II. kapitulua

 

        Mallorcako hiru eraikin nagusiak katedrala, Lonja (azoka) eta Palacio Real dira. Katedrala, mallorcarrek diotenez, Jaime Konkistatzaileak —beren lehen errege kristau eta, nolabait esatearren, beren Karlomagnoak— eraiki zuen, eta hasi, egia da haren agintaldian hasi zutela, baina ez zen 1601 arte amaitu. Izugarri soila da, ale meheko eta anbar kolore ederreko kareharriz egina goitik behera.

        Harrizko masa ikusgarri horrek, itsasertzean dagoenez, efektu handia egiten du kaian sartzean, baina egikerari dagokionez, benetan aipagarria duen gauza bakarra hegoaldeko ataurrea da; Laurens jaunak dioenez, huraxe da berak sekula irudikatu duen arte gotikoaren erakusgarririk bikainena. Barnealdea ikaragarri soila eta iluna da.

        Itsasoko haizea indar handiz sartzen zenez sarrera nagusiko irekiune luzeetatik, eta meza denboran koadroak eta ontzi sakratuak lurrera bota ohi zituenez, itxi egin dira alde horretako ate eta errosetoiak. Habeartea bada bostehun eta berrogei arra luze eta hirurehun eta hirurogeita bost arra zabal.

        Koruaren erdian marmolezko sarkofago bat dago, nahiko soila, zeina kanpotarrei irekitzen baitieten Konkistatzailearen seme Jaime II.aren momia ikus dezaten; Jaime II.a printze elizkoia zen, ahul eta gozoa aita borrokalaria izan zuen beste.

        Mallorcarrek diotenez beren katedrala Bartzelonakoa baino askozaz ere bikainagoa da; eta Lonja —hau ere beraiek esaten dutenez— Valentziakoa baino askozaz ere ederragoa. Ezin izan dut bigarren baieztapena egia ote den frogatu; lehenak, baina, ez du ez hanka eta ez buru.

        Katedral batean zein bestean ikus daiteke Espainiako metropoli gehienetan apaingarri duten garaipen ikur bitxia: zur margotuzko mairu buru nazkagarri bat, turbante batez estalia, organoaren petxinari buru ematen diola. Lepo moztu horren irudia bizar zuri batez apaindu ohi dute batzuetan, eta gorriz margotua izaten du behealdea, garaituaren odol zikina itxuratuz.

        Nabeetako gangen giltzarrietan hainbat eta hainbat armarri agertzen dira. Mallorcako zaldunek garesti ordaindu ohi zuten Jainkoaren etxean beren armarria jartzeko pribilejioa; harrotasun neurrigabearen gaineko zerga horri esker amaitu ahal izan zen katedrala mende hartan, debozioa epel samartuta zegoen garai batean hain zuzen. Baina ez litzateke zintzoa mallorcarrei bakarrik egoztea garai hartan mundu osoko noble fededunen artean zabalduta zegoen ahulkeria bat.

        Lonja izan da monumentu guztietan gehien hunkitu nauena bere proportzio dotoreengatik eta orijinaltasun bete-beteagatik, erregulartasun perfektua eta soiltasun atsegingarria agertzen baitu aldi berean.

        Azoka hau XV. mendearen lehen erdian hasi eta amaitu zuten. Jovellanos ospetsuak xehetasun handiz deskribatu zuen, eta Magasin pittoresquek ospe handia eman zion orain dela hainbat urte argitaratutako marrazki bitxi baten bidez. Barrutik areto handi bat da, ildaska kiribilekiko sei habek eutsia, xalotasun dotorekoa.

        Palmara oldeka iritsi ohi ziren salerosleen eta itsasgizonen biltokia izan zen Lonja antzina, eta eraikin hori da, hain zuzen ere, mallorcarren merkataritzaren garai bateko ospearen isla; gaur egun jaialdi publikoetarako baino ez da erabiltzen. Gauza bitxia izan behar zuen mallorcarrak han ikustea, beren gurasoen jantzi dotoreekin, dantza areto antzinako hartan handiro olgetan; baina euriak mendialdetik ezin irtenda ginduzkan orduan, eta ezin izan genuen ikusi inauteri hura, Veneziakoa baino inauteri xumeagoa baina agian alaiagoa. Lonjari dagokionez, eder askoa iruditu zitzaidan arren, ez zuen itzali Cadoro esaten dioten bitxi ikusgarri hartaz, Ubide Handiko azoka zaharraz, nuen oroitzapena.

        Palmako Palacio Real —zeina inolako zalantzarik gabe estilo erromaniko eta mairukotzat hartu baitzuen Grasset de Saint-Sauveur jaunak (eta inperioaren joerari egokituriko sentipenak eragin zizkion horrek)— 1309an eraiki zela esaten dute. Laurens jaunak, ordea, gogoa nahasirik zuela aitortu zuen, leiho bikoitzak eta habexka dudazkoak aztertu zituela-eta eraikin horretan.

        Zentzugabekeria al litzateke Mallorcako hainbat eta hainbat eraikinetan ikusten den estilo nahasketaren arrazoia eraikin berrietan antzinako eraikinen atalak erabiltzea dela esatea? Frantzian eta Italian Berpizkundeko estiloak eskultura apaingarri gisa greziar eta erromatar tankera beteko medailoi eta behe erliebeak erabili zituen bezala, ez al zen gertatuko, Mallorcan, kristauek mairuen obra guztiak hondatu ondoren obra haietako hondakin aberatsak hartu eta geroagoko beren eraikinetan erabili izana?

        Dena dela, Palmako Palacio Realek itxura bitxia du benetan. Ez da jauretxe hura baino gauza nahasiagorik, deserosoagorik eta Erdi Aroko tankera jatorragoa duenik; baina ez dago, halaber, hura baino etxetzar arranditsu, bere gisako eta Hidalgoagorik ere: garaiera handia hartzeraino bata bestearen gainka jarritako galeriez, dorreez, terrazez eta arkuteriez osatua da; aingeru gotiko batek buru ematen dio multzo horri guztiari, hodei artean itsasgainetik begiratzen diola Espainiari.

        Jauregi hau, zeinetan gordetzen baitira artxiboak, kapitain jeneralaren egoitza da, uharteko agintari nagusiaren egoitza alegia. Hona hemen nola deskribatzen duen Grasset de Saint-Sauveur jaunak egoitza hori barrutik:

        «Lehenengo aretoa atari moduko bat da, zaindarien egonleku gisa erabiltzen dena. Ia eserlekurik ez duten beste bi areto handitara sartzen da eskuinetik.

        »Hirugarren aretoa harrera gela da. Urrezko zerrendez dotoretutako belus gorrizko jargoi batek apaintzen du gela, tapizez estalitako hiru eskailerako oholtza baten gainean. Albo bietan zur urre-koloreko lehoi bana dago. Jargoi gaineko errezela ere belus gorrizkoa da, eta ostruka lumazko apaingarria du gandorrean. Jargoiaren gainean errege-erreginen erretratuak daude zintzilik.

        »Areto honetan egiten die jeneralak harrera jai egunetan edo gala egunetan administrazio zibileko taldeei, gudarosteko ofizialei eta atzerritar ospetsuei».

        Kapitain jeneralak gobernadorearen zereginak betetzen dituenez, eta honentzat gomendiozko gutunak genituenez, gutun haiek aurkeztera joan zen guretarra gela hartan hartzeko ohorea egin zigun. Jargoiaren ondoan aurkitu zuen guretarrak funtzionario goi mailakoa; 1807an Grasset de Saint-Sauveurrek deskribatu zuen jargoi berbera izango zen hura, ziurrenik, zahartuta, histuta, urratuta eta koipez eta argizariz zikin samartuta baitzegoen. Bi lehoiak ez ziren urre kolorekoak ordurako, baina oso keinu izugarria zuten artean. Erregeren irudia besterik ez zen han aldatu: Isabel erregina xaloa, kabaretetako iragarki izugarria, zegoen oraingoan marko urre-kolore zaharrean, zeinetan egon baitziren lehenago haren arbaso itzaltsuak marrazkigintzako ikaslearen passe-partout bateko ereduak bezala. Gobernadorea, nahiz eta Hoffmanen Ireneus dukea izenarekin ostatatu zen, oso gizon estimatua eta printze arrunt adeitsua zen.

        Laugarren monumentu aipagarria Udal jauregia da, XVI. mendeko obra, zeinaren estiloa alderatu izan baitute, arrazoiz alderatu ere, Florentziako jauregietakoekin. Teilatua alboetako irtenuneengatik du, batez ere, aipagarria, Florentziako jauregietakoen edo Suitzako chalet-etakoen modukoak baitira irtenune horiek; baina honek badu ezaugarri berezi bat haien aldean: zurean bikain tailatutako errosetoiekiko kasetoiak ditu euskarri, eta kasetoien artean kariatide luze batzuk agertzen dira, teilatu hegal horren azpian etzanda, teilatuari ahuenka eutsiz bezala, esku artean ezkutatuta baitute, gehienek, aurpegia.

        Ez dut barrutik ikusi Mallorcako handikien erretratuak erakusgai dauden eraikin hori. Pertsonaia itzaltsu horien artean ikus daiteke Don Jaime ospetsua, karta jokoko errege baten tankerarekin. Eta ikus daiteke, orobat, koadro oso zahar bat, zeinak irudikatzen baitu Ramon Llull mallorcarraren hileta eta erakusten baitu doktore argituaren segizio amaigabeak zeraman antzinako jantzien bilduma interesgarri eta askotarikoa. Azkenik, bada jauregi horretan Van Dickek margotutako San Sebastian bikain bat ere, baina Mallorcan inork ere ez zidan haren berri eman.

        «Palmak badu marrazki eskola bat —dio Laurens jaunak—, zeinak hezi baititu, gure XIX. mende honetan bakarrik, hogeita hamasei margolari, zortzi eskulturagile, hamaika arkitekto eta sei grabatzaile, maisu handiak guztiak, Antonio Furió jakintsuak berriki argitara eman duen Mallorcako Artista ospetsuen Hiztegiak dioena sinestekotan. Aitortu behar dut zintzoki ezen Palman egon nintzen garaian ez bainuen pentsatu halako pertsonaia handiez inguratua nintzenik eta ez bainuen ikusi haien presentziaren iragarpen izan zitekeen ezer...

        »Familia aberats batzuek espainiar eskolako koadro asko dituzte... Baina dendaz denda ibiltzen bazarete, herritar xume baten etxean sartzen bazarete, ez duzue halakorik aurkituko; gure plaza publikoetan saltzaileek erakusgai jartzen dituzten eta Frantzian nekazari pobrearen etxe apalean beste inon lekurik aurkitzen ez duten irudi kolore askoko horietakoak besterik ez dituzue ikusiko han.»

        Palmak gehien goresten duen jauregia Montenegroko kondearen jauregia da; laurogehitaka urteko agurea da Montenegroko kondea, antzina kapitain jeneral izana, Mallorcako pertsonaia ospetsuenetakoa jaiotzatik eta garrantzizkoenetakoa bere ondasunengatik.

        Gizon horren liburutegia bisitatzeko aukera izan genuen, baina ez nuen hango liburu bakar bat ere ireki eta ezin esango nuke liburutegi hari buruzko ezer ere (liburuekiko dudan begirunea izua baita ia) baldin eta erkide jakintsu batek adierazi ez balit altxor haien garrantzia; izan ere, nik axolagabeki begiratu nituen, alegiako oilarra perla artean ibili zenean bezala.

        Erkide hark bi urte inguru igaro ditu Katalunian eta Mallorcan, erromantze hizkuntzari buruzko ikerketak egiten, eta adeitasun handiz eman zidan bere oharren berri, eta jakintsuen artean ohiz kanpokoa den eskuzabaltasunaz eman zidan ohar haietatik nahi nuen guztia ateratzeko baimena ere. Halakorik egin aurretik, ordea, irakurleari jakinazari behar diot bidaiari hura Mallorcako gauza guztiekin liluratuta gelditu zela ni etsita gelditu nintzen adina.

        Esan nezake, iritzi horiek elkarren desberdin zergatik diren azaltzeko, ni han egon nintzen garaian Mallorcako herritarrak estu eta larri bizi zirela gerratik ihesi joandako hogei mila espainiar hartu izanaren ondorioz, eta izan liteke, okerrik eta aitzakiarik gabe, Palmako bizitza kaskarragoa izatea eta mallorcarrak ez egotea atzerritar talde bat bi urte lehenago hartuko zuketen bezain ondo hartzeko prest. Nahiago dut, hala ere, zuzentzaile onberaren kritika jaso, nirearekin bat ez datorren iritzi batzuen arabera idatzi baino.

        Poz handia emango lidake, bestalde, aurrez aurre egin izan zaidan bezala kontra egingo balitzait eta gaitzetsiko banindute jendaurrean ere; izan ere, irakurleek Mallorcari buruzko liburu zorrotz eta interesgarriagoa lortuko lukete nik orain ezinbestean eskaini behar diedan kontakizun nahaspilatu, eta agian, nahi gabe, bidegabe hau baino.

        Eman dezala argitara, beraz, Tastu jaunak bere bidaia; hitza ematen dut pozarren irakurriko dudala mallorcarrei buruz dudan iritzia aldaraziko didan oro: ezagutu ditut joera orokorraren erakusgarritzat hartu nahi nituzkeen zenbait jende, eta itxaropena dut idatzi hau noizbait eskuratuz gero ez dutela zalantzan jarriko haiekiko ditudan sentipenak.

        Horrela bada, Tastu jaunaren oharretan aurkitu dut gaur egun Mallorcari gelditzen zaizkion aberastasun intelektualen artean dagoela Montenegroko kondearen liburutegi hura, zeinetatik batere begirunerik gabe igaro nintzen etxeko kapilauaren atzetik, zaldun mallorcar ezkongabe baten etxearen barnealdea arreta handiz ikertzen ari bainintzen; barnealde triste eta garratza zen inon halakorik bada, apaiz batek isilean gobernatua.

        «Liburutegi hau, dio Tastu jaunak, Antonio Despuig kardinalak, Montenegroko kondearen osaba eta Pio VI.aren lagun minak osatu zuen.

        »Kardinal jakintsu hark Espainian, Italian eta Frantzian zuten bibliografia interesgarri guztia bildu zuen. Numismatikari eta, batez ere, antzinako jakintzei buruzko atalak dira liburutegiko osoenak.

        »Liburutegian eskuizkribu gutxi daude, baina horien artean bada bat kaligrafian zaletuentzat bereziki jakingarria: orduen liburu bat da. Liburu horrek miniatura ikusgarriak ditu; artearen garai oparoenetako batean egina da.

        »Heraldika atsegin duenak armarri liburu bat ere aurkituko du, espainiar nobleen armarrien irudiak kolore eta guzti agertzen dituena, aragoitar, mallorcar, rosellondar eta languedoctar familienak barne. Eskuizkribua XVI. mendekoa bide da, eta Dameto familia, Despuig eta Montenegro familien aliatua, izan zen haren jabea. Liburu hori begiratuz gure Napoleon handiaren sorburu zen Bonapart familiaren armarria aurkitu dugu eta horretatik atera dugu geroago azaltzen den facsimila...

        »Liburutegi honetan dago, halaber, Valsequa mallorcarraren itsas-karta, 1439ko izkribua, kaligrafia eta topografiako irudien maisu lana; balio handiko lana utzi zuen karta horretan miniaturagileak. Karta Americo Vespucciorena izan zen; garesti ordaindu zuen, kartaren atzealdeko idazkiak garai hartako idazkeran aditzera ematen duenez: Questa ampla pelle di geographia fù pagata da Amerigo Vespucci CXXX ducati di oro di marco.

        »Erdi Aroko geografiaren monumentu balio handiko hori aurki emango da argitara, Notices de manuscrits de l'Académie des Inscriptions et Belles-Lettreseko XIV. alean 2. atala hartzen duen 1375eko Atlas kataluniar-mallorcarraren osagarri.»

        Ohar hau transkribatzean ilea laztu zait, gertaera izugarri bat etorri baitzait gogora.

        Montenegroko liburutegi horretan ginela kapilauak zabaldu egin zuen itsas-karta hura —balio handiko monumentu bitxia, zeinaren truke 130 dukat ordaindu behar izan baitzituen Americo Vespucciok; jainkoak daki zenbat ordainduko zuen Despuig kardinal zaharkin zaleak!—... eta hara non bururatzen zaion etxeko berrogei edo berrogeita hamar zerbitzarietako bati pergaminoaren ertz batean kortxozko tintontzi bat jartzea, karta mahai gainean zabalik gera zedin. Tintontzia beteta zegoen, goraino beteta gainera!

        Pergaminoak, bilduta egoteko joerari jarraituz, eta izpiritu gaizto batek eraginda agian, ahalegina egin zuen, kraska hotsa atera zuen, jauzi bat egin zuen eta bildu egin zen atzera, tintontzia berarekin eramanez; tintontziaren edukin guztia bildukinaren barruan galdu zen, bildukina jauzika ari baitzen, oztoporik gabe. Guztiek batera garrasi egin zuten; kapilaua pergaminoa bera baino zurbilago gelditu zen.

        Karta zabaldu zuten poliki-poliki; bazuten, artean, itxaropen izpi bat. Ai ene! Tintontzia hutsik zegoen ordea! Karta blai-blai zegoen, eta miniaturan irudikaturiko errege txiki ederrak igeri zebiltzan —bai benetan igeri— Ponto Euxino bera baino itsaso beltzago batean.

        Orduan burua galdu zuten denek. Kapilauak konortea galdu zuela uste dut. Zerbitzariak ur perrailekin etorri ziren, sute bat gertatu balitz bezala; belaki eta erratz astindu galantez garbitu zuten karta eta han eraman zituzten erregeak, itsasoak, uharteak eta kontinenteak, nahas-mahasean denak.

        Arreta zorigaiztoko hari aurre egin ahal izan genionerako karta hondatuta zegoen aldez, baina ez erremediorik gabe, halere; izan ere, Tastu jaunak egina zuen haren kalko doi-doia, eta hari esker konpondu ahal izango zen, nola edo hala, hondamen hura.

        Baina a zer nolako etsipena hartuko zuen limosnazaleak, bere jauna gertatutako guztiaz jabetzean! Hondamena gertatu zenean mahaitik sei urratsera geunden gu guztiak; baina uste osoa dut geu hartuko gaituztela, hala ere, haren errudun, eta gertaera hau, frantses batzuei leporatua, ez dela izango frantsesek Mallorcan izen ona berreskuratzeko lagungarria.

        Gertaera lazgarri hura zela eta, ezin izan genituen miretsi, ez eta ikusi ere, Montenegroko jauregiko zenbait bitxi: ez dominen aretoa, ez brontze zaharrak, ez koadroak. Nagusia iristen zenerako handik alde egiteko irrikitan geunden, eta, errua guri egotziko zigutela ziur baikeunden, ez ginen ausartu hara gehiago itzultzen. Tastu jaunaren oharrak beteko du, beraz, hemen ere, nire ezjakintasunaren hutsunea.

        «Kardinalaren liburutegitik aterata domina areto bat dago, domina zeltiberiarrez, mairuez, greziarrez, erromatarrez eta Erdi Arokoez osatua; bilduma ezin hobea, baina gaur egun nahasmendu negargarrian dagoena, jakintsu batek noiz txukunduko eta sailkatuko zain.

        »Montenegroko kondearen aretoak marmol edo brontze zaharrezko gauzakiez daude apainduak; Aricciako aztarnategietako bitxiak dira, edo kardinalak Erroman erosiak bestela. Espainiar eta italiar eskoletako koadro asko ere badaude han, Europako galeriarik ederrenetan distiraz nabarmenduko liratekeenak horietako asko.»

        Aipatu beharrekoa dut Belver edo Bellver jauregia, antzina Mallorcako erregeen egoitza izana, urrutitik bakarrik ikusi ahal izan nuen arren, muino baten gainetik itsasoari arrandiaz gailentzen zitzaiola. Oso aspaldiko gotorlekua da, eta Espainiako estatuko presondegi gogorrenetakoa.

        «Gaur egungo harresia XIII. mende amaieran eraiki zen, Laurens jaunak dioenez; oso egoera onean dago, eta Erdi Aroko arkitektura militarreko monumentu bitxienetako bat da.»

        Gure bidaiaria han izan zenean, berrogeita hamar bat preso karlista aurkitu zituen: zarpailez jantzita zeuden, biluzik ia; haurrak ziren batzuk artean. Uretan egositako makarroi hutsezko lapikokada bat jaten ari ziren, zalaparta alaian. Haien zaindariak trikotatzen ari ziren, zigarroa ahoan.

        Izan ere, Bellverko gaztelura eraman ohi ziren garai hartan Bartzelonako kartzeletan kabitzen ez ziren presoak. Baina gatibu ospetsuagoek ere ikusi izan dituzte ate izugarri haiek beren bizkarrean ixten.

        Don Gaspar de Jovellanosek, Espainiako hizlari elokuente eta idazle adoretsuenetakoa zenak, hantxe ordaindu zuen Pan y toros bere panfleto ospetsua, torre de homenage, dorrean cuya cuva —dio Vargasek— es la más cruda prisión. Bere presondegiaren deskripzio zientifikoa egiten eta Erdi Aroan gaztelu hartan izan ziren gertaera tragikoen historia osatzen igaro zuen kartzela garaiko bere aisia lazgarria.

        Mallorcarrek katedralaren eta Lonjaren deskripzio zorrotza ere zor diote Jovellanosek uhartean egindako egonaldiari. Hitz batean, haren Mallorcari buruzko Gutunak dira dokumentu guztietan argigarrienak.

        Bakearen printzearen erreinaldi bizkarroian Jovellanosen bizitoki izandako ziega berberak hartu zuen, handik gutxira, zientziako eta politikako beste jakintsu bat, Jovellanosi Espainian zegokion mailako ospea zuena Frantzian. Anekdota aski ezezaguna da, baina bereziki interesgarria izan daiteke, zientziarekiko maitasunak mila abentura arriskutsu eta hunkigarri bizitzera eraman zuen bizitza bateko kapitulua den aldetik.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia