IV. kapitulua

INKISIZIOAREN KOMENTUA

 

        Erortzeko bidean zegoen komentu baten hondakinetan bi gizonek topo egin zuten ilargi argi narean. Sasoi onekoa ematen zuen batak; bestea, berriz, urteen zamak okertua zegoen, eta hala ere, hauxe zen bietan gazteena.

        Aurrez aurre elkar ikusi zutenean dardaratu egin ziren biak; izan ere gau berandua zen, kalea mortu zegoen eta katedraleko kanpandorrea ordubata jotzen ari zen, goibel eta mantso.

        Zahar itxura zuenak hitz egin zuen lehenengo:

        — Zarena zarela —esan zuen—, ez izan nire beldurrik, gizona; akituta eta lurjota nago: ez ezazu, baina, nigandik ezer itxaro, pobrea naiz eta larrugorri nago munduan.

        — Laguna —erantzun zion gazteak—, eraso egiten didatenak bakarrik ditut nik etsai, eta zu bezalaxe, neu ere pobreegia naiz lapurren beldur izateko.

        — Anaia —esan zuen itxura zimeleko gizonak—, zergatik dardaratu zara, orduan, oraintxe zugana hurbildu naizenean?

        — Sineskor samarra naizelako, artista guztiak bezala, eta jada existizen ez diren fraide horietako baten mamutzat hartu zaitudalako, oraintxe zapaltzen ari garen hilobietako fraide horietako baten mamutzat. Eta zu, adiskidea, zergatik dardaratu zara ni hurbiltzean?

        — Oso sineskorra naizelako, fraide guztiak bezalaxe, eta zu orain zapaltzen ari zaren hilobi horietako batean bizirik sartu ninduten beste fraide haietako baten mamutzat hartu zaitudalako.

        — Zer diozu, anaia? Espainiako lurretan gogo biziz baina alferrik bilatu dudan gizon horietako bat al zara?

        — Honezkero ez gaituzu eguzki argitan inon aurkituko; baina gauaren ilunbean bai, ikusi ahal izango gaituzu oraindik. Zure nahia bete da beraz; baina, zertarako nahi zenuen fraide bat?

        — Berorri begiratu nahi nion, galdetu egin nahi nion, aita; berorren hazpegiak nire gogoan finkatu nahi nituen gero pinturan islatzeko; berorren hitzak entzun nahi nituen gero nire erkideei hitz haiek esateko; eta berori ezagutu nahi nuen, fraidearen eta klaustroko bizitzaren misterioaz, poesiaz eta handitasunaz neure burua blaitzeko.

        — Nondik sortu zaizu, oi bidaiaria, gauza hauei buruz duzun iritzi bitxi hori? Ez al da zure herrian deuseztu aita santuen nagusitasuna, ez al zaie esetsi fraideei eta ez al dira eraitsi klaustroak?

        — Oraindik badira gure artean iraganari jaiera handia dioten arimak eta Erdi Aroaren poesiak hunkituriko irudimen sutsuak. Haren usaina ekar dakigukeen edozer miresten dugu, gurtzen dugu ia. Ai, ez beza pentsa, aita, profanatzaile itsuak garenik guztiak. Guk, artistok, gorrotoa diogu ukitzen duen oro orbantzen eta hondatzen duen herri basati horri. Hilketarako eta hondamenerako ematen dituen aginduak berretsi ordez, ahalegina egiten dugu gure koadroetan, gure olerkietan, gure antzerkietan, eta azken batean, gure obra guztian, tradizio zaharrak berriro biziarazteko, ahalegina egiten dugu arte kristauak, izaki benetan miresgarri horrek, sorturiko mistizismoaren izpiritua berpizteko.

        — Zer diozu seme nirea? Nola liteke zure herri aske eta oparo horretako artistek oraina ez den ezertan bilatzea goiargia? Hainbeste gauza berri dituzte kantatzeko, margotzeko, adierazteko! Eta, zuk diozun bezala, beren arbasoak lo dautzan lurrera makurturik biziko al dira? Hilobietako hautsean bilatuko al dute goiargi irribarretsu eta emankorra, hain bizitza gozo eta ederra eman dielarik Jainkoak bere zintzotasunarekin?

        — Ez dakit, elizgizon zintzoa, zertan den gure bizitza berorrek irudikatu duen horren antzekoa. Gu, artistok, ez gara kezkatzen gertaera politikoez, eta are ardura gutxiago dugu gizarteko gertaerez. Alferrik gabiltza gure inguruan gertatzen diren gauzen poesiaren bila. Arteak ahitzen ari dira, goiargia itzali egin da, arrunkeria nagusitu da, bizitza materialak harrapatuta dauka gizakia; eta iraganaren gurtzarekin eta mendez mendeko fedearen monumentuekin berpiztuko ez bagina, hainbeste kostata iraunarazten diogun su sakratua sekula betiko galduko genuke.

        — Hala ere, esan didate giza jeinuak sekula baino urrunago eraman dituela zuen herrialdean zorionaren zientzia, industriaren miragarriak, askatasunaren onurak. Gezurra esan al didate, bada?

        — Esan badiote, aita, aberastasun materialetatik sekula ez zela orain adinako luxua eta ongizatea atera eta antzinako gizartearen hondarretatik sekula ez zela halako gustu, sinesmen eta iritzi aniztasun beldurgarririk atera, egia esan diote orduan. Baina gauza horiek guztiek zoriona ekarri ordez gaiztotu eta doilortu egin gaituztela esan ez badiote, orduan ez diote egia osoa esan.

        — Nondik etor daiteke, bada, halako emaitza bitxia? Zorionaren iturri guztiak kutsatu egin al dira zuen ezpainetan; txiki eta miserable egin al zaituzte, akaso, gizadia handi, justu eta zintzo egiten duten ongizateak eta askatasunak? Azal iezadazu, arren, mirari hori.

        — Aita, nik gogoratu behar al diot gizona ez dela ogiz bakarrik bizi? Fedea galdu dugularik, gainerako lorpen guztiak hutsalak zaizkio gure arimari.

        — Eta azaldu iezadazu orobat, seme, nolatan galdu duzuen fedea eta ez duzuen, zure herrian erlijio esetsaldi guztiak eten direla baliatuta, arima zabaldu eta begiak jainkozko argira zuzendu. Horixe zenuten sinesteko garaia, horixe baitzen jakiteko garaia ere. Eta une horretan egin duzue zalantza? Zein hodeik ilundu du, bada, zuen burua?

        — Ahuleziaren eta giza miseriaren hodeiak. Azterketa ez al da fedeari kontrajarria, aita?

        — Galdera hori fedea eta egia elkarri kontrajarriak ote diren galdetzea bezala da, gazte. Ez duzu, beraz, ezertan sinesten, seme? Edota gezurrean sinesten duzu, akaso?

        — Ai! Nik ez dut artean beste ezertan sinesten. Baina ez al da hori nahikoa arimari indar, konfiantza eta gozamen gorena emateko?

        — Ez nekien, seme nirea, eta ez dut ulertzen. Ba al da norbait zoriontsua zuen artean? Eta zerorrek, zerorrek bilatu al duzu akidurari eta minari izuri egiteko biderik?

        — Ez, aita, artistak dira gizon guztietan zorigaiztokoenak, etsituenak, oinazetuenak; beren gurtzaren gaia behera eta behera nola doan ikusten baitute egunez egun, eta eginahalak eginda ere ezin baitute berriro lehengora ekarri.

        — Nola liteke halako gizon zuhurrek artea horrela hiltzen uztea, berriro biziarazi ordez?

        — Ez dute federik, eta federik ezean ezin arterik egon.

        — Ez al didazu oraintxe esan artea erlijio bat zela zuretzat? Zeure buruari kontra egiten ari zara, seme; edo nik ez dizut ezer ulertzen, bestela.

        — Eta nola ez diogu, bada, gure buruari kontra egingo, aita nirea, Jainkoak eman digun egitekoa ukatzen badigu munduak, aintzaren, goiargiaren, bizitzaren ateak ixten badizkigu orainak, iraganean bizitzera behartuta bagaude, eta behartuta bagaude, halaber, hildakoei galde egitera edertasun betikoaren —zeinaren gurtza galdu eta zeinaren aldareak eraitsi baitituzte gaurko gizonek— sekretuez? Maisu handien obren aurrean, eta haiek berdintzeko itxaropenak irri egiten digunean, indarra eta kemena hartzen dugu; baina gure amets handinahiak egia bihurtu nahi ditugunean mundu sinesgogor eta mugaz beteriko honek gutxiespenaren eta isekaren hotza bidaltzen digularik, ezin dugu gure idealarekin bat datorren ezer ere sortu, eta gure baitan hiltzen da pentsamendua, argitara atera aurretik.

        Artista gaztea etsipenak jota mintzo zen, ilargiak haren aurpegi goibel harroa argitzen zuen, eta fraidea hari so zegoen harridurazko keinu inozo eta onbera batez.

        — Eser gaitezen hementxe —esan zuen fraideak une bateko isiltasunaren ondoren, eta hiria, landa eta itsasoa ikusten ziren terraza bateko balaustrada gotorraren alboan gelditu zen.

        Domingotarren komentuko bazter hori loreez, iturriz eta balio handiko marmolez beteta egon zen, aspaldi ez dela; gaur egun, aldiz, dago zeharo hondatuta eta hondakinetan halako indarrez eta bizitasunez hazten diren belar luze guztiez beteta.

        Bidaiariak, asaldatuta baitzegoen, eskuarekin belar bat atera eta urrutira bota zuen, intziri eginez. Fraideak irribarre egin zion.

        — Ziztada hau ziztada bizia da —esan zuen—, baina ez arriskutsua. Seme nirea, batere arretarik gabe ukitzen duzun eta mintzen zaituen arantza hori duzu oraintxe ahuenka jardutera eraman zaituzten gizon lotsagabe horien ikurra. Jauregiak eta komentuak hartu dituzte. Aldare gainera igo dira eta mundu honetako antzinako oparotasunaren hondakinen gainean bizi dira. Begira ezazu nolako izerdiz eta indarrez bete dituen belar gaiztoak guk hain maitekiro lantzen genituen landare guri eta balio handikoen parterrak, zeinetan gure landare haietako bakar batek ere ezin izan baitu bizirik iraun! Bada, belar gaiztoak bezala bazterrera gelditu ohi ziren gizon arrunt eta ia basatiek ere horrelaxe berreskuratu dituzte beren eskubideak eta ito dute ezkutuan hazten ari zen eta Inkisizio deitzen zuten landare pozoitsu hori.

        — Eta ezin al zuten arte kristauaren santutegiak eta jeinu obrak hondatu gabe ito landarea?

        — Ezinbestekoa zen landare madarikatua errotik ateratzea, landare bizikorra eta igokaria baitzen. Hondatu egin behar izan dira landare hark erroak eginda zituen klaustro hauen zimenduak ere.

        — Baina, aita, haien lekuan orain hazten diren belar arantzatsu hauek zertan dira eder eta zertan dira on?

        Fraidea pentsakor gelditu zen une batez, eta ondoren erantzun zuen:

        — Margolaria zarela esaten duzunez, hondakin hauen marrazki bat egingo duzu, ezta?

        — Jakina ba. Baina nora iritsi nahi du berorrek?

        — Ez dituzu irudikatuko hondakinen gainean girlandak balira bezala jausten diren eta haizetan kulunka dabiltzan belar gaizto horiek? Ala, aitzitik, zure konposizioaren osagai zorioneko bihurtuko dituzu, Salvatore Rosaren koadro batean ikusi dudan bezala?

        — Hondakinen adiskide bereizezinak dira, eta ez dago haietatik onura ateratzen ez duen margolari bakar bat ere.

        — Badute edertasunik, beraz, badute esanahirik, eta horrenbestez, badute erabilgarritasunik ere.

        — Berorren parabola ez da bidezkoa, aita; eser bitza harkaitz horien gainean eskaleak eta ijitoak, eta are zorigaiztokoagoak eta goibelagoak izango dira orduan harkaitzak. Koadroak irabazi egingo du horrekin, bai; baina zer irabaziko du gizadiak?

        — Koadro eder bat agian, eta irakaspen bikaina, zalantzarik gabe. Baina zuek, irakaspen hori ematen duzuen artistok, ez zarete jabetzen zertan ari zareten eta amiltzen diren harri batzuk eta hazten den belarra besterik ez duzue ikusten hemen.

        — Oso zorrotza da, gero; berorri, horrela mintzo den horri, erantzun liezaioke hondamen honetan ez duela berorren espetxe hondatu eta askatasun berreskuratua besterik ikusten; zeren, susmoa dut, aita, berorrek ez zuela komentua gustuko.

        — Eta zuk, seme, sentitu al zenezake hemen kexu izan gabe bizitzeko adina maitasunik artearekiko eta poesiarekiko?

        — Munduko bizitzarik ederrena izango nukeela iruditzen zait. Oi, bai handia izango zela komentu hau, eta zein arranditsua bere estiloa! Nolako oparotasuna eta dotoretasuna iragartzen duten hondakin hauek! Bai gozoa izango zela gauez hona etortzea, aire gozoa arnastera eta itsasoaren urruma entzutera galeria arin horiek mosaiko aberatsez estalita zeuden garaian, eta ur gardenak marmolezko ur asketan xuxurlatzen zuen garaian, eta santutegiaren barrenean izar zuri bat bailitzan zilarrezko lanpara bat piztuta zegoen garaian! Hura bake sakona, hura isiltasun zoragarria izan behar zenutena gizonen begiruneak eta konfiantzak harresi garaitezin batek bezala biltzen zintuzten garaian, gizonek zuen atari misteriotsuaren aurretik igarotzen zirenero isilik-isilik aitaren egiten zuten garaian! Ai! Nork ez zukeen gizarte bizitzak dakartzan kezka guztietatik, neke guztietatik eta anbizio guztietatik askatu eta hemen gorde nahiko, patxada ederrean eta mundu guztiaren ahanzturan, artista izaten jarraitzearren: hamar urte, edo hogei ere bai agian, igaro ahal izatearren koadro bakar bat margotzen, poliki-poliki diamante bat bezala landutako eta gerora aldare baten gainean jarrita —ez haren aurretik igarotzen den lehen ezjakinak epaitu edo kritika dezan, baizik eta Jainkoaren beraren adierazpena balitz bezala hari gur egin eta erregu egin diezaion— ikusiko lukeen koadro bat margotzen.

        — Atzerritar hori —esan zuen fraideak, zorrotz—, harrokeriaz beterik daude zure hitzak eta handikeria hutsa dira zure ametsak. Hain suhar goresten eta hainbeste ohoratzen duzun arte horretan zeure burua besterik ez duzu ikusten, eta zuk iritsi nahi zenukeen bakartasun hori ez litzateke, zure begietara, zure burua goratzeko eta jainkotzeko bide bat besterik. Orain konturatzen naiz nolatan sinesten duzun arte berekoi horretan, inongo erlijio edo gizartetan sinesmenik izan gabe. Litekeena da esan duzuna esan aurretik horri guztiari buruzko gogoetarik ez egin izana zure izpirituan; litekeena da ustelkeriaren eta izuaren zulo horietan zer gertatzen zen ez jakitea. Zatoz nirekin, nik erakutsiko dizudanak zure sentimenduak eta ideiak aldatuko ditu, agian.

        Hondakin mendietan eta amildegi ezezagun eta arriskutsuetan zehar eraman zuen fraideak bidaiari gaztea —ez arriskurik gabe—, monasterio hondatuaren erdiraino; han, antzina ziegak egondako tokian, aitzurrak eta pikotxak oinarrietaraino arraildu zuten hamabost oin lodiko eraikin gotor baten hormetan behera kontu handiz jaisteko agindu zion. Harri eta zementuzko estalki izugarri horren barruan ez airerik ez argirik gabeko ziegak ikusten ziren, lurraren baitan zabaldutako zuloen antzera, haien ganga goibelen gainekoak bezain horma lodiez bata bestetik bereiziak.

        — Gazte —esan zion fraideak— hor ikusten dituzun osin horiek ez dira putzuak, ezta hilobiak ere; Inkisizioaren ziegak dira horiek. Hortxe hil dira, mendez mende, Jainkoaren aurrean errudun izan, hobengabe izan, bizioak hondamenera eramanak izan, suharrak galbidera eramanak izan, jeinuak eta bertuteak argituak izan, Inkisizioarenaz bestelako pentsamendua izan duten gizon guztiak.

        »Aita domingotarrak jakintsu, letradun, are artistak ziren. Liburutegi handiak zituzten, eta teologiaren sotiltasunak, urrez eta larru apainduz josita, bere ertz perla eta errubiz apainduak erakusten zituen liburutegi haietako ebanozko apaletan. Eta, hala ere, bizirik hobiratzen zuten gizona, Jainkoak bere pentsamendua eskuz idatzi zuen liburu bizi hori, eta ezkutatzen zuten lurraren erraietan. Bazituzten zilar zizelatuzko ontziak, harribitxiz apaindutako kalizak, koadro zoragarriak eta urre eta bolizko madonak; eta hala ere, heriotzaren hotzaren eta hilobiko zizareen mende uzten zuten bizirik gizona, ontzi hautatu hori, zeruko graziaz beteriko kaliz hori, Jainkoaren beraren irudi dena. Larrosak eta nartzisoak lantzeko haur bat zaintzeko jar daitekeen adinako arreta eta maitasuna jartzen zuen hark berak kupidarik sentitu gabe ikusten zuen bere kideko bat, bere anaia, nola zurbiltzen eta usteltzen zen bere hilobiko hezetasunean.

        »Horra hor fraidea zer den, seme, horra hor klaustroa zer den. Ankerkeria basa alde batetik, izu koldarra bestetik; jakinduria berekoia edo mamirik gabeko debozioa, horixe da Inkisizioa.

        »Eta hobi ustelak zeruko argitara zabaltzean askatzaileek zutabe eta latoi bitxi batzuk aurkitu izana arrazoi nahikoa al da berriro hilobiko hilarripean sartzeko hilzorian diren biktimak eta arrazoi nahikoa al da biktima horien borreroen patuagatik negar egiteko aurrerantzean urrea eta esklaboak falta izango zaizkielako?»

        Artista hilobi batera jaitsi zen eta arretaz aztertu zituen hormak. Bizirik hilobiraturiko giza borondateak gatibualdi haren etsipen lazgarriaren kontra izango zuen borroka gogoan irudikatzen saiatu zen une batez. Baina koadro haren irudia osatu orduko bere irudimen bizi eta hunkiberan, etsipenak eta izuak hartuta gelditu zitzaion erabat. Ganga izoztu haien astuntasuna nabaritu uste izan zuen bere arima gainean; besoak eta hankak dardaratu zitzaizkion, bularra airerik gabe gelditu zitzaion, amildegi hartatik ihes egin nahian akituta sentitu zen, eta oihu egin zuen, fraidea zegoen aldera luzatuz besoak, kanpoan gelditu baitzen hura:

        — Lagundu aita nirea, hemendik irteten lagundu, Jainkoaren izenean!

        — Imajina ezazu, seme —esan zion fraideak hari eskua luzatuz—, zure buru gainean izar distiratsuak ikusita oraintxe sentitzen ari zaren hori bera nola sentitu nuen nik hamar urteko oinazeen ondoren berriro eguzkia ikusi nuenean!

        — Zuk, fraide gaixo horrek —esan zuen bidaiariak, lorategirantz zihoala bizkor-bizkor—, hamar urtez aurre egin ahal izan zenion heriotza iragarriari burua edo bizia galdu gabe? Une bakar batez han egon banintz ergeldu edo ero-gaiztotu egingo nintzatekeela iruditzen zait. Ez, ez nuen uste ziega bat ikusteak halako izu bat-bateko eta sakona eragin zezakeenik, eta ez dut ulertzen pentsamendua nola ohitzen den horretara eta nola ez duen amor ematen horren aurrean. Torturarako tresnak ikusi ditut Venezian, ikusi ditut, orobat, Dukearen jauregiko ziegak eta esku ikusezin batek jota jendea erortzen zen irteerarik gabeko kalexka hura, eta odola aztarnarik batere utzi gabe ubidera erortzen zen harlauza zuloduna. Han heriotzaren ideia bakarrik etorri zitzaidan gogora, heriotza azkarrago ala mantsoagoaren ideia. Baina jaitsi berri naizen ziega horretan, bizitzaren ideia izugarria da nire gogoak irudikatu duena. O, Jauna! Han egon eta ezin hil!

        — Begira iezadazu, seme —esan zuen fraideak eta bere buru soil zimela agerian utzi zuen—; nik ez dut zure aurpegi adoretsuak eta kopeta lasaiak erakusten dutena baino urte gehiago, eta, ziur nago aguretzat hartu nauzula.

        »Ez dio axola nola irabazi eta nola gainditu nuen atsekabe gorri hura. Ez dut zure errukia nahi; jada ez dut horren beharrik, hain sentitzen naiz zoriontsu eta gazte horma hauek hondatuta eta ziegak hutsik daudela ikusita. Ez dizut fraideen izua gorputzean sartu nahi, aske dira haiek, eta aske naiz ni neu; Jainkoa guztiekin da ona. Baina, artista zarenez gero, osasungarria izango da zuretzat artistari, bere obra ulertuko badu, ezinbestekoak zaizkion emozio horietako bat bizi izana.

        »Eta orain, margotu nahi izanez gero hondakin hauek, zeintzuen gainean aritu zaren oraintxe iraganagatik negarrez eta zeintzuen gainean jartzen naizen gauero ahuspez Jainkoari orainagatik eskerrak emateko, nostalgia doilor edo lilura antzu bat baino pentsamendu gorenago batek bizituko ditu, agian, zure eskua eta jeinua. Zaharkinen bildumazaleentzat balio infinitua duten monumentu askoren merezimendu bakarra gizadiak monumentu horiek eraikitzeko izandako arrazoia gogora ekartzea da, eta askotan gertaera bidegabeak edo funtsgabeak izan ziren gainera. Bidaia asko egin dituzunez, ikusi duzu Genoan amildegi baten gainean zubia, kaia erraldoiak eta ibaia zeharkatu nahi ez zuen eta bere parrokiako sinestunekin eliza berean belaunikatu nahi ez zuen patrizio baten harrotasunagatik mortu gelditutako auzo batean neke handiz eraikitako eliza astun eta aberatsa. Ikusi dituzu, agian, herrien esklabotasunaren erakusgarri gelditu diren Egiptoko piramide izugarriak, edo jainko barbaroen egarri aseezina asetzearren gizonaren odola ibaika isuri zeneko dolmenak. Baina zuek, artistak, gizonaren obretan obra horren edertasuna edo berezitasuna bakarrik hartzen duzue kontuan, eta ez zarete jabetzen obra horren forma zer ideiak sorrarazi duen. Horrela, ideia hartaz jabetuz gero, zuen bihotzak biziki gaitzetsiko zukeen sentimendu baten adierazpena gurtzen du zuen adimenak.

        »Hona hemen zuen obrek bizitzaren benetako kolorea zergatik falta duten, batez ere gizadi eragilearen zainetan dabilen odolaren kolorea adierazi ordez, ulertu nahi ez duzuen hildakoena interpretatzeko ahalegina egiten duzuelako.»

        — Aita nirea —erantzun zuen gazteak— ulertzen ditut zure irakaspenak eta ez ditut erabat baztertzen, gainera, baina artea filosofia horretan oinarritua izan daitekeela uste duzu benetan? Gure garaiko arrazoiari jarraituz azaltzen duzu gure arbasoen sineskeria burutsuak ameskeria poetikoan sortu zuena. Baina, Greziako jainko irribarretsuen ordez haien forma biribilduek ezkutatzen dituzten alegia hutsalak jarriko bagenitu, florentziarren madonaren ordez tabernako neskame sendo bat margotuko bagenu, holandarrek bezala, edota Platonen eskolako filosofo sineskor bihurtuko bagenu Jainkoaren seme Jesus, orduan, gizonak bakarrik izango genituzke jainkoen ordez, hemen ere tenplu kristau baten ordez harri pila bat baino ez dugun bezalaxe.

        — Nire semea —esan zuen fraideak— florentziarrek jainkozko ezaugarriak eman badizkiote Ama Birjinari, oraindik hartan sinesten dutelako izan da; eta holandarrek ezaugarri arruntak eman badizkiote, berriz, hartan sinesten ez dutelako izan da. Eta zuek harro zaudete gai sakratuak pintatzen dituzuelako, zuek, artean baino, hau da, zuengan baino sinesten ez duzuenok! Sekula ez duzue halakorik lortuko. Ez zaitezte gehiago ahalegindu, beraz, zuentzat ukigarria edo bizia ez den ezer irudikatzen.

        »Ni margolaria izan banintz, nire askapenaren eguna deskribatuko zuen koadro eder bat egingo nukeen; gizon adoretsu eta sendoak irudikatuko nituzkeen, esku batean mailua eta zuzia bestean, erakutsi berri dizkizudan inkisizioaren linbo horretan sartzen, hilarri usteletik begi itzaliko eta irribarre izutuko mamuak altxatzen. Aureola bat bezala ikusiko zen zeruetako argia buru horiek guztiak argitzen ganga hautsien pitzaduretan zehar, eta nire garairako aski gai ederra, aski egokia izango litzateke, Michelangeloren Azken Judizioa bere garairako izan zen bezain eder eta egokia: izan ere, herriko gizon horiek, hain baldar eta gutxiesgarriak hondamenaren obrarentzat, zeruko aingeru guztiak baino ederragoak eta zintzoagoak iruditu zitzaizkidan niri; eta hondamen hau, zuri tristura eta nahigabea ematen dizuna, eraitsi aurretik sekula izan zena baino monumentu erlijiosoagoa iruditzen zait niri.

        »Etorkizuneko belaunaldiei gure belaunaldiaren handitasunaren eta indarraren lekuko gisa aldare bat eraikitzeko ardura neure gain izan banu, ez nukeen nahi izango hondakinezko mendi hau besterik, zeinaren gainean idatziko nukeen, harri bedeinkatuan, ondoko idazki hau:

        »Ezjakintasunaren eta ankerkeriaren aroan, gizonek mendekuaren eta pairamenaren Jainkoa gurtu zuten aldare honetan. Justiziaren egunean, eta gizadiaren izenean, gizonek aldare odolgiro hauek eraitsi zituzten, arras gorrotagarriak baitziren urrikiaren Jainkoaren begietan.»

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia