IV. kapitulua

 

        Baina pinturaz ezer ez badakizu —esango didate—, orduan zer arraiotara joan zinen ontzi madarikatu hartara? Nitaz eta nire senideez hitz eginez ahalik eta gutxien aspertu nahi nuke irakurlea; hala ere, Mallorcan ikusitakoaz ari naizela, ni eta gu aipatzea nahitaezkoa izango dut askotan; ustekabeko subjektibotasuna baitira ni eta gu, eta Mallorcako objektibotasunaren zenbait alderdi, beharbada une honetan irakurleari ezagutarazi beharrekoak, ez lirateke agerian geratuko horiek gabe. Beraz, irakurleari arren eskatzen diot nire nortasuna zera zeharo pasibotzat har dezala; nire nortasuna betaurrekotzat har dezala, eta urruneko herrietan, esaten dutena sinestea nahiago bertara joatea baino esaera betetzen den urruneko herrietan zer gertatzen den ikusteko erabil dezala. Arren eskatzen diot ez dezala pentsa nire gorabeherekin kezkatu nahi dudanik. Nire gorabeherak hemen azaltzeko arrazoia arrazoi filosofikoa da gehiago; eta gai horri buruz dudan iritzia azaltzen dudanean, onartuko dit ez naizela neurekoikeriaz aritu.

        Hortaz, xalo-xalo esango diot nire irakurleari zergatik joan nintzen ontzi hartan; hona hemen hitz bitan: bidaiatzeko gogoz nintzen. Eta, orain nik dut irakurleari galdera egiteko txanda: Bidaiatzen duzunean, irakurle maitea, zergatik bidaiatzen duzu? Hemendik entzuten dut nola erantzuten didazun neronek zure lekuan banengo erantzungo nukeen hori bera: bidaiatzeagatik bidaiatzen dut. Badakit bidaiatzea berez dela atsegina; baina, azken batean, zerk eramaten zaitu halako atsegin garesti, neketsu, zenbaitetan arriskutsu, eta beti etsipenez bete horretara? Bidaiatzeko beharrak. Bada, esaidazu orduan zertan den behar hori: zergatik gaude guztiok obsesionaturik, batzuk gehiago besteak gutxiago, eta zergatik amore ematen dugu behar horren aurrean, beti-betiko bere mendean hartu gaituela eta aseezina dela aitortu arren behin eta berriz?

        Zuk erantzun nahi ez badidazu, zure ordez zintzoki erantzungo dut neronek. Kontua da garai honetan inontxo ere ez gaudela ongi, eta bidaia dela idealak (edo, hitz hori gustatzen ez bazaizu, zerbait hobearen sentimenduak) hartzen dituen irudi guztietan irribarretsuena eta engainagarriena. Mundu ofizialean dena oker dabil: uste horren kontra daudenek ere sentitzen dute hori, uste horren aldekoek bezain sakon eta garrazkiago gainera. Hala eta guztiz ere, jainkozko itxaropenak bere bideari jarraitzen dio beti, gure bihotz pobreetara bere egintzak eramanez, zerbait hobearen sentimen horretara, idealaren bilaketara, erakartzen gaituela.

        Gizarte ordenak ez gaitu gogobetetzen, ordena hori defenditzen dutenen begikotasuna ere ez du, eta zein bere kasa gabiltza hara-hona. Batzuk murgiltzen dira artean, zientzian beste batzuk, eta gehientsuenek ahal dutena egiten dute beren burua harritzeko. Guztiok bidaiatzen dugu asti eta diru apur bat dugunean; edo ihes egiten dugu hobeki esanda, kontua ez baita bidaiatzea, abiatzea baizik, ulertzen didazu? Ba ote da ahaztu beharreko oinazeren bat ez duen inor, edo askatu beharreko uztarriren bati lotuta ez dagoen inor? Inor ere ez.

        Lanean buru belarri sarturik edo nagikeriak sorgorturik ez dagoenak ezin du, zinez diot, luzaroan leku berean iraun sofrimendurik eta aldaketa beharrik sentitu gabe. Zoriontsu denari (eta gaur egun, oso handia edo oso koldarra izan behar du batek zoriontsu izateko), bidaiatuz bere zorionari zerbait erantsiko diola irudituko zaio; maitaleak eta ezkon berriak Suitzarantz eta Italiarantz abiatzen dira, alferrak eta hipokondriakoak bezalaxe. Hitz batean esanda, bizkor ala ahul sentitu, den-denak hartzen ditu judu ibiltariaren sukarrak, eta urrutira abiatzen dira berehala, maitatzeko habia bila, edo hiltzeko etzaleku bila bestela.

        Jainkoak ez diezadala utzi herrien joan-etorrien kontra egiten, eta ez diezadala utzi, sekula ez, polipoak belakiari nola hala gizona herriari, lurrari, etxeari lotuta irudikatzen. Baina adimenak eta moraltasunak industriarekin batera egin behar badute aurrera, burdinbidea ez zen, nire ustez, higuinak jotako herriak edo jarduera erikor batek hartutako jendea lurraren mutur batetik bestera eramateko sortu.

        Gizadia zoriontsuagoa izango dela pentsatu nahi dut, lasaiagoa eta argiagoa izango dela alegia, bizitza bikoitzekoa edo: bizitza sedentarioa batetik, etxeko zorionerako, hiriko zereginetarako, ikasketa gogoetetarako, kontenplaziorako egokia; aktiboa bestetik, merkataritza esaten diogun salerospen lotsagarriari aurrea hartuko dion harreman zintzoaren aldekoa, arteei goiargia emateko, zientzia ikerketarako eta batez ere, ideiak zabaltzeko egokia. Hitz batean, bidaiatzearen berezko arrazoia gizakien arteko harreman, lotura eta elkartruke abegitsuaren beharra dela iruditzen zait, eta ez lukeela atseginik egon behar zereginik ez dagoen lekuan. Eta iruditzen zait gaur alderantziz gertatzen dela, gutako gehienok misterio, bakartasun bila bidaiatzen dugula, gure hurkoen gizarteak gure barru-barruko zirrarei, zirrara gozo zein mingarriei, eragiten dien itzal moduko batek bultzaturik.

        Niri dagokidanez, garai hartan sentitzen nuen atseden beharra asetzeko asmoz abiatu nintzen. Eraiki dugun mundu honetan ezertarako astirik ez dagoenez, berriro iruditu zitzaidan ondo bilatuz gero aurkituko nuela bakarleku isil eta urrunen bat, non ez bainuen txartelik idatzi, egunkaririk irakurri, eta bisitarik hartu beharko; non txabusina kendu gabe ibiliko bainintzateke; non egunak hamabi ordu izango bailituzke; non, gizarte arau guztietatik aske eta Frantzian erabat akiturik gauzkan pentsamendu higikundeetatik urrun, urtebete edo bi urte emango bainituzke historia pixka bat ikasten, eta gizalegez, nire hizkuntza ikasten seme-alabekin.

        Nork ez du noiz edo noiz amets egin, berekoikeriaz, gauetik goizera bere egitekoak, ohiturak, ezagunak eta baita bere lagunak ere utzi, eta uharte liluragarri batera joaten dela, kezkarik, nahaspilarik, eginbeharrik eta, batez ere, egunkaririk gabe bizitzera?

        Egia da kazetaritzak —gauza guztietan lehena eta azkena, Esopok esango zukeen bezala— gizakiari bizitza berri bat eman diola, aurrerabidez, abantailaz eta kezkaz betea. Gizadiaren ahots hori gizadiak bezpera zertan eman duen kontatzera etortzen zaigu goizero, esnatzen garenean, berdin-berdin aldarrikatuz egia handiak eta gezur izugarriak, baina gizakiaren urratsak erakutsiz beti, eta talde bizitzaren ordu guztiak joaz beti; eta ez al da, bada, hori benetan gauza handia, dituen orban eta miseria guztiak gorabehera?

        Baina gure pentsamendu eta gure egiteentzat ezinbestekoa badugu ere, ez al da, aldi berean, lazgarria eta nazkagarria hori guztia xehetasunez ikustea, borroka alderdi guztietara zabalduta dagoenean, eta asteak eta hilabeteak irainka eta mehatxuka igarotzea, arazo bat bera ere argitu gabe, aurrerabide txikiena ere adierazi gabe? Eta itxarote horretan, urrats guztiak zehatz-mehatz erakusten dizkigutelarik gero eta luzeagoa dirudien itxarote horretan, ez al ginateke askotan, gustura lokartuko lemazain jardun behar ez dugun beste artistok itsasontziaren sahietsetan eta ez al ginateke zenbait urtez lo geldituko, harik eta eraman gaituzten lur berria agurtzeko garaia iristen den arte?

        Bai, benetan, hori egiterik bagenu, talde bizitzarik ez izateko eta aldi batez politikarekiko harremana eteteko modurik bagenu, harrituta geldituko ginateke, itzuleran, gure absentzian izan den aurrerabidearekin. Ez zaigu halako aukerarik eman ordea; eta gertalekutik ihesi ahanzte eta atseden leku bila gure herriak baino ibilera geldiagoa eta gurea baino izipiritu ahulagoa duen beste herri batera joaten garenean, ezin asmatuzko gaitzak sofritzen ditugu han, eta damutu egiten zaigu oraina utzi eta lehena hartu izanaz, biziak utzi eta hilak hartu izanaz.

        Hara hemen laño-laño nire kontakizunaren gaia zein izango den, eta zergatik hartu dudan kontakizun hori idazteko lana, niretzat oso lan atsegina ez bada ere, nahiz eta neure iritziak ahal bezain ezkutuan gordeko nituela hitz eman dudan hasieran; baina, alferkeria hori koldarkeria hutsa izango litzatekeela iruditzen zait orain, eta esana zuzentzen dut.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia