I. kapitulua

 

        Mallorca laurehun urtez mairuen mende egon bazen ere, uharteak ez du haien egonaldiaren aztarna garbirik gorde. Haiena ez da bainutegi txiki bat besterik gelditzen, Palman.

        Erromatarren aztarnarik batere ez da gelditzen, eta kartagotarrena, berriz, hondakinen bat edo beste, Alcudia hiriburu zaharretik hurbil, eta Anibalen jaiotzari buruzko elezaharra, Grasset de Saint-Sauveurren arabera mallorcarrek harropuzkeriaz sortua omen dena, egiatasun arrastorik baduen arren.

        Baina mairuen kutsua eraikin txikienetan betikotu da, eta ezinbestekoa izan da Laurens jaunak bere aurrekoen akats arkeologiko guztiak zuzentzea ni bezala bidaiari ezjakin direnek ez zezaten pentsa han eta hemen arabiar arkitekturaren aztarnak ikusten ari zirela.

        «Palman ez dut ikusi, dio Laurensek, antzina-antzinako eraikuntza data duen etxerik. Etxe interesgarrienak, bai arkitekturari bai antzinatasunari dagokionez, hamaseigarren mendearen hasierakoak dira guztiak; baina garai hartako arte txairo eta bikainak han ez du Frantzian duen tankera bera.

        »Etxe hauek ez dute etxabearen gainean solairu bat eta ganbara apal bat besterik. Sarrera, kalekoa, puntu erdiko arkuko ate bat da, batere apaindurarik gabea; baina neurri handikoa izateak eta erradio luzeak osatuz jarritako harri asko edukitzeak itxura ikusgarria ematen diote. Argia leiho garai batzuetatik sartzen da lehen solairuko gela handietara; leiho horiek arabiar itxura betea ematen dieten zutabe mehe-mehe batzuk dituzte erdian.

        »Kutsu hori hain dute nabarmena, ezen era horretako hogei etxetik gora aztertu eta haien atal guztiak banan-banan eta zehatz-mehatz ikertu behar izan ditudan ziurtasun osoz esan ahal izateko leihoak ez zirela jauregi mairu baten hormetatik hartuak, ez zirela Granadako Alhambra erakusgarri duten jauregi mairu benetan liluragarri horien hormetatik hartuak.

        »Mallorcan beste inon ez dut ikusi halako zutaberik: sei oin dira garai, eta ez dute hiru ontzako diametroa besterik. Zutabe horiek egiteko erabili den marmolaren fintasunak eta zutabeei buru ematen dieten kapitelen tankerak, horrek guztiak jatorriz arabiarrak zirela pentsarazi zidan. Nolanahi ere, leiho horiek orijinala bezain ederra dute itxura.

        »Goiko solairuko ganbara galeria batez osatua da, edo hobeto esan, elkarren ondo-ondoan dauden leiho ilara batez osatua; leihoak Lonja-ren goi-goiko atala osatzen dutenen berdinak dira. Azkenik, teilatu oso irten bat dute, antze handiz zizelatutako habeek eutsia; teilatuak euritik eta eguzkitik babesten du solairu hori, eta argi efektu biziak sortzen ditu, itzal handiak islatzen baititu etxean, eta haren zurajearen masa ilunak zeruaren tonu argiak baititu aurrez aurre.

        »Eskailera, gustu handiz landua, patio batean dago, etxearen erdian. Atari batek bereizten du kaleko sarreratik, eta atarian halaber, zutabe batzuk ikus daitezke, hosto zizelatuez eta aingeruek eutsitako armarriez apaindutako kapitelekikoak.

        »Berpizkundearen ondoren ere, mende bat baino denbora luzeagoan, luxu handiz eraiki zituzten mallorcarrek beren bizitoki pribatuak. Ordu arteko banaketa bera egiten jarraitu bazuten ere, garaian garaiko arkitektura joeren araberako aldaketak egiten zituzten atari eta eskaileretan. Horrela, bazter guztietan ikusten dira zutabe toskanarrak edo doriarrak; eskudelek eta balaustradek itxura handiosa ematen diete beti aristokraziaren bizitokiei.

        »Eskailerak apaintzeko zaletasun hori eta arabiar estiloaren kutsua etxe xumeenetan ere antzematen da, baita kaletik lehenengo solairura zurubi bakar baten bidez zuzenean sartzen denetan ere; halakoetan, maila guztiak daude lore urdin, hori edo gorri distiratsuez margotutako harlauzez estalita.»

        Deskripzio hori ondo zehatza da, eta Laurens jaunaren marrazkiek argi asko erakusten dute areto horien dotoretasuna; areto horietako peristiloak apaingarri ederrak, guztiz soilak, izango lirateke gure antzokietarako.

        Patio horiek, harlauzez estaliak eta, batzuetan, Veneziako jauregietako cortile-aren antzera zutabez inguratuak, estilo garbiko iturri bat ere izaten dute askotan erdi-erdian. Ez dute gure patio zikin eta biluzien itxura bera, ezta erabilera bera ere. Sekula ez dute han jartzen ez zalditerietako ez orgategietako sarbidea. Benetako lorioak dira, erromatarren atriumen oroigarri agian. Nola halako prothyrum eta cavœdium atalak ikus daitezke han; erdiko iturriak impluvium-aren lekua hartzen du, zalantzarik gabe.

        Peristiloek, lorontziez eta ihi zerriz apainduak direnean, itxura dotore eta aldi berean zorrotza dute, baina Mallorcako jauntxoek ez dute, inondik ere, haien poesia ulertzen; beren etxe zaharkituei aitzakia bila ibiltzen dira beti; eta norbaitek haien tankera goresten badu, berriz, irribarre egiten dute, iseka egiten diela pentsatuz edo frantsesen neurriz gaindiko adeitasun barregarria gutxietsiz beren baitarako.

        Gainerakoan, Mallorcako nobleen bizitokietan ez da dena hain poetikoa. Badira narrastasunaren hainbat ezaugarri, irakurleari nekez azal niezazkiokeenak, baldin eta, Jacquemontek indiarren ohiturez aritzean egin zuen bezala, eskutitz hau latinez bukatzen ez badut behintzat.

        Baina nik latinez ez dakidanez gero, jakin-minez gelditu direnek jo bezate Grasset de Saint-Sauveur-ek —ez Laurens bezain idazle zorrotza baina bai sinesgarritasun handia duena gai horretan— Mallorcako, eta Espainiako eta Italiako etxe zahar askotako janaritegien egoerari buruz idatzitako pasartera. Mallorcan oraindik indar betean dagoen espainiar medikuntzaren jarraibide izugarri bitxi baten berri ematen duelako da pasarte hori nabarmentzeko modukoa.

        Jauregien barrualdeak ez du zerikusirik, inondik ere, kanpoaldearekin. Etxeetako banaketa eta altzariak dira bai herrien bai gizabanakoen bereizgarri nagusia.

        Parisen, non modaren apetak eta industria gaien ugaritasunak bizitokien itxura hain era bitxian aldarazten baitu, bizimodu erosoa duen edonoren etxean sartzea aski da begiratu bakarrean haren izakeraz jabetzeko; jakiteko atseginzalea edo ordenazalea den, zekena edo axolagabea den, metodikoa edo erromantikoa den, abegitsua edo arranditsua den.

        Nik ere baditut neure usteak gai horren inguruan, zeinek bereak dituen moduan, baina horrek ez du esan nahi askotan neure arrazoibideetan huts egiten ez dudanik, beste askori gertatzen zaion bezala.

        Gorroto bereziki handia diet altzari gutxiko eta oso ondo antolaturiko gelei. Non eta ez diren xehetasun material txikien esparruaz haraindiko jakituria handia eta bihotz ona denda baten babesean bezala bizi, era horretako etxeetan bizi dena buru hutsa eta bihotz hotza dela iruditzen zait beti.

        Ez dut ulertzen, lau hormen artean bizita, nola ez den ikusten horiek betetzeko beharra, enborrez eta saskiez besterik ez bada ere, eta nola ez den sentitzen inguruan zerbait bizirik dagoela ikusteko beharra, kuku-fraka edo txolarre bat besterik ez bada ere.

        Hustasunak eta gelditasunak izuz betetzen naute, simetriak eta ordena zorrotzak tristuraz betetzen naute; eta baldin nire gogoak betiko zigorra irudika baleza, nire benetako infernua herri etxe horietako batean bizi beharra litzateke: erabateko ordena dute nagusi, gauza guztiak beti leku berean daude, ez da ezer ikusten lurrean, ez da ezer hondatzen ez apurtzen, eta sekula ez da animalia bat sartzen, bizidunek bizigabeak hondatzen dituztela aitzakia jarrita. Utikan! Alferrik nituzke munduko alfonbra guztiak, horiez gozatzearren ezingo badut inoiz haur bat, zakur bat edo katu bat ikusi haien gainean!

        Neurriz gaineko garbitasun hori ez dator garbitasunerako benetako grinatik, alferkeria gehiegizkotik baizik, edo ekonomia zekenetik bestela. Kontu edo lan pixka bat gehiagorekin, nire gustuko etxekoandreak erraz luke gordeko gure baitako garbitasuna, niretzat ere ezinbestekoa.

        Baina zer esan eta pentsa daiteke garbitasunaren aitzakiarik eta desenkusarik gabe bere home-a hutsik eta mugimendurik gabea duen familia baten ohiturez eta ideiez?

        Orain dela gutxi esan dudan bezala, arrazoibide partikularretan huts egitea gauza erraza bada ere, zaila da, aldiz, arrazoibide orokorretan huts egitea. Herri baten izaera bere jantziek eta altzariek islatzen dute, eta baita bere hazpegiek eta hizkuntzak ere.

        Palman bizileku bila nenbilela, etxe askotan sartu nintzen; elkarren antz handia zuten guztiek, hain antz handia ezen hango biztanle guztiek izaera beretsua zutela atera bainuen ondorio. Atsekabeak eta higuinak erdibitzen zidan bihotza etxe haietako bakoitzean sartu orduko, ikusita hormak biluzik, harlauzak orbandurik eta hautsez beterik, eta altzariak, gutxi eta zikin. Axolagabekeriaren eta alferkeriaren lekuko zen dena; ez libururik, ez jostun lanik. Gizonek ez dute irakurtzen, emakumeek ez dute josten. Etxeko lanen zantzu bakarra sukaldeko jarduna salatzen duen baratxuri usaina da; eta olgeta intimoaren arrasto bakarra, lurrean han eta hemen sakabanatutako zigarro mutxikinak.

        Bizitza intelektualik ez dutenez, hutsak eta hilak dira etxebizitzak, gure artean ez bezala, eta mallorcarrek antz handiagoa dute afrikarrekin, europarrekin baino.

        Hala, etxe horiek —belaunaldiak ezer aldatu gabe eta gure giza bizitzaren osagai ohi diren gauzetan inongo ezaugarri indibidualik utzi gabe joaten direnez bata bestearen ondotik—, benetako etxeak baino, karabanak ematen dute gehiago; eta gure etxeek familiarentzako habia ematen duten bezala, haienek ematen dute herri alderrai bateko gizataldeek gaua egiteko hartuko luketen behin-behineko aterbea. Espainia ondo ezagutzen duten hainbatek esan didatenez horrela gertatzen da, oro har, Penintsula guztian.

        Lehen esan bezala, zaldunen (Mallorcan oraindik horrela esaten zaie patrizioei) jauregietako peristiloak edo atrium-ak abegi onekoak eta erosoak dira itxura batean. Baina eskailera dotorea igaro eta gela barrura sartu orduko, siesta egiteko egokitu den leku batean sartu zarela ematen du gehiago. Areto handiak dira, lauki luze formakoak oro har, oso garaiak, oso hotzak, oso ilunak, erabat biluziak, gisuz zurituak eta apaingarririk gabeak; familia erretratu zahar handiak, beltz-beltzak, dituzte horman, ilara bakar batean jarriak, hain gora ezen ez baita ezer bereizten; larrua koipez betea eta arrek jana duten lauzpabost aulki, berrehun urtetan garbitu ez diren urre koloreko iltzeez josia inguru guztia; tapiz valentziar batzuk, edo ile luzeko ardi larruak han-hemen lurrean; leiho handiak, oso gora, oihal lodiz estaliak; ate handiak, haritz beltzezkoak, sabaiko solibak bezala; eta, batzuetan, familiaren armarriaren brodatu aberatsa —baina denboraren poderioz histua eta higatua— duen urrezko izara bat; halakoak dira Mallorcako jauregiak barrutik. Jatekoa beste mahairik apenas ikusten den; ispiluak oso gutxitan izaten dira, eta izatekotan ere, hain leku gutxi hartzen dute horma izugarri horietan, ezen ez duten inongo argitasunik ematen.

        Etxe jabea zutik egoten da isil-isilik erretzen, etxekoandrea aulki handi batean eserita, haizemaileari eragiten ezertan pentsatu gabe. Haurrik ez da inoiz ikusten: morroiekin bizi dira, sukaldean edo bihitegian, auskalo; gurasoek ez dute haien kezkarik. Kapilaua etxean atzera eta aurrera ibiltzen da, ezer egin gabe. Hogei-hogeita hamar zerbitzariak siestan egoten direnez, zerbitzari atsotu zakar batek zabaltzen du atea bisitariak tirrina hamabost aldiz jo ondoren.

        Bizimodu hori ez da, ez, ezdeusa, hitz horri gaur egun ematen diogun adiera mugagabea erabiliz esango genukeen bezala; baina, gure burges patxadatsuena ere amorruz erotuko litzateke, edo demagogo bihurtuko litzateke bestela, izpirituaren erreakzioz, horrela bizitzera kondenatuko balute.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia