VI

 

        Arratsa biltzen ari zuen jada eta Eguzki gorria beheitituz zihoan metal gorizko erredola zirudiela, Tien-Hora heldu ginenean.

        Hiriko harresi beltzak, hegoaldetik altxatzen dira, harkaitz artean burrunbatsu datorren erreka-laster baten ondoan; sortaldera, ordeka zurbil eta hautsez betea mendixka ilun batzuetara arte hedatzen da, non eraikuntza zuri handi bat ikusten den: misio katolikoa. Harantzago, ipar aldera, betiereko Mongoliako mendi moreak, hodeiak bezala airean zintzilik.

        Barrakoi kirasdun batean geneukan lo-lekua. Lurreko Kontsolamenduaren Ostatua zeritzan. Gelarik onena gorde zidaten, zeina hesola gainean sostengaturiko galeria batera irekitzen baitzen; bitxiki apaindua zegoen, sabaiko gapirioetatik lokarriz zintzilikatutako paper ebakizko herensugez; brisadarik txikienera, fabulazko munstro-aldra hura kulunkatzen hasten zen, hostaila-zurrumurru lehor bat atereaz, naturaz gaindiko bizitza barregarri batera esnatu izan balira bezala.

        Ilundu baino lehen Sa-Torekin joan nintzen hiria ikustera: baina berehalaxe egin nuen ihes kale-zirkiluetako kirats higuingarri hartatik; dena beltza iruditu zitzaidan; etxe purtzilak, zoru lokaztuak, latsak, zakur gosetiak, jendaila ziztrina... Ostatura itzuli nintzen, eta han mongoliar zamaltzainek eta ume zorritsuek harriturik begiratzen zidaten.

        — Jende hau guztia susmagarria iruditzen zait, Sa-To —esan nuen, buruari eraginez.

        — Arrazoi du Berorren Ohoreak. Jendaila txarra da hau! Baina ez dago arriskurik: abiatu aurretik, oilar beltz bat hil nuen, eta Kaonine jainkosa pozik dagoke. Berorren Ohoreak izpiritu gaiztoetatik salbu egin dezake lo... Terik nahi du Berorren Ohoreak?

        — Ekartzazu, Sa-To.

        Tea hartu ondoren, egitasmo handiaz hitz egin genuen: hurrengo goizean, Ti Txin-Furen alargunaren etxola tristera poza eramatera joango nintzen, jada Pekinen ezarriak nituen eta beretzat izango ziren milioien berri emanez; gero, mandarin gobernariarekin hitzarturik, arroz banaketa oparo bat egingo genuen jende xehearen artean; eta gauez argiak eta dantzak, herri-jai handietan bezala...

        — Zer deritzozu, Sa-To?

        — Berorren Ohorearen ezpainetatik Konfuzioren jakinduria mintzo da... Handia izango da! Oso handia!

        Nekatua nentorrenez, berehala hasi nintzen aharrausika, eta Txinako ostatuetako ohatzea izan ohi den adreilu berozko tranpalean etzan nintzen; eta gurutze santuaren egin ondoren, jeneral-andrearen beso zurietan pentsatuz hartu ninduen loak, haren itsas lamia begi berdeetan...

        Gauerdia pasea izango zen, barrakoia inguratzen zuen zurrumurru geldo eta sor batek esnatu ninduenean; arboladiko haize indartsu bat edo horma bortizki jotzen duen itsaso zakarra zirudien. Galeria irekitik, ilargi-argia sartzen zen gelara, asiar Udazkeneko ilargi-argi tristea, herensuge zintzilikatuei ametsezko forma eta tankerak emanez...

        Urduri jaiki nintzen, ilargi-argiaren zerrenda argitsuan errainu garai eta artega bat agertu zenean...

        — Ni naiz, Berorren Ohorea! —murmurikatu zuen Sa-Toren ahots izutuak.

        Eta gero, nire ondoan makurtuz, bere atsekabeak kontatu zizkidan hitz jario erlats batean: ni lo nengoen bitartean, hiri osoan zabaldu zen, arrotz bat, Deabru arrotz bat heldu zela bidai fardelak altxorrez beterik zituela... Gautzen hasi zenetik somatu zituen aurpegi zorrotzak, begi harrapariak, barrakoiaren ingurumarietan, txakal urduriak bailiren... Eta bertatik coolie-i aginduak eman zizkien, gurdiekin atea sendotu zezaten, zirkulu-erdia osatuz, tartariar era zaharrera... Baina pixkanaka gaizkin-multzo hura handitzen zihoan... Orain atetila batetik zelatan egotetik zetorren: eta ostatua inguratuz zegoen Tien-Hoko jendaila guztia, beldurgarriki marmarka... Kaonine jainkosa ez zen nonbait gustura geratu oilar beltzaren odolarekin!... Horrez gainera, pagoda baten ate aurrean ahuntz beltz bat atzeraka ikusia zuen!... Izutzeko gaua izango zen hura!... Eta bere emazte gaixoa, bere hezurreko hezurra, hain urrun, Pekinen!...

        — Eta orain, Sa-To? —galdetu nion.

        — Orain... Berorren Ohorea! Orain...

        Isildu egin zen: haren irudi argala dardarka zegoen, zigorpean arrastaka doan zakur kuzkurtuaren antzera.

        Koldar hura apartatu eta galeria aldera aurreratu nintzen. Behean, estalpe baten azpian zegoen aurreko hormak itzal trinkoa egiten zuen. Hantxe zegoen bai egon, ilunpetan, jendetza pilatua. Noizean behin norbait arrastaka, argitara aurreratzen zen, zelatan egoten zen, gurdiak usnatu, eta aurpegian ilargia sentitzean bizkor atzeratzen zen, ilunpetan ezkutatuz; eta nola estalpea baxua zen, dizdiz egiten zuen une batez argitan, lantza erdi etzanen baten burdinak...

        — Zer nahi duzue, doilorrak? —deiadarkatu nuen portugesez.

        Ahots arrotz hura entzutean erremuskada bat atera zen ilunpetatik; berbertatik harri batek, leiho-saretza egiten zuen paper argizariztatua zulatu zuen ene aldamenean; gero gezi batek txistu egin zuen eta ene buruaz gaindi sartu zen, zutoin batean...

        Ostatuko sukaldera jaitsi nintzen ahalik azkarren. Ene coolie-ak, opo gainean pikotxean jarririk, hortz-karraskaz zeuden beldurrak airean; eta niri laguntzera etorritako bi kosakoak, su aurrean sorgor, pipa hartzen ari ziren, belaun gainean zorrotik ateratako sableak zituztela.

        Betaurrekodun ostalari zaharra, atarian paperezko kometa bat aireratzen ikusia nuen amona zarpatsua, mongoliar zamaltzainak, eta ume zorritsuak, horiek denak aienatuak ziren; agure bat bakarrik gelditzen zen, opioz horditua, bazter batean, fardel baten modura eroria. Kanpoan entzuten ziren jada, jendetzaren harramantzak.

        Orduan Sa-Torengana jo nuen; zutabe baten kontra zegoen, ia zutik ezinda: gu armarik gabe geunden; bi kosakoek bakarrik, ezin zezaketen erasoaldia eragotzi: premiazkoa zen beraz, mandarin gobernaria esnatzera joatea; Kamilloffen laguna, Tong printzearen gonbidatua nintzela jakinaraztea; jendetza hura sakabanatzera, abegikortasunaren lege sagaratua zaintzera etor zedin konbentzitzea!...

        Baina Sa-Tok aitortu zidan, ahots mehe, argal batekin, segur aski gobernaria bera zela erasoaldia zuzentzen zuena! Agintarietatik eskaleetaraino, ene aberastasunen ospeak, urrez betetako gurdien entzuteak, irrits guztiak indartuak zituen!... Zuhurtasunak, agindu santu bat bailitzan, gure altxor, mando eta jaki-kaxetatik zati bat han uztea aholkatzen zuen...

        — Eta herri kaxkar madarikatu honetan geratu, alkandorarik, dirurik eta jakirik gabe?

        — Baina gure bizi preziatua salbu dugula, Berorren Ohorea!

        Amore eman nuen. Eta jendetza hari diru-banaketa oparo bat eskaintzeko agindu nion Sa-Tori, baldin euren txaboletara bildu eta Budak igorritako gonbidatu gisa errespetatuko gintuztela onartzen bazuten...

        Sa-To dardarka igo zen galeriako balkoira, eta jendeari mintzatzen hasi zitzaion sutsu, besoak astinduz, hitzak bortizki jaurtiz, zaunkaz ari den zakurraren antzera. Nik maleta ireki eta txanponak pasatzen nizkion paketeka, zakuka, eta berak eskutadaka jaurtitzen zituen, hazia ereiten ari denaren keinuz... Behean aldizka, iskanbila haserreak sentitzen ziren, metala erortzen zen uneetan; gero gutizia asearen hasperen geldoa; eta ondoren isiltasuna, gehiago espero duenaren etenaldia...

        — Gehiago! —murmurikatzen zuen Sa-Tok, antsiaz niregana itzuliz.

        Nik, sumindurik, pakete gehiago ematen nizkion, fardeltxo gehiago eta erreal-erdiko txanponak pilaka, erdiko txulotik lizta pasatuz lotuak... Maleta hustua zen jada. Jendetza orroka ari zen, ase ezinik.

        — Gehiago, Berorren Ohorea! —erregutu zuen Sa-Tok.

        — Nik ez daukat gehiago! Gainerakoa Pekinen dago!

        — O, Buda santua! Galduak gara! Galduak! —oihukatu zuen Sa-Tok, belauniko eroriz.

        Jendetza, isilik, artean zain zegoen. Bat-batean ulu basati batek erdi bi egin zuen gaua. Eta jende-multzo irrikatsu hura, zirkulu-erdian atea babesten zuten gurdien aurka beren buruak jaurtitzen sentitu nituen: danbatekoarekin Lurreko Kontsolamenduaren Ostatuko zuraje guztia mugitu zen kirrinka eginez...

        Balkoira jo nuen lasterka. Behean tropel lehiatsu bat zebilen iraulitako gurdien inguruan: aizkorek dizdiz egiten zuten kutxa-tapen gainera erortzean; maleta-larruak arraildurik irekitzen ziren labana kontaezinen kariaz; estalpean bi kosakoak borrokan ari ziren orroka, aihotzen aurka. Ilargia egon arren, barrakoiaren inguruan zuziak ikusten nituen, txinpartak zerizkiela; irrintzi erlats bat entzuten zen, urrunean zakurrei ulu eraginez; eta kalexka guztietatik jendea zetorren lasterka, itzal arinak ziruditela, makila zorroztuak eta igitai okerrak astinduz...

        Kolpetik, beheko oinean ateak mila txiki eginez sartzen ari zen jendetzaren harrabotsa entzun nuen: segur aski nire bila zebiltzan, altxorraren zatirik onena neurekin izango nuela suposatuz, harribitxiak edo urreak... Izuak zoratu egin ninduen. Lasterka bizian, atari aldeko banbuzko hesi batera jo nuen. Hura eraitsi eta sasitza baten gainetik jauzi egin nuen, zikinkeria-usain garratz artean. Ene pottoka, hesola bati lotua, irrintzika ari zen, lokarritik amorruz tiraka; gainera jauzi egin eta lepo-zurdetatik heldu nion...

        Une horretantxe, sukaldeko atea kolpeka suntsituz jende mordo bat atera zen, farol eta lantzaz, eldarniozko heiagora batean. Pottokak izuturik, errekasto baten gainetik egin zuen salto; gezi batek txistu egiten du ene ondoan; gero adreilu batek sorbaldan jotzen nau, beste batek pottokaren ipurdi gainean, beste handiago batek ia belarria eramaten dit! Lepo-zurdei estu eta larri eutsiz, arnasestuka, mihia kanpoan nuela, belarritik odola zeridala, lasterketa sumin batean nindoan kale beltz hartan barna... Bat-batean harresia ikusi nuen ene aurrean, gotorlekua, eta hiriko atea itxita!

        Orduan, burutik eginda, jendearen oihuak gainean sentituz, ezein giza laguntzaren itxaropena galdurik, Jainkoaren premian aurkitu nintzen! Beragan sinetsi nuen, salba nintzala deidarkatu nion; eta ene izpiritua uholdeka gogo berotuz zihoan, artean memoriaren barrenean nituen otoitz-zati eta salbeak Hari eskaintzeko grinaz... Zaldiaren ipurdi gainera bihurtu nintzen: urrutiko kantoi batetik, zuzi mordo bat agertu zen: gaizkin-multzo hura zen!... Arrapataka abiatu nintzen kolpetik harresi garaiaren luzeetara, zeinak ene ondoan amorruz hedatzen zen zerrenda beltz luze bat ematen baitzuen: bat-batean zirrikitu bat ikusten dut, zulo bat dena sasiz josia, eta kanpoan, ilargi-argitan urmael zabal bat zirudien lautada! Hara zuzendu nintzen larri, zalditxoaren gainean zanbuluka... Eta denbora luzez joan nintzen laukoan ordeka hartan zehar.

        Halako batean, pottoka eta biok lurrean biraka joan ginen, eroriko sor batean. Aintzira bat zen. Ur ustela sartu zitzaidan ahotik, eta oinak nenufar sustrai bigunen artean trabatu zitzaizkidan... Jaiki nintzenean, eta lurrean sendotu, han ikusi nuen pottoka lasterka, oso urrun, itzal bat bezala, ointokiak haizetan zituela...

        Orduan oinez abiatu nintzen bakardade hartan zehar, lur, istingatsu haietan beheraino sartuz, sasi arantzatsuen artetik bidea moztuz. Belarriko odola, tantaka erortzen zitzaidan sorbaldara; kanpoko hotzak, blai eginiko arropak, hotzikaraz jartzen zidaten larruazala, eta noizean behin, ilunpetan, basapizti begien argitasunak ikusten nituela iruditzen zitzaidan.

        Azkenean, harri soltez eginiko itxitura bat aurkitu nuen; barruan, sastraka beltz baten azpian, txinatarrek landetan abandonatzen dituzten hilkutxa hori haietako mordoxka bat zegoen, barrenean gorputz ustelduekin. Kutxa baten gainera erori nintzen, abaildurik, baina usain higuingarri astun bat zegoen airean; eta gainean ezartzean, ohol zirrikituetatik lerratzen zen isurkari likatsu bat sentitu nuen... Ihes egin nahi izan nuen. Baina belaunak ukatu egin ziren dardarka: eta arbola, harkaitz, belar garai, eta zeruertz guztia biraka hasi zitzaizkidan, disko oso azkar bat bezala. Txinparta odoltsuak mugitzen zitzaizkidan begien aurrean; eta oso goitik erortzen bezala sentitu nintzen, astiro, luma bat jaitsi ohi den moduan...

        Kordea berreskuratu nuenean, harrizko jarleku baten gainean etzanda nengoen, isiltasun sakon batean bildutako komentu antzeko eraikuntza handi baten atarian. Bi fraide lazarotar, ene belarria garbitzen ari ziren kontu handiz. Haize freskoa zebilen; pozadera bateko txirrikak kirrinka egiten zuen geldiro; kanpaiak matutia jotzen zuen. Begiak altxa nituen eta etxe zuri bat ikusi nuen leihotxo saredunekin, gorenean gurutze bat zuela: orduan, kalostra katoliko baketsu hartan, berreskuratutako aberri-zati bat, babesa eta kontsolamendua ikusiz, bi malko mutu isuri zitzaizkidan betazaletatik.

 

 

 

© Eça de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eça de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia