HITZAURREA

 

        Donatien-Alphonse-François de Sade, La Coste eta Saumaneko jauna, Sadeko Markesa izenez ezagunagoa duguna, 1740. urtean sortu zen aristokrata familia batean. Zazpi Urteko gerran parte hartu ondoren, Kapitain tituluaz itzuli zen bere gaztelura. Bere lehen amodio-kontuak Lauris izeneko andereño batekikoak izan ziren. Honekin esposatzekotan zen, baina familiak gogor egin zion eta ez zuen lokarri hura gauzatzerik izan. Aitzitik, Montreuil andereñoarekin ezkonarazi zuten, noblezia maila gorenekoa izan gabe ere aberatsa zelako. Montreuildarren familiak harreman onak zeuzkan gortean, eta horrek, Saderen karrerari mesede egingo zion, ustez. Saderen esanetan, «emakume hotzegia eta elizkoiegia zen berarentzat». Sarritan adierazi zuen ezkontza behartu hura izan zela egotzi zizkioten makurkeria eta galdukeriek horrenbesterainoko zabalkundea erdietsi izanaren arrazoia.

        Bere gartzelaldi guztiak batuta, 30 urtetik gora egin zituen giltzapean, eta badirudi bere amaginarrebak, zeuzkan harreman boteretsu horiezaz baliatuz, zerikusi handia izan zuela horretan. Hain zuzen ere, gartzela batetik besterako joan-etorriez osaturiko ezbeharren kateamendu lazgarri hori da bere liburuetan azaltzen diguna.

        Lehen gartzeleratze agindua 37 urte zituela jaso zuen. Sadeko Markesak eragindako eskandalu eta istiluak, Jeanne Testard neska gazteak aurkeztutako salakuntzekin hasi ziren; badirudi lizunkerietan ibili, birao egin eta Kristoren irudia profanatu izana leporatu ziola, eta halaber baieztatu zuen, Markesak bere etxera eraman eta zigorraz jo ondoren, kalizaren aurrean masturbatu zela. Bere lehen zigorraldia hilabetekoa besterik ez zen izan, bere aitak, Sadeko Kondeak, egindako presioari esker.

        Baina ezein gomendio, gaztigu edo zigorrek ez zuen lortuko kikiltzea edo bere familiaren aurrean inolako arretarik hartzera deliberaraztea. Arestian aipatutako abenturatxo horren eta 1768. urteko udaberrian gertaturiko iskanbila latzaren artean bost urte igaro ziren, eta bost urte horietan, era guztietako lasaikeriak eta gehiegikeriak egin izanaren frogak oraindik ere gorde dira, nahiz garai hartan halako ekitaldiak maiz jazotzen ziren bere mailako jendeengan. Honako honetan, aldiz, pastelgile baten emaztea limurtu nahi izan zuen, kalean diru eske zebilela topatu eta bere etxerako zerbitzu batzuen aitzakian. Andereak, leihotik salto egin beharrean aurkitu zela salatu zuen gero, idizilez astindu zuela, gorputz guztian erredurak jasan zituela eta kontatzeko modukoak ez diren beste ikaragarrikeria batzuk ere ikusi zituela. Salakuntza honek Sade bigarren aldiz espetxeratzea ekarri zuen.

        Halere, bere eskandalurik sonatuena Marseillan gertatu zen. Gertatutakoaren kontakizunari eta Latour izeneko lekaioaren bidez gau hartan etxera ekarrarazi zituen neskatxen aitorpenei jarraiki, pozoitutako bonboitxo batzuk janarazi zizkien Markesak, eta goxoki haien eraginpean sodomizatu egin zituen, baita bere lekaioarekin ikaratzeko moduko zenbait erakustaldi burutu ere. Sadeko Markesa, ordea, gartzelaldiak iraun zuen bitartean idatzitako hainbat gutunetan, bere errugabetasuna frogatzen saiatu zen.

        Sodomian ihardutea krimenik larrienatzat kontsideratua zen garai hartan, eta halakorik burutzen zutenek, herriko plazan sutan erretzea merezi zuten. Halatan, bai Sade eta bai Latour lekaioa, Aixeko Katedralaren aurrera deituak izan ziren egindakoaz damu zitezen, ondoren urkamendira eraman eta errauts bihurtuko zituztelarik. Neurri horien larritasuna jakin bezain laster, Italiara joan zen ihesi, Latour lekaioa eta ezkonarrebarekin. Itzulitakoan alferrik saiatu zen ezkutuan bizitzen, atxilotu eta Miolanseko gotorlekura eraman baitzuten. Baina urtebete eman ondoren, hemendik ere ihes egitea erdietsi zuen, ohar bat utziz, zeinetan esaten baitzuen 40 gizoneko segizioa zuela zain, eta atzetik segika hastea erabakitzen zutenek beren biziak jarriko zituztela arriskuan.

        Makina bat bider gartzelaratua eta atzera askatua, bere azkeneko urteetan Justine idazlanaren argitalpen osoa aurkitu izanak jazarpen berri bati eman zion bide, eta horrela, 1800. urteko abuztuan, Nicolás Masséren bulegoetan argitalpenaren alderdi batzuei buruzko eztabaidan zegoela, berriz atxilotu zuten. Egozten zizkioten lan haien egilea zela ukatu arren, Sainte-Pélagieko espetxera eraman zuten, eta bertatik ez zen sekula irtengo baldin eta, familiaren presio ugarien ondorioz, erotzat hartu izan ez balute. Horrela, Charentongo eroetxera eraman eta bertan eman zuen bere biziko azken hatsa.

        Azken batean, badirudi espetxean emandako urte horietan zerikusi handia izan zuela amaginarrebak. Nonbait, amaginarrebak ez zituen begi onez ikusi Sadeko Markesaren labainkeria lizun horiek, eta bere alaba halako ekintza makurretatik urrun edukitzearren edo, senarra giltzaperatzea lortu zuen, gortean zeuzkan harreman on horiei esker. Sadek makina bat gutun idatzi zituen gartzelako bakardade hartatik, bai amaginarrebari eta bai bere emazteari zuzenduak; amaginarrebari batez ere, bere gartzelaldiaren iraupena eta larritasuna jakin nahirik, ez jakite hori bera baitzitzaion mingarriena, eta emazteari, bere amarengandik askatasun-ebazpen bat lortzen saia zedila eskatzeko. Idaztea bera, lau horma haiek osatutako itxituratik ihes egiteko baliabide bat, mendekubide bat bilakatu zen Saderentzat. «Apostu egingo nuke, niri haragiaren bekatua ukatzerakoan, zuhur jokatu uste duzula. Bada, mamu berriak sortzea besterik ez duzu lortu, egunen batean gauzatuko ditudanak». «Nahikoa adimentsua zara ulertzeko ezen, odolaren suhartasunean oinarrituta dagoen makurkeria bat, ezin zuzendu daitekeela odol hori gehiago ozpinduz, ezta isolamenduarekin garunak bizkorraraziz ere, ezta bakardadearekin irudimena sutuz ere».

        Literaturaren bidez, Sadek bere mundua azaltzen digu. Batetik, bere bizitzan pairatutako zorigaitzak isladatzen ditu. Aladura horiek guztiak Justine dohakabearengan leudeke gorpuzturik. Pertsonaia hau, zorigaitzez josiriko eta norarik gabeko bidaia batean doa: orain galdukeriazko leize batera jausiz, orain ohoin bihozgabe talde batek preso harturik... zorigaitzetik irten orduko, arnasa pixka bat hartzea erdietsi orduko, berriro beste zorigaitz baten mende aurkitzen delarik. Lekuz aldatu arren, egoera berdinak errepikatzen dira bata bestearen atzetik. Berdin dio mendi puntako gaztelu batean egon edo basoko lekurik ezkutueneko lekaidetxe batean egon; ezer ez da aldatzen. Eta errepikatze hori bera ikus dezakegu pertsonaiengan ere: pertsonaia dohakabearen eta giltzapean duen borreroaren arteko elkarrizketak ugari azalduko zaizkigu, eta nahiz ziegaz aldatu, nahiz borreroak beste izen bat eduki, elkarrizketaren bi solaskideak funtsean berdinak dira. Berak bizitako gartzelaldiak dira bere liburuetako pertsonaiek jasan behar dituztenak. Ziega batetik bestera, gartzelazainarekin izan ezik beste inorekin komunikatzeko aukerarik gabe, halaxe dio bere gutunetako batean: «Dorre batean giltzaperaturik nago burdinazko hemeretzi ateren atzean, eta hogeina barrak babestutako bi leihatiletatik bakarrik igar dezaket egun-argia. Egunean hamar edo hamabi minututan zehar lagun egiten didan gizon bat dut solaskide. Gainerako denbora guztia bakarrik eta negarrez ematen dut». Eta bestetik, bere alderdi lizunzalea dugu, Juliette pertsonaiarengan mamitua. Juliette, bizitzari aurre egiteko guztiz kontrako aukera egin duen ahizpa da, eta ezarritako balio moral guztiak gaitzetsiz, bizitzako bide beldurgarrienetatik egin nahi du irabazpidea. Beraz, bere barruko kontraesan hori, alegia, gizartearen biktima izatea eta makurkeriarako nolabaiteko jaidura batez hornitua egotea, bi pertsonaiongan gauzaturik datorkigu; batetik, Justine biktima dohakabea dugu, eta bestetik Juliette, bertuteekiko inolako begirunerik ez duen emakume lizuna, bikoiztasun hori txanpon beraren bi aldeak bailiran erakutsiz.

 

        Sadek hankaz gora jartzen dizkigu erakunde erlijioso edo zibil guztiak, modu berean salatu eta mesprezatzen balio moralak eta gizabidezko jarrerak, inolako gupidarik gabe. Eta bereziki, ezkontza. Ezerk ezin dezake, bere ustez, emakume bat fidelitatera behartu: «Ezin daiteke sekula izaki libre batenganako jabetzarik izan; esklabuen jabe izatea bezain bidegabea baita emakume baten jabe izatea». Maiz agertzen zaigu adulterioaren goresle bezala, edo krimenaren aldeko bezala, naturari buruzko teorian oinarriturik: «Suntsipena naturaren lehen legeetako bat izanik, zernahi gauza suntsituta ere ezin liteke krimena izan» «Heriotza ez da inondik ere suntsipena; halakorik eragiten duenak formak eraldatzea besterik ez du egiten». Azken batean, berak bizi izan zuen gizarte garaikide hartako arau guztien aurka azaltzen zaigu, naturaren berezko legeetara makurtu behar dugula esanez. Eta naturara itzultze horretan datza bere filosofia guztia.

 

 

 

© Mikel Hoyos Sein

 

 

"Sadeko Markesa / Justine edo Bertutearen zorigaitzak" orrialde nagusia