I

 

        Teodoro dut izena eta Gobernazioko Ministerioan eskribatzaile izana naiz.

        Garai hartan Conceiçao Zeharbideko 106. zenbakian bizi nintzen, Andre Augustarenean, Marques komandantearen alargun Andre Augusta galantaren ostatuan. Bi ostatukide nituen: Cabrita, Erdiko Auzunean Administrazioko enplegatu, hileta-kandela bat bezain argal eta horizta, eta Couceiro tenientea, sendo eta oparoa, kontrabaxu jole handia.

        Ene bizitza ongi orekatua eta samurra zen. Aste osoa, lustrinazko maukak jantzita, bulegoko idazmahaiaren gainean ematen nuen, «Tojal» Estatuko paperean letra kurtsiba ederrez esaldi eroso hauek boteaz: «Jn. T. Goren eta Ptu: Gorentasun Horri aditzera emateko ohorea dut... Gorentasun Horren eskuetara pasatzeko ohorea dut, Jn. T. Goren eta Ptu...»

        Igandetan atseden hartzen nuen: jangelako sofan eseri, pipa hortzean nuela, eta Andre Augusta miresten egoten nintzen, hark meza egunetan, arrautza zuringoz Couceiro tenientearen buruko zahia garbitzeko ohitura baitzuen. Ordu hori, udan batez ere, zoragarria zen: leiho erdi itxietatik eguzkitako bafada sartzen zen, Conceiçao Novako ezkilen errepika urrunen bat eta balkoiko usapalen kurruka hotsa; eulien durrunda aspergarria, noizbait Madame Marquesen eztei-errezel izandako, eta orain arasako platerkada gerezi gazi-gezak estaltzen zituen gasa zaharraren gainean kulunkatzen zen; apurka-apurka tenientea, izara batean bildua, nola idolo bat bere tunikan, lokartuz joaten zen, Andre Augustaren esku maitekorren igurtzi eztiaren pean; eta andreak, hatz txiker zuri eta mamitsua ttentte zuela, ile bakan lustratsuak aretzen zizkion xomorroentzako orrazitxoarekin... Nik orduan, hunkiturik, esaten nion andre xaloari:

        — Ai Andre Augusta, aingeru bat zara!

        Berak barre egiten zuen; erkina deitzen zidan. Nik irribarre egiten nuen haserretu gabe. «Erkina» zen bai, etxean ematen zidaten izena, argala naizelako, ateetan beti eskuineko oinaz sartzen naizelako, dardara aldiak izan ohi ditudalako, ohe buruan amarena izandako Doloretako Andre Manaren litografia dudalako eta korkoxa naizelako. Eta zoritxarrez hala banaiz, Unibertsitatean hainbeste aldiz makurtu nintzelako da, irakasle jaunen aurrean txori izu baten antzera gibelera eginez; eta baita bulegoan ere, kopeta lurreraino eraitsiz ene zuzendari nagusien aurrean. Jokaera hau bestalde, komenigarria da batxilerrarentzat; horri esker mantentzen da diziplina ongi antolatutako Estatuan; eta niri, igandetako lasaitasuna, arropa zuri gutxi batzuen erabilpena eta hilean hogei mila erreal ziurtatzen dizkit.

        Ezin dezaket ukatu hala ere, Madame Marquesek eta Couceiro jostariak zorrozki adierazten zuten bezala, garai horretan handinahi samarra nintzenik. Eta ez tronu baten gainetik, giza talde itzelak zuzentzeko gose heroikoak bularra asaldatzen zidalako; edo ene arima zoroak Baixan zehar kotxe ofizialean ibiltzea amesten zuelako, atzetik mandatari bat trostan nuela; baina aldiz, irrika biziak nituen, Hotel Centralean xanpainaz afaltzeko, bizkondesen esku losintxariak estutzeko, eta astean bitan gutxienez, estasi mutu batean, Venusen bular freskoaren gainean lokartzeko. O! S. Carlos antzokira presaka zoazten gazteok, soirée-tako gorbata zuriaz eta lebita garestietan ongi estalirik! O! Zezenetara airoski bideratzen zareten andaluzaz beteriko zalgurdiak, zenbat hasperen sortarazi ote didazue! Zeren, hileko hogei mila errealek eta nire erkin itxura kuxkurtuak, gizarte bozkario horietatik betirako aldentzen ninduten ziurtasunak zauritzen zidan orduan bularra, enborrean sartzen den gezi baten antzera, han geratzen delarik luzaro dardarka!

        Halaz eta guztiz ere ez neukan neure burua «paria»tzat. Bizitza xumeak baditu bere gozo-aldiak: atsegina da, goiz eguzkitsu alai batean, zapia paparrean dela, parrillan eginiko xerraren aurrean, «Diario de Noticias»a destolestea; udako arratsaldetan, Passeioko doaneko eserlekuetan idiliozko eztitasunak gozatzen dira; zaporetsua da Martinhon gauez, kafea hurrupa txikika hartuz, hitz-jarioei beren aberria iraintzen entzutea.. Bestalde, ez naiz sekula oso dohakabe ere izan, ez baitut irudimenik: ez nintzen nahigabetzen, aintzira baten lurrunketatik sortzen den lainoa bezala, neure arima nahikundetsutik jaiotako alegiazko paradisuen atzetik irrikaz; ez nuen hasperen egiten, izar dirdaitsuei begira, Romeorenaren tankerako maitasun bategatik, edo Camorsen erako gizarte ospeagatik. Pertsona baikorra naiz. Arrazoizko gauzak bakarrik desio nituen, ukigarriak, auzuneko beste batzuk jada lortu zituztenak, batxilerrari irisgarri zaizkionak. Etsian nengoen, table d'hôte baten aurrean ogi lehorra mastekatzen duenaren antzera, platerkada charlotte russe gozoa iritsi zain dagoen bitartean. Etorriko zen zoriona: eta hura eskuratzeko portuges eta konstituzio zale bezala egin behar zen guztia egiten nuen: Doloretako Andre Mariari gauero otoitz egiten nion, eta loteria hamarrenak erosten nituen.

        Bien bitartean, olgatzen saiatzen nintzen. Eta nola nire garunaren itzulinguruek ez zidaten odak konposatzeko biderik ematen, nire hurbileko hainbatek bezala, horrela lanbideko asperduratik mendekatzen zirelarik; nola nire soldatak, etxea eta tabakoa ordainduta, ez zidan bizio bakar baterako ere ematen, Ladrako ferian antzinako liburu solteak erosteko ohitura apala hartu nuen, eta gauez, logelan, irakurgai bitxi horietaz asetzen nintzen. Izenburu solemnedun obrak izan ohi ziren beti: «Errugabetasunaren Galera», «Ispilu Miragarria», «Deseredatuen Tristezia»... Letra tipo itzaltsua, sitsak zulatutako paper horitua, fraide enkoadernazio zuhurra, orrialdea markatzeko zintatxo berdea... oso ere atsegin nituen! Gainera, letra lodizko esaldi tolesgabe haiek baretasuna ematen zioten ene izate guztiari, haran baten gorenean legokeen monasterioko harresi zahar bateko bake sarkorrarekin alderatzeko modukoa, arrats samur batean, ur tristearen joana entzuten dela...

        Gau batez, urteak dira, infolio zahar horietako batean, «Arimen Histura» izenburuko atal bat irakurtzen hasi nintzen; eta lokamuts gozo batek ia mendean ninduela, paragrafo bitxi hau nabarmendu zitzaidan orrialdearen tonu motel eta itzalitik, tapete ilun batean urrezko txanpon berri baten distirak hartzen duen agerikotasunez. Hitzez hitz kopiatzen dut:

 

        «Txinaren barrenean bada mandarin bat, ipuinek edo historiak konta ditzakeen errege guztiak baino aberatsagoa. Ez duzu harenik ezer ezagutzen, ez izenik, ez aurpegirik, ez janzten duen zetarik. Haren amaigabeko ondasunak jaraunsteko nahikoa duzu, zure ondoan, liburu gainean dagoen txilin horixe jotzea. Berak hasperen xume bat jaregingo du Mongoliako muga haietan. Hilotz bihurtuko da orduan: eta zuk lukurreru baten diruzalekeriak amets dezakeen baino urre gehiago izango duzu zeure oinetan. Zuk, hau irakurtzen duzun gizon hilkor horrek, joko ote duzu txilina?»

 

        Zur eta lur geratu nintzen, harriturik, orrialde irekiaren aurrean: galdera hura, «gizon hilkor horrek, joko ote duzu txilina?» jostaria iruditzen zitzaidan, pikaroa, eta areago, erabat asaldatzen ninduen. Irakurtzen jarraitu nahi izan nuen; baina lerroek bihurka ihes egiten zuten, kobra izutuen antzera, eta uzten zuten pergaminoa bezain zurbileko hutsune hartan, han geratzen zen, beltzean distirakor, itaun harrigarri hura: «joko ote duzu txilina?»

        Baldin liburua Michel-Levyren argitaraldi prestu batekoa izan balitz, bere azal horiekin, nik, azkenik alemaniar balada bateko oihanean galduta aurkitzen ez nintzenez, eta nire behatokitik, gasaren argitara, guardien uhaleria zuriak ikusten nituela, nahikoa nukeen beste gabe liburua ixtea, eta lilurapen urduri hura aienatua zegokeen. Baina infolio itun hari magia zeriola zirudien; letra bakoitzak, barruan zorigaitzeko izaera gordetzen duten kabala zaharreko zeinu horien egitura kezkagarria hartzen zuen; koma ortografikoek, ilargi-argitan erdi-ikusitako deabru isatsen bihurkera mutina zuten; azkeneko galde ikurrean, Tentatzailearen kako beldurgarria ikusten nuen, zeinarekin harrapatzen baititu, Otoitzaren gaztelu ukiezinean babestu gabe lokartzen diren arimak!... Naturaz gaindiko eragin batek, nitaz jabetuz, errealitatetik, arrazoiketatik kanpo ateratzen ninduen poliki-poliki: eta ene izpirituan, bi ikuspen joan ziren osatzen, alde batetik mandarin zaharkitu bat, oinazerik gabe hiltzen, urruti, txinatar kiosko batean, txilin baten hotsera; bestetik urre mendi oso bat neure oinetan dizdizka! Hain ziren garbiak ikuspen hauek, non lausotzen ikusten bainituen pertsonai zaharraren begi oiherrak, hauts geruza arin batek estali balitu bezala; eta txanponek elkarrekin piririkatzean ateratzen duten txin-txin fina entzuten nuen. Eta mugitu gabe, beldurrak airean, txilinean finko neuzkan ene begi kiskalgarriak, frantseseko hiztegi baten gainean xaloki jarria baitzegoen esandako txilina, infolio miresgarrian aipatzen zen berbera...

        Eta orduan, mahaiaren bestaldetik, ahots aierukor eta metaleztatu batek esan zidan, isiltasunean:

        — Tira Teodoro, ene lagun, luzatu eskua, jo ezazu txilina, izan kementsu!

        Kandelaren abat-jour berdeak itzal egiten zuen inguruan. Altxa egin nuen, dardarka. Eta han ikusi nuen, patxada osoz eserita, gizaseme handi bat, dena beltzez jantzia, sonbreiru altua buruan, eskularru beltzak eskuetan eta hauek euritakoaren kirtenean itzaltsu ezarriak. Ez zeukan ametsezkotik ezer. Nire bulegotik etorria izan balitz bezain garaikide, normal eta erdiko klasekoa zirudien...

        Zuen berezitasun guztia aurpegian zeukan, bizarrik gabea, zantzu indartsu eta gogorrekikoa; sudur zakarrak, oso kakotua zenez, arrano-mokoaren jarrera harrapari eta erasokorra adierazten zuen; ezpain inguru kementsuak, esan zitekeen brontzezko ahoa egiten ziola; begiek, finkatzean, bat eginiko bekainen sasitza ilunetik bat-batean irteten ziren bi tiroren argitasunak ziruditen; zurbila zen, baina han-hemenka, odol koloreko arrastoak ageri zitzaizkion azalean, feniziar haitzurdin zahar batean bezala.

        Tupustean bururatu zitzaidan Deabrua neukala neure aurrean: baina berehalaxe, ene adimen guztia bipilki altxatu zen irudipen horren aurka. Nik ez nuen inoiz Deabruagan sinetsi, Jainkoagan ere sinesten ez nuen bezala. Ez nuen inoiz aldarrikatu, edo kazetetan idatzi, ez nituelako gogaitu nahi direlako izateekiko begirunea gordetzearen eginkizuna duten botere publikoak: baina bi pertsonai horiek badirenik, Materia bezain zaharrak, arerio on-puskak, elkarri jukutria maitagarriak egiten diotenak, bizar-zuria eta tunika urdinduna bata, Jupiter zaharraren toilette-arekin, goialde argitsuetan bizi dena, Luis XIV.arena baino gorte korapilatsuagoa inguruan duela; eta ikatz kolorekoa eta azeria bestea, adarrez apaindua, Pluton bitxiaren imitazio burges bat eginez, beheko sugarretan bizi dena... ez dut sinesten. Ez, ez dut sinesten! Zerua eta Infernua, herri xehearen erabilpenerako gizarte kontzepzioak dira, eta ni erdiko klasekoa naiz. Errezatzen diot, egia da, Ama Doloretakoari: zeren, irakasle jaunari laguntza eskatu nion bezala azterketa gainditu ahal izateko; edo hileko hogei mila errealak lortzeko diputatu jaunaren bihozberatasunari dei egin nion bezala; era berean, birikeritik, anginetatik, labanaren puntatik, estoldetatik datorren sukarretik, zangoa hautsaraz diezazukeen laranja-azal irristakorretik, eta beste zenbaikaitz publikotatik libratzeko, beharrezkoa dut gizakiez gaindiko babesen bat. Zurikeria edo intsentsuaren bidez, gizon zuhurrak preziso du era horretan zenbait lausengu burutsu egiten joatea, Arkadiatik hasi eta Paradisuraino. Auzunean aitakide batekin, eta goialdetan amakide mistiko bat izanik, batxilerraren etorkizuna ziurtatua dago.

        Horregatik, sineskeria kamutsetatik urrun, esan nion konfiantzaz, beltzez jantzitako gizasemeari:

        — Beraz, txilina jotzeko aholkatzen al didazu, benetan?

        Gizonak, sonbreirua altxatu zuen pixka bat, Alzides fabulosoaren antzerako txima kizkur eta beltzez apainduriko bekoki estua erakutsiz, eta erantzun zuen hitzez hitz:

        — Hona hemen zure kasua, Teodoro maitea. Hilean hogei mila erreal lotsatzekoak dira gaurko gizartean! Bestalde, gauza miragarriak daude mundu honetan: badira Burgundiako ardoak, berrogeita hemezortziko Romanee-Conti, esate baterako, edo hirurogeita bateko Chambertin-a, botila, hamarretik hamaika mila errealera kostatzen direnak; eta horietatik baso bat edaten duenak ez du zalantzarik izango bigarrena edateagatik, aita hiltzeko ere.. Parisen eta Londresen, hain malguki malgudun zalgurdiak egiten dira, hain tapizatu delikatuekin, non atseginago baita horietan Campo Granden zehar ibiltzea, antzinako jainkoek zeruetan bezala, hodeizko bigungarri belaxken gainean bidaiatzea baino.. Ez diot zure jakinduriari irain egin nahi, esanez altzaritzen direla gaur egun etxeak, halako estilo eta konfortekoak, non eurak baitira, garai batean «zoriona» deitzen zitzaion opari ametsezko hori ezin hobeki gauzatzen dutenak. Ez natzaizu mintzatuko, Teodoro, lurreko beste gozamen batzuez: hala nola, Palais Royal Antzokia, Laborde dantzatokia, edo Cafe Anglais.. Honetaraxe bakarrik ekarri nahi dut zure arreta: badira izakiak Emakume deituak, zuk ezagutzen dituzunetatik oso bestelakoak, horiek Emeak baitira. Izakiok, Teodoro, nire garaian, Bibliaren hirugarren orrialdean, ez zuten soinean mahats-hosto bat baino eramaten. Egun ordea, Teodoro, sinfonia oso bat janzten dute, farfail, baptiste, zeta-ehun, lore, bitxi, kaxmir, gasa eta terziopelozko poema injeniotsu eta delikatu bat.. Konpreni ezazu nolako atsegin kontaezina den kristau baten bost hatzentzat, zoragarritasun guri horiek arakatu eta haztatzea; baina kontura zaitez ere, hogei duroko txanpon prestu baten trukearekin ez dagoela kerubin horien kontuak ordaintzerik... Baina badute zerbait hobea ere, Teodoro: urre kolorezko ala kolore iluneko adatsak, horrela euren mototsetan dutelarik bi giza tentazio handienen itxura irudizkoa, metal preziatuaren gosea eta transzendentzia absolutuaren ezagutza. Eta badute gehiago ere: haien besoek, marmol kolorekoak, lili ihinztatuaren freskotasuna dute; haien bularretan modelatu zuen Praxiteles handiak bere Kikara, zeinak Antzinateko diseinurik aratz eta bikainena duen... Bularrok, garai batean (mundua eraiki zuen eta mendeetako etsaigoak izena ahoskatzea eragozten didan Agure tolesgabe horren asmotan), gizadiaren elikadura itzaltsurako destinatuak zeuden; lasai zaitez hala ere, Teodoro; gaur egun ez baitago zeregin narriatzaile eta latz horretarako erabiltzen dituen ama burutsurik; dizdiz egiteko bakarrik balio dute, farfail habietan ongi gordeak, soirée-tako gas argitan, eta beste zenbait erabilpen sekretutarako. Komenientziak ez dit uzten zorigaiztoko emetasuna osatzen duten edertasunen azalpen dirdaitsu honekin jarraitzen... Bestalde, zure begi-niniak dirdirka daude jada... Gauza hauek guztiak ordea, Teodoro, urrun daude, baina oso ere urrun zure hileko hogei mila errealetatik... Aitor ezazu, gutxienez ere, badutela hitzok egiaren zigilu agurgarria!...

        Nik, masailak kiskaltzen nituela, xuxurlatu nuen:

        — Hala da.

        Eta ahotsak aurrera egin zuen, eramankor eta leun:

        — Zer iruditzen zaizkizu ehun eta bost, edo ehun eta sei milioi? Ongi dakit huskeria dela... Baina dena den, hasteko zerbait bada; laguntza arin bat zoriona lortzeko. Orain pentsa ezazu gertakari hauetaz: Mandarina, Txinaren barreneko Mandarin hori, zahartua eta hezueriak jota dago: gizon gisa, Zerutiar Inperioko funtzionario gisa, gutxiago balio du Pekinen eta gizadiarentzat, hartxintxar batek zakur gosearen ahoan baino. Baina Materiaren transformazioa benetakoa da: nik diotsut, gauzen sekretua ezagutzen duen batek... Horrelakoxea baita lurra: hemen gizon usteldu bat hartzen du, eta han landare lerden bezala bihurtzen du gauzen osotasunera. Oso litekeena da, Erdiko Inperioko mandarintzan alferrikakoa izan, eta aldiz beste toki batean arrosa lurrintsu edo azaburu gozo baten irudian baliotsu gertatzea. Norbait hiltzea, seme, unibertsoko premiak orekatzea da ia beti. Hemen soberakin bat ezabatzea da, harantzago joan eta hutsune bat estaltzeko. Sar itzazu ongi buruan filosofia sendo hauek. Londreseko jostun txiro bat irrikaz dago bere sabaileihoan, lur beltzez betetako ontzi bat loratzen ikusteko: lore batek kontsolatuko luke gajo hura; baina izakien antolamenduan zoritxarrez, une horretantxe han arrosa izan behar lukeen Materia, hemen Baixako Estatu-gizon da.. Orduan fadista etortzen da labana irekiz eta sabela arrailtzen dio politikariari; euri zaparradak eramaten dizkio hesteak; hobiratzen dute, atzetik zalgurdi segizioa duela; materia desantolatzen hasten da, atomoen bilakaera itzelarekin nahastuz, eta alferrikako gobernu gizonak, jostun horailaren sabaileihoa alaituko du, gordetxa-lore baten forman. Filantropo bat da erailea! Labur esanda, Teodoro: Mandarin zahar ergel horren heriotzak milioika duro dakarkizu sakelara. Une horretatik aurrera, ostikoz ipurdiko bat eman diezaiekezu botere publikoei. Pentsa ezazu gozamen horren sakontasunean! Egunkarietan datoz zure aipamenak, noski. Zeure buruari eder irizten diozu, giza aintzaren gailur horretan! Eta ohar zaitez: txilina hartu eta txin-txilin egitea besterik ez da. Ez naiz horren ankerra; ulertzen dut gentleman baten higuina garaikide bat hiltzeko; odol jarioak eskumuturrak zikintzen ditu lotsagarriro, eta nardagarria da giza gorputzaren agonia. Baina hemen ez dago horrelako ikuskizun iguingarririk batere... Mirabeari deitzea bezalaxe da.. Eta ehun eta bost edo ehun eta sei milioi dira; ez daukat gogoan, baina idatzita dut nire oharretan... Teodoro, ez izan zalantzarik nitaz. Jaun ohoretsua nauzu. Justiziazko lehen matxinadan tiranoari gerra egitean frogatu nuen bezala, zuk irudikatu ere ezin dituzun alturetatik amildua izan nintzenean... Eroriko galanta, ene jaun maitea! Nahigabe handiak! Kontsolatzen nauena da BESTEA ere sobera lur jota dagoela. Zeren, ene lagun, Jehova batek aurka Satan soil bat duenean, erraz ateratzen da estutasunetik goiaingeru legio bati erasotzeko aginduz; baina arerioa gizon bat denean, antzara lumaz eta paper zuridun koadernoz armatua, orduan galdua dago.. Bai, ehun eta sei dira. Tira Teodoro, hor duzu txilina, porta zaitez gizon!

        Badakit kristau batek zer zor dion bere buruari. Baldin jaun horrek Palestinako mendi gailur batera eraman izan banindu, ilargi beteko gau batean, eta han, hiriak, arrazak eta inperio lokartuak erakutsiz esan balit itzaltsu: «Hil ezazu mandarin zaharra, eta ibarrean eta tontorrean ikusten duzun guztia zeurea izango da», nik jakingo nukeen nola erantzun, adibide entzutetsu bati jarraituz, eta sakontasun izarratuetara hatza jaikiz: «Ene erreinua ez da mundu honetakoa!» Ezagutzen ditut nik nire autoreak. Baina ehun milioi eta gehiago ziren, euritakoan sostengatuz, sonbreiru altudun urlia batek, Conceiçao Zeharbidean, kandela argitan eskainiak...

        Orduan ez nuen zalantzarik izan. Eta esku sendoz txilinari eragin nion. Agian irudipen hutsa izan zen; baina uste izan nuen zerua bera baino zabalagoko ahoa zuen kanpai bat dandaka ari zela ilunpetan, Unibertsoan zehar, tonu lotsati batez, segur aski lo-kuluxkan zeuden eguzkiak eta euren ardatzetan kirrinkaz biraka zebiltzan planeta zilbor handiak esnatuz...

        Gizasemeak hatz bat eraman zuen betazalera, eta istant batez begi distiratsua lainotu zion malkoa xukatuz esan zuen:

        — Ti Txin-Fu gizajoa!...

        — Hil al da?

        — Bere lorategian zegoen, lasai, paperezko kometa bat egiten airera jaurtitzeko, mandarin erretiratu baten denbora-pasa ondraduan, txilinaren txin-txilin batek ustekabean harrapatu duenean. Orain errekasto kantari baten ertzean datza, dena zeta horiz jantzia, hilik, tripaz gora, belar berdearen gainean, eta beso hotzetan paperezko kometa du, bera bezain hila dirudiena. Bihar dira hiletak. Konfuzioren jakinduriak, beregan barneratuz, lagun biezaio haren arimari ongi iragaten!

        Eta urliak zutituz, sonbreirua erantzi zuen begirunez, eta irten egin zen euritakoa galtzarbean zuela.

        Orduan, ate hotsarekin batera, amesgaitz batetik esnatzen nintzela iruditu zitzaidan. Korridorera jo nuen bizkor. Ahots alai bat ari zen Madame Marquesekin hizketan, eta eskailerako langa-sarea kontu handiz itxi zen.

        — Nor irten da orain, Andre Augusta? —galdetu nuen, izerditan.

        — Cabritinha joan da, pixka batean kartetan jokatzera...

        Gelara itzuli nintzen. Dena trankil, nik utzita bezalaxe. Infolioa, orrialde beldurgarrian irekita zegoen. Berriro irakurri nuen: orain, moral zale barregarri baten prosa zaharkitua iruditzen zitzaidan; hitz bakoitza itzalitako txingar bihurtua zen jada...

        Etzan egin nintzen, eta urrun nengoela egin nuen amets, Pekindik harantzago, Tartariako mugetan, lama komentu bateko kioskoan, Buda bizi baten ezpainetatik, te usain fin batekin jaulkitzen ziren esaera zuhur eta leunak entzuten.

 

 

© Eça de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eça de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia