V. kapitulua

 

        Palmara 1838ko azaroan iritsi ginen, gurean ekainean egin ohi duen moduko beroarekin. Hamabost egun lehenago atera ginen Paristik, eguraldi izugarri hotzarekin; guretzat atsegin handia izan zen neguaren lehenengo erasoak jasan ondoren etsaia atzean utzi izana. Atsegin horri izaera oso berezia eta edertasun eta bitxitasun aparteko zenbait monumentu dituen hiri bat ezagutzeak zekarrena erantsi zitzaion, gainera.

        Baina berehala sortu zitzaigun bizitokia hartzeko zailtasunen kezka, eta orduan ohartu ginen Mallorca munduko herri abegitsuena eta baliabide gehien zituena izango balitz bezala azaldu ziguten espainiarren usteak, gureak bezala, erdi ustel zirela. Europako zibilizazio handietatik hain hurbileko lurralde batean egonik, ezinezkoa iruditzen zitzaigun aterpea ezin aurkiturik ibiltzea. Bidaiarientzako aterperik ez izate horrek berak ikusarazi behar zigun Mallorca zer zen munduko gainerako parajeen aldean, eta orduantxe bertan Bartzelonara itzultzeko erabakia harrarazi behar zigun, han gutxienez bai baitago Hotel de las Cuatro Naciones izen hantusteko ostatu kaskar bat.

        Palmara joan nahi izanez gero norbaitek gomendiotan hartu behar du bisitaria eta haren berri izan behar dute bertako hogei handiki handienek, eta hainbat hilabete lehenagotik egon behar dute bisitaren jakinaren gainean, baldin eta izarpean lo egin nahi ez bada behintzat. Gure alde egin ahal izan zen gauza bakarra bi logela txiki altzaridun, edo hobeki esan, altzaririk gabeko, bilatzea izan zen, eta haiek ere zulo ziztrin batean, zeinetan atzerritarrek pozik egon behar baitute sokaz egindako ohantze bana, arbela bezain lastaira bigun eta samurra, lastozko aulki bat eta, jatekoari dagokionez, pipermina eta baratzuria ugari aurkituz gero.

        Ordu bete igaro zenerako ongi konturatuta geunden harrera harekin pozez zoratzen agertzen ez baginen begi txarrez begiratuko zigutela, lotsagabeak edo milikak bagina bezala, edo asko jota, kupidaz begiratuko zigutela, eroak bagina bezala. Gizajoa Espainian edozer gauzarekin pozten ez dena! Ohean zomorroak eta zopan eskorpioiak aurkituz gero atsekabezko keinurik txikiena egiten duenak bere kontrako erdeinu biziena piztuko eta haserre unibertsala sorraraziko du. Hortaz, gogotik begiratu ginen ezertaz ez kexatzetik, eta, pixkana-pixkana, baliabide gabezia eta itxurazko abegi txar hura zeren ondorio ziren ohartu ginen.

        Mallorcarren bizitasun eta energia urritasunaz gainera, aspaldiko denboretan Espainia astintzen ari zen gerra zibilak errotik eten zuen, garai hartan, uharteko biztanleen eta kontinentekoen arteko hartu-emana. Har zezakeen adina espainiarren gordeleku bihurtu zen Mallorca; indigenak beren etxeetan gordeta zeuden, eta gogotik begiratzen ziren ama aberrira abentura edo kolpe bila ateratzetik.

        Gainerakoan, ez zegoen batere industriarik eta aduanek neurriz gaindiko zergak ezartzen zizkieten ongizaterako behar diren ondasun guztiei. Palma biztanle kopuru jakin bat hartzeko prestatuta dago; biztanleriak gora egin ahala, estutuz estutuz doaz, eta ez da askorik eraikitzen. Etxeetan ez da berrikuntzarik egiten. Bizpahiru familiaren etxeak kenduta, altzariak ez dira ia batere aldatu azkeneko berrehun urteetan. Ez dakite zer den ez modaren agintea eta ezta luxuaren eta bizitzako erosotasunen beharra ere. Axolagabekeria dute batetik, zailtasunak bestetik; eta horrelaxe gelditzen dira. Gutxien-gutxienekoa dute, soberakorik batere ez. Hitz hutsetan gelditzen da beren adeitasun guztia.

        Badute esaera ospetsu bat Mallorcan, eta Espainia guztian, duten guztia eskainiz inori ezer uztetik salbuesten dituena: Etxea eta etxe barruko guztia zure gomendio da. Nahikoa da koadro bat begiratzea, oihal bat ukitzea, aulki bat altxatzea, Es a la disposición de usted esango dute maitagarriki. Baina, kontuz, ez ezazu inola ere onartu orratz bat ere; lotsagabekeria bat egingo zenuke.

        Palmara iritsi eta berehala horrelako arinkeria izugarri bat egin nuen nik ere, eta uste dut harrezkero sekula ez dudala *** markesaren barkamenik izango. Palmatar lehoi gazte haren gomendiotan nindoan eta paseatzera irteteko haren zalgurdia hartzeko moduan nengoela uste izan nuen. Halako adeitasunaz eskaini zidaten! Baina hurrengo egunean markesak bidalitako txartela ikusita, berehala jabetu nintzen komenientzia guztiak urratu nituela, eta berehala itzuli nuen zalgurdia, erabili gabe.

        Dena dela, aurkitu nituen arau honen salbuespenak ere, baina bidaiatzeko ohitura zuten eta, mundua ongi ezagutzen zutelarik, herri guztietakoak ziren jendeen artean bakarrik. Beste batzuek beren bihozberatasunak bultzatuta laguntzen ziguten, baina haietako bakar batek ere (esan egin behar da hau, aduanak eta industria ezak hura bezain herri aberats bati zenbaterainoko hondamena ekarri dioten erakusteko) ezin izango zigun bere etxean txoko bat utzi sekulako gorabehera eta gabetze larririk jasan gabe, eta horrenbestez, lotsagabe jokatuko genukeen halako eskaintzarik onartuz gero.

        Etxe bila ibili ginenean hasi ginen bertakoen ezintasunaz jabetzen. Ezin zen, hiri guztian, bizitzeko pisu egoki bakar bat ere aurkitu.

        Palmako pisuek ez dute lau horma biluzi besterik, ez dute ez ate eta ez leiho. Etxe burges gehienetan ez dago beiraterik; eta neguan hain beharrezko izan ohi den erosotasun hori nahi izanez gero, ate-uztarriak eskatu behar izaten dira lehenik. Horrenbestez, etxe maizter bakoitzak, etxe aldaketa egiten duenean (eta ez dute etxe aldaketarik sarritan egiten), leihoak, sarrailak eta are ate erroak ere eramaten ditu. Haren ondorengo maizterrak, beraz, horiek guztiak jarri behar izaten ditu, baldin eta, Palman askok egin ohi duen bezala, etxe-zabalik bizi nahi ez badu behintzat.

        Hori bai, sei hilabete behar dira gutxienez, ez bakarrik ateak eta leihoak egiteko, baizik eta baita oheak, mahaiak eta aulkiak egiteko ere, diren altzari soil eta primitiboenak direla ere. Oso langile gutxi daude, ez dute bizkor lan egiten eta lanabes eta lehengai faltan daude. Beti dago arrazoiren bat mallorcarra presaka ez ibiltzeko. Hain da luzea bizitza! Frantsesa izan behar da, hau da, aldartetsua eta eroa, gauza bat berehala egin dezaten nahi izateko. Eta sei hilabete zain egon ondoren, zergatik ez egon beste seitan? Eta herriarekin gustora ez bazaude, zergatik gelditu han? Zure beharra al dago hemen? Ongi asko moldatzen ziren bestela ere. Zer uste duzu, hona etorri eta dena hankaz gora jarriko duzuela? Ez, ez! Ezta pentsatu ere! Guk, aizu, nahi duzuna esan dezazun uzten dizugu, baina gero nahi duguna egiten dugu. —Baina, orduan, ez al dago zer alokaturik? —Alokatu? Zer da hori baina? Altzariak alokatu? Soberan al ditugu, ba, alokairuan uzteko? —Ba, bestela, ez al dago batere salgai? —Salgai? Altzariak eginda behar genituzke horretarako. Nork du altzariak aldez aurretik egiteko astirik? Altzariak nahi badituzue, eska itzazue Frantziara, denetik omen duzue han! —Baina Frantziatik edozer gauza ekar dezaten sei hilabete behar dira, gutxienez, eta eskubideak ordaindu behar dira gainera. Hortaz, hona etortzeko ergelkeria egiten duenak hemendik alde egitea du bere hutsa konpontzeko modu bakarra? —Horixe da nire aholkua. Hori, edo pazientzia hartzea, bestela, pazientzia handia hartzea; mucha calma, horixe da mallorcarren gizalegea.

        Aholku hura betetzekotan ginen, baina landetxe bat alokairuan uzteko mesede kaskarra egin zitzaigun orduantxe, borondate onez seguruenik.

        Burges aberats baten landetxea zen; guretzat modu onean, bertakoentzat aski garesti (hilean ehun bat libera), utzi zigun, bere altzari eta guzti. Bertako opor etxe guztiak bezala jantzita zegoen hura ere: ohe sareak edo egurrezko oheak, berdez pintatuak, batzuk bi euskarriren gainean jarritako bi ohol eta lastaira mehe batek osatuak; lezkazko aulkiak, marrusketaz leundu gabeko mahaiak; hormak biluzik, ongi kareztatuta, eta, luxuzko osagai gisa, leiho beiradunak ia logela guztietan; azkenik, salon deritzon gelan, koadroak balira bezala jarrita, lau tximinia burdin itsusi, gure herrixketako ostatu miserableenetakoen modukoak, gure nagusi Gomez jaunak, inozo-inozo, bere jauregiko hormak apaintzeko kontu handiz marko batean sarrarazi zituenak. Gainerakoan, etxe handia zen, ongi egurastua (gehiegi, aukeran), banaketa egokia zuen eta oso toki alaian zegoen, mazela malda-biribil eta emankorrekiko mendien magalean, haran aberats baten hondoan; harana Palmako harresi horixketaraino iristen zen, hango katedraltzar izugarriraino eta itsaso distiratsuko odaiertzeraino.

        Bakarleku hartako lehen egunak paseera eta olgeta gozoan eman genituen, klima zoragarri batek eta izadi liluragarri eta guretzat ezezagun batek lagunduta.

        Sekula ez naiz nire herritik oso urrun ibili, nahiz eta bizitzan denbora luzea eman dudan bidez bide. Lehen aldia zen, beraz, gure latitude epeletakoen hain landaredi eta lurralde desberdinak ikusten nituena. Italiara joan nintzenean Toscanako hondartzetan lehorreratu nintzen, eta lurralde haietaz neure baitan sortu nuen irudiak galarazi egin zidan haien edertasun bukoliko eta grazia atsegingarriaz gozatzea. Arno ibaiaren ertzean nengoela, Indreren ertzean nintzela uste izan nuen, eta ezerekin harritu edo hunkitu gabe joan nintzen Veneziaraino. Mallorcan, aldiz, ezin izan nuen beste inongo paraje ezagunekiko konparaziorik egin. Gizonak, etxeak, landareak eta bide bazterreko hartxintxar txikienak ere bereziak ziren han. Nire seme-alabak hain zeuden harrituta, ezen denetik bildumatzen zuten, eta itxituren inguruko ezpondetan jartzen diren kuartzozko eta kolore guztietako zainekiko marmolezko lauza lehorrez bete nahi zituzten gure kutxak. Horregatik nekazariek, adar iharrak ere biltzen genituela ikusirik, botikariotzat hartzen gintuzten batzuek, edo inozo petoak bagina bezala begiratzen ziguten besteek.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia