IV

 

        «Ceylan»ak bidaia bare eta aspergarria izan zuen Xangairaino.

        Handik, ibai Urdinean gora, Russel Konpainiako steamer txiki batean igo ginen Tien-Tsineraino. Ni ez nentorren turista-ikusmira axolagabez Txina bisitatzera. Probintzia horretako ikuspegi guztiak, portzelanazko ontzietakoaren antzekoa izanik ere, bere tonu urdinka eta lurruntsuetako tontortxo soilduekin eta noizik behin zuhaixka adar-okerren batekin, lehen bezain betilun eta sorgor utzi ninduen.

        Steamer-eko kapitainak, —ahuntz-muturreko yankee lotsagabe bat— Nankin parean pasatzean gelditzea proposatu zidanean, portzelana-hiri zaharreko hondakin monumentalak ikustera joateko, ezezkoa eman nion buru-mugimendu lehor batez, ibaiko ur lohitsuetatik begi tristeak apartatu ere egin gabe.

        Zeinen astun eta goibelak egin zitzaizkidan Tien-Tsindik TungTxura bitarteko bidai egunak, txinatar arraunlarien kiratsa zerien ontzi mutur-motzetan; orain Pei-Hok urez estalitako lur baxuak gurutzatuz, gero amaigabeko arroz-soro zurbiletan zehar; hemen lokatza beltzezko herrixka ilun bat iraganez; harantzago txalupa horiz jositako toki bat; uneoro, eskaleen gorpuekin topo eginez, puztuak eta berdoztuak, ur gainean zetozela zeru baxu eta elkor baten pean!

        Tung-Txun harri eta zur gelditu nintzen Kamilloff jeneral zaharrak, —Erdiko Asiako gudaldietako heroi izana eta orduan Errusiako enbaxadore Pekinen— nire bila bidalitako kosako eskolta batekin aurkitzean. Izaki baliotsu eta arraro gisa gomendatua izan nintzen nonbait bere aurrean, eta hark nire zerbitzuan jarritako Sa-To interpretari hitz-jarioak argitu zidanez, asteak ziren nire etorreraren berri ematen noten inperial zigiludun eskutitzak jaso zituela, Kantzilergoko postaz. Izan ere, Siberia leraz zeharkatu, gamelu-bizkarrean tartaroen Harresi Handiraino jaitsi eta han larru gorriminez jantzitako mongoliar zaldunei ematen zaie posta, hauek gau eta egun laukoan etortzen direlarik Pekineraino.

        Kamilloffek Manzuriako pottoka bat igortzen zidan, zetaz apailatua, eta bisita-txartel bat, bere izenaren gainean arkatzez hitz hauek idatzirik: «Goraintzi! Aberea aho samurrekoa da!»

        Pottokara igo nintzen, eta kosakoek lantzak bortizki astinduz oihu egin ondoren, abiatu egin ginen bizi-bizi ordeka hautseztatu haietan zehar, arratsaldea beheitituz baitzihoan eta Pekingo ateak, azken eguzki-izpiak Zeruko Tenpluko dorreak uztearekin batera ixten baitira. Hasieran errepide batetik joan ginen, karabanen joan-etorriek sarri zanpatutako bidea, antzinako Bide Inperialetik erauzitako marmolezko lauza eskergaz oztopatua. Gero Pa Li-Kao zubia pasa genuen, marmol zurizkoa dena, alboetan dragoi buru-harroak dituena. Ondoren ur beltza zeramaten ubide ertzetatik joan ginen; baratzak agertzen hasi ziren, eta han-hemenka auzune urdinkaren bat, pagoda baten oinean kuzkurtua. Bat-batean, bidearen okerrune bat igarotzean, harriturik gelditu nintzen...

        Neure aurrean zegoen Pekin! Harresi handi bat zen, monumentala eta ikaragarria, beltz hitsa, bista galdu arte hedatzen zena, eta sabai biribildun ateetako arkitektura babilonikoagatik nabarmentzen zen, sartaldeko purpura odoldua atzean zuela...

        Urrunean, ipar aldera, gandu gorrizta artean, airean zintzilik bezala erdi ikusten ziren Mongoliako mendiak...

        Anda guztiz eder bat zain neukan Tung Tsen-Mengo atean, nik Pekin zeharka nezan Kamilloffen militar egoitzaraino. Harresiak orain, gertutik, zeruetaraino jaikitzen zela zirudien, eraikuntza bibliko baten izugarritasunez; haren oinean barraka-nahasmendu handi bat pilatzen zen, azoka bitxia osatuz; jendetzaren marmarra atergabea zen eta farol kulunkarien argiak zipriztintzen hasia zuen jada ilunabarra odol koloreko orbain lausoz; toldo zuriek, harresi beltzaren oinean, geldi dagoen tximeleta saldoa ziruditen.

        Triste sentitu nintzen; andara igo eta, urrez bordatutako zeta gorriminezko gortinak itxi egin nituen; eta kosakoz inguraturik, halaxe sartu nintzen Pekin zaharrean babel-ate hartatik, jende-samalda zalapartatsuaren erditik, gurdi, angarila lakatu, geziz armaturiko zaldun mongoliar, errenkadan zihoazen tunika argidun bonzo, eta karga balantzaka zeramaten dromedario ilara geldoen artetik...

        Handik gutxira, gelditu egin zen anda. Sa-To adeitsuak gortinak alderatu zituen, eta lorategi batean aurkitu nintzen, iluna eta isila, non mendeetako basapikuen artean, kiosko argiztatuek dizdiz egiten baitzuten argi leun batez, belar gainean jarritako farol eskergak bailiren, eta ur-korronte mota guztien zurrumurrua entzuten zen itzalpean. Gorriz pintaturiko zurezko sarrera-aterpean, paperezko faroltxo ilaraz argitua, bibote zuridun irudi gihartsu bat neukan zain, sable handi batean sostengatua. Kamilloff jenerala zen. Beregana aurreratzean, gazelen urrats urduriak sentitzen nituen, arbola artean arinki ihes egiten...

        Heroi zaharrak bularraren kontra estutu ninduen une batez eta berehala, txinatar ohiturari jarraiki, abegi onezko bainua hartzera gidatu ninduen: portzelanazko bainu-ontzi zabal bat zen, non, limoi zati finen artean belaki zuriak baitzebiltzan igeri, lila-usain sarkor batekin...

        Geroxeago, ilargiak eztiki argitzen zituen lorategiak, eta ni, freskaturik, gorbata zuriz, Kamilloffen besotik jeneral-andrearen boudoir-era sartu nintzen. Garaia zen eta horaila; Homeroren itsas lamien begi berdeak zituen; zeta zurizko soinekoaren eskote baxuan, arrosa gorrimin bat zeukan; eta hatzetan, non muin eman bainion, sandalo eta te usain fin bat zebilkion.

        Luze mintzatu ginen Europaz, nihilismoaz, Zolaz, Leon XIII.z, eta Sarah Bernhardten mehartasunaz...

        Galeria irekitik, heliotropo usaindun haize beroa sartzen zen. Gero, piano aurrean eseri zen, eta bere kontralto-ahotsak, Tartariar Hiriko isiltasun malenkoniatsuak urratu zituen berandu arte, «Madame Favart»en aria pikaro eta «Rei de Lahore»ren doinu txeratiz.

        Hurrengo goizean goiz, jeneralarekin lorategiko kiosko batean sarturik, ene istorio negargarria kontatu nion, Pekinera ekarri ninduten arrazoi berebizikoak azalduz. Heroiak isilik entzuten zidan, bere kosako bibote trinkoa itzaltsu igurtziz.

        — Ba al daki txineraz, ene gonbidatu estimatuak? —galdetu zidan bat-batean, begi-nini zorrotza nigan finkatuz.

        — Bi hitz garrantzitsu dakizkit, jenerala: «mandarin» eta «te».

        Zain nabarmenekiko eskua pasa zuen buru soildua zeharkatzen zion arakaitz ikaragarriaren gainetik:

        — «Mandarin», ene lagun, ez da txinerazko hitza, ez du inork ulertzen Txinan. Zure herriko itsasgizonek, zure herri ederreko itsasgizonek XVI. mendean sortutako hitza da...

        — Artean itsasgizonak genituenean... —murmurikatu nuen hasperenka.

        Berak ere gizalegez hasperen egin, eta jarraitu egin zuen:

        — Itsasgizon haiek txinatar funtzionarioei ematen zieten izena da. Zuen aditzetik dator, zuen aditz politetik...

        — Artean aditzak genituenean... —esan nuen ahopeka, Aberria laidotzeko betiko ohiturari jarraiki.

        Une batez zabal-zabal egin zuen bere hontz-begi biribila eta aurrera egin zuen eramankor eta serioski:

        — Zuen «mandar» aditzetik, hain zuzen... Beraz, «te» gelditzen zaizu. Txinatar bizitzan oso paper garrantzitsua duen hitza da, baina ez diot irizten nahikoa gizarte harreman guztietarako. Ene gonbidatu estimagarriak, Ti Txin-Fu familiako dama bat esposatzeko asmoa du, Mandarin zaharrak zuen eragin itzelarekin jarraitzekoa, etxean eta gizartean hildako hain maitatu hori ordeztekoa... Honetarako guztirako «te» hitza baizik ez du ezagutzen. Gutxi da.

        Ezin izan nuen ukatu gutxi zenik. Errusiar agurgarriak, bere miru sudur kakotua zimurtuz, oraindik oztopo gehiago azaldu zizkidan, eta Pekingo harresi berberaren antzera altxatzen ikusten nituen ene gurariaren aurrean: Ti Txin-Fu familiako ezein damak, ez zuen inoiz baietsiko arrotz batekin ezkontzerik; eta zeharo ezinezkoa izango zen, enperadoreak, Eguzkiaren Semeak, mandarinaren pribilegiozko ohoreak atzerritar bati ematea...

        — Baina zergatik ukatuko lizkidake? —galdetu nion ozen—. Minho probintziako familia on bateko semea naiz. Batxiler graduatua. Beraz, hala Txinan nola Coimbran, letratua naiz! Arlo publikoan parte hartua naiz... Milioiak dauzkat... Administrazio lanean esperientzia badut...

        Jenerala begirunez makurtzen zen, ene atributuen ugaritasunaren aurrean.

        — Ez dut esan nahi —esan zuen azkenean— enperadoreak benetan ukatuko lizukeenik. Hori proposatuko liokeen pertsonari, bertatik lepoa moztuko liokete. Txinatar legea, puntu honetan, argia eta lehorra da.

        Burua jaitsi nuen, abaildurik.

        — Baina, jenerala, —xuxurlatu nuen— nolabait libratu beharra daukat Ti Txin-Fu zaharra eta bere kometaren ikuspen gorrotagarritik!... Eta, neuk mandarin bezala erabili ezin ditudanez, nire milioien erdiak Txinako Altxorrari emango banizkio, Estatuaren mesedetarako...? Beharbada Ti Txin-Fu baretu egingo litzateke...

        Jeneralak, aitakiro, sorbaldan ipini zidan bere eskutzarra:

        — Oker handia duzu horretan, gazte! Milioi horiek ez lirateke sekula iritsiko Inperioko Altxorrera. Goiko klaseen hondogabeko sakeletan geratuko lirateke: lorategiak landatzen, portzelanak bildumatzen, zoruak larruztatzen, ohaideak zetaz hornitzen xahutuak izango lirateke; ez lukete txinatar bakar baten gosea aseko, ez eta errepide publikoetako harri bakar bat ere konponduko... Asiar orgiak aberastera joango lirateke. Ti Txin-Furen arimak ongi ezagutzen bide du Inperioa, eta horrek ez lioke atseginik emango.

        — Eta doilor zaharraren ondasunen zati bat, neure kontura, filantropo gisa, jendetza gosetien artean arroz banaketa handiak egiteko erabiliko banu? Agian burutapen hau...

        — Negargarria —esan zuen jeneralak, bekainak beldurgarriki zimurtuz—. Inperioko gorteak laster ikusiko luke horretan, goranahi politikoa, jende xehearen mesedeak irabazteko asmo bihurria, Dinastiarentzako arriskua... Ene lagun onari lepoa moztuko liokete... Larria da...

        — Mila madarikazio! —egin nuen oihu—. Orduan zertarako etorri naiz Txinara?

        Diplomatikoak sorbaldak jasotzea bezala egin zuen; baina ondoren, irribarre maltzur batean bere kosako-hortz horiztak erakutsiz:

        — Egizu gauza bat. Bila ezazu Ti Txin-Furen familia... Nik lehen ministroari galdegingo diot, Tong Printze Txit Gorenari, non ote dabilen senitarte interesgarri hori... Bildu itzazu eta bota iezaiezu dozena bat milioi edo bi... Presta iezazkiozu gero zenduari sekulako hiletak. Zeremonial handiko hiletak, legoa bat luzeko segizioarekin, bonzo ilarak, zutoihal mundu oso bat, angarilak, lantzak, lumak, anda gorriminak, erostari aldrak intziri izugarriak jaurtiz, eta abar, eta abarrekin. Hau guztiaren ondoren ez bazaizu kontzientzia baretzen, eta mamuak lehenean jarraitzen badu...

        — Orduan?

        — Ebaki zintzurra.

        — Eskerrik asko, jenerala.

 

 

        Halaz eta guztiz ere, gauza bat zegoen argi, eta horretan bat zetozen Kamilloff, Sa-To begirunetsua, eta jeneral-andrea: alegia, Ti Txin-Furen familiarekin tratatzekotan, hiletetara joan eta Pekingo bizitzan nahasteko, bertatik hasi beharra neukala letratu klaseko txinatar aberats bat bezala janzten, mandarin baten zeremonial, janzkera, eta jokamoldeetara ohitzen joan nendin...

        Ene aurpegi berdotsak, ene bibote luze eta zintzilikariak asko errazten zuten antzaldaketa, eta hurrengo goizean, Txa-Kua kaleko jostun trebeek jantzi ondoren, zeta gorriminez forratutako aretoan sartu nintzenean, non jada dirdirka baitzeuden laka beltzezko mahai gainean gosarirako portzelanak, jeneral-andreak atzera egin zuen, Tong-Tse, Zeruko Semea bera agertu izan balitz bezalaxe!

        Brokatuzko tunika urdin ilun bat nekarren, aldemenetik botoiz lotua, paparra urrezko herensuge eta lorez aberaski bordatua; gainetik, zetazko gerruntzea, urdin argiagoa, motza, laxa eta biguna; galtzek, urraren koloreko zeta-ehunezkoak, perlaz apainduriko babouche hori garestiak, eta izartxo beltzez zipriztindutako galtzerdi zati bat uzten zuten ikusten; eta gerrian, ertzak zilarreztatuak zituen faxa polit batean, banbuzko haizemailea neukan sartua, Swa-Tonen egiten diren eta Lao-Tse filosofoaren erretratua daramaten horietakoa.

        Eta janzkerak norberaren izaeran dituen eragin misteriotsuak direla bide, berehalaxe hasi nintzen sentitzen niregan, txinatarren sen eta ideiak: zeremonial artatsuenganako maitasuna, formulekiko begirune burokratikoa, jakitunaren eszeptikotasun puntta, eta baita enperadoreaganako izumen deitoragarri bat ere, arrotzarenganako gorrotoa, arbasoen gurtza eta gauza azukreztatuen zaletasuna...

        Arima eta sabela, jada mandarin batenak ziren guztiz. Ez nion esan jeneral-andreari: — Bonjour, Madame. — Bi-doble eginik, bekoki makurtuaren aurrean ukabilak biraraziz, txin-txin egin nion itzaltsu...

        — Adoragarria da, zoragarria! —esaten zuen, bere barre politaz, eskutxo zurbilekin txalo eginez.

        Goiz horretan, nire gizakunde berriaren ohorez, txinatar gosaria izan genuen. Zeinen eskuzapi politak, zeta-paper gorriminezkoak, beltzez marraztutako fabulazko munstroekin! Ning-Poko ostrekin hasi zen otordua. Paregabeak! Bi dozena hurrupatu nituen txinatar gozamen sakon batean. Ondoren, marrazo hegatseko zuntz ezin gozoagoak etorri ziren, ahari begiak baratxuri xehatuarekin, nenufarrak azukre-uretan, Kantongo laranjak, eta azkenik arroz sagaratua, Arbasoen arroza...

        Oturuntza fina, Txao-Txigneko ardo bikain ugariz bustia! Eta azkenean, nolako atseginez hartu nuen ene kikarakada ur irakina, non, martxoko lehen bildualdiko —bildualdi bakarra, birjinen esku garbiz jaiera santuz ospatzen dena— te inperial orri xorta bat bota nuen!...

        Erretzen ari ginen bitartean, bi emakume abeslari sartu ziren, eta denbora luzean, eztarri-ahotsez, Ming Dinastiaren garaiko kantu zaharrak abestu zituzten, bi tartariarrek pikotxean jarrita, erritmo malenkoniatsu eta basaz jotzen zituzten suge-larruz estalitako gitarraz lagundurik. Txinak gustu arraroko xarmantasunak ditu...

        Gero, jeneral-andre horailak, «La Femme a Barbe» abestu zigun, gatz eta piperrez, eta jenerala bere kosako eskoltarekin Tong printzearen yamen aldera joateko irten zenean, Ti Txin-Fu familiaren bizitokiaren berri jakitera, ni, asea eta aldarte onean, Sa-Torekin Pekin ikustera irten nintzen.

 

 

        Kamilloffen egoitza, Tartariar Hirian zegoen, militar eta handikien auzunean. Lasaitasun zorrotz bat nabaritzen da han. Kaleek, herrixketako bide zabalak dirudite, gurdi-gurpilez ildokatuak; eta ia beti, harresi bat jarraituz joan behar da, nondik basapiku adarrak ateratzen diren zeharretara.

        Aldika, iltze urreztatuz apainduriko gurpil altudun gurdixka bat pasatzen da bizkor, mongoliar pottoka batek trostan tiratua; oso-osorik danbadaka doa: toldoa, zintzilikako zetazko kurtinak; kantoietako luma-sortak; eta barruan txinatar dama eijerren bat erdi ikusten da, brokatu argiz estalia, burua dena lorez betea, eskumuturretan zilarrezko bi uztai birarazten dituela aspertasun zeremoniatsu batekin. Ondoren, mandarin anda aristokratikoren bat dator, mototsa solte eta urdinez jantzitako coolie-k Estatuko yamen-etara arnasestuka trostan daramatela; haren aurretik, morroi-aldra zarpa-jario bat hizki bordatuak dituzten zetazko zerrendak —aginpide ezaugarriak— gora jasoz; eta barruan, pertsonai tripa-handia, betaurreko biribil handiekin, bere paperei begira, edo kokotsa zintzilik duela lo...

        Uneoro, denda aberatsei begira gelditzen ginen, beren zutikako idazkiekin: hondoa gorrimina zuten eta hizkiak urreztatuak. Bezeroek, elizako isiltasunez, itzalak bezain arin, hango edertasunak aztertzen dituzte, Ming Dinastiako portzelanak, brontzeak, esmalteak, marfilak, zetak, arma eradonduak, Swa-Tongo haizemaile zoragarriak; aldian behin, begi oiherdun neska-gazte freskoren batek, tunika urdina soinean eta mototsetan paperezko mitxoletekin, brokatu arraroren bat destolesten du, sabelean hatzak gurutzaturik, dohatsuki begira dagokion txinatar lodikote baten aurrean; barrurago, merkataria, arranditsu eta mugitu gabe, pintzelarekin idazten ari da, sandalozko oholtxo luzeetan: eta gauzetatik darion lurrin melenga batek, nahastarazi eta goibeldu egiten du...

        Hona hemen Hiri Debekatua inguratzen duen harresia, enperadorearen bizitoki santua! Aitonen seme gazteak, tenplu baten terrazatik jaisten ari dira, non gezi jaurtiketan trebatzen jardun duten. Sa-Tok haien izenak esan zizkidan: zeremonietan zeta horizko eguzkitakoa —herensuge bordatua daramana, enperadorearen ezaugarri sagaratua— jagoten duten zaindari-talde hautatukoak ziren. Begirune handiz gurtu zuten denek han zetorren gizon zahar bat: bizar agurgarriarekin, agureen pribilegioa den gerruntze horia zeraman soinean; bakarrik hizketan zetorren eta eskuan zekarren makila luze baten gainean hegatxabal bezatuak zituen kotaratuak... Inperioko Printze bat zen.

        Auzune bitxiak! Baina denetan gehiena jostatzen ninduena zera zen, uneoro, lorategiren bateko atean sartzerakoan, bi mandarin sabel-handi ikustea elkarri amaigabeko kilimusi, kortesia, errefus eta adeitasunezko irritxo meheak egiten, dogmazko zeremonial oso bat, guzti horrek, bizkarrean zeramatzaten hegazterren luma luzeak modu pikaroan kulunkarazten zizkielarik. Gero, begiak zerura jasotzen banituen, han ikusten nituen beti biraka egundoko paperezko kometak, bai herensuge irudikoak, bai zetazeo itxurakoak edo fabulazko hegaztiak ziruditenak, munstro garden eta kulunkariz osatutako samalda sinesgaitz hartaz espazioa betetzen...

 

 

        — Sa-To, nahikoa dugu Tartariar Hiritik! Goazen txinatar auzuneak ikustera...

        Eta hala sartu ginen Txinatar Hirian, Txin-Mengo ate ikaragarritik. Hemen burgesia bizi da, merkatariak, jende apala. Kaleak arau jakin bati jarraituz lerrokatzen dira; eta zoru zahar eta lohitsuan, —gizaldika pilatutako eta mendetan zanpatutako zikinkeriaz eratua— oraindik ere han-hemenka agertzen da, Mingtarren handitasun garaiko marmol arrosazko harlauzaren bat.

        Alde bietara, edo eremu hutsak ikusten dira, non zakur talde gosetiak ibiltzen diren aiumaka, edo etxe-txar ilunak ilaran, edo denda merkeak bestela, burdinazko hagatik zintzilika euren iragarki ziztrin eta nabarrak dituztela. Urrutira, purpurazko zutoinez egindako garaipen-arkuak altxatzen dira, gorenean, teilatu luzanga batek batzen dituela, urdinez bernizaturiko teilek dizdiz egiten dutelarik esmalteak bailiren. Janzkera ilun eta urdinka da nagusi, etengabe harat-honat dabilen jendetza marmaratsu eta trinkoaren artean; hautsak, gandu horizta batean biltzen du dena; kirats garratza dario ur-zikin beltzetatik; eta uneoro, ahari-larruz jantzitako mongoliar betilunek gidaturiko gamelu karabana luze bat sartzen da jende-multzoaren erditik.

        Ubideen gaineko zubien sarreretaraino joan ginen; han, deabru beldurgarrien itxurako mozorroak jantzirik, jauztekariek, erdi biluzik eta barregarriki, abilezia basa eta sotilak egiten dituzte; eta luze egon nintzen, bizkarrean paperezko herensugeak erantsirik zituzten tunika luzedun astrologoak miresten, harraboska horoskopoak eta izar-galdeketak saltzen zituzten bitartean. O hiri fabulazkoa eta bakarra!

        Bat-batean egundoko harramantza entzun zen! Lasterka joan ginen: preso ilara bat zen, betaurreko handidun soldadu batek eguzkitakoarekin bultzaka zeramana, bata besteari mototsetik loturik! Hantxe ikusi nuen, etorbide hartan, mandarin-hileta baten segizio deigarria, dena zutoihal eta banderatxoz apaindua; hiletari taldeak, esku-labetxoetan paperak erretzen zetozen; andre zarpatsuak saminez uluka, alfonbra gainean iraulkatzen ziren; gero, zutitu eta eskean hasten ziren, eta dolu zuriz jantzitako coolie batek tea zerbitzatzen zien, hegazti tankerako teontzi handi batetik.

        Zeruko Tenpluaren ondotik igarotzean, eskale mordo handi bat ikusten dut zabaldo batean pilaturik; janzkitzat, adreilu bat zeramaten gerrian sokaz lotua; emakumeek, adats artean paperezko lore zaharrak zituztela, hezurrak marraskatzen ari ziren lasai; eta ondoan, haur hilotzak zituzten usteltzen, euli-handiz josiak. Aurrerago, zurezko kaiola bat aurkitu genuen; barruko kondenatuak esku hezurtsuak luzatzen zituen hesola artetik, limosna eske... Gero SaTok, plaza estu bat erakutsi zidan begirunez: han, harrizko zutoinen gainean, kaiola txiki batzuk zeuden barruan lepoa moztutako buruak zituztela: eta odol lodi eta beltza zerien tantaka...

        — Uf! —esan nuen, nekaturik eta apur bat nahasturik—. Sa-To, orain atsedena nahi dut, isiltasuna, eta puru garesti bat...

        Makurtu zitzaidan, eta pikor-harrizko harmailetatik, hiriko harresi garaietara eraman ninduen. Harresiek gorenean, lau gerra-gurdi elkarren parean jarri eta legoatan kurri dezaketen zabalgune bat osatzen dute.

        Eta Sa-Tok almena-arte batean eseririk aharrausi egiten zuen bitartean, zizerone aspertu baten hatsaldian, ni purua errez, denbora luzez egon nintzen ene oinetan nuen Pekin zabalari begira...

        Bibliako hiri ikaragarri bat dakar gogora, Babel edo Ninibe, zeina zeharkatzen hiru egun behar izan zituen Jonas igarleak. Harresi karratu eskergak zeruertzeko lau puntuak mugatzen ditu, monumentuzko dorredun ateetaraino, eta aire urdinkaren eraginez, halako distantziara, gardenak ematen dute eraikuntza haiek. Hartzen duten barruti neurtezinean, nahasian metatzen dira baso-berdeguneak, aintzira artifizialak, altzairuaren antzera dizdiz egiten duten ubideak, marmolezko zubiak, hondakinez estalitako eremuak, teilatu bernizatuak eguzkitan dirdirka; eta alde guztietan pagoda heraldikoak, tenplu-terraza zuriak, garaipen-arkuak, milaka kiosko lorategietako hostailetatik irteten; gero, portzelana multzoak diruditen espazioak; beste batzuk, lokatza piloak diruditenak; eta, hutsarte arautuetan, beti aurkitzen du so dagoenak gotorlekuren bat, bere itxura heroiko eta fabulazkoarekin...

        Jendetza, eraikuntza itzel horien aldean, haize geldoak dakartzan eta daramatzan hondar-ale beltz batzuk besterik ez dira...

        Han dago, jauregi inperial itzela, arboladi misteriotsuen artean, bere urre-gorrizko teilatuekin! Zenbat gustatuko litzaidakeen hango sekretuetan sartzea, eta elkarren gaineko galeria haietan, mendetako dinastia horien handientza basa guztia hedatzen ikustea!

        Harantzago, Zeruko Tenpluko dorrea altxatzen da, bata bestearen gainean jarritako hiru eguzkitako diruditela: gero, Printzipioen Zutabe handia, hieratiko eta lehorra, arrazaren jite berbera bailitzan: eta aurrean, naturaz gaindiko erdi-tinta zuri batean, Garbikundeko Santutegiko harnabarrezko terrazak...

        Orduan Sa-Tori galdetzen diot: eta haren hatz begirunetsuak erakusten dizkit Arbasoen Tenplua, Itun Gorenaren Jauregia, Letra Loreen Aterpea eta Historialarien Kioskoa, inguratzen dituzten baso sagaratuen artean dizdizka, beren loza urdin, berde, gorrimin eta limoi kolorezko teilatu distiratsuekin. Nik begi irrikatsuz irensten nituen, asiar Antzinateko monumentu haiek, han bizi ziren gizaki ulertezinak ezagutzeko jakin-minez: instituzioen hastapenak, gurtza haien esanahia, letren izpiritua, gramatika, dogma, txinatar letratu baten garuneko barne-bizitza bitxia... Baina mundu hori, santutegi bat bezain ukiezina da...

        Harresian eseri nintzen, eta ene begiak, ateak baino harantzago Mongoliako mendien kontrafuerteetaraino hedatzen den ordeka hondartsuan galdu ziren; han, hauts-olatu amaigabeak zirimolatzen ziren atergabe; edozein ordutan ikus daitezke karabana-ilara uherrak... Orduan, malenkonia handi bat jabetu zen ene arimaz, eta Pekin dena hartzen zuen altura haietako isiltasunak, oraindik lausotasun goibelagoz areagotzen zuen hura; neure buruaren mina izan banu bezala zen, hantxe bakarrik sentitzearen nahigabe sakona, mundu gogor eta basa hartan sartua egonarena; begiak bustirik, Minhoko gure auzoa etorri zitzaidan gogora, atariko aritzen itzala, atean erramu-adarra zuen taberna, ferratzailearen estalpea, eta erreka hain fresko haiek, lihoa berdatzen denean...

        Usoak Pekindik Hegoaldera joaten diren sasoia zen. Ene gainean saldoka biltzen ikusten nituen, tenpluetako baso eta aterpe inperialetatik abiatuz; bakoitzak, banbuzko tututxo arin bat zekarren, haizeak txistu eragiten ziona, miruengandik babesteko; eta hodeitxo zuri haiek brisada leunak bultzatuak bezala zihoazen, isiltasunean hasperen geldo eta malenkoniatsu bat utziz, aire zurbilean galtzen zen haize-uhin baten antzera...

        Etxera itzuli nintzen, ilun eta pentsakor.

 

 

        Afaltzean Kamilloffek, eskuzapia destolestuz, Pekinez zer irudipen jaso nuen galdetu zidan xaloki.

        — Pekinek, jenerala, gure olerkari baten bertsoak hobeto ulertarazten dizkit:

 

                Babiloniako ibaien gainean

                aurkitu nuen ene burua...

 

        — Pekin munstro bat da! —esan zuen Kamilloffek, buru soilduari pentsakor eraginez—. Ohar zaitez hiriburu honi, hemen nagusi den klase tartariar konkistatzaileari, hirurehun milioi gizonek obeditzen diotela; arraza sotila, langilea, pairakorra, ugaria, erasotzailea... Gure zientziak ikasten ari dira... Kopa bat Médoc, Teodoro?... Egundoko itsas armada dute! Eta armadak, garai batean, sua botatzen zuten paperezko herensugeekin suntsituko zituela arrotzak uste bazuen ere, gaur egun prusiar taktikak eta baionetadun fusilak ditu! Larria da!

        — Eta oraindik jenerala, ene herrian, Makaoz ari garela edo, Zerutiar Inperioa aipatzen bada, hango abertzaleek tximetatik hatzak pasa eta esaten dute axolagabeki: «Berrogeita hamar gizon bidaltzen ditugu hara, eta Txina osoa garbitzen dugu...»

        Astakeria hau entzutean, isiltasuna nagusitu zen. Eta jeneralak, eztul ikaragarriak egin ondoren, murmurikatu zuen etorkor:

        — Portugal herrialde ederra da...

        Nik lehor eta irmo erantzun nion:

        — Batere ez da hura, jenerala.

        Jeneral-andreak, oilasko hegatx bat plateraren baxterrean fintasunez utzi, eta hatz txikia garbituz esan zuen:

        — Mignonen abestiko herrialdea da. Han loratzen da laranjondoa..

        Meriskoff gizenak, —alemaniarra, Bonneko Unibertsitatean doktore egina, Ordezkaritzako kantziler, poesia eta eztabaida gizon— esan zuen begiramenez:

        —Jeneral-andrea, Mignonen herrialde eztia Italia da: Ezagutzen duzu laranjondoak lorea ematen duen pribilegiozko herrialdea? Goethe jainkotiarrak Italia zuen gogoan, Italia mater... Italia izango da gizadi sentiberaren maitasun betierekoa!

        — Nik nahiago dut Frantzia! —esan zuen hasperenka lehen-idazkariaren emazteak; ile gorriztadun panpinatxo pekatsu bat zen.

        — A! Frantzia!... —esan zuen ahopean agregatu batek, begi-ninia samurki saihestuz.

        Meriskoff gizenak bere tokian jarri zituen urrezko betaurrekoak:

        — Frantziak gaitz bat du, Gizarte Arazoa...

        — O! Gizarte Arazoa! —muzinkatu zuen ilunki Kamilloffek.

        — A! Gizarte Arazoa! —ohartarazi zuen adeitsu agregatuak.

        Eta hain zuhurki eta halako jakinduriaz hitz eginez heldu ginen azkenik kafera.

        Lorategira jaistean, jeneral-andreak, hunkigarriki niri besotik helduz, murmurikatu zidan aurpegi ondora:

        — Ai, zer emango ote nuke herrialde grinatsu haietan bizitzeagatik, laranjondoak berdatzen diren toki haietan!...

        — Han bai maitatzen dela, jeneral-andrea —xuxurlatu nion nik isilka, eztiro basapikuen iluntasunera eramaten nuen bitartean...

 

 

 

© Eça de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eça de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia