri txanda. Mendian behera gindoazela pagèsak ikusi genituen beren lanak bere horretan utzi eta bide bazterrean geldi zegoen jende multzoarengana hurbiltzen korrika; bide bazterrean zeudenek bi hegazti zoragarri, izugarri, ikusgarri, harrigarri zeramatzaten otarre batean. Mendialdeko biztanle guztiak asaldaturik zeuden hegazti ezezagun haiekin. «Zer jaten du?» galdetzen zuten batzuek animaliei begira. Eta beste batzuek horrela erantzuten zuten: «Baliteke ezer ere ez jatea! —Non bizi dira, lurrean ala itsasoan? —Seguru asko, airean biziko dira beti». Bi txori haiek jendearen harridurak itota hiltzeko zorian egon ziren; ez ziren ez kondorrak, ez fenixak, ez hipogrifoak, oilategiko bi antzara eder baizik, jaun dirudun batek bere lagun bati opari bidaliak.

        Mallorcan, Venezian bezalaxe, ugariak eta gozoak dira likoreak. Moskatel bat hartu ohi genuen, Adriatiko itsaso bazterrean edaten den Zipreko ardoa bezain gozoa eta merkea. Mallorcarrek ez dute ezagutzen ardo beltzak egiteko artea, eta ardo latz, ilun, mindu, alkohol askokoak egiten dituzte, eta Frantziako ardorik arruntena baino askoz ere garestiagoak, gainera. Ardo bero eta hordigarri horiek guztiak kaltegarriak ziren gure gaixoarentzat eta baita gainerakoentzat ere; hain ziren kaltegarri, ezen ia beti ura edaten genuen, bertako ur zoragarria. Iturri hartako uraren garbitasuna zen, beharbada, iritsi eta berehala nabaritu genuen gertaera baten arrazoia: hortzak zuri-zuri jarri zitzaizkigun, lurringile finenaren arteak ere ez zien paristarrei halako zuritasunik emango. Dena dela, gure derrigorrezko jate urria izango zen agian benetako arrazoia. Gurinik ez genuenez, eta ezin jasan genituenez bertako sukaldaritzan erabiltzen ziren gantza, olio nazkagarria eta jakiak kiskaltzeko zuten ohitura, ez genuen haragi xerra meheak, arraina eta barazkiak besterik jaten, eta horri guztiari uharreko ura botatzen genion saltsa modura; zenbaitetan, jatekoa gozatzeko, gure lorategi txiki hartan bildutako laranja baten zukua eransten genion urari. Postreak, aldiz, ezin hobeak ziren: Malagako batatak eta Valentziako kuia azukreztatuak, eta mahats mordoak, Kanaango mahatsa bezain bikainak. Mahats luzaxka da, kolorez zuria edo gorria, eta azal lodi batean bildua; azal horri esker irauten zuen fresko urte osoan zehar. Zoragarria zen, eta nahi adina jan zitekeen, ez baitzuen gure mahatsak ematen duen sabel astuntasunik eragiten. Fontainebleauko mahatsa urtsua eta freskoa da; Mallorcakoa, berriz, azukretsua eta mamitsua. Batek badu zer jan, besteak badu zer edan. Baziren hogei eta hogeita bost libra bitarteko mordoak; pintorearen mirespena sortuko zuketen. Huraxe izaten genuen irtenbide bakarra urritasun garaian. Nekazariak mahatsa garesti saltzen zigutelakoan zeuden, prezioa lau halakotu baitziguten; haiek ez zekiten, ordea, gure herrian ordaintzen genuenaren ondoan, prezio merkea zela hura guretzat; horrela izan genuen elkarri iseka egiteko aukera. Indipikuei dagokionez, bat etorri ginen guztiak: ezagutzen dudan fruiturik higuingarriena da askogatik.

        Bizimodu gartxu horren baldintzak, behin eta berriz diot, ez balira izan hain kaltegarriak eta are galgarriak gutako batentzat, gainerakoei nahiko egokia irudituko zitzaigukeen berez hango bizimodua. Mallorcan ere lortu genuen nolabaiteko ongizatea, kartuja abandonatu batean, munduko nekazari maltzurrenekin hainbeste istilu izanda ere. Bagenituen leihoak, ateak eta baita berogailu bat ere, parerik gabea gainera: Palmako errementari batek egin zuen guretzat bereziki; ehun libera ordaindu genituen harengatik. Burdinazko zilindro batez eta leihotik irteten zen hodi batez osatua zen. Ordubete behar izaten genuen berogailua pizteko, eta behin piztuta zegoenean, gori-gori jartzen zen; hortaz, kea ateratzeko ateak denbora askoan zabalik eduki ondoren, berehala ireki behar izaten genituen berriro, beroa ateratzeko. Bestalde, bere burua labegiletzat zuenak orez estali zuen berogailua barrutik, indiarrek debozioz —jakina denez behia animalia sakratutzat dute indiarrek— beren etxeak eta beren buruak biltzeko erabiltzen duten antzeko ore batez. Usain santu hori arimaren garbitzaile bada ere, zin dagit ez dela zentzumenen gozagarri. Oreak lehortzeko behar izan zuen hilabetea Dantek lausengariak ikusi uste izandako infernuko zirkulu haietako batean sartuta bageunde bezala igaro genuen. Alferrik bilatzen nuen neure gogoan zein akats egin nuen halako oinazea merezi izateko, zein botere intsentsatu nuen, zein aita santu edo zein errege adoretu nuen bere okerrean nire gorespenekin; ez neukan kontzientzian ez ganbarako mandataririk ez giltzaririk, ezta jendarme edo kazetari bati egindako gurrik ere!

        Zorionez, kartujo botikariak benjui zoragarri bat saldu zigun, komentuko elizan Jainkotasunaren irudia intsentsatzeko erabiltzen zen lurrin horniduran soberakin gelditutakoa; eta jario zerutiar horrek gainditzen zituen gure gelan infernuko zortzigarren hobiko lurrinak.

        Altzari zoragarriak genituen: uhalezko ohe akats gabeak; lastaira gogor samarrak, Parisen baino garestiagoak, baina berriak eta garbiak; eta uataz estalitako indiar oihal zulodunezko ohe estalki handiak, juduek Palman modu onean saltzen dituzten horietakoak. Uhartean bizi zen emakume frantses batek Marseillatik berarentzat bereziki ekarritako zenbait luma libra eman zizkigun; luma haiekin bi buruko egin genizkion gure gaixoari. Luxu handia zen hura lurralde hartarako, non antzarak izaki liluragarritzat dituzten, eta oilaskoek, gerrenetik irten ondoren ere, oraindik hazkura duten.

        Bagenituen mahai ugari, lastozko aulki batzuk, gure nekazarien txaboletan izaten direnen antzekoak, eta zur zuriko sofa lohi bat, lastaira oihalezko burukoak, artilez beteak zituena. Gelako zorua, gorabehera askokoa eta hautsez betea, lasto luzez egindako Valentziako tapizez —eguzkiak horitutako soro bat ematen zuten—, eta ile luzeko arkume larruez, Mallorcan bikain ontzen dituzten oso larru fin eta zuriez, estalita zegoen.

        Afrikan eta Ekialdean bezalaxe, Mallorcako etxe zaharrenetan ere ez da armairurik izaten, eta are gutxiago, kartujako geletan. Norberaren gauzak zur zuriko kutxa handietan gordetzen dira. Gure larruzko maleta hori handia altzari dotoretzat har zitekeen Mallorcan. Bidaian erabili genuen koloretako alfonbra handi bat, ohe errezel bikain bihurtu zen, eta Felanitx-eko buztinezko ontzi xarmant batekin —arabiar estilo garbiko forma eta irudiekikoa— apaindu zuen nire semeak berogailua.

        Felanitx Mallorcako herri bat da, eta bertako ontziak Europa osora eramateko mailakoak dira: ontzi arinak dira, hain arinak, ezen kortxozkoak direla esan zitekeen, eta hain ore finekoak dira, ezen buztinezkoak bainoago gai preziatu batez eginak direla pentsa litekeen. Pitxar gisa erabiltzen diren pegar txiki zoragarriak egiten dituzte han, ura fresko-fresko gordetzen dutenak. Buztina porotsua da, hain porotsua ezen ura zuloetatik kanpora isurtzen baita, eta eguerdirako huts-hutsik gelditzen baita ontzia. Ezer ez dakit fisikaz, eta agian, azalpen inozo baino inozoagoa egingo nuen; baina niri zoragarria iruditzen zait, eta buztinezko nire ontzia miragarria iruditzen zitzaidan askotan: ontzia urez bete eta berogailuaren gainean uzten genuen, berogailuaren gaineko burdinazko xafla gori-gori egon arren, eta behin baino gehiagotan gertatu zen ura ontziaren zuloetatik irten eta ontzia xafla kiskalgarri haren gainean erabat lehorturik ere, han ez zela ontzirik puskatu. Ontzian ur tanta bakar bat bazegoen, izotzak bezain hotz irauten zuen, nahiz eta berogailuaren beroak erabat belzten zituen gainean jarritako egur puska guztiak.

        Kanpoko hormatik hartutako huntz zerrenda batez apaindutako ontzi eder hura gaur egungo gure Sèvresko ontzi urreztatua baino gozagarriagoa zitzaion artistaren begiari. Hiru astetan eztabaidan aritu ondoren, eta behin laurehun libera ordaindu genituenean, berreskuratu genuen mugazainen eskuetatik Pleyelen pianinoa, zeinaren doinu zoragarriak betetzen zuen gelako ganga garaia eta oihartzun handikoa. Azkenik, sakristauak baimena eman zigun Kartujako kapera zaharrean arratoiek eta harrek karraskatzen ari ziren haritzezko aulki landu gotiko eder bat gure gelara eramateko; liburutegi gisa erabiltzen genuen aulki hura, eta aulkiaren irudi zizelatu arinek eta ziri zorrotzek, lanpara beltz ederraren argitan bere irtenune beltz ederren eta orratzen itzala horman handitua islatzen zutelarik, nabarmendu egiten zuten gela hura oso antzinakoa eta monasterio bateko atala zela.

        Gomez jaunak —Son Vent-eko jabe ohia, etxea ezkutuan alokatu ziguna gaizki ematen zuelako Mallorcako hiritar bat bere ondasunekin salerosian aritzeak— izugarrizkoak bota zizkigun eta auzitara eramango gintuela mehatxu ere egin zigun buztinezko zenbait plater puskatu (estropeado) genizkiolako, eta Txinako portzelanaren prezioan ordaindu behar izan genituen. Horrez gainera, etxe osoaren zuritze eta eraberritze lanak ordainarazi zizkigun (mehatxupean betiere), marranta hartu zuenaren kutsua kentzeko. Dena dela, onurarik gabeko gaitzik ez da, eta alokairuan utzitako etxean zegoen arropa guztia saldu zigun, baina guk ukitutako gauza guztietatik aldentzeko presa bazuen ere, ondo gogoratu zen bere arropa zaharra arropa berriaren prezioan erosi genion arte tratuan aritzeaz. Hari esker, ez genuen lihoa erein behar izango mihiseak eta mantelak nahi bagenituen, bere morroiei alkandorak ematen zizkien italiar jaun harekin bezala.

        Ez dezala inork salatu gorabehera horiek guztiak salatuz umekeriaz jokatu dudanik, haiek ez baitidate eman, bene-benetan, nire zakuari eragin zioten galera txikia baino atsekabe handiagorik; baina inork ere ez dit ukatuko gizakiak direla norberarena ez den herri batean azter daitekeen gauzarik interesgarriena, eta esaten dudanean mallorcarrekin izandako diru tratu guzti-guztietan, baita txikienean ere, haiengandik asmo txar lotsagabea eta diruzalekeria traskaila jaso nuela trukean, eta horri eransten diodanean gure fede ezagatik gurekin haserre zeudela itxura eginez erakusten zigutela beren debozioa, hori guztia esaten dudanean onartuko zait arima xumeen errukia —gure garaiko kontserbadore batzuek hain goretsia— ez dela beti munduko gauzarik onuragarriena eta zuzenena, eta Jainkoa ulertzeko eta goresteko beste era batzuk izan nahia opa behar dugula. Niri dagokidanez, egia orokor horiek behin eta berriro entzuteaz nazkatuta nago: krimena dela eta arriskutsua dela fede ustel eta okerrenari ere kontra egitea, ez baitago fede horren ordezkorik; azterketa filosofikoak eta iraultzaren zoramenak kutsatu gabeko herriak bakarrik direla garbiak, txeratsuak eta zintzoak; horiek bakarrik gordetzen dituztela poesia, handitasuna eta antzinako bertuteak, etab. eta beste leku batzuetan baino barre apur bat gehiago egin dudala Mallorcan aitzakia larri horiekin. Ikusten nuenean filosofiaren higuinean heziak ziren nire seme-alabatxoek pozik laguntzen eta zaintzen zutela gaixorik zegoen lagun bat, beraiek bakarrik, ehun eta hirurogei mila mallorcarren artean, kutsatzailetzat hartzen zen gaixotasunari ankerkeria handienaz, izu nagienaz, bizkar emango lioketen mallorcar haien artean: hura guztia ikusten nuenean, deabru txiki haiek santu eta apostolu guztiek baino arrazoi eta karitate handiagoa zutela esaten nion nere buruari.

        Jainkoaren zerbitzari errukitsu haiek guztiek esaten zidaten oker handia nuela nire seme alabak kutsatzeko arriskuan jartzea, eta gaixotasun hori bera bidaliko ziela zeruak nire itsutasuna zigortzeko. Nik erantzuten nien, nire familian, senideren batek izurria hartuko balu, gainerako senideak ez liratekela haren ohe albotik urrunduko; erantzuten nien Frantzian ez genuela gaixoak abandonatzeko ohitura, ez iraultzaren aurretik, ez haren ondoren; erantzuten nien espainiar presoek, eritasun larriagoekin eta kaltegarriagoekin zeharkatu zituztela gure soroak Napoleonen gerren garaian, eta gure nekazariek espainiarrei beren katilua eta arropa utzi ondoren, ohea ere eman zietela eta haien alboan gelditu zirela gainera; erantzuten nien zaindari egoteagatik gaitzak hartu zituela nekazari haietako asko eta asko eta kutsatuta hil zirela, eta bizirik iraun zutenek abegi onez eta kupidaz jokatu zutela halere: mallorcarrek burua astindu eta irribarre egiten zuten errukiz. Lagun hurkoari laguntza ematearen printzipioa ezin barneratu zuten, eta ezin barneratu zuten orobat atzerritarrarekin zintzo eta adeitsu izatekoa ere.

        Dena dela, uhartearen barrualdera joan diren bidaiari guztiak harriturik gelditu dira mallorcar nekazariek egin dieten harrera onagatik eta haien eskuzabaltasunagatik. Mirespenez idatzi dute ostaturik egon ez arren, erraza eta atsegingarria zela soroetan barrena ibiltzea, eta gomendiozko gutun batekin beren etxean hartzen zintuztela, ostatu ematen eta ongi etorri beroa egiten zizutela, doan. Gomendiozko gutun soil hori garrantzi handikoa da, nire ustetan. Baina, bidaiari horiei ahaztu egin zaie esatea Mallorcako kasta guztiak, eta beraz biztanle guztiak, interesezko elkartasunean bizi direla, eta elkartasun horrek harreman onak eta errazak sortzen dituela haien artean, baina harreman horietan ez dela sartzen ez erlijiozko errukia ez gizarte kidetasuna. Hitz gutxitan azal daiteke ondasun egoera hori zertan den.

        Mallorcako nobleak aberatsak dira oinarrizko ondasunetan, behartsuak mozkinetan, eta maileguen ondorioz pobreak. Judu asko dago eta dirutan aberatsak dira; beren zorroan dituzte zaldunen lur guztiak, eta uharte osoa beraiena dela esan daiteke. Zaldunak ordezkari ospetsuak besterik ez dira, eta beren zeregin bakarra da batzuek besteei, eta uhartera iristen diren bisitari apurrei, beren ondasunen eta jauregien ohoreak eskaintzea. Goren mailako zeregin horiek behar bezala betetzeko, juduen zorrora jotzen dute urtero, eta urtetik urtera arazoa larriagotu egiten da. Lehen ere esan dut lur haien irabaziak ez aurrera ez atzera zeudela, ez baitago ez salerosketarik ez industriarik. Dena dela, badute zaldun pobre horiek guztiek ohore puntu bat: hondamenera poliki-poliki eta bakean iristea, luxuari, edo hobeki esan, beren arbasoen oparotasun pobreari muzin egin gabe. Tratulariek, hortaz, interesean oinarrituriko harremana dute nekazariekin: nekazariek uztaren parte bat ematen diote tratulariari, eta hark eskubide batzuk ematen dizkie horren truke.

        Nekazariak onura ateratzen dio bere zorraren zatiketa horri, eta hala, ahal duen gutxiena ordaintzen dio bere jaunari, eta bankuari berriz, ahal duen gehiena. Jauna ahula da eta etsipenak jota dago; judua, aldiz, errukigabea da, baina eraman handikoa. Eskubideak ematen ditu, eskuzabala da, eta luzera begira aritzen da, deabruak bere helburuaren alde egiten duen bezala: behin atzaparrak ondasun baten gainean jarri dituenean, den-dena bereganatzen du pixkanaka, eta bere burua ezinbesteko bihurtzea du helburu, harik eta zorrek kapitalaren balioa iristen duten arte. Hemendik hogei urtera Mallorcan ez da jaurerririk izango. Juduek beren estatu ahalduna eratuko dute han, gure herrialdean egin duten bezala, eta burua altxako dute; gaur egun burumakur eta lotsatuta daude oraindik nobleek agerian utzitako erdeinuaren eta proletarioek duten izu funtsik gabearen eta ahalgabearen aurrean. Bien bitartean, juduak dira lurraren benetako jabeak, eta nekazariak izutu egiten dira haien aurrean. Antzinako jabeari begiratzen diote saminez, eta bihozberatasunez negar eginez, beretzat hartzen dituzte ondasunaren azken puskak. Nekazariek, beraz, bi nagusien gurariak bete nahi dituzte, ez ditzaten batzuen eta besteen artean zapaldu.

        Izan zaitezte, beraz, pagès bati gomendatuak, bai noble baten aldetik, bai aberats baten aldetik (noren aldetik bestela? ez baitago tartekorik), eta berehala zabalduko dizuete ate bat. Baina saia zaitezte gomendio gutunik gabe baso bat ur eskatzen, eta ikusiko duzue!

        Eta hala eta guztiz ere, mallorcar nekazari hori gozoa da, eskuzabala, bakezko ohiturak ditu, eta izaeraz barea eta lasaia da. Ez du gaiztakeria atsegin, ez du, ordea, ongia ezagutzen. Bere bekatuak aitortzen ditu, otoitz egiten du, eta paradisura iristearekin egiten du amets, baina ez daki zein diren gizadiaren benetako eginbeharrak. Ez da idi bat edo ahari bat baino gorrotagarriagoa, ez baita, era berean, basatiaren lañotasunean lo dauden izakiak baino gizonagoa. Otoitz egiten du, basati bat bezain sinesbera da, baina kide bat jango luke, batere barne zimikorik gabe, baldin eta hori balitz bere herriko ohitura eta ez balego zerrikirik. Iruzur egiten du, lapurretan aritzen da, gezurrak esaten ditu, irain egiten du eta edozein larrutzen du, kontzientziako kezkarik gabe. Haren iritziz, atzerritarrak ez dira gizonak. Herrikide bati ez dio inoiz oliba bat kenduko, baina Jainkoaren gogoan ez dago gizakirik itsasoz haraindi, mallorcarren onurarako ez bada.

        Mallorcari Ziminoen uhartea esaten genion; animalia zakar, lapur baina, hala ere, kalte gabekoak zirela ikusirik, haietatik babesten ikasi genuen, gorrotorik eta haserrerik gabe; ez, behintzat, indiarrei jockoek eta orangutan jostalari eta iheslariek sortzen dieten gorroto eta haserre gehiagorekin.

        Dena dela, bat ez da ohitzen gizakiz jantzita eta jainkozko zigiluarekin markatuta dauden izaki haiek gaur egungo gizakiaren esferatik kanpo bizitzen ikustera, ez tristurarik sentitu gabe bederen. Bistan da izaki ez perfektu horrek baduela adimenik, haren arraza hobe daitekeela, haren etorkizuna arraza aurreratuenen etorkizuna dela eta denbora kontua besterik ez dela, denbora bitarte handiegia guretzat, baina ia ikusezina betikotasunaren leizean. Baina zenbat eta argiago ikusi izaki hori hobetu daitekeela, orduan eta etsipen handiagoa ematen digu antzinako kateetara loturik dagoela ikusteak. Itxaronaldi horrek, Probidentzia apenas larritzen duen horrek, egun bakarreko gure existentzia izutzen eta tristetzen du. Bihotzarekin, izpirituarekin, erraiekin sentitzen dugu gainerakoen bizitza gure bizitzari lotuta dagoela, ezin garela bizi maitatu gabe edo maitatuak izan gabe, ulertu gabe edo ulertuak izan gabe, lagundu edo lagunduak izan gabe. Moralari eta jakintzari dagokionez, besteekiko nagusitasunak ez du harroputzen bihotza beste inorena gogobetetzen. Pentsatzen dut bihotz guztiek nahiko luketela mailaz jaitsi gabe guztiak berdindu, beren azpitik dagoen guztia beren mailara igo, begi keinu bakar batean, anaitasunezko, adiskidetasunezko, berdintasunezko eta elkartasunezko bizitza bizi, hori baita giza kontzientziaren erlijiozko xedea.

        Seguru nago bihotz guztietan dagoela behar hori, eta seguru nago horren kontra egiten dutenek eta behar hori sofisma bidez itotzen saiatzen direnek ezin izenda dezaketen sofrimendu berezi eta garratz bat sentitzen dutela. Azpian dauden gizakiak ahitu eta desagertu egiten dira ezin igo direnean; goiko aldekoak haserretu eta tristetu egiten dira behekoei eskua alferrik ematen dietenean; eta inori lagundu nahi ez diotenak, berriz, higuinak eta bakardadearen izuak harrapatzen ditu, eta azkenean, basakerian murgiltzen dira, eta horrek lehenengo gizakien mailatik behera jaitsiarazten ditu.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia