III. kapitulua

 

        Arago jauna, Napoleonek meridianoa neurtzeko agindua eman ziolarik, Mallorcan zen 1808an, Esclop de Galatzo mendian, eta han izan zuen Madrilgo liskarren eta Fernandoren bahiketaren berri. Mallorcako biztanleak hainbeste haserretu ziren, ezen frantses jakintsuari egotzi baitzioten errua, eta samaldan joan baitziren Esclop de Galatzorantz hura hiltzeko asmoz.

        Mendi hori kostaldearen gain-gainean dago, Jaime I.a Mallorca mairuei konkistatzera joan zenean lehorreratu zen kostaldearen gainean; eta Arago jaunak sua pizten zuenez askotan bere beharretarako, mallorcarrek pentsatu zuten Arago jaunak seinaleak egiten zizkiola Mallorcan lur hartzeko gudarostea zekarren frantses ontzidi bati.

        Uhartetar haietako bat, Damian izenekoa, espainiar gobernuak meridianoaren neurketa lanetarako bidalia zuen brigantineko lema maisua bera, Arago jaunari arriskuan zela jakinaraztera ausartu zen. Hala, bere herrikideei aurrea hartu, eta marinel jantziak eraman zizkion, korrika eta presaka, Arago jaunari, haiekin mozorro zedin.

        Arago jaunak berehala alde egin zuen bere menditik eta Palmara jo zuen. Bera txiki-txiki egitera zihozenak aurkitu zituen bidean, eta akabatu nahi zuten gabacho madarikatu hari buruzko informazioa eskatu zioten. Arago jaunak bertako hizkuntzan oso ondo egiten zuenez, galdera guztiei erantzun zien eta ez zuten ezagutu.

        Palmara iritsi zenean, bere brick-era itzuli zen berriro; baina Manoel de Vacaro kapitainak, ordu arte Aragoren agindu guztiak bete zituen arren, Bartzenolara ez zuela eramango esan zion argi eta garbi; eta itsasontzian kutxa bat besterik ez zion eskaini gordeleku gisa, kutxa bat zeinetan, egiaztatu beharrekoak egiaztatuta, Arago jauna ez zen sartu ere egiten.

        Biharamunean, jende multzo handia bildu zen itsasertzean amenazoka, eta Vacaro kapitainak Arago jaunari jakinarazi zion berak ez zuela aurrerantzean haren bizitzaren erantzukizuna bere gain hartuko; eta jakinarazi zion, orobat, kapitain jeneralak esandakoaren arabera, Bellverko gotorlekura gatibu joatea beste irtenbiderik ez zuela. Txalupa bat eman zioten itsasartea zeharkatzeko. Herritarrak konturatu egin ziren, ordea, eta Arago jaunaren atzetik abiatu ziren, baina hura harrapatzera zihoazen unean bertan itxi ziren gotorlekuko ateak haren gibelean.

        Arago jauna bi hilabetez egon zen espetxe hartan, eta kapitain jeneralak jakinarazi zion ez ikusiarena egingo zuela handik ihes egiten bazuen. Hala ihes egin zuen, berarekin batera meridianoaren neurketan ari zen Rodriguez espainiarraren laguntzarekin.

        Esclop de Galatzon bizia salbatu zion Damian mallorcarrak berak Aljeriara eraman zuen arrantza ontzi batean, Arago jaunak ez baitzuen lehorreratu nahi izan, inondik inora, ez Frantzian ez Espainian.

        Gatibu egon zen denboran, zaindari zituen suitzar soldaduengandik jakin ahal izan zuen uharteko fraide batzuek dirua eskaini zietela Arago jauna pozoitzearen truke.

        Afrikan ere beste hainbat ezbehar izan zituen gure jakintsuak, eta modu are harrigarriagoan irten zen ezbehar haietatik; hori kontatzea ez dagokigu guri, ordea, eta egunen batean pasarte interesgarri horiek Aragok berak idatziko dituen itxaropena dugu.

        Lehenengo begiratuan, Mallorcako hiriburuak ez du erakusten bere baitan duen nortasun guztia. Hiri barruan ibiliz bakarrik, arratsean hango kale sakon eta misteriotsuetan barrena sartuz bakarrik, nabarmentzen da eraikuntza txikien estilo dotorea eta antolamendu orijinala. Baina uhartearen barrualdetik hiriaren iparraldera iristean gelditzen da agerian bere afrikar tankera.

        Laurens jaunak ongi igarri zion edertasun pintagarri hari, arkeologo soil bat harrituko ez lukeen edertasun hari, eta bere handitasunagatik eta malenkoniagatik gehien hunkitu ninduen alderdietako bat irudikatu zuen: San Agustin elizatik hurbileko harresi zati bat, ate makotu txiki bat beste irekiunerik gabeko hormatzar karratu bat duena gainean.

        Eraikin hori, palmondo sail batek inguratua, tenplarioen gotorleku baten azken aztarna da, bere goibeltasunaren eta biluztasunaren ederragatik nabarmen ageri dena harresiaren oineko koadro zoragarrian, Valldemossako mendi urdin urrutikoetan amaitzen den ordoki alai eta emankorraren koadroan. Ilunabarrean, ordutik ordura aldatzen dira paisaje horretako koloreak, eta gero eta harmonia handiagoz lotzen zaizkio elkarri: eguzkia sartu denean arrosa distiratsu ikusi dugu, gero more eder, eta lila zilarreztu ondoren, eta azkenik, gaua iritsi denean, ikusi dugu urdin garbi eta garden.

        Laurens jaunak beste hainbat ikuspegi marraztu zituen Palmako harresietatik begiratuta.

        «Arratsero, dio, eguzkiak objektuei kolore bizia ematen dien orduan, harresietan ibiltzen nintzen poliki-poliki, eta urrats bat eman orduko gelditu egiten nintzen mendi lerroek edo itsasoak hiriko eraikuntzen teilatuekin osatzen zituzten irudi ederrei so.

        »Hemen, harresi barruko ezponda aloe sasi batez estalita zegoen, eta aloe haietatik irteten ziren ehundaka zurtoinen loreek argimutil itzel bat gogorarazten zuten. Harago, palmera sailak zeuden baratzeetan, pikondoez, kaktusez, laranjondoez eta akain-belar loredunez inguratuta; urrunago, ikustoki eta terrazak azaltzen ziren mahastien itzaletan; eta azkenik, katedralaren orratzen, kanpandorreen eta eliza askotako kupulen inguruak nabarmentzen ziren zeru garbi eta argitsuan.»

        Laurens jaunaren ibilaldi kutunetako bat, eta nirea ere bai, Santo Domingo komentuaren hondakinen ingurukoa da.

        Mahatsoko bat dago, marmolezko harroinek eutsia, eta haren ertzean lau palmera handi; terraza formako lorategi hori oso gora dagoenez, erraldoiak dirudite palmerek; eta hain garaiak izaki, hiriko beste monumentu batzuen pare dira, haien maila berean egokitzen baita beren burua. Haien adar artetik ikusten dira Santo Domingo komentuko fatxadaren goialdea, Baleareetako erloju ospetsuaren dorre gotorra, eta Errege Jauregiko Aingeruaren dorrea.

        Inkisizioaren komentu hori hondakin pila bat besterik ez da gaur egun, eta sastrapa batzuk eta zenbait landare usaindun agertzen dira han-hemenka zabor artean; baina eraikuntza hori ez du denboraren joanak galdu. Esku are azkarrago eta errukigabeago batek, iraultzaren eskuak, bota eta hauts bihurtu zuen ia erabat monumentu hori, orain dela urte gutxi. Maisu lana izan omen zen, bere oparotasunaren lekuko dira behintzat hondakinak, mosaiko aberatsaren zatiak, eta oraindik zutik dirauten zenbait arku arin, eskeleto baten antzera hutsean jasoak.

        Espainia osoan arte katolikoaren santutegi horiek desegin izana haserre iturria da Mallorcako aristokraziarentzat eta atsekabe eragile zilegia artistentzat. Orain dela hamar urte nik neuk ere ezbehar handiagoa hartuko nukeen agian hondamendi horren bandalismoagatik gertaera horrek adierazten duen une historikoagatik baino.

        Baina, Marliani jaunak Espainia Modernoaren Historia politikoa lanean egin zuen bezala, nik ere arrazoiz deitoratu dezakedan arren dekretu horrek berarekin ekarri behar zituen neurrien ahulezia, eta bortxa, aldi berean, aitortu behar dut hondakinek sortu ohi duten tristura ez bezalako sentipen berezi bat sentitu nuela hondakin haien artean. Tximistak jo zuen han, eta tresna itsua da tximista, gizonaren haserrearen antzeko indar basa bat; baina, gauzak arautzen dituen eta gauza horien nahas-mahas itxurazkoan nagusi den probidentziaren legeak ondotxo daki hondakinen errautsetan egoten direla ezkutaturik bizitza berri baten oinarriak. Komentu horiek erori ziren egunean izadiak bere astindu emankorretan izaten duen berritzeko behar horren antzeko zerbait gertatu zen Espainiako giro politikoan.

        Ez dut uste, Palman esan zidaten bezala, nahigabetu batzuek, mendeku edo heriotza nahiak harturik, egingo zutenik indarkeriazko ekintza hori herritar izutuen aurrean. Nahigabe asko behar dira eraikintzar bat horrela birrintzeko, eta herritarrek atxikimendu gutxi behar dute berez gogor kontra egingo lioketen dekretu bat horrela betetzen ikusteko.

        Aitzitik, uste dut kupula horien gailurretik eraitsitako lehen harriek erauzi egin zituztela herriaren arimatik beldurra eta begirunea, sentimendu horiek ez baitzuten monasterioko kanpandorreak baino euskarri sendoagoa; eta guztiak, misteriozko eta ustekabeko bultzada batek barrua nahastu zielarik, hilotzari jazarri zitzaizkion kemenak eta beldurrak hartuta, haserreak eta errukiak hartuta. Fraidetzak gehiegikeria asko babesten eta egoismo asko elikatzen zituen; debozioak indar handia du Espainian, eta zalantzarik gabe, aurreko egunean bere aterpetik egotzitako apaizarekin aitortzen zen suntsitzaile bat baino gehiago, damuak jota. Baina gizon ezjakin eta itsuenaren bihotzean ere bada zerbait zoramenaren zoramenez dardarazten duena patuak goreneko eginkizun bat ematen dionean.

        Espainiako herritarrek beren diruz eta izerdiz eraiki zituzten araupeko apaizgoaren jauregi aparta horiek, eta mendeetan zehar joan izan zen eraikuntza horien atarira eske nagiaren sosak eta esklabotasun intelektualaren ogi apurrak jasotzera. Haren izugarrikerietan parte izan zuen, haien koldarkeriaz zipriztindu zen. Inkisizioaren sua piztu zuen. Arraza osoak esesteko eta errotik erauzteko helburuarekin egindako esetsaldi izugarrietan gaizkide eta salatari izan zen. Eta halako aberastasun handiak eman zizkioten juduen hondamena amaitu zuenean, ezen bere zibilizazioaren eta handitasunaren sortzaile izandako mairuak erbesteratu zituenean, orduan miseriaren eta ezjakintasunaren zigorra jaso zuen zerutik. Egonarri eta kupida nahikoa izan zuen bere egintza, galbide eta zigor gertatu zen apaizgo horren kontra ez jazartzeko. Sofrimendu luzea izan zuen bere eskuez egindako uztarri haren azpian. Eta ondoren, egun batean, ahots arrotz batzuk burujabetasunaz eta askatasunaz mintzatu zitzaizkion, ausardiaz, belarrira eta kontzientziara. Bere arbasoen okerra onartu zuen, bere doilorkeriekin lotsatu zen, bere miseriarekin nahigabetu zen, eta nahiz eta oraindik imajinak eta erlikiak gurtzen zituen, apurtu egin zituen irudiak, eta gehiago sinetsi zuen bere eskubideetan bere gurtzetan baino.

        Zein da, bada, belauniko zegoen elizkoia bat-batean asaldatu zuen indar ezkutua, garai bateko bere fanatismoa betidanik gurtu izan zituen gauzen kontrako bihurtzera eraman zuen indar ezkutua? Ez da, segur aski, ez gizonen atsekabea, ezta gauzen nekea ere. Bere buruaren atsekabea baizik, bere ahalkeriaren nekea.

        Eta espainiar herria uste dena baino handiagoa izan zen egun hartan. Behin betiko izango zuen zerbait egin zuen, eta bere erabakiaz damutzera eramango zuten bideetatik urrundu zen, gizon bihurtu nahi duen mutikoak bere jostailuak puskatzen dituen bezala berriro haiekin jostatzeko tentaldiari ihes egiteko.

        Juan Mendizabali dagokionez (merezi du bere izena aipatzea gertaera haiez hitz egitean), baldin eta bere bizitza politikoari buruz jakin dudana zintzoki helerazi badidate behintzat, legezko gizona baino egitezko gizona izan zen gehiago, eta horiexek dira, nire iritziz, haren alde esan daitezkeen laudoriozko hitz ederrenak. Eta estatu gizon honek Espainiaren egoera intelektualean itxaropen handiegia edukitzea batzuetan, eta hartaz zalantza gehiegi egitea besteetan, zenbaitetan neurri gogorregiak edo ahulegiak hartzea eta bere ideiak soro antzuetan ereitea hazia itotzeko edo suntsitzeko arriskuan, bada arrazoi nahikoa egitasmo haiek berehalako arrakasta izango bazuten ezinbestekoak zitzaizkion trebetasuna eta kemena ez aitortzeko, baina, ez da arrazoi nahikoa historiak —historia hartu ohi den baino ikuspegi filosofikoago batetik begiratuta—, egunen batean, Espainiako gizon eskuzabal eta progresistenetakotzat hartzeko.

        Behin baino gehiagotan etorri zitzaizkidan gogoeta horiek burura Mallorcako komentuen hondakinetan; haren izena nola madarikatzen zuten entzuten nuen, eta ez zen, beharbada, egokia guk haren izena laudorioz eta begirunez gorestea. Eta halakoetan, esaten nion neure buruari, unean uneko arazo politikoak alde batera utzita —arazo horiek ez baititut gustuko eta ez baititut ulertzen, hala esan baneza—, banuela gizonei eta are egiteei buruz ere iritzi sintetiko bat osatzea neure burua engainatzeko beldurrik gabe. Ez da uste eta esaten den bezain beharrezkoa herri bat bertatik bertara ezagutzea, hango ohiturak eta bizitza materialaren azterketa xehea egitea, hari buruzko uste zuzena izateko eta haren historiaren, haren etorkizunaren eta, hitz batean, haren bizitza moralaren benetako funtsa ezagutzeko. Giza bizitzaren historia orokorrean ereduzko lerro luze bat dagoela eta herri guztientzat berdina dela uste dut, eta herrien historia partikularraren hari guztiak lerro nagusi horri lotuta daudela. Lerro hori idealaren edo, nahiago izanez gero, perfektogarritasunaren sentimendua eta ahalegin etengabea da, gizonak bere baitan gorde duena, izan sen itsu gisa, izan teoria argi gisa. Benetan ospetsu izan diren gizon guztiak jabetu dira horretaz eta saiatu dira horretan, zein bere erara, eta ausartenak, ikuspenik garbiena izan dutenak eta etorkizunaren bilakaera bizkortzeko orainaldian ukaldi gogorrenak jo dizkiotenak dira beren garaikideek gehien gutxietsi dituztenak. Ezagutu gabe gutxietsi eta kondenatu dituzte; beren harroinetatik eraitsi dituzte zenbait hutsegite igarokorrek, zenbait ezbehar ulergabeek, eta ez dituzte berriro haietara igo, harik eta beren lanaren fruituak jaso diren arte.

        Gure iraultzako zenbat eta zenbat gizon ospetsuren izenak ez ote dira beranduegi eta ez behar bezala garbitu! Eta zenbaten ekintzak eta lanak ulertzen eta azaltzen ote dira oker gaur egun oraindik! Espainian, Mendizabal izan da gogorren epaitu duten ministroetako bat, bera izan baitzen adoretsuenetako bat, adoretsu bakarra, agian; eta agintean egin zuen denboraldi laburraren oroitzapen ezabaezina utzi duen egintzak, komentuak erabat suntsitzeak alegia, halako arbuio gogorra jasan du, non erabaki ausart haren eta espainiar herritarrek agindu hura onartzeko eta betetzeko erakutsi zuten gogo beroaren alde jarduteko beharra sortu zaidan.

        Hori da, behintzat, hondakin haiek ikusi nituenean nire arima bat-batean bete zuen sentimendua: denborak belztu gabe zeuden artean, eta ematen zuen haiek ere iraganaren kontra zeudela eta herriarengan egia ernatu zela aldarrikatzen ari zirela. Ez dut uste artearen zaletasuna galdu dudanik; ez ditut, behintzat, mendekuaren eta basakeriaren grinak nabaritzen neure baitan; ez naiz, azkenik, edertasunaren gurtza gauza alferrekotzat duen eta monumentuak suntsitu eta fabrika bihurtu behar direla dioen horietakoa ere; baina herritarren besoek birrindutako Inkisizioaren komentu bat ere garrantzi handiko gertaera da historian, erromatar akueduktu bat edo anfiteatro bat bezain garrantzisua, hura bezain argigarria, eta hura bezain hunkigarria. Gobernu administrazio batek onura ziztrina edo mozkin murritza ateratzeko tenplu bat odol hotzean hondatzeko agindua emango balu, ekintza aski itsusia eta gaitzesgarria egingo luke; baina, egun erabakior eta arrisku handiko batean, ondasun aberatsago batzuen mesedetan —arrazoiaren, justiziaren eta erlijio askatasunaren mesedetan— artea eta zientzia galbidera eramaten dituen buruzagi politikoak, batetik, eta sen errukitsukoa, arrandia katolikoaren zalea eta fraideekin begirunetsua izanik ere, deketru hori begi itxi-ireki batean betetzeko adina kemen eta beso biltzen duen herriak, bestetik, ekaitzak astindutako eskifaiaren antzera jarduten dute batak zein besteak: aberastasunak uretara jaurtiz salbatzen dute beren burua.

        Nahi duenak egin beza negar, beraz, hondakinen gainean! Monumentu horiek suntsitu izana deitoratzen dugun arren, guztiak dira noizbait ziega izanak, eta bai gizadiaren arima, bai haren gorputza ahuldu dute mendeetan zehar. Eta datozela beren bertsoetan munduaren haurtzaroko egunen ihesa deitoratu ordez, urrezko txintxirrin eta zigor odolduen hondakinen gainean, egun haietatik askatu den gizakiaren gizaroa ospatuko duten poetak! Chamissok bertso eder batzuk egin zituen Frantziako iraultzan bere arbasoen gaztelua birrindu zutela eta. Bertso horien amaieran bai poesian baita politikan ere oso berrizalea izan zen ideia bat agertzen da:

        «Bedeinkatua zu, jauregi zahar hori, goldearen muturra gainetik igarotzen zaizun hori! Eta bedeinkatua goldea zure gainetik daramana!»

        Poesia eder horren oroitzapena gogora ekarri ondoren, ausartuko al naiz, orain, domingotarren komentuak hartaratuta osatu nituen zenbait orri berridaztera? Zergatik ez, bere buruaganako maitasunari eta bere antzinako joerari uko eginez egileak eskaintzen dion gogoeta bat epaitzean errukiz aritu behar badu irakurleak? Jar beza atal honek, edonolakoa dela ere, bizitasun pixka bat egin berri dudan eraikuntzen nomenklatura lehor horretan!

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia