VI. kapitulua

 

        Uharteak ikuspegi desberdin ugari ditu, mundu primitiboaren ondorengo kataklismoek irauli eta oinazetutako lurraren etengabeko mugimenduaren ondorioz sortuak. Garai hartan gu bizi ginen alderdian —Establiments zeritzon—, leku elkarren oso desberdinak zeuden legoa gutxiko ikusmuga batean.

        Gure inguruan, lur landu guztiak lur emankorreko maldetan zeuden, mendixka hauen inguruan hala-hola eratutako maila zabaletan antolatuta. Lurra mailetan lantzeko era horrek, euri jasa handien eta erreken bat-bateko uholdeen arrisku etengabean diren uharteko bazter guztietan lurra lantzeko erabiltzen duten molde horrek, mesede egiten die zuhaitzei, eta ondo zaindutako baratze baten itxura ematen die landei.

        Eskuinean malda txikiko muino batzuk zeuden, oinean belardiak zituzten, eta pinuz estalitako mendiak ikusten ziren haien gainean. Mendien oinetan uhar txiki bat isurtzen zen neguan eta udako ekaitzetan; gu iritsi ginenean hartxintxarrez betetako uhaitz bat besterik ez zen ikusten han. Baina harri haiek estaltzen zituen goroldio ederrak, hezetasunak berdaturiko zubi txikiek —ur emariaren gogortasunak pitzatuak eta sahats eta ezkien adar zintzilikarien artean erdi ezkutatuak—, ibai gainera etzanik ertz batetik besterainoko hostail sehaska osatzen zuten zuhaitz lerden eta adartsu horien bilbeak, ihi eta mirtoen artetik hotsik atera gabe isurtzen zen ur negar meheak, eta beti, haur, emakume edo ahuntz talderen batek, mehargune misteriotsuetan makurturik, horrek guztiak pinturarako gune liluragarri bihurtzen zuen paraje hura. Egunero joaten ginen uberkara ibilalditxo bat egitera, eta Poussinena esaten genion txoko hari, izan ere, maisu handi hark hain maite zituen lekuak gogorazten baitzizkigun izadi libre, dotore eta harro hark, bere malenkoniarekin.

        Gure etxetik ehunka urratsera adar askotan banatzen zen uhaitza, eta haren ibilbidea lautadan galtzen zela zirudien. Olibondoek eta zalgeek elkarren kontra estutzen zituzten beren adarrak lur landuaren gainean, eta baso itxura ematen zieten landa lur haiei.

        Baso bazter hura inguratzen zuten muino ugarietan txabola arranditsuak zeuden, txabola arranditsu tamainaz nanoak. Ezin jakin daiteke zenbat etxalde, aterpe, ukuilu, larrain eta baratze izan ditzakeen pagès batek (nekazari lur jabea) lur golde batean pilatuta, eta ezin da jakin, halaber, jaiotzetiko zein nahierak agintzen dion, oharkabean, antolamendu apetatsu hori. Etxetxoak bi solairu izaten ditu eta teilatu laua; teilatuaren hegal luzatuak florentziar teilatu bateko almena sail baten modura itzal ematen dio galeria oso ireki bati. Teilatuaren buru simetrikoak dotoretasun eta sendotasun itxura ematen die eraikuntza ahul eta pobreenei ere, eta galeriaren irekiune guztietatik zintzilik haizetan lehortzen jarritako artaburu handiek zerrenda sarri bat osatzen dute, orain tarte gorria hurrena anbar horia, itxura ezin aberats eta panpoxagoa ematen dietela horrela. Etxetxoaren inguruan kaktus edo indipikondozko hesi bat izaten da; haien adar zapal bitxiek harresi bat osatzen dute elkarri loturik eta haize hotzetik babesten dituzte ardiak gordetzeko erabiltzen diren alga eta kanaberazko babesleku kaskarrak. Nekazari hauek elkarri lapurretarik egiten ez dietenez gero, ez dute era horretako hesi bat besterik izaten beren jabetza ixteko. Arbendol eta laranjondo sail sarriak egoten dira baratze inguruan, eta baratzean piperra eta tomatea beste barazkirik lantzen ez den arren, kolore zoragarria du multzo guztiak; askotan, bizitoki horrek osatzen duen koadro eder horri buru emanez bezala, palmondo batek bere eguzkitako xarmanta zabaltzen du erdi-erdian, edo alde baterantz makurtzen da, airoski, motots eder baten antzera.

        Alderdi hau uharteko oparoenetako bat da, eta Grasset de Sain Sauveur jaunak bere Voyage aux îles Baléares liburuan ematen dituen arrazoiek baieztatu egiten dute nik Mallorcako lur landuen urritasunaz lehen esan dudana. Inperioko funtzionario horrek 1807an Mallorcako pagès-en geldotasunaz eta ezjakintasunaz egin zituen oharrek jarrera horren arrazoiak bilatzera bultzatu zuten. Eta bi arrazoi nagusi aurkitu zituen.

        Lehenengo arrazoia konbentu asko izatea da, biztanleriaren parte handi bat hartzen baitzuten komentuek, eta bestela ere aski murritza zen biztanleria. Eragozpen hori Mendizabal jaunaren agindu zorrotzari esker desagertu egin zen, ordea, eta Mallorcako elizkoiek ez diote inoiz barkatuko hori.

        Bigarren arrazoia morrontzarako duten jaiera itsua da; jaiera horrek atxikitzen ditu, dozenaka, aberats eta nobleen zerbitzuan. Gehiegikeria horrek indar betean dirau oraindik ere. Mallorcako aristokrata orok du bere irabaziekin doi ordain dezakeen mirabe talde handi bat, nahiz eta horrek ez dion batere erosotasunik ematen; izan ere, ez dago ohorezko zerbitzari moduko horiek ematen dutena baino zerbitzu kaxkarragorik. Batek bere buruari galdetzen dionean zertan gastatzen ote dituen Mallorcako aberats batek bere irabaziak ez luxurik ez tentaziorik ez dagoen herri batean, ez du erantzunik aurkituko haren etxea ikusiz besterik, bazter guztiak sexu bateko zein besteko alfer zikinez beteta nola dauden: eraikinaren hegal bat hartzen dute, horretarako propio egina, eta jaunaren zerbitzuan urtebete igarotzen duteneko, ostatua, jantzia eta jatekoa edukitzeko hil arteko eskubidea lortzen dute. Zerbitzari lana utzi nahi dutenek badute horretarako aukera, zenbait onurari uko eginez gero; baina goizero lankide ohiekin txokolatea hartzera joateko bidea ematen die oraindik ohiturak, eta baita, Sanchok Camachoren etxean bezala, etxeko jan-edan guztietan parte hartzeko ere.

        Hasieran, ohitura horiek onginahizko ohiturak ematen dute, eta jaun eta lekaio arteko harreman horretan nagusi den izaera errepublikazalea goresteko tentaldia etortzen zaio bati; baina berehala ikusten da antzinako Erromakoaren moduko errepublikazaletasuna dela hura, eta lekaio horiek alferkeriaz edo miseriaz beren jaunen harrokeriari loturiko eskupekoak baino ez direla. Mallorcan gehiegikeria handia da hamabost zerbitzari izatea, era horretako etxeak gobernatzeko aski bailirateke bi. Eta ikusirik soro handiak larre utzi direla, industria bertan behera utzia eta aurrerapenaren ideia oro zabarkeriak eta utzikeriak galarazita, batek ez daki zein den gutxiesgarriagoa: nagusia, lagun hurkoaren morala makurtzera behartzen duelako eta, horrela, makurtze hori betikotzen duelako, ala zerbitzaria, lana baino nahiago duelako olgeta lotsagarria, nahiz eta lanak emango liokeen giza duintasunari dagokion burujabetasuna.

        Dena dela, gastuen aurrekontua igotzen ari zela eta errentak murrizten ari zirela ikusita, mallorcar lurjabe aberats batzuek beren maizterren utzikeriari eta langileen beharrei konponbidea ematea erabaki zuten. Lur batzuk saldu zizkieten nekazariei, hil arteko sari baten truke; eta Grasset de Sain-Sauveur jaunak egiaztatu zuenez, lurra benetan narotu nahi zuten gizonen esku koponbide hori saiatu zen jabetza guztietan hain etekin handiak eman zituen lurrak, itxuraz antzutasunak joak, ezen urte gutxiren buruan ase ziren salerosleak, bai batzuk eta bai besteak.

        Grasset jaunak egindako iragarpenak guztiz bete dira, eta gaur egun Establiments-eko eskualdea, besteak beste, baratze handi bat da; gora egin du biztanleriak, hainbat etxe eraiki dira muino gainetan, eta nekazariek nolabaiteko erosotasuna iritsi dute, eta oraindik jakintsu egin ez baditu ere, lanerako gaitasun handiagoa, behintzat, eman die erosotasun horrek. Urte asko beharko dira mallorcarra langile bizkorra izan dadin; eta guk bezala, norberaren irabazien garraztasunaren aldi mingarria igaro behar baldin badu gizatasunaren helburua hori ere ez dela konturatzeko, utz dezagun bere gitarrarekin eta bere arrosarioarekin denbora-pasa. Baina, zalantzarik gabe, herri gazte horiek gurea baino etorkizun hobea izango dute zain; benetako zibilizazioa irakatsiko diegu egunen batean, beraiengatik egin dugun guztia aurpegira bota gabe. Ez dira maila gorena iristeko gaitasunaren sentimenduak gurera ekarri dituen iraultza ekaitzei aurre egiteko bezain helduak. Urrats handiak eman ditugu bakar-bakarrik, mundu guztiak baztertu, lotsagarri utzi eta esetsi gaituen arren, eta gure borroka handien harrabotsak ez ditu beren lozorrotik esnatu gure kanoien helmenera Mediterraneoaren magalean lo dauden herri txiki horiek. Egunen batean benetako askatasunezko bataioa emango diegu, eta oturuntzan eseriko dira, hamabigarren orduko langileak bezala. Aurki dezagun gure gizarte etorkizunaren hitza, bete ditzagun gure amets gorenak; eta, inguruan ditugun herriak poliki-poliki gure iraultzaren elizan sartu ahala, gurekin bat egingo dute ahultasunak herri amaordeen harrapakin uzten dituen uhartetar zorigaiztoko horiek.

        Europaren aitzindari, gizaki guztientzat berdintasuna eta herri guztientzat burujabetasuna aldarrikatuko dugun eguna noiz iritsiko zain, indartsuenaren legea guduan, edo maltzurraren legea diplomaziaren jokoan, dira munduan agintari; jendearen eskubidea hitz hutsa besterik ez da, eta irabazleak irenstea da herri bakartu eta urritu guztien zoria,

        Trantsilvaniarrarena, turkiarrarena edo hungariarrarena adibidez. Beti hala izan beharko balu, ez nuke nahi ez Espainia, ez Ingalaterra, ezta Frantzia ere izaterik Mallorcaren zaindari, eta ez nuke izango haren zorizko atarramenduaren kezkarik, Afrikara daramagun zibilizazio arrotzaren kezkarik ez dudan bezala.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia