VII

 

        Goizean eguna zabaltzerako, bi fraide lazarotarrek aurkitu ninduten, Tien-Hora zihoazela, konorterik gabe bidean. Eta aita Loriot alaiak zioen bezala, «garaia ere bazen», zeren ene gorputz geldiaren inguruan, Tartariako bele handi eta beldurgarri horietako zirkuluerdi beltz bat baitzegoen irrikaz niri begira...

        Luzamendurik gabe komentura ekarri ninduten angariletan, eta handia izan zen fraide-elkargoaren bozkarioa, latindarra, kristaua eta Errege Txit Fidelaren menpekoa nintzela jakin zutenean. Komentua, auzo katoliko baten erdigunea da; etxe saila egoitza trinkoaren inguruan pilatua dagoelarik, hala nola jopuen etxaldeak gaztelu feudalaren oinean. Manzuria kurritu zuten lehenengo misiolariak joan zirenetik dago han. Zeren eta, Txinako mugetan gaude: harantzago, Mongolia dago, Belarren Lurra, neurtezinezko belardi berde iluna, lautada amaigabea, basa loreen bizitasunak han-hemenka koloreztatua...

        Hantxe hedatzen da alderraien lautada zabala. Ene leihotik, feldroz edo ahari-larruz estalitako denda-zirkulu ilunak ikusten nituen; eta batzuetan, triburen bat abiatzen ere ikusi nuen, karabana-ilara luzeetan, euren abere-taldeak sartalderantz zeramatzatela...

        Lazarotarren fraide-burua, aita Giulio onbera zen. Arraza horikoen artean hainbeste denboraz bizi izanak ia txinatar bihurtua zuen: kalostran aurkitzen nuenean, bere tunika more, motots luze eta bizar agurgarriarekin haizemaile handi bat astiro astinduz, mandarin letratu jakintsuren bat iruditzen zitzaidan, tenplu bateko bakean Txuren Liburu Sagaratua buruz aztertzen. Santu bat zen, baina zerion baratxuri usainak, arimarik nahigabetuenak eta kontsolamendu premia handiena zutenak ere uxatuko zituzkeen.

        Oso oroitzapen atsegina gordetzen dut han pasatako egunez! Ene gelak, zuriz kareztatua, gurutze beltz batekin, ziega baten bakartasuna zuen. Matutiarekin esnatzen nintzen beti. Misiolari zaharrenganako begirunez, kaperara joaten nintzen meza entzutera; eta biziki hunkitzen ninduen, aberri katolikotik hain urrun, mongoliar paraje haietan, goizeko argitan fraidearen meza-jantzia ikusteak, bere gurutze bordatuarekin aldare gainera makurtuz, eta isiltasun fresko hartan ahopean esandako Dominus vobiscum eta Cum spiritu tuo-ak entzuteak...

        Arratsaldez eskolara joaten nintzen, txinatar txikiek hora, horae.. nola deklinatzen zuten mirestera... Eta bazkalondoan, kalostran paseatuz, urrutiko misioetako istorioak entzuten nituen, Belarren Herrialdera egindako apostolutza bidaiak, jasandako kartzela-aldiak, ibilaldiak, arriskuak, Fedearen heroi-kondairak...

        Nik neure aldetik, ez nituen kontatu komentuan nire abentura miresgarriak: unibertsoan zehar oharrak hartuz dabilen touriste jakinzale baten papera egin nuen. Eta ene belarria sendatu zain nengoen bitartean, monasterioko bake hartara abandonatzen nintzen, arima-laxotasunez...

        Baina erabakirik nengoen ahalik azkarren Txina uztera, orain hain sakonki gorroto nuen inperio basa hura!

        Pentsatzen jartzen nintzenean Mendebaleko azken mugetatik etorri nintzela Txinako probintzia hartara ene milioien oparotasuna ekartzera, eta heldu ordukoxe, nuen guztiaz gabetua, harrikatua eta geziz josia izan nintzela, herra sor batek hartzen zidan barrena, eta orduak ematen nituen gelan itzulinguruka, Erdiko Inperioaz mendekatzeko egingo nituen entsegu ikaragarriak irudikatzen!

        Ene milioiekin alde egitea zen mendekurik praktikoena, errazena! Gainera, Txinaren mesederako Ti Txin-Furen nortasuna artifizialki berpizteko nire asmoa, orain burugabea iruditzen zitzaidan, amets zentzugabe bat. Nik ez nituen ulertzen ez arraza haren hizkuntza, ez ohiturak, ez errituak, ez legeak, eta ez jakintsuak; zer egiten nuen beraz han, ene aberastasunen handi-mandikeriekin, duela berrogeita lau mendetik hona itsaslapurretan eta lehorreko ohoinkerietan ari den herri baten erasoetara arriskatu besterik?...

        Horrez gainera, Ti Txin-Fuk eta bere paperezko kometak ikusiezinak zirauten, Arbasoen Zeru txinatarrera erretiratuak segur aski; eta ene aladuraren baretze nabariak, nabarmenki gutxitua zuen jada niregan hobena ordaintzeko desira...

        Zalantzarik gabe, letratu zaharra aspertua zegoen eskualde esanezin haiek uzten, ene altzarien gainean etzatera etortzeko. Bere ondorengoei, bere probintziari, bere arrazari lagungarri izateko egin nituen ahaleginak ikusi zituen nonbait, eta gogobeterik, ahalik erosoen jarria bide zen jada bere betiereko loaldirako. Ez nuen inoiz gehiago ikusiko haren sabel horia!...

        Eta orduan, ene urrearen gozamen baketsuan, lasai eta libre aurkitzeko gogoak zimikatzen ninduen, Loreton edo boulevardean, Zibilizazioko loreen eztia dastatuz...

        Baina Ti Txin-Furen alarguna, haren ondorengo dama mimatuak, biloba txikitxoak?... Han utziko al nituen bihozgabeki, Tien-Hoko kalexka beltzetan goseak eta hotzez? Ez. Haiek ez zuten jendailak jaurti zizkidan harrikaden errurik. Eta nik, kristaua izanik, komentu kristau batean babestua, ohe-buruan Ebanjelioa nuela, Karitatea haragi eginak ziren izakiz inguratua, ezin nuen Inperiotik alde egin, oparotasunetik erauzi nituen haiei, Seme-alabenganako Errukiaren Klasikoak gomendatzen duen kontsolamendu prestua bihurtu gabe.

        Orduan Kamilloffi idatzi nion, hurrenez hurren kontatuz txinatar jende-multzoaren harrikadapeko nire ihesaldi erdeinagarria, misioak eskaini zidan babes kristaua, eta Erdiko Inperiotik aldentzeko nuen gogo bizia. Eta Txa-Kua Etorbidean, Tongen garaipen-arkuaren alboan, Kaonine jainkosaren tenplu ondoan, Tsing-Fo merkatariaren etxean utziak nituen milioiak, Ti Txin-Furen alargunari helarazteko eskatzen nion, Pekinera joan beharrean zegoenez, aita Loriot alaiak eraman zuen gutuna, zeina komentuko zigiluarekin lakratu bainuen: gurutze bat, sugarretan dagoen bihotzetik ateratzen...

        Joan ziren egunak. Lehenengo elurrak zuritu ziren Manzuriako iparraldeko mendietan; eta nik, Belarren Lurrean gazela ehizatzen ematen nuen denbora... Ordu kementsu eta bortizki bizituak goiz haietakoak: abiada bizian joaten nintzen lautadako kanpo haizetan, mongoliar uxatzaileen artean, zeintzuk ulu ozenak eginez, lantza-kolpeka jotzen baitzituzten sastrakadiak! Noizean behin, gazela batek jauzi egiten zuen, eta belarriak makurtuz, fin eta luzaturik, haizea bailitzan abiatzen zen... Aztoreari jaregiten genion eta honek haren gainean lasaiki hegatuz, tarteka, bere moko okerraren indar guztiz, mokokada biziak ematen zizkion buru-hezurrean. Azkenik, nenufarez estalitako aintzira hilen baten ertzean lurreratzen genuen... Orduan Tartariako zakur beltzak sabelean pilatzen zitzaizkion eta hankak odoletan zituztela, astiro, haginka banatzen zizkioten erraiak...

        Goiz batean anaia atezainak begiztatu zuen azkenean aita Loriot alaia; presaka bizian, auzoko bide pikoan gora zetorren, Pekindik etxera, zorroa sorbaldan eta besoetan haurtxo bat zuela: bide bazterrean aurkitua zuen, biluzik, hilzorian, abandonaturik; berehalaxe bataiatu zuen errekasto batean Ongi Aurkitua izenez; eta han zekarren, erabat hunkiturik, hain presaka etortzeagatik arnasestuka, umetxo goseari ahalik azkarrena komentuko ahuntz-esne ona ematearren...

        Fraideak besarkatu ondoren, izerdi-tanta lodiak xukatu eta gero, galtzetako sakelatik, errusiar arranoaren zigilua zeraman gutun bat atera zuen:

        — Hau igortzen dizu Kamilloffek, lagun Teodoro. Oso ongi geratu da. Eta andrea ere bai... Erabat osasuntsu.

        Kalostrako bazter batera joan nintzen korrika, prosaz idatzitako bi orriak irakurtzera. Gure Kamilloff zintzoa, bere burusoil itzaltsu eta hontz-begiarekin! Zeinen bitxiki uztartzen zituen kantzilergoko adituaren zentzu fina eta diplomatiko jostariaren txantxa pikaroak! Honela zioen eskutitzak:

 

        Teodoro txit maite, gonbidatu eta laguna:

        Zure gutuneko lehen lerroekin lur jota geratu ginen! Baina hurrengoak irakurtzean hartu genuen lasaitu ederra, misio kristauko fraide santu horiekin zaudela adierazten baitzenigun... Joan nintzen yamen inperialera, Tien-Hoko iskanbila zela eta Tong printzeari protesta gogorra egitera. Bere Gorentasunak bozkario neurrigabea agertu zuen! Zeren, ene gonbidatuak jasandako irain, lapurreta eta harrikadek bereziki mintzen badute ere, Inperioko ministro legez, aukera ezin hobea ikusten baitu hor, atzerritar bati eginiko laidoaren zigortzat, isun gisa Tien-Hoko hiriari, hirurehun mila frankotako diru-mordoxka onuragarria kentzeko, edo gure Meriskoff azkarraren kalkuluen arabera, berrogeita hamalau milioi erreal, zure herrialde ederreko dirutan! Meriskoffek dioen bezala, emaitza bikaina Inperioko Haziendarako, eta horrela erruz mendekatua gelditzen da zure belarria... Hemen lehenengo hotzak hasita daude eta ari gara jada larruak janzten. Meriskoff gizagajoak gibeletik eri jarraitzen du, hain oinazeak ez dizkio filosofia irizpideak edo hitz-etorri jakintsua aldarazi... Nahigabe handi bat izan dugu: gure idazkari maitearen emazte Madame Tagarieffen txakurtxo polita, «Tu-Tu» adoragarria, hilaren hamabosteko goizean desagertu zen... Poliziara joan eta presazko instantziak egin nituen: baina «Tu-Tu» ez zitzaigun bihurtua izan, eta atsekabea oraindik handiagoa da, jakina denean Pekingo jendeak izugarri estimatzen dituela txakurtxo horiek azukre-uretan gisatuak... Gertaera higuingarri bat izan da hemen, ondorio negargarriak ekarri dituena: Frantziako ministro andreak, Madame Grijon mutiri horrek, «oilar ihar» horrek (gure Meriskoffen deitzen dion bezala), Ordezkaritzako azken afarian, nazio-arteko arau guztiei erdeinu eginez, besoa eman zion, bere beso argala, eta eskuineko aldea mahaian, ingeles agregatu xume bati, Lord Gordon-i! Zer deritzozu horri? Sinestekoa al da? Zentzuzkoa? Gizarte ordenua desegitea da hori! Besoa, eskuineko aldea, agregatu bati, kristalezko begidun, adreilu koloreko eskoziar bati, enbaxadore guztiak, ministroak eta ni neu aurrean izanda! Guzti honek diplomatikoen artean, sentipen kontaezin bat sortarazi du... Norbere gobernuagandiko aginduen zain gaude. Meriskoffek buruari goibel eraginez esaten duen bezala —larria da... oso larria!— Horrek frogatzen du (ez du inork zalantzarik) Lord Gordon, «oilar iharraren» kuttuna dela.

        Hau ustelkeria! Hau lohidura!... Jeneral-andrea ez dabil ongi, zu zorigaiztoko Tien-Hora joan zinenetik; Pagloff doktoreak ez dio antzematen zer gaitz duen; ahuleziak, makaltasunak, nagitasun triste batek jota, orduak ematen ditu sofa gainean mugitu ere egin gabe, Atseden Zuhurraren Aterpean, begirada lausoz eta ezpainak hasperenez beterik... Niri ez didate sartuko: oso ongi dakit zerk jaten dion barrena: zoritxarreko maskuriko gaitz hori da, ur txarretatik etorri zitzaiona, Madrileko ordezkaritzan egon ginenean... Egin bedi jaunaren borondatea... Petit bonjour bat zuri igortzeko eskatu dit, eta nahi luke, Parisa heldu orduko, —ene gonbidatua Parisa joango balitz— San Petersburgorako Enbaxadako postaz, (handik etorriko da Pekinera) bi dozena eskularru bidaltzea hamabi botoikoak, bat eta hiru laurden zenbakikoak, «Sol» markakoak, Louvreko Dendatik; era berean Zolaren azken eleberriak, Gautierren «Mademoiselle de Maupin», eta kaxa bat «Opoponax» flaskotan... Ia ahaztu zitzaidan esatea okinez aldatu garela; ingeles Enbaxadako okindegitik hornitzen gara orain: frantses Enbaxadakoa, «oilar iharrarekin» harremanik ez izatearren utzi genuen... Horra errusiar Enbaxadan okindegirik ez izatearen eragozpenak, nahiz eta puntu horretaz hainbat txosten eta kexu zuzendu ditudan San Petersburgoko Kantzilergora! Ongi baino hobeto dakite Pekinen ez dagoela okindegirik, ordezkaritza bakoitzak duela berea, finkapen eta itzal seinaletzat. Baina alferrik! Gorte inperialean ez zaie kasurik egiten errusiar zibilizazioaren interesik benazkoenei!... Horiek dira ene ustez, Pekinen eta ordezkaritzetan izan diren berriak. Meriskoffek goraintziak bidaltzen dizkizu, eta era berean Enbaxada honetako beste guztiek; baita ere Arthur kondetxoak, espainiar Ordezkaritzako Zizik, «Mutur Erori»-k, eta Luluk; denak hitz batean; eta neuk beste inork baino gehiago, saudade eta atxikimenduz agurtzen naizelarik.

Kamilloff Jenerala

 

        P.S.— Ti Txin-Furen familiari eta alargunari dagokionean, hutsegite bat izan zen: Fakua-ko tenpluko astrologoa erratu egin zen izarrak irakurtzean: familia hori ez baita bizi Tien-Hon... Txinaren Hegoaldean baizik, Kantongo probintzian. Baina bada Ti Txin-Fu izeneko familia bat, Harresi Handiaz harantzago ere, Errusiarekin mugan ia-ia, Kao-Li distrituan. Biei hil zitzaien nagusia, eta biak daude miseria gorrian... Beraz, agindu berriak iritsi zain, ez dut dirurik jaso Tsing-Foren etxetik. Informazio berri hau gaur bidali dit Tong Printze Aita Gorenak, konpota ezin gozoago batekin... Aditzera eman behar dizut, gure Sa-To zintzoa hemen agertu zela, Tien-Hotik itzuleran, ezpaina urratua eta sorbaldan ubeldu arin batzuk zituela, bidai fardel guztietatik Doloretako Andre Mariaren litografia bat bakarrik salbatu ahal izan zuelarik, zeina, tintaz idatzita agertzen denaren arabera, zure ama agurgarriarena izan zela ikusten baitut... Ene kosako ausartak, han geratu ziren odol putzu batean. Tong Printze Txit Gorenak baietsi dit, Tien-Hoko hiriari kentzen dion dirutzatik, hamarna mila franko ordainduko dizkidala kosakoengatik... Sa-Tok esaten dit, baldin ene gonbidatua, harritzekoa ez denez, berriro bidaiatzen hasiko balitz Inperioan zehar Ti Txin-Futarren bila, ohoratua eta zoriontsua sentituko litzatekeela lagundu ahal izateaz, zakurraren leialtasunez eta kosakoen otzantasunez...

Kamilloff

 

        — Ez! Gehiago ez! —esan nuen orroka amorruz, gutuna lauskituz, bakarrizketan, kalostra malenkoniatsuan urrats luzeak emanez—. Ez, ala Jainkoa edo ala Deabrua! Berriro Txinako errepideak zanpatzera joan? Inoiz ez! O, suerte barregarri eta dohakabea! Loretoko erosotasunak uzten ditut, Pariseko amodiozko habia ere bai, olatu zorabiatzaileek kulunkatuta etortzen naiz Marseilletik Xangaira, Txinako ibai-ontzietako arkakusoak, kaleetako kiratsak eta bide lehorretako hautsak jasaten ditut... eta zertarako? Zeruetaraino ailegatzen zen egitasmoa nuen, sekulakoa eta garaikur baten antzera apaindua: plan horren gorenetik barrenera mota guztietako egintza onak zeuden dirdirka; eta horra dena lurrera erori, zatiz zati, hondamendi batean! Nire izena eman nahi nion, nire milioiak, nire urrezko ohatzearen erdia Ti Txin-Futar dama bati, eta arraza basa honetako gizarte-aurreiritziek ez didate baimentzen! Saiatzen naiz, mandarinaren kristalezko botoiarekin, Txinaren etorkizuna birmoldatzen, ongizate zibila ekarriz, eta lege inperialak eragotzi egiten dit! Jendetza gose honi guztiari limosna amaigabe bat eskaintzeko asmoa agertzen dut, eta matxinada-piztaile gisa lepoa galtzeko arrisku eskergabean egoten naiz! Hiri bat aberastera etortzen naiz, eta jende-multzo iskanbilatsuak harrika ematen dit! Azkenik, Konfuziok goresten duen bizitza erosoa eta oparotasuna ematera nindoan Ti Txin-Futarrei, eta familia hori desagertu egiten da, aienatu, kea bailitzan, eta beste Ti Txin-Fu batzuk sortzen dira, han eta hemen, nahasiki, hegoaldean, sartaldean, argiune engainagarrien antzera... Eta oraindik Kantonera joan, edo Kao-Lira, beste belarria adreilukada bortitzen arriskuan jartzera, eta zaldiaren lepo-zurdei helduta landetan zehar ihes egitera? Sekula ez gehiago!

        Gelditu nintzen, eta besoak altxaturik kalostrako arkuei, zuhaitzei, eta inguruan nuen haize isil eta finari zuzendu nintzaien:

        — Ti Txin-Fu! —deiadarkatu nuen—. Ti Txin-Fu! Egin dut zu baretzeko burutsuena, eskuzabalena eta logikoena zena! Pozik al zaude azkenean, letratu agurgarria, zu, zure kometa panpoxa, zure sabel itzaltsua? Hitz egidazu! Hitz egidazu!...

        Entzun nuen, begiratu nuen; pozaderako txirrikak eguerdiko ordu hartan, kirrinka egiten zuen astiro atarian; masustondoen azpian, kalostrako arkuen eran luzetara, zetazko paper gainean zeuden ihartzen, Urriko bildu aldiko te orriak; ikasgelako ate erdi itxitik, latinezko deklinabide zurrumurru geldo bat zetorren: bake zorrotza zen, lanbideen xumetasunez, ikasketen zintzotasunez, mendixka hartako artzain-airez egina; hantxe zegoen lo, Neguko eguzki zuri baten azpian, auzo erlijiosoa... Eta giro lasai hartan, bat-batean sekulako bakea zetorkidala arimara iruditu zitzaidan!

        Hatzak artean dardarka nituela, puru bat piztu nuen, eta buruko izerdi-tanta bat xukatuz, hitzok esan nituen, ene patuaren laburpen gisa:

        — Ongi, Ti Txin-Fu pozik dago.

        Gero, aita Giulio onberaren ziegara joan nintzen. Leihoan zegoen, bere otoitz-liburua irakurtzen, gozokiak geldiro ahogozatuz, komentuko katua lepoan zuela.

        — Aita Txit Gurgarria, Europara itzultzen naiz... Gure fraide on hauetakoren bat ba al doa suertez Xangai aldera, egitekoren batekin?...

        Fraide-buru agurgarriak bere betaurreko biribilak jantzi zituen, eta txinerazko hizkiak zituen liburu eskerga bat jaieratsu irekiz, horrela hasi zen marmarka:

        — Hamargarren Ilargiko bosgarren eguna... Bai, aita Anakleto doa Tien-Tsinera, Haurtzaindegi Santuko Anaien bederatziurrenera. Hamabigarren Ilargia, aita Santxezek ere Tien-Tsinera joan behar du, Umezurtzen Dotrina izeneko obrara... Bai, gonbidatu maitea, badituzu sortalderako lagunak...

        — Bihar?

        — Bihar. Mingarria da banaketa munduaren bazter hauetan, arimek Jesusengan elkar ondo ulertzen dutenean... Aita Gutierrezek presta diezazula fardel on bat... Guk anaia gisa maite zintugun jada, Teodoro... Jan ezazu goxoki bat, zoragarriak dira... Gauzak atseden zoriontsuan egoten dira, euren toki eta ingurune naturalean daudenean; giza bihotzaren tokia Jainkoaren bihotza da: eta zurea babes seguru horretan aurkitzen da... Jan goxoki bat... Zer da hau, ene seme, zer da hau?

        Pobreziaren Ebanjelioko orrialdean irekita zeukan otoitz-liburuan, Ingalaterrako Bankuko billete mordo bat utzi nion; eta esan nuen hitz-totelka:

        — Aita Gurgarria, behartsuentzako...

        — Bikain, bikain... Aita Gutierrezek egin diezazula fardel oparoa... Amen, ene seme... In Deo omnia spes...

        Hurrengo egunean, aita Anakleto eta aita Santxezen erdian, komentuko mula zuriaren gainean, kanpai errepika artean jaitsi nintzen auzotik. Eta han joan ginen Hiang-Hiam hiri beltz harresiztatura, Tien-Tsinera jaisten diren ontziak lur hartzen duten tokira. Pei-Hok zeharkatzen dituen lurrak elurrez zuri zeuden jada; ibai-golko baxuetan ura izozten hasia zegoen; ahari-larruetan ongi bildurik, esku-labearen inguruan, ontziaren txopan, fraideak eta ni misiolarien lanez, Txinako gauzez, eta aldika Zeruko interesez eleketan gindoazen, etengabe batak besteari ginebra botila handia pasatuz...

        Tien-Tsinen banatu nintzen lagun santu haiengandik. Eta handik bi astera, eguzki zurbildun eguerdi batez, Europa aldera aingurak jasotzera zihoan «Java»ren gainean nenbilen paseatzen, purua errez, Hong-Kongeko zakurren borroka zaratatsuei begira.

 

 

        Benetan hunkigarria izan zen niretzat, helizearen aurreneko itzuliekin batera, Txinako lurra aldentzen ikusi nuen une hura.

        Goiz hartan esnatu nintzenetik, kezka sor batek arima nahigabetzen hasia zidan berriro. Orain pentsatzen nuen, kontzientziaren protesta lotsati bat hoben-ordainaren bidez baretzearren etorri nintzela inperio eskerga hartara; eta azkenean, egonezin urduri batek bultzatua, hor nindoala, jeneral heroiko baten bibote zuriak laidotu eta Mongoliako mugetako hiri batean belarrian harrikadak jaso besterik egin gabe.

        Patu arraroa, nirea!...

 

 

        Ilundu bitartean, baporearen karelean egon nintzen, betilun, itsaso bareari begira: zeta urdinezko oihal zabal bat zirudien, bi izur bigunetan aldamenetara tolesten; pixkanaka, izar handiak keinuka hasi ziren sakontasun beltzean, eta helizeak itzalean, lanean jarraitzen zuen erritmo atergabean. Orduan, neke makal baten menpean, baporean harat-honat ibili nintzen, eta ikusi nituen ipar-orratz argiztatua; debileta mordoak; makinaren piezak argitasun sutsuz konpasean mugituz; tximiniatik ke beltzezko borborkada artean ihes egiten zuten txinpartak; marinel bizar-gorriak lema-gurpilean mugitu ere egin gabe; eta pilotuen irudiak zubi gainean, garaiak eta lausoak gau beltzean. Kapitainaren kabinan, ingeles salakotadun bat, koñaka edaten zuten damaz inguratua, flautaz «Bonnie Dundee»ren aria jotzen ari zen malenkoniatsu...

        Hamaikak ziren ene ontzi-gelara jaitsi nintzenean. Argiak itzaliak zeuden ordurako: baina uretatik jaikitzen ari zen Ilargiak, biribila eta zuri-zuria, gelako kristala jotzen zuen argi-errainu batez: eta orduan, gau-argi zurbil horretan, han ikusi nuen, kamainaren gainean etzanda, irudi sabel-handia, zeta horiz jantzia, bere kometa besoetan zuela!

        Bera zen, berriro ere!

        Eta bera izan zen sekulakotz! Bera Singapuren eta Ceylanen. Suezeko kanala pasatzean, bera agertu zen basamortuko hareatzetatik; Maltan gelditu ginenean, hornikuntza-ontzi baten brankan aurreratzen ikusi nuen; baita Siziliako arrosa koloreko mendietan behera irristatzen ere; eta Gibraltarreko muturra inguratzen duten behe-laino artetik azaltzen ere bai! Lisboan lehorreratu nintzenean, Zutabeen Kaian, bere irudi tripa-handiak, Augusta kaleko arku guztia hartzen zuen; haren begi oiherrak niri so zeuden, eta kometan pintatutako bi begiak ere nigan ezarriak ziruditen...

 

 

 

© Eça de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eça de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia