Bidaiari ohi baten gutuna
lagun sedentario bati

 

        Ezinbestean sedentario zaren horrek, nire François maiteak, irudipena izango duzu ezen ez baitut, independentziaren harrokeria eta mania apetatsua dela medio, itsasoak eta mendiak, aintzirak eta bailarak zeharkatzea baino plazer sutsuagorik ezagutu neure bizitzan. Ondikotz, sutondoaren ertzean egin izan ditut bidaia eder eta gozoenak, oinak nituela errauts epeletan sarturik eta ukondoak amonaren besaulkiaren beso saretuen gainean jarrita. Zalantzarik ez dut horiek bezain bidaia atseginak eta mila aldiz poetikoagoak egingo zenituela zeuk ere: horregatik gomendatu nahi dizut gehiegi ez deitoratzeko tropikoan ez igaro izana zure denbora, zure zoritxarra, zure izerdiak, eta ez eduki izana oinak lurburuko zabaldi elurtuetan izoztuta, eta ez jasan izana ez itsasoko erauntsi izugarriak, ez bidelapurren erasoak, ez eta gauero zure irudimenean, txinalak erantzi gabe eta zure etxe-jakaren azpikoan zigarro erredura ez den beste kalterik gabe, aurkitzen dituzun arrisku horiek, nekaldi horiek.

        Espazio errealaren eta mugimendu fisikoaren mugarekin adiskide zaitezen, hemen igortzen dizut Frantziatik kanpora egin dudan azken bidaiaren kontakizuna; izan ere, ziur nago inbidia baino gehiago errukia izango didazula, eta ohartuko zarela liluraldi batzuk eta zoritxarrari lapurturiko ordu batzuk garestiegi ordaindu behar izan ditudala.

        Orain dela urte bete idatzitako kontakizun honegatik berehala jaso dut kritika zorrotza, izugarri barregarria, Mallorcako biztanleen eskutik. Zoritxarrez, nire kontakizunaren atzetik argitara emateko luzeegia da idatzi hori, baina haren doinuak eta nire kontrako gaitzespen arinek garbi erakutsiko lukete mallorcarrek atzerritarrarekiko duten abegi onari, gustuari eta adeitasunari buruz esaten dudana egia dela. Froga argigarri nahiko bitxia litzateke: baina nork irakur lezake oso-osorik? Eta gainera, harrokeriaren eta inozokeriaren seinale bada norberari egiten zaizkion gorespenak argitara ematea, ez al litzateke are harrokeria eta inozokeria handiagoa, gaur egun, norberari egiten zaizkion irainen kexu agertzea?

        Ez dizut, beraz, halakorik jasanaraziko, eta nahikoa izango dut zuri jakinaraztea, mallorcar ergel horiei buruz zor dizkizudan xehetasunen osagarri, nire kontakizuna irakurri ondoren Palmako legegizon bikainenek —berrogei bat, esan didatenez— bilera egin zutela irabaziari dioten maitasunaz eta zerri hazkuntzari dioten zaletasunaz barre egin duen idazle moralgabe honen kontrako idatzia osatzeko, irudimen handiz. Kasu horretan lauk baino zorroztasun handiagorik ez zutela izan esan behar da, beste hark zioen bezala.

        Baina utz dezagun baketan jende zintzo hori, nire kontra hain sutsu diharduen jende hori; izan dute baretzeko astirik eta ahaztu egin behar nituzke dagoeneko haien jokabidea, hitzak eta idazkera. Herri eder hartako uhartetarretatik bospaseirekin bakarrik gogoratzen naiz jadanik, beren harrera abegitsuarekin eta manera atseginekin beti kalte-ordain gisa eta zorionaren mesede gisa nire oroimenean iraungo duten bospasei lagunekin baino ez. Aipatu ez baditut, nire esker onaz haien izena ohoratzeko eta goratzeko duin ikusten ez naizelako da; baina ziur nago (eta kontakizunean ere esana dut, ustez) ez direla, nitaz gordeko duten adiskidetasunezko oroitzapenari esker, nire iseka lotsagabeen helburu ikusiko eta ez dutela zalantzan jarriko haiekiko dudan sentimena.

        Ez dizut Bartzelonari buruz ezer ere esan, baina egun gogorrak bizi izan genituen han Mallorcara abiatu aurretik. Port Vendrestik Bartzelonara eguraldi onarekin eta lurrun ontzi bikain batean joatea, bidaldi zoragarria da. Kataluniako kostaldean aurkitu genuen berriro Nîmesen azaroan arnastu baina Perpinyàn galdu genuen udaberriko giroa; udako beroa zegoen Mallorcan. Bartzelonan, itsas brisa fresko batek epeltzen zuen eguzki distiratsua eta garbitzen zuen odaiertz zabala, urrutiko gailur orain beltz eta soilek orain elurrez zuriek mugatua. Mendian ibilaldi bat egin genuen, baina gu eraman gintuzten mando andaluziarrei nahi adina olo jaten utzi zitzaien, ezustekoren bat izanez gero berehala eraman gintzaten hiri gotortuko harresietara.

        Badakizu garai horretan (1838) asaldariek talde ibiltarietan zeharkatzen zutela herrialdea alderik alde, bideak moztuz, hiriak eta herriak hartuz, etxerik txikienak ere zergapean ezarriz hiritik legoa erdi arteko aisia etxeak bizileku hartuz, eta harkaitz zulo guztietatik ustekabean atereaz bidaiariari poltsa ala bizia eskatzeko.

        Hala ere, ausartu ginen itsasbazterretik legoa batzuetara joaten eta ez genuen Bartzelonara bidean behera zetozen kanpamendu kristinoak besterik aurkitu. Espainiako gudaroste bikainenak haiek zirela esan ziguten; izan ere, planta oneko gizonak ziren eta ez zeuden oso zarpail jantzita, guduzelaitik datorren jendea izateko; baina gizon eta zaldi, hain zeuden argal denak, hain zuten aurpegia zurbil eta zimel batzuek eta besteek hain burua makur eta alboak azal huts, ezen begiratu hutsean antzematen baitzitzaien gosearen gaitza.

        Are ikuspegi goibelagoa zen herri txikienetan eta txabola txiroenen atean eraikitako gotorlekuena: harri lehorreko harresi txiki bat, dorre almenaduna, turroia bezain lodia eta handia, ate bakoitzaren aurrean, edo kanoi zuloekiko horma txikiak sabai bakoitzaren inguruan; horrek guztiak erakusten zuen lur emankor haietako biztanle bakar bat ere ez zela seguru bizi. Toki askotan gotorleku hondatu txiki horiek eraso eta defentsa gertatu berrien aztarnak zituzten.

        Bartzelonako gotorleku bikain izugarrietatik igaro ondoren, ez dakit zenbat ate, zubi altxagarri, ataka eta harresi ingaro ondoren, ezer ez zegoen gerran ari zen hiri batean geundela erakusten zuenik. Kanoiekiko harresi hirukoitz baten atzean, eta Espainiako gainerako lurretatik lapurretak eta gerra zibilak bereizitako lurralde hartan gazteak gora eta behera ibiltzen dira ramblan, gure ibilbideen antzera zuhaitzez eta etxez jositako etorbidean: emakumeek, eder, airos eta lerden, mantillaren tolesak eta haizemaileen mugimendua zituztela kezka bakarra; gizonak, beren zigarroei adi, barrez, berriketan, andreei soslaiez begiratuz, italiar operaz gozatzen eta harresien beste aldera gertatzen zenaren beldur zirenik erakutsi gabe. Baina ilundu orduko, opera amaitu ondoren, gitarrak urrundu ondoren, hiria serenoen joan-eto- rri arretatsuaren esku gelditu ondoren, ez ziren entzuten, itsasoaren zurrumurru beti berdinean, beilarien oihu beldurgarriak eta sugar are beldurgarriagoak besterik, orain banaka, orain hainbat lekutatik batera, orain jarraia, orain etena, batzuetan oso urrun, besteetan oso hurbil, eta beti goizaren lehenengo orduak etorri arte. Orduan dena isil-isilik gelditzen zen berriro ordu betez edo bi orduz, eta burgesek lo sakona egiten zutela ematen zuen portua iratzarri eta itsasgizonak hara-hona hasten ziren bitartean.

        Aisialdirako eta paseorako orduetan gaueko zarata bitxi beldurgarri haiek zer ote ziren galdetuz gero, irribarrez erantzuten zizuten hori ez zitzaiola inori axola eta ez zela zentzuzkoa horretaz galde egitea.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia