II. kapitulua

 

        Aurretik ere esan dut fraide bizitzaren sekretua ezagutzea bilatzen nuela nik leku horietan, bizitza horren arrastoak artean fresko baitzeuden horietan. Horrekin ez dut esan nahi, ordea, Kartujari zegokion misteriozko gertaera berezirik aurkitzea espero nuenik; mendeetan zehar giza bizitzatik urrundu zituzten preso isil haien barru-barruko pentsamendua azal ziezadaten eskatzen nien, ostera, horma abandonatu haiei. Belaunaldiz belaunaldi Kartuja hartara holokausto batean bezala Jainko saiatu honi —jainko paganoek bezalaxe giza biktimak behar zituen Jainko honi— eskainitako arimen fede kristauaren hari mehe edo etenari jarraitu nahi izango niokeen. XV. mendeko kartujo bat eta XIX. mendeko beste bat berpiztu nahi izango nituzkeen, orobat, beraiek jakin ez arren fede elkarren oso desberdina zuten bi katoliko haiek alderatu ahal izateko, eta batak besteari buruz zuen iritzia galdetu ahal izateko.

        Irudipena nuen lehenengoaren bizitza nahiko erraz osatuko nuela neure gogoan egiantzaz. Erdi Aroko kristau hura goitik beherako kristautzat neukan: suharra zen eta zintzoa, bihotza erditurik zuen bere garaikideen gerra, liskar eta sofrimenduen ikuskizunaren ondorioz, gaitzen amildegi hartatik ihesi zihoan, eta behatze aszetikoa bilatzen zuen bizitzatik —masen perfektotasunaren ideia gizakientzat ezin iritsizkoa— ahal bezain beste bakartzeko eta askatzeko. XIX. mendeko elizgizonak, aldiz, begiak ixten zizkion gizadiaren urrats sentikor eta argiari, ez zitzaizkion gainerako gizonak axola, ez zituen jadanik ulertzen ez erlijioa, ez aita santua, ez eliza, ez gizartea, ezta bere burua ere, eta bere Kartujan ez zuen bizileku handi, atsegin eta seguru bat besterik ikusten; eta bere bokazioan, berriz, bizitza segurua, bere senen errugabetasuna, eta norberaren merezimendu propiorik gabe elizkoien, nekazarien eta emakumeen aintza eta begirunea lortzeko modua. Hemeretzigarren mendeko kartujo horren irudia ezin osatu nuen bestea bezain erraz. Ezin asmatu nuen zehatz-mehatz monje hark nolako damu, itsutasun, hipokresia edo zintzotasuna izango zuen. Ezinezkoa zen gizon hark Erromako Elizan benetako fedea izatea, adimenik gabea ez bazen behintzat. Eta ezinezkoa zen orobat, ateismoaren jarraitzaile sutsua izatea; horrela bere bizitza guztia gezur gorrotogarria izango baitzen, eta nik ezin sinetsi dut erabat ergela edo erabat doilorra den gizon bakar bat badenik. Bere barru borroken irudia ikusten nuen neure begien aurrean, infernu bat balitz bezala; gatazkaren eta mendekotasunaren, zalantza filosofikoaren eta sineskeriaren lehia nuen orobat aurrez aurre; eta neure burua gela hartan ni baino lehen bizi izandako monje harengandik zenbat eta hurbilago ikusi, orduan eta indar handiagoaz sentitzen nituen nire irudipen hunkituan hari egotzitako larritasun eta ezinegonak.

        Antzinako klaustroei eta Kartuja modernoari begiratu hutsarekin ikusi ahal dira anakoreta haien bizitzan poliki-poliki sartu ziren ongizate beharren, osasuntasunaren eta baita dotoretasunaren nondik norakoak, eta orobat antzeman ahal da monasterioetako ohituren, hilduraren eta penitentziaren lasaitasuna. Antzinako gelatxo guztiak ilunak, estuak eta itxiak ziren; berriak, berriz, egurastuak, argiak eta ondo eraikiak. Gu bizi ginen gelaren deskripzioa egingo dut eta horrela erakutsi ahal izango dut zenbateraino zen zorrotza kartujoen araua, nahiz eta hartatik aldentzeko eta hura leuntzeko eginahalak egin zituzten.

        Bizitokia osatzen zuten hiru gelak zabalak ziren, ganga dotoreekikoak, eta atzealdean era askotako eta oso irudi ederreko errosetoiak zituzten, egurasbide gisa. Hiru gelen eta klaustroaren artean igarobide bat zegoen, iluna eta haritzezko ate batez itxia. Horma hiru oin zen lodi. Erdiko gela irakurtzeko, errezatzeko, eta gogoetarako gela zen. Altzari bakarra zuen: eserleku luze bat, belaun-aulki eta bizkarduna, sei-zortzi oin garaia, horman sartua eta finkatua. Gela horretatik eskuinera kartujoaren logela zegoen: atzealdean ohea zuen, ohe baxu bat, harlauzaz estalia hilobi baten antzera. Ezkerreko gela lantokia, jangela, eta bakarzalearen biltegia zen. Gelaren atzealdean armairu bat zegoen: egurrezko ate bat zuen, klaustrora irekitzen zen lehiatila baten modukoa, eta ate hartatik sartzen zizkieten jakiak. Bertako sukaldean bi labe txiki besterik ez zegoen; labetxoak ez zeuden gela barruan, baina ezta aire zabalean ere, arauak dioen bezala. Lorategian, ganga ireki batek babesten zuen euritik monjearen sukalde lana, eta horri esker fundatzaileak berak nahi izango lukeena baino denbora gehiago aritu zitekeen lan hartan. Bestalde, hirugarren gela horretan sartuta zegoen tximinia batek beste lasaikeria batzuk bazirela erakusten zuen, nahiz eta arkitektoaren jakintza ez zen tximinia hari erabilgarritasuna emateko adinakoa.

        Bizitokiaren atzealdean, errosetoiaren parean, igarobide luze bat zegoen, estua eta iluna, gela egurasteko espreski eraikia, eta haren gainean, ganbara bat, artoa, tipulak, babak eta negurako beste hainbat janari eta edari gordetzeko. Hegoaldean, hiru atalek lorategi batera ematen zuten; bizitoki osoaren eremua hartzen zuen lorategiak. Lorategi horrek hamar oineko harresi bat zuen alboko lorategietatik bereizteko, eta egitura sendoko terraza batean finkatuta zegoen, laranjondo baso txiki baten gainean; mendiaren mailadia hartzen zuen oso-osorik terraza hark. Hurrengo mailadia mahats sare eder batek estaltzen zuen guztiz; hirugarrena almendrondo eta palmondoek, eta horrela bata bestearen ondotik eta ibarraren hondoraino, non, lehen esan bezala, lorategi handi bat zegoen.

        Gela bakoitzeko lorategi zatiak harlanduzko urasko bat zuen eskuinean, alderik alde. Hiruzpalau oin luzea eta beste horrenbeste sakona zen urasko eta mendiko ura jasotzen zuen terrazaren balaustradan egindako ubideetan; ondoren, lorategira isurtzen zuen lorategia lau zati berdinetan zatitzen zuen harrizko gurutze baten bidez. Ez dut sekula ulertu hainbeste ur biltzea gizon bakar baten egarria asetzeko, ezta halako ureztatze sistema izatea ere, hogei oineko diametroa zuen alor batentzako. Monjeek bainuari izu handia diotela eta gai horri dagokionez Mallorcan ohitura xuhurrak dituztela jakin ezean, pentsa zitekeen monje haiek eguna beren burua garbitzen igarotzen zutela, indiar apaizen antzera.

        Puni sagarrondoak, limoiondoak eta laranjondoak landaturik dauden sailari dagokionez, bidexka ugari zituen inguruan; zorutik adreiluz goratutako bidexkak ziren eta adar usaintsuen gerizpean zeuden, urtegia bezalaxe. Lorez eta berdez beteriko areto eder bat zirudien: egun hezeetan hankak busti gabe ibil zitekeen monjea han, eta egun idorretan, berriz, ur geruza fin batez freskatu zezakeen belardia; laranjondoen lurrina usain zezakeen terraza eder haren ertzetik, laranjondo horien buru adartsuek lore eta fruituzko kupula eratzen zutela bere begien aurrean; eta bake-bakean ikus zezakeen paisaje aldi berean garratz eta sotila, malenkoniatsu eta arranditsua, zeinari buruz hitz egin dudan dagoeneko; bere begien atseginerako lore bitxi eta ederrak landu zitzakeen, egarria asetzeko fruitu gozoak bildu, itsasoaren hots atseginak entzun, udako gauen distira ikusi zeru ederraren azpian jarrita, eta Betikotasuna gurtu gizakiak naturaren erdian eraiki duen tenplu ederrenetako batean. Horiexek iruditu zitzaizkidan hasieran kartujoaren esan ezinezko gozamenak, eta horiexek aitortu nizkion neure buruari gela haietako batean sartu nintzenean: poeta eta artista talde hautatu baten irudipenaren edo ametsen apeta handiak asebetetzeko prestatuak ematen zuten.

        Baina gure baitan adimenik gabeko, eta beraz, ametsik eta gogoetarik gabeko, eta beharbada, federik gabeko, alegia gogo bero eta bakartasunik gabeko gizon baten bizitza irudikatzen dugunean horma handi, mutu eta gorreko gela horretan zokoratuta; eta irudikatzen dugunean gainera, araudiak aginduriko gabezia zakarren mende, eta letrak behatzera behartuta haien izpiritua ulertu ere egin gabe; bakardadearen izugarrikeriara kondenatuta; gizakia urrutitik bakarrik, mendien gainetik, ibarrean behera irristatzen ikustera murriztuta, eta orobat, isiltasun berari loturiko, hilobi berean beti alboan eta beti banandurik —baita errezoetan ere— ehortzitako arima gatibuen axolarik ez izatera murriztuta; norberak, izaki aske eta pentsatzaile delarik, atxikimenduz zenbait izuetarako eta ahuleziarako joera hartzen duenean, triste eta ilun bihurtzen da hori guztia, ezerezaren, izuaren eta ezintasunaren bizitza izango balitz bezala.

        Hala ulertzen da monje hark zuen higuin aseezina, naturak ikuskizun ederrenak agorturik baitzeuzkan harentzat; eta ulertzen da monjeek haiekin ez gozatzea, bere gozamenen partaide egiteko beste gizonik ez baitzuen alboan; eta ulertzen da aitorle horren tristura basatia, abere batek bezala, landare batek bezala, hotza eta beroa besterik sentitzen ez duena; eta ulertzen da orobat kristau horren hotz hilgarria, ezerk ez baitu harengan aszetismoaren izpiritua ez pizten ez ernarazten. Bakarrik jatera, bakarrik lan egitera, bakarrik sofritzera eta bakarrik errezatzera kondenaturik, behar bakar bat izango du: itxitura izugarri horretatik ihes egitea. Eta esan didate azken kartujoak ez zirela oso zorrotzak, eta haien arteko batzuek hainbat aste edo hilabetetarako alde egiten zutela Kartujatik eta prioreak ezin itzularazten zituela gero Ordenara.

        Beldur naiz ez ote dudan gure Kartujaren deskripzio luze eta zehatzegia egin azalpenik ere eman gabe lehen unean liluratu gintuenaz, eta behin ondo aztertu genuenean gure begietara galdu zuen poesiaz. Nire oroitzapenei amor eman diet, beti egiten dudan legez, eta behin nire usteak ezagutzera eman ditudanean, hala neure buruari galdetzen diot zergatik ezin izan ote dudan hogei lerrotan esan hogei orrialdetan esan dudana: alegia, izpirituaren atseden sorgorra, eta atseden horrek eragiten duen oro, atsegingarria dela arima akituarentzat, baina xarma hori desagertu egiten dela gogoetarekin. Jeinu batek beste inork ez du pintzelkada bakar batez marrazki bizi eta osoa osatzen. La Mennais jaunak Tivoliko kamaldolitarrak bisitatu zituenean, horren antzeko sentimendu bat izan zuen eta maisutasunez adierazi zuen, gainera:

        «Talde otoitzaren orduan iritsi ginen, dio, haienera. Edadetuak eta ohi dena baino altuagoak zirela iruditu zitzaigun. Nabearen alde banatara ilaran jarririk, elizkizuna amaitu zenean belauniko gelditu ziren, geldi-geldi, meditazio sakonean. Esan zitekeen ez zirela jadanik mundu honetakoak; beste gogoeta eta beste kezka batzuetara makurturik zuten beren buru soila; ez mugimendurik, ez bizitzaren seinale agerikorik; beren jantzi luze zurietan bilduta, antzinako hilobietan otoitz jarreran izaten diren estatuak ematen zuten.

        »Oso ondo ulertu genuen bizitza bakarti horrek zer-nolako erakarpena zuen munduko zenbait arima akituentzat eta ametsak usteldurik dituzten zenbaitentzat. Nork ez du, inoiz, halako zerbaitekin amets egin? Nork ez ditu, behin baino gehiagotan, begiak basamortura zuzendu, eta amets egin basoaren bazter batean, edo mendiko haitzuloan, zeruko txoriek beren egarria asetzen duten iturri ahaztutik hurbil, atseden hartzearekin?

        »Hala ere, ez da hori gizonaren benetako xedea: ekintzarako jaioa da bera; badu eginbehar bat, eta bete egin behar du. Zer axola dio eginbehar hori neketsua izateak? Ez al da, bada, eginbehar hori maitasunera bideratua?» (Affaires de Rome).

        Orrialde labur hori irudi, asmo, ideia eta gogoeta sakonez beterik dago, eta La Mennaisek Elizari buruz emandako azalpenen erdi-erdian halabeharrez bezala jarri zuen; betidanik hunkitu nauen pasartea da hori, eta seguru nago margolari handiren batek, egunen batean, lan bat egingo duela gai horren inguruan. Alde batetik, kamaldolitarrak otoitzean, monje ilunak, gozoak, betiko ezdeusak, betiko ahalgabeak, irudi goibelak, denbora laburrean iraganaren gauera itzuliko den gurtzaren azken adierazpena, hilobiko harriaren gainean belaunikaturik, harria bezain hotz eta goibel; beste aldetik, etorkizuneko gizona, azken apaiza, Elizaren jeinuaren azken txinpartak adoretua, monje haien patuaz gogoeta egiten: artistak bezala die haiei begiratzen, filosofoak bezala ditu epaitzen. Hemen, heriotzaren lebitarrak, beren hiljantziaren azpian zurrun; han, bizitzaren apostolua, pentsamenduaren alderdi mugagabeetan dabilen bidaiari nekaezina, komentuko poesiari azken agur maitagarria ematen eta aita santuen hiriko hautsa hanketatik astintzen askatasun moralaren bide santuari ekiteko.

        Neure Kartujari buruz gertaera historiko bat besterik ez dut bildu: San Bizente Ferrer Valldemossan predikatzen aritu zenekoa. Azalpen zehatza Tastu jaunari zor diot, oraingoan ere. San Bizenteren predikua izan zen Mallorcako gertaera handia 1413an, eta kontuan hartzekoa da garai hartan zenbateraino nahi zuten misiolari bat eta zenbateko hotsaundiaz hartu zuten.

        «1409. urtean, mallorcarrek, biltzar handian bildurik, Bizente Ferrer —edo Ferrier— maisuari idaztea erabaki zuten, Mallorcara predikatzera etor zedin eskatuz. Luis de Prades Mallorcako apezpiku eta Benedikto XIII.a aita santuaren (Pedro de Luna antipaparen) kamarlengoak, Valentziako epaileei idatzi zien 1412an Bizente maisuaren apostolutza erregutuz. Eta hura bera izan zen handik urtebetera Bizente maisuari Bartzelonan harrera egin ziona eta harekin batera Palmarako bidean itsasoratu zena. Misiolari santua Palmara iritsi eta hurrengo egunean bertan hasi zen predikuan eta gaueko prozesioak ere antolatu zituen. Sekula ez bezalako lehortea zuten uhartean; baina Bizente maisuaren hirugarren sermoiarekin batera, euria hasi zuen. Xehetasun horiek Fernando erregeari bidali zizkioten Pedro de Casadaguilaren bitartez, errege prokuradore baitzen hura:

        «Printze txit gorena eta jaun Garailea, jakinarazten diot berorri Bizente maisua irailaren lehenengo egunean iritsi zela hiri honetara, eta harrera ospetsua egin zitzaiola. Larunbat goizean, jende saldo handi baten aurrean hasi zen predikuan, eta jendeak halako debozioz entzun zion, ezen prozesioak egin zituzten gaua joan gaua etorri, eta bere burua zigortzen zuten gizon, emakume zein haurrek. Eta denbora luzean euririk egin ez zuenez gero, erreinu honek, zeina baitzen lehortearen ondorioz hiltzeko zorian, hirugarren sermoiarekin batera uharteko bazter guztiak bustiko zituen euri jasa ikus zezan nahi izan zuen Jainko Gure Jaunak, haurren eta herritarren erreguekin hunkiturik, eta horrek bozkarioz bete zituen biztanleak.

        «Jainko Gure Jaunak urte askotan gorde dezala Jaun Garaile hori, eta gorenera jaso dezala berorren errege koroa.

        Mallorca, 1413ko irailak 11».

        »Hainbeste ziren misiolariaren hitza entzuteko irrikitan zeuden jendeak, ezen ez ziren Santo Domingoren komentuko eliza handian sartzen eta komentuko lorategi handia egokitu behar izan zen aldamioak eraikiz eta harresiak eraitsiz.

        »Urriaren 3a arte aritu zen Bizente Ferrer Palman predikari; eta handik uhartean zehar bidaldia egitera abiatu zen. Lehenengo geldialdia Valldemossan egin zuen, ostatuz hartu behar zuen monasterioa zegoen herrian hain zuzen ere; zalantzarik gabe, bere anaia Bonifazioren —kartujotarren ordenako jenerala bera— ohoretan hautatu zuen monasterio hura. Valldemossako priorea etorri zen Palmara Bizenteren bila eta berarekin egin zuen bidaia. Valldemossan ere, Palman baino are gehiago, jendetza hura hartzeko txikiegia zuten eliza.»

        Hona hemen zer kontatzen duten kronikariek:

        «Valldemossako herriak gogoan du Bizente Ferrerrek hitz santuak erein zitueneko garaia. Herri hartako lurretan bazen Son Gual izeneko etxalde bat, eta hara joan zen misiolaria jende saldo amaigabe bat atzetik zuela. Lur eremu zabala eta laua zen; olibondo zahar handi baten enbor zulatu bat hartu zuen sermoi ahulki gisa. Santua olibondora igota predikatzen ari zela, uholdeka hasi zuen euria. Deabruak, bera baita haize, tximista eta trumoien eragile, entzuleak zabaldi hartatik uxatu eta aterpean gordetzera behartu nahi zituela ematen zuen, eta horixe egin zuten batzuek; baina Bizentek handik ez mugitzeko agindu zien eta errezatzen hasi zen. Otoitzean hasi eta berehala, hodei bat jarri zen errezel baten antzera haren eta entzule zeuden guztien gainean; aldiz, ondoko lurretan lanean jarraitu zuten haiek beren lana utzi beste erremediorik ez zuten izan.

        »Enbor zahar hura leku berean egon zen orain duela mende bat arte, gure arbasoek zintzo zaindu baitzuten. Geroago, Son Gual etxaldearen jabeek ez baitzuten objektu sakratu hura zaindu, oroitzapena ezabatu egin zen. Baina Jainkoak ez zuen nahi izan San Bizenteren eserleku latz hura betiko galtzea. Jabetza hartako zerbitzariak egurra moztu nahian zebiltzala, olibondo zahar hartan jarri zituzten beren begiak eta txiki-txiki egiten saiatu ziren; baina, tresnak hautsi zitzaizkien lanean hasi orduko. Herriko zaharrek gertaera haren berri izan zutenean, miraria zela aldarrikatu zuten, eta hala gelditu zen olibondo sakratua bere lekuan. Baina gertatu zen geroago zuhaitz hura hogeita hamalau puskatan printzatu zela, eta hirira eraman zituzten arren, ez zen inor ausartu haiek ukitzera: erlikia gisa hartu zituzten.

        »Predikari santua herriz herri ibili zen predikuan, herri txikienetara ere joan zen zorigaiztokoen gorputzen eta arimen sendalari. Valldemossa inguruko iturri batetik zerion ura zen santuak agintzen zuen erremedio bakarra. Iturri edo iturburu hura Sa bassa Ferrera izenaz ezagutzen da gaur egun ere.

        »San Bizentek sei hilabete eman zituen uhartean, eta bitarte horretan Aragoiko errege Fernandok deitu zion, Mendebalera hondamena ekarriko zuen zisma itzaltzen laguntzeko. Misiolari santuak 1414ko otsailaren 22an Palmako katedralean emandako sermoiarekin agurtu zituen mallorcarrak. Entzuleak bedeinkatu eta itsasontzira abiatu zen, epaileak, nobleak, eta herritarrak lagun zituela, eta mirari ugari egin zituen; hala diote kronikek eta hala gorde du Baleareetako uharteetako tradizioak gaur egun arte».

        Fanny Elssler anderearen irribarrea eragingo lukeen kontakizun horrek Tastu jaunaren azalpen bati bide eman zion. Azalpen hori bi arrazoigatik da aipagarri: batetik, oso natural kontatzen duelako San Bizente Ferreren mirarietako bat; eta bestetik, hizkuntzen historiarako garrantzi handiko gertaera bat berresten duelako. Hona hemen ohar hori:

        «Bizente Ferrerrek latinez idazten zituen bere sermoiak, baina esan, Limogesko hizkuntzan esaten zituen. Miraritzat hartzen zen predikariaren ahalmen hori, entzuleei bere esana ulertarazten baitzien atzerriko hizkuntzan mintzatzen zelarik ere. Baina gauza arrunt naturala da hori, Bizente maisua zein garaitan nabarmendu zen kontuan harturik. Garai hartan, iparraldeko, erdialdeko eta hegoaldeko hiru eskualde handietako erromantze hizkuntza berdina zen ia, desberdintasunen bat edo beste gorabehera; herritarrek eta, batez ere, epaileek oso ondo ulertzen zuten elkar. Bizente maisuak arrakasta handia izan zuen Ingalaterran, Eskozian, Irlandan, Parisen, Bretainian, Italian, Espainian, Baleareetako uharteetan; eskualde horietan guztietan ulertzen zuten, nahiz eta ez zuten erabiltzen, erromantze hizkuntza, valentzieraren kide, senide edo aliatua, Bizente Ferrerren ama hizkuntza.

        »Eta ez al zen, bada, misiolari ospetsua Chaucer poetaren, Jean Froissarten, Christine de Pisanen, Boccaceren, Ausias Marchen, eta beste hainbat eta hainbat europar ospetsuren garai berekoa?».

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia